Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2007ko abenduaren 28koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Lanbide Heziketako Prestakuntza-Zikloen antolamendu-eredu berria arautzen duena. Eredu berriaren arabera, eskaintza malgua egingo da, prestakuntza eta lan-jarduera uztartzea ahalbidetzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 11
  • Hurrenkera-zk.: 273
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/12/28
  • Argitaratze-data: 2008/01/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ordezte-tasa txikia eta gazteek lan-merkatuan sartzeko duten zailtasuna dira gure lan-merkatuaren egoeraren ezaugarri nagusietako bi. Gazteak lan-mundura ekartzeko zailtasun hori biztanleria aktiboaren urritasunaren arazoari lotzen zaio, eta arazo horrek, hain zuzen, ondorio txarrak eragiten ditu gure egungo lan-merkatuan. Gazteek zailtasunak izaten dituzte lanean hasteko, bereziki hautatu behar dutelako ordainduriko jardueraren eta/edo prestakuntza akademikoaren artean. Horren ondorioz, kolektibo hori behar baino beranduago sartzen da lan-munduan, eta horrek gizarteari eragiten dio gizarte- zein ekonomia-arloetatik, familiarekiko mendetasun ekonomikoa handitzen delako eta autonomia eta independentzia pertsonala murrizten direlako.

Azken batean, biztanleria gaztearen jarduera-tasa txikiak eta lanaldi partzialean kalitatezko lanik ia-ia ez izateak neurri bat hartzea justifikatzen dute. Neurri horrek, gainera, ez du soilik produkzio-sarearen premiei erantzutea bilatzen, gazteak kalitatezko eta tutoretzapeko enpleguan txertatzea ere du helburu, lanarekiko leialtasun, lotura eta berme handiagoa ahalbidetuz.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko uztailaren 12ko bilkuran onarturiko 2007-2010eko III. Enplegu Planaren 2. ardatzean hainbat jardun bildu dira, batetik, hezkuntza-sistema formalean jasotako prestakuntza eta gazteek lor ditzaketen enpleguak hobeto egoki daitezen errazteko, eta, bestetik, ikasketa formalak eta lan-jarduerak uztartzen dituzten gazteen kopurua handitzeko.

Hausnarketa horren haritik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Lanbide Heziketako Prestakuntza-Zikloak antolatzeko eredu berria ezarri nahi dute, ikastetxean ikastea eta ikasitako hori enpresan benetan aplikatzea txandakatzeko, lan-arloko, eta sozietate kooperatibetako bazkide langileei eta lan-bazkideei dagokien gizarte-arloko lanaldi partzialeko kontratu mugagabearen bitartez.

Antolamendu-eredu berri horren eskaintza malgua da, eta, horri esker, prestakuntza eta lan-jarduera uztar daitezke, lanaldi partzialeko lan- edo sozietate-kontratu mugagabearen bitartez. Horrek honako abantaila hauek dakartza berekin:

  • Ikasle-langileak soldata bat jasoko du, hitzarmenaren arabera.

  • Ordainduriko oporrak hartzeko eskubidea izango du.

  • Langabeziarako eta erretirorako kotizatuko du.

    Proiektua berria da. Behin lehen esperientzia amaituta, lehen ebaluazioa egingo da, neurri horrek Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten ikasleen kopuruan zenbaterainoko eragina izan duen ikusteko bereziki, eta, ebaluazio horren emaitzen arabera, proiektuak jarraipena izango du, eta, hortaz, finkatuko da.

    Aginduaren edukiak laburbiltzerakoan, Xedapen Orokorrei buruzko I. kapituluan Aginduaren xedea aipatzen dela ohartzen gara. Batetik, Lanbide Heziketako Zikloak antolatzeko eredu berri bat arautzen da, eta, bestetik, lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak arautzen dira, bai lan-arlokoak bai sozietate-arlokoak, sozietate kooperatiboetako bazkide langileei eta lan-bazkideei dagozkienak, baldin eta antolamendu-eredu berri hori betez egiten badira.

    Laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituengatik epai irmoaren bitartez kondenatu dituzten pertsona fisiko edo juridikoek ezin izango dute proiektu honetan parte hartu, ezta kontratuaren aurreikusitako hasieraren aurreko hiru urteetan oso arau-hauste administratibo larria egin izanagatik irmoki zehatu dituztenek ere.

