Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2002ko abenduaren 30ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 249
- Hurrenkera-zk.: 7434
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2002/12/30
- Argitaratze-data: 2002/12/31
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; Ekonomia
Testu legala
Abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak (edo horren ordez ematen den araudi baliokidea), 16. artikuluan babespeko jarduntzat hartzen du, etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko gaiari dagokionez, lurzorua berehala eraikitzeko urbanizatzea, hala badagokio, aurrez hori kostubidez eskuratzea barne, baita lurzorua kostubidez eskuratzea ere, administrazio publikoaren mendekoak izango diren lurzoru-ondare publikoak osatzeko, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.
Halaber, 16. artikuluan ezartzen denez, jardun horren araudia etxebizitza-arloan eskumenak dituen sailburuaren aginduz garatuko da. Aurreikuspen hori lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 3ko Aginduaren bidez bete zen.
Une honetan, beharrezkoa da araudi horri eustea, abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren 17.1.b) 1 eta 19.3. artikuluetan bildutako aurreikuspenak garatuz (edo horren ordez ematen den araudi baliokidea). Alabaina, komenigarritzat jo da udalen lurzoru-ondareak osatzeko laguntzen araudia bereiz garatzea, gai horren berezitasuna kontuan hartuta. Hori dela-eta, dagozkion aldaketei ekin behar zaie orain, eta gainerako finantza-neurriei buruzko agindu berria emateko erabakia hartu da.
Horri jarraiki eta otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, eta abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, lehen azken xedapenean xedatutakoaren arabera,
Agindu honen xedea da abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 42.1.e, 43.1.b eta 45.3. artikuluetan ezarritakoa garatzea. Artikulu horiek lurzorua berehala eraikitzeko urbanizatzeari buruzkoak dira, hala badagokio, aurrez hori kostubidez eskuratzea barne, baita lurzorua kostubidez eskuratzea ere, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.
– Babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea lehentasunezko xede duen lurzoruari dagokionez, finantza daitezkeen jarduntzat joko dira honakoak:
Lurzoru urbanizatua kostubidez eskuratzea.
Lurzorua urbanizatzea.
Lurzorua kostubidez eskuratzea eta berehala urbanizatzea.
– Nolanahi ere, lurzorua eskuratzeko eragiketaren eta urbanizatzeko kostuen guztizko baturak ezin izango du gainditu babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez indarrean dagoen legerian adierazitako guztizkoa.
– Araututako finantzaketa kualifikatua jasoko duen lurzorua babes ofizialeko etxebizitzen lehentasunezko sustapenari lotuta geratuko da.
– Finantza daitezkeen jardunak, Agindu honen Lehen Xedapen Iragankorrean ezarritakoan izan ezik, laguntzak eskatzen diren ekitaldiaren barruan egin beharko dira.
Aurreko artikuluan adierazitako finantza daitezkeen jardunen onuradunak sustatzaileak diren pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuak izan daitezke.
Onuradunei diru-laguntza eta laguntza horiek emateko eta, hala egokituz gero, ordaintzeko, baldintza hau bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen izaera bereko laguntza edo diru-laguntza publikoei dagokienez, baldin eta itzultze edo zehapen prozeduraren bat artean izapideetan badago, amaitu egin beharko da.
Jardunaren xede den lurzoruaren erabilera nagusia babes ofizialeko etxebizitzen sustapena izango da.
Dena dela, babesa plangintzaren burutzapen-eremuaren azalera eraikigarri guztira hedatu ahal izango da. Horri dagokionez, irabazizko beste erabilera batzuetara bideratutako azalera eraikigarri gehigarriak, bizitegi-izaera duten guztiak barne, ezin izango du babes ofizialeko etxebizitzetara bideratutako azalera eraikigarriaren %53 baino handiagoa izan. Diru-laguntzaren irismena agindu honen 6. artikuluan ezarritakora mugatuko da.
Indarrean dagoen plangintzaren aldaketaren ondorio den kasuetan izan ezik (kasu horretan ezinbestekoa litzateke agindu honen 6. artikuluan aipatutako hitzarmenak egoera fisiko berrira egokitzea), ezin izango da handitu babespeko lurzoruaren guztizko azalera.
