Arautegia
Inprimatu4/2012 LEGEA, otsailaren 23koa, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 46
- Hurrenkera-zk.: 1029
- Xedapen-zk.: 4
- Xedapen-data: 2012/02/23
- Argitaratze-data: 2012/03/05
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak otsailaren 23ko 4/2102 Legea, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
4/2012 Legea, otsailaren 23koa, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa
Lan Harremanen Kontseiluak oso esperientzia positiboa izan du kontsulta-organo gisa eta sindikatu-erakunde eta -konfederazioen eta enpresari-konfederazioen arteko etengabeko elkarrizketarako organo gisa, ekainaren 27ko 11/1997 Legearen pean. Bereziki, garrantzitsua izan da Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren aholku-erakunde gisa lan-esparruan egindako lana. Organo horrek jarrai dezan da lege honen xedea, eta, orobat, haren eginkizunak zehazteko eta funtzionamendua hobetzeko beharrezkoak diren zenbait erreforma egitea.
Hala bada, funtsezko aldaketen arteko bat da, hain zuzen, kontseilu horrek kontsulta-eginkizunak zein gairi buruz bete behar dituen zehaztasunez zedarritzea, lan-harremanen esparrua argi zehaztuz. Bestalde, zabaldu egiten da kontsultagai izango diren arau eta xedapenen maila.
Halaber, erakunde horren organoak berrosatzeko aukera emango duen araudi bat ezartzen da, erakundearen funtzionamendua ziurtatze aldera, eta indarrean dagoen esparru juridikoak bermatzen duen parte-hartze instituzionalerako organo izateko funtzio garrantzitsua sindikatzeko eta elkartzeko askatasunaren adierazpide baita beteko duela ziurtatze aldera. Hala, kontuan hartuko da parte hartzeko legitimatuta dauden subjektuek hasiera batean bederen legitimatuta daudenek aukeran dutela organo horietan sartzea edo ez erabakitzea. Alde horretatik, beharrezkotzat jo da, orobat, erabakiak hartzeko araudia gaien arabera bereiztea eta lehendakariak Kontseiluko burua izendatu aurretik Kontseiluari aldez aurreko kontsulta egin beharra ezartzea.
Azken batean, aldaketa hauen xedea da Kontseilua lan-harremanen eremuko agente sozialen arteko topaketarako eta elkarrizketarako eta lan-harremanen eremuko kontsultarako organo goren gisa finkatzen laguntzea, orain arte ere frogatua baitu harreman horiek Euskal Autonomia Erkidegoan behar bezala eratzen laguntzeko egindako ekarpena.
Kontseilua sindikatu-erakunde eta -konfederazioen eta enpresari-konfederazioen arteko topaketarako eta etengabeko elkarrizketarako organo bat da. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak lan-harremanen inguruan egin beharreko kontsultetarako erakunde bat da.
Kontseiluak berezko nortasun juridikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenaz bestelakoa, bai eta gaitasun osoa ere bere eginkizunak betetzeko, lege honetan ezarritakoaren arabera.
Kontseilua zuzenbide publikoko erakundea da eta erabateko autonomia eta beregaintasunez betetzen ditu bere eginkizunak, Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren mende egon gabe.
Kontseiluaren jarduera-eremutik kanpo daude kooperatiba-sozietateen eta langile autonomoei buruzko kontuak, lan-harremanekin zerikusirik ez badute kontu horiek.
Kontseiluak Bilbon du egoitza.
Hala ere, Kontseiluaren Osoko Bilkurak aukeran du Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lurraldetan bilerak egitea.
Beraren izaeraren arabera, lege honetako 1. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako bere eskumenen esparruan, honako eginkizun hauek dagozkio Kontseiluari:
Eusko Jaurlaritzak lan-harremanen gaineko politikari buruz prestatzen dituen lege-proiektuen gainean nahitaez txostenak egitea. Ez dago nahitaez txostena egin beharrik Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuen gainean, ez eta lege hori aldatzeko edo osatzeko lege-arauen gainean ere.
Eusko Jaurlaritzak lan-harremanen gaineko politikari buruz prestatzen dituen dekretu-proiektuen gainean nahitaez txostenak egitea. Ez dago nahitaez txostena egin beharrik dekretu-proiektu horiek aurreko ekitaldietan onartutakoen jarraipen badira eta funtsezko aldaketarik edo berrikuntzarik ez badakarte. Hala ere, Jaurlaritzak aukeran du horiei buruz ere txostena eskatzea.