    1. kapituluan, Lanbide Heziketako Prestakuntza-Zikloak antolatzeko eredu berria arautzen da, eta, aurreikuspenen arabera, eredu horren arabera eskaini beharreko ziklo zehatzak urtean behin zehaztuko dira, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak batera emango duten aginduaren bitartez.

      Jarraian, prestakuntza-zikloen antolamendu-eredu berri horren oinarrizko ezaugarriak deskribatzen dira, nola eduki akademikoari hala lan-arloko edukiari dagokienez. Horren haritik, eredu berriak hiru ikasturteko iraupena izango duela ezarri da, antolamendu-eredu arruntak baino ikasturte bat gehiago alegia, eta, lehen ikasturteko lehen hiruhilekoan, kontratua hasi aurretik, prestakuntza espezifikoa eskainiko da, kalitatearen, lan-arriskuen prebentzioaren eta lan-inguruneko harremanen inguruan, lan-bizitzaren hasiera prestatzeko.

      Lan- edo sozietate-kontratua prestakuntza-zikloko lehen ikasturteko urtarrilean hasiko da, eta lanaldi partzialeko kontratu mugagabea izango da, ikastetxean ikasten ari denarekin zuzenean lotua. Eredu berri horren arabera, lan-jarduera ez da prestakuntza-zikloaren barnean hartzen, eta, ondorioz, lan-jarduerak ez du prestakuntza-modulua ordezten lantokian, modulu hori prestakuntza-zikloaren parte baita. Nolanahi ere, prestakuntza-modulua egitetik salbuestea ahalbidetuko du.

      Lan-harremana eta ikasketa teorikoa aldi berean gertatzen diren bitartean, eta gehienez ere hirugarren prestakuntza-ikasturteko ekainaren 30era arte, lan- edo sozietate-kontratuan adostu beharreko zenbait baldintza ezarri dira, oporrei buruzkoak, eta aparteko orduak, ordu osagarriak eta gaueko txandak ez egiteari buruzkoak, lan-jarduera langile gazteen zirkunstantzietara egokitzeko, ikasle-etapatik langile-etaparako trantsizioa arinduz, langilea lan merkatuan adin goiztiarrean hasten dela eta lana eta ikasketak bateragarri egin behar dituela aintzat hartuta.

      Enpresak irakasle bat izendatuko du ikasle-langileari beharrezko laguntza eman diezaion, eta ikastetxeak arduradun bat izendatuko du irakaskuntza-ekintzak eta ekintza horien aplikazioa koordinatzeko lan- edo sozietate-kontratuaren bitartez, enpresak izendatutako irakaslearekin elkarlanean.

      Ikasleak hautatzerakoan kontuan hartuko da prestakuntza-zikloetan eskainitzako plaza-erdiak emakumeentzat gordeko direla.

      Ikasle-langileak eskola-errendimendu txikia izan dezakeela edo ikasketak antolamendu-eredu horren arabera jarraitzeari ukoa eman diezaiokeela aintzat hartuta, egoera horiek arautu dira, eta, kasu horietan, ikasle-langileak aukera izango du prestakuntza-zikloa antolamendu-eredu arruntaren arabera jarraitzeko. Orobat, lan- edo sozietate-kontratua azkentzen bada ikasle-langilearen borondateaz bestelako arrazoiengatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beharrezko bitartekoak jarriko ditu beste enpresa batekin lehenbailehen beste lan- edo sozietate-kontratu bat egin dadin. Hori posible ez bada, prestakuntza-zikloa egiten jarraituko du antolamendu-eredu arruntaren arabera.

    2. kapituluan, antolamendu-eredu berri honekin zerikusia duten prestakuntza-zikloetako bat egiten duten ikasleekin egindako lan- edo sozietate-kontratuen arabera eman beharreko diru-laguntzen erregimena arautzen da. Erregimen horretan, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuak diru-laguntza arauak lantzeko eskatutako baldintza guztiak biltzen dira.

      Diru-laguntza jaso ahal izateko, kontratuak plantilla finkoaren igoera ekarri beharko du berekin. Gainera, 10 pertsonatik gorako enpresei gehienez % 15etik gorako behin-behinekotasun tasa eskatzen zaie, lan-kolokatasunaren aurka egiteko neurri gisa.

