Arautegia
Inprimatu2/2002 Legea, martxoaren 21ekoa, Aurrekontuko Neurriei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 57
- Hurrenkera-zk.: 1751
- Xedapen-zk.: 2
- Xedapen-data: 2002/03/21
- Argitaratze-data: 2002/03/22
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ogasun; Sailak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:
Aurrekontuko Neurriei Buruzko Legea
Bi mila eta bigarren urtea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2002ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektua onartu gabe hasi zen, eta, horregatik, berez jarri ziren indarrean Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren IX. tituluko luzapen-arauak. Aipatutako testu bategina irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen. Hor jasotzen denez, ekonomia-ekitaldi baten hasieran urte horretako aurrekontu orokorrak onartuta ez badaude, luzatu egingo da urte horretara aurreko ekitaldian aurreikusitako baimenen indarraldia. Hala ere, indarraldia luzatu ahal izateko, oso kontuan eduki behar da, nolanahi ere, luzapen-erregimen orokorra erregulatzen duen araudia.
Ingurumari horretan, Eusko Legebiltzarrak urtarrilaren 23an onartutako 1/2002 Legea luzapen horren erregimenean txertatu da eta modulatu egin du erregimena, eta hori egin da, hain zuzen ere, aurrekontu-sekzio ugari eta EITBko eta Osakidetzako aurrekontuak onartuz, baina baita diru-sarreren eta gastuen egoera-orriak betearazteko xedapen osagarriak onartuz ere, adibidez, bermeak emateko xedapen osagarriak, langileen dotazio berriak sortzekoak, lansariak eta pentsioak gehitzeari buruzkoak, tasei buruzkoak, oinarrizko errentaren zenbatekoa gehitzeari buruzkoak, handitu daitezkeen kredituei buruzkoak edo itunpeko ikastetxeei eusteko ekonomia-moduluei buruzkoak.
Hala ere, nahiz eta aitortu urtarrilaren 23ko 1/2002 Legea garrantzitsua dela eta Legeak izaera subsidiario eta osagarria duela luzatutako aurrekontu orokorrekiko, edozein ekonomia-jarduerak eta Administrazioak berak behar dituzten ziurtasunak eta segurtasun juridikoaren printzipioak bidezko egiten dute zenbait neurri gehigarri hartzea, neurrion helburua baita aurreikusi gabeko baina, aldi berean, luzatuezineko zenbait jardun aurrera ateratzea, eta hori, bai jardunak presakoak edo beharrezkoak direlako, bai herritarrentzat eta gizartearentzat interesa dutelako, bai instituzioek konpromisoak hartu dituztelako, bai atzerapenek kalte larriak ekarriko lituzketelako.
Aipatutako ondorioetarako, lege honen helburua da luzapen-erregimeneko zuzkiduren eta urtarrilaren 23ko 1/2002 Legeak onartutako zuzkiduren osagarriak diren zenbait gastu-baimen ematea, horrela, batetik, gure erakundeen funtzionamendua ziurtatuko da, bestetik, ekonomiaren nahiz gizartearen aldetik garrantzi handikoak diren jardunei helduko zaie eta, azkenik, ziurtasuna eta segurtasun juridikoa emango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko 2002ko Aurrekontu Orokorrak betearazteari.
Araua osatzeko, bertan jasotzen diren neurriak betearazteko beharrezko finantzazioa aurreikusten da. Finantzazio hori diruzaintzako gerakinen kontura eta zorpetze-eragiketetatik datozen diru-sarreren kontura egingo da.
– Honako kredituak ematen dira: 41.718.773 euroko ordainketa-kreditu gehigarriak eta 4.920.000 euroko konpromiso-kreditu gehigarriak, lege honen eranskineko banaketa zehatzaren arabera. Kredituon helburua ekintza zehatz batzuek eragindako gastu arrunta finantzatzea da; hona hemen ekintzak:
Eusko Legebiltzarraren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren funtzionamendutik datozen beharrei erantzutea.
Giza eskubideak sustatzea arlo horretako behatokia bultzatuz. Behatokiaren bidez, aktiboki zaindu eta begiratuko dira pertsona guztien giza eskubideak eta askatasunak, eta bereziki, gure gizartearen balio etikoak degradatzen dituen bortxa fisikoa nahiz psikologikoa pairatzen duten kolektiboenak.
