Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

8/2015 LEGEA, urriaren 15ekoa, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 200
  • Hurrenkera-zk.: 4419
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 2015/10/15
  • Argitaratze-data: 2015/10/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 8/2015 Legea, urriaren 15ekoa, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie euskadiko herritan guztiei.

Emakume nekazarien estatutu bat onartzeko arrazoia da emakumeek nekazaritzaren sektorean jasaten duten bereizkeriari aurre egiteko beharra: batik bat, profesionaltzat joak eta gizartean aintzat hartuak izateari dagokionez, bai eta beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak egiaz gauzatzeari dagokionez.

Estatutu honen abiapuntuan emakume nekazarien eskubideak daude, eta eskubide horiek egiaz gauzatzea bermatzeko herri-administrazioek dituzten betebeharrak zehazten ditu. Hortaz, lege honek beharrezko neurriak jasotzen ditu nekazaritzaren sektorean emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berberak izatea lortzeko eta genero-ikuspegia sektorearen arlo guztietan sartzeko, emakumeen eta gizonen baldintzak eta beharrak diferenteak izaki.

Historian zehar emakumeek jasan duten bereizkeria islatu egiten da emakume nekazari askoren egungo egoeran. Ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioa handitu egin bada ere, proportzioa desorekatua da oraindik. Ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioa ez dator bat emakumeek haietan egiaz egiten duten lanarekin; izan ere, askotan, lan horiek guztiz ikusezinak bihurrarazi dira. Emakume nekazariek ustiategien titulartasuna eskura dezaten sustatzea da lege honen lehentasunetako bat, haien lana ikusarazteko eta haiek lan horren ondorio diren eskubide guztiak lortu ahal izateko. Lege honek hartzen duen beste esparru bat nekazaritza-ustiategietan kontratatzen diren pertsonena da; izan ere, sektore horretan, emakumeen kontratazioa gizonena baino txikiagoa da nabarmen.

Baserritar gazteen egoerari dagokionez, desberdintasunak agertzen dira oraindik sexuen artean; izan ere, gazteen esku dauden ustiategietan, titularrak diren emakumeen ehunekoa gizonena baino askoz txikiagoa da. Beharrezkoa da, beraz, neurriak hartzea, emakume eta gizon gazteen arteko egiazko berdintasuna sustatzeko eta emakume gazteek lan-aukerak izateko, hala nahi badute landa-inguruneetan jarraitu ahal izan dezaten eta belaunaldi arteko ordezkatzea erdietsi.

Jardueraren neurri ekonomikoa zenbat eta handiagoa izan, emakumeek hartzen dituzten erabakien ehunekoa txikiagotu egiten da. Nekazaritzaren arloko erabaki-organoetan emakumeek duten parte-hartzea gizonena baino askozaz txikiagoa da: agerikoa da, alde horretatik, bermatu egin behar dela emakume nekazariek erabaki-organoetan presentzia izatea eta parte hartzea. Esparru publikoan duten partaidetzan emakumeek jasaten dituzten desberdintasunei aurre egitea ezinbestekoa da, nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko.

Zereginak banatzeko ohiko ereduak desberdintasun handiak sortzen ditu emakumeen eta gizonen artean; eta hori azpimarratu beharreko beste alderdi bat da, emakumeak lan-merkatuan sartzea ez dadin izan lan-zama gehigarri bat, kasu askotan emakumeek ia osorik hartu dituzten etxeko lanak eta zainketa-lanak partekatu ezin dituztelako. Etxeko lanari eta zainketa-eginkizunei gizonek eskaintzen dieten denboraren bikoitza baino gehiago eskaintzen diete emakumeek. Aitzitik, emakumeek gizonek baino askoz ere denbora gutxiago daukate aisialdirako.

Beste alde batetik, nekazarien laneko arriskuen prebentzioa gizonezkoen osasunari kalte egin diezaioketen alderdietan oinarritu da beti, gero emakumeengan eta gizonengan dituzten ondorioak orokortuz. Hala ere, lan-merkatuan sexuen artean dagoen lan-bereizketa handiaren ondorioz, emakumeak eta gizonak lan-ingurune diferenteetan aritzen dira, tentsio mota diferenteekin, baita sektore berean eta lanbide berean ere. Hori dela eta, emakumeen eta gizonen osasunaren gaineko faktore bereizgarriak aintzat hartu behar direla proposatzen da, eta nekazaritzako lanean emakumeen osasuna bermatzeko neurri egokiak hartu behar direla.

Azkenik, emakume nekazarien eta gizon nekazarien arteko egiazko berdintasuna lortzeko beste ezinbesteko zeregin bat da dagozkion neurri guztiak abiaraztea nekazaritzaren arloan gertatzen diren sexu-jazarpen eta jazarpen sexista kasuei aurre egiteko, kontuan izanda arlo horretako jazarpenen ezaugarri bereziek berariazko tratamendu bat eskatzen dutela.

Emakume Nekazarien Estatutu honek ez dauka aurrekaririk araudian, nahiz eta estatutuak lantzeko gomendioak eta baita aginduak ere ugari izan. Hala, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 157. artikuluko 4. paragrafoan adierazten denez, estatu kideek neurriak manten edo har ditzakete, abantaila zehatzak eskaintzeko, ordezkaritza txikiena duen sexuak autonomo-jarduerak egiteko erraztasuna izan dezan, edo sexu horretako pertsonek lanbide-karreran dauzkaten desabantailak saihestu edo orekatu daitezen.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko uztailaren 7ko 2010/41/EB Zuzentarauak, autonomo-jarduera bat egiten duten gizonen eta emakumeen artean tratu berdinaren printzipioa ezartzeari buruzkoak, esparru bat finkatzen du autonomo-jarduera bat egiten duten edo horrelako jarduera bat egiten laguntzen duten gizonen eta emakumeen artean tratu berdinaren printzipioa betetzeko estatu kideetan.