      Besteak beste, III. kapitulu horretan diru-laguntzak eraginpean hartzen dituzten baldintza partikularrak biltzen dira. Horren haritik, zera ezartzen da, lan- edo sozietate-kontratuaren araberako diru-laguntza osoa jasotzeko, ikasle-langileak ikastetxean antolamendu-eredu berriaren arabera emandako prestakuntza-eskoletara bertaratu beharko duela eta prestakuntza hori aprobetxatu beharko duela. Ikasle-langileak eskola-errendimendu txikia badu eta ikasketak eredu berriaren arabera jarraitzeari uko egiten badio, diru-laguntza likidatuko da, enpresari jakinarazi ondoren, ordura arte igarotako denboraren arabera. Gainera, ikasle-langileari edo enpresari egotz dakiokeen arrazoia dela-eta kontratuak azkentzen badira, horren ondorioak ezarri dira diru-laguntzari dagokionez. Bestetik, enpresa zigor-arloan kondenatzen badute edo administrazio-zehapena jasotzen badu laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delitu edo hutsegiteak direla-eta lan-edo sozietate-kontratua eta ikastetxeko ikasketa teorikoa batera gertatzen diren aldian, horrek berekin ekarriko dituen ondorioak ere ezarri dira.

      Azkenik, azken xedapenetan ordezko erregimena eta indarrean hastea arautzen dira.

      Aurreko guztia betez, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 9.2, 10.25, 10.39, 12.2 eta 16. artikuluetan aurreikusitako eskumenaren babesean eta Lanbide Heziketako irakaskuntzen antolamendu orokorra eta haren tituluei buruzko norabideak ezartzen dituen azaroaren 22ko 447/1994 Dekretuaren eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakaskuntzaren ezarpena eta haiei dagozkien tituluei buruzko jarraibideak arautzen dituen apirilaren 29ko 97/1997 Dekretuaren garapenaren esparruan,

Agindu honek honako xede hauek ditu:

  1. ¿ Lanbide Heziketako Prestakuntza-Zikloen antolamendu-eredu berri malguagoa arautzea, prestakuntza eta lan-jarduera uztartzea ahalbidetzeko.

  2. ¿ Lan-arloko, eta sozietate kooperatiboetako bazkide langileei eta lan-bazkideei dagokien sozietate-arloko lanaldi partzialeko kontratu mugagabeengatiko diru-laguntza arautzea, baldin eta kontratu horiek Lanbide Heziketako Prestakuntza-Zikloen antolamendu-eredu berri horren arabera egiten badira.

  1. ¿ Egitasmo honetan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokiak izan beharko dituzte, eta horietan programa honen babespean kontratatutako ikasleek lan egin beharko dute.

  2. ¿ Laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak egin izanagatik epai irmoaren bitartez kondenatutako enpresek, pertsona fisikoek edo juridikoek ezin izango dute proiektu honetan parte hartu, Agindu honetan araututako antolamendu-eredu berriaren arabera Lanbide Heziketako Prestakuntza-Zikloak egingo dituzten ikasleak kontratatuz, ezta, kontraturako aurreikusitako hasieraren aurreko hiru urteetan arlo horretan oso arau-hauste administratibo larria egin izanagatik irmoki zehatu dutenek ere.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aukera izango du Lanbide Heziketako Prestakuntza-Zikloak baimentzeko, baldin eta, aldi berean, ikastetxeko prestakuntza teoriko-praktikoa eta lan-esperientzia eskaintzen badira lan-arloko eta sozietate kooperatiboetako bazkide langileei eta lan-bazkideei dagokien sozietate-arloko lanaldi partzialeko kontratu mugagabeen bitartez.

Urtean behin, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolamendu-eredu berriaren arabera eskainitako prestakuntza-zikloak zehaztuko ditu, baita ziklo horiek emateko baimendutako ikastetxeak ere, moduluak ikasturteetan nola banatuko diren eta moduluen iraupena zehaztuta, besteak beste.

  1. ¿ Prestakuntza-ziklo horiek hiru ikasturtean emango dira.

