Arautegia
Inprimatu9/2008 LEGEA, ekainaren 27koa, bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio-prozesu bat irekitzeari buruz Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren iritzia eskatzeko herri-galdeketa bat deitzeko eta arautzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 134
- Hurrenkera-zk.: 4247
- Xedapen-zk.: 9
- Xedapen-data: 2008/06/27
- Argitaratze-data: 2008/07/15
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Instituzional; EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27ko 9/2008 Legea, bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio-prozesu bat irekitzeari buruz Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren iritzia eskatzeko herri-galdeketa bat deitzeko eta arautzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
9/2008 legea, ekainaren 27koa, bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio-prozesu bat irekitzeari buruz Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren iritzia eskatzeko herri-galdeketa bat deitzeko eta arautzekoa.
2007ko irailaren 28an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran egindako politika orokorrari buruzko eztabaida zela-eta, lehendakariak Itun Politiko baterako eskaintza instituzionala egin zion Espainiako gobernu-presidenteari, indarkeriaren arbuioaren printzipio etikoan eta euskal gizartearen borondatearen errespetuaren printzipio demokratikoan oinarrituta. Eskaintza hura 2008ko ekainera arte luzatzen zen, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, bere bilkura-aldia amaitu baino lehen, Espainiako gobernu-presidentearekiko Itun Politikoa berretsi ahal izan zezan, hura posible izan balitz, ala, bestela, izaera loteslerik gabeko galdeketa bat egitea baimendu, egoera politikoa askatzeko eta negoziazio-prozesu bat irekitzeko.
Negoziazioen hasiera bideratzeko galdeketa planteatzea, ondorioz, Espainiako Gobernuarekiko Itun Politikorik egon ez izanaren ondorio da; izan ere, Itun Politiko bat lortzen saiatu da lehendakaria Espainiako gobernu-presidenteari luzatutako eskaintzaren esparruan. Bi gobernuen arteko adostasuna lortzea ezinezko gertatu denez, Eusko Jaurlaritzak, lehendakariaren proposamenez, egoki iritzi dio Eusko Legebiltzarrari loteslea ez litzatekeen herri-galdeketa bat deitu eta egitea proposatzeari, bozkatzeko eskubidea duten euskal herritar guztiek iritzia eman dezaten bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio-prozesu bat irekitzeari buruz, hau da, ETAri indarkeriaren amaiera eskatzeko eta, armak zalantzarik gabeko moduan utzi ondoren, negoziazio-prozesu bat ahalbidetzeko, eta, bestetik, alderdi politiko guztien artean negoziazioa irekitzeko, normalizazio politikorako Akordio bat lortzeko helburuarekin eta, Akordio horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren artean harreman berri baten oinarriak finkatzeko.
Lege honetan aurreikusitako galdeketa, beraz, tresna legezko eta demokratikoa da Euskal Herriak doazkion gai garrantzitsuenetan herritarrek parte hartzeko duten oinarrizko eskubidea askatasunez gauzatu dezan. Ildo honetan, funtsezkoa da Eusko Legebiltzarraren egitekoa printzipio demokratikoen garapenerako eta Euskal Herriko herritarrek bere duten partaidetza politikorako oinarrizko eskubidea baliatzea babesteko eta, bereziki, galdeketa hau gauzatzeko, bera baita Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 9.2 artikuluko e) zenbakian aitortutako oinarrizko eskubidea baliatzeko funtsezko bidea. Artikulu horrek euskal herri-aginteek «Euskal Herriko politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-alorretako bizitzan herritar guztien partaidetza» bideratzeko duten betebeharra finkatzen du, beren eskumenen barruan. Galdeketa bideratzaile honek, juridikoki lotesle izan gabe ere, baliozkotasun politiko eta sozial osoa du indarkeriaren behin betiko amaierari heldu eta hura bultzatzeko, baita inplikatutako alderdi guztien artean eta bazterketarik gabe gatazka politikoa behin betiko amaitzeko prozesuari hasiera emateko helburuarekin euskal gizartearen iritzia ezagutzeko ere. Horiengatik, eta erreferendum bidezko herri-galdeketa bat ez denez, inongo aldaeratan, eta juridikoki loteslea ere ez denez, galdeketa-prozesu honi ez zaio ezargarri urtarrilaren 18ko 2/1980 Lege Organikoa, Erreferendum-motak arautzeari buruzkoa, eta deialdia egiteko ez du beharrezko Estatuaren aldez aurretiko baimena.
