Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2001eko azaroaren 7koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Agindu honen bidez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzaren zentroetan epaiaren zain dauden adingabekoen eta zigortuta daudenen hezkuntzarako eskubidea bermatzeko neurriak arautzen dira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 241
- Hurrenkera-zk.: 6973
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2001/11/07
- Argitaratze-data: 2001/12/14
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Hezkuntza; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Herrizaingoa
Testu legala
(Ikusi Eusko Legebiltzarraren Kanpo Itxurari buruzko Eskuliburuaren .PDF)
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorreko Lege Organikoak (LOGSE) (urriaren 3ko 1/1990) ezartzen duenez, "Hezkuntza-sistemek funtsezko eginkizunak betetzen dituzte norbanakoen eta gizartearen bizitzarentzat. Batzuen eta besteen garapen harmoniatsua gertatzeko aukerak hezkuntza-sistemek ematen duten heziketan oinarritzen dira..."
"...Hezkuntzaren bidez, gizartean bizitzea ahalbidetzen duten balioak transmititu eta gauzatzen dira, bereziki funtsezko eskubide eta askatasun guztiak errespetatzea. Horrez gain, elkarbizitza demokratikoaren eta elkarrekiko errespetuaren ohiturak hartzen dira, eta pertsona gizartean era arduratsuan jarduteko eta erakundeetan parte hartzeko prestatzen da..."
"...Azken buruan, hezkuntzari esker aurrera egin daiteke bazterkeriaren eta desberdintasunaren aurkako borrokan, edozein izanda ere horien arrazoia (jaiotza, arraza, sexua, erlijioa edo iritzia) edo jatorria (familia edo gizartea, tradizioan zehar ekarriak edo gizartearen jardueran etengabe agertuak)..."
"...Hezkuntza oinarrizko gizarte-eskubidetzat jotzea, edo bestela esanda, herritar guztiengana zabaltzea, gizarte modernoetan sakonen errotu den lorpenetariko bat da..."
"...Herritarrei hezkuntza-eskubidea bermatzeak eta ikasleen aniztasunari erantzuteak izan behar dute kalitatezko hezkuntza-sistema baten kezka nagusiak, betiere eskolako ekintza guztien helburua eskolatutako ikasle guzti-guztiek albait gehien ikastea eta euren aukerak ahal bestean garatzea dela kontuan hartuta..."
Hala, aipatutako Legearen 1. artikuluak "oinarrizko irakaskuntza ezinbestekoa eta doakoa" izango dela ezartzen du. Orobat, 2. artikuluko 6. idatz-zatiak ezartzen duenez, "ikastetxe batera erregulartasunez joaterik ez dutenenen hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, urrutiko hezkuntzako eskaintza garatuko da". Bestetik, 6. artikuluaren 2. idatz-zatian ezartzen denez, "ikasleek oinarrizko irakaskuntza egiteko ikastetxe arruntetan egoteko eskubidea izango dute, 18 urte izan arte".
Zehazkiago, Bosgarren Tituluan, Hezkuntzaren Desberdintasunak Orekatzeari buruzkoan, 36. artikuluaren 1. idatz-zatian, hau ezartzen da: "Hezkuntzarako eskubidea gauzatzean berdintasun-printzipioa betetze aldera, aginte publikoek egoera zailetan dauden pertsonen, taldeen eta eremuen gainean ekimen orekatzaileak egingo dituzte, eta horretarako behar diren baliabide ekonomikoak ipiniko dituzte". Aipatutako artikuluko 2. idatz-zatiak ezartzen duenez, "hezkuntza orekatzailearen politikek hezkuntza-sistemaren jarduna indartuko dute, zenbait faktorek (gizarte, ekonomia, kultura, geografia, etnia edo bestelakoek) eragindako desberdintasunak saihesteko".
Otsailaren 19ko Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legearen 5 c). artikuluaren arabera, "Euskal Autonomia Erkidegoko herri-agintariek bere aginpideen esparruan dituzten egitekoen artean bereziki honako hau dute: "hezkuntzarako eskubidea benetan gauzatuko dela bermatzeko beharrezko neurriak hartzea".
Orobat, aipatutako legearen 10. artikuluaren 7. idatz-zatian hau ezartzen da: "Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hitzarmenak egin ahal izango ditu gizarte- eta osasun-zerbitzuekin, orobat bestelako erakunde publiko nahiz pribatuekin ere, lege honetan adierazitako helburuen garapen osorako egitekoetan koordinazio handiagoa lortzeko".
