Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

391/2013 DEKRETUA, uztailaren 23koa, eskola-kiroleko lehiaketen diziplina-araubideari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 186
  • Hurrenkera-zk.: 4118
  • Xedapen-zk.: 391
  • Xedapen-data: 2013/07/23
  • Argitaratze-data: 2013/09/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuko 10.36 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa du kirolaren gaian. Eskumen hori gauzatzeko onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak ekainaren 11ko 14/1998 Legea, Euskadiko kirolarena. Lege horretan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio eskola-kirolaren esparruko diziplina-araubidea onestea.

Euskal Autonomia Erkidegoan, xedapen batek arautzen du eskola-kiroleko lehiaketen diziplina araubidea, hain zuzen ere, diziplina-araubideari buruzko Kultura eta Turismo Sailaren 1985eko uztailaren 29ko Aginduak. Baina xedapen hori zaharkituta geratu da Kultura fisiko eta kirolari buruzko otsailaren 19ko 5/1988 Legera egokitu ez zelako, ez eta indarrean dagoen legera ere (14/1998 Legea), kirol-sistema desberdin bat egituratzen bazuen ere. Horrenbestez, ezinbestekoa da haren ordez xedapen berri bat ematea, eskola-kiroleko lehiaketen esparruko egungo premiak eta indarrean dauden xedapenak aintzat hartzen dituena, bereziki 14/1998 Legea eta eskola kirolari buruzko uztailaren 1eko 125/2008 Dekretua, aipatu legea garatzeko onetsitakoa.

Euskadiko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, diziplina-araubideak bere baitan hartuko ditu joko- edo lehiaketa-arauen hausteak. Beraz, dekretu honek bakar bakarrik arautzen du eskola-kiroleko lehiaketen diziplina-araubidea, eta bertan ez da jasotzen administrazioaren zehapen-ahalmena, diziplina-ahalmena baizik, lotura berezia duten pertsonei zehapenak ezartzeko eskumen gisa. Ahalmen hori, administrazioaren ahalmena ez bezala, antolakuntzako pertsonei bakarrik aplikatu ahal izango zaie, alegia, lizentzia edo inskripzio bidez eskola-kiroleko lehiaketetan parte hartzen duten edo horiei loturik dauden pertsonei.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 23ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da eskola-kiroleko lehiaketen diziplina-araubidearen oinarri eta printzipio orokorrak arautzea.

  1. Dekretu honetan xedatutako diziplina-araubidea aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan jokatutako eskola-kiroleko proba edo partidetan joko- edo lehiaketa-arauak hausten direnean. Halaber, diziplina-araubide hori aplikatuko da kirol-lehiaketak arautzeko arau orokorrak hautsiz gero.

    Salbuespen gisa aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan instalaziorik ez dagoelako hemendik kanpo jokatutako eskola-kiroleko proba eta partidetan. Horretarako, proba eta partida horiek uztailaren 1eko 125/2008 Dekretuaren aplikazio-eremuari dagozkienak izan behar dute.

  2. Dekretu honetan xedatutako ondorioetarako, joko- edo lehiaketa-arauen haustetzat hartuko dira proba edo partidak normaltasunez gauzatzea kaltetzen, eragozten edo oztopatzen duten ekintzak eta omisioak.

  3. Dekretu honetan jasotako diziplina-araubidea aplikatuko da lurralde historikoetako foru organoek onetsitako eskola-kiroleko urteroko programetan aurreikusitako kirol-lehiaketetan eta Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan. Lehiaketa horietan parte hartzeko, dagokion eskola kiroleko lizentzia beharko da. Xedapen honen aplikazio-eremutik kanpo geratuko dira errendimenduan hasteko lehiaketak, lizentzia federatua daukaten eskola-adineko kirolarien parte-hartzea dakartenak. Horrenbestez, dagokien kirol-federazioaren diziplina-araubidearen mende geratuko dira aipatu lehiaketak.

  4. Xedapen honetan araututako diziplina-araubidea ulertzen da erantzukizun zibil eta penalen edo bestelako erantzukizunen kalterik gabe, eta erantzukizun horiek guztiak dagozkien arauen mende geratuko dira.

Dekretu honetan jasotako diziplina-araubidea aplikatuko zaie eskola-kiroleko lehiaketen egituran parte hartzen duten pertsona fisiko eta juridiko guztiei, baldin eta antolatzaileekin lotura berezia badute eskola-lizentziaren edo dagokion izen-ematearen bidez.

  1. Eskola-kiroleko lehiaketetan kirol-arloko diziplina-ahalmena organo hauen eskuetan dago, bakoitzari dagozkion eskumenen eremuan:

    1. Lehen instantzian, parte-hartzaileen gaineko eskola-kiroleko eskuduntza duten organoen esku.

    2. Bigarren instantzian, Kirol Justiziako Euskal Batzordearen esku.

  2. Kirol-arloko diziplina-ahalmena da organo jakin batzuei esleitzen zaien eskumena, dagokion kirol-diziplinaren mendeko pertsonen jarduera aztertzeko, eta, egoki izanez gero, zigorra ezartzeko.

