Arautegia
Inprimatu2/2011 LEGEA, martxoaren 17koa, Ehizarena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 61
- Hurrenkera-zk.: 1771
- Xedapen-zk.: 2
- Xedapen-data: 2011/03/17
- Argitaratze-data: 2011/03/29
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak martxoaren 17ko 2/2101 Legea, Ehizarena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Euskal Autonomia Erkidegoan ehiza arautzeko, egun ia berrogei urte dituen araudia erabili izan da. Denbora horretan zehar, basa-fauna babesteko araudia nabarmen garatu da. Besteak beste, honako xedapen hauek argitaratu dira: Kontseiluaren 79/409/EEE Zuzentaraua, 1979ko apirilaren 2koa, basa-hegaztiak babesteari buruzkoa eta gai bereko 2009/47/EEE Zuzentarauak (2009ko azaroaren 30ekoak) ordezkatua, eta Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, 1992ko maiatzaren 21ekoa, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoa. Zuzentarau horietan xedatutako alderdiak aldaketa puntualen bidez ekarri izan ditugu geure legedira, baina ehizaren legea egiteko beharra ikusi da, baliabide hori aurretiaz arautzearen gaineko ikuspegi berriei erantzute aldera. Araudiak ehiza-baliabideen iraunkortasuna eta gainerako basa-faunaren babesa bermatzeko balio behar du.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoko 10.10 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboak dira «barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta arrain-hazkuntza, ehiza eta ibai eta aintziretako arrantza». Eskumen hori baliatuta, apirilaren 13ko 1/1989 Legea onartu zen. Lege horren bidez, ehizako eta ibai-arrantzako arau-hauste administratibo jakin batzuen kalifikazioa aldatu, eta zehapenen zenbatekoa handitu zen. Lege hori eta Euskal Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea (martxoaren 11ko 1/2010 Legeak aldatua) izan dira, hain zuzen, geure Autonomia Erkidegoaren esparruan ehiza-jarduera arautzeko iturriak. Era berean, Ehizari buruzko apirilaren 4ko 1/1970 Legean xedatutakoa osatu dute.
Lege honek berezko arau-esparrua ezarri nahi du ehizaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoaren ezaugarriak aintzat hartuta. Alde batetik, bertako ezaugarri fisikoak hartu dira kontuan; izan ere, ehiza arautzeko, ezinbestekoa da kontuan hartzea Euskal Autonomia Erkidegoak biztanle-dentsitate handia duela eta landaguneek gizakiaren eragin handia jasaten dutela. Horrenbestez, ezinbestekoa da ehiza modu egokian kudeatzea. Bestetik, kontuan hartu da Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.b.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, foru-erakundeei dagokiela Autonomia Erkidego osorako erakundeek arlo horretan onartzen dituzten arauak garatu eta betearazteko eskumena. Lege honek foru-erakundeei berezko politikak aurrera eramaten lagundu nahi die; izan ere, lurralde bakoitzak ehiza-aberastasunaren aldetik bizi duen egoera desberdina kontuan hartuta, behar-beharrezkoa zaie berezko politikak edukitzea. Halaber, lege honen bidez, ehizak gizartean dituen sustraiei eutsi nahi zaie, eta ehiztariek natur ingurunearen kudeaketa iraunkorrean parte har dezaten lortu nahi da.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, ehizaren arloan, berezko arau-esparru osoa onartzearekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean arlo hori arautzen zuten artikuluak egokitu beharko dira; eta, bestalde, Ehizari buruzko apirilaren 4ko 1/1970 Legea aplikatzeari utziko zaio.
Legeak honako atalak ditu: zioen azalpena, zortzi titulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen. I. tituluan zenbait xedapen orokor jaso dira: ehizaren definizioari, eskuperatutako aleen jabetzari edo ehizan aritu ahal izateko bete beharreko baldintzei buruz dihardu. Titulu horretan bertan ikus daiteke ehizari buruzko araudiak mistoak direla, zuzenbide zibilekoak eta administrazio-zuzenbidekoak, hain zuzen. Bestalde, lehengo arauarekin alderatuta, legeak izango duen berritasun bat ikus daiteke: ehiza-baliabideak planifikatzeko beharra.
tituluan ehiza-espezieak bi multzotan sailkatuta ageri dira: ehiza larrian eta ehiza xehean, alegia. Halaber, xedapen orokorretan adierazitako kontu bat errepikatzen du, hau da, ehiza daitezkeen espezieek ehiza-espezie gisa jasota egon beharko dutela izaera orokorreko arauetan, ez debekualdiei buruzko foru-aginduetan. Izan ere, foru-agindu horiek ehiza-espezieen zerrenda mugatu ahalko dute, baina ez zabaldu.
tituluan lurrak ehizaren ondorioetarako sailkatzeko oinarrizko printzipioak ezarri dira. Lurraldea bi kategoriatan banatzen du: ehiza-lurretan eta ehizarako ez diren lurretan. Horiez gain, ehiza-araubide bereziko lurrak ere xedatu dira, baina horiek berezko araudia izango dute.
Ehiza-lurrak dira aprobetxamendu erkideko lurrak, zainpeko ehiza-eremuak, ehiza-barrutiak eta ehiza-txakurrak trebatzeko edo ehiza-jarduerak egiteko eremuak.
Zainpeko ehiza-eremuen figura ez da berria gure zuzenbidean, baina lege honen bidez indartu egin nahi da. Ehiza-barrutien antzeko araudia dute. Legearen berrikuntzetako bat da zainpeko ehiza-eremuen araudia eremu horiek ezarri diren lurralde historikoetan aplikatu izan den araudiari egokituko zaiola.
tituluan ehizaren antolamendua eta kudeaketa arautu, eta debekualdiei buruzko foru-aginduen egitura eta gutxieneko edukia ezarri dira.
tituluan ehizaren jarduna arautu da. Aurreko araudiaren aldean, artikuluak laburtzen eta debekuak modu sistematikoan ordenatzen saiatu dira. Beren-beregi jaso da foru-aldundiek «fortuna-eguna» izendatu ez arren, egoera horrek iraun bitartean debekatuta egongo dela ehiza. Alderdi hori garrantzitsua da; izan ere, gurera maiz heltzen dira beste zona batzuetako animaliak, neguko denboraleek bultzatuta. Halako egoerak, ordea, ezin dira beti aurreikusi eta, beraz, beti ez dago denborarik dagokion foru-agindua emateko.
eta VII. tituluetan ehiza-haztegiak, garraioa eta merkaturatzea, eta segurtasuna eta erantzukizun zibila jorratu dira. Aipagarria da ehiza-espezieak tartean direla gertatzen diren trafiko-istripuei buruzko araudia, bide-segurtasunaren arloan xedatutakoaren araberakoa.
tituluan zaintza, arau-hausteak eta zehapenak eta kalteen konponketa xedatu dira. Zaintzari dagokionez, zaintzaile pribatu gisa dihardutenei atribuzio ahalik eta gehien aitortzen saiatu dira. Lan egiteko beharrezko dituzten legezko bitartekoak eman nahi dizkiete. Izan ere, lan egiteko orduan ez ohi dute izaten segurtasun-indarren laguntza, eta sarri lan-baldintza zailak dituzte.
Lege honetan beste alderdi batzuk oso modu orokorrean jorratu badira ere, arau-hausteak zehaztasun handiz xedatu dira. Horrela, ahalik eta gehien indartu nahi da herritarren segurtasun juridikoa. Arau-hausteen kategorietako bat, «ez horren larriak» alegia, desagertu egin da, eta hemendik aurrera hiru arau-hauste mota egongo dira: oso larriak, larriak eta arinak.
Lege honen xedea da: Euskal Autonomia Erkidegoan ehiza arautzea; bertako ehiza-espezieak babestea, zaintzea eta sustatzea; ehizaren aprobetxamendua antolatzea iraunkortasun-printzipioen arabera eta ehizak natur ingurunearen bestelako erabilerekin izan ditzakeen bateragarritasun-printzipioen arabera, bai eta ehizak gizartean dituen sustraiak gordetzea eta garatzea eta ehizan aritzen direnek natur ingurunearen kudeaketa iraunkorrean parte har dezaten lortzea ere.
Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen arabera, foru-aldundiek dituzte Autonomia Erkidego osorako erakundeek arlo horretan dituzten arauak garatzeko eta betearazteko eskumenak.
Ehizatzea da gizakiak, arte, arma, animalia edo bestelako modu homologatuen bidez animaliak bilatzea, erakartzea, esestea edo jazartzea, azken buruan, animalia horiek hiltzeko edo harrapatzeko asmoz, edo besteren batek harrapa ditzan errazteko asmoz. Ehizatzat jotzen dira aurreko horiek egiteko beharrezko prestatze-lanak egitea ere.
Ehizaki gisa jotzen diren animaliak soilik ehiza daitezke.
Ehizakiak dira Eusko Jaurlaritzak onartuko duen ehiza-espezieen zerrendan agertzen diren animalia basatiak edo abere basatuak.
Babestutako espezieak ezingo dira ehiza-espezie izan.
Edonola ere, foru-organo eskudunak baimendu eta kontrolatuko ditu ehiza-espezieak berriz sartu eta askatzeko prozesuak. Espezie horiek berriz sartzeari dagokionez, bertako populazioen antzeko jatorri genetikoa izan behar dute, patroi genetikoa egon badagoen kasuetan. Bestalde, espezie aloktonoak ustekabean edo ilegalki sartzeari dagokionez, espezie horiek ezingo dira ehizatu, eta horiek desagerrarazteko kontrol-neurri egokiak hartuko dira.
Ehizakiak ezingo dira baimenik gabe itxian hazi. Legearen arabera eratutako ehiza-haztegietako animalia biziak eta arrautzak soilik merkaturatu ahalko dira.
Ehiztariak ehizakiaren jabetza eskuperatuta lortzen du, baldin eta lege-xedapenen arabera ehizatzen badu.
Ehizakia hiltzean edo harrapatzean ulertuko da eskuperatu dela. Jabetzaren gaineko zalantzarik izanez gero, hiltzen duenarena ehiza xehearen kasuan edo lehendabizi zauritu duen ehiztariarena ehiza larriaren kasuan izango da ehizakia. Hegan doazen hegaztien kasuan, eraisten dituen ehiztariarenak izango dira.
Ehiztari batek ehizatu daitekeen lur-eremu batean ehizaki bat zaurituz gero, ehizaki hori jasotzera sartu ahal izango da beste lur-zati batera, baina arma irekita edo hustuta eta txakurra lotuta dituela sartu beharko du ehizakiaren bila. Dagokion lur-zatia itxita badago, titularraren edo ordezkariaren baimena beharko da hara sartzeko. Baimenik emango ez baliote, zauritu edo hildako animalia eman diezaiotela eska dezake, aurkitu eta hura harrapatzeko aukerarik izanez gero.