Lurzoruaren arloko jardunetan ez dira aintzat hartuko ondoko eskaerak: lurzoru horretan eraiki beharreko babes ofizialeko etxebizitzei dagokien behin-behineko kalifikazioaren eskaera egin ondoren egindakoak.
Agindu honen babespean, bi laguntza-mota hauek jaso daitezke: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabat edo zati batean mailegu kualifikatuak eta obra-ziurtagirien deskontuko eragiketak sorostea, eta, bestetik, zuzeneko diru-laguntzak ematea.
Interes-tasen sorospena:
– Sustatzaileari eman beharreko finantzaketa lankidetza-hitzarmen baten bidez zehaztuko da. Hitzarmen hori sustatzaileak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak sinatuko dute. Hitzarmen hori formalizatu ondoren, sustatzaileak kreditu-erakundera jo ahal izango du, finantzaketa formalizatzeko.
– Lurzoruaren inguruko babes daitezkeen jardunen sustatzaileek mailegu kualifikatuak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzten kreditu-erakundeetan. Mailegu horiek ondoko ezaugarriak izango dituzte:
Mailegu kualifikatuaren gehienezko zenbatekoak ezin izango du gainditu babes daitezkeen jardunen aurrekontuaren guztizko kostua, proiektuaren bideragarritasun tekniko eta finantzarioari buruzko txostenean jasotakoa.
Amortizaziorako aldien eta, hala badagokio, gehienez ere hiru urtekoa izango den gabealdiaren arteko baturak ezin izango du sei urte baino gehiagokoa izan agindu honetako 2. artikuluko a), b) eta c) jardunen kasuan.
Hipoteka-mailegua aldez aurretik mugaeguneratuko da eta jasotako laguntza guztiak eta horiei legez dagozkien interesak itzuli beharko dira mailegu-hartzaileak kostubidezko tituluaren bidez eskualdatzen badu finantzaketaren helburu den lurzorua aipatutako epe horiek amaitu baino lehen.
Hala ere, ez da aldez aurretik mugaeguneratuko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eskualdatzea baimendu ondoren, lurzoruaren eskuratzailea maileguan eta sorospenean subrogatzen denean, horretarako sinatutako lankidetza-hitzarmen berriaren arabera.
Halaber, lurzoruaren inguruko jardun baterako emandako mailegua aldez aurretik mugaeguneratuko da mailegu-hartzaileak, bere kabuz edo beste sustatzaileren batekin hitzartuta, egindako etxebizitzen sustapenerako beste mailegu bat lortzen duenean.
Edonola ere, babes ofizialeko etxebizitzen sustapena egiteko helburuarekin, sustatzaileak horietarako berariazko finantzaketa kualifikatua eskatzen badu, hori lurzorurako lortutako mailegu kualifikatua amortizatu gabe eskuratu ahal izango du. Kasu horretan sustapenerako maileguaren gehienezko zenbatekoari lurzorurako emandako mailegu kualifikatuaren zenbatekoa kenduko zaio. Izan ere, mailegu horri etxebizitzak eskualdatu arte edo amortizazio-epea amaitu arte eutsiko zaio.
Maileguek kreditu-erakunde mailegu-emaileek beharrezko irizten dituzten bermeak izango dituzte.
Kreditu-erakundeekin sinatutako finantza-hitzarmenari jarraiki administrazio-baimenean zehaztutako interes-tasa berariaz mota horretarako finkatutakoa izango da. Interes-tasa hori Eusko Jaurlaritzak berariazko dekretuen bidez ezarriko du.
Mailegua eskuratzeko zatiak mailegu-hartzaileak finkatutakoak izango dira eta kreditu-erakundeak igorriko ditu inbertsioaren garapenaren arabera.
Kapitalaren amortizazioa eta kreditu-erakundeen interesak bilduko dituzten kuotak konstanteak izango dira eta sei hilabetean behin sortuko dira, horiek ordaintzeko era edozein delarik ere.
