Arautegia
Inprimatu12/2023 LEGEA, azaroaren 23koa, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 233
- Hurrenkera-zk.: 5444
- Xedapen-zk.: 12
- Xedapen-data: 2023/11/23
- Argitaratze-data: 2023/12/07
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herrizaingoa; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei buruzko azaroaren 23ko 12/2023 Legea.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak, hau da, herri-hizkuntzan, suhiltzaileen zerbitzuak, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako bat dira, beste batzuekin batera, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak aitortzen duen bezala.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuek tradizio luzea dute gure herrian, baina azken hamarkadetan gauzatu da profesionalek zerbitzua emateko lurralde-bermea.
Gaur egun, Euskadin suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak lurralde historikoetako hiriburuetan eta hiru foru-aldundietan daude, eta hogeita sei parkeko sare baten bidez ematen diote estaldura lurralde osoari.
Zerbitzu horiek, larrialdietan esku hartzen duten beste zerbitzu batzuek ez bezala, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak eta osasun-zerbitzuek, orain arte ez dute lege-mailako arau propiorik izan, nahiz eta haien araubide juridikoaren berezitasunak apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginean jasota zeuden.
Inplikatutako administrazio guztien baterako lanaren emaitza den arau honen bidez, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen garrantzi soziala nabarmendu nahi da. Horretarako, lege-mailako araudi propioa emango zaie, zerbitzuen titular diren administrazioen autonomiari kalterik egin gabe, zerbitzuak lurralde osoan ematea bermatuko duena, zerbitzu horiek elkarren artean eta beste zerbitzu batzuekin batera eta koordinatuta jardutea ahalbidetuko duten mekanismoak aurreikusiko dituena, eta langileei aplikatu beharreko araubidearen berezitasunak lege-erreserbaren mende daudenak jasoko dituena.
Zerbitzu horien errealitatea heterogeneoa da, lurralde historiko bakoitzean eta hiriburuetan dauden premiak ere heterogeneoak baitira. Hori dela eta, arau honen helburua ez da eredu desberdinak berdintzea, baizik eta zerbitzua identifikatzen duten oinarrizko ezaugarri batzuk zehaztea, erakunde bakoitzak, bere eskumenetatik abiatuta, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko arloan dituen zerbitzuen eredu zehatzari modu malguan heldu diezaion, bere beharren arabera.
Erregulazioak ordeztu egiten ditu apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren V. kapituluan jasotako xedapenak, eta erregulazioaren gaikuntzaren oinarrian daude bai segurtasun publikoaren, babes zibilaren eta larrialdien arloko Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenak bai eta funtzio publikoaren erregulazioa ere; kontuan hartuta, alde batetik, toki-autonomia eta, bestetik, bai Autonomi-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Iharduntze-Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak eta bai Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak foru-aldundiei eta udalei, hurrenez hurren, egiten dieten esleipena suteak itzaltzeko araudi autonomikoa betearazteari dagokionez.
Lege honek hogeita hamabost artikulu ditu guztira, lau kapitulutan banatuta, xedapen gehigarri bat, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.
Legearen I. kapituluak «Xedapen orokorrak» du izena, eta legearen xedea, aplikazio-eremua eta helburuak zedarritzen ditu.
Legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko jarduera antolatzea. Horretarako, legeak euskal administrazio publikoen izaera horretako zerbitzuak eta langileen estatutu-araubidearen berezitasunak arautzen ditu. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten enpresa-suhiltzaileen zerbitzuetara zabaltzen du bere aplikazioa.
Erregulazio horren bidez, lurraldean zerbitzua emango dela bermatu nahi da, bai eta baterako jarduketak ahalbidetuko dituzten koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak aurreikusi ere.
Legearen II. kapituluan euskal administrazio publikoetako suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak arautzen dira.
Horretarako, kapituluaren lehen atalak larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren funtsezko edo oinarrizko zerbitzu gisa definitzen ditu, eta horri dagozkio suteak prebenitzeko, itzaltzeko, erreskateko eta salbamenduko hainbat eskumen.
Zerbitzuak definitzen dituzten ezaugarrien erregulazio komunak ez du mugatzen zerbitzu bakoitzak konnotazio bereziak izateko aukera bere zereginei dagokienez; izan ere, horiek faktore hauen araberakoak izango dira: foru- edo udal-titulartasuna; bere eskumeneko lurraldean arrisku jakin batzuk egotea edo ez egotea, edo historikoki beharrizan jakin batzuei erantzuteko erabili den modua.
Kapitulu honetan, era berean, zerbitzuen jardunaren oinarrizko printzipioak definitzen dira, bai eta ordenamenduak ematen dizkien ahalmenak ere, ezbeharren aurrean esku hartzean edo ikuskatzeko ahalmena erabiltzean; izan ere, horrek, jarduerei segurtasun juridikoa emateaz eta legezkotasunaren parametro izateaz gain, zerbitzuaren legezko konfigurazioa definitzen laguntzen du.
kapituluaren bigarren atalean, zerbitzu publiko horien gaineko erantzukizun instituzionalak arautzen dira.
Zerbitzu horiek sortzeko eta mantentzeko eskumena zehaztean toki-araubideari buruzko legerian aurreikusitako xedapenetara jotzen da, baina foru-aldundiei esleitzen zaie zerbitzuak emateko eremu geografikoak zehaztea, dauden zerbitzuak kontuan hartuta, eta zerbitzu horien estaldura lurralde historikoaren eremu osora zabalduko dela bermatzea.
Autonomia Erkidego osorako erakundeei dagokie lege hau erregelamendu bidez garatzea, komunak izan behar duten suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen kategorietan sartzeko araubidearen berezitasunei dagokienez.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokio suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako kategorietan sartzeko prestakuntza ematea eta gainerako prestakuntza-jardueretan laguntzea; izan ere, Akademiaren zuzendaritza-kontseiluan, erakunde erkideez gain, foru-aldundiak eta udal-administrazioa daude.
Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordeak, azaroaren 7ko 245/2017 Dekretuaren bidez sortu zenak, inplikatutako administrazio guztiak eta ordezkaritza sindikala bertan dituenak eta kontsultarako eta parte-hartzerako denak, lan-metodoen homogeneizazioa, ekipoen eta materialen normalizazioa eta homologazioa eta suteetako esku-hartzeei buruzko eredu estatistiko komun bat sustatzen ditu.
kapituluaren hirugarren atalean, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira.
Administrazio titularrei dagokie beren zerbitzuen konfigurazio juridikoa eta kudeaketa-modua erabakitzea, nahiz eta legeak zeharkako kudeaketa-moduak baztertzen dituen eta zerbitzua herritar guztiengana zabalduko dela bermatzeko printzipioa ezartzen duen, foru-aldundiek izendatzen dituzten eremu geografikoen arabera. Legeak aukera ematen du lurralde bakoitzean dauden premietara hobekien egokitzen den formula adosteko, eta, horretarako, ahalbidetu egiten da administrazioen edo suhiltzaileen kidegoen arteko lankidetza-mekanismoak edo -akordioak ezartzea berezko eremutik kanpo jarduteko, horrela jardutea eraginkorragoa denean.
