Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2008ko maiatzaren 26koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, abenduaren 15eko 367/1998, 368/1998 eta 369/1998 Dekretuekin bat etorriz sortutako batzorde paritarioa izendatu, horren osaera zehaztu eta bere funtzionamendu-arauak ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 140
  • Hurrenkera-zk.: 4390
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/05/26
  • Argitaratze-data: 2008/07/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Abenduaren 15eko 367/1998, 368/1998 eta 369/1998 Dekretuen bidez NBBEF bermearen kontura finantzatzen diren laguntza zuzenak kudeatzeko eginkizunak, hurrenez hurren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetara eskualdatutakoak, zabaldu ziren.

Eginkizunak eskualdatzerakoan, aipatu arauen bidez batzorde paritarioa sortu zen Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien artean, eskualdatuko ziren arloei zegokienez. Eginkizun horiek aipatu dekretuetan daude zehaztuta eta, horien artean, finantza-zuzenketen oinarriak eta norabideak ezartzea dago, neurri osagarriei eta laguntza zuzenei dagokienez burutu beharreko jarduerak gauzatzerakoan euskal administrazioren batek arauak bete ez dituelako edo oker bete dituelako Europar Batasunak Erakunde Ordaintzaileari isunak edo zuzenketak ezartzen dizkionerako.

Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari buruzko ekainaren 21eko Kontseiluaren 1290/2005 Erregelamendua (EE) indarrean sartzearen ondorioz, baita erregelamendu berri hori irailaren 26ko 425/1995 Dekretuaren bidez araututa dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen funtzionamendura egokitzeko beharraren ondorioz ere, urriaren 3ko 194/2006 Dekretua argitaratu zen. Horren bidez, EAEko Erakunde Ordaintzailea eratzen da eta aurretik zegoen horri buruzko araudia indargabetzen da; bertan, gainera, batzorde paritarioaren jarduerari eta eginkizunei bultzada berria ematen zaie, arestian aipatutako dekretuek aitortutako eginkizunez gain, bai Erkidegoko NBEF funtsaren bai LGENF funtsaren kontura finantzatutako laguntzei dagokienez finantza-zuzenketak egitearen inguruan ebazteko ardura ere ezartzen baitzaio.

Horren ondorioz, agindu hau argitaratu da; bertan, batzorde paritarioaren osaera zehazten da eta barne-funtzionamenduko arauak ezartzen dira.

Agindu hau egiteko orduan lurralde historikoetako foru-organoek parte hartu dute.

Horrenbestez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak eskatuta eta nahitaezko txostenekin bat etorriz, honakoa

  1. – Abenduaren 15eko 367/1998, 368/1998 eta 369/1998 Dekretuen baitan sortutako batzorde paritarioari Nekazaritza Funtsen Batzorde Paritarioa (NFBP) deituko zaio, aurrerantzean “NFBP” (dekretu horien bidez, NBBEF-Bermearen kargura finantzatutako laguntza zuzenak kudeatzeari buruzko zereginak, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunetatik, hurrenez hurren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetara eskualdatutakoak, zabaltzen dira).

  2. – NFBP, duen askatasun funtzionalaren kaltetan izan gabe, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailera atxikita egongo da, Nekazaritza eta Arrantza Garapeneko Sailburuordetzaren bidez.

    Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailera atxikita egoteak ez du esan nahi Sailaren egitura hierarkikoan integratuta egongo denik.

Abenduaren 15eko 367/1998, 368/1998 eta 369/1998 Dekretuekin bat etorriz, NFBPk, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta, bestetik, hiru foru-aldundiak hartuko ditu bere baitan eta sei kidek osatuta egongo da, hiru Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak eta beste hiru foru-aldundietakoak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ordezkari bat, hain zuzen ere Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailekoa, izango da NFBPko lehendakaria, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak aukeratua.

  2. – NFBPko lehendakariak ondorengo eginkizunak izango ditu:

    1. NFBPren ordezkari gisa aritzea.

    2. NFBPko eztabaidetan buru eta zuzendari gisa aritzea.

    3. NFBPren bilkuretara deitzea eta haietako aztergaiak finkatzea.

    4. Bileretako buru izatea, eztabaidak bideratzea eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badu.

    5. Berdinketak ebaztea, erabakiak hartze aldera.

    6. NFBPk hartutako erabakiak gauzatzea.

    7. Arau hau, abenduaren 15eko 367/1998, 368/1998 eta 369/1998 Dekretuak, urriaren 3ko 194/2006 Dekretua, nekazaritza-funtsei buruzko Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako araudia eta gainerako legeak betetzen direla ziurtatzea.

