Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

162/2023 DEKRETUA, urriaren 31koa, zeinaren bidez laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen baita, eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen baitira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 219
  • Hurrenkera-zk.: 5150
  • Xedapen-zk.: 162
  • Xedapen-data: 2023/10/31
  • Argitaratze-data: 2023/11/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Jaurlaritzak 2021eko apirilean onartutako 2030 Euskal Enplegu Estrategiak (Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko kalitatezko enplegu inklusiboaren aldeko ituna) ezartzen du enplegu-politika gizarte baten politika nagusietako bat dela. Enpleguak ordainsari-alderdia du lan ordainduari berez lotuta dagoenez gero. Gainera, funtsezko tresna da gizarteratzeko eta giza garapenerako. Behar besteko kalitatea duenean, lana pertsonen ahalmena, sormena, berrikuntza eta irudimena askatzea ahalbidetzen duen baliabidea da. Funtsezkoa da giza bizitza produktiboa, erabilgarria eta esanguratsua izan dadin.

Horregatik, gizarte-bazterketaren aurkako borrokan, egoera ahulenean dauden kolektiboei lan-merkatu arruntean sartzen laguntzea da Euskal Autonomia Erkidegoak garatu beharreko politika publikoek aurre egin beharreko funtsezko erronketako bat.

Laneratzeko enpresak sortzen eta mantentzen laguntzea oso mekanismo garrantzitsua da bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonek, gizarteratze- eta laneratze-ibilbide baten esparruan definitutako zenbait neurriren bidez, enplegu arruntean sartu ahal izateko eta bizitza independentea garatu ahal izateko beharrezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzaten.

2000n, Euskadik laneratzeko enpresak arautu zituen, abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuan. Dekretu horren bidez, hain zuzen ere, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautu zen, enpresa horietan sartzeko prozedura ezarri zen eta laneratzeko enpresen erregistroa sortu zen.

Ondoren abenduaren 13ko 44/2007 Legea (laneratzeko enpresen araubidea arautzekoa) indarrean sartu zenez, eta lehenengo urteetan lortutako esperientzia tarteko, 305/2000 Dekretuaren ordez azaroaren 11ko 182/2008 Dekretua ezarri zen, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duena eta horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dituena.

Azaroaren 11ko 182/2008 Dekretua onartu zenetik, zenbait gertakari izan dira, zeinen ondorioz beharrezkoa baita erregulazioa egokitzea eta testuinguru sozioekonomiko berrira egokitzea.

Lehenengo eta behin, indarrean jarri zen abenduaren 23ko 18/2008 Legea, Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzekoa, lege honen bidez aldatu zena: azaroaren 24ko 4/2011 Legea, Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko Legea aldatzen duena. 18/2008 Legeak, laneratzeko eta gizarteratzeko programak eta zerbitzuak aipatzen zituenean, administrazio publikoek zailtasun bereziak dituzten pertsonak edo taldeak lan-merkatuan sartzeko neurriak hartzeko beharra jasotzen zuen.

Abenduaren 22ko 14/2022 Legeak, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarenak, abenduaren 23ko 18/2008 Legea indargabetu zuen, eta gaur egun indarrean dago. Lege horrek onuradunen lan-aktibazioa bultzatzearen alde egiten jarraitzen du, euskal enpresen eta ekonomia solidarioaren inplikazioa bultzatuz bazterkeriaren aurkako borrokan.

Bigarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoak enplegu-politika aktiboen kudeaketa bere gain hartzean eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua abian jartzean, sakon eraldatu da enplegu-politika publikoen eta gizarteratze-politiken zerbitzura dagoen administrazio-antolamendua. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura da, besteak beste, enplegu-programak, enplegurako prestakuntza-programak eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzea, bai eta gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-programa espezifikoak egitea ere.

Horri dagokionez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prebentziozko ikuspegia eta ikuspegi prediktiboa du bere lanean, proaktibitatearen eta arreta goiztiarraren bidez, pertsonak jarriz bere jardueren erdigunean. Halaber, gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonei beren ibilbideetan babesa eta laguntza emateko eginkizuna indartzeko erronkari egin behar dio aurre, profilen eta premien diagnostikoan eta estratifikazioan sakonduz, bai eta gizarteratzeko plan integratu eta pertsonalizatuen garapenean ere, arretaren pertsonalizazioan eta Ongizate Estatuaren beste sistema batzuekiko kasuistika konplexuen sektore arteko lanketan aurrera egin ahal izateko.

Hirugarrenik, aipatzekoa da Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legea indarrean jarri izana. Transferentzien Batzorde Mistoak, 2022ko martxoaren 16an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzea (erabaki hori EHAAn eta BOEn argitaratu zen, 2022ko martxoaren 31n).

Horretaz gain, Gizarte-ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluan, laneratzeko enpresak gizarte-ekonomiako erakundearen eta Interes Ekonomiko Orokorreko Zerbitzuak ematen dituen erakundearen definizioen barruan sartzen dira.

