Arautegia
Inprimatu8/2000 LEGEA, azaroaren 10ekoa, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legea aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 1
- Hurrenkera-zk.: 1
- Xedapen-zk.: 8
- Xedapen-data: 2000/11/10
- Argitaratze-data: 2001/01/02
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak
Deskribapenak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:
Maiatzaren 22ko 12/1998 Legeak ¿gizarte-bazterkeriaren aurkakoak¿ gizarte-arloko tresnak eta beharrezko laguntza ekonomikoak ezarri zituen: batetik, pertsona gizartean nahiz lan-munduan baztertzeko arriskuari aurrea hartzeko, eta, bestetik, nork bere kontura bizitzeko modua aurrera eramateko nahikoa baliabiderik (norberarenik, gizarte-arlokorik nahiz ekonomikorik) ez dutenei gizarteratzen laguntzeko.
Legeak zioen adierazpenean zehazten zuenez, gizarte-bazterkeria ez da pobreziaren kideko, baldin eta pobreziatzat hartzen bada dena delako gizarteko ongizatearen erdiko mailari dagozkion ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko zailtasuna edo ezintasuna. Izan ere, bazterkeria gizarte-eskubideez baliatzeko ezintasuna edo gaitasunik eza da, batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko ezintasuna, baina baita hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubideaz, kultura, osasuna eta etxebizitza duina izateko eskubideaz edo gizarte-babesa jasotzeko eskubideaz baliatzekoa ere.
Aurrekoa horrela izanda ere, hona hemen gizarte-bazterkeria izateko arrazoi larriena, ohikoena eta agerikoena: nahikoa baliabide ekonomikorik ez izatea bizimodu independentea duintasunez aurrera eramateko.
Horregatik, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legeak, aurreko araubideak zituen ezaugarriak gordeta, era osoagoan eta zehatzagoan arautu zuen gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera, betiere honela ulertuta: gutxieneko diru-sarrera aldian aldiko dirulaguntza da, bizitzeko oinarrizko gastuei aurre egiteko beste diru-baliabide ez duten pertsonen premiak betetzen laguntzen duena. Legeak, halaber, diru-laguntza hori lortzeko irizpide ez-ekonomikoak aldatu zituen zati batean, gaur egun ia inolako babesik gabe dauden pertsonek ere laguntza jaso ahal izan dezaten.
Dena dela, 18. artikuluko 1. paragrafoko d) idatz-zatian ezartzen denez, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren eskubideduna izateko, beharrezkoa da 25 urtetik gorakoa izatea eta, aldi berean, kasuan kasuko legerian zahartzaroa dela eta pentsio publikoa eskuratu ahal izateko jarritako gutxieneko adina baino urte gutxiago izatea.
Azken baldintza horri eustearen ondorioz, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren zenbait eskubidedunek, adin hori lortuta, galdu egiten dute delako diru-laguntza jasotzeko eskubidea; izan ere, adin horretan, eskubidea dute bestelako laguntzak (ekonomikoak, medikuntzakoak, farmaziakoak eta gizartekoak) hartzeko. Baina horrek, aldi berean, nabarmen urratzen du pertsona horien ekonomia nahiz gizarteratzea, eta hori bidegabekeria da babes berezia behar duten horientzat, betiere benetako aukera emango bazaie dagozkien gizarte-eskubideez baliatzeko.
Egoera oker hori konpontzeko, Eusko Legebiltzarrak, 1999ko azaroaren 26an hartutako erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioei eskatu zien behar diren legezko aldaketak egin zitzatela errenta hori lortzeko baldintza guztiak ¿gehienezko adina izan ezik¿ betetzen dituzten pertsona guztiek, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren bidez, aukera izan dezaten oinarrizko beharrak eta gizarteratze-prozesutik datozenak asetzeko. Legebiltzarraren erabakian esaten denez, aldaketak ekar ditzakeen ekonomia-ondorioek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura joan beharko dute.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak ¿Euskadiko Autonomia Estatutuarenak¿ I. tituluan, ¿Euskal Herriari dagozkion konpetentziak¿ deritzonean, 10. artikuluko 12. eta 39. paragrafoetan, ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio gizarte-laguntzako eta hirugarren adinekoen aldeko politikako eskumena.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, zuzenbideko oinarri horren babesean, bete egingo du Legebiltzarrak 1999ko azaroaren 26an hartutako erabakia, eta horretarako, funtsean, honako legezko aldaketa hau egin du: kendu egin da gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera lortzeko ezinbestekoa zen gehienezko adinaren baldintza, eta, ondorioz, berriro idatzi du 18. artikuluko 1. paragrafoko d) idatz-zatia.
¿d) 25 urtetik gorakoa izatea.
Nolanahi ere, 25 urte baino gutxiago dutenak, baldin eta gainerako baldintzak betetzen badituzte eta beren ardura ekonomikoaren pean adin txikikoak edo elbarriak badituzte, salbuetsita egongo dira, bai eta aitarik edo amarik ez dutenak ere. Halaber, hogeita bost urte baino gutxiago dutenak, baldin eta gainerako baldintzak betetzen badituzte eta sei hilabete lehenagotik ezkonduta badaude edo ezkontzaren antzeko egoera batean badaude, salbuetsita egongo dira.¿
Lege hau aplikatuko zaie legea bera indarrean jarri baino lehenagotik gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrerarako eskubidea aitortu, berraztertu, aldatu, eten eta kentzeko hasita zeuden prozedurei.
Eusko Jaurlaritzak baimena du lege hau garatu eta ezartzeko behar diren xedapen guztiak emateko.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2000ko azaroaren 27a.
Lehendakaria,