Arautegia
Inprimatu4/2008 LEGEA, ekainaren 19koa, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egitekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 124
- Hurrenkera-zk.: 4014
- Xedapen-zk.: 4
- Xedapen-data: 2008/06/19
- Argitaratze-data: 2008/07/01
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 19ko 4/2008 Legea, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egitekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Gure artean gero eta begi-bistakoagoa da terrorismoa gure gizarteak nozitzen eta jasaten duen gaitzik handienetarikotzat jotzen dela. Seguru asko, oraindik ez gara erabat jabetzen auzi horrek euskal herritarron bilakaeran, kolektibitate gisa, sortu duen eta sortzen duen min sakonaz. Agian, ikuspegi historiko zabalago batetik, etorkizunean izango dugu baloratzea norainoko eragin negatiboa izan duen eta duen gure garapenean batez ere ETAren biolentzia terroristak, baina baita gaur egun zorionez desagertuta dauden GALenak eta eskuin muturreko taldeenak ere. Gizarte-harremanen, gure ekonomiaren, gure kultura- eta hizkuntza-aurrerapenaren garapenaz ari gara; azken finean, gure elkarbizitzaren garapenaz.
Ezagun dugu, hori bai, tragedia horren gertuko eta zuzeneko eragina, hots: erailketek, mehatxuek, bahiketek, estortsioek eta xantaiek sortutako min eta sufrimendu itzela. Terrorismoaren biktimak eta haien familiakoak eta hurbilekoak ondorio horren adierazpen pertsonala eta gertukoa dira. Haiek osatzen dute-eta, tamalez, larrutik eta gogotik terrorearen eta fanatismoaren zerga ordaindu duen gizataldea, gure gizartean berariaz eta era kalkulatu batez aukeratua izan dena.
ETAren ekintzak ez dira ustekabean gertatzen, eta haren helburuak eta estrategiak ez dira zoriaren edo bat-batekotasunaren emaitza. Beren proiektu totalitario eta baztertzailea bide baketsuetatik inposatzerik ez dutenez, biolentzia terroristaren bitartez inposatu nahi dute, eta horretarako,pertsona errugabeen odola erabiltzen dute, biktimena, hain zuzen ere, herritarrek izuak hartuta amore eman dezaten.
Zorionez, azken urteetan herritarrek erreakzionatu egiten dute eta erreakzio horrek isla izan du poliki-poliki instituzioen artean ere; horren eraginez laguntza-neurriak onetsi dira eta biktimei aitorpen eta omenaldi publikoa egin zaie, eta etorkizunari begira, oinarrizko testu batzuk ere onetsi dira, hala nola Eusko Legebiltzarrak 2003ko ekainean aho batez onetsitako legez besteko proposamena, edo 2005eko otsailean onetsi zuena, non Jaurlaritzari eskatzen baitzaio lege-proiektu hau aurkezteko.
Euskadin, hartara, bai Jaurlaritzak bai Legebiltzarrak irmotasun eta seriotasun osoz adierazi dute gure elkarbizitzaren etorkizuna biktimekiko memorian oinarrituta eraiki beharko dela, halabeharrez. Gehien sufritu dutenak oroitu nahi ditugu, historia, gure historia, ez dadin errepika. Terrorismoaren biktimei aitorpena egitea, horrenbestez, justizia-ekintza bat da, baina baita gizarte baten egiazko adierazpena ere, gure gizarteak ez du-eta berriz bizi nahi haiek nozitutako bidegabeko sufrimendua.
Euskal gizarteak printzipio etiko funtsezkoenak aldarrikatu nahi ditu oinarrizko irizpide gisa elkarbizitza arautzeko, eta, hortaz ezin saihestuzko eta ezin atzeratuzkoa du terrorismoak kaltetutako pertsonei elkartasuna agertzea; hartara, botere publikoei dagokie biktimei zor zaien aitorpena, erreparazioa eta justizia neurri zehatzen bidez ematea, orain arte nozitutako irainak modu koherente eta eraginkorrean deuseztatuz. Neurri horien helburua da, orobat, terrorismoaren biktimek urte askoan sentitu eta pairatu dituzten ahanzturak, ikusgarritasun-eza eta ulermen falta ahal den neurrian konpentsatzea, biktimagileak jendaurrean goresteko ekitaldiek sortzen dituzten egoerak ahaztu gabe.
Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aspaldi erreakzionatu zuen, terrorismoaren ondorioak ahal den heinean leuntzeko aurreneko neurriak hartuz. Hala, terrorismoaren biktimentzako laguntzen programa baten aurreneko arautzea abuztuaren 4ko 221/1988 Dekretuan jaso zen. Arau horiek 1991n, 1993an eta 1995ean aldatu ziren. Ondoren, 2000n, 107/2000 Dekretua, ekainaren 13koa, jarri zen horien ordez, eta, 2002an, azken dekretu hori egun indarrean dagoen dekretuak ordezkatu zuen (214/2002 Dekretua, irailaren 24koa, abenduaren 30eko 313/2002 Dekretuak aldatua). Laguntzen araudi berri horrek alderdi berriak sartu zituen babesaren esparruan, eta nabarmen areagotu zituen babes-mailak. Ildo horretan, enplegu publikoaren zein pribatuaren eremuan laneratzeko laguntza-ildoak ezarri zituen horren premia duten biktimentzat; etxebizitzaren arloan biktimek dituzten behar bereziei erantzuteko bideak antolatu zituen; hezkuntzaren arloko laguntzak handitu egin ziren eta biktimari eragindako kalte ekonomikoa funtsean ordaintzeko kalte-ordainen zenbatekoak ere bai.
Programa hori zenbait urtetan aplikatu ondoren nahikoa esperientzia positibotzat jotzen bazen ere, berrikustea komeni zela ikusi zen, betiere hobetze aldera eta atzemandako desorekak zuzentze aldera. Gainera, gizarteak berak gero eta kontzientzia handiagoa hartu du terrorismoaren biktimekiko elkartasuna zehazteko beharraz –euren eguneroko bizimoduaren baldintzak hobetzeko neurriak hartuz–, eta horrek komenigarri egiten zuen programa berrikustea, irizpide zabala eta zehatza baliatuta.
Iritzi-egoera hori islatuz, Legebiltzarrak aipatutako akordioak onartu zituen, eta Eusko Jaurlaritzak legezko testu batera eramateko konpromisoa hartu zuen; hortaz, testu horretan jaso zuen Eusko Jaurlaritzak erronka hori eta gauzatzeko lana ere bere egin zuen. Horrela, lege honek terrorismoaren biktimekin hartutako konpromisoak ez ezik, euskal herritarrekin hartutakoak ere betetzen ditu.
Hasitako bidean beste urrats bat egin da lege honekin. Administrazioak emandako prestazioak hobetzeaz gain, lege hau, adierazi den bezala, bihotzetiko omenaldi baten adierazpen sakona eta benetakoa da, hain zuzen ere terrorismoaren biktimek pairatu duten sufrimenduagatik eta, justizia beren kabuz egitetik urruti, eman duten erantzunarengatik merezi dutenen omenaldiarena.
Legeak alde bi ditu. Alde batetik, zati batean kontu materialak eta laguntzak baino ez ditu aipatzen, eta zati horretan sistematizatutako neurrien katalogoa zehazten da, neurriok terrorismoaren biktimen eguneroko bizitzarekin zerikusia duten arazo ugariri erantzutea ahalbidetuko dute-eta. Baina, beste alde batetik, badago beste alde bat, berriagoa dena, biktima hauen eskubideak ikuspuntu etiko eta politiko batetik osatzen dituzten printzipio orokorrak biltzen dituena.
Legearen II. tituluan jasotzen den bigarren alde hori garatze aldera, nazioarteko agiri batzuk hartu dira inspirazio-iturritzat, Nazio Batuek, Europako Kontseiluak edo Europar Batasunak giza eskubideen urraketa larri eta sistematikoen aurrean biktimak babesteari buruz emandakoak.
Praktikak eta jurisprudentziak, nazioartekoak zein konparatuak, argiro demostratu dute Estatutik at diharduten talde pribatuek eragindako giza eskubideen urraketa larriak egin daitezkeela, eta, era berean, batzuetan demostratu den bezala, talde pribatu horietariko batzuek Estatuaren beraren edo Estatuko sektore batzuen baiespenaz jardun dezaketela.
Euskal Herrian, zenbait hamarkadatan garatutako biolentzia terrorista daukagu aurrean; kasik mila lagun erailda, eta funtsezko eskubideak etengabe urratuta, bizitza, osotasun fisiko edo psikikoa, adierazteko askatasuna edo norberaren segurtasuna, beste batzuen artean. Horrenbestez, badugu giza eskubideen urratze larri eta sistematikoez hitz egitea, dela ETAren terrorismoak, dela iraganean eskuin muturreko taldeek edo GALek berak egindakoak.
Alde horretatik, kontua ez da Barne Zuzenbidera nazioarteko arauen transposizioa egitea, baizik eta onartzea legezko testuan, batez ere aipatutako II. tituluan, jasotako xedapenetan interpretazio eta doktrina-lotura dagoela.
Inspirazio horren ondorioetariko bat argi eta garbi islatzen da biktimen eskubideen definizioan. Ez da kontu hutsala lege honek terrorismoaren biktimak eskubideen subjektutzat hartzea, nahiz eta eskubide horien edukia funtsean programatikoa izan. Eta horrelaxe enuntziatzen da berariaz, hain zuzen, aipatutako II. titulua.
Gaiari buruzko nazioarteko tresnen erreferentziak hartuta, adierazten dugu giza eskubideen urraketa larri eta sistematikoen ondorioz sortzen diren biktimen eskubideek hiru oinarrizko euskarri dituztela, hau da: egia ezagutzeko eskubidea, justiziarako eskubidea eta erreparaziorako eskubidea. Gure kasuan ere oinarrizkotzat jotzen dugu memoriarako eskubidea gehitzea, biktimen esanahi politikoari berebiziko garrantzia ematearekin batera. Horiei duintasuna erantsi behar zaie, eta horrekin batera, bakerako, askatasunerako eta elkarbizitzarako eskubideak sartu behar dira terrorismoaren biktimen eskubideen erreferentziazko beste euskarri bat diren aldetik.