Europako arauketak ere horrelako enpresen idiosinkrasia bereziari heltzen dio, eta, horretarako, Interes Ekonomiko Orokorreko Zerbitzuen (SIEG) minimis laguntzen 360/2012 Erregelamendua (EBAO 12/4/26) eta Batzordearen 2020/1474 Erregelamendua (EB), 2020ko urriaren 13koa, 360/2012 Erregelamendua (EB) aldatzen duena, aplikazio-aldiaren luzapenari eta krisian dauden enpresen aldi baterako salbuespenari dagokienez (EBAO 20/10/14).

Beste alde batetik, baina, era berean, laneratzeko enpresen azken helburua bultzatzera eta sustatzera bideratutako neurri bereziak eskaintzeko beharrari helduz, Sektore publikoko kontratuei buruzko 9/2017 Legearen laugarren xedapen gehigarriak, kontratu erreserbatuei buruzkoak, organo eskudunei honako betebehar hau ezartzen die: gutxieneko erreserba-ehunekoak ezarriko dira zenbait kontratu edo kontratu horietako zenbait sorta adjudikatzeko prozeduretan parte hartzeko eskubidea laneratzeko enpresei erreserbatzeko.

Beste arau-garapen batzuek urteetan zehar plazaratu dira gizarte-bazterketaren aurkako borrokaren arloan, besteak beste, 43/2015 Legea, urriaren 9koa, Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearena, edo 385/2013 Dekretua, uztailaren 16koa, Gizarte-bazterkeria balioesteko tresna onartzen duena.

Laugarrenik, prozedura-arloari dagokionez, urriaren 1eko 39/2015 Legera (Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearena) egokitu beharko da.

Azkenik, garrantzitsua eta beharrezkoa da urteetan zehar ikasitako ikasgaiak araudira helaraztea, baliagarriak izan daitezen lortu nahi diren helburuak betetzeko.

Azaldutakoaren ondorioz, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duten neurriak berrikusi eta egokitu behar dira, bai eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ere. Arau-proposamena euskal gizarteak dituen aldaketa sakonekin lerrokatzea da helburua, betiere Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren eredu berria eta Lanbideren eraldaketa begi-bistatik galdu gabe, lan-merkatu arruntera sartzeko zailtasunak dituzten edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko.

Aipatzekoa da, halaber, enplegu-politika publikoko horrelako ekimen batek nolako eragina duen gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren bilaketan. Enplegua, gure gizartean taxututa dagoen moduan, emantzipazio-eragile nabaria da, eta genero-rolek oraindik ere eremu askotan lanaren sexu-banaketan irauten duten heinean, arau honetan aurreikusitako gizarteratze eta laneratze berdinzaleak genero-rol tradizionalak eta horiei esleitzen zaizkien gizarte-arauak edo balioak gainditzen laguntzen du; izan ere, indarrean dirau maskulinoa eremu publikoarekin edo lan-eremuarekin eta femeninoa eremu pribatuarekin edo familia-eremuarekin lotzeko ikuspegi tradizionalak.

Abiapuntu horrekin, dekretu hau egiteko oinarrizko irizpideak honako hauek izan dira: batetik, laneratzeko enpresa batek kontrata ditzakeen pertsonen kolektiboak zabaltzea, egoera ahulenean dauden pertsonen babesean sakonduz, eta, bestetik, gizarte-bazterketako egoerak egiaztatzeko prozesu eraginkorragoak eta arinagoak ezartzea, izapideak sinplifikatuz edo argituz eta Lanbide horren guztiaren erdigunean jarriz.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun eta gero, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta 2023ko urriaren 31n egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da, gizarte-bazterketaren aurkako eta gizarteratu eta laneratzeko politika publikoen esparruan, laneratzeko enpresen erregimen juridikoa arautzea, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratzeko agente aktibo gisa.

Helburu horiek betetzeko, dekretu honen edukiak honako xede hauek ditu:

  1. Laneratzeko enpresek kalifikaziorako prozeduran bete behar dituzten eskakizunak, halakotzat kalifikatzeko prozedura eta kalifikazio horren ondoriozko betebeharrak arautzea.

  2. Laneratzeko enpresen erregistroaren funtzionamendu-arauak ezartzea.

  3. Lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzeko enpresetan sartzeko prozedura arautzea, bai eta horietan jarraitzeko araubidea ere.

Laneratzeko enpresen helburua da gizarte-bazterketaren egoeran edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak lan-merkatu arruntean integratzea. Laneratzeko enpresa kontratatzaileek langileei erraztasunak emango dizkiete prestakuntza eta orientazioa har dezaten, dekretu honetan ezartzen diren ekintzak eta neurriak kontuan hartzen dituen behin-behineko laneratze-prozesu baten bitartez.

Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden lantokiei aplikatuko zaie, beren laneratzeko enpresek lurralde honetan izan nahiz ez izan egoitza soziala.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, laneratzeko enpresatzat hartuko dira ondasun edo zerbitzuen ekoizpen-egiturak, behar bezala kalifikatuak, helburutzat dutenak bazterketa-egoeran edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak lan-merkatu arruntean sartzea, ikaskuntza-prozesu egoki baten bidez. Plan horietan, gizarte- eta lan-trebetasunak, oinarrizko prestakuntza, lan-kualifikazioa eta merkatuko ezagutzak jasoko dituzte, enplegagarritasun-baldintzak hobetzeko aukera emango dietenak, eta hurrengo apartatuan ezarritako baldintzak beteko dituzte.