  2. ¿ Lehen ikasturteko lehen hiruhilekoan, lan- edo sozietate-kontratua hasi aurretik, kalitateari, lan-arriskuen prebentzioari eta lan-inguruneko harremanei buruzko prestakuntza eskainiko da.

  3. ¿ Lan- edo sozietate-kontratua mugagabea eta lanaldi partzialekoa izango da. Hain zuzen ere, hitzarmen kolektiboan eta/edo enpresa-itun aplikagarrian aurreikusitako lanaldi osoaren erdia izango da lanaldi partzial hori. Nolanahi ere, asteko lanaldia gehienez 20 ordu izango da.

    Lan- edo sozietate-kontratua prestakuntza-zikloaren lehen ikasturteko urtarrilean hasiko da.

    Lan-prestazioaren edukiak zerikusi zuzena izango du ikastetxean egiten ari diren ikasketekin.

    Lan-harremana eta ikasketa teorikoak aldi berean gertatzen diren bitartean, eta gehienez ere hirugarren prestakuntza-ikasturteko ekainaren 30era arte, lan- edo sozietate-kontratuan honako baldintza hauek adostu beharko dira:

    • Urteko lanaldia banatzerakoan kontuan hartuko da ikasle-langileak ikastetxeko oporraldia baliatzeko aukera izan behar duela Aste Santuan eta Eguberrian. Hori ez ezik, udan ere opor-hilabete bat izango du.

    • Ez da aparteko ordurik edo ordu osagarririk egingo.

    • Ez da gaueko txandarik egingo.

  4. ¿ Gainera, lan- edo sozietate-kontratua eta ikastetxeko ikasketa teoriko-praktikoa aldi berean gertatzen badira, enpresak irakasle bat izendatu beharko du ikasle-langileari beharrezko laguntza eman diezaion.

  5. ¿ Ikastetxeak arduradun bat izendatuko du irakaskuntza-ekintzak eta ekintza horien aplikazioa koordinatzeko lan- edo sozietate-kontratuaren bitartez, enpresak izendatutako irakaslearekin elkarlanean, enpleguak irakaskuntza teorikoekin zuzeneko harremana izango duela bermatuta. Hiru hilean behin, arduradun horrek emaitzak ebaluatuko ditu, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emango die ebaluazio horren berri.

  1. ¿ Antolamendu-eredu berri horren arabera eskainitako plazen erdia emakumeentzat gordeko da. Parte hartzeko interesa duten emakumeen kopurua gorderiko plazen kopurua baino txikiagoa bada, gizonezkoek bete ahal izango dituzte plaza horiek.

  2. ¿ Ikasle interesdunen kopuruak eskainitako plazen kopurua gainditzen badu, ikastetxeak pertsona egokiak hautatuko ditu, 4. artikuluan aipatutako Aginduan ikasturte bakoitzerako ezarri eta zehaztuko diren irizpideen arabera. Besteak beste, honako irizpide hauek hartu behar dira kontuan:

    1. ikaslearen eskola-kalifikazioen ibilbidea, espediente akademikoa aintzat hartuta.

    2. ikaslearen bizikidetza-unitatearen errenta-maila.

Urtean behin, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prestakuntza-ziklo horietan jarraitutako prozesua ebaluatuko dute, bereziki ikasleen prestakuntzan eta enpleguan eragindako inpaktua aintzat hartuta.

  1. ¿ Ikastetxeak aintzat hartzen badu ikasle-langilearen errendimendua ez dela egokia ikasketak antolamendu-eredu berriaren arabera gainditzeko, eta hori berresteko txostena egiten badu, ikasleak prestakuntza-zikloa egiten jarraituko du, antolamendu-eredu arruntaren arabera.

  2. ¿ Ikasle-langileak uko egiten badio ikasketak antolamendu-eredu berriaren arabera egiteari, prestakuntza-zikoa egiten jarraituko du, baina antolamendu-eredu arruntaren arabera.

  3. ¿ Lan- edo sozietate-kontratua azkentzen bada ikasle-langilearen borondateaz bestelako arrazoiengatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beharrezko bitartekoak jarriko ditu beste enpresa batekin lehenbailehen beste lan- edo sozietate-kontratu bat egin dadin. Hori posible ez bada, prestakuntza-zikloa egiten jarraituko du ikasle-langileak antolamendu-eredu arruntaren arabera.

