Arautegia
Inprimatu10/2014 DEKRETUA, otsailaren 4koa, 2014ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea onartzeko eta baimentzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 31
- Hurrenkera-zk.: 708
- Xedapen-zk.: 10
- Xedapen-data: 2014/02/04
- Argitaratze-data: 2014/02/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Ogasun; Ekonomia
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluan ezartzen duenez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zorpetze-eragiketen gehienezko zenbatekoa.
Horretarako, abenduaren 20ko 4/2013 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen. Bada, lege horren 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, zorpetze hori handitu ahal izango da, eta muga hau izango du: ekitaldiaren amaieran, saldoa ez da ekitaldiaren hasieran baino 777.885.666 euro handiagoa izango.
Beraz, 2013. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2014ko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehienezko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.315.314.000 eurokoa da.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez egin ahal izango da zorpetzea.
Horri dagokionean, lege horren 30. artikuluan xedatzen denez, zor publikoaren jaulkipena Jaurlaritzaren Kontseiluak ondartuko du dekretu bidez, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailak proposamena egin ondoren. Berak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta berau egiteko denboraren gehienezko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu; dekretuan aipatu gabeko jaulkipenaren ezaugarriak, aldiz, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, aurreikuspenen barnean, betiere. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da horretarako agindua.
Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman ahal izango du finantza-erakundeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.
Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-krisiaren bilakaerak eragindakoa izanik, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.
Hori dela eta, aurreko ekitaldietan (martxoaren 30eko 99/2010 Dekretua, otsailaren 8ko 13/2011 Dekretua, martxoaren 27ko 42/2012 Dekretua, urtarrilaren 15eko 79/2013 Dekretua, martxoaren 12ko 178/2013 Dekretua eta ekainaren 11ko 361/2013 Dekretua) baimena eman zen, era berean, Euskadiren Zor Publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.
Horregatik, dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehaztu ahal izango dira zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko tresna eta modalitatea, bai eta finantza-baldintzak ere, merkatuen egoerak berau zehaztea ahalbidetzen duen unean.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren erabaki eta onartu ondoren, honako hau
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 20ko 4/2013 Legearen 10.1 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea adostu zen, eta baimena eman zen mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, izan barnean zein kanpoan, milioi bat hirurehun eta hamabost mila eta hirurehun eta hamalau (1.315.314.000) euroko gehienezko zenbatekoarekin.
Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:
Gehieneko zenbatekoa guztira: 1.315.314.000 euro.
Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.
Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.
Epea: 30 urte, gehienez.
Jaulkipen-modalitateak: eragiketak honela egin ahal izango dira:
Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarriz, euroa edo beste edozein dibisa erabiliz, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.
Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.
Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez onartuak eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira.
Gaur egungo arauekin bat etorriz, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.
Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren entitateen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira entitateak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko entitateak, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten entitateak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan onartu diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretu horren aurreikuspenen barruan, betiere. Zor publikoaren jaulkipena balioen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Baimena ematen zaie Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeari eta Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariari, era berean, dekretu honetan baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko beharrezko kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko, bai eta estalduratik eratorritako eragiketak sinatzeko ere, hala badagokio.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean berean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko otsailaren 4an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: AGINDUA, 2014ko martxoaren 6koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, hirurehun eta berrogeita hamar milioi euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzeko eta eragiketa horren ezaugarriak zehazteko dena.
- Ikus: 4/2013 LEGEA, abenduaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituena.