Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2003ko abuztuaren 6koa, Kultura sailburuarena, Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen ezagutza maila egiaztatzeko sistema zehazten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: HABE
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 176
  • Hurrenkera-zk.: 5009
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2003/08/06
  • Argitaratze-data: 2003/09/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortarazi eta Euskaltegiak araupetzekoak, 20. artikuluan ezartzen du Kultura Sailari dagokiola alfabetatze eta euskalduntze irakaskuntzan ezarriko diren ziklo bakoitzaren amaieran emango diren diploma eta ziurtagiriak arautzea.

Kultura sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Agindu bidez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko curriculuma onartu zen, erreferentzi marko obligaziozkoa izan dezaten HABEk diruz lagundutako euskaltegiek. Oinarrizko curriculumak euskara-irakaskuntzaren helburu eta edukiak azaltzen ditu, hizkuntzaren irakas- eta ikas-printzipioetan oinarrituta. Curriculumak lau mailatan banatzen du euskalduntze prozesua, eta maila bakoitzerako helburu orokorrak zehazten ditu.

HABE Legea garatuz, 2003ko uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak Helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantziazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen du. Dekretu honek Kultura sailburuaren aginduz ezagutza maila egiaztatzeko sistema bat zehaztuko dela ezartzen du, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko curriculuma ezarritakoaren arabera; eta horretaz gain, ikas-prozesuaren mugen deskribapenean Europako markoan ezarritako mailen erreferentzia ere egongo dela adierazten du.

Europako hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako erreferentzia markoa curriculuma garatzeko, programak, azterketak eta ebaluazio irizpideak lantzeko oinarri bateratu bat eskaintzen duen Europako Kontseiluaren dokumentua da.

Agindu honen bidez, eta 2003ko uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuan jasotako agindua betez, egiaztatu daitezkeen mailak adierazi eta deskribatzeaz gain, maila horiek egiaztatzeko garatuko diren prozesuetan kontuan izan beharko diren ezinbesteko elementuak jasotzen dira.

Hori dela eta,

Agindu honen helburua da euskararen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko sistema zehaztea, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko curriculumak dioenarekin bat etorrita.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko curriculumean jasotzen diren ondorengo mailak egiaztatu ahal izango dira:

  • Lehenengo maila.

  • Bigarren maila.

  • Hirugarren maila.

  • Laugarren maila.

Lehenengo mailako ziurtagiria duena euskararen hastapenez jabetua egongo da, eta gai izango da eguneroko testuinguru ezagunetan eta gai orokor eta arruntei buruzko kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, pertsona eta objektuen deskribapen laburrak ulertu, eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Halaber, eguneroko harreman hurbilen inguruan, solasaldietan parte hartzeko gai izango da. Bestalde, testuaren mezu nagusia eta orokorra jaso/adieraziko du, eta zenbaitetan, helburuaren eta testuaren egituren arabera, informazio xehea ere jasoko du.

Europako Kontseiluko dokumentuak dioenari begiratuta, agiria duena gai izango da era sinplean komunikatzeko eguneroko, ohiko eta aurreikusteko moduko egoeretan. Bere inguruko gaiekin lotuta egonda, askotan erabiltzen diren esapide eta adierazpenak ulertuko ditu, eta informazio truke erraz eta zuzenetan era sinplean komunikatuko da, gaiak egunerokoak eta hurbilekoak dituenean. Era berean, gai izango da bere iraganeko gertaerak, bere ingurunekoak edo eguneroko premiekin zerikusia dutenak era sinplean deskribatzeko.

Bigarren mailako ziurtagiria duena euskararen ikaskuntzan erdiko maila batean egongo da, eta gai izango da ohiko gai eta egoera ezagunei buruzko solasaldi eta jardunak, narrazioak, deskribapenak, instrukzioak, azalpen laburrak ulertu eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Dena den, zailtasunak izango ditu ñabardurak jaso eta adierazterakoan.

Europako Kontseiluko dokumentuak dioenari begiratuta, agiria duena gai izango da eskolan, lantegian, aisialdian etab. gai arruntez ari direnean, punturik garrantzitsuenak ulertzeko, hizkera garbia eta estandarra bada. Gaia ezaguna duenean testu antolatuak eta errazak idatziko ditu. Esperientziak, gertaerak, ametsak, itxaropenak eta asmoak deskribatzeko gauza izango da eta baita ere arrazoiak eta azalpenak emateko besteen iritzi eta asmoen aurrean, nolabaiteko hitz jarioa eta bat-batekotasuna erabiliz.

