Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

9/2014 DEKRETUA, otsailaren 4koa, enpresa txiki eta ertainentzako, banako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza- laguntzaren 2014ko programa garatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 567
  • Xedapen-zk.: 9
  • Xedapen-data: 2014/02/04
  • Argitaratze-data: 2014/02/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

2014. urterako arlo ekonomikoko aurreikuspenak hobexeagoak diren arren, ez da hobekuntza esanguratsurik aurreikusi eragile ekonomikoen finantza-baldintzetan. Hori dela-eta, krisialdi ekonomikoak eta finantzarioak enpresa txikien eta ertainen, banako enpresaburuen eta profesional autonomoen egoeran eragin larriak izango dituela estimatu da, baita haien epe motzeko eta ertaineko biziraupenean ere, finantzazioa lortzeko murrizketa nabarmenak jartzen dituen inguruan.

Eragile ekonomiko horiek enpresen esparruan duten garrantzia, ekoizpen jardueran nabarmen esku hartzen dutela eta handizkako finantzaketa merkatuetara edo kreditu erakundeen lerroetara heltzeko gaitasun txikiagoa dutela kontuan hartuta, talde horiei behar duten finantzaketa emateko bitarteko bat prestatu beharko da, betiere egoeraren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak finantza-laguntzaren programa prestatuz emango duen babesa, iaz bezala, programaren bidez hitzartzen diren finantzaketa eragiketen zati bat birfinkatzean oinarrituko da. Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legean oinarritzen da. Finantzazio-laguntza emateko programa honetara gehienez 600 milioi euro bideratuko dira, formalizatu beharreko maileguen bidez, eta enpresa txiki eta ertainen, banako enpresaburuen eta profesional autonomoen likidezia- eta finantzazio-beharrak betetzea izango du helburu.

Hala, dekretu honek programan parte hartzeko baldintzak, enpresa eta pertsona onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna eta maileguak erregulatzeko baldintzak arautuko ditu. Finantzazio-eskatzaileen elkarren bermerako sozietate eta finantza-erakunde laguntzaileekin izapideak egiteko prozedura ere biltzen du. Era berean, dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak programa finantzatzeko funtsak emateko interesa duten, inbertsioak gauzatzeko egokiak diren banku-gordailuak sortuz, finantza-erakundeek eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatzeko aukera ere jasotzen du.

Azkenik, berritasun bezala, Finantzen Euskal Institutuak dagokion eginkizunak betetzean mailegu-eragiketak eman ahal izatea ere aurreikusi da.

Ondorioz, Ogasun eta Finantza sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko otsailaren 4an egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, hauxe

Dekretu honen helburua da enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hori eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Lerro horren helburua da bankuaren finantzaketa lortu ahal izatea aipatutako taldeek zirkulatzailearen beharrak betetzeko, epe laburrerako zorra berritzeko eta epe laburrerako zorra epe ertain eta luzerako zorrera egokitu ahal izateko.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lankidetza hitzarmenak adostuko ditu elkarren bermerako sozietateen eta finantza-erakunde laguntzaileekin eta, horien bitartez, enpresa txikien eta ertainentzako, banako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa sortuko du.

  1. Honako hauek izango dute dekretu honetan bildutako bermea eta finantzaketa-lerroa jasotzeko aukera:

    1. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badituzte:

      Jarduera ekonomikoren bat egitea.

      250 langile baino gutxiago izatea.

      Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

      Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen enpresa batek edo batzuek batera.

      Aurretiaz adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan (EEAO, L124, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoa edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenak hartuko dira kontuan.

    2. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten banakako enpresaburu eta profesional autonomoak, baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badituzte:

      Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren Araubide berezian alta emanda edukitzea.

      Pertsona Fisikoen Errentaren Zergari lotutako jarduera ekonomikoen edo profesionalen bidez etekinak lortzea.

  2. Enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomia Elkarteko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legeko 39. artikuluaren 2. eta 4. paragrafoetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

    Betekizunen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan adierazitakoa dago. Horren arabera, ezingo dira dekretu honetan bildutako bermeen eta finantzaketa-lerroaren deialdietara aurkeztu sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratiboa edo penala jasota duten pertsona fisikoak edo juridikoak, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

    Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jaso ahal izango dute finantzaketa. Hala ere, eta 15. artikuluaren 1. atalean adierazitakoa gorabehera, ezingo dira deialdira aurkeztu jarduera ekonomikorik egiten ez duten erakunde eta sozietate publikoak, finantza-erakundeak (JEGZren epigrafeak: 81, 82, 831 eta 832) eta higiezinen arloko jarduerak (JEGZren epigrafeak: 833, 834 eta 861.1).

