Arautegia
Inprimatu7/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 134
- Hurrenkera-zk.: 3902
- Xedapen-zk.: 7
- Xedapen-data: 2007/06/22
- Argitaratze-data: 2007/07/12
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Deskribapenak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak ondoko Lege hau onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:
7/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa.
Lege hau Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 10.13 artikulua baliatuz onetsi da, artikulu horren arabera Autonomia Erkidego honen bakarreko eskumen baitira irakaskuntza-, kultura-, arte-, ongintza- eta sorospen-izaerako nahiz antzeko fundazio eta elkarteak, fundazio eta elkarte horiek beren egitekoak nagusiki Euskal Herrian betetzen dituzten bitartean.
Elkartzeko eskubidea, nork bere oinarrizko eskubide bat erabiltzea den aldetik, xede erkideak lortzearren gainerako pertsonekin batzeko eta harremanak izateko bulkadaren adierazpena da. Bere alderdi kolektiboari dagokionez, antolaketa-egitura bat ezartzea dakar, egokia izan behar duena gizakiok, interes orokorreko edo partikularreko xedeak lortzearren, elkarrekin parte hartzeko ditugun gurariak bideratzeko; bada, xede horiek jadesteko, eta egitura horren barruan, kulturako, aisia eta olgetako eta gizarte eta elkartasunezko jarduerak egingo dira, bai eta irabazi-asmorik ez duten antzeko beste jarduera batzuk ere.
Askatasuna eta aniztasun sozial eta politikoa errespetatu eta bermatzeak esan nahi du herri-erakundeek ez dutela inola ere oztopatu edo kontrolatu behar elkarteak askatasun osoz eratzea edo jardutea. Herri-botere guztiek nahitaez aintzatetsi eta sustatu behar dute elkarteok gizartean betetzen duten eginkizun garrantzitsua, elkarteok gizarte zibil dinamiko, askotariko eta arduratsuaren erakusgarri dira eta.
Lege honek indargabetu egiten du Eusko Legebiltzarraren Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legea, gai hau Estatuan lehendabizi arautu zuena. Estatuak lege organiko baten bidez arautu zuen Konstituzioaren 22. artikuluaren garapena, eta, arauketa horren ondorioz, gure Autonomia Erkidegoak elkarteei buruzko lege berria onetsi behar du, Estatuko araudi organikoak ezartzen dituen eskakizunetara egokitzeko, bai eta otsailaren 12ko 3/1988 Legearen edukiak urteotan lortu den esperientziaren arabera burutzeko eta garatzeko ere.
Lege honen funtsean, batetik, elkartzeko eskubidea Konstituzioak finkatutako oinarrizko eskubidetzat eta askatasun publikotzat hartzen duen ikuskera dago; bestetik, askatasun zibilaren printzipioa, Euskal Foru Zuzenbideak hain maite duena, eta banaezinak diren askatasun eta elkartasun kontzeptuak.
Lege honek errepikatu edo egokitu egiten ditu, erabat edo zati batean, maila organikoa duten edo Estatu osoan aplikatzekoak diren zenbait manu, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen Lege Organikoan ezarritako zenbait manu, hain zuzen ere, eta, edukiari dagokionez, men egin behar die gai hau une bakoitzean arautzen duen Estatuko arauari. Lege honetan egiten den errepikapen edo egokitzapenak helburu sistematikoa du, legeak lege osoa izan nahi baitu eta arlo honen arauketa dela-eta beste arau batzuetara igorri beharraren ondorioz gerta daitekeen nahaspila saihestu nahi baitu. Aipatu errepikapen edo egokitzapena nahitaez egin behar da: batetik, segurtasun juridikoagatik, eta, bestetik, legea ezarri behar dutenek legea interpretatzeko izan behar duten argitasunagatik.
Lege honek dituen alderik garrantzitsu eta berritzaileenen artean honako hauek azpimarra daitezke:
Legean elkarteei buruz agertzen den definizioaren xedea, hain zuzen, argi egitea da; ez da inola ere definizio dogmatiko eta itxitzat hartu behar.
Lege honen aplikazio-eremuan sartzen dira garapenerako lankidetzako eta ekintza humanitarioko jarduerak egiten dituzten elkarteak ere. Elkarteok Euskal Autonomia Erkidegoan eratuak izan behar dute eta bertan eduki beharko dute helbidea, eta herrialde pobretuetako bizi-baldintzak hobetzen eta nazioarteko harreman justuagoen alde egingo dute lan.
Elkarteen barne-antolamendu eta -funtzionamendua arautu behar duten bi printzipio aipatzen dira, hots, demokrazia eta aniztasunaren errespetua. Nolanahi ere, elkarteek berek askatasuna izango dute printzipiook malgutasunez eratu edo modulatzeko.
Elkarteen tipologia ireki eta malgua ezartzen da, eta horretan aipagarri da, batez ere, xede partikularrak dituzten elkarteak –elkarrekiko xedekoak ere baderitze– eta xede orokorrak dituztenak bereiztea. Esperientziak frogatzen du egokia dela bereizkuntza hori, elkarteen araubide juridikoan ere aldeak dakartza eta.
Elkarteak eratu edo horietan sartzeko gaitasuna aitortzen zaie pertsona juridiko publikoei; baina zuhurtziako zenbait neurri ere ezartzen dira sektore publikoak ez dezan eskurik sartu berez partikularrentzat eta gizarte zibilarentzat gordetako eremu honetan.
Indarrean dagoen lege organikoaren irizpideari jarraiki, gehienez ere hiru hilabeteko epea ezartzen da elkartearen eraketa erregistroan inskribatzeko; dena den, zerbitzu publiko hori ematerakoan izan beharreko zalutasun- eta eragimen-konpromisoa mantentzen da, esperientziak hori egingarria dela erakutsi baitu.
Izaera malgua duen gobernu-organoa eratzen da. Kide gutxi duten elkarteen kasuan, ez du zentzurik zuzendaritza-batzordea izan beharra ezartzeak, sarritan horko kideak eta Batzar Nagusikoak berberak izango baitira, eta horrek bilerak eta organo baten zein bestearen erabakiak errepikatu beharra besterik ez baitakar.
Aurrekoarekin koherente izanik, Batzar Nagusiaz gain beste hiru organo bakarrik exijituko dira, elkarteko presidentea, idazkaria eta diruzaina, alegia, eta, hurrenez hurren, eginkizun hauek beteko dituzte: ordezkaritza-organo izatea, ziurtatzeko botere izatea eta kontabilitatearen kontrola eta baliabideen kudeaketa egitea. Hiru organo horiek hirugarrenen aurrean bermea izatearren eta erantzukizunak gehiago zehaztearren exijitzen dira.
Lege honetan jasota dago estatutuetan bertan zehaztu daitekeela elkarteari egiten zaizkion ondare-ekarpenak berreskuratzeko aukera, baldin eta elkartea desegin edo elkartekideak, bere borondatez, elkartea uzten badu. Hain zuzen ere, egoera hori oso maiz gertatzen da xede partikularrak dituzten elkarteetan, batez ere olgeta-izaera dutenetan, eta orain arte ez zeukan inolako arau-babesik. Logikoa denez, mota horretako elkarteak ezin dira herri-onurakotzat aitortu.
Elkartekide diren pertsonen tipologia zehazteko, ohikoa den sailkapen-irizpidea jarraitzen du legeak; berritasun bakarra egongo da: haurrak ere bazkide izan daitezke. Gainera, eta elkarteak eratzea oinarrizko eskubidea denez eta elkarteon oinarrian borondatezkotasun-printzipioa dagoenez, eskubide hori, orokorrean, ezin dela eskualdatu aldarrikatzen da; hala eta guztiz ere, estatutuetan baimendu daiteke eskualdaketa hori. Aukera hori ohikoa izaten da aisialdi, astialdi eta olgetako elkarteetan.
Elkartekide diren pertsonen eskubide eta eginbeharren zerrenda labur eta zehatza finkatzen da, eskubide eta eginbehar horiek gero, estatutuen bitartez, garatu eta osatu ahal izan daitezen, elkarteak dituen beharren arabera zein elkartekideek elkartea antolatzeko duten askatasuna erabiliz erakusten duten borondatearen arabera. Eskubide eta eginbeharren zerrenda da, elkartekide diren pertsonen estatutu juridiko xedaezinaren gutxieneko edukia.
