Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2004ko urtarrilaren 23koa, Herrizaingo sailburuarena, jokoaren arloko prozedurak telematikoki nola izapidetu arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 26
- Hurrenkera-zk.: 737
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2004/01/23
- Argitaratze-data: 2004/02/09
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
B motako joko-makinen prozedurak telematikoki nola tramitatu arautzen duen Herrizaingo sailburuaren 2002ko ekainaren 27ko Aginduak teknologia telematikoaren erabilera jokoaren lanbide-sektore osora zabaltzea ekarri zuen.
Agindu hori argitaratu zenetik izan den esperientzia ikusita –prestatu ziren prozeduren izapide telematikoak eta operadoreak azkar gehitu dira–, nabaria da informazioaren gizartea jokoaren lanbide-sektorera eramatean asmatu dela, sektore hori dinamismo handiko merkatuan aritzen delako eta, hortaz, tankera honetako teknologiak ematen dituen bizkortasuna, segurtasuna eta kontrola behar dituelako.
Horrenbestez, lortu diren emaitzak ikusita, izapide telematikoak B motako makinen azpisektorera zabaldu beharko lirateke, eta, era berean, izapide telematikoen kulturaren onurak jokoaren arloko beste azpisektore batzuetako prozeduretara hedatu beharko lirateke.
Hori guztia Eusko Jaurlaritzak baliabide informatikoen erabilera gizartean eta lanbide-arloan zabaltzeko duen proiektu orokorraren barruan egingo litzateke. Era horretan, Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak bizkortu, erraztu eta hobetu nahi dira, eta, aldi berean, arreta berezia jarri nahi da bitartekoak eta prozedurak erabiltzeko ahala pertsona baimenduen ez beste inoren eskuetan jartzeko, datuak ez aldatzeko eta ez galtzeko bideak jartzeko, eta prozesu informatikoak baimenik ez dutenen manipulazioetatik begiratzeko.
Horrenbestez, honakoa
– Agindu honen xedea jokoaren arloko prozedurak telematikoki nola izapidetu arautzea da.
– Telematikoki izapidetu daitezkeen prozedurak honako baimen hauek dira:
B motako makinak:
Instalazioaren baimena berritzea.
Ustiatzeko baimenaren behin betiko baja.
Ustiatzeko baimenen transmisioa.
B motako makinen homologazioa:
Eredu berria inskribatzea.
Proba komertziala.
Jokoaren memoriaren bertsio berria.
Funtsezkoak ez diren aldaketak:
Jokoaren memoriaren bertsio berria.
Altzariaren diseinua aldatzea.
A motako makinak:
Ustiatzeko baimenaren alta.
Makina aldatzea.
Ustiatzeko baimenaren behin betiko baja.
Jokorako aretoak:
Makina aldatzea.
Jokorako kasinoak:
Lanbide-agiria.
Bingo-aretoak.
Lanbide-agiria.
Agindu honek aipatzen duen izapide telematikoa B motako makinen enpresa operadoreek, makinak fabrikatzen dituzten enpresek, eta jokorako kasinoak eta bingoak dituzten enpresa titularrek egin dezakete, beti ere Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatuta badaude, eta jokoaren arloko prozeduren izapide telematikoaren sisteman alta egiten badute, Agindu hau garatze aldera ondorio horretarako ezartzen denarekin bat.
Agindu honek adierazitakoaren arabera, telematikoki egiten diren izapideetan, sinadura elektroniko aurreratua erabili behar da; sinadura hori ziurtagiri onartu batean oinarritzen da, eta sinadura sortzeko gailu seguru batek sortu du, Sinadura Elektronikoari buruzko irailaren 17ko 14/1999 Errege Lege-Dekretuak 3. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
Era horretan sortutako sinadura elektronikoak, bide elektronikoz jarritako datuei dagokienez, eskuz idatzitako sinadurak orrian jarritako datuetarako duen balio juridiko berbera izango du.
Aurreko idatz-zatiak ezarritakoari kalterik egin gabe, Administrazioak onartu gabeko ziurtagiri elektronikoak erabiliko ditu, sinadura elektroniko aurreratua era automatizatuan sortzeko, eta ziurtagiri horien erabilera Agindu honetan berariaz adierazten diren izapideetara mugatuko da.
Era horretan sortutako sinadura elektronikoak bera idatzita agertzen den administrazio-agirien benetakotasuna eta osotasuna bermatuko du.
Sinadura elektronikoa sortzeko erabiltzen diren onartutako eta onartu gabeko ziurtagiriek Agindu hau garatzeko xedatzen diren eskakizunak bete behar dituzte.
– Administrazioko organoek teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak baliatzen dituztenean Agindu honek aipatzen dituen egintzak edo jakinarazpenak egiteko, une oro bermatu beharko dute dagokion organoak identifikatuko dituela eta hari dagozkion eskumenak erabiliko dituela.