– Aurreko idatz-zatian adierazitako maileguez gain, kreditu-erakundeek eta babes daitezkeen urbanizatzeko jardunen sustatzaileek banku-deskontuko eragiketak adostu ahal izango dituzte, obraren esleipendun diren kontratisten onurarako. Deskontu horiek aipatutako kontratistek deskonturako aurkeztutako obra-ziurtagirien ingurukoak izango dira, kreditu-erakundeekin sinatutako hitzarmenean adostutako baldintzen araberakoak.
Agindu honetan xedatutakoaren inguruko ondorioetarako, banku-deskontuko eragiketatzat joko da kreditu-erakundeak kontratistari obra-ziurtagiri baten zenbatekoa aurreratzea bere kobrantza-eskubidea lagatzearen bidez.
Eragiketa hori dela eta sortutako interesak sustatzaileak ordainduko ditu eta horiek ordaintzeko era kreditu-erakundearekin sinatutako finantza-hitzarmenaren bidez finkatuko da.
Deskontu-lerroaren gehienezko zenbatekoa hipoteka- maileguaren kasuan ezarritako bera izango da.
– Sorotsitako interes-tasa, beti efektibotzat joko dena, urteko interes-tasa efektiboaren %2 izango da.
– Agindu honetako 4. artikuluan adierazitako azalera eraikigarri gehigarriko jardunei dagokien maileguaren zatiaren edo deskontu-lerroaren sorospena eten egingo da babes ofizialeko etxebizitzak ez diren eraikuntzak eta horien eraikinetako negozio-lokalak egiten hasten diren unean edo ez direnean hirigintzako betebeharrek eskatzen dituzten ekipamenduak edo zuzkidurak.
Zuzeneko diru-laguntzak:
– Agindu honen babespean, sustatzaileak gehienez ere 2. artikuluko jardun finantzagarrientzat ezarritako kostu osoaren %15eko diru-laguntza jaso dezake, agindu honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Diru-laguntza hauek eskuratu ahal izateko, babespeko etxebizitzen sustapena azalera-eskubidean egin behako da.
– Diru-laguntzaren ezaugarriak zehazteko, onuradunarekin lankidetza-hitzarmena izenpetuko da; bertan, diru-laguntzaren zenbatekoa eta araudi honetan aurreikusitako alde bien berariazko konpromisoak jasoko dira.
Finantza daitekeen jardunaren sustatzaileak izan behar du azalera-eskubidearen titulua gutxienez berrogeita hamar urtez, lurrak erosteko aukera edo lurzoruaren jabetza lortzea ahalbidetuko dion beste edozein titulu.
Desjabetzearen bidez eskuratzen denean, ezinbestekoa izango da lurren kokaleku den poligono edo burutzapen-unitatean desjabetze bidez jarduteko sistema finkatzeko erabakia irmoa izatea, baita jarduneko administrazioak dagokion desjabetze-espedienteari ekitea ere, hirigintza-legeria aplikagarrian eta nahitaezko desjabetzeari buruzko araudian xedatutakoari jarriki. Horrez gain, ezinbestekoa izango da desjabetuko diren ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eta banakakoa formulatzeko eta erabakitzeko izapideak bete direla egiaztatzea.
Bestalde, lurzorua urbanizatzeko jardunetan onargarria izango da urbanizazioa egiteko hitzarmen egokia, lurzoruaren titulartasuna duenarekin formalizatutakoa, egiaztatzea.
Eskaerak Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzara zuzendu beharko dira. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Erregistro Orokorrean aurkez daitezke edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako moduetakoren batean aurkeztuko dira.
– Eskaerarekin batera, agindu honen 7. artikuluko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriez gain, ondokoak ere aurkeztu beharko dira:
Lurrak hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri direla baieztatuko duen udal-ziurtagiria.
Egin nahi den babespeko jardunaren ezaugarriak jasotzen dituen txostena, agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera banakatuta.
Jardunaren bideragarritasun teknikoa eta hirigintzakoa justifikatzen duen txostena. Bertan honakoak adieraziko dira: lurzorua eskuratzeko eta urbanizatzeko kostuak, eskuratze, urbanizatze eta eraikitzearen aldian aldiko programazio xehatua, babes ofizialeko etxebizitzen eta aurreikusitako lurzoruaren gainerako erabileren salmenta-prezioa eta eragiketaren finantza-garapena.
