Arautegia
Inprimatu109/2016 DEKRETUA, uztailaren 12koa, Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroari buruzkoa (EPDPZ).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 136
- Hurrenkera-zk.: 3182
- Xedapen-zk.: 109
- Xedapen-data: 2016/07/12
- Argitaratze-data: 2016/07/18
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa
Testu legala
Euskadiko segurtasun publikoko sistema antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 45. artikuluak Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroa sortu zuen. 46. artikuluak udaltzaingoen datuak Zentro horretan integratuko direla arautzen du eta 47. artikuluak ezartzen du Zentroaren funtzionamenduari aplikagarri zaion datuen babeserako araudia.
Lege-arauketak organo horren misioa eta zereginak definitzen ditu eta haren osaketa aurreirudikatzen; halaber, araudira jotzen du Zentroaren antolamendua eta funtzionamendua arautu behar dituzten arauak ezartzeko, eta horrek bidea ematen du dekretu hau onartzeko.
Horrenbestez, Segurtasuneko sailburuak proposatu, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritzia jaso eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko uztailaren 12an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) antolamendua eta funtzionamendua arautzea. Zentro hori organo administratiboa da, polizia zerbitzuek beren zereginak betetzeko behar dituzten datuak euskarri fisikoko fitxategi automatizatu eta ez-automatizatuetan bildu, gorde, prestatu, sailkatu eta kontserbatu behar dituena, baita subjektu baimenduei ere jakinarazi behar dizkiena.
Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroa (EPDPZ) segurtasun arloaren eskumena duen Saileko sailburuordetza bati atxikita dago, Sailaren egitura organikoak xedatzen duen sailburuordetzari, hain zuzen. Haren titularrari dagokio goi-zuzendaritzaren eta zentroaren ardura, baita zentroak dituen fitxategien arduraduna izatea ere.
Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) kudeaketaren titularra Sailaren egitura organiko eta funtzionalaren Dekretuak xedatutako Zuzendaritza izango da, aurreko zenbakian aipatzen den sailburuordetzaren titularraren mende eta haren erantzukizun gorenaren pean.
Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroak (EPDPZ) Ertzaintzako unitateen sostengua eta parte-hartzea jasoko du, haren egitura-aginduan zehaztutako moduan.
Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) zereginak hauek dira:
Datuak prestatzeko zentroari atxikitako fitxategiak sortzeko irizpideak, haien xedeak, segurtasun maila, arauketa eta beste informazio sistema batzuekin bateratzeko edo lotzeko modua proposatzea eta datuak babesteko indarreko araudiari egokitzen zaizkiola ebaluatzea.
Fitxategietan gordetako datuen kalitatea kontrolatzea, bildu edo erregistratu ziren xederako beharrezkoak edo egokiak izateari utzi diotenean hauek deuseztatzeko prozedura egokiak ezarrita eta haiek utzi dituztenei deuseztatu egin direla jakinarazita.
Segurtasunaren indarreko araudiaren arabera behar diren teknika eta antolamendu arloko neurri guztiak betetzen direla zaintzea eta behar diren neurri zuzentzaileak edo osagarriak proposatzea; horretarako, datuak eskuratu, erabili eta tratatzean egon daitezkeen gabezia edo desbideratzeak identifikatu ahal izateko egindako auditoria eta kontrolak koordinatuko ditu. Zeregin hori betetzeko, segurtasuneko informatika- eta telekomunikazio-sistemen ardura duen zuzendaritzaren laguntza izango du.
Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) fitxategiak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubideen erabilera kudeatzea.
Udal toki-erakundeekin behar diren aldebiko itunak sinatuz, haietako udaltzaingoek herritarren segurtasuneko eta polizia judizialeko zereginetan bildutako datuak (arau-hauste penal eta administratiboei, pertsonei eta ibilgailuei buruzko datuak) Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan (EPDPZ) sartzea, efikazia poliziala bermatuz.
Udaltzaingoek Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) esku dagoen eta udaltzaingoari dagozkion zereginak betetzeko egokia den informazioa eskuratu ahal izateko behar diren neurriak hartzea. Udaltzaingoek fitxategiak eskuratu eta kontsultatu ahal izateko protokolo bat bete beharko da. Protokolo horretan, ekipamendu eta programen ezaugarri teknikoak, eskuragarritasun mailak, datuen konfidentzialtasunari buruzko segurtasun neurriak, datu pertsonalen babesari eta, kasuan kasu, hirugarrenei datu horiek legez uzteko baldintzei buruzko indarreko araudia betetzeko ezaugarriak zehaztuko dira.
Kontseilu Aholku-emailea Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) aholkularitza organoa da. Kontseilu Aholku-emailea bere kontseiluburuak deitzen duenean biltzen da gutxienez, urtean behin. Txostena ematen du galdetzen zaizkion gai guztietan, eta gai horretan egokitzat jotzen dituen proposamenak egin ditzake.
Kontseilu Aholku-emaileak kide hauek izango ditu, lau urteko aldirako izendatuta:
Kontseiluburua: Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) kudeaketaren titularra.
Kideak: lau kide.
Ertzaintzaren ordezkari bat, Sailaren titularrak izendatuta.
Informatikako aditu bat, segurtasuneko informatika- eta telekomunikazio-sistemen ardura duen zuzendaritzakoa, Sailaren titularrak izendatuta.
Oinarrizko eskubideen arloko aditu bat, Sailaren titularrak izendatuta.
Udaltzaingoa duten toki-erakundeetako aditu bat, haiek gehien ordezkatzen dituen elkarteak izendatuta.
Idazkaritza: langile publiko bat.
Kontseilu Aholku-emaileko kide izateak ez du ordainik jasotzeko eskubiderik emango.
Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroak (EPDPZ) datuen babesari buruzko legedia betetzen dela zainduko du, eta haren aplikazioa kontrolatuko du, bere fitxategiei dagokienez eta bere eskumenaren eremuan. Horretarako, datu pertsonalak babesteari, fitxategietara sartzeko kontrolari eta fitxategietan ezarritako datuen tratamenduak egokitzeari dagokionez, legezko eta erregelamenduzko xedapenak zuzen aplikatzeko behar diren jarraibideak eta gomendioak aginduko ditu.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 12an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERÍA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.