Zerbitzuetako langileak eskala eta hierarkia-lerro bakar batean sartuko dira, hainbat kategoriatan banatuta, eta lege honetan aurreikusitako estatutu-araubidearen arabera arautuko dira, funtzionarioen araubide erkideaz gain. Agintaritza-agentetzat hartuko dira zerbitzuan daudenean edo, zerbitzutik kanpo egonda ere, edozein motatako ezbeharretan edo berehalako arrisku-egoeratan esku hartzen dutenean, betiere aldez aurretik zerbitzuotako langileak direla egiaztatzen badute.
Zerbitzuetan, halaber, beharrezkotzat jotzen diren beste teknikari, administrari edo hainbat lanbidetako beste langile batzuk egon daitezke, eta aldi baterako langileak kontratatu ahal izango dira laguntza- edo sasoi-lanetarako.
Lege honen arabera, erregelamendu bidez erregistro bat sortuko da Eusko Jaurlaritzan babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikia. Erregistro horretan, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langile guztiak inskribatuko dira, eta datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa bete beharko da.
Legearen III. kapituluan euskal administrazio publikoetako suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioen estatutu-araubidearen berezitasunak arautzen dira eta, lege honetan berariaz aurreikusi ez den guztirako, euskal administrazio publikoetako gainerako langileentzat ezarritako araubidea aplikatuko da.
Berezitasun horien artean sartzen dira zerbitzu horietako kategoriak eta sailkapen-taldeak definitzea, horietan sartzea eta barne-sustapena, sartzeko prestakuntza eta praktikaldia, bigarren jarduera eta diziplina-araubidea.
Zerbitzuetako funtzionarioak lerro hierarkiko bakarraren barruan sartzen dira; lerro horretan sartzen dira suhiltzaile, kaporal, sarjentu, ofizialorde, ofizial eta ikuskatzaileen kategoriak. Kategoria bakoitzari dagozkion eginkizunak orokorrean definitzen dira, lanpostu bakoitzari dagozkion zeregin edo zeregin orokorrak edo bereziak definitzerakoan lanpostuen zerrendetan ezartzen den zehaztapenari kalterik egin gabe.
Kategoria bakoitzean txanda irekiaren eta barne-sustapenaren bidez sartzeko baldintzen berezitasunak arautzen dira, baita dagozkien prestakuntza eta praktikaldia ere.
Zerbitzuetako funtzionarioen diziplina-araubidea gainerako enplegatu publikoen araubide bera da, legean jasotako tipifikazio bereziekin.
kapituluak enpresako suteen itzalketako zerbitzuak arautzen ditu. Enpresa-suhiltzailearen kontzeptua definitzen du, eta eskatzen du zerbitzu horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako ziurtagiria behar izatea, akademiak ezartzen duen prestakuntza gainditu ondoren. Era berean jasotzen dira langile horiek egin beharreko jarduerak beren jarduera egiten duten enpresaren autobabes-planak aktibatzen direnean eta enpresari eragiten dion babes zibileko plan bat aktibatzen denean.
Legea xedapen gehigarri bat, lau iragankor, indargabetzaile bat eta azken xedapen batekin amaitzen da.
Xedapen gehigarriak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak zerbitzu horietan sartzeko eta espezializatzeko egiten duen prestakuntza-jarduera jasotzen du.
Xedapen iragankorrek jasotzen dute zerbitzuen barne-erregelamenduak egokitzeko epea, zerbitzuen lehengo kategoriak legean bertan aurreikusitakoekin parekatzea, langileak kategoria berrietan integratzeko mekanismoak eta araua indarrean jarri aurretik eginkizun horiek betetzen zituztenak enpresa-suhiltzaile gisa gaitzea.
Azkenik, azken xedapena lege hau indarrean jartzeari buruzkoa da.
Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko jarduera antolatzea eta, orobat, euskal administrazio publikoen izaera horretako zerbitzuak eta bertako langileen estatutu-araubidearen berezitasunak arautzea.
Lege honen aplikazio-eremuan sartzen dira:
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak eta bertako langileak.
Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten enpresa-suhiltzaileen zerbitzuak.
Lege honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzua legean zehaztutako baldintzetan emango dela bermatzea, eta zerbitzu horiek elkarrekin eta larrialdietako beste zerbitzu batzuekin koordinatuta jardutea ahalbidetuko duten mekanismoak aurreikustea. Hori guztia, ezertan eragotzi gabe arlo horretan eskumena duten administrazioen autonomia errespetatzea.
1. ATALA
ZERBITZUEN DEFINIZIOA ETA EZAUGARRIAK
Euskal administrazioen suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako bat dira, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 60.2.d) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Administrazio publikoetako suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen eginkizunak dira:
Suteak itzaltzea eta suteak tartean diren beste larrialdi-egoera batzuk artatzea.
Pertsona, animalia eta ondasunen salbamendu eta erreskatea, bai eta ingurumena babestea ere, ezbeharren bat edo beste larrialdi-egoeraren bat gertatzen denean.
Arrisku kimiko, biologiko, erradiologiko edo nuklearra dakarten larrialdietan esku hartzea, bai industrietan bai biltegiratzean eta, orobat, salgai arriskutsuak errepidez zein trenbidez garraiatzean.
Aparteko eta behin-behineko segurtasun-neurriak hartzea, agintari eskudunaren erabakiaren zain, lokal eta establezimendu publikoak itxi eta husteari buruz, higiezinak ebakuatzeari buruz eta, orobat, larrialdi-egoeretan bide edo leku publikoetan eta jabetzetan zirkulatzea eta egotea mugatzea, kasuaren inguruabarrek ezinbesteko egiten duten bitartean.
Babes zibileko ekintzetan esku hartzea, lurralde-planen, plan berezien eta dagozkien taktika operatiboen aurreikuspenen arabera, eta suteen prebentzio eta itzaltzeko zerbitzuen jarduketa-planak egitea.
Indarrean dagoen plangintzaren arabera dagozkien aginte-postu aurreratuetan parte hartzea.
Larrialdi-egoerekin zerikusia duten pertsona eta erakundeetatik beharrezko informazioa lortzea, ezinbestekoa den kasuetan, egoera konpontzeko lanak prestatu eta gauzatzeko.
Ezbehar mota bakoitzerako zerbitzuaren jardun-prozedurak egitea.
Beren eskumenagatik esku hartzen duten ezbeharrei buruzko ikerketak eta txostenak egitea, bai eta agintaritza eskudunak hala eskatuz gero ere.
Suteen aurkako babeseko eta salbamenduko teknikak, instalazioak eta sistemak aztertzea eta ikertzea.
Herritarrek suteen eta beste larrialdi batzuen prebentzioari eta lehen esku-hartzeari buruzko araudia hobeto ezagutzeko dibulgazio-kanpainak antolatzea eta horietan parte hartzea.
Prebentzio-eginkizunak betetzea suteen edo bestelako istripuen arriskua saihesteko edo murrizteko, prebentzio-dispositiboen bidez, indarrean dagoen araudia betetzen dela ikuskatuz, eta segurtasun-batzordeetan parte hartuz jendea biltzen den ekitaldietan.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko eskumen eta funtzioekin zuzenean lotutako modulu, irakasgai edo ikasketa-plan ofizialei buruzko edukiak lantzen eta ematen parte hartzea, bai barne-prestakuntzako planetan bai kanpokoetan aplikatzeko.
Indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkien gainerako eginkizunak, eta pertsonak, animaliak eta ondasunak babesteko beste edozein eginkizun, baldin eta beharrezkoak eta egitateekiko proportzionalak badira.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuek interes publikoko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan jardun ahal izango dute, eta laguntza teknikoa eman ahal izango diete zerbitzu horietako kideen gaitasun espezifikoaren eta dituzten baliabide materialen egokitasunaren arabera.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko udal-zerbitzuek, beren burua antolatzeko arauek xedatzen dutenaren esparruan eta beren lanbide-kualifikazioaren arabera, eraikin, lokal, instalazio edo jarduerei buruzko ikuskapen- eta txosten-lanak egin ahal izango dituzte jarduera horiek gaitzen dituzten lizentziak, baimenak edo bestelako tituluak emateko prozeduren esparruan, bai eta eska daitezkeen segurtasun-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko lanak ere.
Foru-zerbitzuek edo udalez gaindiko zerbitzuek horretarako behar den lankidetza eta aholkularitza eman ahal izango dute, aldez aurretik eskaera eginda. Eskaera hori udal interesdunarekin egindako agindu edo akordio baten bidez gauzatu ahal izango da.
Nolanahi ere, beren jardun-eremuko eraikin, lokal, instalazio edo jarduerak ikuskatu ahal izango dituzte, administrazio eskudunarekin koordinatuta, pertsonen eta ondasunen segurtasunerako arrisku potentzialen bat dagoela dakitenean.
Honako hauek dira suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen eta bertako langileen jarduteko oinarrizko printzipioak:
Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzea.
Behar den erabakitasunarekin jardutea kongruentzia-, azkartasun- zein egokitasun-printzipioen arabera eta, orobat, proportzionaltasun-printzipioaren arabera eskura dituzten bitartekoak erabiltzean.
Lagundu eta babestu behar dituzten pertsonak errespetuz eta begirunez tratatzea egoerak hala eskatzen duenean edo hala eskatzen zaienean.
Beste administrazio batzuekiko harremanetan, eskumen, lankidetza, koordinazioa, elkarlan, elkartasun eta elkarrekiko laguntzaren printzipioak beteko dituzte. Horretarako, beren jarduerak moldatuko dituzte mobiliza daitezkeen bitarteko eta baliabideen osagarritasunaren eta subsidiariotasunaren arabera eta larrialdi-planen aplikazioaren integragarritasunaren arabera.
Erakundeen arteko leialtasunaren printzipioaren arabera jardutea, arriskua dagoenean informazioa azkar ematea eta aginduak gardentasunez ematea lagungarri izan dadin ezbeharra ahalik eta azkarren amaitzeko, bizitzetan eta ondasunetan ahalik eta kostu txikiena eraginez.
Hierarkiaren eta mendekotasunaren printzipioen arabera jardutea, agintariekiko eta hierarkian gorago daudenekiko obedientzia eta errespetua adieraziz. Era berean, agintariek errespetuz eta proportzionaltasunez jokatuko dute beren agindupean daudenekiko.
Esleituta dituzten eginkizunak betetzea, egituraren hierarkizazioa kontuan hartuta. Hala ere, zor den obedientziak ezin izango du babestu ordenamendu juridikoaren aurkako egintzak betearaztea dakarren agindurik.
Suteak itzaltzeko eginkizunak betetzean, bai eta prebentzioko eta/edo larrialdiko beste esku-hartze batzuetan ere, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langileek beharrezkotzat eta neurrizkotzat jotzen duten guztia egin behar dute ezbeharra ezabatzeko edo prebenitzeko, pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko, eta horiei eragindako kalteak prebenitzeko edo mugatzeko.
Zehazki, esku hartzen ari diren suteetan edo ezbeharretan, eta proportzionaltasun- zein egokitasun-printzipioen eta kaltegarritasun txikieneko printzipioen arabera, honako hauek egin ahal izango dituzte:
Larrialdi-egoerari aurre egitera bideratutako zereginak prestatzeko eta gauzatzeko behar den informazioa lortzea, bai eta larrialdia gertatzen den lekuari buruzkoa ere.
Enpresa publiko eta pribatuetako segurtasuneko, suteen aurkako prebentzioko eta autobabeseko zerbitzuetako langileei aginduak edo jarraibideak ematea horretarako esleitutako eskumenen esparruan.
Higiezinetan sartzea, indarrez beharrezkoa bada, lokal edo lekuaren jabearen edo okupatzailearen baimenik gabe, beharrizan-egoera nabarmena dagoenean.
Ibilgailu bat mugitu, lekuz aldatu edo bertan sartzea titularraren baimenik gabe.
Bide publikoa moztea, trafikoa geldiaraztea eta erregulatzea segurtasun-indar eta -kidegorik ez badago.
Bide edo leku publikoetan egotea eta bertako zirkulazioa mugatzea edo murriztea, beharrezkoa denboran.
Pertsonak instalazioetara edo lekuetara sartzea murriztea.
Ezohiko eta behin-behineko beste segurtasun-neurri batzuk hartzea, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako baldintzetan, hala nola lokal eta establezimendu publikoak ixtea edo hustea, higiezinak eta jabetzak ebakuatzea larrialdi-egoeretan edo suteetan, hondamendietan edo lazeria publikoetan. Horretarako, jarraibide egokiak eman ahal izango dizkie eraginpeko pertsonei eta beste administrazio publiko batzuetako langileei, larrialdi-planek eta taktika operatiboek esleitzen dizkioten eginkizunen arabera.
Ikuskatzeko ahalmenak baliatuz, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langileek honako hauek egin ahal izango dituzte:
Lokaletan sartzea, beren eginkizunak betetzeko behar duten informazioa lortzeko, betiere egoitzan sartzeko muga konstituzionala errespetatuz; kasu horretan, sartzeko laguntza judiziala eskatu ahal izango da.
Lokalean dagoen edozein pertsonari eskatzea informazioa, dokumentuak eta erregistroak edo beste edozein laguntza mota emateko, ikuskatze-eginkizuna betetzeko beharrezkoa denean.
Lokaletan edozein dokumentu edo erregistro aztertu eta kopiatzea, datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa betez.
Ikuskapenak, neurketak eta probak egitea, eta beharrezkotzat jotzen dituzten laginak hartzea.
2. ATALA
ESKUMENAK
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen arloan, udalerriei dagokie:
Zerbitzuak sortu, antolatu eta mantentzea, toki-araubidearen legeriaren arabera zerbitzua ematera behartuta daudenean.
Hala badagokio, eraikinetan ezbehar-arriskuaren aurrean babes-maila egokia bermatzen duten ordenantzak onartzea.
Lizentziak, baimenak edo beste gaikuntza-titulu batzuk ematean aplikatu beharreko sektore-legeriak suteak prebenitzeko eta itzaltzeko arloan ematen dizkien ahalak baliatzea.
Zerbitzu horiek ematera behartuta dauden udalerriek zerbitzu horiek ematetik salbuesteko eskatu ahal izango diote dagokion lurralde historikoko foru-aldundiari, bi administrazioek adosten duten moduan, zerbitzuaren kudeaketan koordinazioa eta eraginkortasuna bermatze aldera.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen arloan, lurralde historikoetako foru-aldundiei dagokie:
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak sortu eta mantentzea, zerbitzu horiek izateko betebeharra ez duten udal-mugarteei estaldura emateko.
