Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2007ko irailaren 10ekoa, Herrizaingo sailburuarena, ertzaintzaren laneko jazarpen moral kasuetarako prebentzio-neurriak eta jarduera-prozedura arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 191
  • Hurrenkera-zk.: 5398
  • Xedapen-zk.: 101
  • Xedapen-data: 2007/09/10
  • Argitaratze-data: 2007/10/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Funtzio publikoa; Lana eta enplegua

Testu legala

Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak xedatzen duenez, lan-erakunde guztiek, administrazio publikoek barne, euren funtzionarioen lan-baldintzen hobekuntza bultzatu eta horien segurtasunaren eta osasunaren babes-maila igo behar dituzte, eta horretarako prebentzioaz eta babesaz arduratu behar dute, baina ez soilik kalte fisikoa eragin dezaketen arriskuen aurrean, baizik eta baita funtzionarioen osasun psikikoak okerrera egitea eragin dezaketen arriskuen aurrean ere.

Testuinguru horretantxe sortzen da langileen arrisku psikosozialak antzemateko prozedurak zein laneko jazarpenagatiko salaketak dauden kasuetan jarduteko prozedura bat abian jartzeko Herrizaingo Sailak hartu duen konpromisoa. Herrizaingo sailburuak halaxe jaso zuen 2000ko ekainean egindako adierazpenean, izan ere, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legearen oinarriak eta oinarrizko printzipioak bere egin zituen.

Hizpide dugun testuak laneko jazarpenagatiko salaketak dauden kasuetarako jarduera-prozedura bat jasotzen du. Horren edukiaren berri eman zaie Ertzaintzako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Batzordeko kide guztiei. Eduki hori prebentzioa, segurtasuna eta laneko osasuna Ertzaintzan sartzeko nahiaren adibide argia da. Gainera, funtzionario orok nagusiengandik eta lankideengandik begirunezko tratu duina jasotzeko beharrari erantzuten dio.

Prozeduran bada bitartekotza-fasea deritzon zati bat, eta bere helburua pertsonen arteko eta erakundearen gatazkak azkar eta eraginkortasunez konpontzea da, hasierako desadostasuna ez dadin larritu eta iraunkor bihurtu. Horri dagokionez, ulertzen dugu xede hori lortzeko biderik eraginkorrena langileak kudeatzeko ardura duten organoei mota horretako portaeren prebentzioan eta gobernuan parte harraraztea dela.

Hala ere, garrantzitsua da laneko jazarpena, hots, lan-alorreko esetsaldi luzea, jazarritako langileen edo profesionalaren duintasunaren aurkako laneko arrisku larria dela jakitea. Gainera, argi eta garbi gainditzen ditu pertsonen arteko ohiko gatazken mugak, izan ere, kalteak eragin diezazkioke funtzionarioaren osasunari, eta batzuetan oso zaila izaten da horiek konpontzea. Horregatik, eta bitartekotza-faseak huts eginez gero, aurreikusita dago Ikuskapen Orokorreko Alorrak Agindu honen xede diren portaerak ikertzen jarraitzea, jazarpen moralik izan denentz informatu ahal izateko. Jazarpen moralik izanez gero, Ikuskapen Orokorreko Alorrak haien berri emango du eta diziplina prozedura irekitzeko eskatuko du. Horri esker, beldurra eragiteko portaerak amaitzeko eta biktimen eskubideak eta, batez ere, osasuna babesteko behar diren neurriak hartu ahal izango dira, Herrizaingo sailburuak 2006ko martxoaren 15ean Ertzaintzaren egitura berria onartzeko eman zuen Aginduan xedatzen den legez; Agindu horren eranskineko VI atalak honakoa dio: "Ikuskapen Orokorreko Alorrak (...) Ertzaintzako funtzionarioen jokabideen ikerketak zuzendu, koordinatu eta garatzen ditu, aintzat hartu behar direnak bultzatzeko eta etikaren aurkakoak prebenitzeko."

