Arautegia
Inprimatu8/2006 LEGEA, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Kooperatiben Legearen bigarren aldaketarena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 238
- Hurrenkera-zk.: 6244
- Xedapen-zk.: 8
- Xedapen-data: 2006/12/01
- Argitaratze-data: 2006/12/15
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Ekonomia
Deskribapenak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak 8/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Kooperatiben Legearen bigarren aldaketarena, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko uztailaren 19ko 1606/2002 Erregelamenduari jarraiki, nazioarteko kontabilitate-arauak Europar Batasunean aplikatzea erabaki zen. Arau horietarik gehienak geroago onartu egin ziren, Batzordearen 2003ko irailaren 29ko 1725/2003 Erregelamenduaren bidez.
International Accounting Standards Board (IASB) erakundeak, berriki, 32. nazioarteko kontabilitate-araua berrikusi du, finantza-tresnei buruzkoa; gainera, kooperatibetako bazkideen ekarpenei nazioarteko kontabilitate-arau hori aplikatzeari buruzko interpretazioa eman du Finantza Informazioko Nazioarteko Arauak Interpretatzeko Komiteak (IFRIC 2), eta Batzordeak 2237/2004 eta 1703/2005 erregelamenduen bitartez onartu ditu, hurrenez hurren, berrikuspena eta interpretazioa. Hori dela eta, ezingo dira baliabide propiotzat hartu kooperatiben baltzu-kapitalari egiten zaizkion ekarpenak, nahitaezkoak zein borondatezkoak, bazkideek ekarpen horiek berreskuratzeko eskubide baldintzagabea baitute.
2005eko urtarrilaren 1az geroztik, nazioarteko arau horiek kreditu-kooperatibei aplikatzen zaizkie, eta, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, merkatu araupeturen batean kotizaziorako onartutako errenta finkoko balioak jaulki dituzten kooperatibei aplikatuko zaizkie. Era berean, ziur aski hemendik lasterrera gainerako kooperatibei aplikatuko zaizkie, kontuan izanik kontabilitate-arloko merkataritza-legeria eraberritu eta egokitzeko aurreproiektu bat dagoela, Europar Batasunaren arauetan oinarritutako nazioarteko harmonizatzea gauzatzeko.
Kontabilitate-arau horiek zuzenean talka egiten dute Euskadiko Kooperatiben Legearen 63. artikuluaren oraingo egituraketarekin (artikulu horrek bazkideek beren ekarpena berreskuratzeko eskubide eztabaidaezina araupetzen du), eta horrek, artikuluaren idazkera bere horretan mantenduz gero, eragin larriak izango lituzke kooperatibek hirugarrenen aurrean duten kaudimen-irudian, eta, era berean, ondorioak kooperatiben ekonomia-jardueraren garapenerako.
Hortaz, beharrezkoa da bazkideen berreskurapen-eskubidea kontabilitate-irizpide berriekin harmonizatzea. Horrela, euskal kooperatibetan, bazkideek baltzu-kapitalari egiten dizkioten nahitaezko eta borondatezko ekarpenak egiazki baliabide propio gisa kontabilizatu ahal izango dira, kooperatiben balio eta hastapenei eragin gabe eta Euskadiko Kooperatiben Legearen espirituari erasan gabe.
Lege-aldaketa honi esker, kooperatiba bakoitzak erabaki dezake, hala nahi badu, baltzu-estatutuetan aurreikustea baltzu-kapitalari egindako ekarpen ez-galdagarri baina kooperatibaren erabakiz berreskuragarri diren ekarpenak egoteko aukera. Horrek aukera emango du bazkideen ekarpenak baliabide propio gisa kontabilizatzeko.
Ildo beretik, Euskadiko Kooperatiben Legearen 57. artikuluaren idazkera berrian, Batzar Orokorrari dagokio ekarpen galdagarriak nahitaez ez-galdagarri bihurtzearen gaineko erabakia, eta, bihurketa horrekin ados ez badaude, kooperatiba uzteko eskubidea ematen zaie bazkideei. Eskubide horretaz baliatzea, gainera, bidezko bajatzat hartuko da.
Era berean, 57. artikuluan (1.bis paragrafoan) beste aukera bat eskaintzen da, baltzu-estatutuek hala aurreikusten badute, baltzu-kapitalaren ehuneko bat baliabide propioa izango dela ziurtatzeko, eta, horren arabera, ehuneko hori gaindituz gero, gainerako berreskurapenak egiteko, Artezkaritza Kontseiluaren aldeko erabakia beharko da.