  2. Laneratzeko enpresen kalifikazioa lortzeko baldintzak honako hauek izango dira:

    1. Merkataritza-sozietate, lan-sozietate edo kooperatiba-sozietate gisa eratzea.

    2. Merkatuko edozein sektoretan ondasun-produkzioko edo zerbitzu-prestazioko jarduera ekonomiko zilegi bat garatzea.

    3. Sozietatearen helburuaz bestelako jarduerarik ez egitea.

    4. Beren helburu sozialaren xede gisa edukitzea lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten eta bazterketa-egoeran edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea.

    5. Bere nortasun juridikoari dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta egotea.

      5. artikuluan aipatutako erakunde sustatzaile batek edo batzuek sustatu eta partaidetzea, 2. apartatuan aurreikusitako partaidetza-mailarekin.

    1. Estatutuetan jasotzea ekitaldi ekonomiko bakoitzean lortutako soberakin erabilgarriak aplikatuko zaizkiela, laneratzeko enpresak arautzen dituen Estatuko araudiak zehazten duen ehunekoan, ekoizpen- eta laneratze-egiturak hobetzeari edo handitzeari, edo laneratzeko enpresaren funts propioak handitzeari, eta ez dela inola ere mozkinik banatu beharko.

    2. Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideetatik eratorritako konpromisoak betetzeko behar diren bitartekoak izatea, bai norberarenak, bai erakunde sustatzaileenak.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, erakunde sustatzailetzat hartuko dira irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuak elkarteak, fundazioak, kooperatibak, kooperatiben federazioak edo gizarte-ekonomiako beste erakunde batzuk barne, baldin eta haien helburu eta helburu soziala gizarte-bazterketako egoeran edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea bada, betiere laneratzeko enpresen eraketa sustatzen badute eta horietan hurrengo atalean ezarritako gutxieneko ehunekoetan parte hartzen badute.

  2. Erakunde sustatzaileek gutxienez kapital sozialaren % 51ko partaidetza izan beharko dute merkataritza-sozietate diren laneratzeko enpresetan. Kooperatiba-sozietateen eta lan-sozietateen kasuan, kide laguntzaileei edo bazkideei aplikagarriak zaizkien legerietan jasotako gehieneko mugen barruan kokatu beharko da partaidetza.

  3. Halaber, erakunde sustatzaileek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela laneratzeko enpresak arautzen dituen Estatuko araudian aurreikusitako beste baldintza batzuk.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, gizarteratu eta laneratzeko prozesu bat hasteko asmoz laneratzeko enpresa batean sartu ahal izango dira gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsonak, baldin eta Jarduerako akordio pertsonala sinatu badute eta honako egoera hauetakoren batean badaude:

    1. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (BGD) titularrak eta bizikidetza-unitatearen onuradunak.

    2. Gainerako baldintzak beteta, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGD) jaso ezin duten pertsonak, eskatzen den bizileku- edo erroldatze-aldia ez betetzeagatik, bizikidetza-unitatea ez eratzeagatik edo adinaren baldintza ez betetzeagatik.

    3. Hamasei urtetik gorako eta hogeita hamarretik beherako gazteak, adingabeak babesteko erakundeetan ibili direnak.

    4. Drogazaletasuneko arazoak dituzten edo bestelako mendekotasun-arazoak dituzten eta errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonak.

    5. Baldintzapeko askatasunean dauden pertsonak eta preso ohiak, bai eta beren espetxe-egoeragatik enplegu bat eskura dezaketen eta beren lan-harremana uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan (horren bidez, espetxeetako lantegietan lan-jarduerak egiten dituzten presoen lan-harreman berezia eta gizartearentzako lanak egin behar dituztenen Gizarte Segurantzaren babesa arautzen dira) araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan ez duten presoak ere.

    6. Preso adingabeak, adingabeen zigor-erantzukizuna arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan daudenak, baldin eta beren egoeragatik enplegu bat eskura badezakete eta haien lan-harremana uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako adierazitako Legearen Araudiaren 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman berezien aplikazio-eremuaren barruan ez badago, bai eta zaintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.

    7. Indarkeria matxistaren edo emakumearen aurkako edozein indarkeria motaren biktima diren emakumeak, baldin eta laguntza espezifikoak jasotzen badituzte edo lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak badituzte, harrera-baliabide espezifikoetatik etortzeagatik edo bestelako arrazoiren batengatik.

    8. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan jasotako ostatu-zerbitzuetatik datozen pertsonak.

    9. Gizarteratzeko prozesu edo ibilbide bat egiten ari diren pertsonak, Lehen Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuek eta Bigarren Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuek bideratutako laneratu aurreko programetatik edo lanerako orientazio- eta prestakuntza-programetatik datozenak.