Bitartekotza fasearen garapena xehetasunez azalduta dago Agindu honetan eta, gainera, epe jakinak ezarri dira beharrezko jarduerak gauzatzeko. Epe horiek, bestalde, laburrak dira prozedura premiarik gabe funtzionarioen osasunaren kalterako luzatzea ekiditeko.

Nolanahi ere, doktrina zientifikorik gaurkotuenari, nazioarteko erakundeen orientabideei (LNEren gidak eta hitzarmenak) eta erkidegoaren arteztarauei jarraiki, laneko jazarpenak "laneko indarkeria" kontzeptu orokorrari erantzuten diolako eta gupidarik gabe eten behar delako ideia dago prozedura guztiaren azpian.

Amaitzeko, azpimarratu beharra dago Administrazio honek funtzionarioen eskubideenganako begiruneari buruzko informazioa eta hezkuntza bultzatu nahi dituela langileen artean. Horri dagokionez, ezinbestekotzat jotzen dira laneko oinarrizko printzipio eta eskubideei buruzko Lanaren Nazioarteko Erakundearen Adierazpena eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legedia. Honakoa

  1. – Agindu honen helburua Ertzaintzaren lan-alorrean jazarpen moral portaerarik egonez gero jarraitu beharreko jarduera-prozedura ezartzea da.

  2. – Horri dagokionez, kontuan hartu behar da erakundearen baitan gauzatzen den jazarpen morala izaera psikosozialdun laneko arriskutzat joko dela eta, ondorioz, portaera horiek eteteko neurri zuzentzaileak hartuko direla. Gainera, biktimak babesteko neurriak hartuko dira.

  3. – Honako testua Ertzaintzaren barneko jazarpen moral kasuak arinduko eta zuzenduko dituzten neurriak aplikatuta Ertzaintzako funtzionarioen segurtasuna eta osasuna bultzatzeko filosofian oinarrituta dago.

Agindu honetan jasotako xedapenak jarduneko zerbitzuko eta bigarren jarduerako egoera administratiboetan dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioei eta praktiketako funtzionarioei aplikatuko zaizkie.

  1. – Laneko jazarpen moraltzat ulertzen da pertsona edo talde batek, pertsonalki edo profesionalki hondatzeko helburuarekin eta lanean etsaitasunezko klima edo giroa sortuta, lantokiko beste pertsona baten edo batzuen aurka indarkeria psikologikoa erabiltzen dueneko egoera. Indarkeria horrek sistematikoa edo ohikoa izan behar du, hots, prozesu batean murgilduta dago eta ez da ekintza bakarra, larria eta bortitza izanda ere.

  2. – Jazarpena laneko edo lanetik kanpoko arrazoien ondorio izan daiteke, baina lantokian gertatu behar da.

  3. – Adinean, minusbaliotasunean, osasun egoeran, familia-baldintzetan, sexuan, sexu-joeran, generoan, arrazan, kolorean, hizkuntzan, iritzi politiko, sindikal zein bestelakoetan, nazio- edo gizarte-jatorrian, gutxiengo bateko kide izatean, jabetzan, jaiotzan zein bestelako baldintzaren batean oinarritzen diren, eta gizonen eta emakumeen arteko laneko berdintasunari eragiten dioten larderia eta esetsaldia hartzen ditu barne, besteak beste.

  1. artikuluan deskribatutako portaerek kalte morala, psikikoa edo/eta fisikoa (edo halako kalterik jasateko mehatxua) eraginez gero kaltetutako funtzionarioei, Agindu honetan aurreikusitako prebentzio-neurriak eta jarduera-prozedura aplikatu ahal izango dira.

  1. – Laneko jazarpen moral kontzeptutik at geratuko dira giza harremanen alorrean eman daitezkeen eta lanaren antolakuntzari zein garapenari eragin arren gatazkan partaide diren alderdiak pertsonal edo profesionalki suntsitzeko helbururik ez duten pertsona arteko gatazka iragankorrak, une jakin batean gertatuak.