Jarraian, berreskuratzeko eskatu eta kooperatibak berreskurapena ezetsi duen ekarpenen titularrentzako berme batzuk araupetzen dira, ordainketaren eta baltzuaren ondasunetan duten parte-hartzearen inguruan. Beraz, titular horiek lehentasunezko ordainsari bat bermatuta daukate balioari dagokionez, baldin eta kooperatibak beste ekarpen batzuk ordaindu edo itzulkinen bat banatu nahi badu; kooperatibaren desegitea gertatuz gero, berriz, bazkideen aurretik parte hartuko dute baltzuaren ondasunetan.
Azkenik, beste aukera hau ere ageri da: estatutuetan araupetu ahal izango da bazkide berrien ekarpenak beste ekarpen batzuk –kooperatibak ezetsi dituen berreskurapenak, alegia– eskuratzeko erabiliko direla. Era berean, Euskadiko Kooperatiben Legearen beste xedapen batzuen idazkera zehazten da, aldatutako artikuluen idazkera berriarekin bat etorriz.
Azaldutako guztiagatik, Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari kooperatiben arloan egozten dion eskumen esklusiboaz baliatuz, Euskadiko Kooperatiben Legearen 57, 60, 62, 63, 94 eta 103. artikuluak aldatzen dira.
Lehen artikulua.– Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57.1 artikulua. Baltzu-kapitala.
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57.1 artikuluak honako idazkera hau izango du:
"1.– Kooperatibaren baltzu-kapitala bazkideek kapital horri egiten dizkioten ondare-ekarpenek, nahitaezkoek edo borondatezkoek, osatuko dute. Ekarpenok honelakoak izan ahal izango dira:
Baja gertatuz gero berreskuratzeko eskubidea duten ekarpenak.
Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera, Batzar Orokorrak edo Artezkaritza Kontseiluak, baldintzarik gabe, berreskuratzea ezetsi dezakeen ekarpenak.
Baja gertatuz gero bazkideek berreskuratzeko eskubidea duten ekarpenak kooperatibak, baldintzarik gabe, berreskuratzea ezets dezakeen ekarpen bihurtzeko, edo alderantzizko bihurketa egiteko, Batzar Orokorrak hartarako erabakia hartu beharko du. Bazkideren bat horrekin bat ez baldin badator, baja hartu ahal izango du; baja hori bidezkotzat joko da".
bis paragrafoa eransten zaio Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57.1 artikuluari, eta honako idazkera hau izango du:
"1.bis.– Ekitaldi ekonomiko batean itzuli beharreko ekarpenen zenbatekoa estatutuetan ezarritako baltzu-kapitalaren ehunekoa baino handiagoa bada, estatutuetan aurreikusi ahal izango da kasu horietan ekarpenak berreskuratu ahal izateko Artezkaritza Kontseiluak horren aldeko erabakia hartu beharko duela.
Bazkideren bat ehuneko hori ezarri edo gutxitzearekin bat ez baldin badator, baja hartu ahal izango du; baja hori bidezkotzat joko da.
Kasu horretan, aplikatzekoak izango dira, era berean, 60. artikuluaren 4. paragrafoa, 62. artikuluaren 1. paragrafoa eta 94. artikuluaren 3. paragrafoa".
paragrafoa eransten zaio Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 60. artikuluari, eta honako idazkera hau izango du:
"4.– Batzar Orokorrak ekarpenentzako interesen bat sorraraztea edo erabilgarri dituen soberakinak itzulkinetara edo erreserba banagarrietara bideratzea erabakitzen badu, 57.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpenek, kooperatibak haiek berreskuratzea ezesten badu eta titularrek baja hartu badute, lehentasunezko ordainsari bat izango dute. Ordainsari hori baltzu-estatutuetan ezarriko da".
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 62. artikuluak honako idazkera hau izango du:
"Ekarpenak honela eskualdatu ahal izango dira:
– Bazkideen eta hurrengo hiru hilabeteetan bazkide izatera obligatzen direnen arteko inter vivos egintzen bidez, eta estatutuetan ezarritako baldintzetan.
Estatutuetan aurreikusi ahal izango da bazkide berrien hasierako nahitaezko ekarpenak 57.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpenak eskuratuz egin behar izatea, hau da, kooperatibak berreskuratzea ezetsi duen ekarpenen bidez, betiere haien titularrek baja hartu ondoren. Eskualdaketa hori horrelako ekarpenak berreskuratzeko eskabideen antzinatasun-hurrenkeraren arabera egingo da, eta data berean egindako eskabideen kasuan ekarpenen zenbatekoaren araberako proportzioan banatuko da.
