Arautegia
Inprimatu10/2006 LEGEA, abenduaren 29koa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 4
- Hurrenkera-zk.: 55
- Xedapen-zk.: 10
- Xedapen-data: 2006/12/29
- Argitaratze-data: 2007/01/05
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak 10/2006 Legea, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
10/2006 Legea, abenduaren 29koa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoari buruzkoa.
Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduan (nekazaritza-ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetan ekoizpen mota hori adierazteko moduari buruzkoa) nekazaritza ekologikoaren bidezko produktuak ekoitzi, landu, biltegiratu, merkaturatu eta hirugarren herrialde batzuetatik merkaturatzeko inportatzeari buruzko arauak daude jasota, eta baita modu ekologikoan ekoizteko metodoari buruzko adierazpenak ere. Horrekin batera, ekoizle, produktugile, biltegiratzaile, merkatari eta inportatzaileek, nekazaritza eta abelazkuntza ekologikoko produktuak ekoitzi nahi izanez gero, zein kontrol-neurriren menpe egongo diren ere zehazten du, hain zuzen ere agente ekonomiko horiek Europako araudietan ezarritako ekoizpen-arauak errespetatuko dituztela eta baimendutako produktuak baino ez dituztela erabiliko bermatzeko.
Europako Kontseiluaren 1999ko uztailaren 19ko 1804/99 (EEE) Erregelamenduak aurreko erregelamendu horretako araudia osatu zuen, animalien produkzioak ere barnean hartu baitzituen, eta ekoizteko modu ekologikoari buruzko adierazpenak erabiltzearen inguruko arau batzuk ere finkatu zituen.
Bestalde, irailaren 24ko 229/1996 Dekretuak produktuen ekoizpen, lantze eta merkaturatzea arautu zuen, eta baita Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortu ere, Industria, Nekazaritza eta Arrantza Saileko kide anitzeko organo gisa: nekazaritza ekologikoaren arloan aholku ematea eta lankidetza eskaintzea ditu eginkizun. Kontseilu hori Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren menpe dago organikoki eta hierarkikoki, zuzendaritza horren eskumena baita Euskal Autonomia Erkidegoan kontrol-lana egitea, hau da, Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren 9. artikuluan aipatzen diren kontrol-neurriak eta kontrol-sistema ezartzea.
Kontseiluaren urteotako esperientziak eta jarduteko aukera murritzek garbi utzi dute kontseilu horren hezurdura juridikoa aldatu beharra dagoela. Kontseiluaren araubide juridikoa aldatu behar horrek badu beste asmo bat oinarrian: hain zuzen ere, nekazaritza ekologikoaren sektorea egokitzea, kontseiluari garrantzi eta zeresan handiagoa ematearren (eta, bidenabar, baita kontseilu horretan ordezkaritza duten sektoreei ere) eta Administrazioaren esku honako eginkizun hauek besterik ez uztearren: kontseiluaren jarduna bera ikuskatu eta zaintzea eta jardun hori lege honetan ezarritako betekizunak eta helburuak betetzera zuzentzen denetz ikuskatu eta zaintzea. Horrela, bada, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua sortu da: zuzenbide publikoko korporazio gisa sortzen da, berezko nortasun juridikoa, autonomia ekonomikoa eta jarduteko gaitasun osoa dituela, Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/1991(EEE) Erregelamenduak ezarritako araubideari dagozkion eginkizunak betetzeko (erregelamendu hori nekazaritza-ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetan ekoizpen mota hori adierazteko moduari buruzkoa da). Langile propioak izango ditu, Administrazioarekiko loturarik gabekoak, eta bere ondarea, Kode Zibilaren 39. artikuluan xedatutakoa betez, kontseiluaren araudian aurreikusitako helburuetarako erabiliko da. Kontseiluaren jarduera, orokorrean, zuzenbide pribatuaren araberakoa izango da, non eta ez diren funtzio publikoari dagozkion jarduerak burutu beharko, kasu horretan Administrazio Zuzenbidearen menpe egongo baita. Jardun horiei dagokienez, Administrazioak ikuskatze- eta zaintze-eginkizunak izango ditu bere esku: hain zuzen ere, kontseilu horren jarduera ez ezik, jarduera hori indarrean den araudiak ezarritako betebeharrak eta helburuak betetzeari egokitzen ote zaion ere ikuskatu eta zainduko du.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua ondorengoek osatzen dute: kontseiluburuak, kontseiluburuordeak eta honako hauen guztien ordezkariek: ekoizpen-ustiategien jabeen ordezkariek, produktuak lantzen dituzten enpresen ordezkariek, merkaturatzaileen eta inportatzaileen ordezkariek, kontsumitzaileen elkarteen ordezkariek eta Euskadiko Nekazaritza Ekologikoko Elkarteen Federazioaren ordezkari batek. Bestalde, kontseiluaren zuzendariak idazkari-lana egingo du. Kontseilua nortzuk osatuko duten eta zein eginkizun izango dituen araudi bidez zehaztuko da, baina kontuan izanda lege honetako artikuluetan gai horiei buruz zer esaten den. Bestalde, kontseiluaren finantza-baliabideak lege honetako 13. artikuluan ezarritakoak izango dira.