Lege honen helburua, beraz, bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio-prozesu bat irekitzeari buruz Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren iritzia eskatzeko herri-galdeketa bat deitzea da, baita galdeketa hori gauzatu eta egiteak dituen alderdi nagusiak arautzea ere, Lege honetan aurreikusi gabeko guztietan hauteskunde-prozesuak arautzeko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean jasotako xedapenetara igorpena beren beregi egiten delarik.
Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?
Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?
– Galdeketa 2008ko urriaren 25ean, larunbatean, izango da Euskal Autonomia Erkidegoan eta lehendakariak 2008ko irailaren 15ean deitutzat joko da.
– Lege honetan jasotako galdeketa garatzeko eta egiteko orduan, Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeei buruz indarrean dagoen ekainaren 15eko 5/1990 Legea izango da arau-oinarri, betiere, galdeketaren izaerak berak hala eskatuta, beharrezko diren egokitzapen hauek eginda:
Ekainaren 15eko 5/1990 Legearen bidez alderdi politikoak, hauteskunde-federazio, -koalizio eta -batasunei ematen zaizkien ahalmenak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoei buruzkoak izango dira, artekariak eta ahaldunak izendatu, hautesle-errolden kopiak eskuratu, hedabideetan doan iragarraldiak baliatu, hauteskundetarako aurrerakinak eta diru-laguntzak jaso, eta Hauteskunde Batzordeak eta Irrati-Telebistako Batzordea osatzeko orduan.
Botoa emateko orduan, galdeketaren itaunak jasoko dituen boto-txartelak eta gutun-azalak erabili beharko dira. Galdeketa egin ahal izateko beharrezko diren hautestontziak, kabinak, boto-txartelak, gutun-azalak eta gainontzeko agiriak zehazteko orduan oinarritzat hartu behar diren eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori entregatzeko prozedurak uztailaren 28ko 330/1994 Dekretuan eta horri buruzko ondorengo moldaketetan Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako ezarritako berberak izango dira, honako salbuespen hauek errespetatuta:
Boto-txartelaren edukia eta inprimaketa-ezaugarri teknikoak egokituko dira, lege honen I. eranskinean dagoen ereduaren arabera.
Uztailaren 28ko 330/1994 Dekretuaren 3. eranskina eta 9.5 eranskina ez dira aplikatuko, eranskin horiek hautagai-zerrendak aurkezteko, hauteskunde-koalizioak eratzeko eta hautatutako legebiltzarkideen izendapen-agiriak jasotzeko dokumentazioari buruzkoak baitira.
Lege honetan jasotako galdeketaren izaera, epeak eta data aintzat hartuta, hauteskundeetako gainerako inprimaki eta gutun-azalak egokituko dira, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei, hautagai-zerrendei eta hautagaiei buruzko aipamenak ezabatuta.
Botoak emateko eta zenbatzeko orduan aintzat hartu beharrekoak (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 115., 116. eta 119. artikuluak):
Boto-emaileak «bai» ala «ez» erantzun ahal izango du, dagokion aukera laukitxoan markatuta, edo, bestela, markatu gabe zuri utzi dezake boto-txartela.
Boto-txartela baliogabea izango da, baldin eta eredu ofiziala errespetatzen ez bada, galdeketako itaunetakoren batean boto-emailearen erabakia zein den argi ikusten ez bada, edo galdeketarekin zerikusirik ez daukan ezabaketa, zirriborro, urradura, zeinu edo hitzen bat agertzen bada. Boto zuritzat joko da barruan boto-txartelik ez daukan gutun-azala.
Gutun-azal berean iritzi bat bakarra jasotzen duten boto-txartel bat baino gehiago dagoenean, boto hori ontzat joko da. Aldiz, gutun-azal berean elkarren aurkako iritziak agertzen direnean, boto hori baliogabetzat joko da.