Gehienbat izaera programatikoa duten eskubide hauek jasotzailearen arabera antolatu dira legean, eta eskubide bakoitzarekin batera jarduera jakin batzuk adierazi dira kasuan kasuko eskubidea zehazten dutenak. Lehenengoz, biktimen eskubideak: justizia, duintasuna, aitorpena eta erreparazioa. Bigarrenez, biktimek eta gizarteak partekatzen dituzten eskubideak: egia eta memoria eta haien esanahi politikoa. Eta, hirugarrenez, euskal herritar guztien eskubideak: bakea, askatasuna eta elkarbizitza.
Laburbilduz, abiapuntua egia eta memoria dira, eta hortik abiatuta finkatzea zer gertatu den eta zer gertatzen ari den, eta zergatik gertatu den eta zergatik oraindik ere gertatzen ari den. Eta, gertatu denaren ezagutzatik eta esanahitik, aitortzea biktimek jasan dituzten era askotako sufrimenduak, baita era askotako beren beharrizanak ere, eta erreparazio eta laguntza integraleko sistema bat ezartzea sufrimendu eta beharrizan horiek ahal den neurrian arindu ahal izateko, nola alderdi materialean hala alderdi moralean.
Horri dagokionez, beharrezkoa da nabarmentzea Legearen alde bikoitzaren bidez era osatuago eta sistematiko batez jasotzen dela 2005eko otsailean Eusko Legebiltzarrak onartutako irizpenean jasotako akordioetariko bat. Zehazki 4. puntuaren b) idatz-zatia da honako konpromiso hau hartzen zuena: «Proposatzea Eusko Legebiltzarrak idatzi, onetsi eta zabal dezala terrorismoaren biktimen eskubideen gaineko adierazpen politiko bat, gai honi buruzko nazioarteko adierazpenak eta legebiltzar-lantaldean jasotako ekarpenak oinarritzat hartuta».
Legearen edukian arreta jarriz, legea osatzen duten zatiak azter ditzakegu.
Ohikoa denez, I. tituluak legearen xedeari buruzko eta aplikazio-eremuari buruzko zenbait xedapen orokor jasotzen du.
Legearen aplikazio-eremua, berriz, 2. artikuluko 1. paragrafoan ezartzen da; berariaz uko egiten zaio terrorismo kontzeptua edo terrorismoaren biktima kontzeptua definitzeari, eta definizio praktikoago baten alde egiten du, lege honetan ezarritakoa aplikatu behar zaien pertsonena.
Legegintza-aukera horren bidez bilatzen da legearen eremuan albait eta ekintza terroristen biktima gehien hartzea, albo batera utzita ekintzak terroristatzat jotzen diren taldeko kideek edo beste batzuek egin dituzten. Jakina, jurisprudentziako doktrina sendoa dago irizpide horren alde.
Terrorismoaren kontzeptua, benetan, ulertzeko gaitza da; dena den, aztertu behar dugu kontzeptu horren bilakaera biktimei laguntzeko zigor- eta administrazio-arloetako legeei dagokienez.
Hasiera batean, terrorismoaren delituak mugatzean, honako elementu hauek hartzen ziren kontuan:
faktikoak: legez kontrako egintza jakin batzuek izan behar zuten (giza hilketa, lesioak eta abar), eta elkartzen ziren gainerako zirkunstantziek kualifikatu behar zuten;
baliabideetakoak: terrorismo-delituak baliabide jakin batzuk erabiltzearekin lotzen ziren;
egitura eta antolaketari buruzkoak: banda armatuak, organizazio edo talde terroristak, eta
teleologikoak: konstituzio-ordena iraultzeko helburua edo bake publikoa larriki aldatzeko berariazko helburua.
Konstituzio Auzitegiak «banda armatuak» kontzeptuaren interpretazio murritza egin zuen, betiere, garrantziari eta hedadurari dagokionez, «elementu terroristak» kontzeptuarekin loturik. Hala, ulertzen zuen ez zituela aipatzen soilik taldearen iraunkortasuna eta egonkortasuna eta armadun izate hori (defentsa- edo gerra-armak dituena, baita substantzia edo aparatu leherkorrak ere), baizik eta, era berean, aipatzen zuela gizartean izua eta kolektibitatean arbuioa sortzeko behar besteko garrantzia izatea, herritarren segurtasunean eragin handia izateagatik, eta, azkenik, gizarte demokratiko osoari eraso izateagatik. Terrorismo-jardueraren bereizgarri izango litzateke gizartean alarma-egoera edo segurtasunik eza zabaltzeko asmoa, edo, nolanahi ere, ondorio hori sortzea, delituzko jarduera hori sistematikoki, behin eta berriro, eta maiz noren kontra bereizi gabe, betetzearen ondorioz.
Zigor-arloko legeen oihartzunez, garai hartan terrorismoaren biktimak Zigor Kodean terrorismo-delitutzat jotako biktimak zirela pentsatzen zen. Horren ondorioz, zenbait kasu laguntza-erregimenetik kanpo uztera behartzen zuen, baldin eta zigor-ikerketak ez bazuen emaitza eztabaidaezinik lortzen eragindako kaltea helburu terroristak dituen banda armatu batek eraginda zen ala ez ondorioztatzeko.
Administrazio-laguntzak zigor-arloko kondenak baino lehenago ematen zirenez, laguntzen arauetan kalteen izaera terroristari buruzko polizia-ziurtagiri bat exijitzen zen, eta hori presuntzio hutsetan oinarritzen zen maiz. Nolanahi ere, administrazio-ondorioetarako ez dago oso argi horrelako zerbait ziurtatzerik dagoen. Ziurtagiria emateak berekin dakar fede publikoa edo horretarako atribuzioa duen norbaitek izatezko gertaera bat idatziz jasoaraztea. Kalifikazio juridiko bati buruzko iritzi bat ematea (terrorismo-delitua dagoen ala ez) ez dagokio zentzu hertsian ziurtagiria emateko jarduerari.
Laurogeita hamarreko urteetan helburu politikoa zuten sabotajeen, desordena publikoen edo bandalismoaren ondorioz sortutako kalte materialak areagotu ziren, eta horrek ekarri zuen, alde batetik, terrorismoaren biktimei laguntzeko programak gero eta gehiago zabaltzea kasu horietara, nahiz eta kalteen atzean banda armatu terrorista bat zegoen jakin ez.
Bestalde, 1995eko Zigor Kodeak (2000ko erreformak indartua) bere 577. artikuluaren berritasuna dakar, terrorismoaren delituei buruzko kapituluan antolatua ez dagoen biolentzia politikoen kasuak, doktrinan «banakako terrorismoa» deitutakoak, hartzen baititu, alegia, honelako kasuak: terroristatzat jotzeko beharrezkoa ez denean banda armatu bateko kidea izatea edo horren barruan izatea, nahikoa delako delituzko ekintza jakin batzuk (giza hilketa, lesioak, suteak eta abar) egitea, konstituzio-ordena iraultze aldera edo bake publikoa larriki aldatze aldera (kontzeptu juridiko zehaztugabea da herritar-segurtasunarekin bat egiten duena, eta ekintza bortitzen edo erasoen, arrisku-egoera edo hondamendi-egoeren aurrean pertsonak eta ondasuna babestearekin lotua).
Azken buruan, eta aurreko egoeran ez bezala, terrorismoaren delituak mugatzean, lege honen ondorioetarako, egiturazko elementua edo organizazio bateko kidea izatekoa albo batera utz daiteke, eta, horrela, banakako zein taldeko ekintza batek, organizazio iraunkorretik at egonik ere, terrorismoaren biktimentzako laguntzen arauak aplikatzea ekar dezake, betiere «herritarren bakea eta segurtasuna» larriki astindu badu.
Jakina, kontzeptu juridiko zehaztugabe batek zedarritutako helburu huts batean oinarritutako definizioak behar bezain zehaztugabea irudi dezake, edo delitu guztiek herritarren segurtasunaren kontra atentatzen dutela ulertzera eraman dezake. Dena den, kasuan kasuko kontzeptu juridiko zehaztugabeen teknikak irtenbide bakarra ahalbidetu beharko du, eta, hori, azken buruan, epaitegiek berrikusi ahalko dute.
Aipatutako jurisprudentzia-doktrina eta -irizpidearekin bat etorrita, 2. artikuluko 1. paragrafoak legearen aplikazio-eremua mugatzen du, hain zuzen ere, izan daitezkeen izatezko hipotesi desberdinak biltzeko behar bezain malgua den eremu bat, betiere ekintza terroristaren kasu guztiak hartu nahi dituen ikuspuntu publiko batetik abiatuta, ekintzok terroristatzat jotako taldekideek eginak izan ala ez.
Lege honetan jasotako prestazioak eta laguntza-neurriak legeak berak kasuan kasu onuradun potentzialtzat jotzen dituenei aplikatuko zaizkiela 2. artikuluaren 2. paragrafoan zehazten da. Eta hori horrela da, hobesten delako prestazio edo laguntza bakoitzaren esku uztea onuradunak zeintzuk diren zehaztea, izan ere askotarikoak izan daitezke, eta, gainera, kolektiboen sailkapenean ez sartzea, baizik eta kaltetutako bakoitzaren benetako premiei erantzutea, kontua ez baita pertsonen mailak pribilegiatzea, benetako premiei erantzutea baizik.
Bigarren artikuluko 3. paragrafoan araua aplikatzeko lurralde-eremua aipatzen da. Begi-bistakoa da autonomiaren eskumenen lurralde-muga Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldea dela, nahiz eta eskumenak gauzatzerakoan bere lurraldetik at ere izan ditzakeen zilegizko ondorioak.
Dena den, komenigarria izan daiteke zehaztea zein diren prestazioak onartzeko lurraldeari dagokionez bete beharreko baldintzak. Hala, prestazioak ematean eta gastu publikoa sustapen-jardueretan aplikatzean, onarpen horiek dakartzan izatezko kasuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuaren (materiala eta lurraldekoa) arteko lotura bat egotera behartzen du horrek.
