Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

47/2014 DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzen den Dekretua bigarren aldiz aldatzen dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 67
  • Hurrenkera-zk.: 1615
  • Xedapen-zk.: 47
  • Xedapen-data: 2014/04/01
  • Argitaratze-data: 2014/04/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio irakaskuntzak arautzea, horren hedapen, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan. Eskumen horretaz baliaturik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak (gaur egun, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak) Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Hezkuntzari eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokien curriculuma onartu zuen, eta urriaren 16ko 175/2007 Dekretua argitaratu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko dena (2007ko azaroaren 13ko EHAA, 218. zk.).

Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenak ezarpen-egutegi bat ezartzen du; egutegi horrek berekin dakar Oinarrizko Lanbide Heziketaren Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programak arian-arian ordeztea, 2014-2015 ikasturtetik aurrera. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egiaztatu duenez, autonomia-erkidegoko arauetan Oinarrizko Lanbide Heziketaren Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programei 2008-2009 ikasturtetik emandako orientazioak oso emaitza onak lortu dituela. Izan ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren graduatu titulua lortu duten zenbait ikasle erdi mailako prestakuntza-zikloetan sartu dira, hain zuzen ere laneratzea erraztu dien lanbide-prestakuntza bat lortzeko. Lanbide-profilak ezarriak dituzten bi urteko programa batzuei esker egin ahal izan da hori, ekoizpen-sektoreko agenteek lagunduta, eta hezkuntza-modulu orokorren inguruan antolatutako prestakuntza instrumental bat ere eskainita. Lanbide-profil horiek modulu espezifikoen inguruan egituratu dira, eta modulu horiek Lanbide Prestakuntzen Espainiako Katalogoaren 1. mailako lanbide-prestakuntzei eta 1. mailako gaitasun-unitateei lotuta daude, bai eta 2. mailako batzuei ere. Gainera, prestakuntza-modulu orokorrek duten prestakuntza-eduki handiari eta programa horien borondatezko moduluen orokortzeari esker, ikasle askok Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eskuratu ahal izan dute, eta hainbat ikaslek tarteko mailako prestakuntza-zikloetan hasteko proba gainditu ahal izan dute.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikusi du zaila dela Oinarrizko Lanbide Heziketa 2014-2015 ikasturtearen hasieran ezartzeko arau-aldaketak bultzatzea, baina, bien bitartean, jarraipena eman behar die ikasteko zailtasun nabarmenak dituzten eta ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei zuzenean zuzendutako neurriei. Kontuan hartu beharra dago oinarrizko araudia oso berandu argitaratu dela, araudi hori oinarri hartuta prestatu behar direla EAEko berezko arauak (antolamendu-dekretua eta curriculumak) eta horiek idazteak eta izapidetzeak luze jotzen duela. Gainera, halako ikasleen ikastetxeentzako diru-laguntzetarako deialdiak behar besteko aurrerapenez tramitatzen hasi behar dira, 2014-2015 ikasturtearen hasieran programak emateko behar dituzten baliabideak eskuratuko badituzte. Bestetik, ikasleak matrikulatzeko prozedura ezartzen duen agindua tramitatu behar da, eta datorren ikasturteko planifikazioa behar bezainbesteko aurrerapenez ezarri behar da. Hortaz, gorabehera horiek guztiak direla-eta, eta Oinarrizko Lanbide Heziketa Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketaren araudian epe egokietan ezarri bitartean, oraingo premiei eman behar zaie erantzuna.

Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erabaki du prestakuntza iragankor integratuko programak abiaraztea, 2014-2015 ikasturtean Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programetako lehenengo maila kendu egin baita behin behinean, Oinarrizko Lanbide Prestakuntza ezartzeko modua izan arte. Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programak eman dituzten toki-erakunde, erakunde pribatu eta hezkuntza-zentro berberetan eman ahal izango dira abiarazitako programa berri horiek.

Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa Estatuan ikasketak goiz uzten dituztenen portzentaia handiaz ari da, Oinarrizko Lanbide Heziketa berria justifikatzeko, hori delakoan portzentaia hori murrizteko bitartekoetako bat. Baina hezkuntzak bestelako egoera bizi du Euskal Autonomia Erkidegoan: hemen dagoeneko gainditua dugu Espainiak ikasketak goiz uzteari buruz 2020rako ezarria duen helburua.

Europako Batzordearen «Europa 2020 Estrategia» delakoak dioenez, Europar Batasuneko laurogei bat milioi lagunek behe mailako edo oinarrizko prestakuntza dute. 2020an, 16 milioi lanpostu osagarrik eskatuko dute goi-mailako prestakuntza; behe-mailako prestakuntzaren eskari-kopuruak, ordea, beherantz egingo du (12 milioi lagun gutxiago). Argi dago Lanbide Heziketa aldatu beharra dagoela, ekoizpen-sektoreei eta pertsonen enplegagarritasunari egokitzeko, lanbide-prestakuntzaren premia gero eta handiagoa baita eta horri erantzun behar baitzaio. Hori dela eta, 1. mailako lanbide-prestakuntza ez da nahikoa, eta beste programa batzuk sortzea planteatu da, helburu handiagoak dituztenak, populazio osoarentzako gaitasun pertsonal, sozial eta profesionalen goragoko maila bat lortu nahirik.