Urbanizazio-proiektuak egiteko finantzaketa kualifikatua lortzeko eskaerak direnez, Udalak proiektuari hasierako onarpena eman diola eta lurzoru eta hiri antolamenduari buruzko legedian definitutako zehaztasunak dituela eta, gainerako kasuetan, behin betiko onartutako zatiko plana duela baieztatzen duen udal-ziurtagiria.
Lurzorua eskuratzeko eta berehala urbanizatzeko finantzaketa kualifikatuaren kasuan, sustatzaileak berariaz hartu beharko du bere gain d) idatz-zatian adierazitako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko konpromisoa. Horrez gain, jardunaren bideragarritasun teknikoa eta hirigintzakoa justifikatuko duen beste txosten bat entregatu beharko du. Bertan agindu honen 2. artikuluko 2. idatz-zatian adierazitakora egokitzen dela justifikatu beharko du. Horretarako epea urtebetekoa izango da gehienez ere, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta sustatzaile onuradunaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzen denetik hasita.
Lurren jabetza edo horien azalera-eskubidea eskuratzen duen finantza daitekeen jardunaren sustatzaileak (finantzaketa kualifikatua eskatu duena) edo titularrak (urbanizazioa babes daitekeen jardun horren hirugarren sustatzaileek egingo dutenean), adierazitakoez gain, honako konpromisoak hartu beharko dituzte, kasuak kasu:
Etxebizitzen eraikuntzari beren kabuz edo etxebizitza-sustatzaileekiko hitzarmenen bidez ekitea babes ofizialeko etxebizitzetara bideratutako bizitegi-azaleraren %70ean, ondorengo epeen arabera:
Lurzoru urbanizagarria eskuratzen den kasuan, bi urte.
Lurzoruaren urbanizazioren kasuan, hiru urte.
Berehala urbanizatzeko lurzorua eskuratzen den kasuan, lau urte.
Horretarako epeak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta sustatzaile onuradunaren arteko lankidetza-hitzarmenak sinatzen direnean hasiko dira. Indarrean dagoen plangintza edo aplikagarri den hirigintza-legerian epe laburragoak adierazten badira, hitzarmeneko epeek horietara egokitu beharko dira.
Idatz-zati honetako lehenengo paragrafoan aipatzen den azalera eraikigarriaren gainerako %30ean egingo diren etxebizitzak hasteko epea jardun-motaren arabera dagokien epea baino bi urte gehiagokoa izango da gehienez ere kasu guztietan.
Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez indarrean dagoen araudian finkatutako epeetan amaitu behar dira etxebizitzak kasu guztietan.
Lurzoru horretan eraikiko diren babespeko etxebizitzen inguruko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, Jabetza Erregistroan jaso beharrekoak, ematea Euskal Autonomia Erkidegoari edo eskubideak lagako dizkion erakunde publikoari edo etxebizitzen sustatzailearekin adostea horien lagapena, horretarako ondorengo artikuluan ezarritako moduan.
– Diru-laguntza eskatuz gero, ondoko agiriak ere aurkeztu beharko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoren bati eraikiko diren babespeko etxebizitzen sustapenak kokatuko diren lursailei dagokien azalera-eskubidea dohainik emateko konpromisoa, edo, lurren hirigintza-kudeaketa aurreko hori oztopatzen duen izapide batean egonez gero, sustapenak hasi aurretik emateko konpromisoa, Jabetza Erregistroan berariazko oharra jarrita. Hala, onuradunak azalera-eskubidea gordeko du, eskubide horrek abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 11.1. artikuluan adierazitako ezaugarriak dituela.
Diru-laguntza horren gaineko berme erreala formalizatzea, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritako zenbatekoan, kasuetan eta moduetan. Dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzeari buruzkoa da.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren baimena beharrezkoa izango da ezarritako bermea baliogabetzeko, betiere ezarritako programazioa eta arau honen 4, 7 eta 9. artikuluek ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete direla egiaztatu ondoren.
Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 12. artikuluan adierazitako arauzko prozeduraren arabera, hau da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitza-eskatzaileentzat duen Erregistroaren bidez etxebizitzak esleitzeko konpromisoa.
– Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak antzemango balu aurkeztutako eskaeran zerbait falta dela edo gaizki adierazita dagoela, edo aurkeztu beharreko agiriren bat falta dela, eskatzaileari jakinaraziko lioke, 10 eguneko epea emango lioke arazoa konpontzeko edo falta dena aurkezteko eta adieraziko lioke, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko litzateke, Ebazpena —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan idatzi beharrekoa— eman ondoren.
– Lurzoruaren edo azalera-eskubidearen titularrak babespeko etxebizitzen sustatzailearekin hitzartu beharko ditu horien inguruko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren edo eskubideak lagako dizkion erakunde publikoaren alde, ondoren adierazitako eran:
Lehentasunez erosteko eskubidea, hamar urtetan indarrean egongo dena. Eskubide hori hirurogei egun naturaleko epean erabili ahal izango da, saltzaileak aurreko paragrafoan aipatutako lehentasunez erosteko eskubidearen titularrari etxebizitza saltzeko edo ordainketan emateko erabakia, eskainitako prezioa, eskualdatzearen funtsezko baldintzak eta etxebizitza eskuratu nahi duenaren izena, helbidea eta egoera bilduko dituen jakinarazpen frogagarria helarazten dionetik hasita.
Atzera eskuratzeko eskubidea, hamar urteko epekoa, Kode Zibilaren 1.507 artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraiki, aurreko paragrafoan aurreikusitako jakinarazpena egin ez denean, bertan eskatutako edozein baldintza bete ez denean edo eskualdatzearen benetako balioa txikiagoa denean edo horren gainerako baldintzak kostu gutxiagokoak direnean.
Edozein kasutan, atzera-eskuratzailea erosleak izan ditzakeen egintza judizial eta administratiboetara subrogatuko da indarrean dagoen legeriak finkatutako gehienezko prezioen gainetik jasotako gehiegizko zenbatekoak itzultzeko.
– Artikulu honetan xedatutakoak ez ditu kaltetuko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, apirilaren 15eko 7/1988 Legeak, EAEko administrazioak lehentasunez eskuratzeko duen eskubideari buruzkoak, eta araudi osagarriak legez ezarritakoak.
– Agindu honetan araututako erregimenaren bidez laguntzak eskatzen direnetik eman arte ahalik eta denbora gutxien igarotzea nahi da; hori dela-eta, espedienteak osatzen diren hurrenkeran esleituko dira, lehiaketa-sistemarik erabili gabe.
– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du gainditu dagokion esleipena edo hau eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeria aplikagarriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen direnean. Hortaz, ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortu ondoren. Kreditua agortu izana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez.
– Urteko deialdian laguntza hauetarako esleitutako kreditua agortuz gero, diru-laguntzak emateari uko egingo zaio eta Agindu honek ez du baliorik izango beste laguntzarik emateko. Kasu horretan, Etxebizitza sailburuordeak administrazio-ebazpena emango du. Bertan, kreditua noiz agortu den adieraziko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
– Hala ere, araudi honetan bildutako arautzeari jarraiki baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik soilik ezesten diren diru-laguntza lortzeko eskaerak hurrengo ekitaldian ebatzi ahal izango dira, betiere eskatzaileak Lurralde Ordezkaritzara idazki bat bidaltzen badu eta bertan eskaera baldintza berberetan mantentzeko asmoa adierazten badu.
– Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, diru-laguntzen lerro honetara zuzendutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
– Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan ezarritako laguntzak kudeatzea.
– Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak txostena egin ondoren, Etxebizitza sailburuordeak, eskaera aurkezten denetik hasi eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskatu diren laguntzak esleitu edo ukatzeko ebazpena emango du.
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, ebazpena jakinarazi den egunetik hasi eta hilabeteko epean.
– Laguntza hauek esleitzeko ebazpenak eta ebazpen horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
– Ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza-eskaera ukatu egin dela ulertu beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1. artikuluak ezarritakoaren arabera. Hala ere, Lege horrek berariaz agintzen dio Administrazioari ebazpena eman behar duela.