Zehapen-prozedurari dagokionez, arau-hauste eta zehapenen erregimena ondorengo arauetan ezarritakoa izango da: abenduaren 22ko 6/2003 Legean ezarritakoa, (Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoa); ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuan ezarritakoa (kontsumitzaileen defentsaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren alorreko arau-hausteak eta zehapenak arautzen ditu); eta maiatzaren 7ko 5/2004 Legean ezarritakoa (mahastizaintza eta ardogintza antolatzen ditu). Era berean, aurreko horiek osatu edo aldatzen dituen beste edozein xedapen ere bete beharrekoa izango da.
– Lege honen xedea nekazaritza eta elikadura ekologikoaren arautze eta kontrol-araubide bat ezartzea da, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen- eta geografia-esparruaren barruan.
– Aurreko idatz-zatian aipatutako arautzearen eta kontrol-erregimenaren menpe egongo dira Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduak (ekoizpen ekologikoa arautzen du, bai eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetan ekoizpen mota hori adierazteko modua ere) 1. artikuluan aipatzen dituen produktuetakoren bat ekoitzi, landu, biltegiratu, merkaturatu edo inportatzen dituzten operadore guztiak.
– Europako araudietan ekoizpenari, produktuak lantzeari, inportazioari eta merkaturatzeari buruz ezarritakoa betetzen dela bermatzeko xedearekin, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua sortu da lege honen 4. artikuluaren bitartez.
– Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren 1. artikuluan aipatzen diren produktuetakoren bat Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten, lantzen, merkaturatzen edo beste herrialde batzuetatik inportatzen duten operadoreek izena emanda eduki beharko dute operadoreen erregistroan; Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak kudeatuko du erregistro hori. Operadoreek kontseilura bidali beharko duten jakinarazpenean, goian aipatutako erregelamenduaren IV. eranskinean zehazten diren datuak jaso beharko dituzte. Horrekin batera, izandako aldaketa guztien berri eman beharko diote kontseiluari.
– Hona hemen zein atalez egongo den osatuta operadoreen erregistroa:
Nekazaritzako ekoizpen-unitateen jabe diren operadoreen atala.
Produktuak lantzen dituzten enpresen jabe diren operadoreen atala.
Beste herrialde batzuetatik produktuak inportatzen dituzten enpresen jabe diren operadoreen atala.
Produktuak merkaturatzen dituzten enpresen jabe diren operadoreen atala.
Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren 1. artikuluan aipatzen diren produktuetakoren bat ekoizten, lantzen, biltegiratzen, merkaturatzen edo beste herrialde batzuetatik inportatzen duten operadoreek honako eskubide eta betebeharrak izango dituzte:
Eskubideak:
Ekoiztea eta/edo lantzea beren produktuak Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduan edo xede horretarako aplikatu behar diren gainerako xedapen gehigarrietan ezarritako ekoizpen-arauei jarraituz.
Nekazaritzari buruzko aipamenak erabili ahal izatea indarrean dauden arauak betetzen dituzten produktuetan; arau horiek ekoiztean, lantzean, merkaturatzean eta inportatzean bete behar dira.
Kontseiluan dena delako sektore horren ordezkari hautatua izateko eskubidea, edo ordezkaria hautatzekoa.