Hirugarren mailako ziurtagiria duenak euskararen ikaskuntzan gaitasun maila lortua izango du, eta gai izango da kultura orokorraren mailan edozein euskal hizketa ulertzeko, baita zuzentasunez, egokitasunez eta aberastasunez komunikatzeko ere. Saiakera arruntak, ipuinak, nobelak, etab. ulertuko ditu; gutunak, artikulu laburrak, testu errazak eta antzekoak ere idazteko gai izango da. Hala ere, zailtasunak izango ditu gai espezializatuei eta erregistro bereziei buruzko testuak jaso eta adierazteko.

Europako Kontseiluko dokumentuak dioenari begiratuta, agiria duena gai izango da multzo zabal bateko testu luzeak ulertzeko eta hango esanahi inplizitua ondorioztatzeko. Jario onez eta bat-batekotasunez hitz egingo du, adierazpenen bila ari dela agerian utzi gabe. Malgutasunez eta eraginkortasunez erabiliko du hizkuntza gizarte harremanetan, ikasketetan edota bere lanbidean. Gai izango da testu zehatzak, zuzenak, ongi antolatuak, koherenteak eta kohesioa dutenak sortzeko, ohiko gai korapilatsu askoren inguruan eta halako gaien inguruan bere ikuspuntua azaltzeko eta arrazoiak emateko.

Laugarren mailako ziurtagiria duenak euskararen ikaskuntzan maila gorena lortu du, eta gai izango da kultura maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko eta iritziak eta azalpenak emateko. Halaber, testu espezializatuak bere osotasunean jasoko ditu eta hizkuntza formalean nahiz informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, era guztietako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai izango da. Euskalkietako berbaldiak eta idatzizko testuak ere ulertzeko gai izango da.

Europako Kontseiluko dokumentuak dioenari begiratuta, agiria duena gai izango da entzuten eta irakurtzen duen guztia ulertzeko. Informazioa ahozko eta idatzizko iturri askotatik laburtzen jakingo du eta azalpenak eta arrazoiak era koherentean ematen. Bat-batean, jariotasun handiz eta era zehatzean hitz egiteko gai izango da eta egoera konplexuenetan ere esanahiaren ñabardurak bereizten jakingo du.

Gorago aipatutako mailak egiaztatzea Kultura Sailak emandako ziurtagirien bidez egingo da. Ziurtagiri horiek balioa izango dute egiaztatzeko agiri gisa, egoerak hala eskatuta, dagokion mailan euskararen ezagupena ziurtatu ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren hamaikagarren xedapen gehigarriak dioenarekin lotuta, HABEk dagokion erakundeari artikulu honetan arautzen diren ziurtagirien baliokidetza proposamena egingo dio, indarrean dauden beste agiriekin parekatu eta, hala balegokio, baliokidetza bideratzeko.

Gauza bera egingo da aurreko dekretuak hartzen duen eremutik kanpo geratzen diren hainbat sektorerekin, hala nola, irakaskuntza, Osakidetza, Ertzaintza edo Justiziakoekin. Horretarako, kontutan hartua izango da sektore horietan euskararen normalizio prozesuan indarrean dagoen arautegia.

Agindu honetan zehazten diren ziurtagiriak lortzeko, maila bakoitzari dagokion azterketa gainditu beharko da.

Azterketek hainbat zati izango dituzte maila bakoitzean hizkuntzaren komunikazio-gaitasuna neurtzeko, bai idatziz eta bai ahoz egitekoak. Hizkuntzaren alderdi hauek neurtu ahalko dira: idatzizko ulermena, hizkuntzaren erabilera, entzutezko ulermena, idatzizko ekoizpena eta ahozko ekoizpena. Azterketen urteroko deialdian HABEren zuzendari nagusiaren erabakiz arautuko dira mailen azterketen gainerako xehetasunak.

HABEren erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta autoikaskuntza zentroetako ikasleek izango dute deialdietan parte hartzeko eskubidea. Deialdi bakoitzean ezarriko dira azterketa egin ahal izateko ikasle hauek bete behar dituzten baldintzak, eta ordaindu beharreko matrikula ere han adieraziko da.

HABEk Azterketa Batzorde bat eratuko du maila egiaztatzeko azterketen inguruan hainbat lan egiteko. Azterketa Batzorde honen funtzioak hauek izango dira:

  • Maila egiaztatzeko azterketa ereduak aztertu eta onartzea.

  • Euskararen eta beste hizkuntzen kasuan ebaluazioa egiteko erabilitako tresnak arakatzea.

  • Ebaluazioa egiteko irizpideak adostea.

  • Aztertzaileen prestakuntza eta eguneratzea.

  • Azterketen ebaluazio kritikoa egin eta hobekuntzen proposamenak bideratzea.