Aipatzekoak dira, orobat, Kontseiluaren 1978ko abenduaren 19ko 79/7/EEE Zuzentaraua, gizarte-segurantzaren gaian gizonen eta emakumeen arteko tratu berdinaren printzipioa progresiboki ezartzeari buruzkoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 2006/54/EE Zuzentaraua, enplegu- eta langintza-gaietan gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren eta tratu berdinaren printzipioa ezartzeari buruzkoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez landa-garapenean laguntzeari buruzkoak, estatu kideei aukera ematen die landa-garapenerako programen barnean azpiprograma tematiko batzuk sartzeko, landa-eremuko emakumeen berariazko beharrei helduko dietenak.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gaian botere publikoek euren jardunean erabili beharreko printzipio orokorrak; halaber, neurri batzuk arautzen ditu lege horretan, bizitzako esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna eta tratu berdina sustatu eta bermatzeko, eta, bereziki, emakumeen estatus sozial, ekonomiko eta politikoa indartzeko eta haien autonomia bultzatzeko. Horren guztiaren azken xedea da berdintasunezko gizarte bat lortzea, bertan pertsona guztiak aske izan daitezen, bai esparru publikoan eta bai pribatuan, sexuaren araberako ohiko rolek ezarritako mugarik gabe beren gaitasun pertsonalak garatzeko eta erabakiak hartzeko, eta gizarte horretan emakumeen eta gizonen jokaerak, asmoak eta beharrak berdin kontuan izateko, balioesteko eta bultzatzeko.

4/2005 Legearen printzipioen artean daude: tratu berdina bereizkeriaren debekutzat hartuta, aukera-berdintasuna, aniztasuna eta diferentzia errespetatzea, genero-ikuspegiaren integrazioa, ekintza positiboa, sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea eta ordezkaritza orekatua erabakiak hartzeko eremu guztietan.

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak, berriz, emakume nekazariei babes irmo eta erabakia eskaintzen die, eta lehentasunez nahi ditu lagundu eta sustatu. Hala, 75. artikuluak emakume nekazarien estatutu bat egiteko agintzen du eta emakumeei begira sustatu beharreko ekintza positiboak zerrendatzen ditu. Era berean, helburuen artean dago «emakumeek nekazaritzan eta elikagaigintzan egiten duten lana aintzatestearen alde egitea, sektorean jarrai dezaten laguntzea, eta beren bidea baldintza berdinetan gara dezaten laguntzea; halaber, elkarte eta taldeetan sar daitezen bidea erraztea».

Nekazaritza-ustiategien titulartasun partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legeak figura hori arautzen du, landa-eremuan emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko eta laguntzeko, emakumeek nekazaritza-jardueran duten parte-hartzearen aintzatespen juridiko eta ekonomikoaren bidez. Lege horretan, titulartasun partekaturik ez dagoen kasurako, ezkontidearen edo antzeko afektibotasun-harreman batez lotutako pertsonaren alde sortutako eskubide ekonomikoak arautzen dira, nekazaritza-ustiategiaren titularraren aurrean, ustiategian egiaz egindako ohiko nekazaritza-jardueraren kontraprestazio gisa.

Estatutuak hogeita hamaika artikulu ditu, hiru xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen. Sei titulutan egituratuta dago: xedapen orokorrak, nekazaritza-ustiategien titulartasuna, emakumeen ordezkaritza sektorean, gizarte-eskubideak, haien lana aintzatestea eta ikusaraztea eta, azkenik, estatutuaren segimendu-batzordea.

  1. tituluan, xedapen orokorrei buruzkoan, estatutuaren xedea eta oinarrian dituen printzipioak definitzen dira. Orobat, definizioak dituen artikulu bat dago: horietako batzuk kontzeptu orokorrak arau honen esparrura moldatzeko dira; eta gainerakoetan, beste arau batzuetan definituta dauden kontzeptuak bildu dira, testu hau errazago ulertu eta erabiltzeko.

  2. titulua emakumeek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzearen ingurukoa da. Emakume nekazariek titulartasuna eskuratzea sustatzeko neurriak jasotzen ditu. Titulartasun partekatuaren figura garrantzi handiko tresna izatera deitua dago, nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko benetako eskubide-berdintasuna lortzeko; estatutu honek sustatzen du, bizikidetza-unitateko kide biek lana ustiategirako egiten dutenean, ustiategiek titulartasun-araubide horri heltzea, laguntzak ematean eta esleipenak egitean ustiategi horiek lehenetsiz, bai eta emakume nekazariak Gizarte Segurantzan afiliatzeko laguntzak finkatuz.

  3. titulua emakumeei nekazaritzaren sektorean dagokien ordezkaritzaren ingurukoa da. Hor, esku hartzeko hiru arlo nabarmentzen dira, tratu bereizia ematen zaienak: Administrazioa eta haren enpresak; profesionalen erakundeak eta elkarteak, eta enpresa pribatuak. Hirurek izendatzaile komun bat dute: emakumeek nekazaritza-politikan parte hartzeko duten eskubidea gauzatzea eta emakumeak baliozko solaskidetzat hartzea haien interesak eta beharrak ordezkatuko dituzten politikak bultzatzeko lanean. Arlo horiek diferente tratatuko dira; batetik, epe diferenteetan lortzeko modukotzat jotzen diren helburuengatik, eta bestetik, eta batez ere, helburu horiek lortzeko erabili nahi diren neurriengatik. Legeak helburu batzuk finkatzen ditu, eta epe batzuk ezartzen; epe horiek bukatzean, helburuak bete diren ebaluatu beharko da.

  4. tituluan, gizarte-eskubideei buruzkoan, lan-arlo batzuk azpimarratzen dira; beren berezitasunagatik nekazaritzaren sektorean berariazko tratamendua ezarri behar zaiela pentsatzen da. Horrela da ardura partekatuko kontziliazioari dagokionez, nekazaritza-jarduera ziurtatuko duten programak bermatzeko; edo emakumeen aurkako indarkeriaren edo jazarpenaren arazoei dagokienez, sektore horretan ingurune itxiago eta bakartuago batean gertatzen baitira eta horrek zaildu egiten baitu prebentzioa eta arreta.

  5. tituluaren helburua da nekazaritzaren sektorean emakumeek egin eta egiten duten lana ikusaraztea eta aintzatestea. 4/2005 Legean ezarritakoa bildu eta sektore horretara moldatzen du, emakumeak bereziki ikusezin izan diren sektore batean haien lanaren errealitatea beti kontuan izango dela ziurtatzen saiatzeko.