Hauteskunde Mahaiak egin beharreko boto-kontaketako agirian argi azalduko da guztira zenbat izan diren hautatzaileak, boto-emaileak, galdeketan egindako itaunen aldeko eta aurkako botoak, boto zuriak eta boto baliogabeak.
Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeek Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari igorri behar diote lurralde historikoetako bakoitzean galdeketak izan dituen emaitzen aldarrikapen-agiria. Agiri horretan berariaz jaso behar da guztira zenbat izan diren hautatzaileak, boto-emaileak, aldeko botoak, aurkako botoak, boto zuriak eta boto baliogabeak. Datu horien berri jakinaraziko diote Eusko Jaurlaritzako Lehendakariari, baita Eusko Legebiltzarreko Lehendakaritzari ere, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ere emango dute.
Hauteskundeetako diru-sarrerak, gastuak eta diru-laguntzak direla-eta aintzat hartu beharrekoak (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 144., 147.2 eta 151. artikuluak):
Diru-laguntza modura aurretiaz emandako kopurua ezin izango da inola ere izan eskubidez jaso behar den laguntza osoaren % 75 baino handiagoa (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 144. artikulua).
Hauteskundeetako gastuen muga hau izango da: Eusko Legebiltzarrerako izandako azken hauteskundeetan alderdi politikoek eta hauteskunde-federazio eta -koalizioek hautagai-zerrendak aurkeztu zituzten barrutietako legezko biztanleriari dagozkion biztanleen kopurua bider 0,18 euro. Aurreko eragiketa horretatik sortzen den emaitza horri 173.590 euro gehitu ahal izango zaio, azken hauteskunde horietan legebiltzar-aulkiren bat lortu duten barruti bakoitzeko (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 147.2 artikulua).
Eusko Legebiltzarrerako izandako azken hauteskundeetan alderdi politikoek eta hauteskunde-federazio eta -koalizioek lortutako boto- eta aulki-kopuruaren arabera finkatuko dira ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 151. artikuluan ezarritako diru-laguntzak, betiere, honako arau hauek aintzat hartuta:
4.800 euro Eusko Legebiltzarrean eskuratutako aulki bakoitzeko.
0,16 euro talde politiko bakoitzak lortutako boto bakoitzeko, baldin eta gutxienez zerrendakideetakoren batek Legebiltzarreko aulkiren bat lortu badu dagokion hauteskunde-barrutian.
8.000 euro hauteskunde-barruti bakoitzeko, baldin eta gutxienez Legebiltzarreko aulkiren bat lortu badute dagokion hauteskunde-barrutian.
Hautesleei zuzenean eta banan-banan bidalitako propaganda, gutun-azalak eta boto-txartelak edo bestelako hauteskunde-publizitateak direla-eta sortutako hauteskunde-gastuetarako 300.000 euro emango dira laguntza modura, lege honen arabera diru-laguntza jasotzeko eskubidea duten alderdi politiko, hauteskunde-federazio eta -koalizio bakoitzarentzat. Laguntza modura emango den kopuru hori ez da aintzat hartuko ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 147.2 artikuluan ezarritako mugari dagokionez, betiere, ekintza horiek benetan egin direla egiaztatzen bada.
– Lege honetan jasotako galdeketa egiteko orduan, Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeak Araupetzeko indarrean dagoen ekainaren 15eko 5/1990 Legean ezarritako epeak eta nondik norakoak, era honetara egokituko dira:
Lurralde Historikoetako eta Eskualdean Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetako kide ez-judizialak alderdi politikoek eta hauteskunde-federazio eta -koalizioek proposatuko dituzte, deialdia egin eta laugarren eta bederatzigarren egunen arteko epean, biak barnean direla [ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 21.1.b) eta 22.1.b) artikuluak]. Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak eta Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeak deialdia egin ondorengo hamargarren egunean bilduko dira, gorago aipatutako proposamen bateratuak badaude, horiek ikusita, kide ez-judizialak proposatzeko edo, hala badagokio, kide horiek izendatzeko.
Mahai bakoitzeko lehendakaria eta mahaikideak izendatzeko zozketa publikoak deialdia egin eta bederatzigarren eta hamahirugarren egunen artean egingo dira (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 43. artikulua). Mahaiak osatzeko orduan, jakinarazpenak, desenkusa-alegazioak eta ebazpenak emateko prozesua ez da amaituko deialdia egin ondorengo hogeita bederatzigarren eguna baino beranduago (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 44. artikulua).
