Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

121/2018 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 4066
  • Xedapen-zk.: 121
  • Xedapen-data: 2018/07/30
  • Argitaratze-data: 2018/08/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburua da familia-politika integral baterako esparrua eta oinarria ezartzea, betiere familiaren eta familiako kideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzera zuzendurik. Lortu nahi den helburuarekin bat etorriz eta familiak babesteko, erantzuteko eta laguntzeko helburuarekin, 13/2008 Legeak hainbat laguntza ekonomiko zuzen dakarzkie seme-alabak dituzten familiei, eta hauxe ezartzen du: Eusko Jaurlaritzak bata bestearen atzetik onartutako familiei laguntzeko erakunde arteko planen esparruan, euskal herri-administrazioak progresiboki zabalduz joango dira ardurapeko seme-alaba adingabeengatik ematen diren zuzeneko diru-laguntzak, 2020. urtean Europar Batasunaren mailara heltzeko.

Aipatu legea garatzeko asmoz, Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren xedea da Eusko Jaurlaritzak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, seme-alabak dituzten familiei ematen dizkien diru-laguntzak arautzea.

Aipatu dekretuaren arabera, adingabearen lehen bi urteetan kobratuko dira bigarren seme-alabarengatik jasotako laguntzak: jaiotzaren urtean eta semeak edo alabak lehen urtea betetzean. Legezko aginduari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak, dekretu honen bidez, laguntza emateko aukera luzatzen du, bigarren umearen jaiotzagatik, semeak edo alabak bi urte betetzen dituen urtera.

2018-2022rako Familiei Laguntza emateko erakundeen arteko IV. Plana Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onetsi zuen, bertan 3. jardun-ardatzean- Familiei Laguntzea deiturikoa-, seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoa eta haur-pobreziaren prebentzioa jasotzen du. Helburua, besteak beste, 36. jardunean garatzen da: ardurapeko seme-alaben ondoriozko aldian behingo prestazio ekonomikoak mailaz maila hobetzea.

Legezko aginduari dagokionez eta aipatutako IV. Planean jasotako jardunetan dekretu honen bidez, Eusko Jaurlaritzak laguntza emateko aukera luzatzen du, bigarren umearen jaiotzagatik, semeak edo alabak bi urte betetzen dituen urtera.

Bestalde, adingabearen goragoko interesa kontuan hartze aldera, laguntza-eskaera izapidetzen den bitartean eskatzaileari laguntzaren xede den semearen edo alabaren zaintza kendu edo eteten bazaio, edozein arrazoi dela medio, eskaera ezetsi egingo da; kasu horretan, gainera, zaintza duen beste pertsonak laguntza-eskaera aurkeztu ahal izango du ezarritako epearen barruan. Salbuespen moduan, zaintzarik ez duen pertsonak aurkeztutako hasierako eskaeraren datak ondorio onuragarriak izan baditzake, data hori hartuko da erreferentzia moduan.

Gainera, besteak arrazoi batzuen artean EAEko gazteek emantzipatzeko zailtasunak dituztela kontuan hartuta, oraindik familiaren egoitzan bizi diren eta ekonomikoki familiaren menpean dauden semeak eta alabak neba-arreben kopuru osoan sartzeko adin-muga igo da: 25 urtekoa da muga. Horrela ez dira kanpoan utziko seme-alaben arteko adina handia duten familiak.

Bestalde, adopzioa, tutoretza edo adopzio aurreko bizikidetzarako zaintzaren eskuordetza dagoen kasuetan muga bat kendu da: mantenurako laguntzetan umearen adina kontuan hartzen duena. Horrela, familia horiek seme-alaba biologikoak dituztenen maila berean utzi dira. Beraz, familia-unitatean duten hurrenkeraren arabera, ezarritako urtekoen kopurua jasotzeko eskubidea dute.

Aldaketa batzuk egin dira laguntza-eskaerak izapidetzeari lotuta, horien arautzea, funtzionamendua eta kudeaketa hobetzeko asmoz. Izan ere, laguntza-eskaera aurkezteko lehen eguna aldatu da, adopzioa eta tutoretza kasuetan laguntzak eskuratzeko baldintzak egiaztatzea errazagoa izan dadin. Horrelakoetan, adopzioaren (nazionala edo nazioartekoa) eraketa Erregistro Zibil egokian (kontsularrak barne) inskribatu den egunaren biharamunetik hasiko da zenbatzen laguntza-eskaera aurkezteko epea.