  3. Ez da diziplina-ahalmenaren gauzatzetzat hartuko kirol-modalitate bakoitzari dagozkion arau teknikoak aplikatuz probak edo partidak zuzentzea. Zeregin hori epaileei esleitutako eginkizuna da.

Eskola-kiroleko lehiaketen diziplina-araubidearen oinarri dira Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea, dekretu hau, dekretu honen garapenerako foru-organoek emandako arauak eta erakunde antolatzaileek onetsitako diziplina-xedapenak. Haietan zehaztu gabeko alderdietan, dagokion kirol-modalitatearen federazioak xedatutakoa aplikatuko da.

  1. Diziplina-erantzukizuna pertsona fisikoena izango da, erantzukizun subjektiboaren arloan, beren ekintza edo omisioengatik, baina ez pertsona fisikoena bakarrik, pertsona fisiko erantzuleena ere izango da-eta, beraiekin zerikusia duten pertsona fisikoen ekintza edo omisioengatik.

  2. Diziplina-erantzukizuna zehazteko, diziplina-organoek aintzat hartu behar dituzte zigor zuzenbide orokorraren printzipio informatzaileak.

  3. Ezin da zigorrik ezarri arau-haustea gauzatu aurretik tipifikatu gabeko ekintza edo omisioengatik. Halaber, arau-haustea egin baino lehenago arauz xedatu gabe zeuden zigorrak ezin dira ezarri.

  4. Pertsona fisiko edo juridiko bati ezin zaio diziplina-zigor bat baino gehiago ezarri gertaera bakar batengatik, antolatzailearen araudiak osagarri gisa xedatutako zigorrak izan ezik.

  1. Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

  2. Dekretu honetan deskribatutako arau-hausteez gain, eskola-kiroleko lehiaketetako araudiek tipifika ditzakete arau-hauste oso larriak, larriak eta arinak dakartzaten jokabideak, kirol eta antolatzaile bakoitzaren berezitasunen arabera, dekretu honetan xedatutako printzipio eta irizpide orokorrei jarraikiz.

Kirolariek egindako arau-hauste oso larritzat hartuko dira honako hauek:

  1. Epaile, kirolari, teknikari, kirol-agintari, ikusle edo kirol-lehiaketetan esku hartzen duten gainerako pertsonak erasotzea, larderiatzea edo hertsatzea.

  2. Partida, proba edo lehiaketa bat egitea eragozten duen edo aldi baterako zein behin betiko bertan behera uztea dakarren protesta edo jarduera kolektiboa.

  3. Dagozkien diziplina-organoen ebazpenak ez betetzea.

  4. Kirolean indarkeria, sexismoa, arrazismoa, xenofobia, homofobia eta intolerantzia pizten duten adierazpen publikoak eta gainerako ekintzak.

  5. Jokoaren edo lehiaketaren emaitza aurretik erabakitzea helburu duten ekintzak eta omisioak.

  6. Arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik ezarritako zigorrak haustea.

  7. Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Kirolariek egindako arau-hauste larritzat hartuko dira honako hauek:

  1. Partidaren, probaren edo lehiaketaren garapen normala eragozten duen protesta, saioa bertan behera uztea ez badakar.

  2. Epaileak, teknikariak, kirolariak, kirol-agintariak, ikusleak edo kirol-lehiaketan esku hartzen duten gainerako pertsonak laidotzea eta iraintzea.

  3. Arau-hauste arinetan berrerortzea.

  4. Kirol-lehiaketak eskatzen duen duintasunaren edo begirunearen aurkako jarduera nabarmen edo publikoa.

  5. Arau-hauste arinengatik ezarritako zigorrak haustea.

Kirolariek egindako arau-hauste arintzat hartuko dira honako hauek:

  1. Epaileei, teknikariei, kirolariei, kirol-agintariei, ikusleei edo kirol-lehiaketan esku hartzen duten gainerako pertsonei oharpenak egitea eragabekeriaz.

  2. Epaileek eta kirolaren inguruko gainerako agintariek dagozkien zereginak betetzearren emandako aginduen eta jarraibideen aurrean jarrera pasiboa izatea.

  3. Jokabide desegokia edo kiroltasunik gabekoa, arau-hauste larria edo oso larria ez badakar.

  4. Kirol-arauen aurkako jokabide nabarmenak, arau-hauste oso larri edo larri gisa sailkatuta ez badaude.

Teknikariek eta zuzendariek egindako arau-hauste oso larritzat hartuko dira honako hauek:

  1. Eskola-kiroleko txapelketetan parte hartzeari lotutako datu errealen eta agirien funtsezko aldaketa.

  2. Eskola-kiroleko txapelketen arauak behin eta berriro ez betetzea, argi eta garbi.

  3. Segurtasun-arauak edo arriskuak estaltzeko arauak betetzen ez dituzten eskola-kiroleko lehiaketak antolatzea, ez-betetze horrek hirugarrenentzako arrisku oso larriak eragiten baditu.