Lanaldi partzialeko kontratu mugagabeek, lan-arlokoek eta sozietate kooperatiboetako bazkide langileei eta lan-bazkideei dagozkien sozietate-arlokoek, kapitulu honetan aurreikusitako diru-laguntza jasotzeko aukera izango dute, baldin eta kontratu horiek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak baimendutako prestakuntza-zikloak egiten dituzten ikasleekin egiten badira, II. kapituluan ezarritakoaren arabera, eta 5.3 artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte, betiere kontratu horrek enpresaren plantilla finkoaren igoera badakar, kontratua egiten den unean dagoen plantilla aintzat hartuta.

  1. ¿ Pertsona fisiko edo juridikoek aukera izango dute kapitulu honetan ezarritako laguntzen onuradun izateko, Administrazio Publikoek eta haien mendeko pertsona juridiko publikoek izan ezik, betiere bereziki kapital publikoaren partaidetza badute.

  2. ¿ 10 langile baino gehiago dituzten, eta, laguntzaren eraginpeko kontratazioaren unean, % 15etik gorako behin-behinekotasun tasa duten enpresetan eginiko kontratazioek ezin izango dute kapitulu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan. Ehuneko hori urtetik urtera eguneratuko da 4. artikuluan aipatutako Aginduan. Xede horri begira, behin-behinekotasun tasatzat joko da aldi baterako edo iraupen jakineko kontratua duten langileen eta plantillako langile kopurua osoaren arteko proportzioa, zenbaketa horren barnean diru-laguntzaren eraginpean kontratatutako langilea aintzat hartuta.

  1. ¿ Lan- edo sozietate-kontratuak 7.250 euroko diru-laguntza jasoko du, eta honako kopuru hauen arabera eta honako egun hauetan kobratzeko eskubidea sortuko da:

    3.500 euro, diru-laguntza ematen den unean.

    2.500 euro bigarren ikasturteko urtarrilaren 1ean. Onuradunak hilabete horretako nomina eta Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-dokumentua aurkezterakoan ordainduko da.

    1.250 euro hirugarren ikasturteko urtarrilaren 1ean. Onuradunak hilabete horretako nomina eta Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-dokumentua aurkezterakoan ordainduko da.

  2. ¿ Gainera, ordainketa bakoitzerako, kontratugileak Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren (edo dagozkien entitateen, sozietate kooperatiboen kasuan) ziurtagiri eguneratuen bi ale aurkeztu beharko dituzte, erakunde horiekiko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko.

  1. ¿ Lan- edo sozietate-kontratuarengatiko diru-laguntza kobratzeko, ikasle-langilea Agindu honetan araututako antolamendu-eredu berriaren arabera eskainitako prestakuntza-eskoletara bertaratu beharko da eta prestakuntza hori behar bezala aprobetxatu beharko du, honako hauen arabera:

    1. Ikastetxeak aintzat hartzen badu ikasle-langilearen errendimendua ez dela egokia ikasketak antolamendu-eredu berriaren arabera gainditzeko, txosten bat emango du, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari helaraziko die. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak enpresa kontratugileari jakinaraziko dio eta diru-laguntza likidatzeari ekingo dio, hori gertatu den ekitaldiari dagokion zenbatekoa murriztuz enpresari jakinarazpena igorri zaion egunera arte igarotako denboraren arabera, eta, hala badagokio, ondorengo ekitaldiei dagozkien ordainketak baliogabetuta.

    2. Ikasle-langileak uko egiten badio ikasketak antolamendu-eredu horren arabera jarraitzeari, ikastetxeak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari emango die horren berri, eta azken horrek enpresa kontratugileari, eta diru-laguntza likidatuko da aurreko idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

  2. ¿ Lan- edo sozietate-kontratua azkentzen bada ikasle-langileari egozteko moduko arrazoia dela-eta, diru-laguntza likidatuko da enpresan baja hartzen duen egunean, eta kontratua azkentzen den ekitaldiari dagokion zenbatekoa murriztuko da, urte horretan altan egon den denboraren arabera, eta, hala badagokio, ondorengo ekitaldiei dagozkien ordainketak baliogabetuta.