Bestalde, araua egokitu egin da Erregistro Zibilari buruzko uztailaren 21eko 20/2011 Legeak sartutako aldaketen arabera; horren arabera, aurrerantzean ez da familia-liburu gehiago egingo.

Laguntzak kudeatzeko ardurako pertsonek zein eskatzaileek araua kontsultatzea errazteko asmoz, 18. artikuluaren idazketa aldatu da, osorik (laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzkoa).

Azkenik, terminologia eta arau-erreferentziak eguneratu dira Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarriak eta Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak sartutako aldaketen arabera.

Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 30ean eginiko bilkuran proposamena aztertuta eta onartuta,

Dekretu honen xedeetarako:

  1. Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen egoerak: jaiotza, adopzioa, adopzioa-ren aurreko familia-harrera, hemezortzi urtetik beherako pertsonaren tutoretza eta, eskatutako urtearen urtarrilaren 1ean familia eratzen duten hemezortzi urtetik beherako seme-alaben mantenua.

  2. Familia-unitatetzat hartzen da Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistema erregulatzen duen uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritako kideek osatzen dutena, eta araudi horrek esleitutako irismenarekin.

  3. Diru-laguntza sortzen duen semea edo alaba zenbatgarrena den zehazte aldera, seme-alaben kopurua zenbatzean.

    1. Semea edo alaba izango da familia-etxean bizi den eta ekonomikoki aitaren eta/edo amaren mende dagoen 25 urtez azpiko seme edo alaba oro, baldin eta eskatzaile eta/edo ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin seme-alabatasunezko harremana badu, norberarena zein adoptatua izan, edo haren tutoretzan edo adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioko egoeran badago.

    2. Mendekotasun ekonomikoa dagoela joko da semearen edo alabaren urteko errentak (errenta salbuetsiak zenbatu gabe) urteko lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak ez badira.

  4. Hauek har daitezke aitatzat edo amatzat:

    1. Semearen edo alabaren zaintza eta jagoletza duena.

    2. Adopzioaren aurreko elkarbizitzarako zaintza duena.

    3. Tutoretza dela eta, adingabeko pertsonen jagoletza dutenak.

    4. Aurrekoarekin bizi dena, ezkontidea zein izatezko bikotekidea izan.

  1. Laguntzen eskatzaileak sarbideko baldintza guztiak izaten jarraitu beharko du, nolanahi ere, haiek ebazteko unean.

    1. Eskaria aurkeztu eta gero etor daitekeen edozein gorabehera, baldin eta sarbideko eskakizunei eragiten badie, bulego kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, dagokion ebazpen-proposamena egin dezan.

    2. Bereziki, laguntza eragin duen seme edo alaben zaintza eta jagoletza eskatzaileari kendu edo eteten bazaio, eskatu eta gero, edozein arrazoirengatik, laguntzen organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Kasu horretan, laguntza eragin duen seme edo alabaren zaintza eta jagoletza duenak laguntza horien eskaera aurkez dezake ezarritako epe orokorrean, hain zuzen, zaintza eta jagoletza aitortzen dion jakinarazpen formala jasotzen denetik kontatzen hasita.

    3. Mesedegarriagoa bada hasiera batean laguntza eragin duen seme edo alabaren zaintza eta jagoletza galdu duen pertsonak aurkeztutako eskabide-data, bigarren eskatzaile honi aitortuko zaio laguntza, eta, horretarako, erreferentziatzat hartuko da aurreko erregimen mesedegarriena, betiere sartzeko baldintzak bete eta gero.

    4. Orobat, ebazpena eman aurretik eta diru-laguntza ordaintzeko unean, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izan behar ditu.

  1. Eskaerak aurkezten diren unean bete behar dira jaiotza, adopzio, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazio zein tutoretzagatik dagokion diru-laguntza emateko baldintzak, eta horretarako ezarritako epeetan egiaztatu; horrez gain, laguntzak eman arte iraun behar dute baldintza horiek.