    10. Laneratzeko enpresak arautzen dituen Estatuko araudian zehaztutako gizarte-bazterkeriako beste egoera batzuetan dauden pertsonak.

    11. Beste kalteberatasun-faktore batzuen eraginpean dauden pertsonak.

  2. Era berean, gizarteratze- eta laneratze-prozesu bati ekiteko asmoz laneratzeko enpresa batean sartzeko moduko pertsonatzat hartuko dira errotze sozialeko arrazoiengatik aldi baterako bizileku-baimenaren ebazpena duten eta enplegu-eskaerarik ez duten atzerritarrak, ebazpen hori laneratzeko enpresan Gizarte Segurantzan alta emateko aurreikusitako dataren aurreko hilabetean eman bada, Europar Batasunekoak ez diren langile atzerritarrak Enplegu Zerbitzu Publikoetan eta Enplegu Agentzietan inskribatzea arautzen duen azaroaren 22ko TAS/3698/2006 Aginduaren 7. artikuluan eta Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren 124.2 eta 128.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, 2/2009 Lege Organikoak aldatu ondoren.

    Era berean, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesu bati ekiteko asmoz laneratzeko enpresa batean sartzeko moduko pertsonatzat hartuko dira enplegu-eskaerarik ez duten atzerritarrak, baldin eta prestakuntzarako errotze-arrazoiengatik aldi baterako bizileku-baimenaren ebazpena badute, behin prestakuntza-aldia amaituta, uztailaren 26ko 629/2022 Errege Dekretuaren arabera (629/2022 Errege Dekretua, uztailaren 26koa, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua aldatzen duena).

  1. Kasu bakoitzean eskumena duten zerbitzu publikoek egiaztatuko dituzte aurreko artikuluaren 1. apartatuan aipatzen diren egoerak:

    1. , b) eta g) letretan aipatzen diren pertsonentzat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du egiaztapena, ofizioz.

    1. eta d) letretan aipatzen diren pertsonentzat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskariz egingo da egiaztapena, foru-aldundiko gizarte-zerbitzu eskudunek emandako txosten baten bidez, horretarako ezarritako eredua erabilita.

    1. letran aipatzen diren pertsonei dagokienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskariz egingo da egiaztapena, espetxe arloko zerbitzu eskudunek emandako txosten baten bidez, horretarako ezarritako eredua erabilita.

    2. letran aipatzen diren pertsonen kasuan, egiaztapena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskariz, gazte-justiziaren arloan eskumena duten zerbitzuek emandako txosten baten bidez egingo da, horretarako ezarritako eredua erabilita.

    1. eta i) letretan aipatzen diren pertsonei dagokienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatuta egingo da egiaztapena, Lehen Mailako eta Bigarren Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuetako gizarte-zerbitzu eskudunek emandako txostenaren bidez, horretarako ezarritako eredua erabilita.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak foru-aldundietako, espetxeetako eta gazte-justiziako zerbitzu eskudunekin adostuko ditu aurreko apartatuko b), c), d) eta e) letretan aipatzen diren ereduen forma eta edukia.

  3. Inor 6.2 artikuluan adierazitako taldekoa dela egiaztatzeko, errotze sozialaren edo prestakuntzarako errotzearen ondoriozko aldi baterako bizileku-baimenaren ebazpena aurkeztu beharko da, artikulu horretan jasotako baldintzetan.

Kalifikazioaren bitartez, dekretu honen 4. artikuluan adierazitako erakundeak laneratzeko enpresa bihurtzen dira, laneratze arloko eskumena duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritzak emandako ebazpen arrazoituaren ondorioz, betiere dekretu honetan ezarritako baldintzak bete direla egiaztatu ondoren.

  1. Laneratzeko enpresaren kalifikazioa lortzeko, erakunde interesdunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko dute eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; eta horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian: https://www.lanbide.euskadi.eus. Erakunde interesdunek administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuratu ahal izango dute, non eskuragarri baitaude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, hemen: https://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/erregistroa/laneratze-enpresen-kalifikazioa/. Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/. Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak. Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/

  2. Eskabidearekin batera, erakunde interesdunek aurkeztu beharko dute, batetik, justifikazio-memoria bat, 4. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela justifikatzeko, eta, bestetik, hori egiaztatzen duen dokumentazioa. Gainera, enpresa-proiektuaren bideragarritasun tekniko eta finantzarioari buruzko azterlan ekonomikoa aurkeztu beharko du, honako hauek zehaztuta: ekoizpenaren alderdi teknikoak, merkatuaren azterketa, merkaturatzea, inbertsio-plana eta finantzaketa-plana, baita giza baliabideen plana ere, langile kopurua eta laneratzeko lanpostuak zehaztuta.

  3. Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada edo nahitaezko dokumentazioarekin aurkezten ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 10 eguneko epea emango dio erakundeari akatsa zuzendu dezan edo nahitaez aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ukatzeari buruzko ebazpen espresua eman beharra dauka, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen legerian xedatutakoa betez.

