Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 1996ko urriaren 14koa, Herrizaingo eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuena, bide-hezkuntzan elkarrekin lan egiterari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingoa; Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 14
  • Hurrenkera-zk.: 345
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 1996/10/14
  • Argitaratze-data: 1997/01/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko Estatuko legeak gauzatzea dela-eta, Estatuko zerbitzuak transferitzeko urriaren 15ean emandako 3256/1982 Errege Dekretuaren arabera, Euskal Autonomi Elkarteko lurraldean bide-hezkuntzari eta –formazioari buruz egiten diren dibulgazio-kanpainak planeatzea Euskal Autonomi Elkartearen eskumena da. Ildo horretatik, Herrizaingo Saileko egitura organikoa ezartzen duen maiatzaren 14ko 108/1996 Dekretuaren 11.2 atalak dioenez, Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzari dagokio bide-formazio eta -segurtasunari buruzko dibulgazio-kanpainak antolatzea eta gauzatzea. Halaber, 11.3 atalaren arabera, Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzaren eskumena da, besteak beste, Euskal Autonomi Elkarteko beste organo batzuekin koordinatzea eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekiko elkarlana sustatzea, ikastetxeetan bide-segurtasunari buruzko berariazko programazioa egiteko.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 4. atalean, euskal eskola publikoak bere helburuak lortzeko dituen bitartekoak zehazten dira eta, beste batzuen artean, berariaz aipatzen da ikastetxeek beren inguru geografkiko, sozial eta kulturalarekin duten lotura estua eta elkarrekin lan egin beharra, jarduera- eta truke-plan bateratuen bitartez. Euskal Autonomi Elkarteko gainontzeko administrazio eta instituzioekin koordinatu eta lan egin beharra ere azpimarratzen da. Gainera, Lege horretako 49. atala betetzearren, Jaurlaritzak irakaskuntza-maila desberdinetako edukin curricularrak zehaztu ditu. Ildo horretatik:

– E.A.E.ko Haur Hezkuntzako curriculuma ezartzeko abuztuaren 11n emandako 236/1992 Dekretuaren 4. atalean, etapa horretan ikasleei zein helburu lortzen lagundu behar zaien zehazten da; besteak beste, ingurune gertuena arretaz eta jakinminez behatzea eta aztertzea, ingurune hori osatzen duten elementuen ezaugarri eta propietate nagusiak identifikatzea eta elementu horien artean sortzen diren harremanetako batzuk ezagutzea.

– E.A.E.ko Lehen Mailako Hezkuntzako curriculuma ezartzeko abuztuaren 11n emandako 237/1992 Dekretuaren 4. atalean, etapa horretan ikasleei zein gaitasun lortzen lagundu behar zaien zehazten da; besteak beste, bizitza eta gizakien arteko harremanak arautzen dituzten oinarrizko baloreen garrantziaz jabetzea eta horien arabera jokatzea. Horretaz gain, 6. atalaren 3. puntuan etapa horretako curriculuma osatzen duten alorrak zehazten dira eta, bertan esaten denez, edukinen antolamenduan eta trataeran zehar-lerroak hartuko dira erreferentetzat eta, etapa horretarako, bide-hezkuntza aipatzen da bereziki.

– E.A.E.ko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma ezartzeko ekainaren 21ean emandako 213/1994 Dekretuaren 4. atalean, etapa horretan ikasleei zein gaitasun lortzen lagundu behar zaien zehazten da; besteak beste, gizarteen funtzionamendua arautzen duten mekanismoak eta baloreak analizatzea —bereziki herritarren eskubideei eta betebeharrei dagozkienak—, eta horiei buruzko iritzi eta irizpide pertsonalak izatea. Horretaz gain, 6. atalaren 6. puntuan esaten denez, alor desberdinetako edukinen trataeran eta antolamenduan eta disziplinarteko planteamenduetan curriculumarekiko zeharkako lerroak hartu ahalko dira erreferentetzat eta, etapa horretarako, bide-hezkuntza aipatzen da bereziki.

Bide-hezkuntzari lotutako ohiturak hartzeari dagokionez, azken urteotan Herrizaingo Saila eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila bat etorri dira helburuetan, eta zenbait jarduera burutu dituzte elkarrekin. Horien artean, bereziki aipatu behar da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak parte hartu duela Euskal Autonomi Elkarteko Bide-Segurtasuneko Batzordean, zein otsailaren 9ko 22/1993 Dekretuaren bitartez sortu baitzen, eta Bide–Segurtasuneko Plan desberdinei garrantzizko ekarpenak egin dizkiela.