Lehenengoz arautu da elkarteen bat-egitea; halaber, lehenengoz arautu da elkarte-izaera duten baina lege honen menpekoak ez diren erakundeak lege honek araututako elkarte bihurtzea, bai eta alderantzizko bidea ere. Horrelakoak oso bakan gertatzen badira ere, izan da hori egiteko eskaerarik, baina orain arte ezin izan dira onartu, beharrezkoa zen lege-estaldura falta baitzen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorra doakoa izan dadila ezartzen da, oinarrizko eskubide bati eta askatasun publiko bati lotutako jarduerak baitira horrenak. Horrenbestez, inskripzioak egiteko orain arte ordaindu behar ziren tasak kendu egin dira, eta beste batzuk ere bai: liburuak gaitzeko, idazpenak ziurtatzeko edo kopiak konpultsatzeko tasak, hain zuzen.
Elkartegintzak Euskal Autonomia Erkidegoarentzat duen gizarte-balioa aldarrikatzen da, eta zehatz arautzen dira elkarteak herri-onurakotzat aitortzeko betekizunak eta prozedura. Aitorpen hori dekretu bidez egingo da, eta dekretua diskrezionala izango da.
Herri Onurako Elkarteen Babesletza sortzen da. Babesletza horrek aholkularitzako, laguntza teknikoko eta jarraipeneko eginkizunak izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren antzera, baina ez du izango haren esku-hartze ahalmenik.
Araubide iragankor bat ezartzen da, aurretik zeuden egoerak errespetatzen dituena eta zuhurtziaz formulatu dena, lege honen kontrako klausulak jasotzen dituzten estatutuak egokitze aldera. Hortaz, klausula horiek legea zuzen-zuzen eta nabarmen hausten duten kasuan soilik hasi beharko da estatutuak aldatzeko prozedura.
Lege honek xede hauek ditu:
– Euskal Autonomia Erkidegoaren bakarreko eskumenekoak diren elkarteen araubide juridikoa ezartzea, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 10.13 artikuluarekin bat etorriz eta, nolanahi ere, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren kontra jarri gabe.
– Elkartegintza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, elkarteen gizarte-balioa aldarrikatuz eta horiek herri-onurakotzat aitortzearen nondik norakoak arautuz.
– Lege hau beren jarduerak nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten elkarteei aplikatuko zaie; elkarteok lurralde-eremu horretatik kanpo ere jardun ahal izango dira, baina jardun hori noizbehinkakoa edo osagarria bada.
Lege hau, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoan eratu eta garapenerako lankidetzako eta ekintza humanitarioko jarduerak egiten dituzten elkarteei ere aplikatuko zaie.
– Beren lege pertsonalaren arabera arautzen diren atzerriko elkarteek, beren jarduerak batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte, ordezkaritza bat izan behar dute Erkidego honetan. Ondore horietarako, euskal herri-administrazioekiko harremanari dagokionez aplikatuko zaie lege hau atzerriko elkarte horiei.
– Estatutuetan beren jarduerak nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituztela adierazten duten elkarteak lege honen menpekotzat joko dira beti.
– Lege honen eremuan sartuta dauden elkarteak oinarri pertsonalista duten eta irabazi-asmorik ez duten erakunde pribatuak dira, xede partikularrak edo orokorrak lortzeko antolatu direnak eta inongo berariazko elkarte-araubideren menpe ez daudenak.
– Beren berariazko legediari jarraituko diote alderdi politikoek, sindikatuek, enpresaburuen erakundeek eta lanbide-elkarteek, eliza, fede eta erlijio-erkidegoek, kirol-klub eta -federazioek, bai eta lege bereziek araututako gainerako elkarte guztiek ere.
– Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratuko dira lanbide-elkargoak eta -kontseiluak, mutualitateak, merkataritza-, industria- eta itsasketa-ganberak, zuzenbide publikoko korporazioak, ondasun-erkidegoak eta jabeen erkidegoak, kooperatibak, aldi baterako enpresa-elkarteak, ekonomia-intereseko taldeak, merkataritza-sozietate edo sozietate zibil gisa eratutako elkarteak eta, orokorrean, kideen artean banatzekoak diren mozkin ekonomikoak lortzea helburu duten elkarte guztiak.
– Pertsona guztiek dute askatasunez elkartzeko eskubidea, zilegiak diren xedeak lortzeko.
– Elkartzeko eskubideak elkarteak aurretiazko inolako baimenik gabe eratzeko eskubidea jasotzen du, eta jadanik eratuta dauden elkarteetan sartzeko eskubidea ere bai.
– Inor ezin daiteke behartu elkarte bat eratzera, jadanik eratuta dagoen batean sartzera edo elkarte horretan jarraitzera, ezta legez eraturik dagoen elkarte bateko kide dela adieraztera ere.
– Elkarteak eratzeko eta horien antolamendua eta funtzionamendua ezartzeko, Konstituzioan, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan, Elkarteei buruzko Lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan xedatutakoa bete behar da.
– Elkartzeko oinarrizko eskubidearen edozein alderdi urratzen duten itun, estatutu-xedapen eta erabaki guztiak erabat deusezak izango dira.
– Delitu gisa tipifikatuta dauden xedeak bilatzen edo delitu gisa tipifikatuta dauden bitartekoak erabiltzen dituzten elkarteak legez kontrakoak dira.
– Isilpeko elkarteak eta elkarte paramilitarrak debekatzen dira.
– Herri-botereek ez diezaiokete pertsona bati mesede, abantaila edo bereizkeriazko traturik eman pertsona hori elkarte jakin bateko kide izate hutsagatik.
– Euskal herri-botereek ez dute legeetan berariaz aurreikusten ez den esku-hartzerik egingo, esku-hartze hori elkarteen jardun askerako eta elkarteon funtzionamendu- eta antolamendu-askatasunerako oztopo bada.
– Elkarteak honako talde hauetan sailkatzen dira:
Xede partikularrak dituzten elkarteak: elkarteok, eskuarki eta lehentasunez, elkartekideen alde bideratzen dituzte beren jarduera sozialak, nahiz eta hirugarrenen aldeko jarduerak ere egin ditzaketen.
Xede orokorrak dituzten elkarteak: elkarteon xedeen artean elkartekideen interesak gainditzen dituzten interesak asetzea dago; eskuarki eta lehentasunez, hirugarrenen edo gizarte osoaren aldeko jarduerak egiten dituzte, eta beste pertsona batzuei ere elkartean beren borondatez sartzeko aukera eskaintzen diete.
Tutoretza edo kuradoretza peko pertsonak: elkarteak eratu ahal izango dituzte edo elkarteetan kide gisa sartu ahal izango dira haien gaitasuna ordeztu edo osatu behar duten pertsonen adostasuna badute, agiri bidez egiaztatua, baina ezin izango dira elkartearen gobernu-organoko kide izan, halako organorik bada, ez eta elkartearen ordezkari gisa aritu ere.
– Elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskripzioa egiteko orduan adieraz dezakete xede partikularrekoak edo orokorrekoak diren. Horrela egingo ez balute, erregistroak berak sailkatuko lituzke.
– Pertsona fisikoek eta pertsona juridiko publiko edo pribatuek elkarteak eratu ahal izango dituzte, eta elkarteetako kide izan ahalko dira, honako printzipio hauen arabera:
Jarduteko gaitasuna duten pertsona fisikoak, hau da, pertsona adindunak edo emantzipazioa lortu dutenak, betiere eskubidea erabiltzeko inolako legezko baldintzarik ez badute eta beren gaitasuna ebazpen judizial irmoren batek mugatuta ez badaukate.
Hamalau urtetik gorako emantzipatu gabeko adingabeak, haien gaitasun-eza ordeztu behar duten pertsonen adostasuna baldin badute, agiri bitartez egiaztatua; nolanahi ere, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 7.2 artikuluan haur-, gazte- edo ikasle-elkarteentzat aurreikusitako araubide bereziaren kontra jarri gabe.
Tutoretza edo kuradoretza peko pertsonak: elkarteak eratu ahal izango dituzte edo elkarteetan kide gisa sartu ahal izango dira haien gaitasuna ordeztu edo osatu behar duten pertsonen adostasuna badute, agiri bidez egiaztatua, baina ezin izango dira elkartearen kide anitzeko gobernu-organoko kide izan, halako organorik bada, ez eta elkartearen ordezkari gisa aritu ere.
Atzerriko pertsona fisikoak, elkartzeko eskubidea erabiltzeari dagokionez kasuan-kasuan aplikatu behar zaien legediaren arabera.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 7.2 artikuluan aipatzen diren euskal herritarrak.
– Pertsona juridikoek elkarte bat eratzeko edo elkarte batean kide gisa sartzeko duten borondatearen adierazpena pertsona juridiko horien berariazko legediak, estatutuek edo barne-arauek gaitasun hori esleitzen dioten organoaren bitartez egingo dute.
Pertsona juridikoak pertsona fisiko baten bitartez jardungo dira: hartarako eskumena duen organoak pertsona juridiko horietan hartutako erabaki baliodunaren kopia aurkeztu behar dute, eta bertan adieraziko dira bai elkartzeko borondatea, bai pertsona juridikoaren izenean arituko denaren izendapena.
Atzerriko pertsona juridikoek ere elkarteak eratu ahal izango dituzte edo elkarteetan sartu ahal izango dira, betiere beren lege pertsonalaren arabera legez eratuta badaude.
– Pertsona juridiko-publikoak, elkartzeko eskubidea erabiltzeko, beste pertsona juridiko-publiko batzuekin edo beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin elkartu daitezke, betiere herritarren ekimenak sustatu eta ekimenoi laguntze aldera, salbu eta pertsona horiek eratzeko eta erregulatzeko arauetan kontrakoa ezartzen bada, orduan arau horiei jarraitu beharko baitzaie. Eskubidea honako arau hauen arabera erabiliko da:
Partikularren baldintza berberetan izango dira elkarteko kide.
Elkartearen funtzionamenduan nagusitasun-egoerarik sor ez dadin, estatutuetan ezin izango da ez klausularik ez aurreikuspenik jaso elkarteko kide diren herri-erakundeei elkartekide diren pertsona guztien artean egon beharreko oinarri-oinarrizko berdintasuna urratuko duen eskubiderik emateko.
Ezin izango dute elkarterik eratu baldin eta elkarte horien helburua gizarte-bizitzako sektore bati dagokionez administrazio-izaerako eginkizun publikoak betetzea bada.
– Elkarteak eratzeko, hartarako erabakia hartu behar dute hiru pertsona fisikok edo gehiagok, nahiz hiru pertsona juridiko publiko edo pribatuk edo gehiagok; pertsona horiek konpromisoa hartuko dute legezko, guztientzako eta interes orokor nahiz partikularreko helburuak lortzeko asmoz ezaguerak, baliabideak eta jarduerak batera jartzeko, eta elkartearen estatutuak egingo dituzte haren funtzionamendua eta jarduna arautzeko.
– Elkarteek nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa dute eraketa-akta, agiri publikoan edo pribatuan, egilesten den unetik bertatik.
– Elkarteak epe-mugarik gabe edo aldi baterako era daitezke. Estatutuetan bertan epe jakin bat ezartzen denean izan ezik, elkartea epe-mugarik gabe eratutzat joko da.
– Eraketa-aktak honako hauek jaso behar ditu:
Elkartea sustatzen duten pertsonen izen-abizenak, pertsona fisikoak badira; izena edo sozietatearen izena, pertsona juridikoak badira, eta, kasu batean zein bestean, pertsona horien naziotasuna eta helbidea.
Pertsona fisikoek jasota utzi ahal izango dute zein den beren auzotasun zibila eta, hala badagokio, zein den beren ezkontza-ondasunen araubidea edo izatezko bikotearen ekonomia-araubidea.
Pertsona sustatzaileek elkarte bat eratzeko duten borondatea, elkartearen izena eta sustatzaileek beren artean egindako itunak, halakorik egin badute.
Onetsi dituzten estatutuak: elkarteren funtzionamendua arautuko dute, eta horien edukiak bat etorri behar du hurrengo artikuluan agindutakoarekin.
Presidentearen, idazkariaren eta diruzainaren izendapena, eta, halakorik balego, kide anitzeko gobernu-organoko kideena ere bai.
Akta egiletsi den tokia eta eguna, eta pertsona sustatzaileen izenpea, edo horien ordezkariena, sustatzaileak pertsona juridikoak badira.
– Pertsona juridikoen kasuan, eraketa-aktarekin batera, balio duen eran organo eskudunak hartutako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu behar da, bai eta pertsona horien nortasun juridikoaren egiaztagiria ere.
Pertsona juridikoek hartutako erabakiaren ziurtagirian, pertsona horiek elkartea eratzeko eta bertako kide izateko duten borondatea azaldu behar da, bai eta elkartea ordezkatuko duen pertsona fisikoaren izendapena ere.
– Pertsona fisikoek ordezkari bidez hartzen badute parte eraketa-aktan, ordezkari horren nortasunaren eta egiten duen ordezkaritzaren egiaztagiria erantsiko zaio aktari.
– Estatutuak dira elkartearen barne-araubidea eta funtzionamendua zehazten dituen arau-multzoa, eta elkartekide den pertsona orok, elkartera sartzen denean, onartu egin behar ditu.
Estatutuetan honako hauek jaso behar dira:
Izena.
Elkartearen xedeak eta jarduerak, zehatz azalduta.
Iraupena, elkartea epe-mugarik gabe eratua ez bada.
Egoitza soziala eta elkarteak bere jarduerak nagusiki zein lurralde-eremutan egingo dituen.
Batzar Nagusiaren baliozko eraketarako betekizunak, batzarraren eskurantzak eta eskumenak, bilerak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko arauak, bai eta Batzar Nagusiaren bilera berezia eskatzeko behar den elkartekideen gutxieneko portzentajea ere.
Presidentea, idazkaria eta diruzaina hautatzeko eta ordezteko betekizunak eta prozedura, eta, kide anitzeko organorik egonez gero, bertako kideak hautatu eta ordeztekoak ere bai; orobat, horien guztien eskurantzak eta eskumenak, karguaren iraupena, kargutik kentzeko arrazoiak eta eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko arauak zehaztuko dira.
Elkartekideak onartzeko betekizunak eta prozedura eta, halakorik badago, elkartekide motak.
Elkartekideen eskubideak eta betebeharrak eta, halakorik badago, elkartekide mota bakoitzarenak. Elkartekideek kuotak ez ordaintzearen ondorioak ere jaso ahal izango dira.
Elkartekide-izaera galtzea ekarriko luketen kasuak eta halakoetarako prozedura.
Zehatzeko araubidea.
Administrazio-, kontabilitate- eta dokumentazio-araubidea, bai eta elkartearen ekitaldiaren itxierako data ere.
Hasierako ondarea eta erabilgarri egongo diren ekonomia-baliabideak.
Desegiteko arrazoiak, eta kasu horretan zertarako erabiliko den ondarea; dena dela, ondarearen erabilerak ezin izan izango du ezereztu erakundeak duen irabazi-asmorik gabeko izaera.
Elkartearen funtzionamendu demokratikoa bermatzen duten irizpideak.
– Estatutuetan, pertsona sustatzaileek egoki iritzitako beste edozein xedapen eta baldintza ere jaso daiteke, betiere legeen aurkakoak ez badira eta lege honetako 4. artikuluan zehazten diren printzipioekin, elkarte bat taxutzeko printzipioekin, alegia, kontraesanean ez badaude.
– Estatutuen edukia ezin da ordenamendu juridikoaren aurkakoa izan.
– Lege honetako VII. kapituluan biltzen diren manuak, elkartearen funtzionamendu demokratikoa bermatzen duten gutxieneko irizpideak diren heinean, garatu eta modulatu egin ahal izango dira estatutuetan, elkartekide diren pertsonen borondatearen arabera.
– Elkarteen izenean ezin izango da elkarte identitate, mota edo izaeraren gaineko akatsik edo nahasmendua eragin dezakeen termino edo adierazpiderik agertu; hortaz, bereziki baztertu behar dira beste pertsona juridiko batzuenak diren hitzak, kontzeptuak edo ikurrak, akronimoak eta antzekoak.
– Ez dira onartuko legeen kontrakoak diren edo pertsonen oinarrizko eskubideak urratzea eragin dezaketen izenak.
– Elkartearen izena ez daiteke izan aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dagoen beste elkarte batena bezalakoa, ez beste edozein pertsona juridiko publiko edo pribaturena bezalakoa, ez lehendik badiren erakundeena bezalakoa –erakunde horiek espainiar naziotasuna izan edo ez izan–, ez pertsona fisikoena bezalakoa, interesdunaren edo haren oinordekoen berariazko baimena eduki ezik, ezta marka erregistratu edo ezagun batena bezalakoa ere, haren titularrak berak eskatu ezik edo haren baimenarekin ez bada. Orobat, ez daiteke izan horien guztien izenaren antzekoa ere, antzekotasun horrek nahasmendua eragin badezake.
– Izenak elkartearen estatutuetan agertzen diren xedeeiegin behar die erreferentzia, edo xede nagusiari, bai eta elkartea bereiziko duen izenen bati ere. Ez dira onartuko euskaldunek orokorrean dituzten balio erkideen inguruko terminoak erabiltzea dakarten izenak.