    8. NFBPren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikusi eta onestea.

    9. NFBPri ezartzen zaizkion edo berez dagozkion beste eginkizun guztiak betetzea.

  3. – Lehendakaria ez badago, gaixo badago edo, legezko beste edozein arrazoi dela medio, bertan egoterik ez badu, horren ordez Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa diharduen pertsona bat jarriko da haren eginkizunak betetzeko. Ordezkapena Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak formalizatuko du eta NFBPko kide guztiei jakinaraziko zaie bilkuraren hasieran.

    Ordezkapena kasuan kasuko bilkurarako baino ez da izango baliozkoa.

  1. – Honakoak izango dira NFBPko kideak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko hiru ordezkari, hain zuzen ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailekoak, sailburuorde edo zuzendari mailakoak, sailburuak berak aukeratuta. Kide horietako bat Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendaria izango da, Erakunde Ordaintzaileko zuzendaritza-organo gisa.

    2. Foru-aldundietako ordezkari bana, zuzendari mailakoa, foru-aldundietako bakoitzeko organo eskudunak izendatua.

      Izendapen horiek egiterakoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan ezarritakoa errespetatuko da.

  2. – NFBPko kide izendatzen direnek ondorengo eginkizunak izango dituzte:

    1. Gutxienez bost egun natural lehenago, deialdia jasotzea.Bertan, bileretako aztergaien zerrenda eta aztertu beharreko gaiei buruzko informazioa jasoko da. Deialdia paperean edo aipatu dokumentazioa hartu dela bermatzen duen beste edozein bitarteko telematikoren bidez helaraziko da.

    2. Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

    3. Botoa emateko eskubideaz baliatzea, beren boto partikularra ematea eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea. Botazioetan ezin izango dira abstenitu.

    4. Eskaerak eta galderak egitea.

    5. Norberari emandako egitekoak betetzeko behar den informazioa lortzea.

    6. Kide izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak.

  3. – NFBPko kide izendatzen diren guztiek hitz eta botoarekin parte hartuko du Batzordearen bilkuretan.

  4. – NFBPko kide izendatzen direnen agintaldia 4 urtekoa izango da eta horien buruan berriro hautatu ahal izango dira, beste hainbeste denborarako.

  5. – Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailetik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa diharduten Batzordeko kideetakoren bat ez badago, gaixo badago edo, legezko beste edozein arrazoi dela medio, bertan izaterik ez badu, bere ordez beste kide bat jarriko da, sailburuak berak aipatu administrazioaren ordezkari gisa dihardutenen artean aukeratua.

    Foru-aldundien ordezkari gisa diharduten kideetakoren bat ez badago, gaixo badago edo, legezko beste edozein arrazoi dela medio, bertan izaterik ez badu, bere ordez kidea aukeratu zuen organo berberak aukeratutako ordezkoetako bat jarriko da.

    Ordezkapena NFBPko kide guztiei jakinaraziko zaie, bilkuraren hasieran. Kasuan kasuko bilkurarako baino ez da izango baliozkoa eta bilkura bakoitzean ezarriko da boto-ordezkatzea.

  6. – Agintaldia amaitu delako, kargua utzi duelako, nork bere kabuz kargua utzi duelako (idatziz eskatu behar da), legeetan jasota dagoen beste edozein arrazoi dela medio edo zituen betebeharrak larriki urratu dituelako utziko zaio NFBPko kide izateari. Azken kasu horretan, beharrezkoa izango da NFBP osatzen dutenen gehiengoak hala erabakitzea.

  1. – Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailera atxikitako goi-mailako kidegoko karrerako funtzionario bat arituko da NFBPko idazkari lanetan.

  2. – Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua arduratuko da idazkaria aukeratzeaz, kargutik kentzeaz edo, idazkaria ez badago, gaixo badago, justifikatutako beste edozein arrazoi dela medio bertan izaterik ez badu edo lanpostua hutsik geratzen bada, horren ordezkoa bilatzeaz.