Udalerriei entzun ondoren eta Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeak txostena eginda, zerbitzuak emateko eremu geografikoak definitzea dauden zerbitzuak kontuan hartuta, eta zerbitzu horien estaldura lurralde historikoaren eremu osora zabalduko dela bermatzea, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.
Hala eskatzen duten udalak zerbitzua ematetik salbuestea, salbuesteko erabakian jasota utzita dagokion foru-aldundiak bere gain hartuko duela zerbitzua eta, hala badagokio, zein baldintzatan egingo den.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokie:
Lege hau erregelamendu bidez garatzea, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetan sartzeko araubidean komunak izan behar duten berezitasunei dagokienez.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren bitartez suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako kategorietan sartzeko prestakuntza ematea, eta gainerako prestakuntza-jardueretan laguntzea.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen titular diren administrazioei laguntza eskatzea beren lurralde-eremutik kanpo jarduteko, beharrezkoa denean, kalterik egin gabe lege honen 11.2 artikuluan xedatutakoari.
Gutxieneko kalitate-estandarren garapena eta, zerbitzuetan, trukatu daitezkeen ekipoen eta materialen erabilera bultzatzea, bai eta, bi urteko epean, esku-hartzeei buruzko estatistika-eredu komun bat eta jarduteko parte bateratu bat ezartzea ere, Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordearen bitartez.
Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordea suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko gaietan aholku emateko, eztabaidatzeko eta parte hartzeko kide anitzeko organoa da.
Batzordea segurtasun publikoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikitzen zaio.
Hauek dira Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordearen eginkizunak:
Zerbitzuak hobetzeko neurriak proposatzea eta zerbitzua emateko moduaren homogeneizazioa bultzatzea.
Zerbitzuak hobetzeko neurriak proposatzea, batez ere erantzuteko denborei eta zerbitzua emateko baldintza homogeneoei dagokienez, hiriburuaren eta/edo lurralde historikoaren berezitasunak eta ezaugarriak kontuan hartuta.
Zerbitzuen bitarteko teknikoen eta beharrezko baliabideen homogeneizazioa proposatzea, beren eginkizunen eraginkortasuna areagotzeko.
Zerbitzuen jarduera-metodo eta -protokoloen homogeneizazioa bultzatzea, arlo horretan jarduten duten administrazioen artean adostuta.
Zerbitzuetara bideratutako ikastaroen eta gainerako prestakuntza-jardueren programazioaz arduratzea.
Zerbitzuen arteko lankidetza-hitzarmenak bultzatzea.
Zerbitzu guztietarako estatistika-eredu komun baten ezarpena sustatzea.
Batzordearen proposamen eta txostenak ez dira lotesleak izango.
Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordea, zeinaren osaeran gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua bermatuko baita, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 20.3 eta 21.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera, kide hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen saileko zuzendari bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen administrazio titular bakoitzeko bi ordezkari.
Eusko Jaurlaritzako bi ordezkari, segurtasunaren arloko eskumena duen saileko titularrak hautatuak, batzorde honen eskuduntzekin lotutako arloetan duten erantzukizuna kontuan hartuta.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ordezkari bat.
Euskadiko udalen ordezkaritza handiena duen elkartearen ordezkari bat.
Euskadiko suhiltzaileen ordezkaritza handiena duen elkarte profesionaleko bi ordezkari.
Idazkaritza: Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan saileko funtzionario bat.
Batzordeko kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa izatea.
Batzordeko kideek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute beren eginkizunetan. Bileretarako deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta testu idatziak, oro har, euskaraz izapidetu ahal izango dira, Euskararen Normalkuntzarako Batzordeak hala erabakitzen badu. Bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.
Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen saileko titularrak batzordekideak izendatuko ditu beren erakunde, elkarte edo antolakundeek proposatutako pertsonen artean. Kargutik kentzeko, izendapenaren prozedura bera erabiliko da.
Batzordekideak ez daudenean, gaixorik daudenean edo kargua hutsik dagoenean, beren erakunde, elkarte edo antolakundeetako beste ordezkari batzuek ordezkatu ahal izango dituzte batzordekideak, idazkaritzari jakinarazi ondoren.
Aztertu beharreko gaiek hala gomendatzen dutenean, batzordekideak ez diren beste aditu batzuk ere deitu ahal izango dira bileretara, eta hitza izango dute baina botorik ez.
3. ATALA
ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak emateko, zerbitzuaren titularra den administrazio publikoak erabakitzen duen eta indarreko araudian aurreikusita dagoen zuzeneko kudeaketa-moduren bat erabiliko da.
Zerbitzua emateko betebeharra duten administrazio publikoek elkarren artean hitzartu ahal izango dute zerbitzuaren kudeaketa, partzuergo bat edo beste elkarte-erakunde batzuk sortuz. Zerbitzua partzuergoan emateak bermatuko du, bere lurralde-eremuan, betebehar horretatik salbuetsita dauden udalerrietan zerbitzua ematea.
Zerbitzu bakoitzak mendeko den administrazio publikoaren eskumeneko lurralde-eremuan beteko ditu bere eginkizunak.
Hala ere, eremu horretatik kanpo jardun ahal izango dute, baldin eta jarduketa hori beste erakunde publiko batekin egindako lankidetza-akordioen barruan sartzen bada edo, premia larria denean, beste lurralde bateko larrialdiaren agintaritzak hala eskatzen duenean.
Beren lurralde-eremutik kanpo ematen diren zerbitzuak beren nagusi hierarkikoen eta jarduten duten tokiko agintaritza eskudunaren mende egongo dira zuzenean.
Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldea suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetan antolatzen da. Zerbitzu horiek administrazio publikoek eratu edo eratuko dituzte, beren kabuz edo beste batzuekin elkartuta, lege honetan ezarritako printzipioen arabera.
Foru-aldundiek, zerbitzua lurralde historiko osora hedatzen dela bermatzeko, zerbitzu edo parke batek artatu behar dituen eremu geografikoak finkatuko dituzte, arriskuen eta bere kokapenaren zein baliabide erabilgarrien optimizazioaren arabera.
Eremu horietan, eragindako foru-aldundiak aldez aurretik ados jarrita, lurralde historiko bat baino gehiagoko udalerriak sartu ahal izango dira.
Zerbitzuaren eraginkortasuna optimizatzeko komenigarriagoa denean, foru-aldundiek zerbitzu propioak dituzten udalerriekin adostu ahal izango dute mugape edo eremu jakin batean foru-zerbitzuei dagozkien jarduera materialak kudeatzeko mandatua.
Zerbitzu edo parke baten jarduketa-eremuak udal-mugarte bat baino gehiago hartu behar dituenean mugatutako eremu geografikoen arabera, zerbitzua ematera behartuta dauden udalerriek eta, hala badagokio, dagokion foru-aldundiak, elkarren artean adostu ahal izango dute zerbitzua ematea ordenamendu juridikoan onartutako edozein lankidetza-moduren bidez.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen titularrak diren administrazioek elkarrekiko lankidetza-mekanismoak hitzartu ahal izango dituzte enpresa-suhiltzaileak edo autobabes-taldeak dituzten enpresekin, lege honen 5.2.b) eta 35.2 artikuluetan xedatutakoaren esparruan.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko gaietan eskumena duten administrazio publikoek lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko administrazio publikoekin, gune jakin batzuen estaldura hobetzeko.