– Elkartearen izaera edo xedeak direla-eta elkartearen izenean lurralde-mugape baten izena sartu behar bada, hala nola probintzia, lurralde historiko, herri, distritu, eskualde, auzo edo antzeko batena, orduan patronimiko berezia erabili behar da, elkarte hori mugape berean eratuta dauden edo era daitezkeen antzeko beste batzuetatik bereizteko, ezein elkartek ez dezan mugape horren izena bidegabe jabetzan hartu.
– Lege honetan xedatutakoari jarraiki eratzen diren elkarteen helbidea elkarteon estatutuetan ezartzen den tokia izango da; toki hori egoitza sozialarena izan daiteke, edo elkarteak bere jarduerak nagusiki egiten dituen tokia.
– Lege honetan xedatutakoari jarraiki eratzen ez diren elkarteek, Euskal Autonomia Erkidegoan helbiderik ez badute, ordezkaritza bat ezar dezakete bertan. Ordezkaritza hori zein den idatziz jasoko da Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, euskal herri-administrazioekin izango duen harremana erraztearren.
– Lege honek arautzen dituen elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu behar dira, publizitate-ondoreetarako bakarrik.
– Erregistroan inskripzioa egiteak publiko egiten ditu elkarteen eraketa, estatutuak eta ordezkaritza- eta gobernu-organoak, eta hori bermea da bai elkarteokin harremanak dituzten hirugarrenentzat, bai elkarteetako kideentzat eurentzat.
– Pertsona sustatzaileek inskripziorako beharrezko diren jarduketa guztiak egin behar dituzte; horrela egiten ez badute, 13. artikuluan ezarritakoaren arabera erantzun beharko dute.
– Elkarte bat ez bada inskribatu sustatzaileei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik, sustatzaileek erantzukizun pertsonal eta solidarioa izango dute pertsona horietako edozeinek hirugarrenekin hartu dituen betebehar guztiak direla-eta; hori horrela bada ere, elkartea bera ere erantzule izango da.
– Inskribatuta ez dauden elkarteak direnean, elkartekideek erantzukizun solidarioa izango dute, elkartearekin batera, pertsona horietako edozeinek hirugarrenekin hartutako betebeharrak direla-eta, baldin eta halakoak elkartearen izenean eta horren kontura jardun dela adierazi badu.
– Aurreko paragrafoetan azaldutakoa horrela bada ere, elkarteak berak erantzungo du zuzenean, eta ez sustatzaileek eta elkartekideek, honako kasu hauetan:
Elkartea eratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzeko beharrezko jarduketak direnean, edo jarduera hasteko egintzak direnean, azken horiek inskripzio aurreko fasean egiteko aurreikusita badaude estatutuetan edo eraketa-aktan.
Inskripzioa elkartea eratu eta hurrengo hilabetearen barruan eskatzen denean eta Batzar Nagusiak, inskripzioa egin ondoko sei hilabeteko epean, hartu diren betebeharrak onartzen dituenean.
– Inskribatuta dauden elkarteek zuzeneko erantzukizuna izango dute hartu dituzten betebeharrak direla-eta; une bakoitzean dituzten zein etorkizunean izango dituzten ondasun guztiekin egingo diote aurre erantzukizun horri.
– Elkartekideek ez dute erantzukizun pertsonalik izango inskribatuta dagoen elkarte baten betebeharrak direla-eta; horrekin, ordea, ez da alde batera uzten lege honen 18. artikuluan ezarritakoa.
– Elkarteen beharrezko organoak hauek dira:
Batzar Nagusia: elkartearen gobernu-organo gorena da, eta elkartekide guztiek osatuko dute.
Elkarteko presidentea: elkartearen ordezkaritza-organoa da; orobat, eta estatutuetan berariaz kontrakorik xedatzen ez bada, bera izango da Batzar Nagusiko buru, eta kide anitzeko gobernu-organoko buru ere bai, baldin eta elkarteak azken hori eratzen badu.
Elkarteko idazkaria: ziurtatzeko ahalmena dauka; eta estatutuetan berariaz kontrakorik xedatzen ez bada, batzar nagusian beteko ditu esleituta dituen eginkizunak, eta kide anitzeko gobernu-organoaren bileretan ere bai, baldin eta elkarteak azken hori eratzen badu.
Elkarteko diruzaina: ekonomia-baliabideen zaintzaz arduratuko da, eta, orobat, lege honetan eta elkarteei aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako aurrekontu- eta kontabilitate-betebeharrak betetzeaz. Diruzaintza-eginkizuna elkarteko idazkariak bete dezake.
– Estatutuetan, kide anitzeko gobernu-organo bat egotea aurreikus daiteke: Zuzendaritza Batzordea edo antzeko izenen bat hartuko luke, eta elkartea zuzentzeko eta kudeatzeko eginkizunak beteko lituzke.
– Estatutuetan, beste organo batzuk egotea ere aurreikus daiteke, bakoitzari esleitzen zaizkion eginkizunekin; baina eginkizunok ezin izango dira inola ere lege honek Batzar Nagusiari jartzen dizkionak izan.
– Batzar Nagusia elkarteko organo subiranoa da eta haren borondatea adierazteko organoa; elkartekideek osatuko dute, eta erabakiak hartzeko, gehiengoaren edo barne-demokraziaren printzipioa erabiliko da, elkartearen estatutuetan ezartzen denaren arabera. Elkartearen estatutuetan, elkartekide ez diren hirugarrenek Batzar Nagusian parte hartzeko aukera jaso daiteke, hirugarren horiek elkarteari bere jardunean laguntzen badiote.
– Estatutuetan askatasun osoz arautu daiteke Batzar Nagusiaren barne-funtzionamendua, baina betiere artikulu honen edukia errespetatu behar da.
Batzar Nagusiak ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egingo ditu. Gutxienez ohiko bilkura bat egin behar du urtean, eta bilkura bereziak ere egin ditzake, gobernu-organoak hala erabakitzen duenean edo estatutuetan zehazten den elkartekideen ehunekoak hala eskatzen duenean, eta, nolanahi ere, estatutuak aldatzeko edo elkartea desegiteko erabakiak hartu behar direnean.
– Batzar Nagusiari dagozkio honako hauek, eta hari baino ez:
Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertzea eta onestea.
Estatutuak aldatzea.
Elkartea desegitea.
Presidentea, idazkaria eta diruzaina hautatzea eta kargugabetzea, bai eta kide anitzeko gobernu-organoko kideak ere, horrelakorik balego; halaber, kide anitzeko organoa gainbegiratu eta kontrolatuko du.
Beste elkarte batzuekin federazioa edo konfederazioa osatzea, edo halakoren batetik ateratzea.
Ondasun higiezinen erabilera edo besterentzea onestea.
Halakorik bada, gobernu-organoko kideen ordainsariak erabakitzea.
Ohiko kuotak eta kuota bereziak zehaztea, nahiz eta Batzar Nagusiak ahalmen hori gobernu-organoaren esku utz dezakeen, erabaki adieraziaren bidez.
Elkartekideei elkartea behin betiko utzarazteko erabakia hartzea.
Estatutuek Batzar Nagusiari esleitzen dizkioten beste eskumen guztiak.
– Elkarteak beti izan behar du gobernu-organo bat, eta hori elkarteko presidentea bera izan daiteke, edo kide anitzeko organo bat –Zuzendaritza Batzordea edo antzeko izenen bat hartuko du–, edo Batzar Nagusia bera, gobernu-organo gisa eratuta.
– Estatutuetan beste ahalmen batzuk eslei dakizkiokeen arren, gobernu-organoari dagokio elkartearen ohiko zuzendaritza eta kudeaketa, Batzar Nagusiak ematen dituen jarraibideen arabera eta batzar horren ikuskaritza eta kontrolaren pean.
– Elkartekideak soilik izan daitezke gobernu-organoko kide. Batzar Nagusiak hautatu ondoren, kargua onartzen duenean edo hartaz jabetzen denean bihurtuko da elkartekidea gobernu-organoko kide.
– Gobernu-organoko kide izateko, eta estatutuetan beste betekizun batzuk ezarri badaitezke ere, ezinbesteko betekizunak hauek izango dira: adinduna izatea, eskubide zibilen erabilera osoa izatea eta indarrean dagoen legedian ezartzen diren bateraezintasun-egoeretakoren batean ere ez egotea. Ezin dira organo horretako kide izan konkurtsopekoak eta kargu publiko edo pribatuak betetzeko gaitasungabetuta daudenak. Batzar Nagusia gobernu-organo gisa eratzen denean, paragrafo honetan ezartzen diren betekizunak betetzen dituzten elkartekideek bakarrik bete ahal izango dituzte zuzendaritzako eta kudeaketako eginkizunak.
– Gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kide edo titularrek, bai eta elkartearen izenean eta haren ordezkari gisa jarduten diren pertsona guztiek ere, elkartearen, elkartekideen eta hirugarrenen aurrean erantzun behar dute, eragin dituzten kalteengatik eta dolo, erru edo axolagabekeriazko egiteek ekarritako zorrengatik.
– Aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsonek, eta paragrafo horretan zehazten diren kasuetan, erantzukizun zibil eta administratiboa izango dute beren eginkizunak betetzerakoan izandako egite eta ez-egiteengatik, bai eta hartu dituzten erabakiengatik ere –pertsona bakarreko organoa izanez gero–, edo aldeko botoa eman dieten erabakiengatik ere –kide anitzeko gobernu-organorik egonez gero–. Horretaz guztiaz gainera, erantzukizun penalik izatea ere gerta liteke.
– Aurreko bi paragrafoetan adierazitako kasuetan, erantzukizuna ezin bazaio egotzi paragrafo horietan zehazten diren pertsonetako inori, pertsona horiek guztiek erantzukizun solidarioa izango dute, salbu eta egiazta badezakete ez zutela egintza horiek onetsi eta betearazterakoan parte hartu edo egintza horien aurka zeudela argi utzi bazuten.
– Presidenteak edo, hala badagokio, kide anitzeko gobernu-organoko gainerako kideek beren karguagatik ordainsariak jaso ahal izateko, hori berariaz jaso behar da estatutuetan. Batzar Nagusiak erabakiko du ordainsarien zenbatekoa, iraupena eta ordainsariari lotutako beste guztia, eta hori dena urteko kontuetan islatu behar da.
– Orobat, Batzar Nagusiak ordezkaritza- eta gobernu-organoetako kideei zein beste edozein elkartekideri dietak eta froga daitezkeen gastuak ordaintzea erabaki dezake, eta ez da beharrezkoa aukera hori estatutuetan berariaz jasota egotea.
– Estatutuetan zehazten diren baldintzetan eta moduan, ordezkaritza- eta gobernu-organoetako kideek ordainsari egokia jaso ahal izango dute, organo horietako kide izate hutsagatik dagozkien eginkizunez bestelako zerbitzuak egiteagatik.
Elkarteek, beren helburuak lortzeko, honako hauek egin ahal izango dituzte:
Mota guztietako jarduera ekonomikoak aurrera eraman, elkartearen helburuak lortze aldera edo helburuok jadetsi ahal izateko baliabideak batze aldera.
Mota guztietako ondasunak eskuratu, eduki eta erabili, edozein tituluren bidez; orobat, klase guztietako egintzak, kontratuak eta negozio juridikoak egin. Jarauntsiak eta legatuak inbentario-onuraren arabera onartuko dira.
Herri-erakundeekin elkarlanean aritu politika sektorialak eta jarduketa-programak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzen, baita herri-administrazioekin lankidetza-hitzarmenak egin ere.
Legeen edo elkartearen estatutuen araberako edozein akzio egikaritu.
Elkarteek jarduera ekonomikoak –zerbitzu-emateak barne– egitearen ondorioz lortzen dituzten mozkinak elkartearen xedeak betetzeko bakarrik erabili behar dira. Mozkinak ezin dira banatu ez elkartekideen artean, ez horien ezkontideen edo elkartekideekin ezkontzaren antzeko harreman afektiboa tarteko bizi diren pertsonen artean, ez eta horien ahaideen artean ere; orobat, mozkinok ezin zaizkie doan laga irabazi-asmoa duten pertsona fisikoei edo juridikoei.
Aurreko artikuluan azaldutakoa horrela izanik ere, estatutuetan ezar daiteke elkartekideek eskubidea izan dezaketela hasieran egin zituzten ondare-ekarpenak edo egindako beste diru-ekarpen batzuk jasotzeko, baldin eta elkartea desegiten bada edo elkartekideak bere borondatez elkartea uzten badu; nolanahi ere, ez zaizkio itzuliko une horretara arte elkartekide izateko ordaindutako kuotak, eta itzuliko zaionaren baldintzak, irismena eta mugak estatutuetan zehaztuko dira. Hori horrela izango da, betiere ondarea gutxitzeak ez badie inolako kalterik eragiten hirugarrenei.
– Elkarteak ondoko liburuak izan behar ditu, eguneratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrak behar bezala legeztatuta:
Elkartekide direnen erregistro-liburu bat.
Akta-liburu bat.
Kontu-liburu bat.
– Kontuak aurkezteko eta aurrekontua egiteko, gero Batzar Nagusiak onets ditzan, elkarteak duen ondarearen eta finantza-egoeraren irudi fidela emateko balio duen edozein kontabilitate-sistema erabil daiteke.
– Elkartea eratzen duten sortzaileak eraketa-akta sinatzen den unetik bertatik izango dira elkartekide. Akta horri sortze-gutun izaera eman ahal izango zaio; horrela bada, estatutuetan zehaztuko da zein den beste pertsona batzuek geroago elkartekide sortzaile bihurtzeko izango duten epea.
– Elkartekide izan nahi dutenak elkartekide gisa onartzeko baldintzak eta betekizunak estatutuetan ezarriko dira. Elkarte batean sartzeko, estatutuetan ezartzen den organo eskudunak aurretik onartu egin behar du sartze hori.
– Estatutuetan hainbat elkartekide mota ezarri ahal izango dira, bakoitza bere eskubide eta betebeharrekin.
– Beste batzuen artean, elkartekide mota hauek ezar daitezke:
Eskubide eta betebehar guztiak dituzten pertsonak:
ortzaileak: eraketa-akta izenpetu duten pertsonak.
Kide osoak: kide-kopurua estatutuetan bertan mugatuta duten elkarteetako kideak.
Kide arruntak: elkartekide diren gainerako pertsonak, aurreko sail bietan ez daudenak.
Boluntarioak: beren jarduna borondatez eta eskuzabaltasunez eskaintzen duten pertsonak, edo lankidetza pertsonala eskuzabaltasunez eta iraunkorki eskaintzen dutenak; gerta daiteke boluntario batzuek elkarte bati laguntzea eta, aldi berean, elkarte horretako kide ez izatea.
Eskubide eta betebeharrak estatutuek mugatuta dituzten pertsonak:
Babesleak: elkarteari batez ere diru-baliabideak ematen dizkioten pertsonak.
Ohorezkoak: hala izendatutako pertsonak, elkartearen aburuz dituzten ezaugarri, meritu eta inguruabarren arabera.
Gazteak: 14 urte baino gehiago izanik, elkartean sartzeko haien gaitasuna osatu behar duten pertsonen adostasuna –agiri bidez egiaztatua– behar duten elkartekideak; batzar nagusian hitza eta boto-eskubidea izan badezakete ere, ezin dute zuzendaritzako kargurik hartu.
Haurrak: 14 urtetik beherako pertsonak, elkartean dituzten eskubideak erabiltzea eta betebeharrak betetzea haien legezko ordezkariei badagokie ere.
– Elkartekide-izaera ezin da eskualdatu, salbu eta estatutuetan kontrakoa aurreikusten bada.
– Elkartekide guztiek, gutxienez, ondoren aipatzen diren eskubideak dituzte, eta eskubideok elkartearen estatutuetan ezartzen denari jarraiki erabili behar dituzte. Eskubidea dute:
Boto-eskubidea erabiltzeko. Elkartekide bakoitzak gutxienez boto bat du Batzar Nagusian eta hauteskunde-prozesuetan.
Elkartearen jardueretan parte hartzeko.
Batzar nagusietara deituak izateko, bilkurotara joatea eta horko eztabaidetan parte hartzea.
Elkartearen gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaeraren gaineko informazioa, bai eta haien jardueraren nondik norakoei eta kontuen egoerari buruzkoa ere, jasotzeko.
Bazkideen liburu, akta-liburu eta kontu-liburuetara jotzeko, datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusitako moduan.
Elkarteko edozein karguren gaineko bozketetan botoa emateko eta hautagai izateko.
Elkartean edozein unetan baja hartzeko, hartutako eta bete gabeko konpromisoak betetzekotan betiere.
Elkarteak hartutako erabakiak aurkaratzeko eta horien ondoriozko erantzukizuna eskatzeko.
Haien aurkako zehapen-neurririk hartu aurretik entzunak izateko, bai eta neurri horiek hartzeko bidea eman duten egintzen berri jasotzeko ere. Zehapenik ezarriz gero, zehapen hori ezartzeko erabakiak arrazoitua izan behar du.
– Estatutuetan, boto-eskubidea ordezkatzeko edo eskuordetzeko araubidea jaso daiteke, eta posta bidezko botoa ere bai.
– Estatutuetan, boto haztatu edo kualifikatuaren erabilera ezar daiteke.
Elkartekideen eginbeharrak hauek dira:
Elkartearen xedeak bere egitea eta horiek lortzen laguntzea.
