Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

4/2011 LEGEA, azaroaren 24koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 5924
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2011/11/24
  • Argitaratze-data: 2011/12/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 4/2011 Legea, azaroaren 24koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak bermatzeko Legea aldatzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen bitartez, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema jarri zen indarrean, sistema autonomo gisa, osotasun koherente eta integratu bat zuela. Sistema horrek azken hamarkadetan gizarte-esklusioaren aurka borrokatzeko eratutako egitura oso kontsolidatuaren gainean sortu bazen ere, aurreko eredua birformulatu zuen, gizartearen beharren bilakaera argiari eta errealitate berrien sorrerari hobeto egokitzeko.

Eredu horretan, funtsezkoak izan dira udalen eta foru-aldundien gizarte-zerbitzuak, eta udalen kasuan, gainera, oinarrizko sare oso kualifikatua eratu da, giltzarri izan dena gizarte-prestazioak eskaintzeko eta emateko, ekonomikoak barne. Enplegu-politika aktiboak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu izanak gaitasuna ematen dio enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen garapenean laguntzeko, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen eraginkorki lagunduko duen lan-merkatu bat garatzearen alde lan egiteko, eta enpresen eskakizunei egokitutako langile-beharrizanak asetzeko, eta orobat gizartearen eta lurraldearen kohesioan laguntzeko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politiken kudeaketaren bidez.

Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko politika egituratzeko eta ezartzeko esparru sortu berri hori guztiz baliagarria da oraindik ere. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoak lanerako aktibazioaren arloan izan ditzakeen eskumenek eta aktibazio hori gizarteratzearen eta diru-sarrerak bermatzearen esparrura eramateko beharrak komenigarri egiten dute une honetan politika hori enplegu-egiturara aldatzea. Berritasun horri esker, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarentzat eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarentzat oso onuragarria izan beharko lukeen aldaketa bat sar daiteke kudeaketan: Eusko Jaurlaritzak, bereziki Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, eskumenak eskuratuko ditu zuzenbidezko prestazio ekonomikoak, hau da, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako prestazio osagarria, tramitatzeko eta ebazteko; eskumenak, baita, gizarteratze-hitzarmenak egiteko, proposatzeko, negoziatzeko, harpidetzeko eta horien jarraipena egiteko.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren esparruan, aldaketa hori garrantzi handikoa da eredu berriaren oinarrizko printzipioak inplementatzea lortzeko, kontuan izanik printzipio horiek zuzenean lotuta daudela gizarteratze aktiboaren estrategia integralarekin, zeinak, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko neurriak ez ezik, benetan laneratzeko beste neurri batzuk ere artikulatzen baititu.

Lan-merkatutik urrutien dauden pertsonen prestasun aktiboa lanerako edo lanbide-heziketarako, lanean hasi ahal daitezen.

Enplegua errentagarri egitea, laneratzea aukera erakargarria edo errentagarria izan dadin beti, bai langabezia-egoeran daudenentzat, bai lanik gabe daudenentzat, eta bai lan-merkatuan egon arren, prekarietate laboraleko egoeran daudenentzat, dela enpleguaren ezegonkortasunagatik, dela ordainsari txikiengatik. Horrelakoetan, malgusegurtasun-estrategia aplikatuko da, pixkanaka enplegu hobeak lortzen joan ahal izateko; ildo horretatik, etengabeko ikaskuntzako estrategia globalak ezarriko dira, pertsonek beren lan-bizitzan aurrera egiteko behar dituzten gaitasunak lor ditzaten, beren etengabeko moldagarritasuna eta enplegagarritasuna bermatuz.

Kudeaketa-eredu berriak indartu egingo du alderdi hau, zeren eta eskubidezko prestazio ekonomikoak tramitatzeko eskumenak eta gizarteratze-hitzarmenak diseinatzeko eta ezartzeko eskumenak erakunde bakar batean bilduko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, zeinaren zereginak, duen izaeragatik, enpleguaren eta laneratzearen esparruan oinarritzen baitira eta, hemendik aurrera, baita enplegu-politika aktiboen inplementazioan ere, eta horrek, zalantzarik gabe, indartu egingo du elementu bien arteko elkarketa, prestazioarena eta gizarteratze-hitzarmenarena, zeina gizarteratze aktibora bideratutako tresna gisa konfiguratuko baita. Gizarteratzera bideratutako beste esku-hartze batzuk, gizarte, etxebizitza, osasun edo hezkuntzako zerbitzuen sistemek artatu beharrekoak, behar dituztenei dagokienez, kasuan kasuko ekintzen izaera espezifikoa errespetatzen duen formula bat aukeratuko da, kontuan hartuta ekintzok sistema bakoitzaren arreta pertsonalizatuko tresnetan txertatuko direla eta jarduketa horiek eta gizarteratze aktiborako hitzarmena lotzeko, titularrak edo, hala badagokio, haren bizikidetza-unitateko beste kideren batek, sistema desberdinetan aurreikusitako ekintzak beteko dituelako konpromisoa sartuko dela hitzarmenean.

Kudeaketa maila autonomikoan egitera pasatzearekin lortu nahi den bigarren helburua, lehenengoa bezain garrantzitsua, da prestazioak organismo bakar batek kudeatzeak gobernantzari, efizientziari eta kontrolari begira dituen abantailez baliatzea, eta, aldi berean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari benetako aukerak eskaintzea bere funtzionamendua hobetzeko eta, horrela, prestazio ekonomikoen kudeaketak udaletako gizarte-zerbitzuei, eta bereziki oinarrizko gizarte zerbitzuei, eragin dien lan-karga biziki arintzeko. Horrek erantzuna emango lioke kasuak kudeatzeko eta gizartean esku hartzeko oinarrizko zereginak modu egokian egitea zailtzen zuen saturazio-egoerari, zeina sarritan jarri baitute agerian, bai udal-zerbitzuek berek, bai azken bi hamarkadetan oinarrizko gizarte-zerbitzuen egoera eta jarduera aztertzeko egindako ikerketek.