  • Azterketen emaitzak aztertu eta HABEren zuzendari nagusiari igortzea.

  • Azterketetan gorabeherarik sortuko balitz, aktak gainbegiratu eta txostena egitea.

  • Eta, oro har, deialdiarekin zerikusia duten gaietan aholkularitza eta ikerketa bideratzea.

    Azterketa Batzordea honako hauek osatuko dute:

    Presidentea: HABEren Didaktika zerbitzuburua.

    Kideak: batetik, euskaltegi publikoetako ordezkari bat, euskaltegi pribatuetako eta euskara autoikaskuntzarako zentroetako bi ordezkari; bestetik, HABEren Ebaluazio arduraduna eta Didaktika zerbitzuko bi teknikari, horietako batek idazkari funtzioak beteko dituela.

    Azterketa deialdi bakoitzaren aurretik Azterketa Batzordearen kideak izendatuko ditu HABEren zuzendari nagusiak.

Aztertzaileak euskaltegi eta euskara autoikaskuntzarakozentroetako irakasleen artean hautatuko dira edo/eta HABEren teknikarien artean. Aztertzaileei dagokie azterketen aplikazioa, zuzenketa eta kalifikazioa.

Halaber, azterketen aplikaziorako, zentro bakoitzak azterketa arduradun bat proposatu beharko du. Azterketa arduradunari dagokio:

  • Azterketen sobrea ikasleen aurrean irekitzea.

  • Azterketa idatzia egiten duten bitartean ikasleen aurrean egon eta azterketa zaintzea.

  • Amaieran azterketak biltzea, azterketaldian gertatutakoak aktan jasotzea eta akta sinatu ondoren sobre itxi batean HABEra bidaltzea azterketekin batera.

  • Eta oro har, HABEren Ebaluazio atalak emandako instrukzioak betetzea.

    Azterketa arduradunak aukeratuko ditu bere funtzioak modu egokian betetzeko beharko dituen laguntzaileak.

    Aztertzaile eta azterketa arduradunen izendapena HABEren zuzendari nagusiari dagokio.

    Bai aztertzaileak eta bai azterketa arduradunak proben funtzionamendu egokiaz arduratuko dira eta aktan jasoko dute proba egin bitartean gertatutako gorabeherak. Gorabehera horien larritasunak hala eskatuko balu, HABEren zuzendari nagusiak proba baliogabetu lezake, kontraesaneko espedientearen instrukzioa egin ondoren eta azterketa batzordearen txostena aztertuta.

HABEren Ebaluazio atalari dagokio azterketen inguruko kudeaketa lanak burutzea. Era berean, atal honi dagokio Azterketa Batzordeak onartutako ereduaren araberako azterketa sortzeko ardura.

Bestetik, azterketaldiaren jarraipena egingo du eta azterketak behar bezala egiten diren jakiteko neurriak hartuko ditu.

Azterketak ikasle bakoitzaren euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza zentroan egin litezke, baldin eta leku horiek azterketak era egokian egiteko behar diren baldintzak betetzen badituzte. HABEren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ezarriko dira gutxieneko baldintza horiek. Aipatutako baldintza horiek betetzen ez dituzten zentroek azterketak egiteko ordezko lekuak aurkeztu ahal izango dituzte.

HABEren zuzendari nagusiak ontzat emango ditu ezarritako baldintzak betetzen dituzten euskaltegiak, euskararen autoikaskuntzarako zentroak eta ordezko aretoak. Hala ere, atal honetan esandakoak esanda, gutxieneko baldintzak beteko ez balira, proba baliogabetu liteke.

HABEren zuzendari nagusiak Kultura sailburuari igorriko dizkio azterketak gainditu dituztenen izenak, azaroaren 25eko 29/1983 Legearen 2.g) artikuluak dioenaren arabera, ziurtagiriak eskura ditzaten. Lege honek Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortarazi eta Euskaltegiak araupetzen ditu.

Deialdi bakoitzean ezarriko direnez gain, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek honako hauek bete beharko dituzte:

  • Zentroko azterketa arduraduna proposatzea.

  • Azterketa egingo dutenen zerrenda prestatu eta HABEra bidaltzea.

  • Hala behar balitz, lekua eta tresna egokiak dituztela ziurtatzea.

  • Azterketaren eguna eta ordua ikasleei jakinaraztea.

  • Emaitzen berri ematea ikasleei.

HABEk baliabideak ezarriko ditu Euskal Etxeetan ikasten duten ikasleek agindu honetan zehazten diren mailen ziurtagiriak lortzeko azterketak egiteko aukera izan dezaten.