Estatutuen arabera elkartekide bakoitzak ordaindu behar dituen kuotak, derramak eta bestelako ekarpenak ordaintzea.
Estatutuetan xedatutakotik elkartekideari dagozkion gainerako betebeharrak betetzea.
Elkarteko gobernu-organoek balio duen eran hartutako erabakiak ontzat hartzea eta betetzea.
– Estatutuetan zehaztuko da zein diren arau-hausteak eta horien zehapenak, baina zehapen horiek eginbeharrak ez betetzeagatik bakarrik ezar daitezke; orobat, estatutuetan zehaztuko dira zehapen-espedienteen instrukzioa egiteko eta espedienteok ebazteko prozedura eta organo eskudunak, eta organo horietako kideak pertsona desberdinak izango dira.
– Zehapenak ezarri aurretik, interesdunari entzun behar zaio beti, eta zehapena ezartzeko erabakiak arrazoitua izan behar du.
– Elkartea behin betiko edo aldi baterako utzarazteko zehapenaren aurka beti aurkez daiteke errekurtsoa Batzar Nagusian.
– Estatutuen aldaketa helburu horretarako berariaz antolatuko den batzar nagusi berezian erabakiko da.
– Aldaketa horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen den unetik aurrera bakarrik izango ditu ondorioak fede oneko hirugarrenei dagokienez.
– Elkartekideentzat, onesten diren unetik bertatik izango dituzte ondorioak gainerako aldaketek, estatutuetan agertzen diren prozeduren arabera. Hala eta guztiz ere, erregistroari jakinarazi egin beharko zaizkio aldaketa horiek, publizitate-ondoreetarako bakarrik.
Elkartea desegiteko arrazoiak hauek dira:
Elkartekideen borondate hutsa, Batzar Nagusiak hartutako erabakiaren bidez adierazia.
Estatutuetan ezartzen den epea edo baldintza bete izana.
Beste elkarte batek xurgatzea edo beste elkarte batzuekin bat egitea.
Legez ezartzen den gutxieneko elkartekide kopurua ez izatea. Nolanahi ere, gutxieneko kopuru hori osatzeko epe bat aurreikus daiteke estatutuetan; epea urtebetekoa izango da, gehienez, azken baja gertatzen denetik kontatzen hasita.
Elkartea desegitea erabakitzen duen ebazpen judizial irmoa.
Elkartearen xedeak betetzeko ezintasuna.
Estatutuetan jasota dagoen desegiteko beste edozein arrazoi.
– Desegiteak likidazio-prozesua abiaraziko du, baina elkarteak nortasun juridikoa gordeko du likidazioa amaitu bitartean.
– Likidatzaileak izendatzeko araubidea estatutuetan bertan arautu daiteke. Baina estatutuetan ez bada horrelakorik egiten, Batzar Nagusiak izendatuko ditu likidatzaileok, desegite-erabakian bertan. Aurreko kasu bietako bat ere gertatzen ez bada, gobernu-organoko kideak izango dira likidatzaileak.
Likidatzaileen ahalmenak hauek dira:
Likidazio-balantzea prestatzea eta egun horretan elkarteak dituen ondasun-eskubideen inbentarioa eguneratzea.
Ondarea osorik mantentzen dela zaintzea, horretarako beharrezkoak diren egintza guztiak eginez.
Amaitu gabe dauden eragiketak amaitzea, eta likidazioarekin lotura zuzena duten eta likidaziorako beharrezkoak diren beste eragiketa guztiak egitea.
Zorrak ordaintzea eta elkarteak bete gabe dituen betebeharrak betetzea.
Kredituak kobratzea eta elkartearen titulartasuneko eskubideak exijitzea.
Elkartearen ondasun eta eskubideak diru bihurtzea, hori egiteari egoki irizten bazaio.
Sobera den ondarea estatutuen eta Batzar Nagusiak adosten duen eran aplikatzea. Nolanahi ere, aintzat hartu beharko da lege honetako 22. artikuluan aurreikusitako eskubidea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean egindako idazpenak deusezta daitezela eskatzea.
– Elkarteak kaudimenik ez badauka, presidenteak edo, hala badagokio, likidatzaileek konkurtso-prozedura sustatu behar dute, berehala, eskumena duen epailearen aurrean.
– Likidatzaileek, beren eginkizunak betetzeko egindako lana dela-eta, elkartekideen eta hirugarrenen aurrean erantzun behar dute, lege honetan gobernu-organoko kideentzat ezartzen diren baldintza beretan.
– Sobera den ondarea likidazio-balantzearen ondoren geratzen diren ondasun-eskubide guztiek osatuko dute, eta estatutuetan aurreikusita dauden erabileretarako edo irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuentzat erabiliko da, Batzar Nagusiak erabakiko duen eran.
– Estatutuetan edo desegite-erabakian ez bada zehatz eta banakatuta adierazten zein erakundek jasoko duen geldikina, elkarte edo irabazi-asmorik gabeko beste erakunde jakin batzuei esleituko zaie hura, hau da, elkartearen xede berberak edo antzekoak dituzten eta xede horiek desegin den elkartearen udalerri berean, lurralde historiko berean edo Autonomia Erkidegoan betetzen dituztenei.
– Elkarteek beste batzuekin bat egin dezakete, bi eratara: bi elkartek edo gehiagok elkarte berri bat eratuz, edo aurretik baden elkarte batek beste bat edo batzuk xurgatuz.
– Bat-egitearen inguruko egintzetarako batzar nagusi berezira deitu behar da, soilik xede horretarako, eta deialdia elkarte interesdunek egin behar dute. Batzar horretan izan beharreko quoruma eta gehiengoen araubidea elkartea desegiten den kasurako aurreikusitako berak izango dira.
– Bat egiteko prozesuetan ez dago likidazio-fasearen beharrik: elkartearen ondasun, eskubide eta betebehar guztiak sortu den elkarte berriari edo elkarte xurgatzaileari eskualdatzen zaizkio. Bat egiteko betekizunak eta prozedura estatutuetan gara daitezke.
– Bat egiteko erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrari jakinaraziko zaio, eta erregistroak bere kabuz deuseztatuko ditu bat egin duten elkarteen idazpenak edo xurgatu den elkartearenak edo elkarteenak.
– Elkarte oro lege honen menpeko ez den elkarte-izaerako erakunde bihur daiteke, erakunde horren berariazko legediak ezartzen dituen betekizunak betez gero.
– Eraldaketarako erabakia hartzeko, batzar nagusi berezira deitu behar da, soilik xede horretarako. Batzar horretan izan beharreko quoruma eta gehiengoen araubidea elkartea desegiten den kasurako aurreikusitako berak izango dira.
– Eraldaketan ez dago likidazioaren beharrik. Eraldaketarako betekizunak eta prozedura estatutuetan gara daitezke.
– Eraldaketarako erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrari jakinaraziko zaio; erregistroak bere kabuz deuseztatuko du eraldatu den elkartearen idazpena, eta espediente hori eskumena duen erregistroari helaraziko dio.
– Lege honen menpeko ez den elkarte-izaerako erakunde oro Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskriba daitekeen elkarte bihur daiteke, baldin eta erakunde horren berariazko legedian horrela jasota badago eta legedi horretan zein lege honetan aurreikusitako betekizun eta prozedurak betetzen baditu.
37 artikulua.– Inskribatzeko eskubidea.
Elkartzeko eskubideak berekin dakar eskumena duen elkarte-erregistroan inskribatzeko eskubidea, eta indarrean dagoen legedian ezarritako betekizunak betetzen ez direnean bakarrik uka daiteke.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorra justizia arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita dago, bakarra da eta lurralde-bulegoetan deskontzentra daiteke.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorra doakoa eta publikoa da. Publikoa da idazpenen edukiari eta elkarteen estatutuei dagokienez, bai eta erregistro-orrien edukiarekin lotura zuzena eta hur-hurrekoa duten eta erregistroan gordailutu diren agiriei dagokienez ere, eta edozein pertsona edo erakunde publiko edo pribatuk jo dezake erregistro orokorrera.
– Erregistroaren publizitaterako, erregistro-orriko idazpenen edukiaren gaineko ziurtagiria eman daiteke; bestela, idazpen horiek, elkartearen estatutuak edo aurreko paragrafoan aipatu diren agiriak erakutsi egin daitezke edo horien kopia eman; orobat, bitarteko informatikoak edo telematikoak ere erabil daitezke. Edozein bide erabiltzen dela ere, datu pertsonalen babesari dagokionez indarrean dagoen legedian aurreikusitakoa bete behar da.