  4. Kirolariei, epailei, teknikariei, kirol-agintariei, ikusleei edo txapelketetan esku hartzen duten gainerako pertsonei eraso egitea, larderiatzea edo hertsatzea.

  5. Agintekeriaz jokatzea.

  6. Jokoaren edo lehiaketaren emaitza aurretik erabakitzea helburu duten ekintzak eta omisioak.

  7. Dagozkien diziplina-organoen ebazpenak ez betetzea.

  8. Kirolean indarkeria, sexismoa, arrazismoa, xenofobia, homofobia eta intolerantzia pizten duten adierazpen publikoak eta gainerako ekintzak.

  9. Kirolariak, haien laguntzaileak edo ikusleak bultzatzea kiroltasunik gabeko ekintzak gauzatzera.

  10. Aktak eta derrigorrezko gainerako agiriak ez sinatu nahi izatea.

  11. Arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik ezarritako zigorrak haustea.

  12. Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Teknikariek eta zuzendariek egindako arau-hauste larritzat hartuko dira honako hauek:

  1. Epaileak, teknikariak, kirolariak, kirol-agintariak, ikusleak edo txapelketetan esku hartzen duten gainerako pertsonak laidotzea eta iraintzea.

  2. Partidaren, probaren edo lehiaketaren garapen normala eragozten duen protesta, saioa bertan behera uztea ez badakar.

  3. Eskola-kiroleko lehiaketen araudia ez betetze hutsa.

  4. Eskola-kiroleko lehiaketetarako segurtasun-arauak ez betetzea, hirugarrenentzako arrisku larriak eragiten ez baditu.

  5. Kirol-lehiaketak eskatzen duen duintasunaren edo begirunearen aurkako jarduera nabarmen edo publikoa.

  6. Partida, proba nahiz lehiaketa bat atzeratzea edo aldi baterako zein behin betiko bertan behera uztea dakarren protesta edo jarduera kolektiboa.

  7. Kirol-lehiaketetan jarduerak egitea beharrezko titulaziorik edo baimenik gabe.

  8. Arau-hauste arinengatik ezarritako zigorrak haustea.

  9. Arau-hauste arinetan berrerortzea.

Teknikariek eta zuzendariek egindako arau-hauste arintzat hartuko dira honako hauek:

  1. Epaileei, teknikariei, kirolariei, kirol-agintariei, ikusleei edo txapelketetan esku hartzen duten gainerako pertsonei oharpenak egitea eragabekeriaz.

  2. Epaileek eta kirolaren inguruko gainerako agintariek dagozkien zereginak betetzearren emandako aginduen eta jarraibideen aurrean jarrera pasiboa izatea edo horretan laguntzarik ez ematea.

  3. Jokabide desegokia edo kiroltasunik gabekoa, arau-hauste larria edo oso larria ez badakar.

  4. Kirol-arauen aurkako jokabide nabarmenak, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatuta ez badaude.

Arau-hauste oso larritzat hartuko dira honako hauek:

  1. Taldeei edo parte-hartzaileei buruzko datu errealen eta agirien funtsezko aldaketa.

  2. Eskola-kiroleko lehiaketen arauak behin eta berriro ez betetzea, argi eta garbi.

  3. Segurtasun-arauak edo arriskuak estaltzeko arauak betetzen ez dituzten kirol-lehiaketetako jarduerak antolatzea, jarduera horiek hirugarrenentzako arrisku oso larriak eragiten badituzte.

  4. Epaile, kirolari, teknikari, kirol-agintari, ikusle edo kirol-lehiaketetan esku hartzen duten gainerako pertsonak erasotzea, larderiatzea edo hertsatzea.

  5. Jokoaren edo lehiaketaren emaitza aurretik erabakitzea helburu duten ekintza eta omisioak.

  6. Bi partida edo probatan edo gehiagotan ez agertzea, justifikatu gabe.

  7. Eskola-lizentziarik gabeko kirolariak jokalarien zerrendan sartzea.

  8. Zehapen irmoz deskalifikatutako edo jokatzea galarazitako kirolariak jokalarien zerrendan sartzea.

  9. Partida, proba edo lehiaketa bat egitea eragozten duen edo aldi baterako zein behin betiko bertan behera uztea dakarren protesta edo jarduera kolektiboa.

  10. Kirolean indarkeria, sexismoa, arrazismoa, xenofobia, homofobia eta intolerantzia pizten duten adierazpen publikoak eta gainerako ekintzak.

  11. Diziplina-zigorrak eta diziplina-organoen ebazpenak ez betetzea.

  12. Arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik ezarritako zigorrak haustea.

  1. Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Arau-hauste larritzat hartuko dira honako hauek:

  1. Jokoaren, probaren edo lehiaketaren garapen normala eragozten duen protesta, saioa bertan behera uztea ez badakar.

  2. Epaileak, teknikariak, kirolariak, kirol-agintariak, ikusleak edo txapelketetan esku hartzen duten gainerako pertsonak laidotzea eta iraintzea.