  3. Laguntza jaso ahal izateko, enpresak ezingo du krisialdi egoeran egon, 2004/C 244/02 Batzordearen Jakinarazpenean ezarritakoaren arabera (2004ko urriaren 1eko EEAO), eta foru aldundiekin eta Gizarte Segurantzarekin dituzten betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

  1. Honako egoera hauetarako emango da finantzaketa: likidezia beharrak eta kapital zirkulatzailearen finantzazioa, epe laburreko zorra berritzea eta epe laburreko zorra epe ertainera eta epe luzera egokitzea.

  2. Finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkarren bermerako sozietateak, dekretu honetako III. kapituluan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen mailegurako finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko ditu.

  1. Dekretu honetan ezarritakoaren arabera gauzatuko diren mailegu-eragiketa guztiek elkarren bermerako sozietateren batek abalatuta egon beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta eragiketan parte hartuko duten elkarren bermerako sozietateek hitzarmena sinatuko dute eta, horren bitartez, kontraberme-sistema emango zaie baltzu horiek abalatutako finantza-eragiketei.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, maileguak enpresa eta pertsona onuradunen alde gauzatzeko.

  3. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, aurreko ataleko finantza-erakunde laguntzaileak eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde interesdunek lankidetza-hitzarmenak sinatu ahalko dituzte bigarrenek lehenei finantzaketa emateko moduak prestatzeko, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek inbertsioak egiteko egokiak diren banku-gordailuen bitartez.

  1. Elkarren bermerako sozietateek emandako finantza-abalek enpresa eta pertsona onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean, dekretu honetako lehenengo artikuluan definitutako finantzaketa-beharrizanak estaltzeko erabili diren mailegu-eragiketetatik eratorri badira.

  2. Honakoak izango dira abalen kostua eta baldintzak:

    Azterketa-komisioa: maileguaren zenbateko nagusiaren % 0,10, behin bakarrik, abala eskatzean.

    Formalizazio-komisioa: formalizatutako abalaren % 0,20, behin bakarrik.

    Abal-komisioa: % 0,75, urtean. Aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, data horretan abalatutako mailegu bakoitzaren urteko saldoa oinarri hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko iraungiko den urtean, urtea amaitu arte edo iraungi arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan aplikatuko da, batez besteko saldoaren arabera.

    Elkarren bermerako sozietateak ez du komisiorik edo gastu osagarririk aplikatuko.

  1. Mailegu-eragiketek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

    Tresna: mailegu amortizagarria.

    Gehieneko interes-tasak: sei hilabeterako euriborra, gehi % 3.

    Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da, Reuter-en EURIBOR= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori sei hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren astegunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.

    Dena den, finantza-erakundeak ICO Garantía SGR/SAECA 2014 ildoaren hitzarmenetik eratorritako funtsak erabiltzen baditu, finantza-erakundeek finantzaketa tasa finkoari edo aldakorrari aplikatu beharreko gehieneko marjina, ICOk hamabostaldiro eskaintzen duena, % 0,75 izango da, mailegua ordaintzeko funtsak ematen duen egunean erakunde horrek argitaratutakoa.

    Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeekin sinatutako hitzarmenetako funtsak erabiltzen baditu, enpresa onuradunari aplikatu beharreko interes-tasa borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeekin sinatutako hitzarmenetan ezarritako gordailuen ordainketaren interes finkoa edo aldakorra % 0,75 handituz kalkulatuko da.

    Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak maileguen interes-tasak berrikusi ahalko ditu hiruhileko naturalen amaieran, merkatuko tasa parekagarrien bilakaerari jarraiki. Interes-tasak eguneratzen badira, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariak finantza-erakunde laguntzaile guztiei jakinaraziko die. Tasa berriak finantza-erakundeei jakinarazi ondoren ematen diren maileguei aplikatuko zaizkie.

    Epea: 3, 5 eta 7 urte, eta beste bat aukerako gabealdikoa zenbateko nagusia amortizatzeko.

    Interes- eta amortizazio-kuoten likidazioa hiru hilean behin egingo da. Mailegua tasa aldakorrarekin formalizatuz gero, interes-tasa hiru hilean behin berrikusiko da.

    Maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz ezeztatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

  2. Honako hauen artekoa izango da maileguen zenbatekoa:

    50.000. euro eta 650.000 euro artean, enpresa txiki eta ertainentzat.

    10.000 euro eta 100.000 euro artean, banako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

    1. Espezifikotasunak:

      Abenduaren 18ko 1408/2013 Erregelamenduan (DOUE, L 352/9, 2013-12-24) adierazitako nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa eta pertsona eskatzaileei erregelamendu horretako 4.3 b) artikuluak ezarritako muga aplikatuko zaie.