– Jakinarazpenak benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna izanda eta trukatutako mezuei uko egin gabe egin behar dira.
– Euskarri, baliabide eta aplikazio telematikoak erabiltzean, honakoa bermatu beharra dago:
Haiek erabiltzeko, eta haietan jasotako datuetara eta informaziora sartzeko bidea baimena duten pertsonen ez beste inoren eskuetan egongo da.
Neurriak hartuko dira datuak eta informazioak ez aldatzeko eta ez galtzeko, eta jakinarazpenak inork ez atzemateko.
Prozesu informatikoak baimenduta ez dauden manipulazioetatik babestuta egongo dira.
– Agindu honek ezartzen duenak ez du inola ere aldatzen administrazio-jarduerei aplika dakieken araubide juridikoa, izapide telematikoak berez dituen berezitasunak alde batera utzita.
– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak interesdunei jakinarazpena egiteko bide telematikoak erabiltzen dituenean, administrazio-egintzak jakinarazteko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 58. eta 59. artikuluetan ezartzen dituen eskakizunak bete behar ditu.
– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 59.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, interesdunak jakinarazpena helbide elektronikoan eskuragarri duen eguna eta ordua, eta, hala behar denean, interesdunak eduki horretara sartzen den eguna eta ordua datu-basean jasota geratuko dira.
– Agindu honek aipatzen dituen prozedura telematikoetan horrela ezartzen den kasuetan, aplikazioak jakinarazpen elektronikoa bidaliko dio interesdunari, eta, horrela, interesduna jakitun egingo da jakinarazpen bat duela eskura berak adierazitako helbide elektronikoan.
Nolanahi ere, aplikazio telematikoak aukera emango dio interesdunari izapidearen eskaeraren egiaztagiria lortzeko; egiaztagirian, bidaltzailea eta hartzailea, eskaeraren sarrera-erregistroa, izapidearen izena eta aurkeztu zen eguna eta ordua jasoko dira.
– Teknika telematikoak erabiliz sortutako agiriak tankera horretako euskarrietan gordeko dira, agiria sortu zen formatu berean, edo agiriak kopiatzeko beharrezkoa den informazioaren nortasuna eta osotasuna bermatzen duen bestelako formaturen batean.
– Agiriak biltegiratzeko erabilitako baliabideek edo euskarriek segurtasuneko neurriak eduki behar dituzte, agirien osotasuna, benetakotasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatzeko; gehienbat, erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola bermatuko dute.
– Interesdunek euskarri elektronikoetan, informatikoetan edo telematikoetan biltegiratutako agiriak eskuratze aldera, 30/1992 Legeak 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoa, eta, hala behar denean, norberaren datuak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa bete behar da.
– Euskarri horietan biltegiratutako agiriak administrazio-espediente egokian sartuko dira, espedienteari dagozkion gainerako jarduerekin batera, berdin dio zein euskarri-mota –fisikoa edo telematikoa– erabili den.
Honako baimen-izapide hauek hartzen ditu barne:
– Instalazioaren baimena berritzea.
Ostalaritzako lokaletan jarritako B motako makinen instalazio-baimena berritzeko, instalazio-baimen baten ordez, beste bat eman behar da, eta hala egingo da epea betetzen denean edo interesdunek horrela erabakitzen dutenean.
– Ustiatzeko baimenaren behin betiko baja.
B motako makinak ustiatzeko baimenen behin betiko baja hartzeko, B motako makina ustiatzeko baimenaren administrazio-baja baimendu behar da, interesdunak aurrez eskaturik.
– Ustiatzeko baimenen transmisioa.
B motako makinak ustiatzeko baimenen transmisioa egiteko, Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatutako enpresa operadoreen artean ustiatze-baimenak transferitzen dira.
Izapide hauek hartzen ditu barne:
– Eredu berria inskribatzea.
Eredu berria inskribatzea da makina-eredu bat baimentzea eta, gero, Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatzea, baimendutako lokaletan ustiatu ahal izateko.
– Proba komertziala.
Proba komertziala da denboraldi jakin baterako makina-eredu berri bat behin-behinean baimentzea.
– Jokoaren memoriaren bertsio berria.
Baimenduta eta inskribatuta dagoen eredu bati dagokionez, joko-memoria berria baimentzea da.
– Funtsezkoak ez diren aldaketak.
Idatz-zati honetan, bi suposizio hauek hartzen dira kontuan:
Jokoaren memoriaren bertsio berria.
Jokoaren memoriaren bertsio berria baimentzen da, inskribatutako ereduari dagokion joko-programa berberarekin, baina jokoaren programan eraginik ez duten aldaketa batzuk eginda.