Inork ez du nahita oztopatu behar legezko manuak betez egiten ari diren ehizaldiak.
Ehizan jardun ahalko du ehiza-baimena eduki eta lege honetako eta indarrean dauden gainerako xedapenetan ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona orok. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundietako organo eskudunei dagokie baimena emateko eskumena. Baimenak titularra gaituko du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan jarduteko.
Ehiza-baimena lortzeko, hamalau urte beteta eduki behar dira, eta Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarritako gaitasun-probak gainditu. Adingabekoen kasuan, ehiza-baimena lortu ahal izateko, legez ordezkatzen dituztenen idatzizko baimena beharko dute. Ehiza-baimenak arautzeko, beharrezkoa da Autonomia Erkidegotik kanpo lortutakoak homologatzeko prozedura sartzea.
Halaber, edozein arma-motarekin ehizan jardun ahal izateko, beharrezkoa izango da:
Adinez nagusia izatea. Adingabeek, ehizan aritu ahal izateko, haien lagun edo zaindari gisa jardungo duela adierazi duen adin nagusiko ehiztariren batekin joan beharko dute. Adinez nagusia adingabearen ekintzen erantzule izango da.
Dagokion arma-baimena eta adingabeen kasuan, armak erabiltzeko baimen berezia eta armaren dokumentazioa edukitzea eta biak aldean eramatea.
Ehizan dabiltzanean sor ditzaketen kalteak estaltzeko aseguru-kontratua eginda izatea, eta indarrean dagoen ordainagiria aldean eramatea.
Identifikazio-agiri ofiziala aldean eramatea.
Ehiza-barrutietan ehizan aritzeko, ehiza-baimenaz gain, aprobetxamenduaren titularraren baimena ere behar da. Baimenak pertsonalak eta besterenezinak dira.
Zainpeko ehiza-eremuetan eta araubide bereziko eremuetan ehizan aritzeko, ehiza-baimenaz gain, Administrazioaren baimena beharko da, kasuaren arabera.
Ehiza-baliabideak baliabideen plangintza bati jarraituz ustiatuko dira: ehiza-barrutietan eta zainpeko ehiza-eremuetan, ehiza antolatzeko plan teknikoei jarraituko zaie, eta aprobetxamendu erkideko lurretan, berriz, debekualdiei buruzko foru-aginduetan xedatutakoari. Araubide bereziko lurrei dagokienez, araudi berezietan ezarritakoari ere jarraitu beharko zaio.
Foru-erakundeek ehiza-espezie jakin batzuk kudeatzeko planak ezarri ahal izango dituzte.
Lurralde historiko bakoitzaren esparruan, lurraldeko ehiza-batzorde bat egongo da. Batzorde horren osaera eta funtzioak araudi bidez zehaztuko dituzte foru-erakundeek.
Foru-organo eskudunek ehizaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari bidaliko diote denboraldi bakoitzean harrapatutako ehiza-espezieei buruz biltzen duten informazioa.
Informazio hori erabiliz, Eusko Jaurlaritzak horretarako onetsiko duen erregelamenduari jarraiki, ehiza-errolda bat sortuko da.
Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez arautuko du ehizaren arloan eskumena duen sailak ehizako arau-hausteei buruzko erregistroa edukitzea; erregistro hori egiteko eta eguneratzeko, foru-aldundiek emandako informazioa baliatuko da. Foru-aldundiek, hain zuzen, uneoro jo ahalko dute erregistroan gordetako informaziora.
Lurraldeetako ehiza-federazioak eta ehiza-elkarteak Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoaren arabera eta foru-erakunde bakoitzak garatzen duen araudiaren arabera arautuko dira.
Lurraldeetako ehiza-federazioek eta ehiza-elkarteek aldundiek eta toki-erakundeek sustatutako ehiza-barrutiak, zainpeko ehiza-eremuak eta ehiza-txakurrak trebatzeko edo ehiza-jarduerak egiteko eremuak kudeatu ahal izango dituzte, eta haien esleipendun izan daitezke, baldin eta baldintza batzuk eta erregelamendu bidez xedatutako bestelako betekizunak betetzen badituzte. Baldintza horiek honako alderdi hauei lotuta daude: ehiza-baimena duten bazkideen gutxieneko kopurua izatea ehiza-lurraren azalera jakin baterako; bazkide egiteko modua eta federazioak edo elkarteak ehizaren arloan eskumena duen administrazioarekin dituen betebeharrak.
Autonomia Erkidegoko eta lurraldeetako ehiza-federazioei eta ehiza-elkarteei erakunde laguntzaileen izaera eman ahalko zaie, xede eta baldintza hauek betetze badituzte:
Ehizari buruzko lege-xedapenak betetzen direla zaintzen lan egitea.
Euren inguruan errotuta egotea, eta legez ezarritako bazkide-kopurua edukitzea.
Ehiza-jardueren bidez lortzen dituzten diru-sarreren % 75, gutxienez, ehiza-baliabideak babestera, zaintzera, sustatzera eta haiei eustera bideratutako programa edo lanetan inbertitzea.
Eusko Jaurlaritzak arau bidez ezarriko ditu ehiza daitezkeen espezieak, azpiespezieak eta basa-fauna eta basatutako abereak.
Debekualdiei buruzko foru-aginduetako espezie-zerrendetan lurralde historiko osoan ehiza daitezkeen espezieen kopurua murriztu bai, baina ezin izango da ugaritu.
Aurreko artikuluan aurreikusitako arauak eta debekualdiei buruzko foru-aginduak garatzeko orduan, ehiza-espezieak bi multzotan sailkatuko dira: ehiza xehean eta ehiza larrian. Ehizaki xehetzat joko dira hegaztiak, azeria eta azeria baino ugaztun txikiagoak, eta ehizaki larritzat, berriz, azeria baino ugaztun handiagoak.
Ehizaki xeheen barruan, debekualdiei buruzko aginduetan migratzaileak direnak eta ez direnak bereiziko dira, bai eta ur-hegaztiak ere.
Ehiza-jardunerako hiru lur-mota daude: ehiza-lurrak, ehizarako ez diren lurrak eta ehiza-araubide bereziko lurrak.
Ehiza-lurrak dira aprobetxamendu erkideko lurrak, zainpeko ehiza-eremuak, ehiza-barrutiak eta ehiza-txakurrak trebatzeko edo ehiza-jarduerak egiteko eremuak. Tartean ibaiak, errekak, ibilbideak edo herri-bideak, trenbideak, kanalak edo antzeko beste eraikuntzaren bat egon arren, ehiza-lurrak ez dira etengo.
Ez dira ehiza-lur gisa joko faunaren babeslekuak eta debekatutako guneak.
Ehiza-araubide bereziko lurrak dira naturgune babestuak, nazioarteko lege-bitartekoek babestutako guneak eta segurtasun-guneak.
Aprobetxamendu erkideko ehiza-lurrak dira espezie migratzaileak edo ehiza antolatzeko modu espezifikoa duten beste espezie batzuk modu tradizionalean eta ordenatuan ehizatzeko erabiltzen diren lurrak. Foru-erakundeei dagokie lur horiek arautzea.
Aprobetxamendu erkideko ehiza-lurrek 100 hektarea jarraitu izan behar dituzte, gutxienez. Azalera hori ez duten lurrak debekatutako gunetzat joko dira; hala ere, hegazti migratzaileak ehizatzeko behar bezala baimendutako lerroak mantendu ahal izango dira.
Aprobetxamendu erkideko lurraren izaerak, edonola ere, ez du zerikusirik jabetza publikoa edo pribatua izatearekin.
Zainpeko ehiza-eremuak dira ehiza-aberastasuna babestu, zaindu, sustatu eta modu antolatuan ustiatzeko arrazoiak direla medio ehiza-espezieak harrapatzeko plangintza-arau espezifikoak ezartzea eskatzen duten lurrak.
Lege honen joerarekin bat, foru-aldundiak zainpeko ehiza-eremuen sorrera eta garapena bultzatu, eta aprobetxamendu erkideko ehiza-lurrak murrizten saiatuko dira.
Foru-aldundiak zainpeko ehiza-eremuak kudeatuko ditu irabazi asmorik gabe, zuzenean edo aintzatetsitako erakunde laguntzaileekin sinatutako hitzarmen bidez.
Zainpeko ehiza-eremua eratzeko, foru-aldundiak, aldez aurretik, ehiza antolatzeko plan teknikoa onartu beharko du. Bestalde, ehiza-eremua foru-aldundiak zuzenean kudeatzen ez badu, erantzukizun zibileko aseguru-kontratua eta ehiza-zaindegiko kontratua eduki beharko dira. Zaindegi-kontratua lanaldi osokoa eta urte osokoa izango da, baina aukera egongo da zerbitzua beste eremu batzuekin partekatzeko.
Zainpeko ehiza-eremuek, gehienez, hamar urteko indarraldia izango dute. Denbora hori igarota, iraungi egingo dira, ez badira beren-beregi berritzen.
Foru-erakunde eskudunak arau bidez ezarriko du eremu horiek izan behar duten gutxieneko azalera jarraitua.
Zainpeko ehiza-eremuetan erreserba-eremu bat egon beharko da. Zainpeko ehiza-eremu osoaren azaleraren % 10, gutxienez, hartuko du, eta lege honen ondorioetarako, faunaren babesleku gisa joko da.
Foru-organo eskudunak, hala dagokionean, ehiza-eremua kudeatzen duen erakundeari entzun eta gero, eremu horretan guztian edo zati batean espezie jakin bat ehizatzea debekatu dezake edo ehizan jarduteko epealdia laburtu dezake, ordena biologikoari, osasunari edo basa-fauna babesteari lotutako egoera bereziek hala eskatzen dutenean.
Zainpeko ehiza-eremuek eratzen direneko toki-erakundearen edo -erakundeen udal-lurralde osoa bildu behar dute, eta udalerri berean ezin izango da beste ehiza-lur bat egon, txakurrak trebatzeko eta ehiza-jarduerak egiteko eremuak salbu.
Ehiza-barrutiak dira ehizarako erabil daitezkeen lur-azalera jarraituak, foru-organo eskudunak izendapen hori eman dienean.
Ehiza xeheko ehiza-barrutiek 500 hektarea jarraitu izan behar dituzte, gutxienez, eta ehiza larrikoek, berriz, 1.000, gune populatuak eta ehizatzea debekatuta dagoen tokiak kenduta. Dena den, neurri horiek arau bidez handi daitezke.
