Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 5917
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2000/12/26
  • Argitaratze-data: 2000/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; Ekonomia

Testu legala

Abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 16. artikuluan jarduketa babestu gisa hartzen du, etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko gaiari dagokionez, Lurzorua berehala eraikitzeko urbanizatzea, hala badagokio, aurrez hori kostubidez eskuratzea barne, baita lurzorua kostubidez eskuratzea ere, administrazio publikoaren menpeko izango diren lurzoruaren ondare publikoak osatzeko, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.

Halaber 16. artikuluan ezartzen da jarduketa horren araudia Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduz garatuko dela.

Horri jarraiki eta uztailaren 28ko 160/2000 Dekretuaren, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen duenaren, 4 artikuluak eta abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, lehen azken xedapenak xedatutakoaren arabera,

Agindu honen xedea da abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, 16.1.e) artikulua garatzea. Artikulu hori lurzorua berehala eraikitzeko urbanizatzeari buruz ari da, hala badagokio, aurrez hori kostubidez eskuratzea barne, baita lurzorua kostubidez eskuratzea ere, administrazio publikoaren menpeko izango diren lurzoruaren ondare publikoak osatzeko, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.

  1. – Babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea lehentasunezko xede duen lurzoruari dagokionez, babes daitezkeen jarduketatzat joko dira honakoak:

    1. Lurzoru urbanizatua kostubidez eskuratzea.

    2. Lurzorua urbanizatzea.

    3. Lurzorua kostubidez eskuratzea eta berehalakoan urbanizatzea.

    4. Lurzorua kostubidez eskuratzea ondare publikoak sortzeko, ekainaren 29ko 20/1998 Legean, Lurzoru Ondare Publikoenean, ezarritakoari jarraiki.

  2. – Edozein kasutan lurzorua eskuratzeko eragiketaren eta urbanizatzeko kostuen guztizko baturak ezingo du gainditu babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez indarrean dagoen legerian adierazitako guztizkoa.

  3. – Araututako finantziazio kualifikatua jasoko duen lurzorua babes ofizialeko etxebizitzen lehentasunezko sustapenari lotuta geldituko da.

Jarduketaren xede den lurzoruaren erabilera nagusia babes ofizialeko etxebizitzen sustapena izango da.

Dena dela, babesa plangintzaren egikaritza-eremuaren azalera eraikigarri guztira hedatu ahal izango da. Horri dagokionez, irabazizko beste erabilera batzuetara bideratutako azalera eraikigarri gehigarriak, egoitza-izaera duten oro barne, ezingo du izan BOEetara bideratutako azalera eraikigarriaren %53 baino handiagoa. Dirulaguntzaren irismena Agindu honen 6. artikuluan ezarritakora mugatuko da.

Indarrean dagoen plangintzaren aldaketaren ondorio den kasuetan izan ezik (kasu horretan ezinbestekoa litzateke Agindu honen 6.1 artikuluan aipatutako hitzarmena egoera fisiko berrira egokitzea), ezingo da handitu babestu den lurzoruaren guztizko azalera.

  1. – Babes daitekeen jarduketaren sustatzaileak, agindu honetan araututako finantza-laguntzak eman baino lehen, egiaztatu egin beharko du eskarian bere aldeko azalera-eskubidearen lagapena, gutxienez berrogeita hamar urtekoa, lurrak erosteko aukera edo lurzoruaren jabetza lortzea ahalbidetuko dion beste edozein titulu duela.

    Desjabetzapenaren bidez eskuratzen denean, beharrezkoa izango da nahiko sendotutakoa izatea desjabetzapen bidez jarduteko sistema lurren kokaleku den poligono edo egikaritza-unitatean, baita administrazio jarduleak dagokion desjabetzapen-espedienteari ekitea ere, hirigintza-legeria aplikagarrian eta nahitaezko desjabetzapenari buruzko araudian xedatutakoari jarriki. Horrezaz gain ezinbestekoa izango da desjabetuko diren ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eta banakakoa formulatzeko eta erabakitzeko izapideak bete direla egiaztatzea.

    Bestalde, lurzorua urbanizatzeko jarduketetan onargarria izango da urbanizazioa egiteko hitzarmen egokia, lurzoruaren titulartasuna duenarekin formalizatutakoa, egiaztatzea.