Nekazaritzako eta elikadurako produktu ekologikoak sustatzeko eta jendartean ezagutarazteko kanpainetan parte hartzeko eskubidea.
Betebeharrak:
Beren enpresa kontrol-araubidearen pean jarri beharko dute eta kontrol horrek eragindako gastuak ordaindu beharko dituzte.
Kontseiluak ezarriko duen kuota ordaintzea.
Kontseiluaren akordio bidez hartutako erabakiak eta jarraibideak betetzea.
Beren jarduera hori aurrera eramateko legez ezarritako betebehar oro bete beharko dute, edozein motatakoa dela ere.
– Europako araudietan produktuak ekoizteari, lantzeari, inportatzeari eta merkaturatzeari buruz ezarrita dauden arauak betetzen direla bermatzeko xedearekin, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua sortu da.
– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua horrela sortu da: zuzenbide publikoko korporazio gisa, berezko nortasun juridikoa, autonomia ekonomikoa eta jarduteko gaitasun osoa dituela, Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/1991 (EEE) Erregelamenduak ezarritako araubideari dagozkion eginkizunak betetzeko (araubide horrek nekazaritzako ekoizpen ekologikoa arautzen du, bai eta nekazaritza- eta elikagai-produktuetan nekazaritza mota horren adierazpena nola egin ere).
– Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren jarduera, orokorrean, zuzenbide pribatuaren araberakoa izango da, ondorengo jardueretan izan ezik: indarrean dagoen legerian zehaztutako erregistroetan alta ematea, Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/1991 zk.ko (EEE) Erregelamenduak ezarritako kontrol-sistema betetzen dela egiaztatzea eta zehatzeko ahalaz baliatzea lege honek zehaztutako zehapen-erregimenaren baitan; azken kasuotan administrazio-zuzenbidearen menpe egongo da.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritza arloko eskumenak dituen sailak kontseiluaren eskuetan utzi ahal izango ditu beste funtzio publiko batzuk aurrera eramateko eginkizunak, helburuak lortzeko beharrezkoa bada, baina Administrazioaren gainbegiratze-lana egingo du, kasuan kasuko zuzendaritzaren bidez.
– Administrazio-zuzenbidea bete behar duten kontseiluaren egintzen aurka errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritza arloko eskumenak dituen saileko kasuan kasuko organoaren aurka, beti ere administrazio-prozedurako arauetan ezarritako epe eta baldintzak beteta.
– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren jarduera-eremua Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren 1. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen diren eta ekoizpen modu ekologikoari buruzko adierazpenak dituzten nekazaritza- eta elikagai-produktuetakoren bat ekoitzi, landu, biltegiratu, merkaturatu edo beste herrialde batzuetatik inportatzearekin zerikusia duen guztia da.
– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoak bere jarduna egiterakoan ezin izango du alde batera utzi bere jardun-esparruaren gainean nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko xedapen espezifikoak ez diren arauetan ezarritakoa.
– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren lurralde-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.
– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluan ondorengo arloetan diharduten operadore hauek guztiak sartuko dira: Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren 1. artikuluan aipatzen diren produktuetakoren bat ekoitzi, landu, biltegiratu, merkaturatu edo beste herrialde batzuetatik inportatzen dihardutenak.
– Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduan (nekazaritza-ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetan ekoizpen mota hori adierazteko moduari buruzkoa) ezarritako erregimena dela-eta sortutako eginkizunak betetzeaz gainera, kontseilua aholkuak emateko eta lankidetzarako organoa ere badenez EAEko Administrazio orokorrarentzat, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ondorengo eginkizunak ere izango ditu:
Nekazaritzako produktu eta elikagai ekologikoak kontrolatu eta egiaztatzea, eta, horretarako, UNE-EN 45011 arauan zehaztutako betekizunak bete beharko ditu. Kontrol hori zuzenean edo beste erakunderen bat kontratatuta eraman ahal izango da aurrera, baina erakunde horrek ere gorago aipatutako arauari dagokionez akreditatua izan beharko du.
Zehatzeko ahala gauzatzea, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.
