Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2007ko irailaren 17koa, Kultura sailburuarena, kirol modalitateen zabalkunde nahikoa ebaluatzeko eta kirol federazioak ofizialki onartuak izateko irizpideak finkatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 232
  • Hurrenkera-zk.: 6704
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/09/17
  • Argitaratze-data: 2007/12/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak 51.2 artikuluan xedatzen duenez, Euskadiko eta lurraldeko federazio berriak eratzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta lurralde historikoetako foru organoen administrazio onarpena beharko da, eta onarpen hori Dekretuan bertan ezarritako irizpideak kontuan izanik emango edo ukatuko dute.

Irizpide horietako bat kirol modalitatearen zabalkunde nahikoari buruzkoa da. Bada, 51. artikulu horren hirugarren idatz-zatiak dioenez, federazio bat sortzeari begira kirol modalitate batek zabalkunde nahikoa duen ala ez erabakitzeko irizpideak Kultura sailburuaren agindu baten bidez finkatu behar dira, aurrez Kirolaren Euskal Kontseiluaren proposamena jaso ondoren.

Erregelamendu bidezko garapen honek berebiziko garrantzia du euskal federazioen sisteman, zeren irizpide edo betekizun horien baitan ebatziko baita lurraldeetako kirol federazioak eta euskal kirol federazioak ofizialki onartzen diren ala ez.

Agindu honek oso-osorik jasotzen du Kirolaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurak 2007ko ekainaren 20ko bileran egindako proposamena, euskal federazioen sistema ordezkatzen duen Euskal Kirol Federazioen Batasunak aurkeztutako ekimen bati esker.

Ondorioz,

Agindu honen xedea da urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak 51.3 artikuluan ezarritakoa garatzea, alegia, federazio bat sortzeari begira kirol modalitate batek zabalkunde nahikoa duen ala ez erabakitzeko irizpide orokorrak finkatzea.

  1. – Euskal kirol federazio bat sortu ahal izateko, kirol modalitate batek Euskal Autonomia Erkidegoan nahikoa zabalkundea duela joko da baldin eta egiaztatzen badu 500etik gora federazio-lizentzia aktibo dituela, kirolariak, teknikariak eta epaileak barne hartuta.

  2. – Ondorio berberetarako, halaber, kirol modalitate batek nahikoa zabalkundea duela joko da baldin eta 30etik gora federazio-lizentzia aktibo baditu, kirol klub eta elkarteen artean.

  1. – Lurralde federazio bat sortu ahal izateko, kirol modalitate batek bere lurralde historikoan nahikoa zabalkundea duela joko da baldin eta egiaztatzen badu 175etik gora federazio-lizentzia aktibo dituela, kirolariak, teknikariak eta epaileak barne hartuta.

  2. – Ondorio berberetarako, halaber, kirol modalitate batek nahikoa zabalkundea duela joko da baldin eta 7tik gora federazio-lizentzia aktibo baditu, kirol klub eta elkarteen artean.

  1. – Zabalkunde nahikoa izateko betekizuna zehazteko, lizentzia aktibotzat joko da soilik dagokion kirol federazioa sortzeko aktaren aurreko hamabi hilabeteetan lehiaketaren batean parte hartu duten pertsona fisiko eta juridikoei dagokiena.

  2. – Kirol edo elkarte batek kirol jarduerarik izan duela joko da, baldin eta dagokion kirol federazioa sortzeko aktaren aurreko hamabi hilabeteetan lizentzia aktiboa izan duten 10 kirolari baditu gutxienez.

  3. – Federazio lizentzien kopurua kalkulatzeko, ez da pertsona fisiko bat behin baino gehiagotan zenbatuko, nahiz eta estamentu edo diziplina ezberdinetan agertu.

  4. – Kirol federaziorik ez duen modalitate batek zabalkunde nahikoa duen ala ez ebaluatzeko, dagokion kirol jardueretan parte hartzeko gaitasuna ematen duten bestelako lizentzia edo dokumentuak federazio lizentziekin parekatuko dira.

Herri kirolak eta elbarrien kirola babesteko eta sustatzeko betebeharraren indarrez, alor horietan ez da eskatuko agindu honetako gutxieneko lizentzia-kopurua.

Nagusiki diziplina ez-lehiakorrak dituzten modalitateetan ez da eskatuko federazio lizentzien titularrek lehiaketetan parte hartzea.

Nahiz eta aginduko honetan ezarritako gutxieneko baldintzak bete ez, egoera hori justifikatzen duten aparteko egoerak badaude, modalitate batek zabalkunde nahikoa duela jo ahal izango da. Eusko Jaurlaritzako eta lurralde historikoetako organoek aztertu beharko dituzte gorabehera horiek, kirol federazioa ofizialki onartzen den ala ez erabakitzeko.

Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko irailaren 17a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.