Era berean, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzua ematera behartuta dauden erakunde publikoekin.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuek beren antolaketa eta funtzionamendua ezarriko dute.
Zerbitzu bakoitza suhiltzaile-parke bat edo gehiagotan antolatuko da, lurraldearen arabera bereizitako jarduketa-eremuekin.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuek berezko espezialista-zerbitzuak sortu ahal izango dituzte, edozein larrialdiren aurrean eta beren arrisku-balorazioaren arabera modu integralean erantzuteko bere ekintza-eremuaren barruan.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioak Administrazio Bereziko Eskalaren barruan daude, suteak itzaltzeko azpieskalan, eta ondoko kategoria hauen arabera hierarkizatuta:
Ikuskatzailea (A1): maila estrategikoko unitate teknikoak eta operatiboak zuzendu, koordinatu eta ikuskatzeko eginkizunak ditu, bai eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko beste eginkizun espezifiko batzuk ere.
Ofiziala (A2): maila estrategikoko unitate teknikoak zuzendu eta koordinatzeko eta koordinazio operatiboko eginkizunak ditu, bai eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko beste eginkizun espezifiko batzuk ere.
Ofizialordea (B): maila taktikoko aginte- eta koordinazio-eginkizun operatiboak ditu, ikuskatzaile eta ofizialei laguntza teknikoa emateko eginkizunak, bai eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko beste eginkizun espezifiko batzuk ere.
Sarjentua (C1): maila taktikoko aginte-eta koordinazio-eginkizun operatiboak ditu oinarrizko mailako talde operatibo baten edo batzuen gainean, bai eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko beste eginkizun espezifiko batzuk ere.
Kaporala (C1): oinarrizko interbentzio-taldeen aginte-eginkizun operatiboak ditu, bai eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko beste eginkizun espezifiko batzuk ere.
Suhiltzailea (C1): eginkizun operatiboak ditu, bai eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko beste eginkizun espezifiko batzuk ere.
Komunikazio-operadorea (C1): larrialdiko komunikazioak maneiatzeko, transmisioetarako, telefoniarako, herritarrei eta larrialdi-zerbitzuei telefono bidezko arreta emateko eginkizun operatiboak ditu, eta larrialdiaren testuinguruan eginkizun operatiboetan parte hartzekoak, larrialdiaren aginte nagusiaren mende.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei dagokie aginte-hurrenkera ezartzea larrialdi batean hierarkia-maila bereko langileak daudenean.
Aurreikusitako kategorietako langileek agintean jarduteak berekin ekar dezake zerbitzua ematearekin lotutako eginkizun eta zeregin administratibo eta ez-operatibo jakin batzuk betetzea, administrazio bakoitzak bere burua antolatzeko ahala baliatuz erabakitzen duenaren arabera.
Barne-harremanak, zerbitzuetan benetan lan egindako aldien garapenean, hierarkia- eta mendekotasun-printzipioetan oinarritzen dira, aginte-katearen arabera, haren erabilera legitimoan.
Zerbitzuek beharrezkotzat jotzen diren beste teknikari, administrari edo hainbat lanbidetako beste langile batzuk izan ditzakete atxikita.
Zerbitzuek aldi baterako langileak kontratatu ahal izango dituzte laguntza-lanak edo sasoiko lanak egiteko. Aldi baterako lan-kontratudun langileak edo bitarteko funtzionarioak kontratatzeko, kontuan hartuko da bete beharreko premiak lan-kontratuko langileentzat edo funtzionarioentzat erreserbatuta dauden.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioak agintaritzaren agentetzat hartuko dira lanean ari direnean edo, zerbitzutik kanpo egonik, edozein motatako ezbeharretan edo berehalako arrisku-egoeratan esku hartzen dutenean, betiere aldez aurretik zerbitzu horietako funtzionarioak direla egiaztatzen badute.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langileek beren eginkizunak betetzean izan behar dituzten uniformeak eta norbera babesteko ekipamenduak zerbitzu horiei esleitutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren arauzko jantziak izango dira.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langile guztiek akreditazio profesionaleko dokumentu bat izango dute, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailak egina eta dagokion zerbitzuaren titularra den administrazioak emana.
Akreditazio profesionalaren dokumentuan erregelamendu bidez zehaztuko diren ezaugarri fisiko eta segurtasun-ezaugarri komunak jasoko dira eta, gutxienez, honako hauek jasoko dira bertan: langilea kide den zerbitzua, lanbide-kategoriaren identifikazioa eta norberaren erregistro-zenbakia.
Identifikazio profesionaleko zenbakiak identifikazio-elementu gisa balioko du, eta uniformean agertu beharko du.
Erregelamendu bidez erregistro bat sortuko da, Eusko Jaurlaritzan babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikia eta, bertan, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langile guztiak inskribatuko dira.
Erregistroaren helburua izango da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko giza baliabide guztiei buruzko informazioa edukitzea, hain zuzen ere, plangintza egiteko ardura duten organoek giza baliabideen bilakaeraren azterketa eta jarraipena egiteko behar dutena. Elkarreraginkortasuna lortu nahi den helburuari lotuta eta hark baldintzatuta egongo da.
Erregistroaren sorrera eta kudeaketan datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa bete beharko da.
4. ATALA
BERDINTASUNAREN SUSTAPENA
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen titularrak diren administrazioek bermatuko dute Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan jasotako xedapenak aplikatuko direla zerbitzu horietan sartzeko, lanpostua betetzeko eta mailaz igotzeko hautaketa-prozesuetan, eta sustatuko dute emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoko suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko jardueretan.
Berariaz edo berdintasun-planen parte gisa, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetan emakumeak sustatzeko planak egingo dira, zerbitzu horietan sartzeko, lanpostuak betetzeko eta mailaz igotzeko hautaketa-prozesuetan emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna bermatzeko.
Plan horiek ezarriko dute, kasuan kasuko plangintzaldirako, dagokion zerbitzuko plantillan emakumeen ordezkaritza txikiegia zuzentzeko eta zerbitzuaren eraginkortasuna areagotzeko lortu nahi den emakumeen ehunekoa, eta neurri espezifikoak hartu ahal izango dituzte emakumeen alde egitezko desberdintasun nabariak zuzentzeko, desberdintasun horiek irauten duten bitartean. Neurri horiek zentzuzkoak eta proportzionatuak izan beharko dute lortu nahi den helburuarekiko.
Zerbitzuen titularrak diren administrazioek beren langileei zuzendutako politikak jarriko dituzte abian, laneko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta desagerrarazteko. Politika horiek, besteak beste, jarduera-protokoloak egitea eta aplikatzea aurreikusi behar dute.
Euskal administrazio publikoetako suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioen estatutu-araubidea izango da haiek kide diren euskal administrazio publikoetako gainerako langileentzat aurreikusitakoa, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan berariaz aurreikusita ez dagoen guztian.
Kapitulu honetan aurreikusitako araubidea ez zaie aplikatuko lege honen 15.5 artikuluan aipatutako teknikari, administrari edo hainbat lanbidetako beste langileei. Langile horiek beren kategoriari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, eta kide diren administrazioko gainerako langileentzat oro har ezarritako administrazio-araubideak xedatutakoa beteko da.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioak honako kategoria eta sailkapen-talde hauen barruan daude, hierarkikoki antolatuta:
Ikuskatzailea: A sailkapen-taldekoa eta A1 azpitaldekoa.
