Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, etxebizitzaren premiaren inguruko egoerei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 5922
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2000/12/26
  • Argitaratze-data: 2000/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 7.1 artikuluan babes ofizialeko etxebizitza baten onuradun izateko baldintza gisa ezarri zuen eskatzaileek egiaztatzea ez dutela etxebizitzarik izan ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubidean, ez gozamenean aurreko bi urteetan eta egoera horretan jarraitzea salerosketaren eskritura publikoa egin arte edo alokairu-kontratua formalizatu arte.

Hala eta guztiz ere, etxebizitzaren onuradun izan daitezke beste etxebizitza baten jabariaren titular direnak eta agirien bidez garatzen den araudian barne hartutako egoeraren batean daudela egiaztatzen dutenak.

Xedapen arau-emaile hau aurrerago aipatutako Dekretuaren edukia garatzeko helburuarekin emango da, aurreko arauditik eratorritako esperientzia bilduz.

Horri jarraiki eta uztailaren 28ko 160/2000 Dekretuaren, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen duenaren, 4 artikuluak eta abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, lehenengo azken xedapenak xedatutakoaren arabera,

Agindu honen xedea da abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, 7.3.a) artikulua garatzea. Artikulu horrek babes ofizialeko etxebizitzen onuradun izateko etxebizitza-gabeziaren betekizuna zehazten du.

  1. – Bizikidetzako unitateko kideek ez izatea etxebizitzarik ez jabetzan, ez azalera-eskubidean, ez gozamenean, ez jabetza soilean azkeneko bi urteetan, ondorengo datetatik hasita:

    1. Lehen transmisioan babes ofizialeko etxebizitza baten onuradun izateko esleipen-prozedurari hasiera ematen dion aginduaren datatik hasita.

    2. Lehen transmisioan babes ofizialeko etxebizitza baten onuradun izateko behin behineko kalifikazioaren datatik hasita, aipatutako esleipen-prozedurari lotutakoak ez direnean eta lehen transmisioan babes ofizialeko etxebizitza erosteko finantza-neurriak ematen diren kasuan.

    3. Babes ofizialeko etxebizitzen bigarren edo ondorengo transmisioen onuradun izateko dagokion lurralde-ordezkaritzan kontratua aurkezten den datatatik hasita.

    4. Bigarren edo ondorengo transmisioetan etxebizitza erosteko finantza-neurrien onuradun izateko eskaeraren datatatik hasita. Hala eta guztiz ere, salerosketaren kontratuaren bisatua eta etxebizitza erosteko finantza-neurriak batera eskatzen badira, kontratua aurkezteko data joko da erreferentziazko data bakartzat.

      Egoera horretan jarraitu beharko dute onuradunek kontratua formalizatu arte, alokairuaren kasuan, edo eskritura publikoa egin arte, salerosketaren kasuan.

  2. – Horretaz gain, etxebizitzak alokairuan lagatzen diren kasuan, eskatzaileak kanpo utziko dira babes ofizialeko etxebizitza baten edo edozein administrazio publikoren, sozietate publikoren, erakunde autonomoren edo edozein administrazio orokor edo erakundezko administrazioren partaidetzako sozietateren baten titulartasuneko etxebizitza baten errentari direnean.

Edonola ere, etxebizitza izateko premia duten pertsonatzat joko dira jabetzan, azalera-eskubidean, usufruktuan edo jabetza soilean etxebizitzaren baten titular direnak, agirien bidez ondorengo egoeraren batean daudela egiaztatzen dutenean:

  1. – Aipatutako etxebizitza aurri-egoeran dagoela deklaratu denean eta berori eraistea adostu denean.

    Kasu honetan hori egiaztatzen duen udal-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

  2. – Etxebizitza desjabetzapen-espedienteren baten menpeko ondasun eta eskubideen behin betiko zerrendan barne hartuta dagoenean.

    Kasu honetan ezinbestekoa izango da zerrenda hori aurkeztea.

  3. – Etxebizitzak ez dituenean betetzen abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak.

    Ez dira aintzat hartuko irtenbide konstruktiboa izan dezaketen urritasunak. Horri dagokionez teknikari eskumendunak egindako txostena aurkeztu beharko da. Edozein kasutan lurralde-ordezkaritzetako zerbitzu teknikoek txosten kontraesankorra egin ahal izango dute eta horrek izaera loteslea izango du.

  4. – Banantzeko edo dibortziatzeko prozeduraren ostean eta betiere eskatzaileak beste etxebizitzarik ez duenean, epai baten bidez familiako etxebizitza beste ezkontidearen etxebizitza gisa izendatu denean bi urte baino gehiagoko aldi baterako, Agindu honen 2.1 artikuluan adierazitako datetatik hasita.