  2. Diruz lagundu daitekeen egoera dela medio, bidezkoak diren urteroko laguntzei, mantenu-laguntzei, dagokienez, laguntza eskatzen den urteko urtarrilaren 1ean familiak zuen osaera hartuko da aintzat. Horrez gainera, eskabidea aurkezten den unean ere bete beharko dituzte laguntzak emateko eskatzen diren baldintzak, bai eta laguntza ematen den unean ere, eta horretarako ezarritako epeetan egiaztatu beharko dituzte.

    Aurreko paragrafoan, familia-osaera zehazteko datari dagokionez, ezarritakotik salbuetsita geldituko dira 21. artikuluan aipatzen diren zaintza eta jagoletza partekatuko egoerak; egoera horietan, adingabea erroldatuta egon ahalko da haren zaintza eta jagoletza esleituta daukan edozein pertsonarekin.

  1. Aurreko paragrafoko b) eta c) letretan aipatutako diru-laguntzek hasierako laguntza bat sorraraziko dute, jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa edo tutoretza dela medio, eta ondorengo mantentze-laguntzak ere sorraraziko dituzte, horretarako eskatzen diren baldintzak betez gero, zeinak luzatuko baitira hurrengo artikuluan adierazitako aldietan. Urtero eskatu beharko dira azken laguntza horiek.

  1. Ordainketa bakarreko diru-laguntza izango da lehenengo seme edo alabak eragindako laguntza, jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa edo tutoretzaren ezarpena gertatu zen urteari dagokiona. Diru-laguntza hori emateko dekretu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta ez du mantenu-laguntzen ordainketak jasotzea ekarriko.

  2. Bigarren seme edo alabagatik jasotako diru-laguntzak eta hirugarren edo hurrengo seme-alabengatikoak jaiotza, adopzio, adopzioaren aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazio edo tutoretzagatik emango dira, baita dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen baldin badira ere; hala dagokionean, mantenu-laguntzetan ere ordainduko dira, artikulu honetan azaltzen den moduan.

  3. Jaiotza-kasuetan, semearen edo alabaren adinaren eta ordenaren arabera emango da diru-laguntza, jarraian adierazitako aldietan:

    1. Bigarren seme-alabagatik:

      Ordainketa bat semea edo alaba jaio zen urtean.

      Ordainketa bat semeak edo alabak urte bat edo bi betetzen duenean.

    2. Hirugarren edo ondorengo semeengatik edo hirugarren edo ondorengo alabengatik:

      Ordainketa bat semea edo alaba jaio zen urtean.

      Ordainketa bat semeak edo alabak urte bat, bi, hiru, lau, bost eta sei urte betetzen dituenean.

  4. Adopzioetan, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioan edo hemezortzi urtetik beherako adingabe baten gaineko tutoretza ezartzean, horiek gertatzen diren urtean egingo da ordainketa, adingabeen adina gorabehera.

    1. Hurrengo urteetan, mantenu-laguntza semearen edo alabaren ordenaren arabera emango da, aurreko zenbakian zehaztutakoaren arabera, semearen edo alabaren adinak izan dezakeen muga kontuan hartu gabe.

    2. Adopzioan, tutoretzan edo adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioko egoeran hartutako haurrak duen ordena jaiotza-daten arabera ezarriko da.

    3. Ez du mantenu-laguntza jasotzeko eskubidea emango semeak edo alabak 18 urte betetzen dituen urtean.

  5. Artikulu honetan aurreikusitako laguntzak metagarriak izango dira, eta, beraz, ezarritako adina eta ordena betetzen dituen seme edo alaba bakoitzeko diru-laguntza bana jasotzeko aukera izango da.

  1. Desgaitasun-maila edo mendetasun-egoera aitortzen duen ziurtagiria diru-laguntza eskatu ondoren aurkezten bada, zenbatekoen bikoizketa aitortuko da eskabidea aurkezteko egunean egiaztatutako familia-unitatearen osaera eta berezitasunen arabera kalkulatutako familia-errenta estandarizatuari men eginez eman badira. Hori guztia, baldin eta ziurtagiria lau urteko epea bukatu baino lehen aurkezten bada, jaiotza gertatu zenetik edo, hala badagokio, adopzioa, adopzioaren aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa edo tutoretza ezarri zenetik, eta onuradunek dekretu honetan xedatutako gainerako eskakizun eta baldintzak betetzen jarraitzen badute. Lau urte bete ondoren aurkeztuz gero, ziurtagiria aurkeztutako urteei dagokien diru-laguntza soilik bikoiztuko da.