  6. tituluan, azkenekoan, lege honetan xedatutakoa betetzen den egiaztatzeko segimendu-batzordea sortzen da. Izaera teknikoa eman nahi izan zaio; horrela, kargu publikodun bakarra dago harentzat ezarritako osaeran, landa-garapenaren gaian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako titularra, eta kasu horretan, gainera, eskuordetzea aurreikusten da. Irizpide tekniko berarekin, ebaluazioak egin eta txostenak lantzeko zeregin zehatzak esleitzen zaizkio batzordeari.

Lege honen xedeak hauek dira: nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa betetzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean jasotako printzipioetan aurrera eginez, eta emakume nekazariek beren eskubideak egiaz gauzatuko dituztela bermatzea, haien autonomia sustatzeko eta gizartean, ekonomian eta politikan duten tokia indartzeko, beren jarduera ahalik eta profesionaltasun-, duintasun- eta segurtasun-berme handienekin egin dezaten, emakumeek sektore horretan jasaten duten bereizkeriari aurre eginez.

Lege honen printzipioak dira tratu berdina, emakumeentzako ekintza positiboa eragotzi gabe, aukera-berdintasuna eta genero-ikuspegiaren integrazioa.

  1. Debeku da pertsonen sexuan oinarritzen den bereizkeria oro, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren arloko administrazio, enpresa edo erakundeen aldetik, zuzenekoa zein zeharkakoa, edozein delarik ere hartarako erabilitako era.

  2. Ez dira sexuagatiko bereizkeriatzat jotzen, emakumeak eta gizonak diferente tratatzea planteatzen badute ere, justifikazio objektiboa eta arrazoizkoa duten neurriak. Horien artean sartzen dira honako hauetan oinarritzen direnak: emakumeentzako ekintza positiboa, arrazoi biologikoengatik sexu bateko pertsonei babes berezia emateko beharra, edo gizonak etxeko lanetan eta pertsonen zainketan sar daitezen bultzatzea.

  3. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ez diete inolako laguntza edo diru-laguntzarik emango sexuagatik diskriminatzaileak diren jarduerei; ez eta pertsona fisiko edo juridikoei ere, baldin eta sexuagatiko bereizkeriagatik zehapen administratibo edo penalez zigortu badituzte, zigorrean ezarritako aldiak irauten duen bitartean.

  4. Debekatu egiten zaie nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen diru-laguntza eta laguntzen deialdietan parte hartzea, dagokion zigorra indarrean dagoen bitartean, sexuagatik egindako bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea betez debeku horrekin zigortutakoei.

Nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lor dadin sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek aldi baterako berariazko neurriak hartu behar dituzte, sektore horretan dauden sexuagatiko desberdintasunak deuseztatu edo murrizteko. Halaber, aukerak ahalbidetuko zaizkio emakumeari, nekazaritza-jardueran eta landa-inguruneetan jarraitu ahal dezan, hala nahi badu; horretarako, zenbait ekintza eta laguntza sustatuko dira, eta horien artean garrantzizkoak izango dira Gizarte Segurantzan afiliatzea erraztera zuzenduak.

  1. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek dagozkion neurriak hartu behar dituzte, bermatzeko nekazaritzaren sektorean emakumeek eta gizonek egiaz gauzatzen dituztela, berdintasunean, eskubide politikoak, zibilak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak.

  2. Aukera-berdintasuna ulertu behar da ez bakarrik boterea eta baliabide zein onurak eskuratzeko abiapuntuan edo hasieran dauden baldintzei buruz, baita horiek egiaz gauzatu eta kontrolatzeko baldintzei buruz ere.

  3. Halaber, nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek bermatuko dute eskubideak egiaz gauzatzen direla eta lege honetan araututako baliabideak eskuragarri daudela.

  4. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ez diete emango laguntzarik edo diru-laguntzarik pertsona juridikoei, baldin eta III. tituluan ezarritako ordezkaritza-baldintzak titulu horretan jarritako eran betetzen ez badira.

Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, beharrezkoa baita emakume nekazariak profesionaltzat hartzea eta haiek beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak egiaz gauzatzea, eta, horrenbestez, politika guztietan ezarriko dute nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak deuseztatzeko eta berdintasuna sustatzeko helburu orokorra.

  1. Emakume nekazaria: urteko errentaren % 50, gutxienez, nekazaritza-jardueretatik edo nekazaritza-jarduera osagarrietatik lortzen duena; betiere, ustiategirako egindako nekazaritza-jardueratik zuzenean lortutako errenta ez bada guztizko errentaren % 25 baino txikiagoa, eta nekazaritza-jardueretan edo nekazaritza-jarduera osagarrietan lanean emandako denbora, berriz, nekazaritza-laneko unitateen arabera, lanean guztira eman duen denboraren erdia baino gehiago bada.

  2. Zuzeneko bereizkeria: egoera horretan, pertsona bati ematen zaion, eman zaion edo eman dakiokeen tratua ez da antzeko egoera batekoa bezain egokia, sexuagatik edo zuzenean sexuarekin lotutako inguruabarrengatik, hala nola diren haurdunaldia edo amatasuna.

    Zuzeneko bereizkeriatzat joko da, era berean, beren edukian edo aplikazio praktikoan negatiboki emakumeei bakarrik eragiten dieten irizpideak edo ohiturak sartzea.

  3. Zeharkako bereizkeria: egoera horretan, neutroa dirudien xedapen, irizpide edo ohitura batek sexu jakin bateko pertsonak desabantaila-egoera berezian jartzen ditu beste sexuko pertsonen aldean, xedapen, irizpide edo ohitura hori bidezko helburu batekin objektiboki justifikatzerik egon gabe eta helburu hori lortzeko bitartekoak egokiak eta beharrezkoak izan gabe.

  4. Bereizkeria anizkoitza: egoera horretan, bereizkeria-faktore bat edo batzuk gehitzen zaizkio sexuari, kasu zehatz batean, eta hesi edo zailtasun bat sortzen dute, lehendik dagoenaz gain; edo, bestela, hainbat bereizkeria-faktorek, besteak beste sexuak, elkarreragina dute aldi berean, eta berariazko bereizkeria-modu bat sortzen dute.