Hori horrela da administrazioek ez dutelako laguntzak emateko aginte orokorra, hau da, botere aske eta eskumen-boteretik deslotua, Konstituzio Auzitegiak adierazi duen bezala. Horrenbestez, autonomia-eskumenekiko lotura-irizpideren bat hartu behar da kontuan. Eta horrelakoak dira izaera politikoaren eta administrazio-egoitzaren irizpideak, onuradunen egoitzarena, eta, halaber, hedaduraz, Euskal Autonomia Erkidegoan izandako gertakizun baten biktima izatearena ere bai (biktima non bizi den alde batera utzita). Kasu horietan guztietan lotura bat dago Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen batzuekin: ongizateari, bertan bizi direnen eskubideen sustapenari edo segurtasun publikoari buruzko zenbait eskumenekin ere.
Lege honen aplikazio-eremua Euskal Autonomia Erkidegotik at izandako gertakarietara zabaltzen da, baldin eta kaltetutakoen bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan badago. Era berean, diru-laguntzak lortzeko, biktimen elkarteek egoitza Euskadin izan behar dute, edo, bestela Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristek sortutako kalteak nozitu dituzten bazkideak izan behar dituzte.
Eusko Legebiltzarra ohartu da terrorismoaren biktima batzuek ezin izango dituztela jaso lege honetan adierazitako neurriak biktimen aplikazio-eremutik kanpo geratzen direlako; horregatik agertzen du komeni dela lege honetan dagoen babes-mailaren antzekoa izango duten legegintza-neurriak onar ditzatela bai Estatuak bai oraindik horrelakorik onartu ez duten autonomia-erkidegoek.
Helburu hori aintzat hartuta, 2. artikuluko 4. paragrafoan ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra Estatuko Administrazio orokorrarekin eta gainerako autonomia-erkidegoekin koordinatuko dela lege honetako aplikazio-eremutik kanpo terrorismoaren biktimei aitorpena egiteko eta laguntza integrala emateko neurriak diseinatze eta abian jartze aldera.
tituluko edukiari dagokionez, lehen egindako zehaztapenekin, badugu adieraztea bere artikuluetan arautzen direla Eusko Jaurlaritzak 2006ko maiatzean onartutako Bakea eta Bizikidetza Planean jasotako printzipio asko, aipatu den izaera programatikoari eutsita. Testu horretan adierazten zenez, justizia eta erreparazioa egiteko asmoz, «Eusko Jaurlaritzak bere egiten ditu egindako kaltearen oroimen, justizia eta aitormena eskatzeko aldarrikapenak, egun batean, ekintza terrorista baten ondorioz bizitzak erabat zapuzturik, ehunka familiek pairatu duten oinazearen ordainik zuzenena delako uste osoa baitauka». Printzipio horien adierazpide zehatzak honelako eraketa du: terrorismoaren biktimen eskubideak, gizartearekin oro har partekatzen diren eskubideak eta herritarrek berek dituztenak.
Legeak hainbat artikulu jasotzen ditu zioen azalpen honetako 2. paragrafoan aipatutako eskubide bakoitzari buruz.
Justiziarako eskubidea, 3. artikuluan jasotakoa. Biktimei dagokienez, justizia-eskubideak gutxienez bi alde garrantzitsu ditu: justizia juridikoarena eta justizia zuzentzailearena. Justizia juridikoak legea eta ordena berriro izatea ezartzen du; justizia zuzentzailea, berriz, biktimei eragindako kalteak, ahal den neurrian, erreparatzen eta egindako urraketen gaineko erantzukizunak ezartzen ahalegintzen da. Dena den, eskumen-arrazoiak direla-eta, lege honen kasuan, artikulu horrek bere edukia mugatzen du justizia-eskubidearen osagarrizko alderdiak arautzera, Estatuari baitagokio funtsean hori arautzea. Beraz, biktimarentzat interesgarria den guztia ekartzean datza oraingo eginkizuna, bere eskubidea gauzatzen laguntze aldera, batez ere informatzeari eta laguntzeari buruzko kontuei dagokienez.
Duintasunerako eskubidea, 4. artikuluan jasotakoa. Artikulu horren bidez bermatu nahi da biktimak gizalegez eta euren duintasuna eta eskubideak errespetatuz tratatuko direla, eta, horretarako, biktimen eta euren senideen segurtasuna, ongizate fisiko eta psikologikoa eta intimitatea bermatzeko egokiak diren zenbait neurri jasotzen ditu. Biktimen duintasuna errespetatzeko, hauek guztiak behar dira: informazioa behar bezala erabiltzea, intimitatea eta irudia babestea, baita biktimek irainak, erasoak edo bestelako mespretxuzko tratuak, tratu iraingarriak edo umiliagarriak jaso ez ditzaten bermatzea ere.
Erreparaziorako eskubidea, 5. artikuluan jasotakoa. Ekintza terroristen ondorioz nozitu dituzten kalte mota desberdinengatik biktimei ordaina emateko erabil daitezkeen neurri guztiak biltzen ditu artikulu horrek. Testuinguru horretan, arauak ezartzen duenez, eragindako kalteen erreparazioa egiteak zenbait neurri mota jaso ditzake: lehengoratzekoak, kalte-ordainak ematekoak, errehabilitatzekoak eta laguntza integrala zein ordain morala ematekoak.
Erreparazioa, biktimek bidegabeki nozitu dituzten era askotako sufrimenduak aitortu eta gero egiten baita.
Aitorpenak eta erreparazioak bi printzipio hartu behar dituzte oinarritzat: biktimen duintasuna eta gizarte osoaren elkartasuna. Aitorpenak eta erreparazioak, bestalde, biktimen eta euskal gizartearen topaleku izan behar dute, zeren eta gizarte osoaren elkartasunak duindu egingo baitu biktimen bizitza, eta biktimei aitorpena egitea eta laguntza integrala emateak posible egingo dio euskal gizarteari bere iragan hurbilaren alderdi batekin onezkoak egitea.
Ildo berean, Espainiako Estatuaren eremuan, erreparazio integralaren kontzeptua defendatu da. Horrela, abenduaren 17ko 1912/1999 Errege Dekretuko zioen azalpenean, Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako urriaren 8ko 32/1999 Legea betearazte aldera, honako hau irakur daiteke: «… diruz ordaintze hutsa egiteaz gain, ekintza terroristen biktimei, oro har eta inolako bereizketarik gabe, elkartasunaren eremu zabalaren barruan, zor zaien aitorpen morala islatzen saiatuko da». Orobat, euskal eremuan, Eusko Jaurlaritzak onartu du erreparazio integrala behar dela, alde ekonomikoa, materiala eta laguntzakoa izango dituena, eta baita erreparazio morala egitea ere.
Azken buruan, erreparazioak integrala behar du izan, alde ekonomikotik haratago, eta gero eta garrantzitsuagoak diren alde ez-materialak jaso behar ditu, horien helburua biktimari kaltea ordaintzeaz gain, elkarbizitza baketsua lortzea eta gizartea berreraikitzea eta eraldatzea da-eta. Erreparazio integralaren kontzeptuak statu quo ante-ra bueltatzeko ahalegina eskatzen du, nahiz eta konponbide hori kasu gehienetan ez den posiblea izango. Izan ere, onartu beharra dago giza eskubideen zenbait urraketa larriren ondorio batzuk ezin konponduzkoak direla.
Aurrekoari gehitu behar zaio erreparazioak prozesu bat izan behar duela eta ez zenbait ekimen sinboliko egiteko une jakin bat. Kontua da, bada, ekimen iraunkorra –eta ez une batekoa edo egoeraren araberakoa– abian jartzea, honako hau, hain zuzen: biolentzia errotik deslegitimatzea eta berariaz onartzea inoiz ez dela biolentzia justifikatzeko arrazoirik izan.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, garrantzitsuak dira heinekotasun-, malgutasun- eta egokitzapen-printzipioak, erreparazioak noraino heldu behar duen finkatze aldera, baita integralitate-printzipioa ere (erreparazio integrala).
Erreparazioa egiteko prozesua zuzendu behar duen beste printzipioetariko bat biktimek berek parte hartzea da, beren organizazioen eta elkarteen bidez, eragiten dieten gai guztietan. Printzipio hori benetan gauzatzeko Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua sortzen da 6. artikuluan.
Egia ezagutzeko eskubidea, 7. artikulua jasotakoa. Biktimen sufrimendua arintzeko funtsezko alderdia. Egiak eskatzen du gertakariak guztiz eta osorik ezagutzea, gertakarietan nortzuek hartu zuten parte jakitea eta egindako urraketen inguruabar espezifikoak eta motibazioak ezagutzea.
Legean hainbat konpromiso jasotzen dira, terrorismoa bere orotariko adierazpenetan behin betiko bukatutakoan bestelako ekimenak bultzatzeari kalte egin gabe. Ekimenetako bat egiaren batzorde bat sortzea izan daiteke eta guztien helburua, denok gizarte berri batean, bakean, askatasunean eta elkarbizitza harmonikoan bete-betean integratu gaitezen laguntzea.
Memoriarako eskubidea, 8. artikuluan jasotakoa. Egiak gertakariak ezagutzea esan nahi badu; memoriak, berriz, gizarteak gertakari horiek aitortzea esan nahi du. Jendaurrean eta ofizialki aitortzea errugabe bati eragindako sufrimendua eta biktima izateagatik duen esanahi politikoa.
Terrorismoaren biktimek pairatutako bidegabekerien eta sufrimenduen memoria, erailketena, bahiketena, estortsioena edo mehatxuena.
Memoria, lehenik, absenteena, eraildakoena, baina baita bizirik irtendakoena, zaurituena, bahitutakoena, estortsionatutakoena, mehatxatutakoena eta haien guztien familiakoena eta lagunena.
Memoria gizartearen eta terrorismoaren biktimen topaleku gisa. Elkarrekiko memoria, gizarte libre eta gehitzailea eraikitzeko, biolentziaren ezbeharra berriro egon dadin saihesteko, ezer gertatu izan ez balitz bezala bukatu dadin ez onartzeko. Eta memoria, azken batean, exijitzeko terroristek ez dezatela gizartearen etorkizuna baldintzatzea lortu, etorkizun horretako gizartean bazterketak eta askatasun faltak ez baitu lekurik izan behar. Alde horretatik, memoria terrorismoaren deslegitimizazio etiko, sozial eta politikorako funtsezko elementua da.