Ofiziala: A sailkapen-taldekoa eta A2 azpitaldekoa.
Ofizialordea: B sailkapen-taldekoa.
Sarjentua: C sailkapen-taldekoa eta C1 azpitaldekoa.
Kaporala: C sailkapen-taldekoa eta C1 azpitaldekoa.
Suhiltzailea: C sailkapen-taldekoa eta C1 azpitaldekoa.
Komunikazio-operadorea: C sailkapen-taldekoa eta C1 azpitaldekoa.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen titularrak diren administrazio publikoek, suhiltzailearen kategoriaz gain, esku-hartze operatiboetan hiru aginte-mailak bermatuko dituzten kategoriak sortuko dituzte:
kaporala, lehen esku-hartzeko aginte gisa,
sarjentua eta/edo ofizialordea, aginte taktiko gisa,
ofiziala eta/edo ikuskatzailea, aginte estrategiko gisa.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetan sartzeko, oposizio eta oposizio-lehiaketako sistemak erabiliko dira, eta horiek osatuko dira, hautaketa-prozesuaren beste fase bat bezala, prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak eginez.
Suhiltzaile kategorian sartzeko, oposizio edo oposizio-lehiaketa askeko sistemak erabiliko dira.
Kaporal eta ofizialorde kategorietan sartzeko, barne-sustapena erabiliko da, oposizio edo oposizio-lehiaketako sistemen bidez.
Gainerako kategorietan barne-sustapenaren bidez eta/edo txanda irekiaren bidez sartuko da, oposizio edo oposizio-lehiaketako sistemen bidez, dagokion administrazioak bere burua antolatzeko duen ahalaren arabera. Deialdi bakoitzean lanpostuen ehuneko jakin bat gorde ahal izango da barne-sustapenerako.
Txanda irekia barne hartzen duten sarjentu-lanposturako deialdiak egiten direnean, deitutako lanpostuen % 75 barne-sustapenerako gordeko da, txanda irekirako gutxienez plaza bat bermatuz. Barne-sustapenerako erreserbatutako lanpostu hutsak betetzen ez badira, txanda irekian eskainitakoei gehituko zaizkie.
Barne-sustapeneko deialdietan parte hartzeko, eta kategoria bakoitzean sartzeko ezarritako baldintza orokorrei kalterik egin gabe, funtzionarioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
Eskatutako titulazioa izatea eta beheragoko hurrengo hierarkia-kategorian zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan egotea, edo eszedentzian egotea senideak zaintzeko, indarkeria terroristagatik edo genero-indarkeriagatik.
Beheragoko hurrengo hierarkia-kategorian karrerako funtzionario gisa hiru urtez jardun izana.
Eginkizunak betetzeko eskatzen diren baldintza fisikoak eta psikikoak betetzea, deialdian ezarritakoaren arabera.
Bigarren jarduerako egoeran ez egotea, haurdunaldiagatik izan ezik.
A taldeko ofizial kategoriara eta A2 azpitaldera igotzeko eskatzen den titulazioa duten sarjentu kategoriako funtzionarioek kategoria horretara igo ahal izango dira, baldin eta barne-sustapenerako gainerako baldintzak betetzen badituzte eta zerbitzuaren ardura duen administrazioak ofizialorde lanpostua sortu ez badu.
Hautaketa-prozesuek zaindu egingo dute egin beharreko proben eta bete beharreko eginkizunen edukiaren arteko egokitasuna. Horretarako, hautaketa prozesuetan sartu ahal izango dira ezagutza-ariketa orokorrak edo espezifikoak, teorikoak edo praktikoak, test psikoteknikoak, gaitasun fisikoko probak, elkarrizketak eta eginkizuna betetzeko baldintza kognitibo, psikiko eta fisiko egokienak betetzen dituzten pertsonak hautatzea bermatzeko egokiak diren beste edozein sistema.
Eusko Jaurlaritzak, zerbitzuen titularrak diren administrazioei entzun ondoren, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuetako programei, edukiari, egiturari eta medikuntzako bazterketen taulei buruzko oinarrizko arauak zehaztuko ditu.
Dagokion zerbitzuaren titularra den administrazio deitzaileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren esku utzi ahal izango du zerbitzuetako eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuak gauzatzea.
Hautaketa-prozeduretako sailkapen-ordenako puntuazio-berdinketak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako irizpideen arabera ebatziko dira, lege horretan aurreikusitako kasuetan.
Suhiltzaile, sarjentu, ofizial eta ikuskatzaile kategorietan txanda irekiaren bidez sartzeko hautaketa-prozeduretan, emakumeek bete beharreko plaza kopurua zehaztuko da dagokion suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko helburua betetze aldera, sustapen-planean aurreikusitakoaren arabera.
Plaza kopuru hori lortu nahi diren helburuekiko proportzionala izango da, eta ezin izango da deialdiko plazen % 40 baino handiagoa izan, ez eta emakumeak sustatzeko planei eta hautaketa-prozesuetan parte hartzen duten eta prozesu horiek gainditzen dituzten emakumeen ehunekoari buruzko datu estatistiko historikoei jarraikiz arrazoiz ezartzen den ehunekoa baino txikiagoa ere.
Oro har, emakumeak sustatzeko plan horiek egiten ez diren bitartean, gutxieneko ehunekoa ezingo da izan % 25 baino txikiagoa, baldin eta hiru plaza baino gehiago deitzen badira.
Aurreko paragrafoan aipatutako hautaketa-prozeduretan, izangaien azken zerrenda bakar bati jarraituz esleituko dira deialdiko lanpostu hutsak, lortutako puntuazio-ordena eta berdinketa hausteko legez dauden irizpideak kontuan hartuta.
Aurreko paragrafoan aipatutako ehunekoaren helburua ez bada lortzen aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, emakumezko hautagaiak lehenetsiko dira gizonezko hautagaien aurretik, harik eta lortu nahi den helburua bete arte, baldin eta:
Gaitasun-baliokidetasuna badago, hautaketa-sistemako oposizio-faseko probak eta ariketak gainditzeagatik.
Lehentasun hori aplikatuz hautatutako emakumezko hautagaiek ez badute % 15etik gorako puntuazio-diferentziarik baztertzen diren gizonezko hautagaien aldean oposizio-fasean eta, hala badagokio, lehiaketa-fasean, hautaketa-sistemaren arabera.
Beste hautagaiarengan ez badago neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duen legezko arrazoirik, sexu-arrazoiengatik diskriminatzaileak ez badira ere; esate baterako, enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.
Aurreko paragrafoan aipatutako lehentasuna bakarrik aplikatuko da hautaketa-prozesuaren deialdiari dagokion kategorian eta sailkapen-taldean emakumezko funtzionarioen % 33 edo gehiago ez dagoen bitartean.
Prestakuntza-ikastaroek eta praktikaldiek ezin izango dute erregelamendu bidez ezarritakoa baino laburrago edo luzeagoak izan, eta baztertzaileak izango dira. Gainditu ezean, izangaia automatikoki baztertuko da hautaketa-prozesutik, eta dagokion kategorian sartzeko izan ditzakeen eskubide guztiak galduko ditu.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokio sartu aurreko prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak programatzea, antolatzea eta garatzea, hargatik eragotzi gabe akademiak zerbitzuen prestakuntza-zentroei haiek eskuordetzeko aukera.
Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia kategoria bakoitzerako zehaztuko dira, eta eduki eta iraupen desberdinak izan ditzakete txanda irekian edo barne-sustapenean sartzen direnentzat.
Txanda irekiko izangaien kasuan, prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak ezin izango dira aldi berean egin.
Praktikaldiak egingo dira, izangaien prestakuntza integrala lortzeko eta xede-administrazioaren zerbitzuaren egitura eta funtzionamendua bereziki ezagutzeko egokienak diren zentro edo bulegoetan, beren jarduera-arloen arabera.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak baliozkotu ahal izango du izangaiek egin eta egiaztatutako prestakuntza, indarreko legerian xedatutakoaren arabera.
Prestakuntza-ikastaroetara eta praktikaldietara sartzen diren izangaiak praktiketako funtzionario izendatuko dira, eta egoera horretan egongo dira prestakuntza-ikastaroa hasten denetik karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa-prozesutik baztertu arte.
Praktiketako funtzionarioek sartu nahi duten kategoriako sailkapen-taldeari dagozkion soldataren eta aparteko ordainsarien baliokidea den ordainsaria jasoko dute. Ordainsari hori handitu egingo da praktikak lanpostu bat betez egiten badira, lanpostu horri esleitutako ordainsari osagarriekin. Hala eta guztiz ere, kidego bereko beste kategoria batekoak direnek, kategoria horretan zerbitzu aktiboan badaude, jatorrizko lanpostuan dituzten ordainsariei eutsiko diete, salbu eta apartatu honetan aurreikusitakoak jasotzea aukeratzen badute.
Praktikaldian zehar bi praktikaldi motak egiten badira, ikastaroa eta lanpostuan, ordainsaria aldi bakoitzari dagokiona izango da, aurreko paragrafoaren arabera.
Prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak irauten duten bitartean, edo horiek amaitzean, behar adina proba mediko egin ahal izango zaizkie hautagaiei, kategorian sartzeko ezarritako medikuntzako bazterketen taulara egokitzen direla egiaztatzeko. Egindako probetatik ondorioztatzen bada baztertzeko arrazoiren bat dagoela, organo arduradunak proposatuko du, gaixotasunaren edo akats fisikoaren larritasunaren arabera, izangaia hautaketa-prozesutik kanpo uztea, eta organo eskudunari egokituko zaio dagokiona ebaztea.
Prestakuntza-zentro arduradunek esleitutako kalifikazioak lotesleak izango dira karrerako funtzionario izendatzeko eskumena duen administrazio-organoarentzat, hargatik eragotzi gabe organo horrek kalifikazio horiek berrikusteko aukera administrazio-prozedura arautzen duen araudian aurreikusitako moduan.
Sailkapen-talde bereko kategorien barruko barne-sustapenaren kasuan, prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak kategoria berrian bereganatu beharreko erantzukizun handiagoarekin lotutako trebetasunak edo ezagutzak lortzera bideratutako edukia izango dute.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako karrerako funtzionarioak, medikuaren irizpenaren arabera ohiko zerbitzua osorik betetzeko gaitasuna murriztuta badute, eginkizun operatiboetatik kenduko dira eta bigarren jarduerako egoerara pasako dira, baldin eta baliaezintasun absolutua edo baliaezintasun handia aitortzen ez bazaie.
Beren burua antolatzeko duten ahalaren arabera, zerbitzuen titular diren administrazioek bigarren jarduera arautu ahal izango dute.
Era berean, haurdun dauden funtzionarioak bigarren jarduerako egoerara igaro ahal izango dira aldi baterako, haurdunaldi-egoera egiaztatu ondoren. Bigarren jarduerako egoera hori erditu ondorengo aldira eta/edo edoskitzarora luzatu ahal izango da, gehienez ere bi urtera arte.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioen diziplina-araubidea kide diren administrazioko gainerako enplegatu publikoen diziplina-araubide bera da, zerbitzu-motaren ondorioz hurrengo artikuluetan jasotzen diren tipifikazio bereziekin.
Enplegatu publikoen legeria orokorrean tipifikatutakoez gain, honako hauek dira falta oso astunak:
Zerbitzuan egonda, ezbeharren deietara ez joatea.
Agintariei edo haien gainetik daudenei men ez egitea, banaka edo taldean, eta haiek emandako bidezko jarraibideei ez obeditzea.
Edari alkoholdunak, droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak kontsumitzea zerbitzuan eragina duenean edo izan dezakeenean, bai eta, zerbitzuan egonda, dagozkion egiaztapen teknikoak egiteari uko egitea ere.
Zerbitzuaren zaintzapeko dokumentuak faltsutzea, ostea, simulatzea edo suntsitzea.
Zerbitzuko materiala edo ekipamendu pertsonaleko gauzak ostea.
Edozein zerbitzu-mota emateagatik gratifikazioak eskatzea edo jasotzea.
Falta astunak errepikatzea. Falta astuna errepikatutzat joko da baldin eta falta egitean arau-hausleari aurretik ebazpen irmo baten bidez zehapena ezarri bazaio, ezeztatu ez diren bi falta astunengatik.
Laneko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena.
Enplegatu publikoen legeria orokorrean tipifikatutakoez gain, honako hauek dira falta astunak:
Funtzionarioaren duintasunaren aurkako egintzak eta jokabideak, eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuaren irudia eta prestigioaren aurkakoak.
Nagusiei jakinarazi beharreko edozein gairen berri emateko betebeharra ez betetzea.
Eskudantziez abusatuz jardutea herritarren kaltetan.
Uniformea edo zerbitzuko materiala erabiltzea zerbitzua ematearekin zerikusirik ez duten egoeretan.
Esku-hartzeetan edo praktiketan eskatzen zaizkien norbera babesteko ekipamenduak eramateari uko egitea.
Zerbitzuan egonda, edari alkoholdunak, droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak kontsumitzea edo dagozkion egiaztapen tekniko egiteari uko egitea.
Lan-ordutegitik kanpo haiek lokalizatzeko baliabide bat emateari uko egitea, zerbitzuaren premia posibleen aurrean, edo emandako bitartekoaren bidez egindako deiei behin eta berriz ez erantzutea.
Zerbitzuz kanpo egonda, ez agertzea suteetan edo bestelako ezbeharretan laguntza emateko eskatzen zaienean, baldin eta interesdunak agindua jaso badu, salbu eta ezinezkoa denean edo arrazoi justifikatua dagoenean.
Azterketa fisikoak eta medikuntza prebentibokoak egiteari uko egitea, bai eta kategoria bakoitzeko azterketa mediko espezifikoa egiteari ere.
Arrazoi justifikaturik gabe derrigorrezko prestakuntza-programetan edo -ikastaroetan parte hartzeari uko egitea, edo prestakuntza-ekintzak behar bezala garatzea eragozten duen eran parte hartzea.
Zerbitzuko materiala eta ekipoak gaizki edo zabarkeriaz erabiltzea.
Falta arinak errepikatzea. Falta arina errepikatutzat joko da, baldin eta falta egitean arau-hausleari aurretik ebazpen irmo baten bidez zehapena ezarri bazaio, ezeztatu ez diren bi falta arinengatik.