Eusko Jaurlaritzak lan-harremanen gaineko politikari buruz onartzen duen beste edozein administrazio-ebazpenen gainean eta esku hartzen duen beste gai batzuen gainean nahitaez txostena egitea, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren iritziz ebazpen eta gai horiek garrantzi berezia badute.
Eusko Jaurlaritzari edo haren sailei lan-harremanen gaineko politikari buruzko proposamenak egitea.
Lan-harremanen gaineko irizpenak, ebazpenak, txostenak edo azterlanak egitea bere kabuz edo Jaurlaritzak edo Legebiltzarrak eskatuta, betiere lege honetako 1. artikuluan Kontseiluaren jardun-eremutzat ezarritakoaren barruan.
Negoziazio kolektiboa sustatzea eta esparrutzat Euskal Autonomia Erkidegoa, lurraldea edo sektorea duten hitzarmen kolektiboek egitura egokia izan dezaten bultzatzea.
Lan-gatazketan bitartekaritza- eta arbitraje-eginkizunak sustatzea, bere kabuz edo zerikusia duten alderdiek eskatuta.
Enpresen edo Euskal Autonomia Erkidegoaren mailan batzorde paritarioak sor daitezen sustatzea, bai sektorekoak, bai orokorrak.
Gai jakinen inguruan lanbide arteko akordioak lor daitezen laguntzea.
Negoziazio-batzordeak eratzeko zailtasun bereziak dauden sektoreetan, era daitezen laguntzea.
Eskumena duten Administrazio orokorreko organoei eta Autonomia Erkidegoko edozein erakunderi bere eginkizunak betetzeko behar duen informazio guztia eskatzea eta haiengandik informazio hori jasotzea.
Memoria bat onartzea, urtean behin bederen, Kontseiluaren jardueren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lan-egoeraren berri emateko, betiere lege honetako 1.1 artikuluan ezarritako gaien esparruan; memoria hori Kontseiluaren Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, onar dezan, eta ondoren Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari, urte bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan.
Kontseilua paritarioa izango da; zazpi kide efektibo izango ditu sindikatu-erakunde eta -konfederazioen ordezkari eta beste zazpi kide enpresari-konfederazioen ordezkari. Gainera, Kontseiluko kide izango dira Kontseiluko burua eta idazkari nagusia, baina ez dute boto-eskubiderik izango.
Kide efektibo adina ordezko izendatuko dira.
Kontseilua osatzeko eta berritzeko orduan, bermatu beharko da une horretan Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatu-erakunde eta -konfederazioek izendatutako ordezkariak izango direla bertan, bai eta enpresa-batzordeetan eta herri-administrazioetako dagokien organoetan langileen ordezkarien % 10 edo gehiago lortu dutenek izendatutakoak ere, betiere Eusko Jaurlaritzak egindako zenbaketa eta homologazioaren arabera eta bakoitzaren ordezkaritzaren proportzioan. Betiere, sindikatu-erakunde eta -konfederazio horiek ordezkariak izango dituzte Kontseiluan.
Kontseiluan ordezkariak izateko eskubidea duten sindikatu-erakunde eta konfederazioetakoren batek ez badu eskubide hori baliatzen ezarritako epearen barruan, Kontseiluan ordezkaritza duten gainerako sindikatu-erakundeek eskubidea izango dute hutsik geratutako leku horiek betetzeko, harik eta Kontseilua berritu arte, betiere bakoitzaren ordezkaritzaren proportzioan, hartara osa dadin lege honek ezarritako Kontseiluko kideen guztizko kopurua.
Halaber, sindikatu-erakunde eta konfederazioetakoren batek edo batzuek, agintaldian zehar, erabakitzen badute ordezkaritzari uko egitea, edo Kontseiluaren bilerak behin eta berriz huts egiten badituzte haren ohiko funtzionamendu normalari kalte eginez, Kontseiluko buruak kalte egiten ari direla ohartaraziko die sindikatu-erakunde edo konfederazio horri edo horiei. Ordezkaritzari uko egiten edo Kontseiluaren bilerak huts egiten jarraituz gero, Kontseiluko buruak, dagokion sindikatu-erakunde edo konfederazioari entzun ondoren, eta Kontseiluko beste kideei kontsulta egin ondoren, Kontseilua osatzen duten pertsonak berritzeko prozedura bati ekingo dio. Prozedura horren bitartez, zeina erregelamendu bidez garatuko baita, gainerako sindikatu-erakunde eta -konfederazioetako kideek beteko dituzte hutsik geratutako lekuak, bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, paragrafo honetako lehen lerrokadan adierazitakoari jarraituz.
Kontseiluaren barruan sortutako organo bakoitzean, sindikatu-erakunde eta konfederazioen ordezkariak izan beharko dira, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.