Eta memoriaren funtsezko alderdia da terrorismoaren biktimen esanahi politikoa, izan ere, ekintza terroristak egiten dituztenek motibazio politikoak bultzatuta jarduten dute. Esanahi politiko horren baitan ETAk bere proiektu totalitarioa eta baztertzailea inposatze aldera suntsitu nahi zuen eta suntsitu nahi duena dago: askatasuna, gure eskubideen eta askatasunen bermatzaile den Zuzenbide Estatu demokratikoan eta elkarbizitza barneratzailearen arauetan gauzatzen dena.
Zeren eta biktimen esanahi politikoak gainditu egiten baitu biktima izatea bera. Biktima izatea ez da bilatu den zerbait, biktimek ez zuten beren bizia eman, kendu egin zieten bizia. ETAk berak, bere proiektu totalitario eta baztertzailea inposatu nahian, ematen die biktimei haien esanahi politikoa, desagerraraztean bizitzeko eskubidea ez ezik herritarrak izateko eskubidea ere ukatzen baitie.
Bakerako, askatasunerako eta elkarbizitzarako eskubidea, 9. artikuluan jasotakoa, hau da, izu-egoera orokortzeko indar ez-legitimoa erabiltzea, edozein izanda ere, eta albo batera utzita, indarra justifikatzeko erabili nahi diren arrazoiak.
Bakeak, askatasunak eta elkarbizitzak euskal botere publikoen eginkizun babeslea dakarte berekin batera, zentzu honetan ulertuta: neurriak hartu behar dituzte pertsonen eta beroriek osatzen dituzten taldeen askatasuna, segurtasuna eta berdintasuna benetakoak izan daitezen behar diren baldintzak sustatzeko, baita hori guztia eragozten duten oztopoak kentzeko ere.
Baina, aldi berean, esan nahi du bakearen eta elkarbizitzaren aldeko hezkuntza eta kultura sustatu behar dutela. Horretarako, jarduera batzuk eramango dituzte aurrera eta horien artean bultzada nabarmena emango zaio balio etiko eta demokratikoetan eta bakean eta giza eskubideetan hezitzeari; hedabideek balio horiei zor zaien errespetuaren kulturarekin konpromisoa har dezaten sustatzeari; balio horien sustapenerako programetan biktimen lekukotza sartzeari; terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politikorako neurri aktiboak abiarazteari; terrorismo-delituak pertsegitzeko beharrezkoa den polizien koordinazioari, eta Zuzenbide Estatu demokratikoaren gizarte-legitimazioa eta hori elkarbizitza integratzailerako arauen bidez ematea defendatzeari eta sustatzeari.
Botere publikoek ez dute itsuan jokatu behar biktimen interesen alde esku-hartzean, eta ez dira elkartasunaren adierazpen hutsera mugatu behar, hori egitea ezinbestekoa bada ere; aitzitik, politika orok biktimak izandakoen errehabilitazio pertsonala eta gizarteratzea sustatzeko helburuari erantzun behar dio, hau da, lagundu behar zaie ez dezaten jarrai biktimak izaten.
Aurretik egindako gogoeta hori inspirazioa izan da, aurreko ideiekin eta ondoren azalduko diren beste batzuekin batera, oraingo arauaren III. titulua egiterakoan. Titulu horretan terrorismoaren biktimei elkartasuna, babesa eta laguntza emateko printzipioak zehaztu nahi dira, osotasun koherente baten barruan.
tituluaren ataria dugu 10. artikulua; haren helburua baita Euskal Autonomia Erkidegoko arauek terrorismoaren biktimentzat aurreikusten zituzten laguntza-prestazioen eta -neurrien multzoari legezko maila ematea, horiek handitzea eta hobetzea.
Lege hau onartu aurretik indarrean zeuden euskal arauek «laguntza-programa» aipatzen zuten, terrorismoaren ondorio kaltegarriak leuntzeko zenbait neurri bezala ulertuta; neurriok ordaina eta laguntza ematekoak ziren. Neurri horietako batzuk biktimentzako zuzeneko diru-laguntzak dira, itzultzerik gabeko funtsak, eta beste batzuk, berriz, ekimen positiboko neurriak, eskubide edo prestazio publiko jakin batzuk lortzeko biktimak zenbait baldintza betetzetik salbuesteko. Azkenik, elkarteak sustatzeko neurriak aurreikusten ziren.
Elkartasun-printzipioa zegoen laguntzen edo diru-laguntzen oinarrian, eta ez aginte publikoak izandako kalteen erantzukizuna bere gain hartzea. Bestalde, ez zegoen prestazioen sistemarik, baizik eta laguntza oso desberdinen multzoa.
Lege hau sostengatzen duen politika publikoaren ereduak «babesteko eta laguntzeko sistematzat» du bere burua. Nozio horrek adierazten duenez, ez da laguntzeko administrazio-neurrien batura hutsa; aitzitik, neurriok elkarri lotuta daude, helburuari dagokionez organikoki koherentea den osotasun batean elkartuta, biktimaren behar guzti-guztiak hartzen dituena.
Ekintza terroristen ondorioz eragindako kalte materialak erreparatzeko prestazioei buruzkoa da I. kapitulua; eta kontuan hartzen diren kalteen arautze osoa jasotzen du, baita dagozkien konponbideena ere. Kapitulu horrek erregelamendu bidezko garapena behar du, erreparatze osoa eraginkortasunez lortzeko legezko irizpidea errespetatuz, behar diren diruzko zenbatekoak eta izapideak zehaztuko dituena.
Terrorismoaren biktimen eta euren gertukoen eskura jartzen diren laguntzazko neurriak jasotzen dira II. kapituluan, helburu bikoitzarekin jaso ere: alde batetik, ekintza terroristaren ondorioak gainditzeko kaltetutakoei laguntza emateko benetako borondatea islatzea, eta, beste batetik, gizartearen elkartasuna adieraztea, bere kideetariko batzuek zuzenean nozitu duten bidegabeko sufrimendua aitortze aldera.
Kapitulu horretan, osasun fisiko eta psikologikoaren arloari, heziketari eta laneko prestakuntzari, etxebizitza eta enpleguari lotutako neurri espezifikoak aurreikusten dira. Neurri horiek guztiak erregelamendu bidez garatu beharra dago, prozedurak eta organo eskudunak zehaztuz, baina betiere jarduera publiko oro zuzendu behar duten azkartasun-printzipioa eta biktimaren aldeko tratuaren printzipio orokorrak betez.
Terrorismoaren biktimei dagokienez, politika publikoek azken urteotan izandako berrikuntzetariko baten bultzada sartzen du 27. artikuluak lege honetan, hauxe: antolatutako biktimen protagonismoa, azpimarratzekoa dena.
Orain arte, XXI. mende hasierako urteotan, terrorismoaren biktimei buruzko politika publikoak kudeatzeko eredu berria finkatu da; kudeaketa erretikulatu bat, horizontala eta deskontzentratua. Hala, botere publikoek koordinatze-lanak egingo lituzkete eta biktimen elkarteek, berriz, biktimei laguntzeko gero eta zabalagoak diren eremuen kudeaketa aktiboa hartuko lukete beren gain.
Benetan, ezin da proposatu biktimei laguntzeko politika publikorik, biktimen elkarteek eta biktimak antolatzeko beste era batzuek hartu duten garrantziari erreparatu ez, eta dagozkien gaiei buruz euren iritzia kontuan hartu gabe.
Lege honek, era berean, munta handiko erabaki politikoa dakar: egoitza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten elkarteen ekimenak sustatze aldera, EAEko Administrazioak izango du baliabide ekonomikoak erabiltzeko aukera, betiere baldin eta elkarte horiek euren kideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan ekintza terroristak nozitu dituzten herritarrak daudela egiaztatzen badute.
Xedapen iragankorra bereziki aipatzekoa da, legea aplikatzeko denbora-eremua mugatzen duena, atzera eragina izateko aukeran bereziki pentsatuta egin da-eta.
Komenigarritzat jo da legeak, oro har, indarrean hasten denetik eragina izatea. Hala ere, biktimek laguntza-prestazioak jasotzeko eskubidea izango dute, biktimak izateagatik, denbora-eremuak alde batera utzita, eta, horrenbestez, legeak araututako kalte materialen ondoriozko prestazioak etorkizunean aplikatzekoak izango dira, eta, legea egin aurretik eragindako kalteei dagokienez, une bakoitzean indarrean zeuden arauak aplikatuko dira.
Nabarmentzekoa da, bestalde, hirugarren xedapen iraunkorrak, Legebiltzarraren akordio bati jarraiki, Gobernuari emandako agindu bat jasotzen duela, eta, horren arabera, dekretu bat onartu behar dela aparteko epe bat ezartzeko, sei hilabetekoa: epe horren barruan, eskabidea formalizatu gabe urtebete igaro zelako, aipatutako laguntzok jasotzerik izan ez zutenek izango dute aukera ekintza terrorista gertatu zen unean indarrean zegoen terrorismoaren biktimentzako laguntza-programaren babesa eskatzeko.
Lege honen xedea da terrorismoaren biktimei aitorpena egitea eta ekintza terroristaren bat nozitu duten pertsonei babesa eta laguntza emateko sistema bat ezartzea, ekintza terroristarekin lotutako mota guztietako kalteak erreparatzeko eta leuntzeko.
– Ekintza terrorista bat edo, banda edo talde armatu batean egonik, herritarren bakea eta segurtasuna modu larrian eraldatzea helburu duten pertsonen ekintza nozitzen duten edo nozitu duten pertsonei aplikatuko zaie lege hau. Aplikatuko da, halaber, erantzuleak xede hori duten talde edo bandetako kide ez izan arren, asmo berarekin jarduten badira.
– Lege honetan aitortutako eskubideak eta prestazioak ekintza terroristetako biktima zuzenentzat eta haien familiakoentzat edo hurbilekoentzat dira, kasu bakoitzerako adierazten den moduan.
– Lege honetan aurreikusitako neurriak gertakariak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean izaten direnean aplikatuko dira, edo, beste leku batean izanez gero, eragina nozitu duten pertsonek bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan dutenean. Hala ere, III. tituluko I. kapituluan aurreikusitako laguntzak bakar-bakarrik aplikatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gertatutako ekintza terroristen kasuan.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak koordinazio-sistema bat ezarriko du Estatuko Administrazio orokorrarekin, terrorismoaren biktimak aitortzeko eta haiei laguntza integrala emateko neurriak diseinatze eta abian jartze aldera.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu gainerako autonomia-erkidegoekin helburu berarekin.
– Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek lagundu egingo dute, ahal duten neurrian eta eskumenek ahalmentzen dieten heinean, terroristen zigorgabetasunak eragindako egoera bidegaberik edo babesgabetasun-egoerarik izan ez dadin. Hartara, biktimek benetako babes judiziala jasotzean euren eskubideak zaindu daitezen, euren gorabehera bereziak kontuan har daitezen eta horrek eragin diezazkiekeen eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen sustatuko dute botere publikoek.
– Horretarako, esleitutako eskumenen barruan eta botere judizialari zor zaion errespetuarekin, xede hauek dituzten neurriak ezarriko dira:
Eragiten dieten prozeduren egoerari buruzko informazioa ematea.
Zigor-arloko prozesuetan eta administrazioarekiko auzi-prozesuetan zehar biktimek prozeduretara irispidea izatea eta behar ditzaketen baliabide juridiko, ekonomiko, tekniko eta psikologikoak eskuragarri izatea.
Ekintza terroristen eraginpeko bihurtu dituzten ekintza terroristak direla-eta egiten diren epaiketetara joateko laguntza pertsonala eskaintzea.
Biktimen segurtasunaren eta intimitatearen zaintza sustatzea, prozesu judizialetan parte hartzen dutenean, esku-sartze ez-legitimoetatik edo beldurrarazte- eta errepresalia-egintzetatik eta bestelako edozein irainetatik edo laidotatik babesteko.
– Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek lankidetzako baliabide egokiak ipiniko dituzte Justizia Administrazioarekin eta Fiskaltzarekin artikulu honetako 2. paragrafoko neurriak abian jartzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek biktimak haien eskubideak errespetatuta tratatu ditzaten zainduko dute. Horretarako:
Neurri egokiak hartuko dituzte, beren eskumenen barruan, justizia egitera eta kaltea erreparatzera bideratutako prozedura judizial eta administratiboek beste prozesu traumatiko batzuk eragin ez ditzaten.
Neurri egokiak hartuko dituzte biktimen eta haien familiakoen segurtasuna, ongizate fisiko eta psikologikoa eta intimitatea bermatzeko, eta, bereziki, jendaurreko zenbait ekitaldi prebenitzeko eta ekiditeko, hala nola, biktimen eta haien familiakoen mespretxua, umiliazioa edo izena galtzea dakarten ekitaldiak, terrorismoa goresten dutenak edo terroristei omenaldia egiteko edo jendaurreko sariak emateko antolatzen direnak, eta zehazki aurka egingo diete ezaugarri horiek dituzten pintaketei eta kartelei, eta, hala dagokionean, arau-hauste penala ekar dezaketen ekitaldiak ikertuko dituzte, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, eskubide horren defentsarako, herri-akzioa baliatzeko aukera zabalik utzita.
Hedabideetan biktimen eta haien familiakoen intimitatea eta irudia babes dadin sustatuko dute, haien irudiak modu desegokian eta gehiegikeriaz erabil ez daitezen.
Biktimen eta haien familiakoen eskubideen eta duintasunaren defentsa sustatzeko, informazioaren profesionalak sentsibilizatzeko eta prestatzeko kanpainak bultzako dituzte.
Prestakuntza-sistema espezifikoak bultzatuko dituzte biktimei arreta emateko ardura duten pertsonentzat, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kideentzat, Justizia Administraziokoentzat, gizarte-zerbitzuetako eta terrorismoaren biktimei arreta eta laguntza ematen dieten kolektiboetako kideentzat.
– Euskal botere publikoek, biktimekiko elkartasunaren printzipioa oinarri hartuta eta lege honetako III. tituluan aurreikusten den laguntza integraleko sistemaren bitartez, biktimei erreparazio eraginkorra eta integrala egitea sustatuko dute, lehengoratzeko, kalte-ordainak emateko, errehabilitatzeko, laguntzeko eta kalte morala ordaintzeko neurriak hartuz.
– Lege honetako III. tituluan aurreikusitako laguntza integraleko sistema aplikatzerakoan printzipio eta xede hauei emango zaie lehentasuna:
Biktima, ahal den neurrian, kaltea egin aurreko egoerara itzul dadin ahalegintzea.
Biktimari askatasuna, identitatea, familiako eta gizarteko bizitza eta bizitza politikoa berreskura ditzan laguntzea.
Biktima bere bizilekura itzul dadin eta bere lanean baldintza egokietan berriro has dadin sustatzea, edo, hala badagokio, bizilekua aldatu eta lanera itzultzen lagunduko dioten baldintzak ezartzea.
Biktimaren egoera aintzat hartuta, ahalik eta azkarren babes- eta laguntza-sistemaren prestazioak eskuratzeko erraztasuna bermatzea.
Biktimaren eguneroko bizitzako eremuak zaintzea, ekintza terroristak eremu horietan egindako kaltea leunduko duten ongizate-baldintzak sortzeko.
– Erreparazio-neurrietan sartzen da, halaber, hainbat jarduera publiko bultzatzea, biktimei ordain morala emateko eta haien duintasuna, izen ona eta eskubideak jendaurrean lehengoratzeko. Horrela, honako hauek sustatuko dira biktimekin adostuta eta, hala badagokio, haien elkarteekin: omenaldiak egitea, oroigarriak altxatzea, terrorismoaren biktimei aitorpena egiteko eta horiekiko enpatia izateko tokiko ekimenak sortzea, bakerako eta elkarbizitzarako hezkuntza-proiektuetan biktimen lekukotzak egotea, bai eta terrorismoaren biktimei babesa eta aitorpen sozial, etiko eta politikoa erakusteko izaera sinbolikoa duten bestelako adierazpideak izatea ere.
– Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua sortzen da.
– Kontseilu honen xedea izango da terrorismoaren biktimen partaidetza bideratzea haiei eragiten dieten gai guztietan, bai eta administrazio publikoei arlo honetako politika zehatzak abiaraz ditzatela proposatzea ere.
– Kontseilu honetako kide izango dira, modu paritarioan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak, alde batetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza edo ordezkaritza duten terrorismoaren biktimen elkarteak, terrorismoaren biktimaren bat dela-eta sortutako euskal fundazioak eta euskal elkarte bakezaleak, bestetik. Nolanahi ere, gizarte zibilaren gehiengoaren ordezkaritza biktimen elkarteek izango dute.
– Kontseiluko burua prestigio aitortuko pertsona bat izango da eta administrazioek eta gizarte zibilak adostasunez izendatuko dute.
– Kontseiluaren osaera eta eginkizunak erregelamendu bidez zehaztuko dira.
– Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek ekintza terroristetatik eratortzen diren giza eskubideen urraketei buruzko egia eta biktimizazioaren benetako arrazoiak ezagut daitezen lagunduko dute, bai eta egia hori jendaurrean aitor dadin ere, biktimek eta haien familiakoek horretarako duten eskubidea betetzeko.
– Horretarako, neurri aktiboak hartuko dituzte:
Biktimen memoria eta aitorpena ziurtatzeko, lege honetako 4. artikuluan aipatzen diren ekimenetan biktimek parte har dezaten, presentzia izan dezaten eta arretaren erdian egon daitezen bultzatuz.
Biktimek eta haien familiakoek beren eskubideen defentsarako eta ikerketa historikorako datu edo informazio garrantzitsua dagoen artxibategi ofizialetara jotzeko duten eskubidea bermatzeko eta/edo sustatzeko.
Biktimak identifikatzeko, haien nortasuna edo egonlekua ezezagunak direnean, edo heriotza izan bada, lurperatuta dauden tokia ezagutzeko.
– Memoriarako eskubideak bere baitan hartuko ditu ekintza terroristak jasan dituzten herritar errugabe guztiek nozitutako bidegabekeriak. Euskal botere publikoek bakean eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen eta biolentzia erabat eta errotik deslegitimatzen lagunduko duen memoria kolektiboa finka dadin sustatuko dute.
– Memoriarako eskubidean, halaber, funtsezko elementua izango da terrorismoaren biktimen esanahi politikoa, eta esanahi horren baitan terrorismoak bere proiektu totalitarioa eta baztertzailea inposatze aldera suntsitu nahi duen guztia dago: Zuzenbide Estatu demokratikoaren ezaugarri diren askatasunak eta elkarbizitza integratzailea izateko herritarrek duten eskubidea. Terrorismoaren biktimen esanahi politikorako ezinbestekoa da herritarrek horren aitorpena gizartean egitea.
– Memoria eta terrorismoaren biktimen esanahi politikoa iraunaraztea funtsezko tresna da orobat terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politikoa egiteko.
– Herritarrengan, pertsona talde batengan edo partikularrengan izu-egoera sortzeko asmoz indar ez-legitimo baten erabilera edo mehatxua ezin justifikatuzkoa da edozein egoeratan, edozein izanda ere justifikatu nahi izateko erabil daitezkeen gogoeta politikoak, filosofikoak, ideologikoak, arrazakoak, etnikoak, erlijiosoak edo bestelakoak.
– Euskal botere publikoek, beren eskumenen eremuan, Zuzenbide Estatu demokratikoan aurreikusitako neurriak hartuko dituzte eta guztiak bideratuko dituzte pertsonen eta taldeen askatasuna, segurtasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen sustatzeko eta hori eragozten dituzten oztopoak kentzeko.
– Horretarako, euskal botere publikoek:
Pertsonak bakean eta askatasunean eta biolentziarik, beldurrik, zapalketarik edo larderiarik gabe bizitzeko eskubidea begiratuko dute, gai politikoei buruzko edo bestelako ezadostasunak soil-soilik bitarteko demokratikoak erabilita konpontzen dituztelarik, albo batera utzita indar ez-legitimo baten erabilera edo mehatxua.
Hezkuntza-sistemaren maila guztietan bakearen eta giza eskubideen aldeko heziketa eta balio demokratikoen sustapena bultzatuko dute.
Gizarte-hedabideek oro har balio demokratikoekin, giza eskubideekin, bakearekin eta askatasunarekin konpromisoa izan dezaten sustatuko dute, eta bermatuko dute horien aurkako adierazpenak ez direla zabalduko euskal Autonomia Erkidegoko hedabide publikoetan, edo bestela gizarte aske eta demokratiko baten balioekin konprometituta dagoen editorialen ikuspuntutik jasoko direla.
Terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politikorako neurri aktiboak abiaraziko dituzte, Zuzenbide Estatu demokratikoaren zilegitasuna gizartean sustatuz eta, gure askatasunen eta bakezko elkarbizitzaren berme gisa, elkarbizitza integratzailerako arauetan antolatuz.
– Balio demokratikoak eta giza eskubideak sustatzeko egoki iritzitako ekimenetan, terrorismoaren biktimen lekukotza eta partaidetza kontuan hartuko dira.
– Titulu honetan biktimei babesa eta laguntza integrala emateko aurreikusten den sisteman ekintza terroristen kalteak erreparatzeko prestazioak eta neurriak arautzen dira, eta lehengoratu daitekeen guztia erabat lehengoratuko dela eta biktimei beren bizitza sozial normalizatua berreskuratzeko beharrezkoak diren alderdi guztietan laguntza integrala emango dela ziurtatu nahi da.
– Titulu honetan jasotako prestazioak eta laguntzak bateragarriak dira interesdunek beste edozein administraziotatik jaso dezaketen beste edozein laguntzarekin; betiere horien batuketak kaltearen zenbatekoa gainditzen ez badu, diruz lagundu beharreko jarduera gainfinantzatzen ez bada, edo ematen den laguntza mota zehatzaren edukia bikoizten ez bada.
– Kalte materialak erreparatzeko laguntzen barruan sartuko dira ekintza terroristen ondorioz ondasun higigarrietan eta higiezinetan eragindakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gertatu direnean, lege honetan ezarritako baldintza eta mugekin.
Ordaindu ahal izango dira, halaber, mehatxupean edo arrisku-egoeran dauden pertsona fisiko edo juridikoek segurtasun-arrazoiengatik ondasun higigarrietan eta higiezinetan egin behar izan dituzten gastuak.
– Laguntza hauetatik kanpo geratzen dira honelako erakundeetan izandako kalteak: izaera publikoko entitateetan, korporazioetan edo organismoetan, edo horien partaidetza nagusia dutenetan, nazionalak nahiz atzerrikoak izan.
– Ordaina jaso behar duten ondasunen balorazioa arau orokor gisa erreparazio-balioa edo, kasua bada, ordezkapen-balioa kontuan hartuta egingo da, ondoren datozen artikuluetan jasotako arau bereziak albo batera utzi gabe.
– Ordaindu beharreko zenbatekoa tasatutako kalteen zenbatekoaren eta eragina nozitu duenak kaltetutako ondasunen aseguru-estalduraren kontura jaso behar duen zenbatekoaren artean dagoen aldea izango da, betiere asegururik badago. Arau bidez zehaztuko da eskatzaile bakoitzeko eta gertakari edo ezbehar bakoitzeko jaso daitekeen zenbatekoa.
– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak aseguru-kontratuetatik eratorritako edozein ordainen subsidiarioak dira, eta, aseguruek egindako kalte-ordainak egonez gero, kalte-ordain horien balioaren zenbateko berdinean murriztuko dira.
– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eman daitezela eskatzeko epea urtebetekoa izango da, egintza terrorista izan eta biharamunetik aurrera. Ez dute eperik izango 17. artikuluan aipatu laguntzek, izan ere edozein unetan eska baitaitezke.
– Etxebizitzak lehen zuen bizigarritasuna berreskuratu ahal izateko, bertako egituran, instalazioetan eta altzarietan jasandako kalteen balioa ordainduko da, baina kanpo geratuko dira luxuzko izaera duten elementuak. Erreparazioei ekiteko beharrezkoak diren ikerketetatik, proiektuetatik, baimenetatik eta, oro har, dokumentu guztietatik eratorritako gastuak ere barne daude.
Jabetza horizontalaren araubidearen menpe dauden etxebizitzen elementu komunetan eragindako kalteen balioa ere ordainduko da. Horretarako, eraikineko elementutzat joko dira garajeak edo eraikinean dauden bestelako egoitzak.
– Erreparazioaren zenbatekoa etxebizitzen jabetza dutenei ordainduko zaie, edo bestela, erreparazioa legitimoki egin edo agindu duten errentariei edo okupatzaileei.
– Eraginpeko ondasun higiezinetan egindako kalteak kalkulatu ahal izateko, erreparazioaren balioa hartuko da kontuan, eta ez da inolako zenbatekorik kenduko erabileragatik edo kontserbazio-egoeragatik. Inola ere ez da sartuko laguntzaren barruan aurrekoaren hobekuntza.
Ondasun higiezinetan sortutako kalteen balioa zehaztu ahal izateko, kontuan edukiko da eragindako ondasunek kaltea jasan aurreko unean zeukaten benetako balioa.
– Ohiko etxebizitza osorik eta behin betiko galduz gero, ezinezkoa delako erreparatzea edo horretarako beharrezkoak diren obren kostuak eraikinaren une horretako balioaren % 50 gainditzen duelako, lursailaren balioa alde batera utzita, honelakoa izango da ordaina:
Jabeak antzeko ezaugarriak dituen beste etxebizitza bat erosi edo galdutakoa berriz eraiki nahi badu, lehenengo paragrafoan aurreikusitako ordaina galdutako ondasunaren benetako balioa izango da eta ondorio horietarako ez da aplikatuko lege honetako 11.4 artikuluan aipatzen den muga. Erregelamendu bidez ezarriko da balio hori zehazteko prozedura.
Pertsonak beste etxebizitza bat jabetzan hartu nahi izan ezean, urtero funts galdurako diru-laguntza bat jaso ahal izango du beste etxebizitza bat alokatzeko, gehienez ere 20 urterako, eta erreferentziatzat bizi behar duen autonomia-erkidegoko udalean alokairua batez beste kostatzen dena hartuko da, aurreko egoerarekin alderatuta galerarik izan gabe. Ondorio horietarako ere ez da aplikatuko lege honetako 11.4 artikuluko muga.
Etxebizitza bateko okupatzailea, gozamenerako, erabilerarako edo bizitzeko eskubideei jarraiki, urtero diru-laguntza bat jaso ahal izango du, itzultzerik gabekoa, beste etxebizitza bat alokatzeko, gehienez ere 20 urterako, eta erreferentziatzat bizi behar duen autonomia-erkidegoko udalean alokairua batez beste kostatzen dena hartuko da.
Ohiko etxebizitzatzat joko da, paragrafo honen ondorioetarako, kaltetutako pertsona urteko gutxienez sei hilabete eta egun bateko epean bizitzen bada etxebizitza den eraikinean. Ohiko etxebizitzatzat joko da, halaber, bertan urtebetez baino gutxiago bizi izan arren, bertan bizitzen hasi den egunetik denbora erdia baino gehiago egin duenean bertan.
– Administrazioak lagunduko du atentatu terrorista baten ondorioz aldi baterako beren etxeak utzi behar dituzten pertsonen behin-behineko ostatuak eragiten dituen gastuak ordaintzen, etxean erreparazioak egiten diren bitartean, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik igarotzean beren ibilgailuak baliogabetzen dituzten kalteak jasaten dituzten pertsonen ostatu-gastuak ere. Horretarako, hitzarmenak edo erabakiak sinatu ahal izango ditu beste administrazio publiko batzuekin edo ezbeharretan eta hondamendietan kaltetutakoei laguntzen dieten organizazio espezializatuekin. Aipatutako hitzarmen edo erabakietan alderdiek ostatu-gastuetarako eman beharreko laguntzaren ehunekoa eta denbora-muga ezarriko dira.
– Hitzarmenik izan ezean, Administrazioak ezbeharra jasan duen etxebizitzaren antzeko baten alokairua edo ostalaritza-establezimendu bateko ostatu-gastuak ordaintzen lagunduko duen diru-laguntza eman ahal izango du, bai eta horrek ekar ditzakeen joan-etorrien gastuak ordaintzen laguntzeko ere, erreparazio-lanak egiten diren bitartean. Erregelamendu bidez ezarriko dira zenbatekoari eta denborari buruzko mugak.
– Ibilgailu partikularretan eragindako kalteak ordaindu ahal izango dira, eta bai pertsonak edo salgaiak lurrez garraiatzeko diren ibilgailuek jasandakoak ere, salbu eta jabetza publikoko ibilgailuek jasandakoak.
– Ordaindu beharreko zenbatekoa erreparatzeko beharrezkoa den gastuaren zenbatekoa izango da, ondorengo paragrafoetan xedatzen dena izan ezik.
– Kaltetutako ibilgailuaren antzeko ezaugarri teknikoak dituen eta antzeko erabilera-baldintzetan dagoen beste ibilgailu bat merkatuan erosi ahal izateko peritazio ofizialak ezartzen duen zenbatekora hel daiteke ordaina.
– Ezbeharra jasan duen ibilgailua lurreko garraiorako denean eta kaltetutako pertsonaren ogibidea denean, laneko tresna galtzeak dakartzan galera eta kalte ekonomikoak hartuko ditu ordainak.
Alderdi politikoen, sindikatuen eta gizarte-erakundeetako egoitzetan edo erlijio-kulturako egoitzetan eragindako kalteen ordainetan sartuko dira egoitza horietan jarduteko lehen zituzten baldintza berberak berreskuratzeko egin beharreko erreparazioen gastuak, altzariak eta kaltetutako ekipamendua berriz ipintzea barne dagoelarik.
– Merkataritza- edo industria-establezimenduetako kalteen konpentsazioak establezimendu horiek berriro martxan jartzeko erreparazioen balioa hartuko du bere gain, baita jarduera aldi baterako, zati batean edo osorik eteteak titularrei eragin dizkien galera ekonomikoak ere, hala badagokio; kalteei dagokienez, berariaz jasoko da zenbateko osagarri finko bat, erregelamendu bidez zehaztuko dena, merkataritza-funtsean eta bezeroen balizko galeran eragindako kalte gisa.
– Administrazioak dagozkion izapideak burutuko ditu kaltetutakoen alde interesik gabeko maileguak edo ahalik eta interes txikienarekin lortzeko, finantza-entitate publikoen bitartez edo Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean jarduten duten pribatuen bitartez, helburua establezimendua martxan jartzea eta dauden lanpostuei eustea denean. Helburu horrekin betiere, maileguak sorostea erabaki ahal izango du, erregelamendu bidez ezartzen den prozeduraren arabera.