Ehiza-barruti gisa izendatu ahal izateko, ehiza antolatzeko plan teknikoa idatzi beharko da eta aldez aurretik aurkeztu beharko da ehiza-barrutia eratzeko eskabidearekin bat.
Ehiza-barrutietan ehiza daitezkeen ehizakiak ustiatzeko ahalmena titular bakar batek edo hark baimendutakoak izango du. Titularrak aldez aurretik eskatzen badu eta foru-erakunde eskudunak horretarako ezarritako baldintzak betetzen badira, ehiza-barruti batzuk ustiatzeko ahalmena alokatu ahal izango da.
Ehiza-barrutiek, gehienez, hamar urteko indarraldia izango dute. Denbora hori igarota, iraungi egingo dira, ez badira beren-beregi berritzen.
Ehiza-barrutietan erreserba-eremu bat egon beharko da. Ehiza-barruti osoaren azaleraren % 10, gutxienez, hartuko du, eta hura eratu eta kokatzeko betekizunak arau bidez ezarriko dira. Lege honen ondorioetarako, faunaren babesleku gisa joko da.
Foru-organo eskudunak, ehiza-barrutiaren titularrari entzun eta gero, barruti horretako zati batean espezie jakin bat ehizatzea debekatu dezake edo ehizan jarduteko epealdia laburtu dezake, ordena biologikoari, osasunari edo basa-fauna babesteari lotutako egoera bereziek hala eskatzen dutenean.
Foru-organo eskudunak poltsa bat sortuko du ehizan aritu nahi eta ehiza-barrutirik ez dutenentzat; poltsa horretan daudenek, zozketa bidez, ehiza-barrutietan libre dauden tokiak eskuratu ahal izango dituzte. Hartarako, foru-organo eskudunak erregelamendu bidez zehaztuko ditu ehiza-barruti bakoitzean horretarako erabiliko diren tokien kopurua, zozketaren baldintzak eta poltsa horretan sartu nahi dutenek bete beharreko betekizunak.
Pertsona fisiko zein juridikoek ehiza-barrutiak eratu ahalko dituzte beren lurretan edo jabeek baimendutako lurretan, betiere, ehiza-barrutia eratzeko baldintzak betetzen badituzte, lurrak modu iraunkorrean ustiatu badaitezke eta foru-erakunde eskudunek kasuan-kasuan ezartzen dituzten betekizunak betetzen badituzte.
Foru-aldundiek ororentzako ehiza-barrutiak izendatuko dituzte, ehizatzeko baldintzak bete baina beste motatako ehiza-lurrak erabil ezin ditzaketen herritarrei ehizan aritzeko aukera errazteko.
Foru-aldundiek ororentzako ehiza-barrutiak kudeatuko dituzte irabazi asmorik gabe, zuzenean edo erakunde laguntzaileekin sinatutako hitzarmenen bidez.
Ororentzako ehiza-barruti izendatu ahalko dira ehiza-titularitatea foru-aldundien eskuetan duten lurrak edo beste barruti-mota bat eratzeko aukera eskaintzen duten lurrak baina barrutirik eratzeko erabili ez direnak.
Ehiza-barruti hauetan, baimenen % 50 gordeko da barrutia dagoen lurralde historikoan bizilekua duten herritarrentzat; % 50 ez bada estaltzen, soberan dauden plazak egoiliarrak ez direnei esleitu ahalko zaizkie.
Ehiza industrialeko eremuak dira, ehiza-barrutietan egonik, foru-aldundiek agindu bidez hala izendatutakoak. Eremu horien ehiza-ustiapeneko erregimenaren arabera, baimendutako ehiza-haztegietan itxian hazitako ehizakiak aldian-aldian aske utziko dira, ehiztariek berehala harrapa ditzaten.
Foru-erakundeek jarduera hori zer baldintzatan egin ahalko den zehaztuko dute. Bereziki, alderdi hauek xedatuko dituzte: mota horretako ehiza-eremuak era daitezen sustatzeko baimenduta dauden pertsona fisiko eta juridikoak; genetika- eta osasun-kontrolak; zer espezierekin baimen daitekeen; aske uzteko prozesuek bete beharreko baldintzak; modalitateak, ehizaldiak eta egoki irizten dituzten gainerakoak.
Foru-aldundietako sail eskudunek ehiza-txakurrak trebatzeko eta ehiza-jarduerak egiteko eremuak eratu edo horiek abiarazteko baimena eman dezakete.
Ehiza-jardueretarako eremuak ehiza-ibilbideak (baina animaliak hil gabe), hegazti harrapari bidezko ehiza-erakusketak eta antzeko jarduerak antolatzeko erabiliko dira.
Eremu horiek eratu edo baimentzeko foru-xedapenean datu hauek jaso beharko dira:
Eremuaren azalera eta mugak; helbururako egokiak izan beharko dira.
Baimendutako ehiza-jarduerak.
Jarduera bakoitza egiteko epealdia (gerta liteke debekualdiei buruzko foru-aginduan ezarritakoekin bat ez etortzea).
Foru-aldundiek eta toki-erakundeek ehiza-barrutiak edo zainpeko ehiza-eremuak susta ditzakete beren mugapean, eragindako lurren izaera publikoa edo pribatua gorabehera eta, betiere, eragindako lurren % 90 duten jabeen baimena badute.
Ehiza-lur horiek udalaz gaindiko izaera eduki ahalko dute, baldintza hauek betetzen badira: erakunde sustatzaileek aldez aurretik hitzartuta izatea ustiatze-modua; lur osoa lurralde historiko batean egotea eta foru-erakundeek ezarritako baldintzak betetzea.
Lur horiek ehiza-barruti gisa eratzen badira, toki-erakunde sustatzaileek zuzenean kudeatu ahalko dituzte, edo, bestela, ehiza-federazioak, esleipena lortzen duen elkartea edo partikularra, edo tokiko ehiza-elkarte bat arduratu ahalko dira haien kudeaketaz.
Naturgune babestu baten barruan dauden herri-jabariko mendiak edo herri-erabilerako basoak barne hartzen dituzten ehiza-lurren ustiaketa publizitate-, objektibotasun-, inpartzialtasun-, gardentasun- eta lehia-printzipioen arabera esleituko da. Foru-aldundiak lehentasunez erosteko eskubidea izango du, ororentzako ehiza-barrutia eratze aldera.
Ehiza eta natura-ingurunearen beste erabilera batzuk bateragarri egiteko arauak betetzea, bai eta lurrak erabiltzeari buruzkoak ere betetzea. Halaber, bazkideak onartzeari, baimenak ordaintzeari eta irabaziak banatzeari lotutako arauak ere bete beharko dira.
Aprobetxamenduaren titular den erakundeak dagokien toki-erakundeari eta foru-aldundiari bidali beharko dizkie estatutuen eta bazkide-zerrendaren kopiak.
Aprobetxamenduaren titular den erakundeak harrapaketei buruzko derrigorrezko informazioa bidali beharko dio foru-aldundiari.
Foru-diputazioari aurkitutako epizootien eta zoonosien berri ematea, eta horiek zaindu eta tratatzeko agintzen diren neurriak jakinarazi beharko dizkio.
Foru-aldundiek ehiza-espezieak osasun-egoera onean daudela bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte, eta ehizak epizootiak eta zoonosiak zabal ditzan eragozteko behar diren neurriak ere hartuko dituzte.
Ehiza-aprobetxamenduaren titularrak ezingo du ustiatu erantzukizun zibileko aseguru-kontraturik edo ehiza-zaindegiko kontraturik gabe. Horiek horrela, ustiatzen hasi baino lehen, dagokion foru-aldundiak ikus-onetsi beharko ditu bi dokumentu horiek. Zaindegi-kontratua lanaldi osokoa eta urte osokoa izango da, baina aukera egongo da zerbitzua beste ehiza-barruti batzuekin partekatzeko.
Foru-erakundeek erregelamendu bidez zehaztuko dute zaindari bakoitzeko gehienezko hektarea-kopurua; kopuru hori 20.000 eta 30.000 hektarea artekoa izango da, lurraren ezaugarrien arabera.
Ehiza-lurraren titularra den toki-erakundeak lurraren esleipenari dagokion hobekuntza-portzentajea inbertitu beharko du fauna eta habitatak zaindu eta hobetzeko prozesuetan, betiere, lur-zatiaren jabearen baimena jaso eta gero.
Lursail jakinean burutu den kudeaketa zinegetikoa baliabideen iraunkortasunean edo berriztatzean kaltegarria izan dela frogatzen denean, eskumena duen foru-aldundiak indarrean dauden ehiza-eskubideen indarraldia osotasunean edo partzialki indar gabe utz dezake.
Ehizarako ez diren lurretan erabat debekatuta dago ehizan aritzea. Foru-aldundiek, salbuespen gisa, ehiza-espezieen zenbait ale harrapatzeko baimena eman dezakete, zientziari lotutako arrazoiak direla medio, edo pertsonei, laboreei edo faunari egin dakizkiekeen kalteak saihesteko. Baimen horiek erregelamendu bidez arautuko dira.
Foru-erakunde eskudunek faunaren babeslekuak eratu ahal izango dituzte, biologiaren, zientziaren edo hezkuntzaren arloko arrazoiak direla medio, espezie jakin batzuen biziraupena bermatu behar denean.
Ehiza-xedeetarako, faunaren babesleku gisa joko dira, espresuki izendatu beharrik gabe, azaleko ur-masak, urei buruzko araudian zehaztutakoaren arabera, bai eta horien aldameneko eremua ere. Aldameneko eremuen azalera erregelamendu bidez zehaztuko da.
Lege honen ondorioz, egungo ehiza-babeslekuak faunaren babesleku izatera igaroko dira.
Ehizarako debekatutako guneak dira ehiza-lur, araubide bereziko eremu edo faunaren babesleku gisa deklaratuak ez direnak, bai eta legez aurreikusitako beste zehaztapenen bidez debekua ezarriko zaienak.
Ehizarako debekatutako guneak dira, bereziki, kanpoko pertsonen eta animalien sarrera eta bertako animalien irteera eragozteko edo debekatzeko edo norberaren animaliak irten daitezen saihesteko erabat hesitutako lurrak, horretarako hormak, hesiak, heskaiak edo bestelako obra- edo dispositibo-mota erabiltzen dela. Lur horietan uneoro irekita dauden sarrerak baldin badaude, debekatutako gune gisa jo ahal izateko, sartzea debekatuta dagoela adierazi beharko da.