Enpresari-konfederazioen ordezkariei dagokienez, aplikatzekoa den araudi orokorraren arabera Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan enpresarien ordezkaritza instituzionala duten sektore arteko enpresari-konfederazioek izendatuko dituzte ordezkariok. Hala balegokio, artikulu honetako 3. paragrafoaren bigarren eta hirugarren lerrokadetan leku hutsak betetzeari buruz ezarritakoa aplikatuko zaie. Leku huts horiek enpresari-konfederazio horietako kideek bete beharko dituzte.
Kontseiluan sindikatu-erakunde eta konfederazioak eta enpresari-konfederazioak ordezkatuko dituzten kideak erakunde eta konfederazio horiek hautatuko dituzte, eta lehendakariak izendatuko.
Kontseiluko kideen agintaldia bi urtekoa izango da, eta ez da eragozpenik izango kide horiek berriro hautatu eta izendatzeko.
Epe hori gorabehera, sindikatu-erakunde eta -konfederazioek eta enpresari-konfederazioek aukera dute eurek hautatutako kide efektiboak eta ordezkoak aldatzeko.
Bateraezinak dira Kontseiluko kide, buru eta idazkari nagusi izatea eta, aldi berean, kargu horiei dagozkien eginkizunak betetzeko eragozpen edo kaltegarri den edozein kargu edo jardunetan aritzea.
Bereziki, ondoko kargu edo jardunak izango dira bateraezinak Kontseiluko kide, buru edo idazkari nagusi izatearekin:
Jaurlaritzako lehendakaria, lehendakariordea, sailburua eta goi-karguak.
Gorte Nagusietako, Eusko Legebiltzarreko edo Europako Parlamentuko kideak.
Diputatu nagusiak, foru-diputatuak eta foru-aldundietako goi-karguak.
Lurralde historikoetako batzar nagusietako kideak.
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluko kideak.
Kontseiluaren Osoko Bilkurak aztertuko du ea bateraezintasunik baden edo ez.
Kontseiluko kideek isilean gorde beharko dituzte Kontseiluaren jardunak baldin eta haren organoek isilpean gordetzekoak direla erabaki badute.
Kontseiluko kideek ondorengo arrazoiengatik utziko dute kargua:
Haien agintaldia amaitu delako, lege honetan xedatutakoak bere hartan dirauela.
Haien izendapena bultzatu zuten erakundeek proposatu dutelako.
Haiek uko egin eta Kontseiluko buruak onartu duelako, eta buruak uko egin eta lehendakariak onartu duelako.
Beren eginkizunari dagokion isilpekotasuna hautsi dutelako, Kontseiluaren Osoko Bilkuraren iritziz; kasu honetan, gutxienez Osoko Bilkurako kideen bi herenek onartu beharko dute, horretarako egingo den botazioan.
Dolozko delituagatik zigorra ezarri zaielako epai irmoz.
Heriotzagatik, edo kargu publikoa betetzeko ezgaitasuna edo ezgaitzea deklaratu delako epai irmoz.
Kontseiluak Osoko Bilkura eta lan-batzordeak izango ditu jarduteko.
Kontseiluak kideen gehiengo soilez onartuko ditu akordioak eta erabakiak. Nolanahi ere, lege honetako 3.1 artikuluko f), g), h), i) eta j) idatzi-zatietan deskribatzen diren eskumenak baliatzean, akordioak onartzeko, sindikatuen ordezkarien gehiengo soilaren aldeko botoa beharko da, bai eta enpresarien ordezkarien gehiengo soilaren aldeko botoa ere.
Izendatutako kide bakoitzak boto bat izango du.
Kontseiluak osoko bilkuran edo batzordeetan onartutako akordioekin bat ez datozen kideek boto partikularra eman ahal izango dute, eta zeinek bere iritzia adierazi auziari buruz. Nolanahi ere, akordioari erantsi beharko zaio boto hori.
Kontseiluko kideek euskaraz nahiz gaztelaniaz hitz egin dezakete bileretan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta bestelako dokumentuetan.
Osoko Bilkura Kontseiluko kide guztiek osatzen dute, eta honako eskumen hauek izango ditu:
Lan-harremanen esparruko gai espezifikoen gaineko gidalerroak onartzea, sindikatu-erakunde eta konfederazioek eta enpresari-konfederazioek aintzat har ditzaten.
Lege honetako 3. artikuluan aipatzen diren eginkizunei buruzko akordioak onartzea.
Kontseiluaren zerbitzuen jardunari buruzko informazioa jasotzea aldian-aldian, eta Kontseilua bere jardunean eraginkorragoa izan dadin iradokizunak egitea.
Lan-harremanen esparruan aitortzen zaien gaitasunagatik eta inpartzialtasunagatik bitartekaritza- eta arbitraje-eginkizunak beteko dituzten pertsonak izendatzea.
Bere helburuak betetzeko beharrezkoak diren akordioak formalizatzea.
Langileen arloan dagozkion eginkizunak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzupeko langileak antolatzeko maiatzaren 8ko 2/1992 Legearen arabera edo lege horren ordezko araudi espezifikoaren arabera dagozkionak, hain zuzen.
Legearen arabera edo aplikatzekoak zaizkion beste arau batzuen arabera dagokiokeen beste edozein eginkizun.
Bilerak ez dira jendaurrean egingo, non eta Osoko Bilkurak, bilera hastean, ez duen berariaz hala erabakitzen. Edonola ere, gutxienez hiru hilean behin ohiko osoko bilkura egingo da. Ohiz kanpoko osoko bilkura Kontseiluko buruaren ekimenez egingo da, edo boto-eskubidea duten kideen herenek, gutxienez, eskatzen dutenean.
Osoko Bilkurak eskura izango ditu bere eginkizunak betetzeko behar dituen zerbitzu tekniko eta administratiboak, bai eta, hala badagokio, egoki iritzitako adituen aholkularitza ere. Gainera, Jaurlaritzaren sailei ere eskatu ahal izango dizkie beharrezkotzat jotzen dituen argibideak.
Ohiko osoko bilkuren deialdia, gutxienez, bilkura baino bost egun baliodun lehenago jakinaraziko zaie kideei, eta ohiz kanpoko osoko bilkuren deialdia, berrogeita zortzi ordu lehenago. Deialdian gai-zerrenda ere sartuko da.
Gai-zerrendan dauden gaiei buruzko informazioa epe beretan izango dute eskuragarri kideek.
Lan-batzordeak Osoko Bilkuraren erabakiz sortzen diren azterlan-taldeak dira, eta txostenak egin edo irizpenak ematen dituzte Kontseiluaren eskumenekoak diren gaien gainean. Lan-batzordeetan landutako gaien emaitza Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, eztabaidatu eta bere iritzia eman dezan.
Kontseiluaren Osoko Bilkurak, halaber, batzorde bereziak sortu ahal ditu gai jakin batzuetarako, beharrezko irizten dionean.
Kontseiluaren Osoko Bilkurak erregelamendu bidez ezarriko du aurreko bi paragrafoetan aipatutako batzordeek zenbat kide izango dituzten eta nola osatuko diren, betiere lege honetako 4. artikuluan ezarritakoa errespetatuz.
Lehendakariak izendatuko eta kenduko du kargutik Kontseiluko burua, Kontseiluko kideei entzun ondoren. Kontseiluko buruak bost urte egingo ditu karguan, eta gehienez beste agintaldi baterako hautatua izan daiteke berriro.
Honako hauek dira Kontseiluko buruaren eginkizunak:
Kontseiluaren ordezkari izatea.
Osoko bilkuretara deitzea, bilkura horietan buru izatea eta eztabaidak moderatzea.
Kontseiluaren bileretako gai-zerrenda erabakitzea. Gai-zerrenda horretan, ezinbestean sartu behar dira Osoko Bilkurako kideek eskatutako proposamenak, erregelamenduz ezarriko den moduan.
Bere eskumeneko gaiak eta auziak aurkeztea Kontseiluari, azter ditzan.
Aktei oniritzia ematea, Kontseiluaren akordioak argitaratzea eta horiek bete daitezela xedatzea.
Langileen arloan dagozkion eginkizunak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzupeko langileak antolatzeko maiatzaren 8ko 2/1992 Legearen arabera edo lege horren ordezko araudi espezifikoaren arabera dagozkionak, hain zuzen.
Idazkari nagusia izango da Kontseiluaren Osoko Bilkurako idazkaria, eta lehendakariak izendatuko eta kenduko du kargutik, Kontseiluko kideei entzun ondoren. Idazkari nagusiak bost urte egingo ditu karguan, eta gehienez beste agintaldi baterako hautatua izan daiteke berriro.
Idazkari nagusiaren eginkizunak dira:
Kontseiluaren Osoko Bilkurari laguntzea karguari dagozkion eginkizunak betez.
Kontseiluaren zerbitzuen koordinazio tekniko-administratiboa gauzatzea, eta haien eraginkortasuna eta funtzionamendua zaintzea.
Kontseiluaren bulegoen funtzionamendua ikuskatzea.