  5. Ordezkaritza orekatua: lau lagun baino gehiagoko kide anitzeko organoetan, ordezkaritza orekatua dago baldin eta sexu bakoitzak % 40ko ordezkaritza badu gutxienez; lau lagun edo gutxiagoko kide anitzeko organoetan, bi sexuak ordezkatuta daudenean. Sozietate zibiletan, merkataritza-sozietateetan eta kooperatiba-sozietateetan, sexu bakoitzaren esku dauden partaidetza sozialen edo botoen ehuneko edo kopuruaren arabera neurtuko da ordezkaritza.

Emakume nekazarien egoera diferenteak zeinahi delarik ere horien arrazoia: jatorri etnikoa, arraza, erlijioa, iritzia, gutxiengo nazional batekoa izatea, hizkuntza, jaiotza, adina, desgaitasuna, sexu-joera, ondarea edo beste baldintza pertsonal edo sozialen bat aintzat hartuko dituzte nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek beren jarduketa guztietan.

Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak emakumeen aurkako bereizkeria anizkoitzeko kasuez arduratuko dira, bereizkeria hori zein kasutan gertatzen den zehazteko beharrezko azterketak egingo dituzte eta enplegu eta zerbitzu-eskaintzako beren politikak egoera horiei erantzunez landuko dituzte.

  1. Emakume nekazariek eskubidea dute, gizon nekazarien baldintza berberetan, nekazaritza-ustiategiaren titulartasuna eta horrek dakartzan onura eta eskubide guztiak lortzeko.

  2. Aurreko 7.1 artikuluan definitu den erako emakume nekazari batek lana egiten duen ustiategiak legezko figura bati lotu beharko zaizkio, dela titulartasun fisikoa edo dela elkartze bidezko titulartasuna, eta haren bidez posible izan beharko da lortzea emakume nekazaria titular izateak, ikusarazteak eta ahalduntzeak dakartzan eskubideak. Lorbide hori ez zaie aplikatuko ustiategian lana besteren kontura egiten duten emakume nekazariei, ez eta ustiategian kontratatutako emakume profesional autonomoei ere.

  3. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek bultzatuko dute emakumeek ustiategien erregistro-titulartasuna lortzea, bai eta haien ustiategiari dagozkion laguntzen, ordainketen, ekoizpen-eskubideen, sarien, kuoten edo antzeko eragina duten beste neurri batzuen titulartasuna ere.

  1. Estatutu honen ondorioetarako, titulartasun partekatuko nekazaritza-ustiategiak hauek dira: nekazaritza-ustiategia batera kudeatzeko, emakume baten eta ezkontidearen edo antzeko afektibotasun-harreman batez lotutako pertsonaren artean eratzen direnak.

  2. Nekazaritza-ustiategia titulartasun partekatuaren araubidean duten titularrek nekazaritza-ustiategien titulartasun partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean edo hura ordezten duen arauan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

  3. Ustiategi horien zerga-araubidea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-erakundeek finkatuko dute.

  1. Ustiategiaren ordezkaritza, administrazioa eta erantzukizuna bi titularrei egokituko zaie, urriaren 4ko 35/2011 Legean adierazten den bezala.

  2. Titulartasun partekatuko ustiategi bat izendatzen bada entitate, kooperatiba, eraldaketarako nekazaritza-sozietate edo antzeko erakunde baten administratzaile, ustiategiaren bi titularrek bietako bat izendatu beharko dute elkarren artean administrazio-kargu horretarako, bertako jarduerak pertsonala izan behar badu.

  3. Ustiategiak sortzen dituen mozkinak urriaren 4ko 35/2011 Legeak adierazitakoaren arabera banatuko dira.

  4. Indarreko araudian jasota dauden eta ustiategiari dagozkion laguntza, ordainketa, eskubide, kuota edo bestelako neurri baliokideak erdizkan esleituko zaizkio titular bakoitzari.

  5. Esleipenaren ondoren, aurreko paragrafoetan aipatutako diru-sarreren araubidea bikotearen itunetan edo ezkontza-itunetan xedatutakoa izango da, edo, bestela, dagokien ekonomia-araubidea.

  1. Titulartasun partekatuaren araubidea duten ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan utzi beharko dute jasota egoera hori.

  2. Bikoteko kide biak agertu beharko dira ustiategiaren titular gisa erregistroan.

  3. Inskripzioa nekazaritza-ustiategien titulartasun partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean xedatzen den bezala egingo da.

Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek informazio-, zabalkunde- eta sentsibilizazio-kanpainak egingo dituzte emakumeek titulartasuna eta titulartasun partekatua lortzearen inguruan.

Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen laguntza eta diru-laguntzei buruzko arauetan, emakume nekazarien titulartasunari emango zaio lehentasuna, betiere Europar Batasuneko araudiak debekatzen ez badu. Leheneste hori honela egingo da:

  1. Aurkeztutako eskaerak erkatu egiten diren prozeduretarako balioespen-irizpideetan, puntuazio bat finkatuko da, lor daitekeen gehieneko kopuruan gutxienez % 15 izango dena, titulartasun mota hauek dituzten ustiategientzat: emakume baten titulartasuna; edo titulartasun partekatua; edo emakumeen esku dauden partaidetza sozialak edo ehunekoa gutxienez % 50 diren pertsona juridikoarena, kideak bi badira; edo gutxienez orekatua, gainerako kasuetan.

  2. Diru-laguntzaren xedea jarduera bat egite hutsa denean, zenbateko bat finkatuko da, orokorrean ezarritakoa baino % 10-20 handiagoa, titulartasun mota hauek dituzten ustiategientzat: emakume baten titulartasuna; edo titulartasun partekatua; edo emakumeen esku dauden partaidetza sozialak edo ehunekoa gutxienez % 50 diren pertsona juridikoarena, kideak bi badira; edo gutxienez orekatua, gainerako kasuetan.

  3. Eskaerak erkatu ez arren aurrekontuko partida agortzen denerako hainbanaketa aurreikusten den kasuetan, aurreko idatzi-zatian aipatutako ustiategiek zenbateko osoa jasoko dute, hainbanatu gabe.