Terrorismoaren biktimei laguntza ematea Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoa sustatuz. Bulegoak azpiegitura iraunkorra izango du, bai eta langile-talde egokia ere, hain zuzen ere aukera emango duena biktimen eta edozein bortxa, txantaje, estortsio edo jazarpen jasaten duten pertsonen familiei arreta hurbilagokoa eta zuzenagokoa emateko, eta, halaber, balio izango duena euskal gizartearen elkartasun aktiboa islatzeko eta terrorismoaren biktimei aitormen etiko, moral eta materiala egiteko.
Indarkeriaren agerpide ugari dela-eta mehatxupean dauden pertsonen eta ondasunen zaintza eta segurtasuna.
Ertzaintzako kideen kopurua prebentzioko eta segurtasuneko gaur egungo beharretara egokitzea.
Euskadi Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean Planetik datozen jardunak. Jardunon bidez, honako hauek bultzatu nahi dira: beharrezko kultura-aldaketa gertatzea (Konekta Zaitez Ciudadan@), herritarrak Internetera sartzeko modua erraztea (Konekta Zaitez programa) eta ekonomia berriko merkataritza elektronikoa eta enpresak sustatzea (Enpresa digitala ekimena), horren guztiaren bidez nabarmen aurreratuko baita guztiontzako informazio-gizartea eraikitzeko proiektuan.
Ogasun eta Herri Administrazio Sailak aurreko baimenaren arabera egingo duen behin betiko kreditu-banaketaren berri honako hauei emango zaie: bakoitzaren ezagutza-eremuak kontuan hartuz, Eusko Legebiltzarreko Erakunde eta Herrizaingo Batzordeari, Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeari eta Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordeari eta, beti, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari.
– Honako kredituak ematen dira: 104.041.500 euroko ordainketa-kreditu gehigarriak eta 388.360.000 euroko konpromiso-kreditu gehigarriak, lege honen eranskineko banaketa zehatzaren arabera. Kredituon helburua ekintza zehatz batzuen inbertsio eta finantza-eragiketak finantzatzea da; hona hemen ekintzak:
Aurreko urteetan onartutako arlokako plangintzako jardunak. Jardunon bidez, erraztu egin nahi da hainbat esparrutara sartzeko bidea, eta esparruok hauexek dira: informazioaren gizarte berriaren zerbitzuak, teknologiaren garapena eta berrikuntza, Euskadiko ekoizpen-ehundura birsortzea eta enplegua sortzea. Jardunok, bereziki, hiru plan betearaztearen inguruan biltzen dira: batetik, Euskadi Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean Plana, bestetik, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Plana 2001-2004 eta, azkenik, Ekonomia Sustatzeko Erakunde arteko Plana.
Euskadiko lurraldeen artean nahiz gizarte barruan kohesio handiagoa lortzea helburu duten jardunak, hala nola: bideetako azpiegiturak, azpiegitura hidraulikoak, portuetakoak eta tranbia nahiz tren bidezko garraio-sistema gauzatzea Ekonomia eta Gizarte Azpiegituren Planaren baitan (Euskadi 2000Hiru), betiere abenduaren 29ko 4/1999 Legearen II. tituluan ezarritako modu eta baldintzen arabera.
Bereziki, kredituak emango dira Ansion (Barakaldo) Nazioarteko erakustazoka berria eraikitzeko.
Ogasun eta Herri Administrazio Sailak aurreko baimenaren arabera egingo duen behin betiko kreditu-banaketaren berri honako hauei emango zaie: bakoitzaren ezagutza-eremuak kontuan hartuz, Eusko Legebiltzarreko Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordeari, Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordeari eta, beti, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari.
– Halaber, Erakunde Administrazioko entitate jakin batzuen inbertsio eta finantza-eragiketak finantzatzeko, baimena ematen zaie entitate horiei zorpetze-eragiketak ituntzeko, gehienez ere 116.933.000 euroraino, lege honen eranskineko banaketa zehatzaren arabera.