Ordezkari nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordean izendatuko dira deialdia egin ondorengo bi egunetan, eta barruti-ordezkariak deialdia egin ondorengo lau egunetan izendatuko dira goian aipatutako batzorde horretan bertan (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 48.4 eta 5 artikulua).
Udalek, deialdia egin ondorengo zazpi egunen barruan, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinarazi behar diote hauteskunde-iragarkiak jartzeko erabilgarri diren tokiak zein diren. Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak, jakinarazpen hori egin ondorengo lau egunetan, alderdi politiko eta hauteskunde-federazio eta -koalizioetako bakoitzari dagozkion lekuak esleituko dizkio, eta, deialdia egin ondorengo hamahirugarren eguna baino lehen, egun hori ere barnean dela, iragarkietarako esleitu zaizkion lekuen berri emango dio bakoitzari (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 75. artikulua).
Alderdi politikoek eta hauteskunde-federazio eta -koalizioek, deialdia egin ondorengo hamaikagarren egunean, kanpaina-ekitaldiak egiteko leku eta lokal publikoak eskatu ahal izango dizkiote Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari. Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak, deialdia egin ondorengo hamabigarren egunean, jasotako eskabideen gaineko ebazpenak emango ditu, eta, deialdia egin ondorengo hamaseigarren eguna baino lehenago, hori ere barnean dela, esleitu zaizkion leku eta lokalen berri jakinaraziko dio bakoitzari, baita Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeari ere (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 76. artikulua).
Hauteskunde Zentsuaren Bulegoak, deialdia egin ondorengo hamazazpigarren egunetik aurrera, botoa postaz eman ahal izateko beharrezkoa den dokumentazio guztia igorriko die hala eskatu duten hautesle guztiei (ekainaren 15eko 5/1990 Legeko 132. octies artikulua). Hauteskunde Zentsuaren Bulegoak, deialdia egin ondorengo hamaikagarren eguna baino beranduago ez, atzerrian bizi diren hautesleei igorriko die goian aipatutako dokumentazio hori, betiere, hauteskunde-aldian egindako zentsu-zuzenketen emaitzei kalte egin gabe.
– Hemen jasotako epeak argiago eta errazago ikusteko, lege honen II. eranskinean dago erantsita galdeketaren hauteskunde-egutegia.
AZKEN ERABAKIAK
Honen bidez baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari, eta, hala badagokio, Herrizaingo sailburuari ere bai, honako lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzaten.
Lege honetan jasotako galdeketa egin ahal izateko beharrezko diren kreditu guztiak baliatuko ditu Ogasun eta Herri Administrazio Sailak.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 1a.
Lehendakaria,
Boto-txartela / Papeleta de votación
2008KO URRIAREN 25eko KONTSULTA CONSULTA DEL 25 DE OCTUBRE DE 2008
1go Galdera / 1.ª Pregunta
Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?
¿Está Usted de acuerdo en apoyar un proceso de final dialogado de la violencia, si previamente ETA manifiesta de forma inequívoca su voluntad de poner fin a la misma de una vez y para siempre?
c BAI / SÍ
c EZ / NO |
2. Galdera / 2.ª Pregunta
Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?
¿Está Usted de acuerdo en que los partidos vascos, sin exclusiones, inicien un proceso de negociación para alcanzar un Acuerdo Democrático sobre el ejercicio del derecho a decidir del Pueblo Vasco, y que dicho Acuerdo sea sometido a referéndum antes de que finalice el año 2010?
c BAI / SÍ
c EZ / NO |
Kolorea: zuria lehenengo galderarako, eta berdea bigarren galderarako.
Gutxi gora-beherako neurriak: 105 x 223.
Color: blanco para el cuerpo de la primera pregunta y verde claro para el cuerpo de la segunda pregunta.
Medidas aproximadas: 105 x 223 mm.
KONTSULTAREN EGUTEGIA, 2008KO URRIAK 25 (Maiatzako Legearen Aurreproiektuari lotuta)
CALENDARIO CONSULTA DE 25 DE OCTUBRE DE 2008 (Ajustado al Anteproyecto de Ley de mayo)