– Mortis causa oinordetzaren bidez, eskubide-hartzaileei, haiek bazkideak badira eta eskatzen badute; edo, bazkide ez badira, bazkide gisa onartu ondoren, 20. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta, horretarako, onartzeko eskaria heriotza gertatzen denetik hiru hilabeteko epean egin beharko da. Bestela, baltzu-ekarpenari dagokion kredituaren kitapena jasotzeko eskubidea izango dute, hurrengo artikuluan aurreikusten diren baldintzetan".
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 63. artikuluak honako idazkera hau izango du:
"1.– Baltzu-kapitalari egindako ekarpenen berreskurapena estatutuetan araupetuko da, eta kenketak nahitaezko ekarpenen gain baino ez dira ezarri ahal izango. Kenketok, dena dela, ez dira % 30etik gorakoak izango, kanporatzea gertatuz gero, ez eta % 20tik gorakoak ere, bidezkoa ez den baja izanez gero.
Itundutako gutxieneko iraupen-aldia bete ezean, bidezkoa ez den bajarako kenketa-ehunekoak gehienez ere ehuneko hamar puntu gehitzea aurreikusi ahal izango da estatutuetan.
– Kasu bakoitzean aplikatu beharreko kenketa-ehunekoa erabakitzeko eskumena administratzaileek izango dute.
– Arestian aipatutako kenketen aurka joan gabe, baja hartzen duen bazkideari itzuli beharreko ekarpenaren deskontu-ondorioetarako, baja gertatzen den ekitaldiko itxiera-balantzean jasotako galerak zenbatuko dira, direla ekitaldi horri dagozkionak, direla aurreko beste ekitaldi batzuetatik datozenak edo konpentsatu gabe daudenak.
– Berreskuratzeko epea, bajaren datatik aurrera, ez da bost urtetik gorakoa izango. Bazkidearen heriotza gertatuz gero, eskubide-hartzaileei egin beharreko itzulketa gertaera eragilea izan denetik gehienez urtebeteko epean egin beharko zaio.
b artikuluan aurreikusitako ekarpenetarako, aurreko lerrokadan aipatutako epeak kooperatibak berreskurapena erabakitzen duen datatik aurrera zenbatuko dira.
– Kooperatibak berreskurapena erabakitzen duen ekarpenetan, berreskuratzeke dauden kopuruak ez dira eguneratu ahal izango, baina diruaren legezko interesa jasotzeko eskubidea emango dute".
paragrafoa eransten zaio Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 94. artikuluari, eta honako idazkera hau izango du:
"3.– 57.1.b artikuluan aurreikusten diren ekarpenak berreskuratzen ez dituzten bitartean, baja hartu duten eta kooperatibak berreskurapena ezetsi dien titularrek ere baltzuaren ondasunen esleipenean parte hartuko dute, Heziketako eta Kooperatiba Sustapeneko Funtsaren ondoren eta, baltzu-estatutuetan kontrakorik aurreikusten ez bada, gainerako ekarpenen itzulketaren aurretik".
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 103. artikuluaren 2. paragrafoak honako idazkera hau izango du:
"2.– Agertzen diren ekonomia, teknika, antolaketa eta ekoizpen arloko edo ezinbesteko arrazoien larritasuna dela eta, beharrezkoa bada, kooperatibaren ekonomia-bideragarritasunari eusteko, lanpostuen edo zenbait lanbide-kolektibo edo -talderen kopuru orokorra behin betiko murriztea, Batzar Orokorrak erabaki beharko du zenbat bazkideri eta zeintzuei harraraziko zaien baja kooperatiban. Kasu horietan, baja nahitaezko bidezkotzat joko da, eta baja hartu behar izan duten bazkideek eskubidea izango dute baltzu-kapitalari egin dizkioten ekarpenak berehala itzul diezazkieten, eta lehentasuneko eskubidea gordeko dute kooperatibara itzultzeko bajaren ondorengo bi urteetan, baldin eta betetzen zuten lanpostuaren antzeko beste lanposturik sortzen bada.
Baja hartu behar izan duten bazkideak 57.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpenen titularrak badira eta kooperatibak ekarpen horiek berehala itzultzea erabakitzen ez badu, kooperatiban irauten duten bazkideek berehala eskuratu beharko dituzte ekarpen horiek, Batzar Orokorrak erabakitako baldintzetan".
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko abenduaren 4an.
Lehendakaria,