Horrenbestez, aginduzko txostenak eginda, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritzia jasota, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 1ean egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

30 bis artikulua eransten zaio Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko urriaren 16ko 175/2007 Dekretuari, eta honela idatzirik geratzen da:

30 bis artikulua. Prestakuntza iragankor integratuko programak.

  1. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prestakuntza iragankor integratuko programen nondik norakoak arautuko ditu. Gazteen gizarteratzea, eskolatzea eta laneratzea helburu hartuta, eta 2014-2015 ikasturtean baino ez dira eskainiko programa horiek.

  2. Hasierako Lanbide Prestakuntzarako Programetan, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete, betiere programa hasten den urteko abenduaren 31 baino lehenago adin hori beteta badute eta ez badute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren graduatu titulua lortu.

  3. Salbuespen gisa, ikasleak eta haien gurasoak edo legezko tutoreak ados egonez gero, adin hori 15 urtera jaitsi ahal izango da zenbait ikasleren kasuan, zehazkiago Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila egin ondoren hirugarren mailara igarotzeko moduan ez dauden eta Oinarrizko Hezkuntzan behin errepikatu duten ikasleen kasuan. Programa horietan sartu nahi duten ikasleei ebaluazio akademikoa eta psikopedagogikoa egingo zaie, bai eta orientazio pertsonaleko eta profesionaleko plan bat ere.

  4. Prestakuntza iragankor integratuko programak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak baimendutako ikastetxeetan egin ahal izango dira, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketak bezala antolatuko dira; egutegia eta ikastorduak ere lanbide heziketako ikasketetan ezarritakora egokituko dira. Hezkuntza Sailburuordetzak programa horiek prestatzeko zenbait jarraibide emango ditu.

  5. Prestakuntza iragankor integratuko programek lanbide-profil bati erantzun beharko diote, eta lanbide-profil horretan bildu egingo dira gaitasun orokorra, gaitasun pertsonalak, sozialak eta profesionalak, eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren 1. mailako gaitasun profesionalen zerrenda, eta, hala badagokio, 1. eta 2. mailako gaitasun-unitateen zerrenda, hots, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 7. artikuluan aipatzen dena.

  6. Prestakuntza iragankor integratuko programetan modulu espezifikoak egongo dira. Modulu horiek lanbide-profilaren gaitasunak garatuko dituzte, eta lan-zentroetan praktikaldi bat egin beharra jasoko dute, Lanbide Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren ondoriozko betekizunak errespetatuz. Praktikaldia lantokietan egiteko fasea gauzatzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikasle horien ezaugarrietarako egokituko ditu Lanbide Heziketako Heziketa Zikloetako Lantokiko Prestakuntzako modulua egiteko modua erregulatzen duten arauak.

  7. Prestakuntza iragankor integratuko programetan, prestakuntza-moduluak ere egongo dira, eta, modulu horien bidez, bermatuko da ikaskuntza iraunkorraren gaitasunak eskuratzen direla eta oinarrizko gaitasunak garatzen direla; modulu horiek, halaber, lagundu egingo dute hezkuntza-sistematik lan-mundura igarotzen.

  8. Prestakuntza iragankor integratuko programetako prestakuntza-moduluak bi eduki-multzo komun hauetan antolatuta egongo dira:

    1. Komunikazio eta Gizarte Zientzien multzoa, honako irakasgai hauek izango dituena:

      1. Gaztelania.

      2. Atzerriko Hizkuntza.

      3. Gizarte Zientziak.

      4. Euskara eta literatura.

    2. Zientzia Aplikatuen multzoan, honako irakasgai hauek izango dira:

      1. Matematika, lan-eremuan testuinguru pertsonalari eta ikaskuntzakoari aplikatua.

      2. Zientziak, lan-eremuan testuinguru pertsonalari eta ikaskuntzakoari aplikatuak.

        Programa horien prestakuntza-moduluak garatzeko erabiliko diren pedagogia-irizpideak ikasleen bereizgarrietara egokituko dira eta talde-lana sustatuko dute. Halaber, tutoretza eta hezkuntza- eta lanbide-orientazioa hartuko dira kontuan, bereziki.

  9. Programa horiek emateko baimendutako zentroek hiru arlotan antolatu ahal izango dituzte multzo komunak: komunikazio-arloa, gizarte-arloa eta arlo zientifiko-teknologikoa.

  10. Programa horiek osatzen dituzten prestakuntza-moduluak gainditu ondoren lortzen diren lanbide-gaitasunak aintzatetsi eta egiaztatzeko, prozedura bat erabiliko da, prestakuntza bide ez-formalen bidez lortutako lanbide-gaitasunak ebaluatu, egiaztatu eta aintzatetsiko dituena. Hala badagokio, profesionaltasun-ziurtagiria emateko eskatu ahal izango da.

Toki-erakundeak, irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak eta hezkuntza-zentro pribatuak, Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programak eman badituzte, baimenduta egongo dira 2014-2015 ikasturteko prestakuntza iragankor integratuko programak emateko, lehenago emandako Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programekin bat datozen lanbide-profiletan.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.