Enplegatu publikoen legeria orokorrean tipifikatutakoez gain, honako hauek dira falta arinak:
Itxura txukuna ez izatea.
Dagokion txanda-aldaketara uniformez behar bezala jantzita ez joatea, justifikatutako arrazoirik gabe.
Oinarrizko edozein eginkizun ez betetzea, falta astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez denean.
Enpresa-suhiltzailetzat hartuko dira beren enpresa publiko edo pribatuetan lan hauek egiten dituzten langileak: suteak itzaltzea, kalte pertsonalak eta materialak minimizatzeko esku hartzea, sute- eta leherketa-arriskuak prebenitzeko neurriak hartzea, babes- eta segurtasun-instalazioen funtzionamendua kontrolatzea, suteen aurkako instalazioak mantentzea eta aurrekoekin lotutako beste lan batzuk.
Enpresa-suhiltzaile izateko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako ziurtagiria eduki beharko da, akademiak berak ezarritako prestakuntza gainditu ondoren.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, ikastaroak egin aurretik, aipatutako gaiekin lotutako prestakuntza-ekintzak homologatu ahal izango ditu, baldin eta erakunde horrek ezarritako baldintzak betetzen badira ikastaroen helburu, programa, eduki, iraupen, ebaluazio-sistema eta baliabide materialei dagokienez.
Beren jarduera egiten duten enpresaren autobabes-plana aktibatzen den kasuetan, enpresa-suhiltzaileek plan horretan ezarritakoaren arabera jardungo dute.
Enpresako langileek berezkoak dituzten eginkizunak beteko dituzte eta, ezbehar baten ardura bere gain duen eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuaren aginte operatiboa duen pertsonak hala eskatuz gero, haren koordinaziopean eta zuzendaritzapean jardungo dute, hark modu arrazoituan hala baloratzen duenean.
Enpresari eragiten dion babes zibileko plan bat aktibatzen bada eta horrek suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzu baten esku-hartzea eskatzen badu, enpresa-suhiltzaileen jarduna planean xedatutakoak zehaztuko du, eta zerbitzu horretako agintariaren zuzendaritzapean eta koordinaziopean jardungo dute.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen titularrak diren administrazioek behar diren lankidetza-hitzarmenak formalizatuko dituzte zerbitzu horietan sartzeko, eguneratzeko, hobetzeko eta espezializatzeko prestakuntza ezartzeko, elkarri bitarteko materialak, ekonomikoak edo pertsonalak emanez.
Euskal hezkuntza-agintariek larrialdietako eta babes zibileko teknikari titulua eta larrialdiak koordinatzeko eta babes zibileko goi-mailako teknikari titulua eskuratzera bideratutako irakaskuntzak garatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailaren txostena beharko da. Txosten horrek arlo horretan indarrean dagoen legeriatik eratorritako beste eskakizun osagarri batzuk ere eskatu ahal izango ditu.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako kategorietan sartzeko prestakuntza-ikastaroek eta praktikaldiek kontuan izango dituzte, edukietan eta programazioan, aurreko paragrafoan aipatutako irakaskuntzak, baliozkotu ahal izateko.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Barne-erregelamenduak egokitzea.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuek lege honen aginduetara egokituko dituzte beren estatutuak, barne-erregelamenduak, bai eta beren egitura, antolaketa eta funtzionamendua ere, gehienez ere hiru urteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera.
Euskal administrazio publikoetako suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuek, halakorik ez badute, hiru urteko epea izango dute beren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua egiteko, lege hau indarrean jartzen denetik. Erregelamendu hori lege honetan ezarritako gutxieneko irizpide eta edukietara egokitu beharko da.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Lanbide-egitura berrira egokitzea.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen titular diren administrazio publikoek gehienez ere lau urteko epea izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik, beren lanpostuak egokitzeko lege honetan aurreikusitako sailkapen-taldeetara, xedapen iragankor honetan aurreikusitakoaren arabera.
Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioak lege honetan aurreikusitako kategoria berrietan sartzeak egokitzapen horrekin batera izango ditu ondorioak, eta honela jardungo da:
Egungo ikuskatzaileen eta ofizialen kategorietako funtzionarioak ikuskatzaileen kategoria berrian sartuko dira.
Egungo ikuskatzaileordeen kategoriako funtzionarioak ofizialen kategoria berrian sartuko dira.
Ofizialordeen kategoriako funtzionarioak desagertzear dagoen kategoria horretan mantentzen dira eta aginteko hierarkia-katean dituzten eginkizun eta erantzukizunei eutsiko diete. Hala ere, zerbitzuaren titularra den administrazioak langile horiek B sailkapen-taldeko ofizialordearen kategoria berrian integratu ahal izango ditu barne-sustapeneko prozedura baten bidez, betiere, sailkapen-talde horri dagokion titulazioa badu, edo hiru urteko antzinatasuna badu C1 taldeko kategorietan, edo bi urteko antzinatasuna baldin eta berariazko ikastaro bat gainditzen badu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.
Egungo sarjentu kategoriako funtzionarioak kategoria horretan integratuko dira.
Kaporal eta suhiltzaile kategorietako funtzionarioak kategoria horietan mantenduko dira, eta kategoria horiek desagertu egingo dira.
Hala ere, zerbitzuaren titularra den administrazioak langile horiek C1 sailkapen-azpitaldeko kaporal eta suhiltzaile kategoria berrietan integratu ahal izango ditu, hurrenez hurren, barne-sustapeneko prozedura baten bidez, baldin eta sailkapen-talde horri dagokion titulazioa badute, edo hamar urteko antzinatasuna badute C2 taldeko kategorietan, edo bost urteko antzinatasuna baldin eta prestakuntza-ikastaro espezifiko bat gainditzen badute, irizpide objektiboen araberako sarbidea izango duena.
Integrazio-prozesua amaitu ondoren osatutako hirurtekoak sailkapen-talde berria kontuan hartuta ordainduko dira, eta lehenago osatutakoak osatu ziren unean zegokion sailkapen-taldearen arabera ordaintzen jarraituko da.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Hautaketa-prozesuak.
Lege hau indarrean jartzean abian diren hautaketa-prozesuak aurreko araudiaren arabera arautuko dira.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Enpresa-suhiltzaileak.
Enpresa-suhiltzaileak dituzten enpresa edo erakunde guztiek, lau urteko epean, behar diren jarduketak egin beharko dituzte langile horiek lege honetan ezarritako betekizun eta baldintzekin sartzeko.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak baliozkotu ahal izango ditu enpresa-suhiltzaileen prestakuntza-ziurtagiriak edo beste autonomia-erkidego batzuek emandako ziurtagiri baliokideak, organismo horrek ezartzen duen prozeduraren arabera.
Indargabetuta geratzen dira Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren V. kapitulua, «Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak» izenekoa, apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena; Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman duten borondatezko parte-hartzeari buruzko urtarrilaren 19ko 24/2010 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria, otsailaren 26ko 30/2019 Dekretuaren bidez aldatu zena, bai eta lege honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen ere.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 30a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Partzialki indargabetzen du: 1/2017 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
- Partzialki indargabetzen du: 24/2010 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman duten borondatezko parte-hartzeari buruzkoa.