– Elkarte bakoitzeko, erregistro-orri bat irekiko da, bai eta protokolo bat ere; protokolo horretan jasoko dira erakunde hori dela-eta sortzen diren agiri guztiak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, erregelamendu bidez ezartzen den moduan, egintza hauek inskribatu behar dira:
Elkartearen eraketa.
Estatutuen aldaketa.
Herri-onura aitortzea eta ezeztatzea.
Presidentearen, idazkariaren, diruzainaren eta, halakorik badago, kide anitzeko gobernu-organoko kideen izendapena, bai eta horietan guztietan izan daitezkeen aldaketak ere.
Federazioetan eta konfederazioetan sartzea edo baja hartzea.
Desegitea, bat-egitea edo eraldaketagatik edo beste erregistro batera aldatzeagatik gertatzen den baja.
– Elkarteen idazpenetan beste ohar hauek ere jaso daitezke:
Elkartearen ordezkaritzak edo bestelako establezimenduak ireki eta ixteari buruzko oharrak.
Inskribatuta dauden elkarteen gaineko ebazpen judizialei buruzko oharrak, ebazpen horiek erregistroan inskribatu beharreko egintzei eragiten badiete.
Elkarte barruko auziak direla-eta zerbait jasota uzteko egiten diren behin-behineko idazpenei buruzko oharrak.
– Inskribatu beharreko egintzen gaineko erabakiak erregistro orokorrari jakinarazi behar zaizkio, erabakiok hartu eta hilabeteko epean.
– Elkarte baten eraketa inskribatzeko eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira: eraketa-akta, sustatzaile guztiek sinatuta; estatutuak, presidenteak eta idazkariak sinatuta, eta ordezkaritza- eta gobernu-organoak osatzen dituzten pertsonen izenak.
– Inskripzioak, gehienez ere, hiru hilabeteko epean egin behar dira, beharrezkoak diren agiri guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean aurkezten direnetik aurrera zenbatuta. Epe hori igaro bada eta ez bada ebazpen adierazirik jakinarazi, eskaera onartu egin dela ulertuko da.
– Eskabidean edo harekin batera aurkeztutako agirietan akats formalik aurkitzen bada, edo elkartearen izena beste izen inskribatu bat bezalakoa bada edo akats edo nahasmendurik sorraraz badezake, edo izena marka erregistratu edo ezagun bat bezalakoa bada –haren titularrak berak eskatuta edo haren baimenarekin izan ezik–, inskripzioa egiteko epea eten eta 10 eguneko beste bat irekiko da aurkitu diren akatsak zuzentzeko.
– Eskaera egiten duen erakundea ez badago lege honen aplikazio-eremuan edo ez bada elkarte bat, erregistro orokorrak, erakunde horri entzun ondoren, ezezkoa emango dio inskribatzeari, eta eskatzaileari adieraziko dio zein den erakunde hori inskribatzeko eskumena duen erregistroa edo administrazio-organoa. Ezezkoa arrazoitua izango da beti.
– Elkartearen eraketan ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalik aurkitzen bada, organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du eta agiri guztiak Ministerio Fiskalari edo jurisdikzio-organo eskudunari helaraziko dizkio; orobat, horren guztiaren berri emango dio erakunde interesdunari, etaeten egingo du administrazio-prozedura harik eta ebazpen judizial irmorik egon arte. Elkartearen jardueretan ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalik hautemanez gero ere, berdin jokatuko da.
– Euskal Autonomia Erkidegoak aitortu eta babestu egiten du elkarteek gizartearen integraziorako duten balioa eta gizartearen barruan betetzen duten eginkizuna, elkarteen bidez herritarrek parte hartzen baitute interes orokor edo partikularreko gaietan, eta hainbat balio zibiko gauzatzen, hala nola elkartasuna, altruismoa, eskuzabaltasuna eta aniztasuna.
– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek elkartegintza sustatuko dute eta interes orokorreko xedeak dituzten elkarteen garapena bultzatuko dute, bai eta elkarte horien batasunen, federazioen eta konfederazioena ere, betiere herri-botereekiko duten askatasuna eta autonomia errespetatuz.
Era berean, herri-administrazioek ekintza positiboak sustatuko dituzte, hartara emakumeei eta gizonei elkarteen alor eta gune orotan modu parekidean izatea eta parte hartzea eragozten dieten oztopoak kentzeko.
– Herri-erakundeek, zeinek bere lurralde-eremuan, herritarren parte-hartzea sustatzeko, bultzatzeko eta babesteko politika, egitura eta neurriak garatuko dituzte.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteek laguntza ekonomikoak eta diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte jarduera eta proiektu jakinak gauzatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte. Horretaz gainera, honako betekizun hauek bete behar dituzte:
Interes orokorra edo guztien ongia sustatu behar dute, eta, horretarako, benetan eta jarraituki bete behar dituzte zenbait xede, hala nola izaera zibikoko eta hezkuntza-, zientzia-, kultura-, kirol- edo osasun-izaerako xedeak edo beste hauek eta antzekoak: giza eskubideak sustatzea, gizartean esku hartzea, garapenerako lankidetza, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, haurrak babestea, aukera-berdintasuna eta tolerantzia bultzatzea, ingurumena defendatzea, gizarte-ekonomia edo ikerketa bultzatzea, boluntariotza sustatzea, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzea, eta etorkinak eta arrazoi fisiko, sozial, ekonomiko edo kulturalak direla-eta baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonak promozionatzea eta artatzea.
Beren jardunean, ez dute batez ere eta eskuarki bakoitzak bere kideen onura bilatu behar, elkartekoak ez diren beste batzuena baizik.
Bitarteko pertsonal eta material nahikoa eta antolamendu egokia izan behar dituzte, estatutuetan ezartzen diren xedeak beteko direla bermatzeko.
Haietako bakoitzak lan- edo zerbitzu-harreman baten bitartez kontratatuta dituen elkartekideen kopuruak ez du handia izan behar elkartekideen kopuru osoa kontuan hartuta.
Frogatu behar dute estatutuetako xedeak benetan eta eskuarki bete dituztela, inskribatzeko eskaera egin aurreko hiru urteetan gutxienez.
Haien gobernu-organoetako kideek doan bete behar dute kargua, inolako ordainsaririk jaso gabe. Dena den, ordainsari egokia jaso ahal izango dute gobernu-organoko kide izate hutsagatik dagozkien eginkizunez bestelako zerbitzuak egiteagatik.
Ekonomia-kudeaketa txukuna eta gardena egin behar dute.
Benetan egiten dituzten jarduerek egokiak izan behar dute bilatzen diren interes orokorreko xedeetarako.
Herri-onurakotzat aitortu diren elkarteek eskubide hauek izango dituzte:
Beren agiri guztietan "Eusko Jaurlaritzak herri-onurakotzat aitortua" aipamena erabiltzeko eskubidea.
Une bakoitzean indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskubide, onura eta salbuespenez –ekonomikoak, administratiboak, zergen arlokoak eta sozialak– gozatzeko eskubidea.
Doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea, berariazko legediak ezartzen dituen baldintzetan.
Entzunak izateko eskubidea, eragindako herritarrak biltzen edo ordezkatzen dituzten neurrian, bai elkarteen xedeekin lotura zuzena duten izaera orokorreko xedapenak prestatzerakoan, bai elkarteentzat garrantzi berezia duten planak eta programak prestatzerakoan, betiere elkarteoi entzuteko administrazio eskudunak ezartzen duen prozeduraren arabera.
– Herri-onurakotzat aitortu diren elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan; horrekin batera, ekitaldi horretan elkarteek burutu dituzten jarduerak deskribatzen dituen txosten bat ere aurkeztu behar dute.
– Urteko kontu horiek elkarteek duten ondarearen eta finantza-egoeraren irudi fidela eman behar dute, bai eta elkarteek izan dituzten sarrera publikoen eta pribatuen jatorria, zenbatekoa, erabilera eta aplikazioa islatu ere.
– Herri-onurako elkarteek, orobat, Herri Onurako Elkarteen Babesletzak beren jarduerei eta funtzionamenduari buruz eskatzen dizkien informazio eta agiri guztiak eman behar dizkiote babesletzari.
– Herri-onura diskrezionaltasunez aitortuko da, elkarteak aurrera eramandako xedeek eta jarduerek jasotzen duten balorazioaren arabera.
– Eusko Jaurlaritzak egingo du herri-onuraren aitorpena, Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsitako dekretu baten bidez. Dekretu-proposamena gaiaren arabera dagokien sailek eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura eta bai hartan sor daitezkeen auzi guztiak.
– Herri-onuraren aitorpena ezeztatu egin daiteke, Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez eta elkarteari entzun ondoren. Ezeztatu egingo da baldin eta ez bada egiaztatzen aitorpen hori ahalbidetu zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela, edo elkarte mota horrek dituen betebeharretan ez-betetze larri eta errepikatua gertatzen bada.