Nekazaritzaren arloko eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren sailari nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren arau teknikoen multzoa eta barne-erregimeneko erregelamendua proposatzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko; azken erregelamendu horrek, beste batzuen artean, ondorengoak zehaztuko ditu: langile propioak eta ondarea. Aurreikusitako helburuak eta Kode Zibilaren 39. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute horiek guztiek.
Lege honetako eta barne-erregimeneko erregelamenduko xedapenetan esaten dena bete eta betearaztea.
Ekoizpen ekologikoko sistemen ezagutza eta aplikazioa jakinaraztea, baita ekoizpen ekologikoaren bidez lortzen diren produktuena ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritzaren arloko eskumenak dituen sailari ekoizpen ekologikoaren inguruko proposamen eta jarraibideak ematea.
Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren 1. artikuluan aipatzen diren produktuetakoren bat ekoitzi, landu, biltegiratu, merkaturatu edo beste herrialde batzuetatik inportatzearen inguruan aldaketaren bat sortzen bada, horren berri ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritzaren arloko eskumenak dituen sailari. Jakinarazpenean erregelamendu horren IV. eranskinean zehazten diren datuak ere jaso beharko dira.
Kontseiluko lehendakari eta lehendakariorde karguak beteko dituzten pertsonak nortzuk izango diren jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritzaren arloko eskumenak dituen sailari, izenda ditzan.
Bere eginkizunak aurrera eramateko langileak hautatu, kontratatu, kargutik kendu edo karguan berrestea.
Kontseiluko kide bihurtzen diren operadoreek urtero ordaindu beharko duten kuota zehaztea, eta baita lege honetako 13.a) artikuluan aipatzen den diru-baliabidea zehaztea ere, kudeatzeaz gainera.
Nekazaritzako eta elikadurako produktu ekologikoak kontsumitzea eta horien berri ematea sustatzea.
Operadoreen erregistroa kudeatzea.
Kontseiluaren aurrekontuko diru-sarrerak eta -irteerak kudeatzea.
– Aurreko paragrafoan zehaztutako eginkizunak dena delakoak izanik ere, Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren eginkizuna izango da bertako kideei zerbitzua eskaintzea, beren jardunerako behar dituzten lan-aholkuak ere barne, eta beren interes ekonomiko eta korporatiboak defendatzea. Ongi bereizi behar dira kudeaketako eginkizunak eta nekazaritzako produktu eta elikagaien kontrola eta egiaztatzea.
– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua honela osatuta egongo da:
Lehendakaria.
Lehendakariordea.
Hiru kide, ekoizpen-ustiategien jabe direnen ordezkari.
Hiru kide, produktuak egin, inportatu eta/edo merkaturatzen dituzten enpresen jabe direnen ordezkari.
Kide bat, kontsumitzaileen elkarteen ordezkari.
Kide bat, Nekazaritza Ekologikoko Euskadiko Elkarteen Federazioaren ordezkari.
– Kontseiluaren bileretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritza arloko eskumenak dituen sailaren hiru ordezkarik, gehienez, eta foru-aldundi bakoitzeko ordezkari batek egoteko aukera izango dute. Kontseiluaren zuzendariak ere parte hartuko du bilerotan. Horiek guztiek hitz egiteko aukera bai, baina ez dute botorik izango.
– Kontseiluak lan-batzordeak sortzeko aukera izango du, aldi baterako zein amaiera-epe jakinik gabe. Batzorde horiek sortzeko akordioetan, zehazki zein eginkizun izango duten agertu beharko da.
– Ekoizpen-ustiategien, enpresa produktugileen, merkaturatzaileen eta inportatzaileen ordezkarien artetik hautatuko dute kontseiluaren lehendakaria.
– Eginkizun hauek izango ditu kontseiluaren lehendakariak:
Kontseilua ordezkatzea.
Kontseiluaren bileren deialdia egitea, eta bilerak eta eztabaidak bideratzea.
Berdinketen kasuan, kalitateko botoaz baliatzea.
Zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea, lege honetako 15. artikuluan xedatutakoaz bat.
Operadoreek erregistroetan izena ematea eskatuz gero, baiezkoa edo ezezkoa ematea erabakitzea.
Kontseiluak ematen dizkion eginkizun guztiak.
Kontseiluaren lehendakariordea lehendakariaren modu berean hautatuko dute, eta ondorengo eginkizunak izango ditu:
Lehendakariarekin elkarlanean aritzea egitekoak aurrera eramateko orduan.