Lege honen ondorioetarako, ehiza-araubide bereziko lurtzat joko dira naturgune babestuak eta ingurumenaren arloko nazioarteko legedi bidez babestutako guneak. Lur horietan ehizan aritzeko, kontuan hartu beharko da gune bakoitzaren erabilera arautzen duten xedapenetan eta lege honetan eta hura garatzen dutenetan jasotakoa.
Segurtasun-eremu deritze pertsonak eta haien ondasunak babesteko neurriak behar dituzten lurrei.
Segurtasun-eremuetan debekatuta dago armekin ehizatzea, lege hau indarrean jartzen den unean ezarrita eta foru-aldundiko organo eskudunak aintzatetsita dauden ehiza-postu finkoetan salbu. Halaber, foru-aldundiko organo eskudunak salbuetsirik utz ditzake artikulu honetako 3. puntuko a), b) eta c) idatzi-zatietan adierazitako eremuak, betiere, ehiza-aprobetxa-menduko titularrak eskatzen badu. Horretarako, eremu horiek ehiza-lur baten barruan egon beharko dute, eta ehiza antolatzeko planak hartarako bide eman behar du.
Segurtasun-eremuak dira:
Ibilbideak eta herri-erabilerako bideak eta trenbideak, bai eta horien ertzak eta zortasun-eremuak ere, hesiaz itxita daudenean.
Bidegorri eta bide berde izendatutako bideak.
Herri-urak, uren ibilgua eta ur-bazterrak barne.
Hiriguneak eta landaguneak, nekazaritza-turismoko etxeak edo landa-etxeak, jendea bizi daitekeen toki isolatuak, kanpalekuak, aire zabaleko kirolguneak, parkeak, instalazio militarrak eta aireportuak eta horien inguruak, aisialdiguneak, lehentasunezko nekazaritza-ustiategien instalazioak, nukleo zoologikoak, enpresa- edo industria-instalazioak eta segurtasun-eremu gisa izendatutako beste edozein toki. Lege honen ondorioetarako, landagunetzat joko da Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 29.1 artikuluan ezarritakoa.
Aldian-aldian jendea hartzen duten tokiak, jendea bertan dagoen bitartean, edo jabeak edo haiek baimendutako pertsonak dauden tokiak, bertan lanean ari direnean hartarako gaituta daudela.
Sei metroko zortasun-eremua, itsasertzeko barruko mugatik lehor aldera neurtuta.
Hona hemen segurtasun-eremuen mugak:
Artikulu honetako 3. paragrafoko a) idatzi-zatian zerrendatutakoetan: 50 metrora.
Artikulu honetako 3. paragrafoko b) eta f) idatzi-zatietan zerrendatutakoetan: 20 metrora.
Artikulu honetako 3. paragrafoko c) idatzi-zatian zerrendatutakoetan: dagokion lurralde plan sektorialean ezarritako zortasun-eremuak.
Artikulu honetako 3. paragrafoko d) idatz-zatian zerrendatutakoetan: 200 metrora, salbuespen hauekin: jendea bizi daitekeen toki isolatuak (eskopetarekin egindako ehiza xehearen kasuan 100 metrora, eta metalezko kartutxoak erabilita egiten den ehiza larriaren kasuan 200 metrora) eta instalazio militarrak eta aireportuak (haien araudi berezian xedatutakoari jarraituko zaio).
Artikulu honetako 3. paragrafoko e) idatzi-zatian zerrendatutakoetan: 50 metrora.
Muga horiek ez dira aplikatuko bi metrotik beherako zabalera duten bideetan eta bide berdeetan, baldin eta ehiztariak 250 metrora ikus badezake bidearen noranzko bakoitzean.
Segurtasun-eremuetan postu finko berriak jarri ahal izateko, foru-aldundiko organo eskudunak dagokion lurraren eta ondokoen jabeen baimena eduki beharko du, proiektuak ondoko etxeak edo nekazaritza- eta abeltzaintza-instalazioak ukitzen dituenean.
Oro har, debekatuta dago segurtasun-eremuetara tiro egitea, ez bada toki horien eta ehiztariaren artean jaurtigaia ez iristeko moduko tartea dagoela edo tartean den lur-zatiak segurtasun-eremuak babesten dituen elementuak eraistea eragozten duela. Ehiza-modalitate bakoitzaren ezaugarriak eta lurraren orografia kontuan hartuta, foru-organo eskudunek eremu horietan eta ingurukoetan armak nola erabili behar diren arautzeko araudi berezia emango dute.
Salbuespen gisa, segurtasun-eremuetan ehiza-ekintza zehatzak egitea baimen daiteke, pertsonak arriskuan jartzea edo nekazaritzaren, abeltzaintzaren, basoen edo basa-faunaren aurkako kalteak saiheste aldera.
Foru-organo eskudunak baimendu beharko ditu lurzoru urbanizaezinetako hesiak eta itxiturak. Perimetro guztian faunari zirkulatzen errazteko moduan jarri behar dira, kalteak saihestea xede duten hesiak salbu; nekazaritzako laboreak eta baso-haztegiak babesten dituzten hesientzako baimenak, berriz, ezingo du babestu beharreko denbora-tartea baino luzaroago iraun.
Lurraldearen lotura ekologikoa bermatzeko moduan hesitu behar dira lurrak. Horrela, iragazkortasun efektiboa eta segurua lortuko da, basa-faunako eta -landarediko espezieen populazioen artean migrazioa, banaketa geografikoa eta gene-truke ekologikoa bultzatuz. Zehazki, itxiturak ezingo du kaltetu ur-emariek iraunkorrek edo aldi baterakoek, abelbideek, mendiguneek, lurraldeko beste elementu lineal edo jarraituek edo zubi-lana egiten duten bestelako elementuek duten lotura-funtzioa.
Faunak igaro ezin dituen ehiza-kudeaketarako hesiak eta itxiturak soilik baimenduko dira ehiza-txakurrak trebatzeko eta ehiza-jarduerak egiteko eremuetan eta ehiza industrialeko zonetan.
Hona hemen ehiza antolatzeko tresnak:
Ehizari buruzko foru-arau, -dekretu eta -aginduak.
Debekualdiei buruzko foru-agindua.
Ehiza antolatzeko plan teknikoak.
Ehizaren jarraipen-planak.
Foru-erakundeek, lege hau garatze aldera, beharrezkotzat jotzen dituzten ehizari buruzko foru-arau, dekretu- eta -aginduak ezarri ahalko dituzte.
Debekatuta egongo da ehizan egitea hegaztien araldian eta ugaltze- eta hazkuntza-garaian, bai eta, espezie migratzaileen kasuan, umetzeko tokietara egiten duten ibilaldian ere.
Foru-aldundiek urtero emango dute debekualdien foru-agindua. Xedapen horretan, nahitaez, alderdi hauek, gutxienez, jaso beharko dira:
Ehizan jarduteko egunak.
Ehizan jarduteko orduak.
Ehiza daitezkeen espezieak, ehiza larriko eta ehiza xeheko espezieak bereizita. Horien barruan, halaber, hegazti migratzaileen eta ur-hegaztien zerrenda bana sartuko da.
Merkaturatu daitezkeen ehiza-espezieak.
Aginduan zehaztutako ehiza-espezie bakoitzari dagokion araudi zehatza, beti ere horien populazioen bideragarritasuna eta iraupena bermatuz dagokion lurralde historikoan.
Baimen berezia behar duten ehiza-modalitateak, eta, bereziki, ehiza larria arautzen duena, lege honetako 49. eta 50. artikuluei dagokienez.
Dagokion ehiza-denboraldian fauna babesteko egoki jotzen diren arau zehatzak.
Zehapenen zenbatekoen eguneratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indizearen aldaketak kontuan hartuta.
Debekualdien foru-aginduetan, ehiza-lur jakin batzuetan edo araubide bereziko lurretan debeku espezifikoak ezartzen dituzten xedapenak sartu ahalko dira.
Debekualdien foru-agindua naturgune babestuetan dauden lurretan eta ingurumenaren arloko nazioarteko legedi bidez babestutako guneetan aplikatuko da, betiere, baliabideak antolatzeko kasuan kasuko planak edo eremu horietako bakoitza arautzen duten xedapenek ehiza-aprobetxamenduak aurreikusten dituztenean.
Barrutietan eta zainpeko ehiza-eremuetan, ehiza antolatzeko plan tekniko bati jarraituz ustiatu behar da ehiza. Plan hori teknikari gaituek idatziko dute, eta foru-aldundiak onartu beharko du.
Ehiza antolatzeko plan teknikoak animalien populazioen egoera aztertuko du lur bakoitzean, eta haiek ustiatzeko baldintzak ezarriko ditu, ehiza-baliabideen biodibertsitatea eta iraunkortasuna bermatzea helburu.
Plana bost urtez egongo da indarrean. Epe hori amaituta, beste plan bat aurkeztu beharko da, aprobetxamenduarekin jarraitu ahal izateko ehiza-lurraren indarraldia iraungi bitartean. Nekazaritzako laboreei, baso-haztegiei, aziendari edo basa-fauna eta -landarediari kalte larri eta jarraituak eragiten bazaizkie, indarraldia amaitu aurretik aldatu ahal izango da plana.
Urtero, jardun horretarako gaikuntza ematen dion titulazio teknikoa duen pertsona batek ehizaren jarraipen-plana idatziko du ehiza antolatzeko plan batean jasota dagoen lur bakoitzean, ehiza antolatzeko plana kudeatzeko eta garatzeko bitarteko gisa.
Ehizan jarduteko, lege honek eta une bakoitzean indarrean dauden gainerako xedapenek baimentzen dituzten armak, animaliak edo baliabideak erabili ahalko dira.
Armak ehizatzeko prest daudela jotzen da, baldin eta zorrotik aterata eta kargatuta badaude.
Foru-erakundeek arautuko dute uxatzaileek, erakarleek eta bakar-ehizako gidariek su-armak erabiltzea.
Debekatua dago animaliak andanaka edo bereizketarik egin gabe harrapatzeko nahiz hiltzeko prozedurak edukitzea, erabiltzea eta merkaturatzea. Salbuespen gisa, foru-organo eskudunak zenbait modu baimendu ahal izango ditu, honako helburu hauetarako:
Basoko fauna eta flora babesteko denean, batez ere Arriskuan dauden Espezieen Katalogoan sartuta dauden espezieak edo barietateak.
Laboreetan, ganaduan, basoetan eta uretan kalte larriak saihesteko denean.
Pertsonen osasuna edo segurtasuna kolokan jar dezakeen arrisku larri batetik babesteko denean.
Lurreko edo aireko trafikoaren segurtasunarekin lotutako istripuak prebenitzeko denean.