  2. – Horrezaz gain, sustatzaileak honako agiriak aurkeztu beharko ditu:

    1. Lurrak hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri direla baieztatuko duen udal-ziurtagiria. Salbuespen gisa, eskatzailea udal-entitate bat denean, babes berezirik gabeko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurrak hartu ahal izango dira barne, betiere urbanizazio- eta eraikuntza-prozesuan barne hartzen denean, babestutako etxebizitzak eraikitzera bideratzen denean.

    2. Egin nahi den jarduketa babestuaren ezaugarriak, agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera banakatuta.

    3. Jarduketaren bideragarritasun teknikoa eta hirigintzakoa justifikatzen duen memoria. Bertan honakoak adieraziko dira: lurzorua eskuratzeko eta urbanizatzeko kostuak, eskuratze, urbanizatze eta eraikitzearen aldian aldiko programazio xehatua, babes ofizialeko etxebizitzen eta aurreikusitako lurzoruaren gainerako erabileren salmenta-prezioa eta eragiketaren finantza-garapena.

    4. Urbanizazio-proiektuak egiteko finantziazio kualifikatua lortzeko eskaerak direnez, Udalak proiektuari hasierako onarpena eman diola eta lurzoru eta hiri antolamenduari buruzko legedian definitutako zehaztasunak dituela eta, gainerako kasuetan, behin betiko onartutako zatiko plana duela baieztatzen duen udal-ziurtagiria.

    5. Lurzorua eskuratzeko eta berehalakoan urbanizatzeko finantziazio kualifikatuaren kasuan, sustatzaileak berariaz hartu beharko du bere gain d) idatz-zatian adierazitako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko konpromisoa. Horrezaz gain, jarduketaren bideragarritasun teknikoa eta hirigintzakoa justifikatuko duen beste memoria bat entregatu beharko du. Bertan agindu honen 2. artikuluko 2. idatz-zatian adierazitakora egokitzen dela justifikatu beharko du. Horretarako epea urtebetekoa izango da gehienez ere, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren eta sustatzaile onuradunaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzen denetik hasita.

  3. – Lurren jabetza edo horien azalera-eskubidea eskuratzen duen babes daitezkeen jarduketen sustatzaileak edo titularrak (urbanizazioa babes daitekeen jarduketa horren hirugarren sustatzaileek egingo dutenean), adierazitakoez gain, honako konpromisoak hartu beharko dituzte, kasuan kasu:

    1. Etxebizitzen eraikuntzari beren kabuz edo etxebizitza-sustatzaileekiko hitzarmenen bidez ekitea BOEetara bideratutako egoitza-azaleraren %70ean, ondorengo epeen arabera:

      • Lurzoru urbanizagarria eskuratzen den kasuan, bi urte.

      • Lurzoruaren urbanizazioren kasuan, hiru urte.

      • Berehala urbanizatzeko lurzorua eskuratzen den kasuan, lau urte.

      • Lurzoruaren ondare publikoen kasuan, hamabi urte.

        Horretarako epeak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren eta sustatzaile onuradunaren arteko lankidetza-hitzarmenak sinatzen direnean hasiko dira. Indarrean dagoen plangintza edo aplikagarri den hirigintza-legerian epe laburragoak adierazten badira, hitzarmeneko epeek horietara egokitu beharko dira.

        Idatz-zati honetako lehenengo paragrafoan aipatzen den azalera eraikigarriaren gainerako %30ean egingo diren etxebizitzak hasteko epea jarduketa-motaren arabera dagokien epea baino bi urte gehiagokoa izango da gehienez ere kasu guztietan.

        Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez indarrean dagoen araudian finkatutako epeetan amaitu behar dira etxebizitzak kasu guztietan.

    2. Lurzoru horretan eraikiko diren etxebizitza babestuen inguruko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, Jabetza Erregistroan jaso beharrekoak, ematea EAEri edo eskubideak lagako dizkion entitate publikoari edo etxebizitzen sustatzailearekin adostea horien lagapena, horretarako ondorengo artikuluan ezarritako moduan.

      Erabilitako etxebizitza libreak dira abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuan, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoan, zehaztutako betekizunak betetzen dituztenak eta dekretu horretan babestutako finantzaketa lor dezaketenak.

      Etxebizitza horien azalera erabilgarria zehazteko babes ofizialeko etxebizitzak arautzen dituzten arauak izango dira aplikagarri.