  3. Kirol-lehiaketak eskatzen duen duintasunaren edo begirunearen aurkako jarduera nabarmen edo publikoa.

  4. Kirol-instalazioetako segurtasun eta higieneari buruzko arauak ez betetzea, bertaratzen diren pertsonentzako arrisku larria badakarte.

  5. Lehiaketen arauak ez betetze hutsa.

  6. Segurtasun-arauak edo arriskuak estaltzeko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak antolatzea, jarduera horiek hirugarrenentzako arriskurik eragiten ez badute.

  7. Jokalarien zerrendan sartu behar ez diren kirolariak zerrenda horretan sartzea, arau-hauste oso larritzat hartu ez bada.

  8. Erakundeko talderen baten jarduera kolektiboa, partida baten hasiera atzeratzea dakarrena edo normaltasunez jokatzea eragozten duena.

  9. Partida edo proba baten hasiera edo berrastea nahita atzeratzea.

  10. Erakundeko talderen bat partida batean ez agertzea, justifikaziorik gabe.

  11. Arau-hauste arinengatik ezarritako zigorrak haustea.

  12. Arau-hauste arinetan berrerortzea.

Arau-hauste arintzat hartuko dira honako hauek:

  1. Epaileei, teknikariei, kirol-agintariei, kirolariei edo ikusleei oharpenak egitea eragabekeriaz.

  2. Epaileek eta kirolaren inguruko gainerako kirol-agintariek dagozkien zereginak betetzearren emandako aginduen eta jarraibideen aurrean jarrera pasiboa izatea.

  3. Kirol-arauen aurkako jokabide nabarmenak, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatuta ez badaude.

  1. Arau-hauste oso larriak eginez gero, zigor hauek aplika daitezke:

    1. Lizentzia baliogabetzea, urtebeterako gutxienez, eta bost urterako gehienez.

    2. Lizentzia kentzea.

      6.010,12 eurotik 60.101,21 eurora bitarteko isuna.

    1. Kirol-esparrua ixtea, hiru partida edo probarako gutxienez, eta ikasturte edo denboraldi baterako gehienez.

    2. Karguak eta funtzioak betetzeko gaitasungabetzea, urtebeterako gutxienez, eta bost urterako gehienez.

    3. Jokotik, probatik edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

    4. Jokotik, probatik edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

    5. Jokoak, probak edo lehiaketak ateak itxita egitea.

    6. Egun bati edo proba bati baino gehiagori dagozkion puntuak, partidak edo sailkapeneko postuak galtzea.

  2. Arau-hauste larriak eginez gero, honako zigor hauek aplika daitezke:

    1. Lizentzia baliogabetzea, hilabeterako gutxienez, eta urtebeterako gehienez.

    2. 601,01 eurotik 6.010,12 eurora bitarteko isuna.

    3. Kirol-esparrua ixtea, bi partida edo probarako gehienez.

    4. Karguak eta funtzioak betetzeko gaitasungabetzea, urtebeterako gehienez.

    5. Jokotik, probatik edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

    6. Jokotik, probatik edo lehiaketatik behin-behingoz kanporatzea.

    7. Jokoak, probak edo lehiaketak ateak itxita egitea.

    8. Egun bati edo proba bati dagozkion puntuak, partidak edo sailkapeneko postuak galtzea.

    9. Modu pribatuan ohartaraztea.

    10. Ohartarazpen publikoa.

  3. Arau-hauste arinak eginez gero, honako zigor hauek aplika daitezke:

    1. Lizentzia baliogabetzea, hilabeterako gehienez.

    2. 601,01 eurora arteko isuna.

    3. Jokotik, probatik edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

    4. Jokotik, probatik edo lehiaketatik behin-behingoz kanporatzea.

    5. Modu pribatuan ohartaraztea.

    6. Ohartarazpen publikoa.

  4. Jardueragatik ordainsariak jasotzen dituzten erakunde, zuzendari eta teknikariei soilik jarri ahal zaizkie zigor ekonomikoak.

  5. Dagokion diziplina-espediente bidez ezarritako zigorrak berehala bete behar dira, dagozkien errekurtsoen berri izan behar duten federazio-, administrazio- edo jurisdikzio-organoek kautelaz atzeratzeko duten gaitasunaren kalterik gabe.

  1. Kirolariei ezarritako zigorrek izaera hezitzailea, prebentiboa eta zentzatzailea izango dute, batez ere.

  2. Arau-hauste larrietan aplikatuko den zigorra lizentzia hilabete eta egun batez baliogabetzea izango da, gehienez ere urtebetez.

  3. Arau-hauste larrietan aplikatuko den zigorra lizentzia bost egunez baliogabetzea izango da, gehienez ere hilabete batez.

  4. Arau-hauste arinetan aplikatuko den zigorra lizentzia bost egunez baliogabetzea izango da, gehienez ere.

  5. Zigor horiek beteko dira zigorra jarri eta hurrengo jardunalditik hasita, eta denboraldi hori eta hurrengoa har dezakete.