Lehendakariak berariaz bere eskuetan jarritakoeginkizunak aurrera eramatea; dena den, zehapen-espedienteez ezin izango du ebatzi lehendakariordeak, eskumen hori ezin baitu lehendakariak beste inoren esku utzi.
Lehendakaria ordezkatzea, kargua hutsik geratu, lehendakaria kanpoan izan edo gaixorik dagoenean.
– Bokalak operadoreen ordezkariak izango dira, eta demokratikoki aukeratuko dituzte azpisektore bakoitzean, kontseiluko kide diren enpresa produktugile, merkaturatzaile eta inportatzaileen artetik.
– Kontsumitzaileen elkarteen ordezkariak elkarte desberdinen arteko akordioaren bidez izendatuko dira.
– Hauteskunde-sistema barne-erregimeneko erregelamenduak zehaztuko du. Kasu guztietan, kontseiluko bokal bakoitzaren ordezko bat izendatu beharko da; titularra hautatzeko sistema bera erabiliko da horretarako, eta ordezkatu behar duen pertsonaren sektore berekoa izango da.
Zuzendaria kontseiluak izendatuko du, eta ondorengo eginkizunak izango ditu:
Kontseiluak emango dituen zerbitzuak antolatzea.
Kontseiluan lanean dihardutenen zuzendaria izatea.
Ikuskatze- eta egiaztatze-lanak koordinatu eta horien jarraipena egitea.
Kontseiluaren kudeaketa ekonomikoaz arduratzea, aurrekontuen aurreproiektua eta jardueren txostena eginez.
Kontseiluaren baitako lan tekniko, burokratiko eta barne-erregimenekoak zuzendu eta aurrera eramatea: langileen arlokoak, ondarearen arlokoak eta baliabide material eta finantzieroei buruzkoak.
Kontseiluaren idazkari izatea, eta ondorengo eginkizunak izango ditu:
– Kontseiluaren lanak prestatu eta akordioak betearazteko izapideak egitea.
– Lehendakariak agindutako deialdiak bideratzea, bileretara joatea, aktak idaztea eta hartutako akordioen egiaztagiriak egitea, lehendakariaren oniritzia jasota.
– Zehapen-espedienteen izapideak egitea, lege honetako 15. artikuluan xedatutakoaz bat.
– Kontseiluaren lehendakariak ematen dizkion eginkizun guztiak.
Kontseiluak ematen dizkion eginkizun guztiak.
– Egiaztapen-lanak kontrolatzeko eginkizuna duen lan-taldea da Egiaztapenen lantaldea, eta baita egiaztapenen prozesua inpartzialtasun eta independentziaz burutuko dela ziurtatuko duena. Gehienez ere zortzi teknikarik osatuko dute, nekazaritza ekologikoaren arloko esperientzia eta gaitasun teknikoa izan beharko dute eta aholkulari aditu independente ospetsuen laguntza ere eskatzeko modua izango dute, lantaldearen lana aurrera eramateko beharrezkoa irizten diotenean.
– Egiaztapenen lantaldearen txostenak kontseiluan aurkeztu beharko dira, kontseiluak erabaki dezan.
– Egiaztapenen lantaldearen funtzionamendua barne-erregimeneko erregelamenduan arautuko da.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak baliabide hauek izango ditu finantzazioaren arloan:
Kontseiluan izena emanda dauden operadoreek ordaindutako kontribuziotik jasotako kopuruak; kontribuzio hori Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 Erregelamenduan (EEE) aurreikusitako kontrol-gastuen ondoriozkoa izango da, eta gastuok izaera publikoko ondare-prestaziotzat hartuko dira.
Zergapeko egitatea.
Diru-sarrera horren zergapeko egitatea ondorengo zerbitzuak eskaintzea izango da, dela ofizioz zein interesatuak eskatuta:
– Produktuak ekoitzi, landu, biltegiratu, beste herrialde batzuetatik inportatu edo merkaturatzen dituzten nekazaritzako enpresen espedienteak izapidetzea eta enpresa horiek erroldan jasotzea. Atal honen barruan gai hauei buruzko espedienteak izapidetzea sartzen da: berrikuntzak egin, handitu, lekualdatu, makinak ordezkatu, titularitatea aldatu edo titularraren izena aldatzearekin zerikusia duten espedienteak. Era berean, indarrean dagoen legeria betetzen dela ikuskatzea, egiaztatzea eta kontrolatzea ere horren barruan sartzen da.