Onartutako akordioak aktan jaso eta akta sinatzea, eta akordio horiek bideratzea, Kontseiluko buruaren oniritziarekin.
Kontseiluaren egintzak edo hark onartutako akordioak ziurtatzea.
Gai arruntak eta Kontseiluko buruak agintzen dizkionak bideratzea, harekin batera.
Langileen arloan dagozkion eginkizunak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzupeko langileak antolatzeko maiatzaren 8ko 2/1992 Legearen arabera edo lege horren ordezko araudi espezifikoaren arabera dagozkionak, hain zuzen.
Memoria bat idaztea, urtean behin bederen, Kontseiluaren jardueren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lan-egoeraren berri emateko, betiere lege honetako 1.2 artikuluan ezarritako gaien esparruan; memoria hori Kontseiluaren Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, onar dezan, eta ondoren Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari urte bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan.
Kontseiluaren dokumentazioa jagotea.
Kontseiluko buruaren ordez jardutea hura gaixo dagoenean, haren kargua bete gabe dagoenean edo Osoko Bilkuraren iritziz nahiko arrazoi badenean.
Kontseiluak, ekonomia- eta finantza-autonomiaren printzipioaren pean, bere aurrekontua onartu eta gauzatuko du; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitzen zaizkion diru-kopuruekin finantzatuko da aurrekontu hori.
Kontseiluak, urteko lehen seihilekoaren barruan, aurreko ekitaldiaren amaieran berak zuen aurrekontu- eta finantza-egoerari buruzko informazio auditatua igorriko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen jarraipena eta kontrola egiteko eskumena duen sailari, eta sail horrek agindutako ekonomia- eta finantza-egiaztapenak egin ahal izango dira.
Kontseiluak eskuratzen dituen ondasunak eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko ondarean sartuko dira.
Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ondarearen gainean eskumena duen sailari zuzenean eskatuko dio atxiki diezazkiola bere helburuak betetzeko behar dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondareko ondasunak eta eskubideak; hala, ondorio horietarako soilik, ondare eta eskubide horien gainean izango dituen ahalmenak eta betebeharrak Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan zuzenbide pribatuko erakunde publikoentzat aurreikusitakoak izango dira.
Kontseiluaren kontratazioari dagokionez, sektore publikoko kontratuen arloan herri-administraziotzat jotzen diren entitateentzat indarrean den araudiaren pean egongo da.
Kontseiluaren Osoko Bilkurak ezarritako ordainsariak jasoko ditu Kontseiluko buruak; nolanahi ere, ordainsari horiek, kontzeptu guztiak batuta, ezingo dira izan Eusko Jaurlaritzako sailburuorde-karguarentzat ezarritakoak baino handiagoak.
Kontseiluaren Osoko Bilkurak ezarritako ordainsariak jasoko ditu Kontseiluko idazkari nagusiak; nolanahi ere, ordainsari horiek, kontzeptu guztiak batuta, ezingo dira izan Eusko Jaurlaritzako zuzendari-karguarentzat ezarritakoak baino handiagoak.
Kontseiluko buruak eta idazkari nagusiak eskubidea izango dute beren jarduera dela-eta egin behar izaten dituzten gastuen ordaina jasotzeko, Kontseiluaren funtzionamendu-araudiak ezarritako baldintzen arabera.
Lege honetako 4.1 artikuluak aipatzen dituen konfederazioetako eta erakundeetako pertsonek eskubidea dute diru-sariak jasotzeko; Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartuko ditu diru-sari horien zenbatekoak.
Kontseiluaren zerbitzuko langileen araubideari dagokionez, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzupeko langileak antolatzeko maiatzaren 8ko 2/1992 Legean edo lege horren ordezko araudi espezifikoan ezarritakoa izango da.
Jaurlaritzak, sei hilean behin, txosten bat igorriko du Euskal Autonomia Erkidegoko lan-egoerari buruz eta Kontseiluari berari dagozkion gaiei buruz.
Lege hau indarrean sartzean Kontseiluan legez izendatuta dauden kideek Kontseiluko kide izaten jarraituko dute, izendatzean jarritako aldian.
Indarrik gabe geratzen dira lege honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo apalagoko arau guztiak, eta, beren-beregi, ekainaren 27ko 11/1997 Legea, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa.
Lehenengoa. Erregelamendu bidezko garapena.
Arau hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, aldatu egingo da Kontseiluaren egungo funtzionamendu-araudia, horko xedapenak lege honi egokitzearren.
Bigarrena. Kontseiluko ordezkariak izendatzeko epea.
Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bi hilabeteko epean izendatu beharko dira Kontseiluko kideak.
Hirugarrena. Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 27a.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.