Ildo horretatik, eta lege honen hirugarren artikuluari jarraiki, beharrezko neurriak hartuko dira Bahia de Bizkaia Gas SA eta Bahia de Bizkaia Electricidad SA proiektuetarako inbertsio-jardunak bermatzeko.
Aurreko artikuluetan baimendutako ordainketa-kreditu gehigarriak diruzaintzako gerakinen edo zorpetze-eragiketen kontura finantzatuko dira.
– Gehitu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zorpetze-muga, eta, ondorioz, abian diren zorpetze-eragiketen zenbatekoa, 2002ko abenduaren 31n, gehienez ere 1.550.000.000 eurokoa izan daiteke, eta hori edozein dela ere eragiketok dokumentatzeko modua.
– Gehitu egiten da zuzenbide pribatupean dauden entitateen kanpo-zorpetzearen gehienezko muga, eta, ondorioz, 116.933.000 euro gehiago izendatzen dira.
2002. urtearen hasieran luzatutako baimenek eta kredituek bat egin beharko dute Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren IX. tituluko luzapen-arauekin, hain zuzen ere irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testukoekin. Eta hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango urtarrilaren 23ko 1/2002 Legean eta lege honetan ezarritako baimenetarako.
– Baimena ematen zaio Jaurlaritzari lege honetan jasotzen den guztia garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko, betiere Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak proposatu ondoren.
– Baimena ematen zaio Ogasun eta Herri Administrazio Sailari diru-sarreren era gastuen egoera-orriak lege honetan ezarritako xedapenetara egokitzeko behar diren egokitzapen teknikoak egiteko eta aurrekontuko programak, zerbitzuak eta kontzeptuak sortzeko.
– Baimena ematen da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Administrazioa osatzen duten entitateen aurrekontuak lege honetan ezarritako xedapenetara egokitzeko behar diren aldaketak egiteko.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Ordainketa-kreditu gehigarriak.
JARDUNAK Ordainketa-kreditua
Erakundeentzako zuzkidurak handitzea 926.175
Giza eskubideak eta segurtasuna 20.492.598
Euskadi Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean Plana 20.300.000
AZPIGUZTIRAKOA 41.718.773
Euskadi Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean Plana 12.000.000
Zientzia eta Teknologiaren Euskal Plana, 2001-2004 15.000.000
Nazioarteko erakustazoka (Bilbao Exhibition Centre) 12.021.000
Azpiegiturak 65.020.500
AZPIGUZTIRAKOA 104.041.500
GUZTIRA 145.760.273
Konpromiso-kreditu gehigarriak
JARDUNAK Konpromiso-kredituak
2003 2004 2005 2006 Guztira
Euskadi Informazioaren Gizartean Plana 2.460.000 2.460.000 4.920.000
AZPIGUZTIRAKOA 2.460.000 2.460.000 4.920.000
Zientzia eta Teknologiaren Euskal Plana, 2001-2004 (1) 13.370.000 13.040.000 9.600.000 1.950.000 51.030.000
Nazioarteko erakustazoka (2) 12.020.000 12.020.000 12.020.000 12.020.000 300.510.000
Lan eta azpiegitura hidraulikoak 28.090.000 8.730.000 36.820.000
AZPIGUZTIRAKOA 53.480.000 33.790.000 21.620.000 13.970.000 388.360.000
GUZTIRA (3) 55.940.000 36.250.000 21.620.000 13.970.000 393.280.000
(1) Konpromiso-kredituak, 2007-2008rakoak: guztira, 13.070.000 euro.
(2) Konpromiso-kredituak, 2007-2027rakoak: guztira, 252.430.000 euro.
(3) Konpromiso-kredituak, 2007-2027rakoak: guztira, 265.500.000 euro.
Erakunde Administrazioko entitateentzako zorpetze-baimena
ENTITATEa JARDUNA Zorpetzearen zenbatekoa
Energiaren Euskal Erakundea Bahía de Bizkaia Gas, S.A. eta Bahía de Bizkaia 101.933.000
Electricidad, S.A. proiektuak
Eusko Tren Eusko Tren XXI Planaren inbertsioak 15.000.000
GUZTIRA 116.933.000
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 21a.
Lehendakaria,