  1. Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistema eratzea, sistema autonomo gisa, zeinen kudeaketan parte hartzen baitu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, lankidetzan arituz beste administrazio publiko batzuekin.

  1. Lan-merkaturako sarbidea bermatzea diru-sarrerak bermatzeko prestazioa jasotzen duten pertsona enplegagarriei.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, hauexek izango dira gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko tresnak:

  1. Inklusio aktiborako hitzarmena. Gizarteratzeko eta laneratzeko behar diren era bateko eta besteko ekintzen multzoa antolatzeko oinarrizko tresna izango da, laneratzeko formazioari eta prestaerari garrantzi berezia emanda ekintza horietan.

  2. Esku hartzeko berariazko neurriak. Gizarte-babeseko hainbat alorretako programa, zerbitzu edo zentroak izan daitezke, bereziki gizarte-zerbitzuek, osasun-zerbitzuek, hezkuntza-zerbitzuek eta etxebizitza-zerbitzuek era autonomoan antolatu eta definitutakoak, eta, konbinatuta, gizarteratzeko hitzarmenean aplika daitezkeenak.

    Nolanahi ere, ekintza konbinatu horietarako eta behar den zerbitzuetara bideratzeko, erregelamendu bidez ezarri eta diseinatutako protokoloak izango dira.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta aldizkako eta eskubide subjektiboko prestazio ekonomiko bat da, oinarrizko premiei lotutako gastuei zein gizarteratzeko edo laneratzeko prozesu baten ondorio diren gastuei aurre egiteko diru-sarrera nahikorik ez daukan bizikidetza-unitate batean integratutako kideei zuzendua.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta emateko, edozein modalitatetan, gizarteratze aktiborako hitzarmen bat egingo da errentaren titularrarekin, III. tituluaren I. kapituluan aurreikusitako baldintzetan, errazago laneratu eta gizarteratu dadin. Ez da gizarteratze aktiborako hitzarmenik sinatu beharko baldin eta bizikidetza-unitateko pertsona guztiek erretiro-pentsioa, ezintasun iraunkor absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa edo kotizazio gabeko baliaezintasun-pentsioa jasotzen badute.

  2. Titularrak edo haren bizikidetza-unitateko beste kideren batek laneratzeko jarduerez gain, gizarte, etxebizitza edo hezkuntzako zerbitzuek eman beharreko gizarteratze-jarduketak eskatzen baditu, gizarteratze aktiborako hitzarmenean berariaz jasoko da titularrak sistema desberdinek diseinatutako gizarteratze-jarduketak betetzeko konpromisoa hartzen duela eta jarduketa horietan sartzeko eskubidea duela.

  1. Eskabidea aurkezteko unean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea, eta eskabidea egin baino urtebete lehenagotik, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egon izana eta benetan bertan bizi izana.

    Aurretiazko gutxieneko epea betetzen bada, baina hiru urtean erroldatuta egotera iristen ez bada, gutxienez bost urteko jarduera laboral ordaindua egiaztatu beharko da, bizitza laboralaren agiri bidez, salbu eta pentsio publiko bat jasotzen duten edo etxean tratu txarren biktima izan diren pertsonen kasuan.

    Gutxieneko epe hori bete ezean, eskatzaileak aurreko hamar urteen barruan bost urtez jarraian Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egona eta bertan benetan bizi izana izan beharko du.

  1. Laneko diru-sarrerak, kontratu laboral bidez justifikatuak, izanez gero, ez egotea lanaldi laburtuan edo antzeko beste egoera batean, salbu eta erregelamendu bidez ezarriko diren salbuespeneko kasuetan.

  1. Bizikidetza-unitate berean titular izan daitekeen kide bat baino gehiago baldin badago, bati bakarrik eman ahal izango zaio diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, betiere prestazioaren modalitatearen arabera ezarritako zenbateko-mugen barruan. Kasu horretan, dagokion diagnostikoa egin ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabakiko du nori eman prestazioa, dagokien kasuetan udalen gizarte-zerbitzuekin lankidetzan eta haien iritzia kontuan harturik.

i bis) Titularra eta haren bizikidetza-unitateko kideak lanerako adinean daudenean, gizartearentzat lan egiteko prest egotea Administrazioak lurraldeko boluntariotza-erakundeen bitartez modu ezohikoan eskatzen dienean. Salbuespena izango dira honako pertsona hauek:

Erabateko balioezintasuneko pentsioen titularrak direnak.

Ikasketa akademiko arautuak egiten ari diren 23 urtez beherakoak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz gizartearentzat lan egiteko egoeran ez daudenak.

  1. Titularra eta haren bizikidetza-unitateko kideak lanerako adinean daudenean, enplegurako prest egotea. Salbuespena izango dira honako pertsona hauek:

    Ezintasun iraunkor absolutuko, baliaezintasun handiko edo kotizazio gabeko baliaezintasuneko pentsioa jasotzen badute.

    23 urte baino gutxiago badituzte eta ikasketa akademiko arautuak egiten ari badira.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, dagokien kasuetan udalen gizarte-zerbitzuekin lankidetzan eta haien iritzia kontuan harturik, epe laburrean edo ertainean lan-merkatura sartzeko egoeran ez badaude.

    Lanerako prest egoteak barne hartzen du etengabe izena emanda egotea enplegu-eskatzaile gisa, indarreko legediaren arabera egokia den enplegu bati uko ez egitea, enplegutik ez behin betiko ez aldi baterako borondatezko bajarik hartzea, eta lan-eszedentziarik ez hartzea justifikatutako arrazoi oso estremorik izan gabe.