      Uztailaren 24ko 875/2007 Erregelamenduan (DOUE, L 193/6, 2007-07-25) adierazitako arrantzaren sektorean lan egiten duten enpresa eta pertsona eskatzaileei erregelamendu horretako 3.7 e) artikuluak ezarritako muga aplikatuko zaie.

    2. Dekretu honen bidez emandako maileguak birfinkatzeek eta helburu berbera duten aurreko ekitaldietako finantza-laguntzako dekretuen eta hitzarmenen bitartez emandako maileguen birfinkatzeek bat egiten badute, ETEentzako 750.000 euroko muga ezarriko da eta banako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako, 120.000 eurokoa, baldin eta maileguen enpresa edo pertsona onuradunek aurreko ekitaldietako programen bitartez lortutako maileguen amortizazio-kuotak eta interesak egunean badituzte.

  3. Enpresa edo pertsona onuradunak emandako maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.

  1. Dekretu honek araututako finantzaketa-lineak eskuratzeko deialdia egingo da; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori, eta publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioei jarraitu beharko zaie.

    Ogasun eta Finantza sailburuaren aginduaren bitartez egingo da deialdia, eta erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epe eta lekua eta gainerako prozedura-alderdiak zehaztu beharko dira bertan. Era berean, programan lagunduko duten finantza-erakundeen eta elkarren bermerako sozietateen zerrenda ere zehaztuko da.

  2. Deialdian, edo deialdi guztien artean, gutxienez 40 milioi euroko zenbatekoa bermatuko da, eta eskari nahikoa egonez gero, beste 100 milioi eurorekin handitu ahal izango da zenbatekoa, dekretu honetako I. kapituluko bigarren atalean definitu diren banakako enpresaburu eta profesional autonomoentzat.

    Hala ere, Ogasun eta Finantza Sailak zenbatekoak berresleitu ahal izango ditu, dekretu honetan azaltzen diren kolektiboetakoren batean finantzazio-eskaria nahikoa izan ez den kasuetan.

  1. Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Eskabidea, eranskineko F1P formularioan jasotako ereduaren arabera.

    2. Eskatzailearen ordezko izateko boterearen fotokopia.

    3. Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen aitorpen arduratsua (eranskineko F2P formularioa). Ikuskaritza-bisitan egiaztatu ahal izango dira eta honako hauek dira, hain zuzen ere:

      Eskabidea egin aurreko ekitaldiaren abenduaren 31n plantilan zegoen langile kopurua, hilabete horretako TC1aren arabera.

      Fakturazio-zifra, eskabidea egin aurreko ekitaldiaren abenduaren 31n.

      Urteko balantze orokorraren zifra, eskabidea egin aurreko ekitaldiaren abenduaren 31n.

      Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea enpresa txiki edo ertaina ez den enpresa batek edo batzuek batera.

    4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

    5. Foru Aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

    6. Azken hiru ekitaldietako urteko kontuak.

    7. Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskribapen-memoria. Enpresak egin behar du (eranskineko F3 formularioa).

  2. Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Eskabidea, eranskineko F1A formularioan jasotako ereduaren arabera.

    2. Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen aitorpen arduratsua (eranskineko F2A formularioa).

    3. Foru Aldundiaren ziurtagiria, profesionalak alta emanda duen jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

    4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

    5. Eskatzailearen ondasunen aitorpena.

    6. 2013. urteko diru-sarrera eta gastuen egikaritzea, eta urte honetarako aurreikuspena.

    7. Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskribapen-memoria.

  3. Eskatzaileak gorago aipatutako adierazpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zehapen-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa, bai penala.

  4. Nolanahi ere, Ogasun eta Finantza Sailak eta elkarren bermerako sozietate laguntzaileek eskabidea aurkeztu duen enpresari informazio gehiago eskatu ahal izango diote, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen badute.

  1. Hitzarmenaren arabera laguntzaileak diren elkarren bermerako sozietateen bulegoetan aurkeztu beharko dira eskabideak eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiri guztiak.

  2. Interesdunek www.ejgv.euskadi.net atarian edo Zuzenean arreta-zerbitzuaren bitartez (012 telefono-zenbakia) eskuratu ahal izango dute informazio gehiago, baita eskaera-orriak ere.

  1. Elkarren bermerako sozietate laguntzaileek aztertu eta ebaluatu beharko dituzte aurkezten diren eskabideak, abala eman baino lehenago.

  2. Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkarren bermerako sozietate laguntzaileak agindeia egingo dio enpresa interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.

  3. Elkarren bermerako sozietateak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

  4. Elkarren bermerako sozietate laguntzaileak, eskabidea aztertu ostean, «abala baimentzeko agiria» emango du, hala badagokio, eta F4 formularioan azaldutako informazioa zehaztuko da bertan.