    Senar-emazteen etxebizitza izandakoaren jabari osoaren titulartasuna lortu nahi duen ezkontideak erosteko finantza-neurriak lortu ahal izango ditu.

  5. – Jaraunspen onartuaren eta ordainduaren kasuan, jaraunspen-masako etxebizitza baten jabariak hainbat titular dituenean, jaraunsle titularkideak beste etxebizitzarik ez duenean eta jaraunspen-masako etxebizitzaren jabariaren titulartasunean duen partaidetza-kuota %50ekoa edo txikiagoa denean. Tratamendua berdina izango da etxebizitza baten jabariaren titularkidetasuna gurasoek seme-alabei egindako dohaintzetatik datorrenean.

    Halaber, jaraunspen onartua eta ordainduaren kasuan, jaraunsleak jaraunspen-masako etxebizitza baten jabetza soila lortu duenean, betiere beste etxebizitzarik ez duenean. Tratamendua berdina izango da etxebizitza baten jabetza soila gurasoek seme-alabei egindako dohaintzetatik datorrenean.

  6. – Eskatzaileen bizikidetzako unitateko kideren batek minusbaliotasunen baten ondorioz mugikortasun urri iraunkorra duenean, betiere honako eskakizun hauek betetzen direnean:

    1. Etxebizitzak kokaleku duen eraikinak ez dituenean betetzen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuak, hiri-ingurune, espazio publiko, eraikuntza eta informazio- eta komunikazio-sistemetako irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartu zituenak, barne hartutako sarbide eta igogailuei buruzko zehaztasunak.

    2. Eskuratu nahi den etxebizitzak betetzen dituenean aurreko idatz-zatian adierazirako sarbide eta igogailuei buruzko zehaztasunak.

    3. Etxebizitzaren balorazioa ez denean etxebizitzaren azalera erabilgarria ondoren adierazitako kopuruekin bidertuz lortutako zenbatekoa baino handiagoa:

      • 180.000 PTA (1.081,82 euro) etxebizitza Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoenean: Aipatutako merkatu-balorazioa etxebizitzaren kokalekuari dagokion lurralde-ordezkaritzako teknikariak onetsi behar du.

        20.000 PTA (120,20 euro) etxebizitza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatuta dagoenean. Kasu honetan balorazioa etxebizitzaren balio katastrala izango da.

        Kasu horietan ezinbestekoa izango da eskatzaileen titulartasuneko etxebizitza besterentzea, finantza-neurrien eskaera aurkeztu edo etxebizitza berria esleitu baino lehen edo aldi berean.

        Ondorio horietarako mugikortasun urri iraunkorra duten minusbaliatutzat joko dira abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren, minusbaliotasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautzen duenaren, 3. eranskinean bildutakoak, betiere organo eskumendunaren ziurtagiriaren bidez honako egoeretakoren batean daudela egiaztatzen badute:

        1. Gurpil-aulkira mugatuta egotea.

        2. Noraezean ibiltzeko nahitaez bi makila behar izatea.

          D) eta F) arteko idatz-zatietan 12 puntu edo gehiago lortzea.

  7. – Tutoretzapeko apartamenduak eskatzen dituzten hirugarren adineko pertsonak, beren jabetzako etxebizitza ez denean etxebizitzaren azalera erabilgarria ondoren adierazitako kopuruekin bidertuz lortutako zenbatekoa baino handiagoa:

    • 180.000 PTA (1.081,82 euro) etxebizitza Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoenean: Aipatutako merkatu-balorazioa etxebizitzaren kokalekuari dagokion lurralde-ordezkaritzako teknikariak onetsi behar du.

      20.000 PTA (120,20 euro) etxebizitza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatuta dagoenean. Kasu honetan balorazioa etxebizitzaren balio katastrala izango da.

      Kasu horietan ezinbestekoa izango da eskatzaileentitulartasuneko etxebizitza besterentzea, finantza-neurrien eskaera aurkeztu edo etxebizitza berria esleitu baino lehen edo aldi berean.

Xedapen hau indarrean jartzen denean, indarrik gabe geldituko dira 1997ko maiatzaren 12ko Agindua, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, etxebizitza ohiko eta iraunkor gisa erabiltzeko ezintasunei buruzkoa, eta sailburu beraren 1997ko azaroaren 12ko Aginduaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzako etxebizitza sozialak esleitzeari buruzkoaren, 3.4 b) eta c) artikuluak, baita Agindu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo gutxiagoko gainerako xedapenak ere.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko abenduaren 26a.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.