– Ekintza terroristekin lotutako jazarpena, mehatxua edo hertsapena jasaten duten pertsona fisiko edo juridikoek diru-laguntza eskuratu ahal izango dute beren etxebizitzetan, establezimenduetan eta ibilgailuetan segurtasun-sistema egokiak instalatzeak dakartzan gastuak ordaintzeko, erregelamendu bidez ezartzen den modan.
– Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasun publikoaren arloko organo eskudunak aldeko irizpena beharko du segurtasun-sistema horiek ezartzea premiazkoa dela jotzeko, eta baita sistema egokia dela jotzeko ere.
– Ekintza terrorista baten ondorioz kalte fisikoak edo psikofisikoak nozitu dituzten pertsonek aukera izango dute kaltea eragin zuen gertakariaren aurretik zuten egoera fisikoa ahalik eta ondoen berreskuratzeko beharrezko diren osasun-zerbitzu guztiak jasotzeko.
– Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemari atxikitako bitartekoak erabilita emango da osasun-laguntza hori edo osasun arloan eskumenak dituen sailak finantzatuko du, berebiziko larrialdia izateagatik, itundu gabeko zentro pribatuetan eman behar bada. Hala ere, pazientearen beharrek hala gomendatzen badute eta tratamenduaren egokitasuna objektiboki justifikatuta baldin badago, baina lekurik ez baldin badauka osasun publikoaren sarearen barruan, eremu horretatik kanpo emandako tratamendu medikoak baimendu ahal izango dira eta tratamendu horien kostua Administrazioaren kontura joango da eta gaixoari laguntzeagatik izandako gastuak, betiere erregelamendu bidez ezartzen den mugarekin.
– Administrazioak bere gain hartuko ditu protesiak jartzeagatik eragindako gastu guztiak, eta protesien aldizkako hobekuntzak beharrezkoak badira horien gastua ere bai, baita errehabilitazioak dakartzan gastuak ere, ohiko osasun-babesaren parametroetan sartuta dauden ala ez alde batera utzita.
– Ekintza terroristen ondoriozko eraginak gainditzera bideratuta dagoen laguntza psikologikoa, psikosoziala eta psikopedagogikoa barne direlarik, mediku publiko batek egindako egiaztagiri baten bidez horren premia duela baieztatzen duen edozein pertsonari emango zaio. Interesdunak aukeratu ahal izango du agindutako tratamendu psikologikorako Euskadiko osasun-sistemari atxikitako bitarteko publikoez baliatzea edo pribatuak erabiltzea.
– Profesional pribatu baten laguntza psikologikoa aukeratuz gero, Administrazioak bere gain hartuko du horren kostua, eta interesdunari laguntza ekonomikoa zuzenean eta osorik emango dio tratamenduarekin hasi baino lehen. Laguntza hori bateraezina izango da beste administrazio publiko batzuek arrazoi berberengatik eman ditzaketen antzeko laguntzekin.
– Laguntza ekonomikoa igarotako hiruhilekoka jasoko da, gastuen eta ordaindutako zerbitzu-sarien fakturak aurkeztu ondoren, eta ezin izango du gainditu norbanakoaren tratamendurako erregelamendu bidez ezarritako zenbatekoa. Hala ere, horrek ez du albo batera uzten, diagnostiko medikoaren bilakaera ikusirik, emandako laguntza salbuespen gisa handitzeko aukera.
– Administrazio sanitarioak bide emango du, osasun-sistema publikoko osasun mentaleko sarearen barruan, ekintza terroristen ondorioen tratamendu psikologikorako baliabide espezializatuak sor daitezen.
– Kalte fisiko edo psikofisiko bereziki larriak nozitu dituzten pertsonek, horien ezkontideek edo horiekin modu iraunkorrean eta antzeko lotura afektiboekin bizi diren pertsonek, eta seme-alabek ez dute inolako tasa akademikorik ordaindu beharko ikasketa-maila guztietako ikastetxe ofizialetan.
– Administrazioak ordaindu ahal izango ditu lehen paragrafoan aipatutako pertsonek aukeratzen dituzten ikastetxe pribatuetako ikasketa akademiko ez-ofizialen edo ikasketa akademiko ofizialen zerbitzu akademikoen gastuak, erregelamendu bidez ezartzen den moduan eta mugekin.
– Ikasketak sustatzera bideratutako laguntzak emango zaizkie, halaber, 1. paragrafoan adierazitako pertsonei; laguntza horiek akademikoak ez diren zerbitzuak ordaintzeko izango dira, hala nola, eskolako materiala, garraioa, jantokia eta familiako etxetik kanpo hartu beharreko egoitza. Hezkuntza Administrazioak horretarako ezartzen duen urteroko deialdietan xedatutakoa hartuko da kontuan, baina eskakizun ekonomikoak eta akademikoak malgutu egingo dira onuradunen premiak kontuan hartuta. Bereziki, laguntzak eta bekak eskuratzeko, muga gisa ezarritako errenta-mailari indize zuzentzaileak aplikatuko zaizkio; bekak eskuratzeko familiako errenta zenbatzerakoan kanpo utziko da ekintza terroristaren ondorioz jasotako kalte-ordainen zenbatekoa eta indize zuzentzaileak aplikatuko zaizkie ekintza terroristaren ondorengo eskolako lehenengo urteetan batez besteko kalifikazioei dagozkien eskakizun akademikoei.
– Hezkuntza-administrazioek programa bereziak ezarriko dituzte terrorismoaren biktima diren ikasleek, ikasketak egoki buru ditzaten, beharrezko eta bakoitzari egokitutako arreta eta laguntza jasotzeko.
– Kalte fisiko edo psikofisiko bereziki larriak nozitu dituzten pertsonek, horien ezkontideek edo horiekin modu iraunkorrean eta antzeko lotura afektiboekin bizi diren pertsonek eta seme-alabek eskubidea izango dute Administrazioak antolatzen eta/edo finantzatzen dituen lanbide-heziketako eta lan-jarduerako ekimen eta jardunetan parte hartzeko, lan-merkatura sartzeko eta lanean hasteko erraztasunak izan ditzaten.
– Horretarako, onuradunek birziklatzeko, ezaguerak eta gaitasunak eskuratzeko eta bestelako ikastaro guztiak egin ditzaten sustatuko du Administrazioak, aurreko paragrafoan aipatutako xederako. Ikastaro horiek doan izango dituztela bermatuko du Administrazioak.
Ekintza terrorista batetik zuzenean edo zeharka eratortzen diren etxebizitzaren premia bereziak kontuan hartuko ditu Administrazioak, eta hauetarako aukera ematen duten bitartekoak erregelamenduz garatuko ditu:
Ekintza terrorista baten ondorioz ezintasunen bat duten pertsonentzat ohiko etxebizitza egokitzeko, hori bada komeni dena. Horretarako erregelamendu bidez ezarriko dira egokitzapen-gastuei aurre egiteko diru-laguntzak.
Babes ofizialeko etxebizitzak trukatzeko edo, hala egokituz gero, kalifikazio hori kentzeko, terrorismoaren eragina nozitu izanagatik, ez bestelako arrazoiengatik, etxebizitza aldatzeko justifikazioa duten pertsonentzat.
Babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko sisteman lehentasunez sartzeko aukera edo baldintza orokorrak bete behar ez izatea ahalbidetzen duten bitartekoak sartzeko, bai salerosteko, bai alokatzeko edo azalera-eskubidean lagatzeko ere.
– Ekintza terroristaren baten ondorioz laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen lan-kontratazioa sustatuko du Administrazioak, eta horretarako laguntza ekonomikoen lerro espezifiko bat sortuko du; halaber, pertsona horien enplegua enpresen gizarte-erantzukizunaren esparruan sartzea ere bultzatuko du.
– Euskal administrazio publikoek bereizketa positiborako neurriak bideratuko dituzte terrorismoaren biktimek enplegu publikoa lortze aldera, langile publikoen estatutu-erregimenaren oinarriek ezarritakoaren arabera eta adierazitako kasuetan.
Euskal Funtzio Publikoari buruzko ekainaren 6ko 6/1989 Legearen 2.1 artikuluan zehaztutako eremuan sartzen diren langileek, baita irakasleek eta lotura estatutarioa duten osasun-langileek ere, ekintza terrorista baten ondorioz kalte fisiko edo psikofisiko bereziki larriak nozitu badituzte, euren baldintzak eta gorabeherak kontuan hartuta horretarako premia dutela arrazoitzen dutenean, eskubide hauek izango dituzte:
Beraien kidego, eskala edo lan-kategorian antzeko ezaugarriak dituen beste lanpostu batera aldatzeko eskubidea, lanpostu hutsa nahitaez betetzeko beharra izan gabe, beren burua benetan babesteko edo asistentzia jaso ahal izateko lehen zerbitzuak ematen zituzten herrian lanpostua utzi beharrean suertatzen badira. Lanpostu aldatze horrek derrigorrezko lekualdatzea izango da.
Eszedentzia, beren burua benetan babesteko edo asistentzia jaso ahal izateko, gutxieneko epe batean lanean aritu beharrik izan gabe eta eszedentzian egoteko eperik eskatu gabe. Lehenengo sei hilabeteetan eskubidea izango dute lehen betetzen zuten lanpostua gordetzeko eta epe hori konputagarria izango da antzinatasunerako, karrerarako eta aplikagarriak zaizkien Gizarte Segurantzako erregimeneko eskubideetarako. Lanpostua gordetze hori luzatu ahal izango da hiru hilabeteko epeka eta gehienez ere hemezortzi hilabeteetarako. Eszedentzian egondako lehenengo bi hilabeteetan ordainsari osoa jasotzeko eskubidea izango dute.
Justifikatutzat joko da lanera ez joatea, guztizkoa edo partziala izan, arreta emateko gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek, kasuan kasuko egoeraren arabera, hala zehazten badute eta ezartzen dituzten baldintzetan.