– Babestutako adierazpenak erabiltzeko eskubidea duten produktuen egiaztagiriak, zirkulazioko paperak, etiketak edo kontraetiketak eta bisatuak ematea. Indarrean dagoen legeria betetzen dela ikuskatzea, egiaztatzea eta kontrolatzea ere horren barruan sartzen da.
Subjektu pasiboa.
Diru-sarrera honen subjektu pasiboak zergapeko egitatea diren zerbitzuak jasotzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izango dira.
Sortzapena.
Diru-sarrera honen zergapeko egitatea diren jarduerak, hau da, 1. multzokoak, lehenengo inskripzioa egiten den unean edo ondorengo arloetako enpresen espedienteak izapidetzean sorraraziko dira: produktuak ekoitzi, landu, biltegiratu, beste herrialde batzuetatik inportatu edo merkaturatzen dituzten nekazaritzako enpresen espedienteak izapidetzean.
Diru-sarrera honen zergapeko egitatea diren 2. multzoko jarduerak, babestutako adierazpenak erabiltzeko eskubidea duten produktuen egiaztagiriak, zirkulazioko paperak, etiketak edo kontraetiketak eta bisatuak ematean sorraraziko dira.
Dena den, eskabidea egiten den unean ordaintzeko eskatu ahal izango da.
Kuota eta likidazioa.
Kuota zenbatekoa izango den eta noiz likidatuko den Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak zehaztuko ditu.
Kontseiluko kide bihurtutako operadoreek ordaindutako kuoten zenbatekoa.
Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura urtero ezartzen diren aurrekontuetako diru-esleipenak, baita kontseiluaren aldeko beste diru-laguntzak ere, Administrazio publikoek halakorik erabakitzen badute.
Lege honetako 14. artikuluan zehaztutako zehapenak kobratzetik jasotako zenbatekoak. Zehapenak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira, eta, beraz, zuzenbide publikoko gainontzeko diru-sarreren erregimen beraren menpe egongo dira.
Dohaintzak, legatuak, laguntzak eta legokiokeen beste edozein baliabide.
Kontseiluari edo kontseiluak ordezkatzen dituen interesei eragindako kalteengatik kalte-ordain gisa jasotako kopuruen zenbatekoa.
Bere ondarearen errenta eta etekinak.
Edozein titulu dela eta berari dagozkion gainontzeko baliabide guztiak.
– Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamenduan (nekazaritza-ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetan ekoizpen mota hori adierazteko moduari buruzkoa) nekazaritza ekologikoaren bidezko produktuak ekoitzi, landu, biltegiratu, merkaturatu eta hirugarren herrialde batzuetatik inportatzeari buruzko arauetan esaten dena ez betetzeagatik izango diren arau-hausteak eta horiei dagozkien zehapenak ondorengo lege edo arauetan jasotakoak izango dira: lege honetan bertan jasotakoak, abenduaren 22ko 6/2003 Legean jasotakoak (Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoa), ekainaren 22ko 1945/1983 Dekretuan jasotakoak (kontsumitzaileen defentsaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren alorreko arau-hausteak eta zehapenak arautzen ditu), edo hori guztia osatu edo aldatzen duten beste xedapen batzuetan jasotakoak.
– Maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen ezarpen-eremuaren baitan sartzen diren produktu ekologikoei dagokienez (mahastizaintza eta ardogintza antolatzen ditu), lege horretan bertan eta uztailaren 10eko 24/2003 Legean (mahasti eta ardoei buruzkoan) aipatzen diren arau-hauste eta zehapenak ezarriko dira.
– Barne-erregimeneko erregelamenduak zehaztuko du kontseiluan sartzen diren operadoreek zein erregimen izango duten arau-hauste eta zehapenen arloan, kontseiluko kide izateak dakartzan betebeharrak ez betetzeagatik.