– Agindu honen babespean emango diren laguntzak honela ordainduko dira:
Interes tasak sorostekoak:
Laguntza hauek zuzenean ordainduko dizkio onuradunak finantzatutako mailegu-eragiketa edo banku-deskontua berarekin formalizatu duen kreditu erakundeari.
Finantza-erakunde mailegu-emaileek aurkeztu beharko dituzten interesen sorospenen sei hileko likidazioak, etxebizitza eta lurzoruaren arloan babes daitezkeen jardunetarako EAEn lanean diharduten finantza-erakundeekin izenpetutako finantza-hitzarmenean indarrean dagoen prozeduraren arabera.
Diru-laguntzak ematekoak:
Diru-laguntza hauek zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari, Lurzoru eta Hirigintza zuzendariaren ebazpenen bidez:
Lurzoru urbanizatua eskuratzeko, emandako laguntza osoa igorpen bakar batean ordainduko da, sustatzaileak lurzoruaren titulartasunaz gain, agindu honen 8.3,a) artikuluan adierazitako azalera-eskubidea lagatzeko konpromisoa egiaztatzen duen erregistroaren ziurtagiria aurkeztu ondoren.
Lurzorua urbanizatzeko edo berehala zatikatuta urbanizatzeko eskuratzeko, ordainketa zatikatuen bidez egingo da, sustatzaileak lurzoruaren titulartasunaz gain, 8.3,a) artikuluan adierazitako azalera-eskubidea lagatzeko konpromisoa egiaztatzen duen erregistroko ziurtagiria eta obra-ziurtagiriak aurkeztu ondoren.
Ordainketa zatikatu horien zenbatekoa honela kalkulatuko da: aurkeztutako ziurtagirien bidez egiaztatutako gastuagatik emango den portzentajea izango da laguntza emateko kontuan hartu den burutzapen-aurrekontua dela-eta emandako diru-laguntzaren portzentaje bera.
– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira xede berarekin eman daitezkeen bestelako laguntzekin.
– Bestelako diru-laguntzarik jasoz gero, diru-laguntza guztien zenbateko osoak ezin izango du diruz lagundutako jardunen kostua gainditu. Bestela, bidezko izapideak egin ondoren, emandako diru-laguntza dagokion kopuruan gutxituko litzateke.
– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek, betiere, ondoko betebeharrak bete beharko dituzte:
Emandako laguntza onartzea. Diru-laguntza eman izana iragartzen duen jakinarazpena jasotzen duten egunetik hasi eta hilabeteko epean erakunde onuradunek artikuluetan adierazitako hitzarmena izenpetzen ez badute, diru-laguntzari uko egin diotela ulertuko da.
Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
Euren funtzioen jardunean Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazioa ematea, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen inguruan.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzeak eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko zein pribatuk emandako bestelako laguntzak aldi berean jasotzeak laguntza emateko ebazpena ere aldatzea ekar dezake berekin, baldin eta haren xedea betetzat hartzen bada. Horretarako, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak aldaketa egiteko bidezko ebazpena emango du eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.
4, 6, 7, 8 eta 9. artikuluetan adierazitako baldintzak eta eskakizunak betetzen ez badira, eta administrazio-izapideak eginda, eten egingo da emandako sorospena eta, horrez gain, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak sorospen edo diru-laguntza gisa une horretara arte ordaindutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, ordaindu zirenetik sortutako interesekin batera.
Ondorioak berdinak izango dira hasieran ezarritako programazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren baimenik gabe aldatzen denean edo programazio hori betetzerakoan atzeratzeak (justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik) agindu honen 8.f) artikuluan ezarritako eraikuntza-epeak betetzea ezinezkoa izango dela erakusten duenean.
Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, interesatuek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkez diezaiokete, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, edota Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Agindu hau indarrean sartzen denean, indarrik gabe geratuko dira Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 3ko Agindua, lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa, eta agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak, horien babespean sortutako egoerei aplikatzen jarraitu ahal izatearen kaltetan izan gabe.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 30a.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVIN.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Garatzen du: 315/2002 DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.
- Partzialki indargabetzen du: AGINDUA, 2002ko ekainaren 3koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.