Ikerketak egiteko, espezieen populazioa berritzeko edo espezie bat berriro sartzeko beharrezkoa denean.
Aurreko idatzi-zatiko salbuespen horietarako baimenak arrazoitua egon beharko du, azalduko du zergatik ez dagoen aukeran beste konponbide mesedegarririk eta ezin izango dio kalte egin kasuan kasuko espezieen populazioek berezko eremuan aldeko kontserbazio-egoera mantentzeari. Bestalde, zehaztu beharko ditu ukitzen dituen espezieak, erabiliko diren baliabideak eta beraien mugak, bai eta parte hartuko duen pertsonal kualifikatua, arrisku-egoerak, denborazko eta lekuzko zirkunstantziak eta burutuko diren kontrolak.
Armak edukitzeko eta erabiltzeko araudian ezarritakoari kalterik egin gabe, debekatuta dago ondoren azaltzen diren armak erabilita ehizatzea edo gainean ibiltzea, salbu eta, arrazoi zientifikoak, kudeaketakoak edo pertsonen edo gauzen segurtasuna bermatzekoak direla medio, berariaz baimendutako kasuetan:
Baleztak, tiragomak eta airez edo bestelako gas konprimituez eragiten diren eskopetak.
Su-arma automatikoak edo erdiautomatikoak, kargadoreak bi kartutxo baino gehiago har badezake; eskopeta erdiautomatikoek edo errepikapen-eskopetek dispositibo bat izan beharko dute erantsita, birkargatu gabe gehienez hiru kartutxo bakarrik bota ahal izateko.
Su-arma luze marratuak, 5,6 milimetrokoak edo Amerikako 22ko kalibrekoak, hatz bidez kolpekatzekoak.
Injekzio anestesikoko armak.
Gerra-armak.
Erregelamendu bidez zehazten den beste edozein arma-mota.
Debekatuta dago ehiza-armak eramatea mendian ibiltzerakoan debekualdian edo ehizarako baliodunak ez diren orduetan edo egunetan; edo zorrotik aterata edo erabiltzeko prest eramatea ehiza debekatuta dagoen lurretan, dagokion administrazio-baimena izan ezean.
Debekatuta dago ibilgailu batean ibiltzea arma zorrotik aterata, ehizatzea baimenduta dagoen lur baten barruan bada ere.
Debekatuta dago postak ehizarako edukitzea eta erabiltzea. Postak dira 4,5 milimetrotik gorako diametroko perdigoiak.
Debekatuta dago ehiza larrian perdigoi-kartutxoak edukitzea eta erabiltzea; horretarako, balak baino ezin izango dira erabili munizio gisa. Debekatuta dago ehiza xehean bala-kartutxoak edukitzea eta erabiltzea; ehiza xehean jarduteko, 4,5 milimetroko diametroko edo gutxiagoko perdigoi-kartutxoak baino ezin izango dira erabili.
Debekatuta dago beruna duen munizioa edukitzea eta erabiltzea ondorengo hezeguneetan ehizatzerakoan: naturagune babestuetan eta nazioarteko erakundeek babestutako eremuetan katalogatutako hezeguneetan, hain zuzen.
Debekatuta dago ehizatzerakoan honako hauek edukitzea eta erabiltzea: isilgailuak; jomugak argiztatzeko gailuak; mira-gailuak, baldin eta irudi-bihurgailu edo handigailu elektroniko bat badute; bai eta argia areagotzeko beste edozein gailu ere.
Debekatuta dago foru-erakunde eskudunek erregelamendu bidez zehaztutako beste edozein arma-osagarri.
Debekatuta dago ondorengo hauek erabiltzea:
Biska erabiltzea dakarten metodoak.
Mota guztietako sareak edo tramankulu saredunak.
Mota guztietako tranpak, zepoak, lakioak eta amuak.
Pozoia, zeboak pozoinduak edo ez, gasak edo substantzia asfixiagarriak (kea, geldiarazteko, lasaitzeko, erakartzeko edo uxatzeko substantziak barne), bai eta lehergailuak ere.
Ahate-kanoiak.
Foru-organo eskudunek onartu ahal izango dute zenbait ale bizirik harrapatzeko edo uxatzeko zehaztutako baliabideak erabiltzea 34.4 artikuluan aurreikusitako helburuetarako.
Debekatuta dago elurra ari duenean ehizan jardutea, baldin eta elurrak lurra etengabe estaltzen badu. Ez da beharrezkoa izango agintarien berariazko adierazpenik debeku hau indarrean egoteko.
Debekatuta dago fortuna-egunetan ehizan jardutea. Fortuna-egunak hauek dira: ekaitzak, suteak, epizootiak, uholdeak, lehorteak, izozteak, hotzaldiak edo beste arrazoiren bat dela-eta animaliek beren buruak defendatzeko ohiko ahalmenak urrituta dauzkatenekoak edota toki jakin batean biltzera behartuta egoten direnekoak. Ez da beharrezkoa izango agintarien berariazko adierazpenik debeku hau indarrean egoteko. Foru-erakunde eskudunek horretarako protokoloa ezarriko dute.
Debekatuta dago ehizatzea lainoa, elurtea, kea edo bestelako arrazoiak direla-eta ez denean ondo ikusten 250 metrotatik haratago.
Debekatuta dago abata biziak edo naturalizatuak erabiltzea; aitzitik, usoa ehizatzeko, zinbela erabili ahalko da, foru-aldundiek arautuko baitute ehiza-mota horren baimena. Edonola ere, ezin izango dira animalia itsuak edo elbarriak erabili.
Debekatuta dago edozein motatako abata elektrikoak, elektronikoak, digitalak edo mekanikoak, grabazioak barne, ehizarako edukitzea, erabiltzea eta merkaturatzea.
Debekatuta dago ispiluak, faroak, linternak eta bestelako argi-iturri artifizialak erabiltzea.
Debekatuta dago elektrokutatzeko edo geldiarazteko gailuak erabiltzea.
Debekatuta dago ibilgailuetatik ehizatzea, bai eta edozein motatako ontzitatik edo aireontzitatik ere; orobat, debekatuta dago aipatutako horiek guztiak ezkutatzeko erabiltzea.
Debekatuta dago traktoreetan edo beste edozein motatako nekazaritza-makinetan armak eramatea, zorroan sartuta bada ere, nekazaritza-lanak egiterakoan, bai eta nekazaritza-lanak egiten diren lekuetara joaterakoan ere.
Debekatuta dago hudoak erabiltzea, baimen berezia izan ezean.
Debekatuta dago gibel-lerroko ehizan jardutea. Gibel-lerroak eta gibel-postuak hauek dira: gertuen dagoen eskopeta-lerrotik 250 metrora baino gutxiagora daudenak ehiza xehean, eta 500 metrora baino gutxiagora ehiza larrian, hegazti migratzaileen ohiko pase-lerroetan izan ezik, horiek foru-organo eskudunek arautzen baitituzte.
Debekatuta dago uxaldi bat egiten ari den ehizagunetik 500 metro baino gertuagotik ehizatzea.
Debekatuta dago uxaketa erabiltzea ehiza xehean; uxaketatzat jotzen da ehiztari-talde bi edo gehiago batera arituz egiten den ehiza edota ehizakiak nekatzeko edo akitzeko baliabideak erabiltzen dituena.
Debekatuta dago gauez ehizatzea, berariazko baimena izan ezean.
Debekatuta dago basa-faunaren umetzeko tokiak, habiak eta babeslekuak hondatzea. Orobat, ezin da baimenik gabe kumeak edo arrautzak jaso, hutsik egonda ere.
Debekatuta dago ehizakiak uxatzeko edo bideratzeko edozein elementu aztoratzaile erabiltzea, hala nola, lehergailuak, klaxonak, seinale kulunkari nabarmenak, eta abar.
Debekatuta dago oilagorra errondan eta jauzi modalitatean ehiza-txakurrik gabe ehizatzea.
Txakurren zaintzaileek txakurrok zaintzeko ahalmena duten lekuetan eta garaietan baino ezin izango dira ehizarako erabili txakurrok; zaintzaile horiek izango dira animalien ekintzen erantzule.
Zaintzaileen kontrolpean egon behar dute uneoro txakurrek; eta kontroletik kanpo daudela joko da, ehizan dihardutenean izan ezik, zaintzailearengandik 50 metrotik haratago daudenean, lur soilduan, edo 15 metrotik haratago, beste lur batean.
Ehizarako erabiltzen diren txakurren jabeek txakurrak edukitzeari eta identifikatzeari buruzko preskripzio orokorrak bete beharko dituzte. Lege honen 54. artikuluaren arabera ehiza-zaintzaren ardura dutenek egiaztatuko dute ehiza hasi aurretik, eta beharrezkoa iruditzen zaien beste edozein unetan, ehiza-txakurrak indarrean dauden arauen arabera identifikatuta daudela.
Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez debekatu ahal izango du txakur-arraza jakin batzuekin edo arraza gurutzatu jakin batzuekin ehizan jardutea.
Foru-erakundeek arautuko dute, erregelamendu bidez, oro har baimenduta dagoen ehiza-modalitate bakoitza nola gauzatu behar den.
Foru-erakundeek arautuko dute, erregelamendu bidez, hegazti harrapari bidezko ehiza eta arku bidezko ehiza; ehiza-modalitate horietan jarduteko, ehiza-lizentzia berezi bat beharko da, lizentzia orokorraz gain, eta lizentzia hori gaitasun-proba batzuk gainditu ondoren lortuko da.
Arku bidezko ehizarako, eta ehiza-aprobetxamenduaren titularrak eskatuta, foru-aldundi eskudunak itxaroteko tokiak baimendu ahal izango ditu.
Ehiza-haztegiak abeltzaintzako ustiategiak dira, ehiza-espezieak natura-ingurunean sartzeko edo bizirik edo hilik merkaturatzeko ekoizten dituztenak.
Ehiza-haztegiak instalatzeko eta lanean hasteko betebeharrak abeltzaintzako ustiategiei buruzko erregelamenduetan jasotako betekizun orokorrak izango dira, erregelamendu bidez ezartzen diren zehaztapenekin.
Ehiza-espezieak bizirik garraiatzeko, animalien osasunari eta ongizateari buruzko arauetan ezartzen diren baimenak beharko dira.
Ehiza-garaian ehizaki hilak garraiatzeko, agintari eskudunek ezarritako baldintzak eta betekizunak bete beharko dira.
Debekualdian, debekatuta dago ehizaki hilak garraiatzea eta merkaturatzea, ehiza-haztegietatik eta ehiza industrialeko eremutik datozenak izan ezik, eta azken horiek nondik datozen egiaztatzen duten zigiluak eraman beharko dituzte.