  1. Bi arau-hauste edo gehiago egiten dituenari, arau-hauste horiei dagozkien zigorrak ezarriko zaizkio.

  2. Arau-hausteak gertaera bakar bati badagozkio, edo batera gertatutako zenbait arau-hauste izanez gero, edo arau-hausteetako bat beharrezkoa balitz bestea egiteko, eta, egoerari erreparatuta, arduradunaren jokabidea gaitzesteko arrazoi gutxiago dagoela ikusiz gero, aurreko zenbakian xedatutako araua aplikatuko da, arau-hauste bakoitzarentzat xedatutako zigorretatik arinena ezarrita.

  1. Erakundeak erantzule zuzenak dira, haien kide eta eskola-kiroleko lehiaketetan parte hartzaile diren pertsona fisikoek egindako arau-hausteengatik.

  2. Erakunde jakin bati lotutako pertsona fisikoek diziplina-arauetan aurreikusitako arau hausteak eginez gero, litekeena da erakunde horri zigorra jartzea, pertsona fisikoen aurka jar daitezkeen zigorren kalterik gabe.

  3. Erakundeen erantzukizuna zehazteko, egoera aztertuko da; kontuan hartuko dira, batez ere, alderdi hauek: aurrekariak izatea, erakundearen jarrera pasiboa edo arduragabea, pertsona fisiko erantzuleak identifikatzeko emandako laguntzaren maila, edo gertatutako jazoerak saihesteko hartutako neurriak.

  1. Diziplina-erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak aringarriak edota larrigarriak izan daitezke.

  2. Inguruabar aringarriak dira:

    1. Arau-haustearen aurretik probokazio nahikoa gertatu izana.

    2. Berez damutu izana.

  3. Inguruabar larrigarriak dira:

    1. Behin eta berriz gertatu izana.

    2. Prezioa.

  4. Diziplina-organoek, kirol-arloko diziplina-ahalmena gauzatzean, egoki iritzitako mailako zigorra jar dezakete, gertaeren izaera, pertsona erantzulearen nortasuna, arau-haustearen ondorioak eta inguruabar larrigarri edo aringarriak aintzat hartuta.

  5. Erantzukizuna arintzeko lagungarriak izan daitezkeen inguruabarrak egonez gero, kirolarien kasuan, maila arinagoko arau-hausteak aplikatuko dira, diziplina-araubidearen asmo hezitzailea kontuan hartuta.

  1. Kirol-arloko diziplina-erantzukizuna iraungitzen da betiere:

    1. Zehapena betetzen denean.

    2. Arau-haustea preskribatuz gero.

    3. Zigorra preskribatuz gero.

    4. Errua egotzitako edo zigortutako pertsona hilez gero.

    5. Errua egotzitako edo zigortutako erakundea deseginez gero.

    6. Zigorra barkatuz gero.

  2. Eskola-lizentzia edo eskola-kiroleko lehiaketetako izenemate-titulu analogoa galdu izana, ezarritako zigorren eraginkortasunari eragin arren, ez da izango diziplina-erantzukizuna iraungitzeko kausa.

  1. Arau-hauste oso larriak hiru urteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste larriak urtebeteren buruan, eta arau-hauste arinak hilabeteren buruan, arau-haustea egindako egunetik kontatzen hasita. Arau-haustea baldin bada luzaroan egindako jarduera batetik sortua, jarduera hori amaitutako egunetik edo arau-haustea gauzatutako azken ekitalditik hasi behar da kontatzen.

  2. Preskripzio-epea etengo da diziplina-prozeduraren hasiera jakinarazten den unean. Prozedura hilabetetik gora geldirik badago, prozeduraren mende dagoen pertsona edo erakunde erantzuleari egotzi ezin zaion kausagatik, dagokion epeak aurrera egingo du berriz ere.

  3. Arau-hauste oso larriak hiru urteren buruan preskribatzen dira, arau-hauste larriak urtebeteren buruan, eta arau-hauste arinak hilabeteren buruan, zigorra ezartzeko ebazpenak irmotasuna hartutako egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edota, zigorra betetzen hasi bada, zigor betetzea hautsitako egunetik kontatzen hasita.

  4. Zigorraren preskripzioa etengo da betearazteko prozedura hasten bada, zigortua jakinaren gainean jarrita. Zigortuari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik prozedura geldituz gero, hilabete bete eta hurrengo egunean hasiko da berriz preskripzioa epe osorako.

    Betearazteko prozeduraren helburua lortzera bideratutako edozein jarduera egiteak, helburu horren neurrikoa bada, galarazi egingo du prozedura gelditutzat jotzea, nahiz eta jarduera hori ez egon berariaz jasota prozedura-arauan, betiere organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentatuta badago.

    Halaber, betearazpena epaileen erabakiz eteten bada, zigorraren preskripzioa ere eten egingo da, eta dagokion epea oso-osorik kontatzen hasiko da berriro, epaileen etena bete eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Kirol-arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alderdi interesdunaren eskariz, ministerio fiskalari jakinarazi beharko dizkiote delitu edo hutsegite penal izan daitezkeen gertaerak. Horrelakoetan, kirol-arloko diziplina-organoek prozedura etetea erabakiko dute, epaileak ebazpena eman arte.

  2. Aurrekoa gorabehera, kirol-arloko diziplina-organoek behar diren babes-neurriak har ditzakete.

  1. Gertaera berbera dela-eta, batetik, ekainaren 11ko 14/1998 Legearen XI. tituluan araututako administrazio-erantzukizunak eta, bestetik, diziplina-erantzukizunak eskatu ahal badira, kirol arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alderdi interesdunaren eskariz, horren berri eman beharko diote administrazio-organo eskudunari, eta, horrez gainera, diziplina-prozedura tramitatu ahal izango da.

  2. Diziplina-organoek izanez gero administrazio-erantzukizuna baino ez dakarten gertaeren berri, administrazio-organo eskudunei jakinaraziko dizkiete aurrekariak.

  3. Pertsona bati ez zaio inolaz ere zigor bikoitza jarriko gertaera berberengatik eta babestutako ondare juridiko berberengatik.

  1. Kirol-lehiaketa bakoitzari dagozkion xedapenek aurreikus eta arau ditzakete diziplina araubidea aplikatzeko prozedura-sistemak, kapitulu honetan ezarritako arauen arabera.

  2. Prozedurek uztartu behar dituzte, batetik, diziplina-organoen jarduera azkar eta eraginkorra, eta, bestetik, interesdunen entzute-, babes- eta errekurtso-eskubideak.

  3. Kirol-diziplinan interesduntzat hartuko dira, espedienteak zuzenean eragindako pertsona eta entitateez gain, erabakien ondorioz eskubide edo interes legitimoetan onerako edo kalterako ondorioak izango dituzten pertsonak.

    8.a) eta 11.e) artikuluetan aurreikusita dauden eta sexu erasotzat edo tratu txartzat jo daitezkeen arau-hausteei dagokienez, «Etxean tratu txarrak eta sexu erasoak pairatzen dituzten emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko Erakunde arteko II. Hitzarmenak» hezkuntza-arlorako onetsitako jarduera-protokoloa aplikatu beharko da, hor aurreikusita baitago orobat «Ikastetxeetako jarduera-gidaliburua, berdinen arteko tratu txarrak direla-eta» delakoan aurreikusitako jarduera-protokoloan ezarritakoa aplikatuko dela (gidaliburu hori hezkuntza arloaren eskumena duen Sailak prestatu du).

  1. Dekretu honetan araututako diziplina-prozeduretan, pertsona fisikoei eta juridikoei bermatuko zaie hautatzen duten hizkuntza erabiltzeko eta hizkuntza horretan ahoz nahiz idatziz harremana izateko eskubidea izango dutela, euskaraz nahiz gaztelaniaz alegia.

  1. Kirol-arloko diziplina-prozedurak hiru fase izango ditu:

    1. Hasiera.

    2. Instrukzioa.

    3. Ebazpena.

  2. Diziplina-organo eskudunak hasiko du diziplina-espedientea, bai ofizioz, salaketa arrazoituaren ondorioz edo foru-organoetako eta Eusko Jaurlaritzako kirol-arloko zuzendari eskudunen eskariz, bai interesdunak eskatuta.

  3. Administrazioak ofizioz bultzatuko du prozedura izapide guztietan.

Kirol-arloko diziplina-organoek erabaki dezakete espedienteak pilatzea, baldin eta arrazoizko antzekotasun subjektibo edo objektibo nahikoa badute, eta antzekotasun horren ondorioz egoki izanez gero guztiak batera izapidetzea eta ebazpen bakarra ematea.

  1. Diziplina-ahalmena gauzatzeko eskumena duen organoak ahalmena izango du beharrezkoak iruditzen zaizkion kautelazko neurriak hartzeko, prozeduraren edozein momentutan, interesdunei entzunaldia eman ondoren (normalean bost egunez eman beharko die entzunaldia) eta ebazpen arrazoituaren bidez, helburu hauetakoren bat betetzeko: eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzea, prozedura oztopatzen ez uztea, auzipetutako gertaeren edo antzekoen jarraipena edo errepikapena galaraztea, eragindako kalteen jarraipena eragoztea, edo kalteak arintzea.

  2. Aurreko zenbakian adierazitako aurretiko entzunaldia ordezka daiteke, epe berdinean egindako ondorengo alegazioen bidez, ikusten bada kautelazko neurriek, aurretiko entzunaldiaren izapidea egin arte atzeratuz gero, eraginkortasuna galduko dutela.

  3. Ezin da hartu kautelazko neurririk, interesdunei kalte konponezina edo konponbide zaila duena dakarkienik edota legeek babestutako eskubideak zapaltzen dituenik.

  4. Kautelazko neurriak hartzean, proportzionaltasun-irizpideak kontuan hartuko dira, erruztatuari eragingo zaizkion kalteak eta lehenengo atalean adierazitako helburuetatik kasu bakoitzean aintzat hartu beharrekoak neurtuta. Betiere neurri egokiena edo neurri-multzo egokiena aukeratu behar da, aipatu helburuak zentzuz lortzea eta erruztatuari kalterik txikiena egitea eta indarraldiaren ostean errazen lehengoratuko diren ondorioak eragitea xede hartuta.