  1. Prestazioaren ordainketa ez eteteko, hura ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan dirautu bitartean, eskabidea berritzeko prozesua prestazioa azkendu baino hiru hilabete lehenago egiten hasi beharko da. Aurrekoaren ondorioetarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak titularrei jakinaraziko die, kasu bakoitzean dagokion egunean, eskabidea tramitatzen hasi behar dutela berritzeko.

  2. Aurrekoa hala izanik ere, lege honen erregelamenduzko garapenean zehaztuko da zein kolektibori luzatuko zaien automatikoki prestazioa eskabidea berritu beharrik gabe. Horien artean sartuko dira gizarteratzeko eta gizarte-babeseko oinarrizko errentaren titular direnak, baldin eta bizikidetza-unitateko kide guztiek erretiro-pentsioa edo ezintasun iraunkor absolutuko, baliaezintasun handiko edo kotizazio gabeko baliaezintasuneko pentsioa jasotzen badute, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, dagokien kasuetan udalen gizarte-zerbitzuekin lankidetzan eta haien iritzia kontuan harturik, epe laburrean edo ertainean lan-merkatura sartzeko egoeran ez badaude.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berrikuspena egingo du hiru hilabetero prestazioaren kontrol telematikora gehituz doazen eskakizunei dagokienez; nolanahi ere, egokitzat jotzen den behar adina berrikuspen egin ahalko ditu, prestazioa ematea eragin duten kausek bere horretan dirauten egiaztatze aldera.

Berrikuste eta gainbegiratze-lanak egiteko behar-beharrezkoak diren datuak eta txostenak eskatu ahal izango dizkie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan lankide diren gainerako administrazioei eta erakundeei.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea eteteak prestazioaren ordainketa etetea ekarriko du, eskubidea eteten den dataren hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik hasita, eta mantenduko da hori eragin duten inguruabarrek irauten duten bitartean, baina inoiz ez hamabi hilabetetik gorako aldi jarraitu batean, zeina pasa ondoren prestazioa jasotzeko eskubidea iraungi egingo baita.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea, edozein modalitatetan, ondorengo arrazoiengatik iraungiko da:

    1. Prestazioaren titularra hiltzea, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateak direnean.

    2. Prestazioaren bi urteko indarraldia amaitzea, Administrazioak hala eskatu ondoren berritzea eskatzen ez bada.

    3. Behin betiko galtzea eskubidea aitortzeko exijitutako eskakizunetako bat.

    4. Etete-egoera bat hamabi hilabetetik gorako denbora jarraituan mantentzea.

    5. Ez betetzeagatiko bi eten egotea prestazioa indarrean dagoen bi urteko aldian.

    6. Titularrak uko egitea.

    7. Zigor-prozedura batek hala ebaztea.

    8. Ez betetzea lege honetako 19.1.b artikuluan ezarritako betekizuna.

    9. Aplikatzeko modukoa denean, behin uko egitea, arrazoi justifikaturik gabe, indarreko legediaren arabera egokia den enplegu bati edo diru-sarrerak handitzea ekar lezakeen lan-baldintzen hobekuntza bati.

  2. Prestazioaren titularra hiltzen den kasuan, bizikidetza-unitateak pertsona bakarrekoak ez baldin badira, prestaziorako eskubidea ez da iraungiko, baizik eta titularraren senar-emaztea edo titularrari ezkontzaren antzeko etengabeko harreman batekin lotutako pertsona prestazio ekonomikoaren titulartasunean subrogatuko da, espediente berririk hasi behar izan gabe, eta halako pertsonarik ez baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egokientzat jotzen duten bizikidetza-unitateko kidea subrogatuko da.

  3. Prestazioa iraungiko balitz betebeharrak ez betetzeari edo hutsak egiteari lotutako kausengatik, titularrak ez du izango aukerarik diru-sarrerak bermatzeko errenta, bere ezein modalitatetan, berriro eskatzeko urtebetean, iraungitze-datatik zenbatzen hasita. Ondorio berbera eratorriko da artikulu honetako 1.d eta 1.e idatz-zatietan jasotako etete-kasuei lotutako iraungitze batetik.

  4. Prestaziorako irispidea urgentziazko prozeduraz eta lehentasunez tramitatuko da, hilabetetik gorakoa ezin izan daitekeen epe batean, baldin eta ordura arte titularra zen pertsonari zegokion diru-sarrerak bermatzeko errentarako eskubidea iraungitzeak edo mantentzeak ageriko kalteak ekartzen badizkie familia-unitateko gainontzeko kideei.

Etxebizitzako prestazio osagarria eman aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beti egiaztatuko du ea eskatzailea benetan laguntza-premian dagoen 29.2 artikuluan aurreikusitako etxebizitza-gastuei dagokienez.

  1. Prestazioaren titularra hiltzen bada, bizikidetza-unitateak pertsona bakarrekoak ez diren kasuetan prestazioa jasotzeko eskubidea ez da azkenduko, baizik eta zendutakoaren ezkontidea edo harekin ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez batuta zegoen pertsona subrogatuko da prestazio ekonomikoaren titulartasunean beste espediente bati hasiera eman beharrik gabe, eta horrelako pertsonarik egon ezean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz bizikidetza-unitateko kiderik egokiena dena.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzek diru-laguntza izaera edukiko dute eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako nahikoa kreditu dagoen neurrian emango dira. Nolanahi ere, laguntza horiei erantzuteko adinako diru-kopuruak izendatuko dituzte urtero Euskadiko administrazio publikoek.

Hemezortzigarren artikulua. 51. artikulua honela idatzita geratzen da:

Organo eskudunak berrikuspenak egingo ditu, sei hilabetero, prestazioa ematea eragin duten arrazoiek bere horretan dirauten egiaztatzeko. Ondorio horretarako, laguntzen onuradunei Administrazioaren aurrean ager daitezela eta lagun diezaiotela eskatu ahalko zaie.

  1. Bizikidetza-unitatearen ondarearen balorazioa egiterakoan, kanpoan utziko da unitatearen ohiko bizileku den etxebizitza edo bizitokia, salbu eta jabetzako etxebizitza bada eta 600.000 eurotik gorako balioa badu, erregelamendu bidez ezarriko den moduan. Nolanahi ere, halakoetan, ondasun horrek aparteko balioa duenentz zehazteko, etxebizitza erabiliaren batez besteko prezioa hartu beharko da kontuan, adierazle ofizialak baliatuta eta erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

  2. Era berean, ondarearen baloraziotik kanpo geratuko da familiaren ostilamendua, salbu eta hartan 120.000 eurotik gorako balioko ondasunak badaude.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako prestazio osagarria, lege honetan zuzenbidezko prestazio ekonomiko gisa erregulatuak, jaso ahal izateko, interesatuak eskabidea egin beharko du lehenago, Eusko Jaurlaritzari zuzenduta, eta erroldatuta dagoen eta benetan bizi den udalerriari dagokion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoan aurkeztuko du. Bulego horretan, izapideak egiteko behar dituen informazio eta orientabide guztiak emango zaizkio eskatzaileari.

  2. Gizarte-larrialdietarako laguntzak jaso ahal izateko, interesatuak eskabidea egin beharko du erroldatuta dagoen eta benetan bizi den udalerriko udalari zuzenduta, eta dagokion gizarte-zerbitzuetan aurkeztuko du. Zerbitzu horietan, izapideak egiteko behar dituen informazio eta orientabide guztiak emango zaizkio eskatzaileari.

  3. Eskaerarekin batera, beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek, lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela justifikatzeko.

    Ez da beharrezkoa izango Administrazioaren esku dagoen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskuratu dezakeen dokumentazioa eranstea, eta ondorioz, beste administrazio eta entitate publiko batzuei eskatu ahal izango dizkie ezinbesteko diren datu eta txosten guztiak. Hori guztia betiere errespetatuz izaera pertsonaleko datuak babesteko legediko datu-kalitatearen printzipioa.

Hogeita batgarren artikulua. 60. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo etxebizitzako prestazio osagarriaren espedienteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak izapidetuko ditu. Hark egiaztatuko du aurkeztutako eskabidearen edukia, eta alde horretatik, beharrezko datu eta txostenak eskatu ahal izango dizkie beste administrazio batzuei edo entitate publiko zein pribatuei, edo eskatzaileari berari.

    Aurreko paragrafoan aipatutako datuak eta txostenak izan beharko dira, soilik, ezinbestekotzat jotzen direnak eskatzaileak lege honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela egiaztatzeko. Hori guztia betiere errespetatuz izaera pertsonaleko datuak babesteko legediko datu-kalitatearen printzipioa.

  2. Ahal den guztietan, ahalegina egingo da aldi berean tramitatzeko etxebizitzako prestazio osagarria eta prestazio horrek osatzen duen diru-sarrerak bermatzeko errenta.

    Aldi berean tramitatzerik egongo ez balitz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekonomia administratiboaren printzipioa aplikatze aldera, diru-sarrerak bermatzeko errenta tramitatzerakoan aurkeztutako agirietara eta egindako egiaztapenetara joko du, eta etxebizitzako prestazio osagarria emateari buruzko dokumentazio espezifikoa baino ez du eskatuko.

  3. Diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak hiru hilabetero emango dio informazioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, etxebizitza arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari etxebizitzako prestazio osagarria jasotzen duten pertsonei buruz, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikek kontuan izan dezaten, bere jarduketa guztietan, etxebizitzako prestazio osagarria jasotzen duten pertsonek sarrera-lehentasuna dutela.

  4. Gizarte-larrialdietarako laguntzen espedientearen tramitazioa eskabidea egin den udalerriko udalak egingo du. Udalak egiaztatu egingo du aurkeztutako eskabidearen edukia, eta hartarako beharrezko datu eta txostenak eskatu ahalko dizkie beste administrazio edo entitate publiko eta pribatu batzuei, edo eskatzaileari berari. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak kontrol, jarraipen eta ikuskapeneko jarduketak egin beharko ditu geroago.

    Aurreko paragrafoan aipatutako datuak eta txostenak izango dira, soilik, eskatzaileak lege honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela egiaztatzeko ezinbestekotzat jotzen direnak. Hori guztia betiere errespetatuz izaera pertsonaleko datuak babesteko legediko datu-kalitatearen printzipioa.

Hogeita bigarren artikulua. 61. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzako prestazio osagarriaren kasuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du eskatzailearen eta haren bizikidetza-unitateko kideen eskubide izan daitezkeen izaera ekonomikoko baliabide eta prestazio sozialak oso-osorik baliatu edo eskatu direla. Gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan, egiaztapen hori eskabidea aurkeztu den udalerriko udalak egingo du.

  2. Baldin eta eskatzailea edo haren bizikidetza-unitateko kideak izaera ekonomikoko eskubide batzuen hartzekodun badira eta ez badituzte baliatu edo eskatu, mantenu-eskubidea barne ezkontzako bizikidetza egiazki bukatu dela egiaztatzen den kasuetan, orduan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diru-sarrerak bermatzeko errenta edo etxebizitzako prestazio osagarria eskatu denean, edo udalak gizarte-larrialdietarako laguntza eskatu denean, eskatzaileari eskatuko diote ezen, espedientearen instrukzioa amaitu aurretik, bere eskubideak baliatu edo eskatu ditzala indarrean dauden legeetan ezarritakoaren arabera.