Bizimodu osasungarri bat sustatzeko, bide-hezkuntzako ohiturak zabaltzeko eta gure gizarteko arazorik larrienetako bati —istripu arriskuari, alegia— aurre egiteko, derrigorrezkoa da egintza–egitasmo bateratuak, zehatzak eta iraunkorrak gauzatzea. Beraz, Sail biek egitasmo horiek gauzatzeko behar diren giza- eta ekonomi-baliadeak jartzeko konpromisoa hartzen dute.

Ondorioz, bide-hezkuntzaren arloko lankidetza markoa ezartzeko asmoarekin hauxe

  1. atala.– Xedea.

    Bide-hezkuntzaren alorrean Herrizaingo Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak elkarrekin egingo duten lanaren eremua finkatzea da Agindu honen xedea.

  2. atala.– Lankidetzaren eremua.

    Herrizaingo Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak interes komuneko helburu hauek lortzen saiatuko dira, gerora gehitu daitezkeenen kalterik gabe:

    1. Ikasleak bere ingurunean autonomiaz mugitzeko behar dituen trebetasunak lortzea.

    2. Istripuetan eragina duten faktore garrantzizkoenak aztertzea eta istripuak non, nola eta noiz gertatzen diren jakitea, neurri prebentiboak hartu ahal izateko. Gainera, hezkuntzari dagokionez, arreta berezia jarriko da arrisku-talde nagusietan.

    3. Jarduten duen eremua ezagutzea, trafikoaren aurrean prebentzio-jarrerak sortzea eta trafiko-arauen eta -seinaleen garrantzia baloratzea.

  3. atala.– Eskuhartzeko estrategiak.

    Hauek izango dira lankidetza honetako eremuan eskuhartzeko estrategiaren ardatz nagusiak:

    1. Bide-hezkuntzako eta -segurtasuneko profesionalak prestatzea.

    2. Eskolako curriculumean bide-hezkuntzako gaiak garatzea.

    3. Hezkuntzako materialak eta bitartekoak sortzea eta optimizatzea.

    4. Elkarrekin lan egitea, lurralde-eremu eta administrazio–maila desberdinetan koordinazio-mailarik egokiena lortzeko, eta bideetako zein komunitateko bitartekoak ahalik eta ondoen erabiltzeko informazioa ematea.

    5. Ikastetxeetan bide-hezkuntzako programen ebaluaketa, ikerketa eta esperimentazioa sustatzea.

    6. Hezkuntza-komunitateko kide guztiek, bide-segurtasuneko profesionalek eta eragile sozialek parte har dezatela lortzea.

    7. Sail bien iritziz garrantzi berezia duen beste edozein.

  1. atala.– Sorrera.

    Lankidetza aurrera eramateko, Herrizaingo eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailek Lankidetzarako Batzorde Misto bat sortuko dute.

  2. atala.– Osaketa.

    Herrizaingo eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetako Lankidetzarako Batzorde Mistoa honela osatuko da:

    Lehendaria eta lehendakariordea: Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Bidezaingo eta Ibilgailuen zuzendaria eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Pedagogi Berrikuntzarako zuzendaria edo horien eskuordetza duten lagunak.

    Kideak: sei izango dira, hiru sail bakoitzetik.

    Idazkaria: goian aipatutako batzordekideetako batek egingo ditu idazkari–lanak.

    Lankidetzarako Batzorde Mistoko lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria urtero aldatuko dira eta txandaka izango dira sail batekoak edo bestekoak.

  3. atala.– Eginkizunak.

    Hauek izango dira Herrizaingo eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailen arteko Lankidetzarako Batzorde Mistoaren eginkizunak:

    1. Lehentasunak finkatzea, hala bide-hezkuntzako gai desberdinei nola horiek hezkuntza-arloan izango duten garapenari dagokienez.

    2. Urteko jarduera-planetako ildoak proposatzea eta plan horiek gauzatzeko eta ebaluatzeko laguntza ematea.

    3. Hezkuntza-materialen sorrera sustatzea, lan horretan orientatzea eta material horiek baloratzea.

    4. Behar denean, gai bereziekin zerikusia duten erakundeekin harremanetan jartzea.

    5. Urteroko eskuhartze-plan desberdinak gauzatzeko eta bide–hezkuntzari buruzko material curricularrak sortzeko behar diren egitura lagungarriak jartzea.

    6. Bide-Hezkuntzako Parkeek ezarritako lan-ildoak sendotzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1996ko urriaren 14a.

Herrizaingo sailburua,

JUAN MARÍA ATUTXA MENDIOLA.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.