  4. Eskabidea aurkeztuta, eta, hala badagokio, zuzenduta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz erabakiko du espedientea hobeto zehaztu, ezagutu eta ebazteko beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen dituen instrukzio-egintza, froga-praktika edo txosten-eskaera guztiak egitea.

  5. Espedientea izapidetuta eta ebazpen-proposamena idatzi aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hala jakinaraziko dio erakunde eskatzaileari, 10 eguneko epean egoki iritzitako alegazioak egin eta dokumentuak eta justifikazioak aurkez ditzan, betiere prozeduran jasota badaude edo ebazpenean kontuan hartu badira interesdunak adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak edo frogak.

  6. Gizarteratze-arloko eskumena duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendaritzak ebazpen bidez emango du laneratzeko enpresaren kalifikazioa edo kalifikazioa ukatuko. Ebazpena baiezkoa bada, duen datatik aurrera izango ditu ondorioak, eta erakundea Laneratzeko Enpresen Erregistroan inskribatzea erabakiko du.

  7. Kalifikazioari buruzko ebazpena hartzeko eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarota esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, aurkeztutako eskabidea baietsi egin dela ulertuko da.

  1. Kalifikazioa lortzen duten laneratzeko enpresek «Laneratzeko Enpresa» hitzak edo «LE» laburdura gehitu ahal izango dizkiote beren izenari.

  2. Laneratzeko enpresaren kalifikazioa lor dezakeen sozietateren batek kalifikazio hori lortzea ez da sozietate-aldaketatzat hartuko.

  1. Laneratzeko enpresaren kalifikazioa lortzeak honako betebehar hauek eragingo ditu, eta haiek betetzen direla egiaztatu beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan:

    1. Urteko zenbaketan, kalifikatzen direnetik, laneratzeko prozesuan dauden lanpostuen % 30 mantentzea, kontratazio-modalitatea edozein dela ere, jardueraren lehen hiru urteetan, eta plantilla osoaren % 50, gutxienez, laugarren urtetik aurrera; haien kopurua ezin izango da bi baino txikiagoa izan.

      Urteko kopurua mantentze aldera, kontratatutako langileen datuak bilduko dira, sexuaren arabera bereizita.

      Nolanahi ere, laneratzen laguntzeko teknikariak kalkulu horretatik kanpo geratuko dira, eta ez dira plantillaren zati gisa zenbatuko ondorio horietarako.

      Era berean, kopuru horretatik kanpo geratuko dira honako langile hauek:

      1. Hitzarmen kolektibo bidez ezarritako lan-subrogazioaren ondorioz sartu direnak.

      2. Administrazio publikoek finantzatutako enplegu-programen babesean kontratatu direnak, laneratzeko eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuetan parte hartzen duten pertsonen lanpostuak sortu edo haiei eustearren berariaz laneratzeko enpresetara bideratutakoez bestelakoak.

      3. Laneratzeko prozesuan dauden langileak ordezteko kontratatutakoak, lan-harremana etenda dagoen bitartean eta lanpostua gordeta.

        Kooperatiba-sozietateen eta lan-sozietateen kasuan, ehuneko hori aplikatzeko, besteren kontura lan egiten duten langileak eta bazkide langileak edo laneko bazkideak hartuko dira kontuan.

        Kopuru horren ondorioetarako, laneratzeko lanpostuek izaera horri eutsiko diote, bitartekoen kontratu arrunta sinatu duten langileek aldi baterako betetzen badituzte ere.

        Bai laneratzeko enpresa berregituratzea dakarten prozesuetan baldin eta plantillaren egiturari nabarmen eragiten badiote, bai eta enpresen arteko xurgatze-prozesuan ere, baimena emango da, salbuespen gisa, xurgatze-prozesuaren lehenengo hiru urteetan gutxienez % 40ri eusteko.

    2. Langileak laneratzeko enpresan sartzeko baliatutako kontratazio motaren edo gizarte-lotura motaren arabera dagokion lan-erregimenari egokitzea.

    3. Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideetatik eratorritako konpromisoak betetzeko beharrezkoak diren baliabideak mantentzea, bai eta gizarteratze-prozesuan dauden langileei 20. artikuluan zerrendatzen diren laguntza-neurri pertsonalizatuak ematea ere.

    4. Ekitaldi bakoitzean lortutako soberakin erabilgarriak aplikatzea, laneratzeko enpresak arautzen dituen Estatuko araudiak zehaztutako ehunekoan, haien produkzio-egiturak hobetzeari edo handitzeari, gizarteratzearekin eta laneratzearekin lotutako jarduerak sustatzeari edo laneratzeko enpresaren funts propioak handitzeari, eta ez da inola ere mozkinik banatu behar.

    5. Urtean auditoria bat egitea, batez beste 50 langile baino gehiago dituztenean edo 1.000.000 eurotik gorako fakturazioa dutenean.