    Prestazioetako edozeinen titularrek obligazio berbera izango dute, baldin eta eskubide horiek prestazioa eman eta gero sortuak direnean.

  3. Eskatzaileak ez badu betetzen aurreko paragrafoan aipatutako obligazioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diru-sarrerak bermatzeko errenta edo etxebizitzako prestazio osagarria eskatu denean, edo udalak gizarte-larrialdietarako laguntza eskatu denean, espedientea berrikusi, aldatu, bertan behera utzi edo artxibatu egingo dute.

Hogeita hirugarren artikulua. 62. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzako prestazio osagarriaren kasuan, eskabidea onartzeko edo ukatzeko ebazpena ematea Eusko Jaurlaritzari dagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, eta gizarte-larrialdietako laguntzen kasuan, eskabidea egin zaion udalerriko udalari.

  2. Ebazpena emateko organo eskudunak prestazioa onartzeko edo ukatzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean emango du, dagokion eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita. Epea amaitzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskatutakoa diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako prestazio osagarria badira, eman egin direla ulertuko da, eta gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu badira, berriz, ukatu egin direla.

  3. Aurreko paragrafoan aipatutako epeak eten egingo dira baldin eta eskatzaileari egotzi dakiokeen arrazoiren batengatik prozedura eteten bada.

Hogeita laugarren artikulua. III. tituluko I. kapituluko izenburuari idazketa berria ematen zaio:

Hogeita bosgarren artikulua. 65. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Lege honen ondorioetarako, gizarteratze aktiborako hitzarmenak definitzen dira programa-dokumentu gisa, zeinetan parte-hartzaileek ezartzen baitituzte izaera sozial edota laboraleko ekintza espezifiko batzuk, beharrezkoak direnak titularra eta bizikidetza-unitateko gainerako kideak baztertuta geratzeko arriskutik edo baztertuta egotetik prebenitzeko eta horiek errazago laneratzeko eta gizarteratzeko.

  2. Gizarteratze aktiborako hitzarmenak dira dokumentu batzuk zeinek diseinatzen baitute gizarteratze-prozesu edo ibilbide pertsonalizatu bat, titularraren edo, hala badagokio, haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuen beharrizanetara egokitua, eta zeinek eragiten baitie parte-hartzaileei konpromiso bat obligazioak dakartzana.

  3. Gizarteratze aktiborako hitzarmenek lanpostu bat lortu ahal izatera edo lan-egoera hobetu ahal izatera bideratutako egintzak jasoko dituzte, erregelamenduz ezarritakoaren arabera; egintza horiek, bereziki, prestakuntza aurrekoak, prestakuntzakoak, lana topatzekoak eta lan-bitartekaritzakoak izango dira.

  4. Baldin eta titularrak edo haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuek, laneratzera zuzendutako jarduketez gain, behar badituzte gizarteratzera zuzendutako jarduketa batzuk, gizarte, etxebizitza, osasun edo hezkuntzako zerbitzuen sistemek artatu beharrekoak, edo baldin eta bideragarria ez bada pertsona horiek epe motz eta ertainean parte hartzea laneratzera zuzenean bideratutako jardueretan, kasu horietan gizarteratze aktiborako hitzarmenaren edukietan sartuko da ezen titularrak konpromisoa hartzen duela sistema batzuek eta besteek diseinatutako gizarteratze-jarduketak betetzeko.

Hogeita seigarren artikulua. 66. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Gizarteratze aktiborako hitzarmenetan esku hartuko duten aldeak dira, alde batetik, Eusko Jaurlaritza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, dagokien kasuetan udalen gizarte-zerbitzuekin lankidetzan eta haien iritzia kontuan harturik, eta bestetik, bazterketako arriskuan edo egoeran izateagatik hitzarmen horien hartzaile izan daitezkeen pertsonak.

  2. Honako hauekin sinatuko dira gizarteratze aktiborako hitzarmenak:

    1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, jasotzeko eskabidea egiten eta hartarako eskakizunak betetzen dituzten pertsonekin, baldin eta titularra edo haren bizikidetza-unitateko kideren bat lan egiteko adinean badago eta ezintasun iraunkor absolutuko, baliaezintasun handiko edo kotizazio gabeko baliaezintasuneko pentsioa jasotzen ez badu.

    2. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren edozein modalitateren titular edo onuradun izan ez arren, laneratzera zuzendutako esku-hartze edo jarduketa espezifikoren bat behar dutenekin, baldin eta hala eskatzen badute. Kasu honetan, onuraduna langabezia-prestazio baten titularrak edo inolako diru-prestaziorik jasotzen ez dutenak izan daitezke.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bizikidetza-unitateko beste kide batzuk ere sartu ahal izango ditu gizarteratze aktiborako hitzarmenean jasotzaile gisa, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz beharrezkoa bada.

Hogeita zazpigarren artikulua. 67. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Gizarteratze aktiborako hitzarmen bat egiteko eta sinatzeko prozesua ofizioz hasiko da 66.2 artikuluaren a) idatz-zatian jasotako kasu guztietan.

  2. Lege honetako 66.2 artikuluaren b) idatz-zatiko kasuan dauden pertsonek, laneratzeko laguntza espezifikoa behar badute, gizarteratze aktiborako hitzarmen bat egiteko eskatu ahal izango dute eta eskabidea aurkeztu erroldatuta dauden eta benetan bizi diren udalerriari dagokion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoan. Eskabidearekin batera, lege honetan eta berau garatzeko arauetan kasu bakoitzerako ezartzen diren eskakizunak betetzen direla justifikatzeko beharreko diren agirian aurkeztu beharko dira.