  5. Kautelazko neurriak ezingo dira luzatu kasu zehatz bakoitzean kautelazko helburuak betetzeko behar-beharrezkoa den denbora baino gehiago.

  6. Kautelazko neurriak erabakitzen dituen organoak baliogabetu egin behar ditu neurri horiek, ofizioz edo alde batek eskatuta, egiaztatuz gero kasu zehatz horretan kautelazko helburuak betetzeko ez direla jada beharrezkoak.

  7. Organo horrek egiaztatzen badu, ofizioz edo alde batek eskatuta, kautelazko erabakia hartzean kontuan hartutako egoera aldatu dela, erabakia aldatuko du: erabakitako kautelazko neurriak aldatuko ditu, edo haien ordez beste neurri batzuk jarriko ditu, egoera berriaren eta 4. zenbakiko atalean xedatutako irizpideen arabera.

  8. Kautelazko neurriak kausa hauengatik amaitzen dira:

    1. Kautelazko neurriak hartzeko prozedura ebazpen bidez amaituta. Dagokion administrazio errekurtsoa ebazteko organo eskudunak euts diezaieke erabakitako neurriei edo beste neurri batzuk har ditzake, arrazoiak adierazita, errekurtsoari buruzko ebazpena eman arte.

    2. Diziplina-prozedura iraungita.

  1. Eskola-kiroleko lehiaketetako probak edo partidak direla-eta epaileek egindako aktak beharrezko frogagiri dira, bai eta akta horien luzapenak edo argitzeak ere, ofizioz zein diziplina-organoek eskatuta eginak.

  2. Arau-hausteak hautemateari dagokionez, aipatu aktak zuzentzat hartzen dira. Hala ere, prozedurarako eta ebazpena emateko garrantzitsuak izan daitezkeen gertaerak egiazta daitezke, zuzenbidean onargarria den edozein frogabide erabilita.

    2. ATALA

    PROZEDURA ARRUNTA

  1. Kirol-arloko diziplina-prozedura, atal honetan arautzen dena, organo eskudunak hasiko du, ebazpen bidez. Ebazpen horretan adierazi behar da espedientea izapidetzeaz arduratuko den izapidegilearen edo idazkariaren izendapena.

  2. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie.

  1. Izapidegileari eta idazkariari aplikatzen zaizkie administrazio-prozedura erkiderako indarrean dagoen legedian aurreikusitako parte ez hartzeko eta errefusatzeko kausak.

  2. Errefusatzeko eskubidea diziplina-espedientea erabakitzeko organo eskudunaren aurrean gauza daiteke. Dagokion araudian beste epe bat ezarri ezean, hiru laneguneko epean gauza daiteke errefusatzeko eskubidea, izendapenaren ebazpenaren berri izan eta hurrengo egunetik hasita.

  3. Organo eskudunak Zuzenbidearekin bat etorriz hartuko du erabakia, bost laneguneko epean, dagokion araudian bestelako eperik jartzen ez badu behintzat.

  4. Hartzen den ebazpenaren aurka, ezin izango da errekurtsorik jarri, baina errefusapena alegatu ahal izango da, hain zuzen ere administrazio-errekurtsoa edo jurisdikzio-errekurtsoa (dagokionean dagokiona) aurkeztean prozedurari amaiera ematen dion egintzaren aurka.

  1. Espedientea hasi ondoren, eta, izapidegilearen proposamenak aintzat hartuta, diziplina organo eskudunak beharrezkotzat jotako kautelazko neurriak hartu aurretik halakorik balego, frogatzeko fasea irekiko du izapidegileak, hogeita hamar egun baliodunez. Epe horretan egingo dira gertaerak argitzeko eta gertaera horien ondorioz sortutako erantzukizunak zehazteko beharrezko froga-eginbideak. Hala ere, dagokion araudiak ezar dezake beste eperen bat.

  2. Izapidegileari dagokio egin beharreko froga-eginbideak erabakitzea, berak proposatutakoari edo interesdunen eskariari jarraiki. Horretarako, interesdunek idatziz aurkeztu behar dute eskaria, aurreko paragrafoan adierazitako epean, eta interesdun horiei jakinarazi behar zaie agindutako edo onartutako probak egiteko lekua, eguna eta ordua.

  3. Zuzenbidean onargarri den edozein frogabidez egiazta daitezke prozedura ebazteko garrantzitsuak diren gertaerak.

  4. Izapidegileak proba-eskabidea onartzeari edo ukatzeari buruz hartutako erabakien aurka ezin da errekurtsorik jarri. Hala ere, interesdunak errepika dezake eskaera, bai ebazpenaren aurreko entzunaldian, bai ebazpen horren aurka egoki diren eta aurkezten dituen errekurtsoetan.