Debekualdien foru-aginduak ezarriko du zein ehiza-espezie merkaturatu daitezkeen lurralde bakoitzean; oro har merkaturatzeko baimena ez duten espezieak merkaturatzeko baimenik gabe geratuko dira.
Foru-erakundeek ehiza-espezieen taxidermia erregelamendu bidez arautuko dute.
Autonomia-erkidegoko erakunde erkideek ehiza-trofeoak homologatzeko batzorde bat sortuko dute. Batzordeak onartzen diren baremo eta formulak jarraituko ditu, eskaera egiten dutenei trofeoak homologatzeko.
Ehiza-aprobetxamenduaren titularrek ehiza-lurrak seinaleztatu beharko dituzte, aprobetxamendu erkidekoak salbu, eta, horretarako, kartelak eta seinaleak erabiliko dituzte. Foru-erakundeek erregelamendu bidez ezarriko dituzte seinale horien ereduak, halako moldez non seinale baten ondoan dagoen pertsona batek gertuen dituen hurrengo seinale biak ikusi ahal ditzan. Elkarren ondoko kartelen arteko distantzia ezin izango da 600 metro baino handiagoa izan, eta seinaleen artekoa, berriz, ezin izango da 100 metro baino handiagoa izan.
Berebiziko arreta jarriko zaio lurretarako sarbideak kartelen bidez seinalatzeari.
Foru-erakundeek erregelamendu bidez ezarriko dute nola seinaleztatu beharko diren hauek guztiak: ehizaguneetara jotzeko bideak, erabilera publikoko bideak eta sarbideak, ehizagune horietan uxaketa bat egin behar denean, eta, orobat, tiro-lerroetatik eta ehiza-postu finkoetatik gertu dauden eremuak.
Foru-erakunde eskudunek ezarriko dituzte segurtasun-neurriak, taldeka egiten diren ehiza larriko ehizaldietan aplikatu beharrekoak, distantziei, ekipamenduari eta jokabideari dagokienez, ehizan dabiltzan pertsonen artean istripuak saihesteko, eta pertsonengan, ondasunetan eta landa-ingurunean arriskuak ekiditeko. Uxaketetan, uxatzaileek zein ehizan dabiltzan beste guztiek jaka islatzaileak jantzi beharko dituzte.
Debekatuta dago edari alkoholdunen, substantzia sorgorgarrien edo gai psikotropikoen eraginpean ehizan egitea.
Debekatuta dago lur landatuetan ehizatzea, baldin eta uzta jasotzeke badago.
Era berean, debekatuta dago berotegiak edo kaltetu daitezkeen beste instalazio batzuk dauden aldera tiro egitea, edo ganadua dagoen aldera edo ganadutik hurbil.
Debekatuta dago kartutxo erabiliak eta bestelako hondakinak botata uztea, bai eta ehizakien hondarrak ere. Ehiza-aprobetxamenduaren titularrak debeku horren urraketa saihestu beharko du.
Ehiza-aprobetxamenduen erakunde titularrak erantzule izango dira ehiza-lurretatik datozen ehizakiek eragiten dituzten kalteengatik.
Ehiza jardutean kalteak eragiten dituenak kalte horiek ordaindu beharko ditu, salbu eta gertatutakoa kaltetutako pertsonaren erruari edo zabarkeriari baino ezin bazaio leporatu edo ezinbestean gertatu bada.
Ehiza-espezieak zirkulazio-bideetan agertzeagatik sortzen diren trafiko-istripuetan, erantzukizuna arautuko da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onartzeko den martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuko edo haren ordezko araudiko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Foru-aldundietako basozainek eta ehizaren zaintza eta kontrola esleituta dituzten udaletakoek zainduko dute ehiza-jarduera, eta, oro har, lege honetan ezarritakoa betetzen dela ere zainduko dute, kontuan izan gabe izen korporatibo espezifikoa eta betiere segurtasun-indarren eskumenei kalterik egin gabe.
Lege honetan ezarritakoaren arabera, aurreko paragrafoan aipatutako langileak agintaritzaren agentetzat joko dira, eta haien adierazpenek egiazkotasun-presuntzioa izango dute.
Aipatutako langileak, euren eginkizunak betetzerakoan, lur guztietara sartu ahalko dira, eta, era berean, eskatu ahalko dute ibilgailuak, atoiak, ehiza-baliabideak edo ekipamendu osagarriak eta lege honetan araututako jarduerarekin lotutako instalazioak erakusteko. Era berean, 60. artikuluan aurreikusitako kautela-neurriak hartu ahal izango dituzte.
Ehiza-lurretako lurretako zaindari partikularrek titulu espezifikoa eduki beharko dute, eta ehiza-basozainekin eta gainerako agintaritza-agenteekin (1. idatzi-zatian aipatutakoak) elkarlanean aritu beharko dute, nahitaez. Beren adierazpenek egiazkotasun-presuntzioa izango dute, eta aurreko paragrafoan aipatutako eskuduntzak izango dituzte.
Arriskuan dauden espezieak ehizatzea.
Arriskuan dauden espezieen habitata suntsituz ehizatzea, bereziki animaliek ugaltzeko, hibernatzeko, negualdia igarotzeko, deskantsatzeko, larreratzeko edo jateko erabiltzen dituzten tokiak suntsituz gero.
Elurra dagoenean edo fortuna-egunetan ehizatzea, edo lainoa, keak edo bestelako arrazoi batzuk direla eta ez denean 250 metrotik haratago ondo ikusten.
Ehiza-lurrean ehizatzea, ehizakirik jaso gabe ere, behar diren baimenak edo lizentziak izan gabe.
Nahitaezko asegurua kontratatu gabe eta indarrean egon gabe ehizatzea.
Baimen izenduna behar duten espezieak ehizatzea, ehiza-lurretan, baimen hori izan gabe.
Naturagune babestuetan ehizatzea, bai eta nazioarteko erakundeek babestutako eremuetan ere, baldin eta ehizatzea debekatuta badago edo baimendu gabeko espezieak ehizatzen badira.
Ehizan aritzen den bitartean, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzea.
Faunaren babeslekuetan ehizatzea, horretarako baimenik izan gabe.
Bizirik dauden ehizakiak edo ehiza-hegaztien arrautzak garraiatzea edo askatzea, horretarako behar den baimena izan gabe.
Ehiza-hegaztien kumeak edo arrautzak biltzea, garraiatzea eta saltzea, horretarako behar den administrazio-baimena izan gabe.
Debekualdian ehizatzea, ez bada industria-ehizan jarduteko, ehiza-txakurrak trebatzeko edo ehiza-jarduerak egiteko eremuetan.
Arma automatikoak edo erdiautomatikoak erabilita ehizatzea edo gainean ibiltzea, baldin eta armen kargagailuak bi kartutxo baino gehiago har baditzake.
Postak ehizarako edukitzea edo erabiltzea.
Gibel-lerroan ehizatzea, arma luze marratuak erabilita.
Ehizarako hauek erabiltzea: lehergailuak, pozoiak, zeboak pozoinduak edo ez, gasak edo substantzia asfixiagarriak (kea, geldiarazteko, lasaitzeko, erakartzeko edo uxatzeko substantziak barne).
Edozein lurretan, ehiza-zorroan dagoena edo erabiltzen ari den munizioa, edo ibilgailuak, atoiak, ehiza-baliabideak edo ekipamendu osagarriak eta lege honetan araututako aktibitatearekin zerikusirik duten instalazioak barrutik erakusteari uko egitea, edo alkoholaren edo drogen kontrolari uko egitea.
Edari alkoholdunen, substantzia sorgorgarrien edo gai psikotropikoen eraginpean ehizan aritzea. Horri dagokionez, pertsona bat edari alkoholdunen eraginpean dagoela ulertuko da, baldin eta ibilgailuak gidatzeko bide-segurtasuneko arauetan ezarritako gehienezko odoleko alkohol-tasa gainditzen badu.
Arriskuan dauden espezieak merkaturatzea, egoera edozein dela ere.
Ehiza-lur baten mugak edo azalera faltsutzea.
Ehiza-seinaleak kentzea edo hondatzea.
Erantzukizun zibileko asegurua eta ehiza-zaintzako kontratua izateko betebeharra ez betetzea.
Ehiza-lurreko ehiza-aprobetxamendua beste inori alokatzeko eta alokatze-kontratuak edozein tituluren truke lagatzeko debekuak urratzea, foru-aldundiaren baimena izan gabe.
Ehiza antolatzeko edo horren jarraipena egiteko planen urratze larria egitea edo lursail jakinean burutu den kudeaketa zinegetikoa baliabideen iraunkortasunean edo berriztatzean kaltegarria izan dela frogatzen bada.
Ehiza-lurren edo -aprobetxamenduen titular diren pertsonek edo erakundeek epizootien eta zoonosien berri ez ematea, berton bizi den ehiza-faunari eragiten diotenean.
Ehiza-lurren edo aprobetxamenduen titularrak diren pertsonek edo erakundeek epizootiak eta zoonosiak prebenitzeko edo horien kontra egiteko agintzen diren neurriak urratzea.
Ehiza industrialeko eremuak, ehiza-txakurrak trebatzeko zonak edo ehiza-jarduerak egiteko eremuak jartzea, foru-aldundiaren baimena izan gabe.
Ehiza-lizentziako eskabidearen datuak faltsutzea, harekin batera eransten diren aitorpenak barne, edo ehiza-azterketa egin behar duen pertsona ordezkatzea.
Gauez ehizatzea foru-aldundiaren berariazko baimena izan gabe.
Epai judizial edo ebazpen administratibo irmoz ehiza-lizentzia kenduta edo lortzea galarazita edukirik ehizatzea.
Ehizakoak ez diren espezieak ehizatzea. Eragindako kalteak 200.000 eurotik gorakoak badira, oso larritzat joko da arau-haustea.
Ehiza debekatuta dagoen lurretan ehizatzea.
Segurtasun-eremuetan ehizatzea.
Ehiza-federazioak edo ehiza-sozietate batek ehiza-lurraren erabilera arautzen duten ehizaren gaineko arauak ez betetzea, edo bazkideak onartzeaz, kuotez, baimenen zenbatekoaz edo lur horien etekinen banaketaz ezarritako aginduak ez betetzea.
Ehiza industrialeko eremuak, txakurrak trebatzeko eremuak edo ehiza-jarduerak egiteko eremuak baimentzeko eskatzen diren baldintzak ez betetzea, eta ez aurkeztea, hala eskatu zaienean, eremu horietan egindako animalien askatzeei eta harrapaketei buruzko estatistikak.