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, xedapen horiek betetzeko eta beste zenbait arazo konpontzeko, legegintzako, antolakuntzako eta hezkuntzako zenbait neurri garatu ditu, besteak beste, beste sail eta erakundeekin lankidetza-hitzarmenak ezartzea.
Hala, ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren (hain zuzen,eskola ulerkor eta integratzailearen esparruan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna antolatzen duenak) 24. artikuluan "eskolan moldatzeko ezintasun larriaren ondorioz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin" hartu beharreko neurriak zehazten dira. Neurri horiei dagokionez, 3. idatz-zatian ondorengo hau azaltzen da: "neurri arruntak agortu ondoren Eskolatzeko Programa Osagarriak ezarri ahal izango dira, salbuespen gisa eta behin-behinerako. Programa horien bidez, hain zuzen, ikasleari bere hezkuntza-prozesuarekiko jarrera positiboak garatzen lagunduko zaizkio, baita bere taldeko lagunenganako, irakasleenganako eta gizarte-ingurunearekiko jarrera positiboak ere. Horrenbestez, programa osagarri horien helburua ikasleari eskola munduan eta gizartean moldatzen laguntzea da, azken finean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lor ditzan."
Bestetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko uztailaren 30eko Aginduak (gizarte edo kulturaren ikuspegitik besteak baino egoera txarragoan diren ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun handiak dauzkaten ikasleentzat hezkuntzaren arloko hainbat ekintza eta neurri arautzen ditu) 14. artikuluan ezartzen duenez,
"1.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasle jakin batzuen premiei erantzuna emateko bide arrunt eta berezi guztiak agortu ondoren, eta gizarte-baldintza txarretan diren edo eskolara egokitzeko arazo larriak dituzten ikasleei (berdin bakar bati nahiz talde oso bati( erantzunak emateko, salbuespen modura, berariazko erantzunak antolatu ahal izango dira, Eskolatzeko Programa Osagarrien bidez eta hamasei urte baino gutxiagoko ikasleentzat, beti ere.
– Eskolatzeko Programa Osagarriek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko aukera emango dute, asteko eskola-orduetatik tarte bat hartuta batzuetan, eta bolada batean denbora guztia hartarako erabiliz, beste batzuetan. Kanpoko unitate berariazkoak erabiliko ditugu, eta garrantzirik handiena ohiko sistemara itzultzeko edo heldutasunera eta bizimodu aktibora heltzeko faltan dituzten edukiei emango diegu. Curriculuma ikasleen beharretara egokitu beharko da, baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak garatu behar dituen oinarrizko gaitasunak bazterrean utzi gabe. Edonola ere, programa horietan parte hartzen duten ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeren batean egongo dira matrikulatuta eta ikastetxe horretako ikasleak izango dira, ondorio guztietarako".
Azkenik, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 23. artikuluko 2. idatz-zatiak honako hau ezartzen du: "Derrigorrezko bigarren mailako hezkuntzaren helburuak lortzen ez duten ikasleentzat gizarte-bermeko berariazko programak antolatuko dira. Programa berezi horien xedea ikasleari oinarrizko hezkuntza eta hezkuntza profesionala eskaintzea izango da, bizitza aktiboan sar dadin edo lege honen bidez araututako zenbait ikasketetan jarraitzeko aukera izan dezan, bereziki, maila ertaineko berariazko hezkuntzako ikasketak, eta horretarako lege honen 32.1. artikuluak jasotzen duen prozedurari jarraitu beharko zaio".
Gorago azaldutakoaz gain, kontuan hartu behar dugu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak neurri judizialen bat bete behar duten adingabekoentzako hainbat egoitza-zentro dituela, hain zuzen honako hauek:
Vitoria-Gasteizko Andoiu heziketa-zentroa, Araban: 7 laguntzako tokia du.
Aramaioko Mendixola heziketa-zentroa, Araban: 12 laguntzako tokia du.
Ortuellako Miguel Angel Remírez heziketa-zentroa, Bizkaian: 8 lagunentzako tokia du.
Zumarragako heziketa zentroa, Gipuzkoan: 40 toki ditu. Agindu hau indarrean hasten den unean bere instalazioak berregiten ari dira. Horren ondorioz, Agindu honetan jasotako guztiak, Zumarragako zentroari dagokionez, ez dira aplikatuko zentroa berriro ireki arte.