– Zehapen-prozeduran, ondorengo legeek esaten dutena beteko da: lege honek dioena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak IX. tituluan dioena (baina urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak egindako aldaketen arabera); eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen Zehapen-eskumenei buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak dioena.
– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua izango da aurreko artikuluan aipatzen diren arau-hausteak direla-eta zehapen-prozedura hasi eta horretaz ebazteko eskumena izango duen organoa. Zehapen-prozeduraren izapideak egiteko eskumena kontseiluko idazkariarena da. Espediente horiek lehendakariak hasi eta ebatziko ditu.
– Aurreko artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan aurreikusitako arau-hausteen ondorioz hasitako zehapen-prozedurak ebatzitakoan, ebazpen horien aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritza arloko eskumenak dituen organoan, administrazio-prozedurarako arauek ezarritako epe eta baldintza berdinen pean. Aurreko artikuluko 3. paragrafoan aipatzen diren arau-hausteak direla-eta hasitako zehapen-prozeduren kasuan, ebatzi eta gero, artikulu horretan bertan barne-erregimeneko erregelamenduaz esaten dena hartuko da kontuan.
Kudeaketa-batzordea izango da Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko kideak aukeratzeko lehen hauta-prozesua aurrera eramateko ardura izango duena, eta baita kontseilua lanean jartzeko egin beharreko kudeaketa-lan guztiak abiaraziko dituena.
Kudeaketa-batzorde hori bertan behera geratuko da hauta-prozesua burutu eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko kideak izendatzen dituztenean.
Egiaztapenen behin-behineko lantalde hori iraungiko da 12. artikuluaren 3. paragrafoak aurreikusitako barne-erregimeneko erregelamendua indarrean jarri eta 12. artikuluaren 1. paragrafoak aurreikusitako egiaztapenen lantaldeko kideak izendatzearekin.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduaren 29a.
Lehendakaria,
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (6)
- Garatutakoa: AGINDUA, 2009ko abenduaren 17koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne erregimeneko erregelamendua argitaratzea agintzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 2016ko ekainaren 7koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; horren bidez, untxi-hazkuntzara zuzendutako Euskadiko nekazaritza-ekoizpen ekologikorako Arau Tekniko Espezifikoa argitaratzeko agindu da.
- Garatutakoa: AGINDUA, 2010eko maiatzaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, barraskiloen ekoizpenerako Euskadiko nekazaritza ekoizpen ekologikoaren arau teknikoak argitaratzeko dena.
- Partzialki indargabetzen du: 13/1998 LEGEA, maiatzaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzkoa.
- Ikus: 629/2009 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Partzialki indargabetzen du: 229/1996 DEKRETUA, irailaren 24koa, Euskal Autonomi Elkartean nekazaritza ekologikoa, eta bere produktuen elaborazioa eta merkaturatzea arautzeko, eta Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua eratzeko dena.
Eskumenak eta transferentziak (8)
- 457/1994 DEKRETUA, azaroaren 29koa (Dekretu horren bidez, nekazaritzako elikagaien kalitatea babesteko eginkizun eta zerbitzuak eta iruzurraren aurkako defentsaren arlokoak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Eskualdaketen Batzorde Mistoak 1
- 186/1985 DEKRETUA, ekainaren 11koa (Dekretu horren bidez, nekazaritza-arloan aurretik eskualdatu ziren hainbat zerbitzuren laguntza-unitateak eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak 1985eko martxoaren 25ean hartutako erabakia argitaratzea
- 226/1982 DEKRETUA, abenduaren 6koa (Dekretu horren bidez, eraldaketako nekazaritza-sozietateen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi z
- 9/1981 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa (Dekretu horren bidez, landareen osasunaren arloko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).
- 187/1985 DEKRETUA, ekainaren 11koa (Dekretu horren bidez, hazien eta mintegiko landareen arloan Transferentzien Bitariko Batzordeak 1985eko martxoaren 25ean hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).
- 84/1981 DEKRETUA, uztailaren 15ekoa (Dekretu horren bidez, abeltzaintzaren garapenaren arloko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).
- 123/1981 DEKRETUA, azaroaren 17koa (Dekretu horren bidez, landareen ekoizpenaren arloko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).
- 8/1981 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa (Dekretu horren bidez, jatorrizko deituren arloko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).