  2. – Halako gatazka kasuetan, bi funtzionarioren interesek bateraezinak diruditenean, langileak kudeatzeko organoek gidaritza-eginkizuna hartu beharko dute, eta ezkutuko zein ageriko gatazkak konpontzeko beharrezko eginbideak gauzatu beharko dituzte.

  1. – Bitartekari-lana egiteko izendatutako pertsonek besteak beste lege-informazioa, gizarte-gaitasunak eta jarduera-prozedurak barne hartzen dituen gaiari buruzko berariazko prestakuntza jasoko dute lan-alorrean jazarpen moralaren inguruan sortzen diren gatazkei egokiro aurre egin ahal izateko.

  2. – Ertzaintzan prestakuntza-plan orokorra jarriko da abian laneko jazarpen morala saihesteko. Prestakuntza horrek jazarpen moral egoerak identifikatzeko eta halako kasuetan jarraitu beharreko prozedura jakiteko aukera eman beharko die langileei.

  3. – Herrizaingo Saileko Prebentzio Zerbitzua izango da gai honen inguruko prestakuntza- eta informazio-jarduerak egiteko arduraduna.

  1. – Fase honetan gatazka bizkor, elkarrizketaren bidez eta bitartekari baten laguntzarekin konpondu nahi da. Azken horrek gatazka amaitzeko eta hori etorkizunean errepikatzea ekiditeko jarduera-jarraibideak eta proposamenak emango ditu.

  2. – Erakundeak, bestalde, bitartekariari jarduera hori garatzeko beharrezko prestakuntza eta bitartekotza lanean lagunduko dioten adituen aholkularitza emateko konpromisoa hartu du.

  1. – Ertzaintzako edozein funtzionariok eman ahal izango du edozein jazarpen moral egoeraren berri jakinaren gainean baldin badago. Arduradunak edo zuzendariak ere hasiera eman ahal izango diote ofizioz fase honi, baldin eta langileen osasuna babesteko beharrezko jotzen badute.

  2. – Komunikazio horiek idatziz egingo dira.

  3. – Idatzizko komunikazioak honakoen aurrean aurkeztu ahal izango dira, arauzko bidea jarraitu beharrik gabe:

    1. Bere Unitateko burua edo kasuan kasuko mailaz goragokoa.

    2. Kasuan kasuko zuzendaria.

    3. Ikuskapen Orokorreko Alorra.

    4. Herrizaingo Saileko Prebentzio Zerbitzua.

  1. – Komunikazio horretan salatzailearen lanbide zenbakia eta nori zuzenduta dagoen jaso beharko da.

  2. – Testuan inongo zalantzarik gabe identifikatu beharko dira ustezko biktima edo biktimak, ustezko jazartzailea edo jazartzaileak, eta salatutako bere ustezko jazarpen-egoera.

  3. – Komunikazioak edonon aurkeztuta ere, organo hartzaileak hurrengo kapituluan araututako bitartekariari eta Ikuskapen Orokorreko Atalari igorriko dizkio.

  1. – Ustezko jazarriaren unitateko Unitate burua hartuko da bitartekaritzat.

    Ustezko jazartzailea Unitate burua bera izanez gero, hurrengo mailaz goragokoa izango da bitartekotzaren arduraduna.

    Ustezko jazartzailea Ertzaintzako Alor-bururen bat izanez gero, bitartekaria Ertzaintzaren zuzendaria izango da, Ikuskapen Orokorreko Alorreko burua ez bada; hala izanez gero, bitartekaria Segurtasun sailburuordea izango da.

  2. – Bitartekariak bitartekotza-jarduera prestatzeko beharrezko jarduera guztiak gauzatu beharko ditu egoera ahalik eta modu egiatienean ezagutzeko. Horri dagokionez zera eskatu ahal izango du:

    1. Segurtasun Sailburuordetzaren eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren menpeko organo guztiek egintzei lotuta dituzten dokumentu guztiak.

    2. Ikerketa Orokorreko Alorraren eta Herrizaingo Sailaren Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuaren aholkua.