Ehiza-federazioak edo tokiko ehiza-elkarteek sozietateko estatutuen eta bazkideen zerrendaren kopia ez bidaltzea tokiko erakunde titularrari edo aldundiari, horiek bidaltzeko betebeharra baitute.
Ehiza-aprobetxamenduaren titularra den sozietateak harrapaketen emaitzei buruzko informazioa ez ematea foru-aldundiari, hala eskatzen diotenean.
Harrapaketen eta gorabeheren agiriak ez bidaltzea, horiek bidaltzeko betebeharra baitute.
Ehiza-titularitateaz bidegabe jabetzea, ordenamendu juridikoak ezartzen dituen baldintzen arabera.
Ehiza-lurrak, ehizaguneak edo uxaketak seinaleztatzeari buruzko arauak ez betetzea, eta, halaber, ehizan ibiltzeko erabili beharreko jantziei buruzko arauak ez betetzea.
Ehiza-lurren edo ehiza-aprobetxamenduen titularrak diren pertsonek edo erakundeek aintzat ez hartzea espezieei eman beharreko babesa eta sustapena.
Ehiza-aprobetxamenduen erakunde titularrak herri-administrazioekin elkarlanean ez aritzea, basa-fauna babesteko arauak betetzeari dagokionez, hala aritzeko betebeharra baitute.
Toki-erakundeek ehiza-lurraren esleipenaren zenbatekoa hobetzeko portzentajea ez inbertitzea basa-fauna eta haren habitatak zaintzeko eta sustatzeko, inbertsio hori egiteko betebeharra baitute.
Ehizaren jarraipena egiteko planak foru-aldundiak emandako epearen barruan ez aurkeztea; gainera, hori gertatuz gero, eragindako lurretan debekualdia ezarriko da, egoera hori konpontzen ez den bitartean.
Faunaren babeslekuetan harrapatu daitekeen ehizaki-kopurua gutxitzeari edo ale jakin bat harrapatzeari dagokionez foru-aldundiek ezarritako baldintzak ez betetzea.
Agintaritzaren agenteei hesitutako nekazaritza-lurretan sartzea galaraztea.
Ehiza-lurretan gorde beharreko ehiza-antolamendu egokia ikuskatu behar duten zaintzaile partikularren edo agintaritzaren agenteen lana oztopatzea.
Uxaketa bidez ehiza xeheko ehizakiak ehizatzea.
Oilagorra errondan edo jauzi modalitatean ehiza-txakurrik gabe ehizatzea.
Ehiza-garaian, legez debekatuta dauden sexu edo adineko ehizakiak ehizatzea, aipatutako ezaugarriak nabarmenak badira.
Legez debekatuta dauden sexu edo adineko ehizakiak, bizirik ala hilda, edukitzea edo garraiatzea, aipatutako ezaugarriak nabarmenak badira.
Gibel-lerroko ehizan jardutea edo uxaldi bat egiten ari den ehizagunetik 500 metro baino gertuagotik.
Ezarritako segurtasun-neurriak bete gabe ehizan jardutea.
Baimen berezia behar duten armak edo baliabideak erabilita ehizatzea, baldin eta agintari eskudunak ez badu horretarako baimenik eman. Horrelakoetan, espedientearen instrukzio-egileak salaketaren kopia bidali beharko dio aipatutako agintariari.
Ehizarako ematen diren baimen berezietan jasotzen diren baldintzak ez betetzea: horrek, gainera, baimena kentzea ekar dezake, errepikatuz gero.
Foru-xedapenek usoak ehizatzeari buruz ezarritakoa urratzea; usoak ohiko paseetan, edo zinbel, hegazti harrapari eta arku bidez ehizatzeari dagokionez.
Foru-aldundiek hegazti migratzaileak ehiza-lurretan ehizatzeari buruz ezarritakoa ez betetzea.
Uxaldi bat egitea horretarako behar den baimenik izan gabe.
Foru-erakundeek uxaldi bidezko ehizari buruz edo uxaldiak egin aurreko jakinarazpenei buruz ezartzen dituzten arauak ez betetzea, edo mota horretako ehizarako foru-aldundiak ematen duen baimenean ezartzen diren baldintzak urratzea.
Uxatzaileek edo uxaldietan parte hartzen duten gainerako laguntzaileek baimendu gabeko armak erabilita ehizatzea.
Hudoak, eper-emeen abatak eta sareak edo prezintatu gabeko ehiza-arteak erabiltzea, horretarako behar den baimenik izan gabe.
Ehizarako debekatuta dauden baliabideak baimenik gabe erabiltzea, baldin eta berariaz arau-hauste oso larritzat edo arintzat jotzen ez badira.
Debekatuta dagoen munizioa ohiko muniziotzat erabiltzea, edo egiten ari den modalitaterako, edo debekatuta dagoen lekuan. Eragiten diren kalteak 200.000 eurotik gorakoak badira, arau-haustea oso larritzat joko da.
Ehizarako debekatuta dauden txakur-arrazak edo txakur-gurutzaketak erabiltzea.
Debekualdian, norberaren txakurrak edo norberaren zaintzapean dauden txakurrak deslai ibiltzea ez saihestea.
Ehizatzeko asmoz txakurrak erabiltzea denboraldia, espeziea edo lekua direla-eta ehizatzea debekatuta dagoen lekuetan.
Txakur deslaiek kalteak eragitea.
Landatutako lurretan ehizatzea, baldin eta uzta jasotzeke badago; ganadua dagoen aldera edo ganaduaren ingurura, edo berotegien kontra edo kaltetu daitezkeen beste instalazio batzuen kontra tiro egitea.
Nekazaritza- edo meteorologia-egoera berezien ondorioz foru-erakunde eskudunak labore jakin batzuk babesteko ematen dituen ehizaren inguruko neurriak ez betetzea.
Merkaturatzerik ez dagoen ehizakiak garraiatzea, merkaturatzea edo naturalizatzea, ehizakiak bizirik ala hilda daudela, edo horretarako ezarritako baldintzak bete gabe. Eragiten diren kalteak 200.000 eurotik gorakoak badira, arau-haustea oso larritzat joko da.
Jasotako ehizakien erregelamenduzko zigiluak eta markak aldatzea.
Horretarako baimenik ez duten pertsonek ehizakiei eraztunak edo markak jartzea, edo ezarrita dauden ereduekin bat ez datozen eraztunak edo markak erabiltzea.
Ehizaki bat jasotzerakoan, animaliak helburu zientifikoekin markatzeko erabiltzen diren eraztunak edo markak baditu, eraztunok eta markok foru-aldundiari ez helaraztea.
Debekualdiei buruzko foru-aginduan edo modalitatearen arau espezifikoan ezarritako ordutegitik kanpo ehizatzea.
Lizentziarik izan gabe ehizatzea, 55.30 artikuluan ezarritakoaren kasuan izan ezik.
Foru-aldundiaren baimenik izan gabe landa-lurretan faunak igaro ezin dituen hesiak edo itxiturak ezartzea, edo baimenean zehaztutakoa ez betetzea.
Ehizakiak gatibu izatea, foru-aldundiaren berariazko baimenik izan gabe.
Lurreratutako ehizakien hondakinak edonola botatzea, horretarako dauden arauak edo oharrak bete gabe, edo aprobetxamenduaren titularrak horrelako jokabidea ez eragoztea.
Erabilitako kartutxo-azalak edo bestelako hondakinak mendian edo larrean botatzea edo botata uztea, edo aprobetxamenduaren titularrak jokabide hori ez eragoztea.
Debekualdiei buruzko foru-aginduen arau espezifikoak urratzea.
Ehizan jardun nahi duten ehiztariei nekazaritza-lur hesitu batera sartzen ez uztea edo sarrera oztopatzen saiatzea, baldin eta tokiak etengabe irekita dauden sarbideak baditu eta horien ondoan ez badago sartzeko debekuaren berri ematen duen kartelik.
Ehizakiak honela jasotzea: ehiza-lurretan zauritutakoak, ehiza-araubide desberdina duen lurrean, finkaren jabeari edo aprobetxamenduaren titularrari baimena eskatu gabe, edo ehizakia jasotzeko legeak ezartzen duen teknika errespetatu gabe.
Adingabekoa izanik (18 urtetik beherakoa) su-armak erabiliz ehizatzea, adingabeko hori zaintzen duen ehiztari adinez nagusiarengandik 120 metrotik haratago badago, edo azken horren oharrak betetzen ez baditu.
Ehiztari adingabeko bati (18 urtetik beherakoa) laguntzea eta haren ehiza-ekintzak egokiro ez zaintzea su-armak erabiltzen ari denean.
Nahita oztopatzea legezko manuak betez egiten ari diren ehizaldiak.
Ehizatzerakoan, behar bezala dokumentatuta edo identifikatua ez dauden txakurrak erabiltzea.
Norberaren txakurrei landa-lurretan deslai ibiltzen uztea, edo ehizakiei, ehizakien kumeei edo arrautzei kalte egitea, enbarazu egitea edo haien atzetik ibiltzea ez eragoztea.
Ehiza-txakurrak trebatzeko ezartzen diren arauak urratzea, horretarako ezartzen diren eremuetan, edo ehiza-jarduerak arautzen dituzten eremuen arauak urratzea.
Uxaketa batean lortutako emaitzak foru-aldundiari jakinarazteko betebeharra ez betetzea, datu horiek faltsutzea edo aldundiko langileen lana oztopatzea, datu morfometrikoak edo biologikoak hartu behar dituztenean; arau-hauste horiek, gainera, ehiza-kanpaina batean uxaketak egiteko debekua ekarriko dute.
Ibilgailuetatik ehizatzea, baita edozein motatako ontzitatik edo aireontzitatik ere; orobat, debekatuta dago aipatu horiek guztiak ezkutatzeko erabiltzea.
Armak eramatea, zorroan sartuta bada ere, traktoreetan edo beste edozein motatako nekazaritzako makinetan, nekazaritza-lanak egiterakoan, bai eta nekazaritza-lanak egiten diren lekuetara joaterakoan ere.
Uxaldi bidez ehizatzea, edo ehiztari-talde bi edo gehiago batera arituz, edo ehizakiak nekatzeko edo akitzeko baliabideak erabiliz; salbuespena dira lege honetako 34.5 artikuluko zehaztapenak betez kalteak murrizteko baimentzen diren uxaketak.
Nahitaezko dokumentazioa izanda ere, ehizatzerakoan gainean ez eramatea.
Usoak euren ohiko urasketan ehizatzea, edo usategi industrial batetik 1.000 metro baino gutxiagora, betiere usategia ondo seinaleztatuta badago.