Hogeita zortzigarren artikulua. 68. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diagnostikoa egingo du gizarteratze aktiborako hitzarmenen jasotzaile izango diren pertsonen eta, hala badagokio, haien bizikidetza-unitatean sartutako kideen laneratze-beharrizanei buruz.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako diagnostikoan oinarrituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dagokion gizarteratze aktiborako hitzarmena diseinatuko du, modu pertsonalizatuan, non zehaztuko baitira esku hartzen duten aldeek laneratzeari begira hartzen dituzten konpromiso guztiak.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egokituko zaio gizarteratze aktiborako hitzarmenaren proposamena egitea, hitzarmena sinatu aurretik haren edukia negoziatzea, bertan jasotako ekintzak koordinatzea eta bere aplikazioaren jarraipena egitea.

  4. Lege honetako 65.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz titularrak edo haren bizikidetza-unitateko beste kideren batek laneratzeko jarduketez gain, gizarte, etxebizitza edo hezkuntzako zerbitzuek eman beharreko gizarteratze-jarduketak eskatzen baditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz jasoko du gizarteratze aktiborako hitzarmenean titularrak sistema desberdinek diseinatutako gizarteratze-jarduketak betetzeko konpromisoa hartzen duela eta jarduketa horietarako eskubidea duela.

  5. Bere jarraipen-funtzioak betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileak koordinatu ahal izango dira beste jarduketa-eremu batzuetako profesionalekin, bereziki gizarte, osasun, hezkuntza eta etxebizitzako zerbitzuetakoekin, bai diagnostiko eta orientazio kontuetan, bai esku-hartzeari dagokionez. Era berean, ekimen sozialeko entitateen partaidetza ere eduki ahal izango dute.

Hogeita bederatzigarren artikulua. 69. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Gizarteratze aktiborako hitzarmenetan esku hartzen duten aldeek obligazio hauek izango dituzte:

    1. Hitzartu diren jarduketak garatzeko posibilitatean eragina izan dezaketen gertatutako aldaketak jakinaraztea.

    2. Sinatutako gizarteratze aktiborako hitzarmenaren gaitik eta helburutik ondorioztatzen diren jarduketa guztiak egitea.

    3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokionez, bere oinarrizko betebeharra izango da momentu bakoitzean zerbitzu irisgarri eta egokituen eskaintza bermatu ahal izatea, hitzarmenean maila konkretu eta indibidualean negoziatutako eta sinatutako konpromisoak bete ahal izateko. Horretarako, beharrezkoak diren baliabideak ziurtatuko dira, bai giza baliabideak eta baita tresneriari dagokionez ere.

  2. Nolanahi ere, eta gizarteratze aktiborako hitzarmena sinatzean hartutako konpromisoak gorabehera, konpromiso horiek garatzeak ezin izango du inoiz oztopatu ez hitzarmenaren hartzaileek enplegu bat lortzea, ezta hitzarmenean aurreikusi gabeko prestakuntza-prozesuren batean sartzea ere, nahiz eta halakorik gertatuz gero hitzarmena berrikusi beharko den.

  3. Gizarteratze aktiborako hitzarmenetan jasotako jarduketak eta esku-hartzeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatu eta abiaraziko ditu. Horretarako, bere programa eta zerbitzuez gain, beste administrazio publiko batzuek eta erakunde publiko zein pribatuek laneratzeari begira garatutako programak eta zerbitzuak ere erabili ahal izango ditu. 65.4 artikuluan aipatutako kasuei dagokienez, gizarteratzera bideratutako jarduketak beste sistema batzuetan kokatuta badaude, sistema horiei dagokie jarduketok garatzea.

Hogeita hamargarren artikulua. 69 bis artikulu berria sortzen da:

69 bis artikulua. Berrikuspena, aldaketa eta aldi bateko etendura

  1. Gizarteratze aktiborako hitzarmenean hilero ebaluazio bat egingo da. Ebaluazio horren arabera, edo alderdiek, haietako batek eskatuta, adosten dutenean, edo ezinbesteko zirkunstantziek aginduta, aldatu gabe edo bere aplikazioa eten gabe berrikusiko da gizarteratze aktiborako hitzarmenaren edukia.

  2. Ezinezkoa denean titularrak gizarteratze aktiborako hitzarmena betetzea, eten egingo da aldi baterako hitzarmenak eragindako konpromisoak betetzeko derrigortasuna, harik eta ezintasun-egoera desagertu edo aldatu arte.

Hogeita hamaikagarren artikulua. 70. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Eusko Jaurlaritzak emango du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, gizarteratze aktiborako hitzarmena sinatzea edo ez sinatzea erabakitzen duen ebazpena.

  2. Ebazpena emateko eskumena duen organoak bi hilabeteko gehienezko epean eman eta jakinaraziko du ukatze-ebazpena, edo sinatuko du dagokion hitzarmena, epe hori eskabidea dagokion erregistroan sartu den egunetik kontatzen hasita.

  3. Aurreko paragrafoan aipatzen den epea amaituta, ez baldin bada luzamenduzko berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, edo ez baldin bada gizarteratze aktiborako hitzarmena sinatu, soilik onuradunaren ardurapekoak ez diren kausengatik, emandakotzat joko da hitzarmen-eskaera.

    Aurreko paragrafoan aipatzen den epea amaituta, ez baldin bada luzamenduzko berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, edo ez baldin bada gizarterartze aktiborako hitzarmena sinatu, soilik onuradunaren erantzukizunagatik, hitzarmen-eskaera ukatutzat joko da.

Hogeita hamabigarren artikulua. 75. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta daudenak gizarteratzeko eta laneratzeko, beharrezkoa da, batetik, programak, zerbitzuak edo zentroak ezartzea enpleguaren arloan, laneratzeko jarduerak antolatu ahal izateko gizarteratze aktiborako hitzarmenen esparruan, eta bestetik, programak, zerbitzuak edo zentroak ezartzea gizarte-babesaren beste arlo batzuetan, bereziki gizarte-zerbitzuetan, osasun-zerbitzuetan, hezkuntza-sisteman eta etxebizitza-zerbitzuetan.