  4. – Ez dira lurzoruaren inguruko jarduketetarako finantziazio-eskaerak onartuko lurzoru horretan eraikitzeko babes ofizialeko etxebizitzei dagokien behin-behineko kalifikazioaren eskaeraren ostean.

  5. – Lurralde-ordezkaritzako zuzendariak hiru hilabeteko epean hartuko du aurkeztutako eskaeraren egokitasunaren inguruko erabakia. Finantza-eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean lurralde-ordezkaritzako zuzendariaren berariazko erabakirik ez bada, ez dela onartu ulertuko da.

  1. – Lurzoruaren edo azalera-eskubidearen titularrak etxebizitza babestuen sustatzailearekin hitzartu beharko ditu horien inguruko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, Euskal Autonomi Erkidegoaren edo eskubideak lagako dizkion entitate publikoaren alde, ondoren adierazitako eran:

    1. Lehentasunez erosteko eskubidea, hamar urtetan indarrean egongo dena. Eskubide hori hirurogei egun naturaleko epean erabili ahal izango da, saltzaileak aurreko paragrafoan aipatutako lehentasunez erosteko eskubidearen titularrari etxebizitza saltzeko edo ordainketan emateko erabakia, eskainitako prezioa, transmisioaren funtsezko baldintzak eta etxebizitza eskuratu nahi duenaren izena, helbidea eta egoera bilduko dituen jakinarazpen fede-emailea helarazten dionetik hasita.

    2. Atzera eskuratzeko eskubidea, hamar urteko epekoa, Kode Zibilaren 1.507 artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraiki, aurreko paragrafoan aurreikusitako jakinarazpena egin ez denean, bertan eskatutako edozein baldintza bete ez denean edo transmisioaren benetako balioa txikiagoa denean edo horren gainerako baldintzak kostu gutxiagokoak direnean.

      Edozein kasutan, atzera-eskuratzailea erosleak izan ditzakeen egintza judizial eta administratiboetara subrogatuko da indarrean dagoen legeriak finkatutako gehienezko prezioen gainetik jasotako gehiegizko zenbatekoak itzultzeko.

  2. – Artikulu honetan xedatutakoak ez ditu kaltetuko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, apirilaren 15eko 7/1988 Legeak, EAEko administrazioak lehentasunez eskuratzeko duen eskubideari buruzkoak, eta araudi osagarriak legez ezarritakoak.

  1. – Sustatzaileari eman beharreko finantziazioa lankidetza-hitzarmen baten bidez zehaztuko da. Hitzarmen hori sustatzaileak eta Lurralde, Antolamendu eta Etxebizitza Sailak sinatuko dute. Hitzarmen hori formalizatu ondoren, sustatzaileak kreditu-establezimendura jo ahal izango du, finantziazioa formalizatzeko.

  2. – Lurzoruaren inguruko babes daitezkeen jarduketen sustatzaileek mailegu kualifikatuak eskatu ahal izango dituzte EAEko administrazioarekin lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzten kreditu-establezimenduetan. Mailegu horiek honako ezaugarriak izango dituzte:

    1. Mailegu kualifikatuaren gehienezko zenbatekok ezingo du gainditu babes daitezkeen jarduketen aurrekontuaren guztizko kostua, proiektuaren bideragarritasun tekniko eta finantzarioari buruzko memorian jasotakoa.

    2. Amortizaziorako aldien eta, hala badagokio, gabezialdiaren (gehienez ere hiru urtekoa izango denaren) arteko baturak ezingo du izan sei urte baino gehiagokoa Agindu honetako 2. artikuluko a), b) eta c) jarduketen kasuan eta hamabi baino gehiagokoa aipatutako artikuluko d) jarduketen kasuan.

      Hipoteka-mailegua aldez aurretik mugaeguneratuko da eta jasotako laguntza guztiak eta horiei legez dagozkien interesak itzuli beharko dira mailegariak kostubidezko tituluaren bidez transmititzen badu finantziazioaren helburu den lurzorua aipatutako epe horiek amaitu baino lehen.

      Hala ere, ez da aldez aurretik mugaeguneratuko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak transmisioa baimendu ondoren, lurzoruaren eskuratzailea maileguan eta sorospenean subrogatzen denean, horretarako sinatutako lankidetza-hitzarmen berriaren arabera.

      Halaber aldez aurretik mugaeguneratuko da lurzoruaren inguruko jarduketa baterako emandako mailegua mailegariak, bere kabuz edo beste sustatzaileren batekin hitzartuta, egindako etxebizitzen sustapenerako beste mailegu bat lortzen denean.