Altzariaren diseinua aldatzea.
Altzariaren diseinua aldatzea da ereduaren osagaien altzaria edo kanpoko itxura aldatzea baimentzea, eta aldaketa horrek eredua baimentzeko eta inskribatzeko ebazpena aldatu beharra ekartzea.
Honako baimen-izapide hauek hartzen ditu barne:
– Ustiatzeko baimenaren alta.
A motako makinak ustiatzeko baimenen bidez, Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatutako enpresa operadore bati A motako makina bat ustiatzeko baimena ematen zaio.
– Makina aldatzea.
A motako makinak aldatzea da, ustiatzeko baimen bati loturiko A motako makina baten ordez, A motako beste makina bat jartzea.
– Ustiatzeko baimenen behin betiko baja.
A motako makina ustiatzeko baimenen behin betiko baja izateko, A motako makina ustiatzeko baimenaren administrazio-baja eman behar da, interesdunak aurrez eskaturik.
B motako makina aldatzea da ustiatzeko baimen bati loturiko eta joko-areto batean jarritako B motako makina baten ordez, B motako beste makina bat jartzea.
Langileentzako lanbide-agiria.
Langileentzako lanbide-agiria da jokorako kasinoetan lan egiten duten langileei lokal horietan aritzeko ahalmena ematen dien agiri bat egitea, enpresa titularrek eskatu ondoren.
Langileentzako lanbide-agiria.
Langileentzako lanbide-agiria da bingo-aretoetan lan egiten duten langileei lokal horietan aritzeko ahalmena ematen dien agiri bat egitea, enpresa titularrek eskatu ondoren.
Agindu honek aipatzen dituen prozeduren izapide telematikoak honako aldi hauek ditu:
www. ej-gv.net/dje web helbidera sartzea.
Agindu honen 1.2. artikuluan aipatzen den prozeduraren bat aukeratzea.
Eskatutako administrazio-prozedura zehatzari dagozkion izapideak eta formularioak betetzea.
Eskatzailea onartzea, eskatzaileak sinadura elektronikoa aktibatzen duen PINa edo identifikazio pertsonalerako zenbakia sartu ondoren.
Administrazio-tasa likidatzea eta jakinarazpena egitea.
Administrazioaren organo eskudunak era elektronikoz sinatutako baimen-agiria sortzea, eta, horrenbestez, espedientea bukatzea, indarrean dagoen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 87. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoarekin bat.
Agindu honen 9. artikuluak aipatzen dituen prozedurei dagokienez, jakinarazpen elektronikoa egitea, interesdunari berak adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpen bat duela aditzera emateko.
Agindu honen 9. artikuluak eta ustiatzeko baimenen transmisioari buruzkoa den 8.3 artikuluak aipatzen duten ereduaren inskripzioaren eta baimenaren kasuetan izan ezik, baimenen sinadura elektronikoa sortzeko, Agindu hau garatzeko finkatzen diren eskakizunak beteko dituen onartu gabeko ziurtagiri bat erabiliko da.
Izapide bat bide telematikoz bideratu eta, ondoren, helburu berarekin orrian egiten bada, eskaerarekin batera, Aginduak ezarritako izapidearen arabera dagozkion agiriak aurkeztu behar dira.
– Administrazio-tasaren likidazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoak finkatzen dituen maiatzaren 29ko 13/1998 Legeak 19. artikuluan ezartzen dituen eskakizunak bete behar ditu.
– Lege horrek ezarritakoaren babespean, administrazio-tasaren ordainketa interesdunak adierazten duen bankuko kontura helbideratuko da.
Aplikazio telematikoaren bidez, interesdunek baimen telematikoaren titular bakoitzak egin dituen izapideen datuak kontsultatu ahal izango ditu.
Administrazioak, Agindu honen esparruan, teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzen dituenean, ordenamendu juridikoak ezarritako mugak bete beharko ditu, eta, batez ere, Norberaren Datuak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete-betean aplikatzen dela bermatuko du.
Teknika horiek erabiltzeak ez du inolako mugarik edo bereizkeriarik ekarriko herritarrak zerbitzu publikoetara sartzeko edo administrazio-jardueretara edo -prozeduretara heltzeko.
Agindu hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean, B motako joko-makinen prozedurak telematikoki nola tramitatu arautzen duen Herrizaingo sailburuaren 2002ko ekainaren 27ko Aginduaren I. eranskinaren c) idatz-zatian xedatutakoarekin bat, indarreko ziurtagiria duten interesdunek Agindu honek aipatzen duen ziurtagiri elektronikoa eskuratu beharko dute. Horrela egin ezean, aurreko ziurtagiriak baliogabetuta geratuko dira, eta baja emango zaie izapide telematikoan.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko urtarrilaren 23a.
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.