  4. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen laguntza eta diru-laguntzei buruzko arauetan hainbanatzea edo eskaerak erkatzea xedatzen ez denean, kuantifikazio-irizpideetan titulartasun mota hauek finkatuko dira, laguntza eskatzen duen ustiategiarentzat: emakume baten titulartasuna; edo titulartasun partekatua; edo emakumeen esku dauden partaidetza sozialak edo ehunekoa gutxienez % 50 diren pertsona juridikoarena, kideak bi badira; edo gutxienez orekatua, gainerako kasuetan.

  1. Kuota-esleipenez, nekazaritza-lurren funtsetako lursailak esleitzeaz, lantzeko administrazio-baimenaz eta antzekoez erabakiak hartzean, lehentasuna emango zaie titulartasun mota hauek dituzten ustiategien eskaerei: emakume baten titulartasuna; edo titulartasun partekatua; edo emakumeen esku dauden partaidetza sozialak edo ehunekoa gutxienez % 50 diren pertsona juridikoarena, kideak bi badira; edo gutxienez orekatua, gainerako kasuetan.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako ustiategiek lehentasuna izango dute nekazaritza-politika erkideko diru-laguntzak eskuratzeko, baldin eta ekarpenak egin badizkiete beren urteko errentetan izandako murriztapen nabarmenagatik konpentsazioa eskaintzen duten mutualitateei edo errentak egonkortzeko beste tresna batzuei eta bestelako uzta-aseguruei eta baldin diru-laguntzak halako ekarpenak finantzatzeko badira.

  3. Nekazaritzako elikagaien sektoreko eta landa-inguruneko enpresa-jarduerei laguntzeko neurrietan, lehentasuna emango zaie emakumeek sustatutako proiektuei, baldin eta aipatutako jardueretako proiektuen mota berekoak badira eta laguntza jasotzeko beste eskakizunak betetzen badituzte.

  1. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek laguntza-programak finkatuko dituzte lana nekazaritzaren sektorean egiten duten emakumeak nekazarien Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

  2. Programa horiek aplikatuko zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoan dauden nekazaritza-ustiategien titularrak nahiz titularkideak diren emakumeei, baldin eta norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian sartzen badira, Gizarte Segurantzako nekazaritzako norberaren konturako langileen sistema bereziaren bitartez, edo une jakin batean dagokien araubidean: bereziki, Gizarte Segurantzan sartzeak erretiro-pentsioa jasotzeko eskubiderik ez diela sortuko kalkulatzen denean.

  1. Pertsona batzuk hautatu eta izendatu behar direnean Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten eta nekazaritzaren arloan zuzeneko eskumenak dituzten entitate guztien zuzendaritza-organoak eratzeko edo horietan kide izateko, emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua mantenduz hautatu eta izendatuko dira, salbu eta arrazoi oinarridun eta objektiboak badaude eta arrazoi horiek behar besteko zioen bidez azaldu badira.

  2. Laguntzen eta diru-laguntzen eskaerak balioetsi behar dituzten ebaluazio-epaimahaiek eta batzordeek osaera orekatua eduki behar dute emakume eta gizon kopuruan, salbu eta arrazoi oinarridun eta objektiboak badaude eta arrazoi horiek behar besteko zioen bidez azaldu badira.

  3. Sektore publikoa partaide duten nekazaritzaren arloko entitateetako zuzendaritza-organoak eratzeko edo horietan kide izateko pertsonak izendatu behar direnean, emakumeen eta gizonen arteko oreka mantenduz izendatuko dira. Sektore publikoa partaide duten entitatetzat jotzen dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean zehaztuta daudenak, martxoaren 1eko 6/2012 Legeak emandako idazkeraren arabera.

  1. Emakume nekazariek baliozko solaskidetzat hartuak izateko eskubidea dute haien interesak eta beharrak ordezkatzen dituzten politikak bultzatzean, autonomia susta dadin eta haien maila sozial, ekonomiko eta politikoa indar dadin.

  2. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek sustatuko dute emakumeen presentzia gutxienez orekatua izan dadin nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte eta erakundeen zuzendaritza-organoetan. Horretarako, elkarte eta erakunde horiei zuzendutako berariazko prestakuntza-planak martxan jarriko dituzte.

  3. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ez diete ez laguntzarik ez diru-laguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez badute. Estatutu honen bigarren xedapen gehigarrian adierazten den bezala ezarriko da neurri hori.

  4. Segimendu-batzordeak salbuespenak jarri ahal izango ditu; horrela, eskaerak balioesteko ardura duen administrazio-organoak estatutu honek finkatutako emakumeen partaidetza ezin dutela bete egiaztatzen duten elkarte eta erakundeen kasuak segimendu-batzordeari igorriko dizkio, eta segimendu-batzordeak aztertu egingo ditu eta irizpena igorriko dio eskaerak balioesteko ardura duen administrazio-organoari. Ezinezkoa dela ulertuko da, baldin eta elkarteko edo erakundeko emakumeen kopurua txikiagoa bada presentzia orekatua izateko ordezkaritza-organoetan parte hartu beharko luketenen bikoitza baino.

  1. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen laguntza eta diru-laguntzei buruzko arauetan sistema bat finkatuko da, norgehiagoka-prozeduretarako, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatuz sektoreko enpresek emakumeen kontratazioari eta sustapen profesionalari lehentasuna emateko.

  2. Kasu horietan, emakumeei gutxienez enpleguen % 40 ematen dieten enpresentzat, balioespen-irizpideen artean puntuazio bat ezarriko da egitate horregatik, lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15 gutxienez izango dena.

  3. Eskaerak erkatu ez arren aurrekontuko partida agortzen denerako hainbanaketa aurreikusten den kasuetan, aurreko paragrafoan aipatutako enpresek zenbateko osoa jasoko dute, hainbanatu gabe.

  4. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen laguntza eta diru-laguntzei buruzko arauetan eskaerak erkatzea edo hainbanatzea xedatzen ez denean, balioespen-irizpideetan finkatuko da enpresa eskatzaileek gutxienez enpleguen % 40 emakumeei eman behar dietela.

  5. Aurreko paragrafoetan aurreikusitako lehentasunak ez zaizkie aplikatuko enpresei, zuzendaritza-organoetan emakumeen partaidetzak gutxienez proportzio orekatua ez badu.

Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek izenpetutako hitzarmenen klausuletan konpromiso bat sartuko da emakumeek entitate sinatzaileen jardute-eremuan eta haien erabaki-organoetan parte hartzea sustatzeko.

  1. Lana nekazaritzaren sektorean egiten duten pertsonen amatasunaren eta aitatasunaren ondorio diren eskubideak babestu egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek, halako eran non, haurdunaldiagatik, edoskitzaroagatik edo seme-alaben zainketagatik nekazaritza-jarduera eten behar denean, lurraldean dauden ordezkapen-zerbitzuak edo gizarte-zerbitzuak erabili ahal izango baitituzte.

  2. Aldi baterako ezintasun, oporraldi edo atseden kasuetan, nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek bermatu egingo dituzte nekazaritza-jarduera mantentzea ahalbidetuko duten ordezkapen-zerbitzuak. Horretarako, ustiategien titularrak emakumeak izatea sartuko da lehentasunezko irizpideen artean.

  3. Lana nekazaritzaren sektorean egiten duten emakumeek eskubidea dute aisialdirako, denbora librea izateko eta atseden hartzeko. Eskubide hori gauza dadin, nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ordezkapen-zerbitzuak jarriko dituzte nekazaritza-jarduera mantendu ahal izateko, mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileen kasuan bereziki.

  4. Nekazaritzaren arloan ardura partekatua bultzatzen duten baliabideen informazio-, sentsibilizazio- eta zabalkunde-kanpainak egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek, eta neurriak eta programak ezarriko dituzte etxeko lanetan eta mendekotasuna duten pertsonen zainketan gizon nekazariek zereginak beren gain hartzea bultzatzeko.

  1. Emakume nekazariek eskubidea dute haien osasuna babes dadin lanean, eta beharrezkoa da konponbideak aztertu eta aplikatzea gizonen eta emakumeen osasunean eragiten duten faktoreetan. Halaber, eskubidea dute aintzat har daitezen nekazaritzaren arloan emakumeen eta gizonen osasunean eragin dezaketen faktore bereizgarriak, beharrezko neurriak ezar daitezen emakumeen osasuna bermatzeko nekazari-lanean.

  2. Laneko osasunaren arloan eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek aintzat hartuko dituzte nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen osasunean eragiten duten faktore bereizgarriak; eta sustatu egingo dituzte horiek atzeman eta kontrolatzeko jarduketak, bai eta emakume nekazarien kasuan laneko arriskuak modu eraginkorrean ekiditeko neurriak ere.

  3. Jarduketa horietan aintzat hartuko dira bai sexu bakoitzeko pertsonengan eragina duten berariazko arrisku-faktoreak eta bai arrisku-faktore komunek emakumeengan eta gizonengan izan dezaketen eragin diferentea.

  4. Nekazaritzaren sektorekoak diren laneko segurtasun eta osasun politiketan, estrategietan eta planetan aintzat hartuko dira emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, igurikimen eta behar diferenteak, eta osasun-maila berdintsuak lortzera zuzendutako helburu, jomuga eta jarduketak txertatuko dira. Edonola ere, hau egin beharko da:

    1. Emakume nekazarien artean laneko arriskuen prebentziorako araudia aplikatzen den behatu eta kontrolatu, honela:

      Gai horren diagnostiko guztietan sexuaren aldagaia sartuz eta lortutako datuak sexuen arabera bereizita ustiatuz eta aztertuz.

      Emakume eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza eta igurikimenetako diferentziak hobeto ezagutzea ahalbidetuko duten adierazleak identifikatuz eta definituz.

    2. Lanpostu, lanabes, ekipo, lan-prozesu, arropa eta oinetakoen diseinuan emakumeen eta gizonen arteko diferentziak kontuan izatea bultzatu.

    3. Arriskuen prebentziorako kontsulta- eta erabaki-organoetan emakumeen eta gizonen arteko osaera orekatua bermatu.

    4. Informazio-, komunikazio- eta prestakuntza-planetan, emakumeen eta gizonen arrisku komunen eta berariazkoen gaineko informazioa ematera zuzendutako helburuak eta jarduketak sartu.

    5. Osasunaren zaintzarako zerbitzuek beren jarduketa guztietan genero-ikuspegia sartzea bermatu.

  1. Lana nekazaritzaren sektorean egiten duten emakumeek eskubidea dute emakumeen aurkako indarkeriaren prebentziorako informazio- eta arreta-baliabide eskuragarriak eta kalitatezkoak izateko; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek aintzat hartuko dituzte sektorearen berariazko inguruabarrak, eta beharrezko neurriak ezarriko dituzte eskubide hori gauzatzea bermatzeko.

  2. Emakumeen aurkako indarkeria jasan duten emakume nekazariek eskubidea dute beren lana egiten jarraitzeko; herri-administrazioek beharrezko neurriak hartuko dituzte eskubide hori gauzatzea bermatzeko.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ziurtatu egin beharko dute lana nekazaritzaren sektorean egin eta jazarpen sexista edo sexu-jazarpena jasaten duten emakumeek informazio- eta arreta-baliabide eskuragarriak eta kalitatezkoak dituztela. Nolanahi ere, bide batzuk jarri beharko dira sexu-jazarpena edo jazarpen sexista jasaten duten emakume nekazariek arreta hori eskuragarri izatea ahalbidetuko dutenak, konfidentzialtasunaren bermearekin.

  1. Lana nekazaritzaren sektorean egiten duten emakumeek eskubidea dute jasotzeko beren interesen eta beharren araberako prestakuntza, bai eta profesionalizazioari eta nekazaritzaren arloko informazioaren teknologia berriei, ikerkuntzari, garapenari eta teknologia-trebakuntzari loturikoa ere.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek berariazko prestakuntza-programak jarriko dituzte, nekazaritzaren sektoreko emakumeei zuzenduak: batik bat, profesionalizazioari laguntzen diotenak, bereziki erreparatuz bai teknologia berriak eskuragarri izateari eta bai informazioaren gizartearen inguruko prestakuntzari.

  3. Emakumeek lehentasuna izango dute nekazaritzaren arloko prestakuntza eta gaikuntzarako ikastaro eta programetan sartzeko. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek etengabeko prestakuntzarako plan bat sustatuko dute nekazaritzaren sektoreari lotutako emakumeak ahalduntzeko.