  3. – Halaber, bitartekariak ustezko jazarpenak aurrera egitea ekiditeko beharrezkotzat jotzen dituen zuhurtziako neurri guztiak hartzeko eskubidea izango du fase honetan.

  4. – Gatazkako aldeek bitartekaria onartu beharko dute, eta ohiko abstentzio- eta ezespen-kausak aplikatu ahalko zaizkio. Abstentzio- eta ezespen-kasuetan Segurtasun sailburuordeak erabakiko du nor izango den bitartekaria. Izendapena behar bezala jakinaraziko zaie ustezko jazartzaileari, ustezko jazarriari eta haien buru edo zuzendariari.

  1. – Bitartekariak idatziz dei egingo die interesdunei arazoa konpontzen saiatzeko bilera baterako. Zitazio horrekin batera, bitartekariaren esku dagoen dokumentazio guztiaren kopia ere igorriko zaie. Horrenbestez, fase hau gauzatu ahal izateko ezinbesteko baldintza da esku-hartzaileek berariazko baimena ematea.

  2. – Bitartekotza-bilera idazkia jaso ondorengo hamar egun baliodunen barruan egingo da, epea -gehienez beste hamar egun baliodun- luzatzea gomendatzen duten arrazoiak egon ezean. Hori idatziz jakinaraziko zaie interesdunei.

  1. – Bitartekariak emango du jarduera-proposamena bitartekotza-bileratik 15 eguneko epean.

  2. – Proposamena idatzizkoa izango da eta honakoak jaso beharko ditu:

    1. Bitartekotza-fasean gauzatutako jarduerak.

    2. Arazoa konpontzeko proposatutako neurriak.

  3. – Jarduera-proposamena interesdunei, Ikuskapen Orokorreko Alorrari eta Prebentzio Zerbitzuari jakinaraziko zaie hurrengo bost egun baliodunen barruan.

Dokumentazio guztia Ikuskapen Orokorreko Alorrera igorriko da horrek ikerketa-faseari hasiera eman diezaion, hurrengo kasuetan:

  1. Alderdietako edozeinek bitartekotza edo bitarte-kariak proposatutako neurriak baztertzen dituenean.

  2. Ezinbesteko arrazoiren batengatik bitartekotza-fasea burutu ezin izan denean.

  3. Bitartekotza-fasean proposatutako neurriek gatazka konpondu ez dutenean.

  4. Ustezko jazarriaren egoera fisiko edo psikikoa dela eta bitartekotza bidezko jotzen ez denean. Horrelakoetan, berehala emango zaio egoeraren berri Herrizaingo Saileko Prebentzio Zerbitzuari.

Prebentzio Zerbitzua neurri zuzentzaileen jarraipena egiteaz eta horien eraginkortasuna egiaztatzeaz arduratuko da, eta horren berri emango die Ikuskapen Orokorreko Alorrari eta Segurtasun Sailburuordetzari.

Testu honetan aurreikusitako edozein fasetan parte hartu duen Ertzaintzako funtzionario eta Administrazioari lotutako pertsona orori isiltasun betebeharra eskatuko zaio, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean eta Diziplina Araubidearen Arautegian jasotakoaren arabera.

  1. – Prozedura honetan parte hartu duen edozein pertsonaren intimitaterako eskubidearen babesa une oro bermatu beharko da.

  2. – Prozedura honetan sortutako informazio pertsonalaren tratamendua datu pertsonalen babeserako 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoaren arabera gobernatuko da.

Jazarpen moralaren biktima izan diren funtzionarioen osasunaren babes egokia bermatzeko beharrezko neurri zuzentzaileak hartuko ditu Herrizaingo Sailak. Halaber, antolaketa aldetik eta psikologikoki behar duten babesa emango die guztiz senda daitezen.

Baldin eta laneko jazarpenik ematen bada lantokia partekatzen duten Administrazio honetako eta kanpoko enpresa bateko funtzionarioen artean, Agindu honetan jasotako ikerketa-prozedura aplikatuko da. Lan-Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera, kaltetutako enpresen eta Administrazioaren artean koordinatuta aplikatuko dira neurri zuzentzaileak.