  2. Kalifikazioa lortu duen laneratzeko enpresak dokumentazio hau egin eta aurkeztu beharko du urtero Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, telematikoki:

    1. Datorren urterako aurreikusitako jardueren plana eta horien gutxi gorabeherako aurrekontua.

    2. Aurreko urtean egindako esku-hartzeen eta jardueren memoria deskribatzailea eta ebaluaziokoa.

    3. Itxitako ekitaldiari dagozkion urteko kontuak (balantzea, galdu-irabazien kontua eta memoria ekonomikoa) eta kudeaketa-txostena, ekitaldia itxi eta 90 eguneko epean.

    4. Enpresaren jardueraren balantze sozial bat aurkeztea urtero. Balantze horretan honako hauek jasoko dira: memoria ekonomikoa eta soziala, lan-merkatu arruntean sartzeko maila eta plantillaren osaera, egindako laneratze-lanei buruzko informazioa eta hurrengo ekitaldirako aurreikuspenak, datuak sexuaren arabera bereizita.

  3. Kalifikazioa lortzeak, halaber, honako betebehar hauek ekarriko dizkio laneratzeko enpresari:

    1. Kalifikazioari eragiten dioten estatutu-aldaketen egiaztagiriak aurkeztea, telematikoki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 10 eguneko epean, haren forma juridikoari dagokion erregistroan inskribatzen denetik aurrera.

    2. Langileen artean egindako aldaketa kuantitatiboak eta kualitatiboak telematikoki jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, bai eta aldaketa horiek laneratze-prozesuetan dituzten ondorioak ere, aldaketak egiten diren unean.

  4. Kalifikazioa lortzeak berekin dakar, halaber, laneratzeko enpresak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eta gizarteratze-prozesuetan parte hartzen duten gizarte-zerbitzuei lankidetza egokia emateko betebeharra, prozesu horien jarraipena ondo egin ahal izateko.

Laneratzeko enpresek kalifikazio hori galduko dute, honako zirkunstantzia hauetariko bat gertatzen denean:

  1. Kalifikaziorako eskatzen diren betekizunetariko bat ez betetzea, edo kalifikazioaren ondoriozko betebeharren bat ez betetzea.

  2. Enpresa kalifikatuaren baldintza erabiltzea deklaratuez bestelako ekintza edo helburuetarako.

  3. Jarduerarik eza urtebetetik gora.

  4. Beste izaera bateko sozietate bihurtzea, betiere sozietate berriak laneratzeko enpresa izateko kalifikazioa eskatzeko duen eskubidea alde batera utzi gabe.

  5. Sozietate berri bat eratzea, baita izaera berekoa bada ere, aurretiaz zeuden bi sozietate edo gehiago bat eginda, betiere sozietate berriak laneratzeko enpresaren kalifikazioa eskatzeko duen eskubidea alde batera utzi gabe.

  6. Sozietate bat edo batzuk sortzen badira lehendik zegoen bat banatzearen ondorioz, betiere banandutako sozietateek laneratzeko enpresaren kalifikazioa eskatzeko duten eskubidea alde batera utzi gabe.

  1. Kalifikazioa galtzeko prozedura ofizioz edo alderdi batek eskatuta hasi ahal izango da.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz hasiko du kalifikazioa galtzeko prozedura, baldin eta 12. artikuluan zehaztutako arrazoiren bat dagoela egiaztatzen badu. Horretarako, administrazio publikoen prozedura erkidearen legerian ezarritakoa beteko da. Bereziki, alderdi interesdunaren prozeduran alegazioak egiteko eta entzunaldia emateko eskubideari buruz xedatutakoa hartuko da kontuan..

  3. Kalifikazioa alderdi batek eskatuta galtzen bada, Laneratzeko Enpresen Erregistroan ezerezteko eskaera telematikoaren bidez hasiko da, horretarako ezarritako eredua erabiliz.

  4. Laneratzeko enpresa gisa deskalifikatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan gizarteratze-arloko eskumena duen zuzendaritzak ebazpen bat emango du, ofizioz deskalifikatzen bada, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak nahitaezko txostena egin ondoren.

  5. Deskalifikazioak, administrazio-bidean irmoa denean, ofizioz eragingo du erregistroan baja ematea, eta ez du ekarriko sozietatea desegitea. Hala ere, berehala utzi beharko zaio bere izendapenean «laneratzeko enpresa» hitzak edo «LE» haien laburdura erabiltzeari

Laneratzeko Enpresen Erregistroa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan adskribatuta dago, eta bere helburua izango da laneratzeko enpresen kalifikazioa lortu duten enpresak erregistratzea.

  1. Laneratzeko Enpresen Erregistroa honako bi atal hauetan egituratzen da:

    1. Merkataritza-sozietateen atala.

    2. Gizarte-ekonomiako sozietateen atala.

  2. Bi ataletan, honako datu hauek jasoko dira: erregistro-zenbakia, erakundearen izena, forma juridikoa, enpresaren helbide soziala eta lantokien helbidea, identifikazio fiskala, helburu soziala, jarduera ekonomikoaren sektorea, laneratzeko lanpostuen kopurua eta plantillako lanpostuen kopurua, langile horien kontratu motak, erakunde sustatzaileen izen soziala, identifikazio fiskala eta kapital sozialean duten partaidetza, eta kalifikazioaren ebazpen-data.