– Erregelamendu bidez garatuko da herri-onura aitortzeko prozedura eta, hala badagokio, aitorpen hori ezeztatzeko prozedura. Erregelamendu bidez ezarritako epea amaitzen bada eta ez badago ebazpen adierazirik, eskaera ezetsitzat joko da.
– Herri-onuraren aitorpenaren adierazpena eta ezeztapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
– Herri Onurako Elkarteen Babesletzak aholkua eta laguntza teknikoa emango die elkarteei, eta elkarteon jarraipena egingo du.
– Honakoak dira babesletzaren eginkizunak:
Inskribatuta dauden elkarteei aholkularitza eta informazioa ematea herri-onuraren aitorpena lortzeko beharrezkoak diren betekizunei eta prozedurari buruz, bai eta aitorpen horrek dituen ondorio guztiei buruz ere.
Herri-onura aitortzeko oinarri izan ziren betekizun guztiak benetan mantentzen direla zaintzea.
Elkarte horien izatearen, xedeen eta jardueren berri jendartean zabaltzea, gizarteak eta interesdunek ezagut ditzaten.
Elkarte horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean aurkeztu dituzten agiriak aztertzea eta agirion jarraipena egitea.
Herri-onurako elkarteei aplikagarri zaizkien funtsezko araudirako eta zerga-araudirako aldaketak bultzatzea herri-administrazio eskudunen aurrean, aldaketa horiek egitea komeni dela uste denean.
– Babesletza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak gauzatuko du, justizia arloan eskuduna den sailaren bitartez. Sail horrek lankidetza eta laguntza eskatu ahal izango die elkarteek diharduten sektorean eskumenak dituzten sailei.
– Elkarteek, beren xedeak hobeto lortzearren, federazioak era ditzakete, lurraldea edo sektorea oinarri hartuta. Federazioek, irizpide berberen arabera, konfederazioak era ditzakete elkarrekin batuz. Orobat, elkarteak libre dira beren artean edo beste edozein erakunderekin batzeko edo elkartzeko.
– Lege honetan elkarteei buruz jasotzen diren aipamenak, bai elkarteen eraketa eta funtzionamenduari buruzkoak, bai eta beste edozein aldiri buruzkoak ere, berdin ezarriko zaizkie federazioei, konfederazioei eta elkarteek era ditzaketen bestelako batasunei.
– Herritarrei herri-arazoetan parte hartzeko bidea emango dien herri-administrazioen eta elkarteen arteko lankidetza bermatzeko, elkarteen kontseilu sektorialak eratu ahal izango dira, jardute-eremu jakinetan kontsulta-, informazio- eta aholku-organo izan daitezen.
– Elkarteen kontseilu sektorialak herri-administrazioen eta elkarteen ordezkariek osatuko dituzte, eta gaian aditu direnak ere har ditzakete barnean.
– Kontseilu hauen sortzea, osaera, eskumenak, jarduera-araubidea eta behin betiko atxikitzea erregelamendu bidez eta sektore bakoitzerako erabakiko dira.
Legezko helburu jakin baterako dirua biltzeko xedearekin eske eta harpidetza publikoak, ongintzako ekitaldiak edo aldi baterako antzeko ekimenak sustatzen dituztenek erantzukizun pertsonal eta solidarioa izango dute, bildu dituzten kopuruen administrazioa eta erabilera direla-eta, diru hori lortzen lagundu duten pertsonen aurrean.
Euskal herri-administrazioek elkarteen jardute-eremuan planteatzen diren gatazkak ebazteko jardunbide estrajudizialak sortu eta erabiltzea bultzatuko dute.
Lege hau indarrean sartu aurretik eratu ziren elkarteek, lege honen kontrako klausularik badute beren estatutuetan, aldatu egin beharko dituzte estatutuok, urtebeteko epean, lege berrira egokitzeko.
Eusko Jaurlaritzak sei hilabeteko epean ordaindu beharko ditu elkarteei beren jardueretarako dagozkien diruzko eta bestelako laguntzak, eta epea laguntza horietarako deialdien oinarriak argitaratzen direnetik hasiko da kontatzen.
Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta ezartzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.
Laugarren xedapen gehigarria gehitzen zaio Euskal Autonomia Elkarteko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeari, honela idatzita:
"Laugarrena.– Pertsona juridiko publikoek eratutako fundazioak.
– Helburua.
Pertsona juridiko publikoek fundazioak eratu edo fundazioen eraketan parte hartu ahal izango dute, baldin eta partikularrek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek interes orokorreko jardueretan parte har dezaten bultzatzeko soilik badira eta baldin eta horrek ez badakar fundazioek bere gain hartzea ahalmen publikoen erabilera edo nahitaezko zerbitzu publikoen eskaintza.
– Sortzea eta iraungitzea.
Pertsona juridiko publikoek fundazioak eratzeko, baimena eman beharko du gobernu-organo eskudunak, kasuan kasuko erabakia hartu baino lehen, eta erakunde bakoitzean ogasunaren eta araubide juridikoaren arloan eskudunak diren organoek aldeko txostenak egin eta gero.
Pertsona juridiko publiko batek fundazio bat eratzeari edo fundazioan parte hartzeari buruzko espediente administratiboan, memoria bat sartu beharko da, besteak beste behar adina justifikatzeko zer dela-eta uste den hobeto lortuko direla interes orokorreko helburuak fundazio baten bitartez, indarrean dagoen legerian jasotako beste forma juridiko publiko edo pribatu batzuen bitartez baino.
Espediente horretan memoria ekonomiko bat ere erantsi beharko da, iritzia emateko ea hasieran aurreikusitako zuzkidura behar adinakoa den, bai eta fundazioaren jarraipena bermatzeko beharrezkoak diren etorkizuneko aurrekontu-konpromisoei buruzko iritzia emateko ere. Espedientean, gainera, estatutuen zirriborro bat ere erantsiko da, aldez aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren oniritzia jasota.
– Lege-araubidea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak eta pertsona juridiko publiko bakoitzaren kontratazio eta funtzio publikoko organo eskudunek zainduko dute fundazio horiek egindako kontratazioak kontratu publikoei buruzko legeriari atxikitzen zaizkiola, bai eta nolanahi ere publizitate- eta lehia-printzipioei ere. Orobat zainduko dute berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioei jarraituko zaiela langileak aukeratzeko deialdietan.
Zuzenean nahiz zeharka merkataritza- edo industria-jarduerak egiten dituzten pertsona juridiko publikoek eratuta daudenean edo horiek partaide dituztenean, fundazioek lehia askearen printzipio eta arauei jarraiki jardungo dute.
– Erakunde instrumentalek eratutako fundazioak.
Xedapen gehigarri hau aplikagarri izango zaio merkataritza-sozietateek fundazioak eratzeari edo fundazioetan parte hartzeari, baldin eta sozietate horien kapital sozial gehiena pertsona juridiko publiko batena edo batzuena bada. Era berean, aplikagarri izango zaio, oro har, pertsona juridiko publiko horien beste edozein erakunde instrumentalek fundazioak eratzeari edo fundazioetan parte hartzeari".
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko ekainaren 27a.
Lehendakaria,
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (6)
- Aldatzen du: 12/1994 LEGEA, ekainaren 17koa, Euskal Autonomi Elkarteko Fundazioei buruzkoa.
- Ikus: AGINDUA, 2018ko apirilaren 12koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez zehazten eta onartzen baitira formatu digital edo telematikoko zenbait inprimaki, fundazioek eta onura publikoko elkarteek erabil ditzaten, urteko kontua
- Garatutakoa: 145/2008 DEKRETUA, uztailaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duena.
- Ikus: 151/2016 DEKRETUA, azaroaren 2koa, Donostiako Asociación Arrats: prevención, atención y resocialización integral de colectivos desfavorecidos elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.
- Garatutakoa: 146/2008 DEKRETUA, uztailaren 29koa, Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duena.
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, ondoko legearena: "7/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa".
Eskumenak eta transferentziak (3)
- 44/1981 DEKRETUA, martxoaren 23koa (Dekretu horren bidez, Estatuak honako arlo hauetan zituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen: kultura arloko funda
- 75/1986 DEKRETUA, urtarrilaren 28koa (Dekretu horren bidez, Transferentzien Bitariko Batzordeak elkarteen arloan 1985eko azaroaren 28an hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).
- 293/1994 DEKRETUA, uztailaren 12koa (Dekretu horren bidez, elkargo ofizialen eta profesionalen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak 1994ko maiatzaren 31n hartutako erabakia