Hogeita hamahirugarren artikulua. 85. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Eusko Jaurlaritzaren eskumena da diru-sarrerak bermatzeari eta gizarteratzeari dagokionez lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezartzen zaizkion arau-garapena eta zuzeneko ekintza.

    Lege honen ondorioetarako, zuzeneko ekintzatzat jotzen da, lege honetan Eusko Jaurlaritzari esleitzen zaizkion gauzatze-ahalez gain, beren interes orokorra dela-eta, beren izaera eta ezaugarriak direla-eta, edo izan dezaketen erabiltzaile-kopurua dela-eta, edo autonomia-erkidego mailan ematen direlako lor daitezkeen eskala-ekonomiak direla-eta Euskal Autonomia Erkidego osoan modu bateratuan eman behar diren programa, prestazio eta zerbitzuen gauzatze-eskumena edukitzea.

    Eskakizunak betetzen direla arrazoitu egin beharko da eta hala adierazi Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen nahitaezko eta aldeko txostena jaso ondoren.

  2. Udalei dagokie diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko arauak gauzatzea, lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritakoaren arabera.

Hogeita hamalaugarren artikulua. 86. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Eusko Jaurlaritzari dagokio, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen esparruan eskuduna den sailaren bitartez, ondorengo eginkizun hauek gauzatzea:

    1. Lege hau garatzeko arauak egitea eta onartzea.

    2. Sistemaren prestazioak jasotzen dituzten pertsonen lan-aktibazioa.

    3. Gizarteratzeko Euskal Plana gauzatzeko behar beste baliabide eta bitarteko prestatzea oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-aurreproiektuan urtero sartuko diren sailen programen bidez.

    4. Diagnostikoa egiteko eta esku-hartze planifikatu eta pertsonalizatua egiteko baliabide tekniko komunak diseinatzea eta ezartzea, gainerako euskal administrazioekin koordinaturik eta lankidetzan.

    5. Lege honetan gizarteratzera eta laneratzera zuzendutako prestazio ekonomikoei eta gainerako baliabideei buruz estatistikak planifikatzea eta diseinatzea, baita estatistika horiek egitea eta mantentzea ere, estatistika-arauen arabera eta gainerako euskal administrazioekin koordinaturik eta lankidetzan.

    6. Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzakoak diren programak, prestazioak eta zerbitzuak gauzatzea.

    7. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, eta etxebizitzako prestazio osagarria jasotzeko eskabideak hartzea.

    8. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren edozein modalitateri eta etxebizitzako prestazio osagarriari buruzko espedienteak tramitatzea; diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, eta etxebizitzako prestazio osagarria onartzea, ukatzea, berrikustea, aldatzea, etetea eta azkentzea.

    9. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, edo etxebizitzako prestazio osagarria hilero ordaintzea.

    10. Gizarteratze aktiborako hitzarmenak egitea, proposatzea, negoziatzea eta sinatzea.

    11. Gizarte-larrialdietarako laguntzak ikuskatzea.

    12. Gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuen inplementazioa ebaluatzea. Ebaluazio horren barruan, Eusko Jaurlaritzak banakako kasuak berrikusi ahalko ditu egokitzat jotzen duenean, eta, horrela, bere eskumen-mailan lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoen eta programen titularrak eta hartzaileak kontrolatzeko eginkizuna bete ahalko du.

    1. Gizarteratzeko esku-hartze eta jarduketa komunitarioak sustatzea, prestatzea eta garatzea, udalekin eta mankomunitateekin batera.

    2. Gizarteratzeko Sail arteko Batzordea abian jartzea, eta haren lanen garapena bultzatzea.

    3. Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea eratzea.

    4. Gizarteratzeko Euskal Kontseilua eratzea.

    5. Gizarteratze Aktiborako Euskal Plana onartzea eta plan hori Eusko Legebiltzarrari bidaltzea komunikazio gisa, eztabaidatu dezan.

    6. Bere eskumenen barruan, zehapen-ahala gauzatzea, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan jasotako eran.

    7. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren edozein modalitateren titular eta onuradunen jarraipen etengabea eta kontrola egitea, baita etxebizitza-gastuetarako prestazio osagarriaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen titular eta onuradunena ere.

    8. Bere eskumenen barruan, zehapen-ahala gauzatzea, lege honetan eta lege hau garatuko duten arauetan jasotako eran.

    9. Euskal administrazioen artean bideraketa- eta koordinazio-protokoloak ezarri eta egitea, gizarteratzeko eta laneratzeko beharrak dituzten pertsonei erantzun arin eta azkarra emateko.

  2. Eusko Jaurlaritzak, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen esparruan eskuduna den sailaren bitartez, Gizarteratze Aktiboko Euskal Plana bost urterik behin ebaluatuko du, eta ebaluazio hori Eusko Legebiltzarrari helaraziko dio.

Hogeita hamabosgarren artikulua. 87. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

Lurralde historiko bakoitzeko foru-aldundiari dagozkio ondorengo eginkizunak, gizarteratze-arloan dituen eskumenen eremuaren barruan:

  1. Gizarteratze Aktiborako Euskal Plana gauzatzean onartzen diren gizarteratzeko foru-programak prestatzea eta garatzea.

  2. Foru-departamentuak koordinatzea, gizarteratze- eta laneratze-beharrizanei gizarte-babesaren arlo desberdinetan erantzuna eman diezaieketen zerbitzu eta zentroen sarea diseinatzeko eta garatzeko.

Hogeita hamaseigarren artikulua. 88. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie ondorengo eginkizun hauek betetzea:

  1. Hala badagokio, Gizarteratze Aktiborako Euskal Plana gauzatzeko onartzen diren gizarteratzeko udal-egitarauak prestatzea eta garatzea.