Lanaldia murrizteko eskubidea, ordainsaria ere proportzioan murriztuta, edo laneko denbora berrantolatzeko eskubidea, ordutegia egokituz, ordutegi malgua aplikatuz edo laneko denbora antolatzeko aplikagarriak izan daitezkeen bestelako moduak ezarriz, administrazio publiko eskudunak kasu bakoitzean ezartzen duenaren arabera.
– Erregelamendu bidez zehaztuko da lege honetan araututako erreparazio- eta laguntza-prestazioak eskuratzeko eskabideak koordinatzeko, eta, hala badagokio, izapidetzeko eta ebazteko Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskuduna. Organo horrek eskumen hauek izango ditu:
Jendaurrean biktimei gizartearen elkartasuna agertzea eta aitorpena egitea sustatzea, helburu horretarako egokien diren jarduera eta ekimen instituzionalen bitartez, eta askatasunei eta giza eskubideei zor zaien errespetuaren eta bakearen aldeko kultura zabalduz.
Biktimei banan-banan eta zuzenean arreta ematea, kasu bakoitzean zerbitzu publikoetatik behar ditzaketen mota guztietako premiak ezagutu ahal izateko.
Jendeari jakinaraztea, eta bereziki biktimei, zein eskubide eta baliabide dituzten, eta eskura ditzaketen zerbitzu guztiak: juridikoak, medikoak, psikologikoak, sozialak, administratiboak eta mota guztietakoak.
Lege honetan araututako erreparazio- eta laguntza-prestazioak eskuratzeko eskabideak izapidetzea, eta, hala badagokio, ebaztea, erregelamendu bidez hala agintzen zaionean.
Lege honetan aurreikusitako eta erregelamendu bidez zehaztutako beste prestazio batzuk emateko prozedurei buruz nahitaezko txostenak ematea. Txosten horiek lotesleak izan daitezke, aldi berean biktima edo prestazioen onuraduna biltzen direnean, erregelamendu bidez horrela aurreikusten bada.
Lege honetan aurreikusitako prestazioak emateari buruzko informazioa ematea, organo eskudunek hala eskatzen dutenean, aipatu esku-hartzea nahitaezkoa ez den kasuetan ebazteko.
Terrorismoaren biktimek beren eskubideak erabil ditzaten bilatzen duten ekimenak eta jarduerak babestea eta bultzatzea.
Terrorismoaren biktimek erakundeekin eta administrazio publikoekin dituzten harremanak erraztera bideratutako jarduerak sustatzea, laguntza eta prestazio publikoak eskuratzeko informazio eta laguntza tekniko eta legala emanez.
Lankidetza- eta informazio-harremanak edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoko organoekin, baita beste erakunde batzuekin ere, eskumeneko eremu bakoitzetik biktimei laguntza integrala eta egokia eman ahal izateko.
Oinarrizko helburutzat biktimei giza laguntza eta laguntza psikologikoa ematea duten gizarte-mugimendu, fundazio eta elkarteekiko lankidetza-harremanak sustatzea.
Beste erakunde, entitate eta administrazio publikoekin harremanak izateko etengabeko bideak ezartzea, terrorismoaren biktimei beharrezko arreta eman dakien ziurtatzeko.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak emango ditu asistentzia-izaerako prestazioak eta laguntzak, berak zuzenean edo erakunde edo organizazio publiko edo pribatuen bitartez.
– Erreparazio- eta laguntza-prestazioak emateko prozeduran, prestazioak lege honetan sortuak izan edo beste prozedura sektorial espezifiko batzuetako eskakizunen modulazioak izan, hainbat printzipio hartuko dira kontuan:
Biktimekin tratatzerakoan kontuan izango da haiek izan dezaketen ahultasun- edo desberdintasun-egoera berezia.
Azkartasuna eta biktimaren aldeko tratua izango dira prozedurak bideratzeko eta ebazteko printzipioak; ekidin egingo zaizkio biktimari laguntzak edo prestazioak aitortzea luzatzen edo oztopatzen duten izapide formalak. Hori dela eta, interesdunari ez zaio eskatuko agiririk aurkeztea begi-bistako gertakariak edo gorabeherak frogatzeko, jardunean ari den administrazioaren artxiboetan edo aurrekarietan baldin badaude.
Gaia dela eta, biktimei laguntzeko organo eskuduna ez den beste sail bati badagokio administrazio-egintza onestea, administrazio-egintza hori onestekotan nahitaezko txostena beharko da biktimei laguntzeko organo eskudunak proposaturik.
– Lege honetan aurreikusten diren erreparazio- eta laguntza-prestazioak emateko prozeduretan:
Biktimekiko harremanak eta eskabideak aurkeztea biktimei laguntzeko organora bideratzeko ahalegina egingo da, edozein izanda ere eskatu nahi den laguntza mota eta eskatutako prestazioa egikaritu behar duena.
Biktimei laguntzeko organo eskudunak, espedientea izapidetu edo ebazten duena bada, Administrazioko organoen eta eraginpeko organizazioen lankidetza izango du.
Beste administrazio batzuei edo justizia-auzitegiei eskatu ahal izango zaizkie espedienteak izapidetzeko beharrezkoak izan daitezkeen aurrekariak, datuak edo txostenak, betiere Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Justizia Administrazioak ezartzen dituzten mugen barruan.
Ebazpenak emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, non eta arrazoitutako inguruabar guztiz bereziengatik ez den epe hori zabaltzea erabakitzen, gehienez ere hiru hilabetez. Nolanahi ere, eskabideak ibilgailuetan eta beste ondasun batzuetan segurtasun-elementuak instalatzeko badira, epea bi hilabetekoa izango da, eta ezin luzatuzkoa.
Gehienezko epea pasa ondoren, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, ebazpena baiestekoa dela ulertu behar da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan aurreikusitako eraginetarako.
– Baldin eta erreparazio- eta laguntza-prestazioak ematea beste prozedura sektorial espezifiko batzuetan aurreikusitako eskakizunen modulazioak egitea bada, dagokion legedi sektorialean araututako prozedurari jarraitu beharko zaio, lege honetako 25.1 artikuluko e) idatz-zatian xedatutakoari kalte egin gabe.
– Eusko Jaurlaritzak izaera osagarria duten jarduerak bultzatuko eta sustatuko ditu, ordaina jasotzeko eta laguntzeko lege honetan ezarritako xedeak hobeto bete ahal izateko komenigarriak edo beharrezkoak badira.
– Sustapen-politika horren helburua elkarteek etaerakundeek sustatutako egitarauak eta jarduerak bultzatzea izango da, egitarau eta jarduera horien xedea honako hau denean: batetik, biktimei arreta eta giza laguntza ematea, lagunekin eta familiakoekin batera epaiketetara laguntzea, terrorismoaren biktimei orientazio edo laguntza psikosoziala ematea; edo, bestetik, gai honi buruzko foroak, ikastaroak eta mintegiak egitea eta hezkuntzara edo balio etiko eta demokratikoen sustapenera bideratutako bestelako jarduera eta proiektuak lantzea.
– Aipatutako laguntzen onuradun izendatzen dira ohiko jarduera terrorismoaren biktimen eremuan gauzatzen duten erakundeak eta elkarteak, elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan baldin badute, bai eta eremu geografiko horretatik kanpo egon arren, beren kideen artean ekintza terroristak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan nozitu dituzten herritarrak dituztela behar bezala egiaztatzen duten elkarteak eta biktimen kolektiboak ere.
Gobernu Kontseiluak aparteko laguntzak eman ahal izango ditu, salbuespen modura, ohiko laguntzek estaltzen ez dituzten edo behar baino nabarmen gutxiago estaltzen dituzten biktimen premiazko egoerak arintzeko, norbanakoarenak nahiz familiakoak izan.
Behar-beharrezko premia izanez gero aurrerakinak eman ahal izango dira, lege honetan aurreikusitako ohiko laguntzen edo aparteko laguntzen kontura; laguntza horien zenbatekoa ez da izango dagokien ebazpena izan baino lehen aurreikus litekeen zenbatekoaren % 70 baino gehiagokoa. Aurrerakin horiek justifikatu beharreko ordainketa gisa jaulki ahal izango dira.
Lege honetako 25. artikuluan aipatzen den organo eskudunak berehala jarduteko protokoloa eratuko du atentatu terroristak gertatzen direnerako. Protokolo horretan jaso beharko dira nola laguntza psikologikoa hala orientazioa eta argibideak, lege honetan adierazitako eskubideei eta onurei buruzkoak eta ekintza terroristen eraginpeko direnei onuraren bat ematen dieten arauei buruzkoak.
Terrorismo-egintzen ondoriozko aparteko pentsioen onuradunen kasuan, xedatzen da lege hau indarrean sartzen denetik, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 38. artikuluko 6. paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, ez dela kontuan hartuko aparteko pentsio horretatik egokitu ahal zaien zatia.
Indargabetuta geratzen dira lege honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko ekainaren 23a.
Lehendakaria,
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (10)
- Garatutakoa: 290/2010 DEKRETUA, azaroaren 9koa, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duena.
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, ondoko legearena: "4/2008 LEGEA, ekainaren 19koa, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egitekoa".
- Ikus: 5/2016 DEKRETUA, urtarrilaren 26koa, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten elkarteentzako eta erakundeentzako laguntzak arautzen dituena.
- Ikus: EBAZPENA, 2010eko urtarrilaren 26koa, Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendariarena, Dekretu proiektu hau jendaurrean jartzea xedatzen duena: Terrorismoaren biktimei aitorpena eta ordaina egiteko den ekainaren 19ko 4/2008 Legean aurreikusitako laguntza
- Ikus: 215/2002 DEKRETUA, irailaren 24koa, Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren Erakunde-Nortasunaren Eskuliburua onartzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 2012ko uztailaren 18koa, Herrizaingoko sailburuarena, udalei ematen zaizkien diru-laguntzak arautu eta laguntza horiek eskatzeko deialdia egiten duena, terrorismoaren biktimentzat mingarriak edo iraingarriak izan daitezkeen edota terrorismoa gora
- Garatutakoa: 75/2016 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarena.
- Garatutakoa: 55/2010 DEKRETUA, otsailaren 23koa, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarena.
- Ikus: AGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Herrizaingoko sailburuarena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituena.
- Ikus: Ekainaren 30eko 7/1981 LEGEA, "JAURLARITZAREN LEGEA"-ri buruz.