Bestetik, aipatutako zentroek badituzte ikasgelak, tailer bat edo batzuk, kasuan kasuko, baita Eskolatzeko Programa Osagarriak eta Lanbideko Hastapenetako Programak emateko irakasle adituak ere.
Aipatutako zentroetan hartutako pertsona gehienek agindu judizialaren bidez emandako barneratze-neurri bat betetzen ari dira, zeinaren ondorioz, ezin baitira heziketa-zentroetatik atera; beste kasu batzuetan, berriz, epaileak ezarritako barneratzeko neurria modu irekian bete behar duten arren, ikastetxeetan sartu ezinean dabiltza, zentroa kokatzen den tokian baliabide-eskasia dagoelako: hizkuntza-eredua dela eta, barneratzeko agindua gertatzen den urtaroa dela eta, ikasleak dituen eskolako atzerapen larriak direla eta, eta abar.
Horregatik guztiarengatik honako hau,
– Agindu honen helburua da batetik ikastetxe arruntetan eskolatzerik ez duten eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren baitako zentroetan hartutako eta barneratuta dauden 16 urtetik beherako ikasleen eskolatzeko eskubidea bermatzea, Eskolatzeko Programa Osagarriak eginez, eta, gainera, 20 urte baino gutxiago dutenek harrera-zentroan bertan Lanbideko Hastapenetako Programaren bat jarraitzerik izan dezatela.
Bestelako ikasketak egiten dituzten 14 eta 20 urte bitarteko ikasleek indarrean dauden arauen babesean burutu ahal izango dituzte.
– Aplikazio-eremua.
Horren ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ondoko heziketa-zentroei Eskolatzeko Programa Osagarriak eta Lanbideko Hastapenetako Programak emateko baimena ematen die inguruko ikastetxe batean sartzerik ez duten ikasleei: Vitoria-Gasteizko (Araba) Andoiu heziketa-zentroari, Aramaioko (Araba) Mendixola heziketa-zentroari, Ortuellako (Bizkaia) Miguel Angel Remírez heziketa-zentroari eta Zumarragako heziketa-zentroari (Gipuzkoa).
– Eskolatzeko Programa Osagarriak ikastetxe arruntean egiterik ez duten 16 urtetik beherako ikasleentzat prestatuak dira. Dena den, ikasle horiek euren bizitokitik gertu dagoen EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeren batean matrikulatuta egongo dira, edo Urrutiko Hezkuntzako ikastetxe batean, eta, ondorio guztietarako, ikastetxe horretako ikasletzat hartuko dira.
– Lanbideko Hastapenetako Programak 16 eta 20 urte bitarteko ikasleentzat dira. Harrera-zentro bera euren erreferentzia-zentroa izango da ondorio guztietarako.
– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak finantziatuko ditu Eskolatzeko Programa Osagarriak eta Lanbideko Hastapenetako Programak garatzeko behar diren irakasleak, materialak eta lokalak.
– Eskolatzeko Programa Osagarriak eta Lanbideko Hastapenetako Programak garatzeko baimena duten ikastetxeek, gutxienez, honako instalazio eta baliabide hauek izango dituzte:
Jakintza gaiak irakasteko ikasgela bat.
Lanbide-ikasgela.
Jakintza gaien irakaslea: psikologoa, pedagogoa, irakaslea edo gizarte-hezitzailea.
Lanbide irakasle bat.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko pedagogia berrikuntzako lurraldeko arduradunek edo haiek ordezkatutako pertsonek ikuskatuko dute zelan garatzen ari diren Eskolatze Osagarriaren Programak eta Lanbideko Hastapeneko Programak.
artikuluan jasotako baimena atzeratuta geratzen da Zumarragako (Gipuzkoa) Ikastetxerako, berriro ireki arte.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA
Hezkuntza-berrikuntzan eskuduna den zuzendaritzari ahalmena ematen zaio eskolatzeko programa osagarriak eta lanbideko hastapenetako programak baimentzeko neurri judizial bat bete behar duten adingabekoentzako egoitza-zentroetan. Zentro horiek Justizia Sailaren dagokion zuzendaritzaren agindupean daude.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko azaroaren 7a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
ANJELES IZTUETA AZKUE.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.