  1. Adopzio nazional anitza da Estatuan, aldi berean, adingabeko bi edo gehiago prozedura berean adoptatzen direnean, ebazpen judiziala edo hori eratzen duen dokumentua dagoenean.

    Era berean, eta kapitulu honetan aurreikusitako diru-laguntzei dagokienez, adopzio nazional anizkoiztzat joko da adopzioaren aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa edo tutoretza, baldin eta aldi berean eta prozedura bakarrean bi adingabe edo gehiagori eragiten baitie.

Hau izango da laguntza-eskaerak aurkezteko epea:

  1. Urte naturalaren barruan jaiotza, adopzioa edo tutoretza gertatzen bada, eskaerak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, jaiotzaren hurrengo egunetik edo adopzioa, nazionala zein nazioartekoa, edo tutoretza gauzatu izanaren agiria, dagokien Erregistro Zibilaren bulegoan (kontsuletxetakoak barne), sinatu zen hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  2. Urte naturalean adopzio-aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa gertatzen bada, eskabidea aurkeztu beharko da hiru hilabeteko epean administrazio-ebazpena osatzen denetik edo laguntza eskatu duenari jakinarazten zaionetik kontatzen hasita, edozein dela ere aipatu ebazpenak irmotasuna lortu zuen eguna.

  3. Diru-laguntza jaso dezakeen egoerari dagozkion mantenu-laguntzetarako, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean familia-unitatean dauden seme-alabei dagokienez, semeak edo alabak dagokion adina betetzen duen urte natural osoan aurkeztu ahal izango dira eskariak, dekretu honetako 5. artikuluko bigarren paragrafoan zaintza eta jagoletza partekatuko egoeretarako xedatutakoari kalterik eragin gabe.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzen eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta, edo, era berean, elektronikoki, dekretu honen 19. artikuluan zehaztutako baldintzetan.

  1. Laguntzak eskuratzeko betekizunak agiri hauen bidez egiaztatu ahal izango dira:

    1. Familia-unitatea osatzen duten aita edo amaren nortasunaren egiaztapena. Europar Batasuneko beste estatu kide bateko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartutako estatu bateko nazionalitatea duten pertsonek pasaportea edo haien herrialdeko nortasun-agiri baliokidearen bidez egiaztatuko dute nortasuna, titularraren nazionalitatea adierazten den heinean, eta gainerako herrialdeetako nazionalitatea duten pertsonek, berriz, Atzerritarra Identifikatzeko Zenbakia (AIZa) edo pasaportea aurkeztu beharko dute, edo, hala dagokionean, bizileku iraunkorrerako baimena.

    2. Ezkontza-ziurtagiria edo, erregistratuta dauden Izatezko Bikoteen Erregistroaren ziurtagiria edo antzeko dokumentuak, zeinak ezkontza edo dagokion Izatezko Bikoteen Erregistroaren inskripzioa egiaztatzen duen.

    3. Agintaritza eskudunak eman beharreko jaiotza, adopzio, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazio edo tutoretzaren agiria edo egoera hori egiaztatzen duen agiri baliokidea, familia-unitatea osatzen duten seme-alaba bakoitzeko.

      Edo laguntza jasotzeko eskubidea eman dezaketen seme-alabak hartzen dituen familia-liburua.

    4. Eskatzaile, ezkontide edo izatezko bikotekidearen erroldatze-ziurtagiri eguneratua, eta haiekin bizi diren seme-alabena. Eskatzailea udalerrian erroldatu zeneko eguna jaso beharko du ziurtagiriak. Ez dute baliorik izango, aipaturiko egiaztapena gauzatzeari begira, laguntzaren aurkezpen-data baino gutxienez hilabete lehenago igorritako agiriek.

      Erroldatze-ziurtagiria ez bada egoitza eraginkorraren froga edo beharrezkotzat jotzen bada jakitea eskaria aurkezten ez duen aitak edo amak azken bi urteetan non izan duen bizilekua, jakiteko pertsona horrek Pertsona Fisikoaren Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpena zein zerga-administrazioren aurrean egin behar zuen, informazio hori egiaztatzen duten agiriak aurkezteko.

      Eskaera egin duen pertsona 4.3 artikuluaren bigarren paragrafoan aipatutako salbuespenean sartzen bada, egungo erroldatze-ziurtagiriaz gain, salbuespen horren aukera egiaztatuko duten erroldatze-agiriak ere.