  3. ¿ Lan- edo sozietate-kontratua azkentzen bada enpresari egotz dakiokeen arrazoia dela-eta, diru-laguntza jasotzeko eskubide osoa azkenduko da, eta ikasle-langileari eskatuko zaio jasotako diru-kopuru osoa itzul dezan 23. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bitartez.

    Lan-kontratua azkentzen bada Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintza Errege Dekretuaren 51. artikuluan aurreikusitako arrazoiak direla-eta, falta diren ordainketa edo ordainketak baliogabetuko dira, eta ez da eskatuko jasotako diru-kopuruak itzultzea.

  4. ¿ Lan- edo sozietate-kontratua eta ikasketa teorikoa aldi berean gertatzen diren aldian enpresa epai irmoaren bidez kondenatzen badute laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delitua egin izanagatik, edo zehapen irmoa ezartzen badiote arlo horretan oso arau-hauste administratibo larria egin izanagatik, diru-laguntza eskubide osoa azkenduko da, eta arau-hausleari jasotako diru-kopurua itzul dezan eskatuko zaio 23. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bitartez.

  1. ¿ Dagokion zehapenak xedatzen duen epean, ezin izango dituzte kapitulu honetan aurreikusten diren laguntzak jaso sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik administrazio- edo zigor-arloko zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta debeku horrekin zehatutakoek ere.

  2. ¿ Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaintzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

    1. Eskatzaileek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzea, baita Gizarte Segurantzarekikoak eta dagokion entitatearekikoak bete dituztela egiaztatzea ere, sozietate kooperatiboen kasuan.

    2. Minusbaliatuen Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 38.1 artikuluan eta Laneko Segurtasun eta Osasunaren arloko araudian xedatutakoa betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraiki.

    3. Aldi baterako kontratazioari eta gainerako lan-arloko arauei buruz indarrean dauden arauak betetzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.

Kasuan kasu, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

  1. Langileen lege-ordezkariei araudi honen arabera diruz lagundutako kontratazioak egin behar direla jakinaraztea, baita kontratazio horiei dagozkien baldintza eta eskakizunak ere.

  2. Diruz lagundutako jardueraren xedea edo izaera errotik aldatzen duen gertakariren bat sortzen bada, horren berri ematea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, eta Sail horri laguntzea jarduera horien egiaztapena, ikuskaritza, jarraipena eta kontrola egiterakoan.

  3. Erlazio-bermeen bitartez laguntzen helburua eta aplikazioa bermatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzuleren erregimen orokorra arautzen duen eta erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak finkatzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen duenari jarraiki.

  4. Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

Agindu honetan deskribatutako kontrataziorako laguntzak bateraezinak izango dira erakunde publiko honek edo beste batzuek kontratazio bererako eman ditzaketen bestelako diru-laguntzekin, Gizarte Segurantzarekiko kotizazioei dagozkienak alde batera utzita.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan egindako aldaketa orok emateko Ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere diru-laguntzen onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, laguntzak kudeatzeko eskumeneko organoak likidazioa egiteko Ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

  1. ¿ Eskabideak eskabide-orri normalizatuen bidez aurkeztuko dira. Orri horiek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurki daitezke, edo Interneten, www.juslan.ejgv.euskadi.net helbidean deskargatu. Eskabideak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira lan- edo sozietate-kontratuaren hasierako egunetik zenbatzen hasita, lantokia kokatua dagoen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan, dagokion eskabide normalizatua bete ondoren, zuzenean, edo bestela herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bitartekoen bitartez.

  2. ¿ Eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Hirugarren interesdunaren datu-altako fitxa, eskatzaileak sinatua eta dagokion banku-erakundeak sinatua eta zigilatua.

    2. Eskatzailea pertsona fisikoa bada, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia; gainerako kasuetan, Identifikazio Fiskaleko Txartelarena.

    3. Kontrataturiko pertsonaren Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

    4. Lan-kontratuaren kopia, Enplegu Bulegotik egin beharreko komunikazioarekin batera.

      Kooperatiben kasuan, langile bazkideekin edo lan-bazkideekin egindako sozietate-kontratuaren kopia.

    5. Kontratatutako langilearen alta-partearen kopia.

    6. Diru-laguntzaren eskatzaileak zerga-betebeharrak beteta dauzkala erakusteko, Foru Ogasunaren ziurtagiri eguneratuaren bi ale aurkeztu behar dira. Ziurtagiriaren ordez, idazki bat aurkez daiteke, behar bezala zigilaturik, ziurtagiria eskatu izana frogatzeko, baina idazki horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balioko.