  3. Laneratzeko Enpresen Erregistroak artxibo batean gordeko ditu erregistro-idazpenen oinarrian dagoen edukiaren agiriak, bai eta dokumentazio osagarria ere, kalifikaziorako eskumena duen Administrazioak egiaztatua.

  1. Erregistroan inskribatzearen ondorioz, bildutako datuak jendaurrean jarriko dira.

  2. Inskribatzeak ez ditu erakunde kalifikatuen eratze-ondorioak izango, eta, beraz, jaso dituen egintzak eta datuak gordetzeko eskubidea emango die bakarrik.

  3. Erregistroan inskribatzea ezinbesteko aldez aurreko baldintza izango da laneratzeko enpresa batentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere eskumenen eremuan egiten dituen sustapen-neurriak eta dirulaguntzako programak eskuratu ahal izateko.

  1. Laneratzeko Enpresen Erregistroko inskribatzeak ofizioz ezereztuko dira deskalifikazio bat gertatzen den kasu guztietan, 13.2 artikuluan bildutako baldintzen arabera.

  2. Alderdi batek eskatuta ere ezereztu ahal izango dira inskribatzeak, 13.3 artikuluan aurreikusitako kasuan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Estatuko Laneratzeko Enpresen Administrazio Erregistroaren esku jarriko du bere erregistroan jasota dagoen laneratzeko enpresei buruzko informazioa, laneratzeko enpresak arautzen dituen Estatuko araudiak hala eskatzen badu.

  1. Laneratzeko enpresak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio zer laneratze-lanpostu eskaintzen dituen, horretarako ezarriko den ereduaren bidez; eredu hori eskuragarri egongo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian: https://www.lanbide.euskadi.eus.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko du eskaintza, eta eskaintzaileari proposamen bat igorriko dio, eskatutako betekizun profesionalak betez laneratzeko enpresa batean sar daitezkeen pertsona guztiekin.

  3. Laneratzeko enpresak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio zein pertsona izan den hautatua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bidalitako proposamenean dauden pertsona guztien artetik.

  4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konkurrentziari buruzko txosten bat egingo du, eta laneratzeko enpresaren esku jarriko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemaren bidez, eta hari sarbidea emango zaio. Konkurrentzia-txosten horretan honako hauek jasoko dira:

    1. Kontratatuko den pertsona 6.1 eta 6.2 artikuluetan aurreikusitako kolektiboetako batekoa izatea.

    2. Enplegurako akordio pertsonal bat edo gizarteratzeko akordio pertsonal bat sinatzea, edo, hala badagokio, akordio horiek sinatu beharrik ez izatea.

    3. Aurreko bi urteetan laneratzeko enpresa berean edo beste batean kontratatuta ez egotea edo, hala badagokio, 6.2 artikuluan aipatzen den muga ez aplikatzea.

    4. Pertsonaren gaitasunak lanpostuaren ezaugarrietarako egokiak izatea, eta

    5. Enplegu-eskaerarik ez duten atzerritarren kasuan, pertsona horiek aldi baterako bizileku-baimenaren ebazpena izatea (dela errotze sozialaren, dela prestakuntzarako errotzearen ondorioz), eta haren jakinarazpen-data.

  5. Laneratzeko enpresan sartzeko, lan-kontratu bat egingo da, edo, hala badagokio, gizarte-lotura bat ezarriko da. Enpresan sartze hori beti formalizatuko da idatziz. Laneratzeko enpresak Lanbideren esku jarriko du haren kopia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemaren bidez.

    Lan-kontratuak edo, hala badagokio, lotura soziala formalizatzen duen dokumentuak eranskin bat izango du, langileak eta laneratzeko enpresak behar bezala sinatua. Eranskin horretan, alderdiek gizarteratzeko ibilbide pertsonalaren garapenean beren gain hartzen dituzten betebeharrak eta horretarako praktikan jarri beharreko neurri zehatzak jasoko dira, bai eta laneratzeko enpresako langileen identifikazioa ere, zeinek solaskide gisa jardungo baitute hurrengo artikuluan ezarritakoa betetzeko.

  1. Laneratzeko enpresek ezarritako gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideetan aurreikusitako neurriak aplikatuko dituzte, gutxienez 6 hilabeteko eta gehienez 3 urteko iraupenarekin.

    Neurri horiek honako hauek izango dira: laneratzeko enpresen ibilbidea modu normalean garatzeko zailtasunak ezartzen dituen bazterketa-egoeraren edo bazterketa-arriskuaren ondoriozko arazo espezifikoak asetzera edo konpontzera bideratutako zerbitzuak, prestazioak, orientazioko ekintzak, tutoretzak eta ordainduriko lan-prozesu pertsonalizatu eta lagunduak, lanpostuari lotutako prestakuntza, eta laneko girora eta gizartera ohitzekoak. Horretarako, laneratzeko enpresek honako hauek eskainiko dizkiete laneratzeko lanpostuetan dauden langileei, besteak beste:

    1. Gizarte-laguntzako zerbitzua, arazo pertsonalak eta elkarbizitzakoak konpontzeko, hain zuzen ere, lan-munduan moldatzeko prozesu arrunta eragotzi edo zaildu dezaketen arazoak konpontzeko.