    5. Diru-sarrera fiskalen egiaztagiria:

      Familia-unitatea osatzen duten aitaren edo amaren PFEZ aitorpenari dagokion Administrazioak egindako likidazioa (baterako aitorpena zein bakoitzaren banakako aitorpenari dagokiona), eta seme-alaben jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioaren edo tutoretzaren eguna baino bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona. Edo, mantenu-laguntzen kasuan, laguntza eragin duten seme-alabak urtebete, bi, hiru, lau, bost eta sei urte betetzen dituen urtea baino bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona.

      Ezkontza deuseztatzearen, banantzearen edo dibortzioen kasuetan, Administrazioak egindako likidazioaren kopia, laguntza eragin duen seme edo alaben zaintza eta jagoletza esleitu zaion aitaren edo amaren errenta-aitorpenari dagokiona.

      Familia-unitatea osatzen duten aitak edo amak PFEZ aitorpenik egin izan ezean, PFEZ aitorpenari dagozkion errenta eta etekin guztiak adierazten dituen Administrazioak egindako ziurtagiria, eta seme-alaben jaiotzaren, adopzioaren, adopzio-aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioaren edo tutoretzaren aurreko bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona. Edo, mantenu-laguntzen kasuan, laguntza eragin duten seme-alabak urtebete, bi, hiru, lau, bost eta sei urte betetzen dituen urtearen aurreko bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona.

    6. Laguntza kobratu nahi den aurrezki-libretaren edo banku-kontuaren titulartasunaren datuen kopia egiaztagiria. Laguntzaren eskatzaileak aipatutako aurrezki-libretaren edo banku-kontuaren titularra izan beharko du nahitaez.

    7. Laguntza eskatzen duen eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, honen berri emateko: ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik, berariazko erreferentzia eginez sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik jarritakoei, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

    8. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, honen berri emateko: ea irekita duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek hasitako itzultze- edo zehapen-prozedurarik, emandako laguntzak edo diru-laguntzak direla-eta.

    9. Diru-laguntzaren eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, haren bidez aditzera emateko familiaren egoitzan bizi diren 25 urtez azpiko seme-alaben urteko errentak (errenta salbuetsiak zenbatu gabe) urteko lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak ez direla.

    10. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, eskaeran eta horrekin batera doan dokumentazioan azaltzen diren datuak egiazkoak direla eta laguntza horien onuradun izateko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazteko.

  2. Halaber, honako kasu hauetan:

    1. Adopzio edo tutoretza kasuetan, aipatu egoerak Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria, baita noiz inskribatu diren ere.

      Adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa gertatzen bada, administrazio-ebazpenaren kopia, eta, hala badagokio, horren jakinarazpen-data egiaztatzen duen ziurtagiria, gauzatzeko eskumena duen agintaritzak emana, betiere.

    2. Eskatzailearen ezkontza deuseztatu bada edo ebazpen judizialen bitartez eskatzailea banandu edo dibortziatu bada, laguntza eragin duen seme edo alabaren zaintza eta jagoletza esleitzen duen ebazpen judizialaren kopia, edo, hala badagokio, laguntza hori eskatzean, seme-alaben kopurua zehazteko, zenbatzen diren seme-alabena edo antzeko dokumentua.

      Era berean, aurretik aipatutako seme-alaben zaintza eta jagoletza partekatuko egoeretan, ebazpen judizialez edo antzeko dokumentu batean ezarria, zaintza eta jagoletza partekatua duten aitak eta amak sinatutako akordioa aurkeztu beharko da. Akordio horretan zehaztuko da bietatik nork eskatzen duen diru-laguntza, 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

    3. Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izanez gero, familien politiken esparruan Familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan ezarritako baliabideren baten genero-indarkeriako egoeraren ziurtagiria.

    4. Familia-unitatea osatzen duten pertsonetako bati % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna onartu bazaio, indarreko desgaitasun-mailaren berri ematen duen ziurtagiria, organo eskudunak emandakoa.