      Zor bat atzeratzea lortzen duen enpresak ordainketak eguneratuta dauzkala hartuko da aintzat, baina dokumentuen bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

    7. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren Probintzia Zuzendaritzak edo dagokion entitateak (kooperatiba sozietateen kasuan) eginiko ziurtagiri eguneratua, aurreko idatz-zatian ezarritakoa bezalakoa.

  3. ¿ Diru-laguntzen eskabideen termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezan edo beharrezko dokumentuak gainera ditzan, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen adierazia eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

  4. ¿ Publizitate-printzipioa betetzeko, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, sailburuaren Aginduaren bitartez, urtetik urtera jakinaraziko du kapitulu honetan aurreikusitako laguntza-ildoa, dagokion aurrekontu-horniduraren berri emanez.

  1. ¿ Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza izango da kapitulu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumeneko organoa, eta, laguntzak eman aurretik, organo horren titularrak eman beharko du esanbidezko ebazpen indibidualizatua.

  2. ¿ Aurreko idatz-zatian aipatzen den ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta haren aurka gorako errekurtsoa jarri diezaiokete interesdunek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

  3. ¿ Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko gehienez sei hilabeteko epea izango da, eta, epe hori amaituta, diru-laguntza eskabidea aintzat hartuko da, esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

  4. ¿ Publizitate-printzipioa betetzeko, eta emateko ebazpenak esanbidez eta modu indibidualizatuan jakinarazteari utzi gabe, Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren Ebazpenaren bidez xedapen honen araberako diru-laguntzak zein pertsonari edo enpresari eman zaizkien eta zenbateko laguntza eman zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horrez gainera, zein diru-laguntza aldatu den ere aditzera emango da.

  1. ¿ Agindu honen xedeetarako behar diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrean, edo aurrekontu-izaerako lege mailako arauetan, horretarako propio ezartzen diren aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan eman beharreko laguntzen bolumen osoak ez du aipaturiko diru-izendapena, edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onesten direnean, diru-izendapen hori eguneratzetik ateratakoa gaindituko.

  2. ¿ Aurrekontuan helburua betetzeko behar besteko kreditu ez badago, laguntzak ez dira onartuko, eta, hartara, Agindu honek eta garapen-arauek beste laguntza batzuk emateko duten eraginkortasuna baliogabetuta geratuko da. Horregatik guztiagatik, Agindu hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak egoera horren berri emango du, ebazpen administratiboaren bidez, eta, ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  3. ¿ Aurrekontu-ekitaldi batean diruz lagundutako jardunei dagozkien laguntza-eskabideei erantzuterik ez badago ekitaldi horren aurrekontu-kredituak kontuan hartuta, eskabide horiek hurrengo ekitaldiko aurrekontu-kredituei esleitu ahal izango zaizkie, eskabidea berriz ere zertan aurkeztu gabe, baldin eta jardun horiek Agindu honetan laguntzak lortzeko ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

Kapitulu honetan azaldu diren laguntzek 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1998/2006 Arautegian (EB) ezarritako minimis araua bete beharko dute. Adierazitako araudia minimis laguntzei buruzko Ituneko 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta 2006ko abenduaren 28an argitaratu zen Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eskubidea izango du kapitulu honen helburuak betetzen direla bermatzeko beharrezkotzat joko dituen ikuskatze- eta kontrol-ekintza guztiak egiteko.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago kapitulu honetan aurreikusitako laguntza jaso duen pertsona onuraduna, edo kapitulu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak Ebazpen bat emango du; horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasteak, hala badagokio, eten egingo ditu oraindik egin ez diren ordainketak.

  2. Alegazioak jaso ondoren edo epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren Ebazpenaz amaiera emango zaio prozedurari. Laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea 6 hilabete izango da gehienez.

    Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela joz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

  3. Dirua borondatezko aldian itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, behartzeko bideari ekin diezaion, aplikatu beharreko araudian ezartzen denaren arabera.

Administrazio-prozedurari buruz Agindu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedaturikoa aplikatuko da.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesdunek berrezartze-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez (Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen du lege horrek).

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 28a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.