  3. – NFBPko idazkariak ondorengo eginkizunak izango ditu:

    1. Bileretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe.

    2. Lehendakariaren aginduz, kideei bilkuretarako deia eta zitazioak egitea.

    3. Batzordean ezarritako epeak eta helburuak bete daitezen sustatzea.

    4. Kideek NFBPri egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.

    5. Gaiak bideratzeko prestatzea, bilkurako aktak idaztea eta akta horien fede ematea.

    6. Emandako aholku, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.

    7. Egiten diren bilkuretako aktak idatzi eta egitea eta lehendakariari ematea, ikusi eta onets ditzan.

    8. Kide izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak betetzea.

  1. – Kideei lehendakariaren aginduz egingo zaie deia, ohiko bilkura egiteko, urtean behin gutxienez.

    Bilkura bereziak lehendakariak beharrezkotzat jotzen dituenean egingo dira, edo foru-aldundien ordezkarietako batek nahiz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailetik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa dihardutenetako batek gutxienez hala eskatzen duenean.

  2. – Lehendakariak derrigor egingo du bilkura-deialdia Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak, Erakunde Ordaintzaileko zuzendaritza-organoa den heinean, nekazaritzako funtsetan finantza-zuzenketa egin behar dela dioen Europako Batzordearen jakinarazpena bidaltzen dionean.

  3. – Deialdia gutxienez bost egun natural lehenago egingo da, larrialdi-egoeretan izan ezik. Halakoetan, lehendakari gisa diharduen pertsonak bilkuren deialdia egiteko epea gutxienez berrogeita zortzi ordura murriztu ahal izango du. Deialdian bilera premiazkoa izatearen arrazoiak adieraziko dira.

  4. – Deialdiarekin batera aztergaien zerrenda emango da; hau zehazteko, aztertu beharreko gaiak hartuko dira kontuan, baita NFBPko gainerako kideek idatziz eta eguneko aztergaien zerrendan barneratu ahal izateko beste lehenago egin izan diezazkioketen eskaerak ere.

  1. – NFBPko bilkurak behar bezala eratzeko, lehenengo deialdian, kideen gehiengoaren quoruma behar da; horien artean lehendaritza eta idazkaria, edo horien ordez dihardutenak, egongo dira. Bigarren deialdian, lehenengo deialdia egin eta hogeita hamar minutu igarota, beharrezkoa izango da NFBPko kide direnen erdia bertan izatea; horien artean ere lehendakaria eta idazkaria, edo horien ordez dihardutenak, egongo dira.

  2. – Ezin izango da eztabaidatu edo erabakirik hartu aztergaien zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, salbu eta, NFBPko kide guztiak edo hauen ordezkoak bertan egonda, gaia aho batez presakotzat jotzen bada.

  3. – Erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketa egonez gero, lehendakariaren botoaren bidez ebatziko da.

  1. – NFBPko idazkariak bilkura guztietako aktak egingo ditu. Bertan, bilera egiteko lekua eta ordua, bertan diren pertsonak, aztergaien zerrenda, eztabaidatutako gaiak, kide gisa dihardutenen parte-hartzeen laburpena, botazioen emaitza, hartutako erabakiak eta erabakiak hartzerakoan izan den gehiengo-mota adieraziko dira.

  2. – NFBPko kideek eragiten diela ikusi eta hala eskatuz gero, hartutako erabakien aurkako botoa eman dutela eta horretarako zer arrazoi dituzten jasoko da aktetan eta, hala badagokio, aurkezten dituzten txostenak erantsiko zaizkie.

    NFBPko kidea den edozeinek eskubidea izango du bere hitzen edo proposamenaren transkripzio osoa azaltzea eskatzeko, betiere, une horretan edo lehendakariak adierazitako epean haren hitzekin erabat bat datorren testua aurkezten bada. Aktan horixe zehaztuko da eta idazkiaren kopia bat erantsiko zaio.

  3. – Aktak bilkuran bertan onetsiko dira eta, lehendakariak ikusi eta onetsi ondoren, idazkariak sinatu egingo ditu.

  1. – NFBPko kideek egingo den bilkuran aztertuko diren arloetako teknikariak eraman ahal izango dituzte bilkura guztietara. Hori NFBPko kide guztiei jakinaraziko zaie, bilkura egin aurretik.

  2. – Bilkurara joaten diren teknikariak aretotik aterako dira, lehendakariak hala eskatuta, deliberazioak egin eta erabakiak hartzeko unea heltzean.

Behin erabakiak hartuta eta akta onetsita, lehendakariak horren berri emango dio, idatziz, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariari, Erakunde Ordaintzaileko zuzendaritza-organoa den heinean, akta onetsi eta, gehienez ere, bost egun naturaleko epean.

Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 26a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.