      Bestalde, familia-unitatea osatzen duten pertsonetako batek mendetasun-egoera aitortuta edukiz gero, senitartekoa mendetasun-egoeran dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, Administrazio eskumendunak emana. Ziurtagiri horretan hauek zehaztuko dira: mendetasun-maila eta maila bakoitzean duen azpimaila, Autonomia Pertsonala eta Arreta Sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta Lege hori garatzen duten arauetan aurreikusitakoaren esparruan.

  3. Mantenu-laguntzei dagozkien eskaerak eskabide erraztuaren bidez egingo dira; eta mantenua eragin duen hasierako laguntza lortzeko kontuan izandako baldintzei eusten zaiela adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena sartuko da haietan, aurretik egiaztatutako egoeran izandako edozer aldaketa frogatuko da eta, betiere, artikulu honen lehen paragrafoko d) eta e) letretan deskribatutako ziurtagiriekin.

    Mantenu-laguntzen eskaerei ez zaie arestian adierazitakoa aplikatuko, aurretik ez bada aurkeztu laguntza eragin duen eta diruz lagundu daitekeen egoerarengatik dagokion laguntza-eskaera.

  4. Laguntzak eskatzen dituzten eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintza Dekretua aplikatuz.

  5. Aurkeztutako atzerriko edozer agiri ofizialki itzulita egon beharko da euskarara edo gaztelerara. Gainera, atzerriko dokumentu publikoek egoki den moduan legeztatuta egon beharko dute.

Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioak arau honetan ezarritako betebehar guztiak biltzen ez baditu, edo horien edukia osatu gabe dagoela irizten bada, eskaera egiten duen pertsonari eskatuko zaio 10 laneguneko epean dokumentazioa osatzeko edo hutsegiteak konpontzeko. Halaber, horrelakorik egiten ez badu, haren eskaera baliogabetuko dela jakinaraziko zaio, eta Administrazioak eskaera horri buruzko esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi beharko dio, Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015, Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

  1. Ebazpen judizialez ebatzi den zaintza eta jagoletza partekatuaren kasuan, aitak eta amak berariaz adostu beharko dute nork eskatuko duen jaiotza, adopzio, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazio zein tutoretzagatik dagokion diru-laguntza, onuraduna pertsona bakarra izan baitaiteke.

Adopzio-aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioaren ondoko adopzioaren kasuan, aitari edo amari dagokie adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa formalizatzeko edo, ondoren, adopzioa emateko laguntza eskatzea; nolanahi ere, seme edo alaba berak ez du diruz lagundu daitezkeen bi egoerei dagozkien laguntzak eskatzeko eskubidea emango.

  1. Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistema erregulatzen duen uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak 5. artikuluan aipatzen duen familia-errentaren maila honela zehaztuko da: zerga-oinarri orokorra eta familia-unitatea osatzen duten aitaren edo amaren PFEZen aurrezpenaren zerga-oinarria batuz, semeen edo alaben jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioaren edo tutoretzaren eguna baino bi urte lehenagoko zergaldiari dagozkionak edo, mantenu-laguntzen kasuan, laguntza eragiten duen semeak edo alabak urtebete, bi, hiru, lau, bost edo sei urte betetzen dituen urtea baino bi urte lehenagoko zergaldiari dagozkionak.

    Banantze, dibortzio edo ezkontza-deuseztasun kasuetan, hiru kontzeptu hauen batura egingo da: zerga-oinarri orokorra, epai judizialaren arabera seme-alaben zaintza eta jagoletza duen aita edo ama eskatzailearen PFEZren aurrezpenaren zerga-oinarria, eta haren egungo ezkontidearen edo izatezko bikotearen diru-sarrerak, hala badagokio.

  1. Ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera organo eskudunaren Erregistroan izapidetzeko sartzen denetik kontatzen hasita; epe hori igaro eta berariazko ebazpenik argitaratu ez bada, eskaera onartu dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioaren edo tutoretzaren ondorioz diru-laguntza eragin duten semeek edo alabek ezin izango dute beste diru-laguntzarik eragin, diruz lagundu daitekeen aipatutako beste edozein egoerarengatik, baldin eta haien aita edo ama sartuta badago estandarizatutako familia-errenta zehazteko kontuan hartutako familia-unitatearen eraketan.

Azken Xedapenetatik Lehenengoa. Ordezko araubidea.

Administrazio-prozedurari buruz dekretu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea Arautzeko urriaren 1eko 39/2015 Legea izango da aplikagarria.

Dekretu hau 2018ko abuztuaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.