  2. Udal-departamentuak koordinatzea, gizarteratze- eta laneratze-beharrizanei gizarte-babesaren arlo desberdinetan erantzuna eman diezaieketen zerbitzu eta zentroen sarea diseinatzeko eta garatzeko.

  3. Gizarteratzeko esku-hartze eta jarduera komunitarioak sustatzea, prestatzea eta garatzea.

  4. Gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabideak jasotzea eta tramitatzea eta laguntza horiek onartzea eta ukatzea eta, hala badagokio, dagozkien ordainketak egitea.

  5. Bere eskumenen esparruan, gizarte-larrialdietarako diru-laguntzen titularrei eta onuradunei segimendu jarraitua eta kontrola egitea.

  6. Bere eskumenen barruan, zehapen-ahala gauzatzea, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan jasotako eran.

Hogeita hamazazpigarren artikulua. 92. artikuluari idazketa berria ematen zaio:

  1. Euskal administrazio publikoen beren arteko eta beste entitate publiko batzuekiko elkarlana lankidetza-hitzarmenez bitartez edo indarreko legedian araututako beste edozein moduren bitartez bideratuko da, elkarlan hori ezarritako helburuak betetzera baldintzatzeko eta kasuan-kasuan egokitzat jotzen diren finantza-kontroleko neurrietara atxikitzeko.

  2. Gizarteratze aktiborako hitzarmenen esparruan antolatzen diren programak, zerbitzuak edo zentroak zerbitzu horiek erregulatzen dituen araudi espezifikoan aurreikusitakoaren arabera finantzatuko dira.

Hogeita hemezortzigarren artikulua. 101. artikuluari d) letra gehitzen zaio. Hona hemen testua:

  1. Titularraren ohiko bizilekuari dagokion aldaketa oro ez jakinaraztea, erregelamenduz ezarriko den epean, lege honetan erregulatzen diren prestazioei dagokienez.

Hogeita hemeretzigarren artikulua. 102 artikuluko d), e), f), g) eta h) letrak sortzen dira.

  1. Prestazio ekonomikoa ez aplikatzea bizikidetza-unitateko kideen oinarrizko beharrizanak estaltzeko eta, bere kasuan, kide horien gizarteratze edota laneratze-prozesuak dakartzan gastuak estaltzeko.

  2. Eskale ibiltzea, edo bizikidetza-unitateko beste kide batzuk eskale ibiltzen uztea edo ibiltzera behartzea.

  3. Modu bidegabean edo kopuru bidegabean jasotako prestazioen zenbatekoa ez itzultzea.

  4. Jasotako prestazioak ez erabiltzea eman diren helbururako.

  5. Ez jakinaraztea, erregelamenduz ezarriko den epean, gertaturiko egitate batzuk, lege honetan xedatutakoaren arabera bertan araututako prestazioetarako eskubidea aldatzea, etetea edo azkentzea ekar dezaketenak.

Berrogeigarren artikulua. Aldatu egiten da legearen bosgarren xedapen gehigarria:

Administrazioak azkarrago jardun dezan, Osasun eta Kontsumo Sailak hilero jarriko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku lege honetan araututako prestazio ekonomikoen titularren eta onuradunen identifikazio-datuak, jaiotza-data eta heriotza-data.

Berrogeita batgarren artikulua. Azken xedapenetatik hirugarrena kentzen da.

Lehenengoa. Prozeduren erregimen iragankorra.

  1. Lege hau aplikatuko zaie indarrean sartzen denetik aurrera hasitako prozedurei.

    Lege hau indarrean sartu aurretik hasitako prozedurek aurreko araudia izango dute jarraibide ondorio guztietarako.

  2. Lege hau indarrean sartu aurretik hasitako prozeduretan, honela jokatuko da:

    1. Udalak espedientea hasi bai baina ebazpen-proposamenik egin ez badu dagokion foru-aldundira bidaltzeko, kasu horietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ebatziko du espedientea.

    2. Espedientea bidali bazaio dagokion foru-aldundiari ebazpena emateko, aldundiak ebatziko du eta ondoren Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko du bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.

      Bigarrena. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren, etxebizitzako prestazio osagarriaren eta gizarteratze aktiborako hitzarmenen espedienteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bidaltzea.

      1. Lege hau indarrean sartu, eta bi hilabeteko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bidaliko dira diru-sarrerak bermatzeko errentaren, etxebizitzako prestazio osagarriaren eta gizarteratze aktiborako hitzarmenen espediente ebatzi guztiak.

      2. Lehenengo xedapen iragankorraren 2. paragrafoko a) idatz-zatian aipatzen diren espedienteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bidali beharko dituzte udalek hark ebatzi ditzan. Horretarako epea hamabost egunekoa izango da, lege hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.

      3. Lehenengo xedapen iragankorraren 2. paragrafoko b) idatz-zatian aipatzen diren espedienteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bidali beharko dituzte foru-aldundiek. Horretarako epea bi hilabetekoa izango da, ebazten direnetik kontatzen hasita.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean gizarteratze-hitzarmen esaten denean, gizarteratze aktiborako hitzarmen esaten dela ulertuko da. Era berean, Gizarteratzeko Euskal Plana esaten denean, Gizarteratze Aktiborako Euskal Plana esaten dela ulertuko da.

Lehenengoa. Erregelamendu bidezko garapena.

Lege hau onetsi ondorengo hamabi hilabeteko epean, lege hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman beharko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Bigarrena. Aurrekontuak aldatzea.

Gaitasuna ematen zaio Eusko Jaurlaritzari aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren bitartez lege honetan xedatutakoa betetzeko behar diren aurrekontu-aldaketa eta aurreikuspen guztiak egiteko.

Hirugarrena. Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Lege hau.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 28a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.