      Edonola ere, babes ofizialeko etxebizitzen sustapena egiteko helburuarekin, sustatzaileak horietarako berariazko finantziazio kualifikatua eskatzen badu, hori lurzorurako lortutako mailegu kualifikatua amortizatu gabe eskuratu ahal izango du. Kasu horretan sustapenerako maileguaren gehienezko zenbatekoari lurzorurako emandako mailegu kualifikatuaren zenbatekoa kenduko zaio. Izan ere, mailegu horri etxebizitzak transmititu arte edo amortizazio-epea amaitu arte eutsiko zaio.

    3. Maileguek kreditu-establezimendu mailegu-emaileek beharrezko irizten dituzten bermeak izango dituzte.

    4. Kreditu-establezimenduekin sinatutako finantza-hitzarmenari jarraiki administrazio-baimenean zehaztutako interes-tasa berariaz mota horretarako finkatutakoa izango da. Interes-tasa hori Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez ezarriko da.

    5. Mailegua eskuratzeko zatiak mailegariak finkatutakoak izango dira eta kreditu-establezimenduak igorpenduko ditu inbertsioaren garapenaren arabera.

    6. Kapitalaren amortizazioa eta kreditu-establezimenduen interesak bilduko dituzten kuotak konstanteak izango dira eta sei hilabetean behin sortuko dira, horiek ordaintzeko modua edozein delarik ere.

  3. – Aurreko idatz-zatian adierazitako maileguez gain, kreditu-establezimenduek eta babes daitezkeen urbanizatzeko jarduketen sustatzaileek banku-deskontuko eragiketak adostu ahal izango dituzte, obraren esleipendun diren kontratisten onurarako. Deskontu horiek aipatutako kontratistek deskonturako aurkeztutako obra-egiaztagirien ingurukoak izango dira, kreditu-establezimenduekin sinatutako hitzarmenean adostutako baldintzen araberakoak.

    Agindu honetan xedatutakoaren inguruko ondorioetarako, banku-deskontuko eragiketatzat joko da kreditu-establezimenduak kontratistari obra-egiaztagiri baten zenbatekoa aurreratzea bere kobrantza-eskubidea lagatzearen bidez.

    Eragiketa hori dela eta sortutako interesak sustatzaileak ordainduko ditu eta horiek ordaintzeko modua kreditu-establezimenduarekin sinatutako finantza-hitzarmenaren bidez finkatuko da.

    Deskontu-lerroaren gehienezko zenbatekoa hipoteka-maileguaren kasuan ezarritako bera izango da.

  4. – Sorotsitako interes-tasa, beti benetakotzat joko dena, honakoa izango da:

    1. Agindu honetako 2. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan bildutako kasuetan: urteko interes-tasa efektiboaren 100eko 2.

    2. Agindu honetako 2. artikuluko d) idatz-zatian bildutako kasuetan: urteko interes-tasa efektiboaren 100eko 3, maileguaren lehenengo lau urteetan. Bosgarren urtetik aurrera sorospena baliogabetu egingo da.

  5. – Agindu honetako 3. artikuluan adierazitako azalera eraikigarri gehigarriko jarduketei dagokien maileguaren zatiaren edo deskontu-lerroaren sorospena eten egingo da BOEkoak ez diren eraikuntzak eta horien eraikinetako negozio-lokalak egiten hasten diren unean edo ez direnean hirigintzako betebeharrek eskatzen dituzten ekipamenduak edo zuzkidurak.

  1. eta 4. artikuluetan adierazitako baldintza eta eskakizunak betetzen ez badira, eta hori justifikatzeko arrazoirik ez dagoenean, eten egingo da emandako sorospena eta, horrezaz gain, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak sorospen edo dirulaguntza gisa une horretara arte ordaindutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, ordaindu zirenetik sortutako interesekin batera.

    Ondorioak berdinak izango dira hasieran ezarritako programazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren baimenik gabe aldatzen denean edo programazio hori betetzerakoan atzeratzeak (justifikatutako arrazoirik badirenean izan ezik) agindu honetako 4.3. artikuluan ezarritako eraikuntza-epeak betetzea ezinezkoa izango dela erakusten duenean.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean eta indarrean sartu ondoren aurkeztutako eskaeretan izango da aplikagarri.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko abenduaren 26a.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.