  1. Nekazaritzarako gaitzeko prestakuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek gizonak eta emakumeak berdintasunean heztea bultzatuko dute.

  2. Besteak beste, neurri hauek hartuko dituzte:

    1. Nekazaritzaren arloko prestakuntza ematen duten irakasleak baterako hezkuntzan trebatzea sustatuko dute.

    2. Heziketa-planeko helburuetan eta nekazaritzaren arloko prestakuntzaren ebaluazio-adierazleetan baterako hezkuntza sartuko dute.

    3. Genero-ikuspegitik aztertuko dituzte nekazaritzaren arloko prestakuntzan erabilitako materialak, materialik gomendagarrienak zeintzuk diren zehazteko, bai eta, halakorik badago, desegokiak izan litezkeenak ere, eta dagozkion aldaketak planteatuko dituzte.

    4. Berdintasunaren gaineko moduluak sartuko dituzte nekazaritzarako gaitzeko programetan.

  3. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek beharrezko neurriak hartu behar dituzte beren langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaian prestakuntza oinarrizkoa, mailakatua eta etengabea izan dezaten, estatutu honetan jasotako xedapenak betetzeko eta nekazaritzaren sektorean genero-ikuspegia benetan sartzea ahalbidetuko duen behar adinako ezagutza praktikoa bermatzeko.

Lana nekazaritzaren sektorean egiten duten emakumeek eskubidea dute egin eta egiten duten lana ikusaraz eta aintzatets dadin; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek sustatuko dute emakumeak ikusaraztea eta aintzatestea, beharrezkotzat jotzen dituzten azterketa, informazio-kanpaina, sari edo beste bide batzuk baliatuz.

Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek, nekazaritzaren gaian eta beren ohiko jardueran politika sektorialak garatzean, genero-ikuspegia sartuko dute, neurri hauen bidez:

  1. Nekazaritzaren arloko estatistikak eta azterketak egokitzeko neurriak:

    Egiten dituzten estatistiketan, inkestetan eta datu-bilketetan sexuaren aldagaia sistematikoki sartzea.

    Beharrezko adierazleak finkatu eta estatistika-eragiketetan sartzea, ziurtasunez jakiteko zer diferentzia dauden emakume eta gizon nekazarien balio, rol, egoera, baldintza, asmo eta beharretan, nola agertzen diren eta nola eragiten dioten elkarri nekazaritzaren sektorean.

    Beharrezko adierazle eta mekanismoak diseinatu eta txertatzea, jakin ahal izateko nolako eragina duten bereizkeria anizkoitzeko egoerak sortzen dituzten bestelako aldagaiek.

    Behar bezain lagin zabalak hartzea aldagai txertatuak sexuaren aldagaiaren arabera ustiatu eta aztertu ahal izateko.

    Eskura dituzten datuak emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, asmo eta behar diferenteen berri izateko moduan ustiatzea.

    Lehendik dauden estatistika-definizioak berrikustea eta behar izanez gero egokitzea, emakume nekazarien lana aintzatesten eta balioesten laguntzeko.

  2. Nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek azterketak eta ikerketak sustatuko dituzte, nekazaritzaren arloko emakumeen eta gizonen baldintza eta behar diferenteak aztertu ahal izateko, eta ez dute emango diru-laguntzarik, laguntzarik edo babes-neurririk genero-ikuspegia sartzen ez duten azterketa eta ikerketetarako.

  1. Lege honetan xedatutakoa betetzen den egiaztatuz segimendua egiteko, segimendu-batzorde bat sortzen da, eta kide hauek izango ditu:

    1. Landa-garapenaren gaian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako titularra edo hark ordezkari izendatzen duena. Batzordearen buru izango da.

    2. Nekazaritzaren gaian eskumena duen saileko berdintasunerako administrazio-unitateko langileen artean hautatutako pertsona bat.

    3. Nekazaritzaren gaian eskumena duen zuzendaritzako langileen artean hautatutako pertsona bat.

    4. Nekazaritzaren gaian eskumena duen saileko lege-aholkularitzako langileen artean hautatutako pertsona bat.

    5. Foru-aldundien ordezkari bana, nekazaritzaren gaian eskumena duten sailetakoak.

    6. Emakunderen ordezkari bat.

    7. Landa Eremuko Emakumeen Batzordearen ordezkari bat.

    8. Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat.

    9. Hiru ordezkari Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren arloko ordezkaritza handieneko sindikatuenak.

  2. Gaiaren berezitasunagatik beharrezkoak baldin badira espezialistak edo zerikusia duketen beste pertsona batzuk, eta horiek batzordekide ez badira, batzordeburuaren eskariz deitu ahal izango zaie.

  3. Batzordean, emakumeek presentzia orekatua izango dute.

  1. Segimendu-batzordeak aztertuko du lege honen xedeak zenbateraino betetzen diren, eta urtero txosten bat egingo du, non ebaluatuko baita, bereziki, II, III eta IV. tituluetan xedatzen diren neurriek nolako eragina duten sektorean. Ahalik eta zabalkunderik handiena emango zaio txosten horri.

  2. Ikusten bada ez direla betetzen ari hartutako betebeharrak edo ezarritako helburuak, edo aurreikusitako epeetan ez direla lortzen ari, Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari berariazko komunikazio bat bidaliko zaio atzematen diren ez-betetzeen ingurukoa.

Segimendu-batzordeak berak finkatzen dituen arauak beteko ditu, eta arau horien ordezkoa izango da, kide anitzeko organoei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Landa-garapeneko elkarteak.

Landa-garapeneko elkarteek egokitu egingo dituzte beren estatutuak, lege hau indarrean sartu eta hiru urteko epean, emakume eta gizonen parte-hartze orekatua bermatuta egon dadin.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Laguntzak elkarte eta erakundeei.

  1. Nekazaritzako elkarte eta erakundeei ematen zaizkien laguntzak kuantifikatzeko irizpideetan guztira lor daitekeen puntuazioaren % 15 balioko du, gutxienez, emakumeen presentziak: lege hau indarrean sartu ondorengo lau urteetan egiten diren deialdietan, nekazaritzako elkarte eta erakundeen zuzendaritza-organoetan emakumeak egoteak; eta hurrengo hiru urteetan, haien presentzia gutxienez orekatua izateak.