    2. Funtzionamendu-jarraibide batzuk, ohitura sozialak eta lanekoak eskuratzeko.

    3. Prestakuntza, batetik, lanbide jakin bat ikasteko, eta, bestetik, prestakuntza-maila eta gaitasun profesionalak lan-merkatuaren eskakizunetara egokitzeko.

    4. Laguntza-zerbitzu bat, merkatu arrunterako bidearen azken fasean.

  2. Dekretu honen 11. artikuluan eta Laneratzeko enpresen erregimena arautzen duen abenduaren 13ko 44/2007 Legearen 10.3 a) artikuluan jasotako betebeharrak betetzeko, laneratzeko enpresek jarraipen- eta ebaluazio-txosten bat egingo dute, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helaraziko diote kontratuaren urte bakoitza amaitu baino hilabete lehenago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemaren bidez. Txosten horretan, bereziki ebaluatuko da pertsonak enpresan jarraitzen duen edo, hala badagokio, haren ibilbidea amaitu den eta enplegu-bilaketa aktiboa hasi den.

    Era berean, jarraipen- eta ebaluazio-txostenetan langileen osaerari buruzko datuak sartu beharko dira, sexuaren arabera bereizita, eta genero-azterketa bat egingo da, hain zuzen laneratzeko enpresek 11.1 a) artikuluko betebeharra (langileen datuak sexuaren arabera bereizita biltzeari buruzkoa) bete dezaten.

  3. Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbidearen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, laneratzeko enpresak, laneratzeko enpresa batean sartzeko prozesuaren hasieran, laguntza-teknikaria izendatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio. Teknikari hori solaskidea izango da. Ondorio horietarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erreferentziako teknikariak izendatuko ditu.

Azkentzea eragin duen arrazoia edozein dela ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak txostena egingo du laneratzeko enpresa eta gizarteratze-prozesuan dagoen pertsona lotzen dituen lan-kontratua edo sozietate-lotura amaitu aurretik, 10 egun balioduneko gehieneko epean, laneratzeko enpresak egindako azkentze-jakinarazpena jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitu eta txostenik jakinarazi ez bada, laneratzeko enpresak eskaera baietsitzat joko du administrazio-isiltasunez, eta dagokion erabakia hartuko du, lan-arloko legerian ezarritakoa errespetatuz. Horretarako, laneratzeko enpresak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbidean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko informazioa emango du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemen bidez.

Laneratzeko ibilbidea garatzean eskuratutako prestakuntza ebaluatu eta egiaztatu ahal izango da Laneko Prestakuntza Sistemaren eta Lanbide Heziketako Sistemaren esparruan. Horretarako, laneratzeko enpresek informazioa emango dute jasotako prestakuntzari, garatutako lanbide-zereginei eta eskuratutako konpetentziei buruz

  1. Laneratzeko enpresen eta gizarte-bazterketako egoeran dauden langileen artean itundutako laneratze-prozesuei lotutako lan-harremanak honako hauetan xedaturikoaren arabera arautuko dira: Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, eta gainerako lan-legeria, eta, bereziki, Laneratzeko enpresen erregimena arautzen duen abenduaren 13ko 44/2007 Legearen IV. kapitulua.

  2. Laneratzeko enpresek eta dekretu honen 6. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean dauden langileek Hazkundea eta enplegua hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen lehen xedapen gehigarrian araututako kontratua egin ahal izango dute, laneratzeko enpresen erregimena arautzeko abenduaren 13ko 44/2007 Legean ezarritako berezitasunak kontuan hartuta.

  3. Enpresaratzea sozietate-lotura baten bidez formalizatzen bada, laneratzeko enpresak hartzen duen sozietate-formari aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira harremanak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laneratzeko enpresei buruz Erregistroetatik ateratako datuak eta estatistikak bidali ahal izango ditu beste administrazio publikoetara, eta, era berean, enpresa horietan gauzatzen diren gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuei buruzko informazioa eskuratu ahal izango du administrazio publikoetatik, betiere haien arteko akordioetan sinatutakoarekin bat etorriz.

Indargabetuta geratzen da azaroaren 11ko 182/2008 Dekretua, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duena, eta horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dituena.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honen aurka dauden maila bereko edo txikiagoko lege xedapen guztiak.

Xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoa gorabehera, Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan xedatutakoa aplikatuko da, ordezten duena indarrean jarri arte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Arau-garapena.

Ahalmena ematen zaio enplegu-arloan eskumena duen sailaren titularrari dekretu hau garatzeko eta egikaritzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Laneratzeko enpresak sustatzeko neurriak.

Eusko Jaurlaritzan enplegu- eta gizarteratze-arloko eskumena duen sailak arautuko ditu laneratzeko enpresak sustatzeko neurriak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urriaren 31n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.