  5. Elkarren bermerako sozietateak aldi berean emango die «abala baimentzeko agiriaren» berri enpresa edo pertsona onuradunari, finantza-erakunde laguntzaileari eta Ogasun eta Finantza Sailari.

  6. Elkarren bermerako sozietate laguntzaileak Ogasun eta Finantza Sailari eman behar dio gauzatu diren abal-eragiketen eta ukatutakoen berri. Horretarako, lankidetza-hitzarmenean ezartzen diren aldizkakotasuna, betekizunak eta ereduak beteko ditu.

  1. Elkarren bermerako sozietateak kreditu-eragiketak egiteko «Abala baimentzeko agiria» onetsi duenean eta agiri hori kasuan kasuko finantza-erakundera bidaltzen denean, enpresa edo pertsona eskatzaileek lankidetza-hitzarmena sinatzen duen finantza-erakunderen batekin gauzatuko dute abal hori.

  2. Finantza-erakundeek gauzatutako mailegu-eragiketak jakinaraziko dizkiote Ogasun eta Finantza Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasun, betekizun eta ereduei jarraituz.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ematen duen birfinkatzea bertan behera geratuko da «Abala baimentzeko agiria» igortzen den egunetik gehienez hiru hilabeteko epean formalizatzen ez diren eragiketetan.

  1. Dekretu honetako diru-laguntzak emateari utziko zaio banatutako finantzaketa-eragiketak 600 milioi eurora iristen direnean.

  2. Ogasun eta Finantza Sailak Ogasun eta Finantza Politikako sailburuordearen ebazpenaren bitartez jakinaraziko du inguruabar hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Finantza-laguntza emateko programa eskatzen duten enpresa eskatzaileek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote Ogasun eta Finantza Sailari, eta dagokion elkarren bermerako sozietateari edo finantza-erakundeari entzun ostean bideratuko dira horiek. Aurkeztutako erreklamazioa Ogasun eta Finantza Politikako sailburuordearen ebazpenaren bidez ebatziko da.

  1. Finantza-laguntzako programa honetako erakunde onuradunek eta erakunde laguntzaileek Ogasun eta Finantza Sailaren egiaztapen-, ikerketa- eta azterketa-jarduerak onartu beharko dituzte.

  2. Jarduera horien ondorioz egiaztatuko balitz pertsona edo enpresa onuradunen batek baldintzaren bat bete ez duela, dagokien elkarren bermerako sozietateari eta finantza-erakundeari jakinaraziko zaie inguruabar hori, emandako finantzaketa ezezta dezaten. Hori dela eta, pertsona edo enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, aurretiaz amortizatuz. Jarduera horien ondorioz egiaztatuko balitz hitzarmen honetako erakunde kolaboratzaileetako batek baldintzaren bat bete ez duela, inguruabar horrek sinatutako hitzarmena baliogabetuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak abiaraz ditzakeen lege- eta administrazio-jarduerak gorabehera.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hartutako birfinkatzeko betebeharren ondorioz Administrazioak ordainetan hartu behar baditu egindako ordainketak, erakunde onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ogasun eta Finantzako sailburuak zehaztuko du, bidezko prozedura bideratu eta erakunde onuradunari entzun ondoren, enpresa horren zorraren zenbatekoa eta hori ordaintzeko modu eta epea.

  1. Eragiketek «minimis» estatuko laguntzak erregulatzeko araudiak ezarritakoa beteko dute, honako hauetan bildutakoa, hain zuzen: 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Batzordearen Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (DOUE, L 352/1, 2013-12-24); 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 Batzordearen Erregelamendua, nekazaritzaren sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (DOUE, L 352/9, 2013-12-24); eta 2007ko uztailaren 24ko 875/2007 Batzordearen Erregelamendua, arrantzaren sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari buruzkoa (DOUE, L 193/6, 2007-07-25).

    Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein herri-administrazio, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino gehiago.

  2. Arau honen bitartez onuradun izango diren pertsona edo erakundeek uneoro jakinarazi beharko diote Ogasun eta Finantza Sailari beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi horretan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

Ogasun eta Finantza Sailaren, elkarren bermerako sozietateen eta finantza-erakunde laguntzaileen ordezkariek programaren segimendua eta ebaluazioa egingo duen batzorde bat eratuko dute, eta haren zeregina programaren aplikazioa eta ebaluazioa aztertzea izango da.

Finantzen Euskal Institutuak, egokitu zaizkion eginkizunak betetzean, dekretu honetako lehen artikuluan zehaztutako finantza-beharrak estaltzeko maileguak eman ahalko ditu.

LEHEN AZKEN XEDAPENA

Ogasun eta Finantzako sailburuak izango du dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko eskumena.

BIGARREN AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko otsailaren 4an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GAZAGAECHEVARRIA BASTIDA.

(Ikus .PDF)