  2. Lege hau indarrean sartu ondorengo lehen lau urteak igarota, nekazaritzaren gaian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ez diete ez laguntzarik ez diru-laguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin zuzendaritza-organoetan emakumerik ez badute; eta sei urteren ondoren, ez zaie emango zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez dutenei.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hazilur.

    Hazilur Enpresen Sustapena, S.A.k, Elikadura Sektorerako Euskal Fondoak, zeina nekazaritzako elikagaien sektoreko eta landa-inguruneko enpresa-jardueretan laguntzera bideratuta baitago, lehentasuna emango die emakumeek sustatutako proiektuei, baldin eta haren jarduerako proiektuen mota berekoak badira eta laguntza jasotzeko beste eskakizunak betetzen badituzte.

Indargabetu egiten dira Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 76. artikulua eta lege honek ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 14. artikulua aldatzea.

Hona hemen Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 14. artikuluko 3. paragrafoaren testu berria:

  1. Nekazaritza-lurren funtsen aktiboak hainbat helburutara bideratuko dira lehentasunez; ondorengo hauek dira helburuok:

    1. Nekazaritzan ari diren emakumeak eta nekazari gazteak finkatzea.

    2. Nekazaritza-ustiategi berriak sortzea, landa-guneetako exodoa eragozteko.

    3. Egun martxan diren nekazaritza-ustiategiak handitzea.

    4. Nekazari-herrixkak edo lursail-eremuak sortzea, bertan nekazaritza-jarduerak gauzatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 92. artikulua aldatzea.

Hona hemen Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 92. artikuluko 2. paragrafoaren testu berria, n) letra gehituta:

  1. Kontseilua honako kideek osatuko dute:

    1. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan titularrak. Lehendakari-lanetan arituko da, eta Kontseilurako dei egiteaz eta landu beharreko gaiak zehazteaz arduratuko da.

    2. Sail horretako sailburuaren kabineteko zuzendaritzaren titularrak, lehendakariorde-lanetan.

    3. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan saileko bi ordezkarik; gutxienez, zuzendari-kargua dutenak.

    4. Arabako Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.

    5. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.

    6. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.

    7. Euskadiko Udalen Elkarteko (Eudel) ordezkari bat.

    8. Nekazarien elkarte profesional adierazgarrienen arteko bakoitzak 88. artikuluan ezarritako eran lortutako ordezkariak; gehienez 5, elkarte bakoitzeko.

    9. Euskadiko ekoizleen elkarteetako ordezkariak, lege honen 89.2 artikuluan xedatzen denaren arabera.

    10. Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarteetako hiru ordezkari, elkarteek adostasunez izendatutakoak. Txandaka daitezke.

    11. Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeko ordezkari bat.

    12. Euskadiko Nekazaritza Kooperatiben Federazioko ordezkari bat.

    1. Nekazaritza-ustiategien aholkulari gisa aitortuta dauden erakundeen ordezkari bat, erakundeok adostasunez izendatutakoak. Txandaka daitezke.

    2. Landa Eremuko Emakumeen Batzordearen ordezkari bat.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikulua aldatzea eta 25. puntua gehitzea.

Hona hemen Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 13 eta 14. puntuen testu berria eta artikulu berean gehitutako 25. puntuaren testua:

  1. Nekazari profesional: nekazaritza-ustiategi baten titularra izanik, urteko errentaren % 50, gutxienez, nekazaritza-jardueretatik edo nekazaritza-jarduera osagarrietatik lortzen duen pertsona fisiko edo juridikoa; betiere, bere ustiategian egindako nekazaritza-jardueratik zuzenean lortutako errenta ez bada guztizko errentaren % 25 baino txikiagoa eta nekazaritza-jardueretan edo nekazaritza-jarduera osagarrietan lanean emandako denbora, nekazaritza-laneko unitateen arabera, lanean guztira emandako denboraren erdia baino gehiago bada. Pertsona fisikoa bada, bere nekazaritza-jardueraren arabera dagokion Gizarte Segurantzako Erregimenean izena emanda egon beharko du.

  2. Nagusiki nekazari: nekazari profesionala, pertsona fisikoa izanik, errenta totalaren % 50, gutxienez, bere ustiategian egindako nekazaritza-jardueratik ateratzen duena, eta, nekazaritza-laneko unitateen arabera, urtean lanean emandako denboraren erdia edo gehiago zuzenean nekazaritzarekin lotutako jardueretan ematen duena.

    Pertsona juridiko batek nagusiki nekazaritzan jarduten duela ulertuko da, baldin eta bazkideen % 50, bakoitza bere aldetik, nagusiki nekazaritzat jo badaitezke lehen adierazitako baldintzak betetzen dituztelako. Sozietateak badira forma juridikoa sozietate zibila bada salbu, adierazitakoaz gainera, bazkideen partaidetzek edo akzioek izendunak izan beharko dute. Edonola ere, estatutuetan edo bazkideen batzar orokorraren erabakian, ezarrita egon beharko du lehen adierazitako baldintzak betetzea bermatuko dela, bazkideen artean tituluak eskualdatuz gero ere.

«25. Nekazaritza-laneko unitatea: lege honen eta kontzeptu hau erabiltzen duten beste arauen ondorioetarako, nekazaritza-laneko unitateak osatzen dituzten urteko lanordu kopuruaren edo lanaldi kopuruaren barnean sartuko dira, ekoizpena ez ezik, nekazaritza-ustiategian ekoitzi denaren eraldaketa eta merkaturatzea. Urteko lanordu kopuru hori edo lanaldi kopuru hori erregelamendu bidez zehaztuko dira».

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Arauak egokitzea.

Autonomia Erkidegoko erakunde komunek eta lurralde historikoetako foru-organoek beharrezko aldaketak onartuko dituzte beren arauetan, lege honek xedatzen duenera moldatzeko, legea indarrean sartzen denetik hiru urteko epean, hargatik eragotzi gabe lurralde historiko bakoitzak dituen eskumenak.

AZKEN XEDAPENETATIK BOSGARRENA. Indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 16a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.