Uso mezulariak eta kirol-usoak edo uso papar handiak ehizatzea, baldin eta horrelakoak direla adierazteko markak badituzte.
Hildako ehizakiak garraiatzeko xedapenak urratzea, edo agintari eskudunak garraiorako ezarritako baldintzak ez betetzea.
Etxeko edo haztegiko animaliak (bizirik zein hilda) garraiatzeari eta saltzeari buruz ezartzen diren baldintzak ez betetzea, debekualdian, eta haien berdinkide basatiekin erraz nahas daitezkeenean.
Ehizari buruzko arauetan xedatutakoa ez betetzea.
1. ATALA
ZEHAPENAK
Hona nola zehatuko diren aurreko artikuluetan jasotzen diren arau-hausteak:
Arau-hauste oso larriak, 2.001 eta 6.000 euro bitarteko isuna jarrita eta lizentzia baliogabetuta. Gainera, lizentzia berriz eskuratzeko hiru eta bost urte bitarteko epea itxaron beharko da.
Arau-hauste larriak, 501 eta 2.000 euro bitarteko isuna jarrita eta lizentzia baliogabetuta. Gainera, lizentzia berriz eskuratzeko urtebete eta hiru urte bitarteko epea itxaron beharko da.
Arau-hauste arinak, 50 eta 500 euro bitarteko isuna jarrita.
Bestalde, 55. artikuluaren 1., 7., 10., 12. eta 16. paragrafoetan jasotako arau-hausteak, baldin eta eragindako kalteak 100.000 eurotik gorakoak badira, eta gainerako arau-hauste oso larriak, 200.001 eta 2.000.000 euro bitarteko isuna jarrita zehatuko dira, bai eta 56. artikuluaren 1., 33. eta 41. paragrafoetan jasotako arau-hausteak ere, baldin eta kalteak 200.000 eurotik gorakoak badira.
Azken bi urteetan, ehiza-lurren edo haien aprobetxamenduen titularrak diren pertsonek edo erakundeek betebeharrak hiru aldiz urratzen badituzte, arau-hauste oso larriak eginez, ehiza-lurra edo -lurren esleipena galduko dute.
Azken bi urteetan, hiru arau-hauste oso larri eginez gero ehiza-lizentzia baliogabetzen denean, baliogabetze horrekin batera, lizentzia berriz lortzeko gaitasun-proba gainditu beharko da, behin desgaikuntza-aldia amaitu ondoren.
Administrazioak suntsitu egingo ditu harrapatutako baliabide legez kanpokoak, ebazpen zehatzailea irmoa denean.
Ikertzeko edo aztertzeko asmoz espezieak behatzeko edo harrapatzeko baimenetan ezarritako baldintzak bete ezean, baimena baliogabetu egingo da.
56.14, 56.25 eta 57.9 artikuluetan aurreikusitako arau-hausteen kasuan, bertan zehaztutako zehapen osagarriak ere ezarriko dira. 55.24 artikuluan aurreikusitako arau-hausteak 22.9 artikuluan zehazten den zehapen osagarria ekarriko du, hau da, indarrean dauden ehiza-eskubideen indarraldia osotasunean edo partzialki indar gabe uztea.
Salaketa jartzen duten pertsonak (54. artikuluak aipatutakoak), lege honek ematen dizkien eskumenen barruan, interesdunari entzunaldia egin beharrik gabe eta kautela-neurri bezala, segituan joango dira ustezko arau-hauslearen esku dauden ehizakiak jasotzera, ehizakiak bizirik zein hilik egon. Era berean, egintza egiteko baliatu diren edo debekatuta dauden beste ehiza-arte eta baliabideak ere jasoko dituzte, horiek materialak zein animaliak izan, bizirik zein naturalizatuta egon.
Baldin eta basa-animalia bizirik jasotzen bada, salaketa jarri duen pertsonak askatu egingo du animalia, bizirik jarrai dezakeela uste badu, edo horretarako ezartzen den lekuan utziko du. Bigarren kasuan, hortik aurrera animalia Administrazioaren jabetzekoa izango da, eta Administrazioak egokien deritzon helburua emango dio.
Soilik baldin eta arau-hauste bat egiteko erabili badituzte konfiskatuko dira oro har debekatuta ez dauden armak eta baliabideak, betiere proportzionaltasun-irizpideari jarraiki.
Txakurren eta hegazti harraparien kasuan, konfiskatu beharrean fidantza bat jarri ahalko da, eta fidantzaren zenbatekoa erregelamendu bidez ezarriko da.
Salaketaren ondorioz egiten den aktan, hartutako kautela-neurriak azalduko dira, bai eta neurri horien arrazoia eta helburu zehatzak ere.
Lege honen 54. artikuluak aipatzen dituen pertsonak badira kautela-neurriak hartzen dituztenak, zehatzeko prozedura irekitzeko eskumena duen organoak neurri horiek sendetsi beharko ditu, horretarako emandako ebazpenaren bidez, kautela-neurria hartu eta, gehienez, hurrengo hamar egunak baino lehen.
Baldin eta ezin bada zehaztu noraino parte hartu duen pertsona bakoitzak arau-haustea egitean, erantzukizuna solidarioa izango da.
Baldin eta, 5.3 a) artikulua aplikatuta, beste erantzulerik ez badago, guraso-agintearen edo zaintzaren titularrak erantzule izango dira beren kargu dituzten adingabeek edo ezgaiek eragiten dituzten kalteei eta galerei dagokienez, eta, orobat, eurek ordaindu beharko dituzte azken horiei ezartzen zaizkien zehapenak.
Pertsona juridikoei zehapenak ezarriko zaizkie beren organoek edo agenteek jardunean egiten dituzten arau-hausteengatik, eta beren kargura hartuko dute lehengoratzeko ezartzen diren neurrien kostua.
2. ATALA
ZEHAPEN PROZEDURA ETA MAILAK
Zehatzeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarrita dagoena izango da, edo hori ordezkatzen duen arauan jasotakoa.
Zehapenak mailakatzerakoan, hauek hartuko dira kontuan: eragindako kalteak, asmoa, berriro egin izana eta behin eta berriz egin izana.
Lizentzia baliogabetzea eta lizentzia eskuratzeko desgaitzea Autonomia Erkidego osoan izango dira eraginkorrak, desgaitzea foru-aldundi batek zein bestek agindua izanik ere.
Horretarako, foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko dizkiote ezarritako zehapenak, arau-hausteen erregistroan sar ditzan.
Kasuan kasu egoki diren zehazpenen kalterik gabe, arau-haustearen erantzuleak erantzun egin beharko du sortutako kalteengatik.
Natura-ingurunea arau-haustea egin aurretik zegoen bezala uztea izango da kaltea konpontzearen helburua.
Administrazio eskudunak horretara behartuta dagoen pertsonaren kontura konpondu ahalko du kaltea.
Administrazio eskudunak, era berean, hertsatzeko isunak jarri ahalko ditu; horien zenbatekoa, gehienez, hamabost egunez behin, konponbidearen edo jardueraren guztikoa ordaintzeko beharrezkotzat jotzen duen zenbatekoaren % 20 izango da, gehienez ere 3.000 euro, hamabost egunez behin; edo, bestela, 600 euro hilean, eduki ekonomikorik ez duten betebeharretarako, esaterako, Administrazioari informazioa bidaltzeko.
Baldin eta ezin bada kaltea konpondu, Administrazioak kalte-ordain bat eskatuko dio zehatutako pertsonari edo erakundeari, sortu duen kaltearengatik.
Horretarako, animalia-espezieak baloratzeko baremo bat argitaratuko da, eta aldian-aldian gaurkotuko da.
Kapitulu berri bat, VIII. kapitulua, gehitu zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoen legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintza Dekretuaren VI. tituluari (industria- eta nekazaritza-tasak); hau dio:
Kapitulua. Ehizan jarduteko gaitasun-azterketa egiteko tasa.
142 bis artikulua. Zerga-egitatea.
Administrazioak ehizan jarduteko gaitasun-azterketa egiteko behar diren zerbitzuak ematean datza tasa honen zerga-egitatea.
142 ter artikulua. Subjektu pasiboa.
Tasa honen subjektu pasiboak dira ehizan jarduteko gaitasun-azterketa egiten dutenak.
142 quater artikulua. Sortzapena.
Ehizan jarduteko gaitasun-azterketa egiteko eskabideak aurkezten direnean sortuko da tasa.
142 quinquies artikulua. Kuota.
Tasa 10 eurokoa izango da.
Honako lege hau erregelamendu bidez garatzeko xedapenak onartzen ez diren bitartean, martxoaren 25eko 506/1971 Dekretua aplikatuko da (haren bidez, 1970eko apirilaren 4ko Ehizaren Legea betearazteko Araudia onartu zen), betiere lege honetan ezarritakoaren kontra ez badago.
Honako hauek indargabetu dira: apirilaren 13ko 1/1989 Legearen 1. artikulua (lege horren bidez, ehizako eta ibai-arrantzako arau-hauste administratibo jakin batzuen kalifikazioa aldatu eta zigorren zenbatekoa handitu zen); ekainaren 30eko 16/1994 Legearen (Euskal Herriko Natura Babestekoa) 66. artikulutik 74. artikulura, biak barne, ehizari buruzko kontuei dagokienez; eta lege honetan ezarritakoaren kontra doan ehizari buruzko beste edozein xedapen.
Lehenengoa. Lege hau erregelamendu bidez arautzea lurralde historikoetako foru-aldundiei dagokie, Euskal Autonomia Erkidego osoko erakundeei espresuki eman ez zaien guzti horretan.
Bigarrena. Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik hasita urtebeteko epean, legea garatzeko beharrezkoak diren erregelamendu-arauak onetsiko ditu, legeak horretarako gaikuntza espezifikoa eman dion kontuei dagokienez bakarrik.
Hirugarrena. Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 21a.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (7)
- Aldatutakoa: 7/2022 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Landa-Ingurunearen Garapenarena.
- Garatutakoa: 111/2016 DEKRETUA, uztailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoan ehizan jarduteko debekatuta dauden txakur-arrazena.
- Garatutakoa: 160/2014 DEKRETUA, uztailaren 29koa, ehiza-baimena eta ehizatzeko gaitasunaren azterketa arautzen dituena.
- Garatutakoa: 216/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan ehiza daitezkeen espezieen zerrenda ezartzekoa.
- Aldatzen du: 1/2007 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, irailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena.
- Aldatutakoa: 12/2019 LEGEA, abenduaren 20koa, ehizaren martxoaren 17ko 2/2011 Legea aldatzekoa.
- Partzialki indargabetzen du: 16/1994 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Euskal Herriko Natura Babestekoa.