  1. Egindako jarduerak ikusita, izapidegileak kargu-orri bat beteko du, eta kargu-orri horretan adieraziko ditu egotzitako gertaerak, egindako proben emaitzak halakorik balego eta espedienteari buruzko ebazpen-proposamena.

  2. Hori guztia jakinaraziko zaie interesdunei, beren eskubide eta interesen defentsan egoki iritzitakoa adieraz dezaten, hamabost egun balioduneko epean, jakinarazitako egunetik kontatzen hasita.

  3. Kargu-orriari eta ebazpen-proposamenari erantzun ondoren, edo erantzuteko epea interesdunek izapiderik egin gabe amaitu ostean, izapidegileak espedientea helaraziko dio ebazpena hartzeko eskumena duen organoari, hasierako proposamenari eutsita edo aldaketa arrazoidunak eginda, hala badagokio, aurkeztutako alegazioak ikusita.

  1. Instrukziogileak lege honetan xedatutako alegazio-izapideak egiteko epeak murritz ditzake, arrazoituz gero, alderdi hauek kontuan hartuta: gertaerak larriak ez izatea, inplikatutako gai juridikoak gutxi eta konplexutasun txikikoak izatea, eta aipatu izapideak egiteko interesdunen eskura jarritako agiri eta probak gutxi eta ez oso konplexuak izatea.

  2. Aipatu alegazio-izapideak eta frogatzeko epea luza ditzake izapidegileak, arrazoituz gero, behin bakarrik eta dekretu honetan, dekretu honen garapenerako foru-organoek emandako arauetan edo erakunde antolatzaileek onartutako diziplina-xedapenetan ezarritako denboraz, gehienez ere, baldin eta, egin beharreko proben kopuru eta izaeragatik, egoera faktikoen eta aztertutako gai juridikoen konplexutasunagatik edo kasu egin daitezkeen beste arrazoi batzuengatik, luzapen hori beharrezkoa bada gertaerak eta erantzukizunak egoki zehazteko edo inputatuen defentsa eraginkorra bermatzeko.

  3. Luzapenak irauten duen bitartean, dekretu honen 37. artikuluan xedatutako sei hilabeteko epeak ez du aurrera egingo.

  1. Organo eskudunaren ebazpenak espedientea amaitzea ekarriko du. Ebazpen hori hamabost eguneko epean eman behar da, izapidegileak espedientea helarazitako egunetik kontatzen hasita, dagokion lehiaketaren araudian beste epe bat adierazi ezean.

  2. Ebazpena eman aurretik, eskumena duen organoak agin dezake interesdunek bere garaian proposatutako froga-eginbideak, gauzatu gabe geratu zirenak (izapidegileak eskabideari uko egin ziolako, edo proposamengileari egotzi ezin zaion beste arrazoiren batengatik), azkenean egitea, hobeto hornitzeko, ebazpena emateko epea bertan behera utzita.

  1. Prozedura hasi eta sei hilabeteko epean ebazpenik ez bada jakinarazi, prozedura iraungiko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, herri-administrazioen araubide juridikoarenak eta administrazio prozedura erkidearenak, xedatutakoari jarraiki, eta lege horretan adierazitako ondorioekin.

  2. Sei hilabeteko epe hori eten egingo da dekretu honetan xedatutako kasuetan, bai eta interesdunei egotz dakizkiekeen kausengatik prozedura geldirik dagoen bitartean ere.

    3. ATALA

    EZOHIKO PROZEDURA

  1. Kirol-modalitate bakoitzeko arauek aurreikus dezakete ezohiko diziplina-prozedura bat, diziplina organoen berehalako esku-hartzea behar duten joko- eta lehiaketa-arauak ezagutzeko eta zigorrak ezartzeko, eskola-kiroleko lehiaketak normaltasunez jokatzea berma dadin.

  2. Jokoan edo lehiaketan egindako arau-hausteak epaileen aktetan edo eranskinetan jasota egonez gero, entzunaldia izapidetzeko ez da beharrezkoa izango diziplina-organoak aurretiaz eskaera egitea. Interesdunek ahoz edo idatziz aurkez ditzakete zuzenbidez egoki iritzitako alegazio edo adierazpenak, aipatu agirien, probaren edo partidaren edukiari dagokionez, frogagiriak erantsita, halakorik balego.

  3. Eskubide hori gauzatzeko epea amaituko da partidaren edo probaren egunetik kontatzen hasi eta bigarren lanegunean, 14:00etan. Une horretan diziplina-organoaren idazkaritzan egon behar dute alegazio guztiek. Epe hori ulertu behar da dekretu hau aplikatuz egingo diren eskola kiroleko txapelketetarako onetsitako diziplina-arauetan jaso daitezkeen epe desberdinen kalterik gabe; bereziki, denbora laburrean partida eta proba ugari pilatzen diren txapelketetako finaletan.

  4. Ezohiko prozedura horietan, diziplina-organoek batera egin ditzakete interesdunek alegazioak (idatzizkoak izan beharrean ahozkoak izatea ere erabaki dezakete) eta frogak aurkezteko izapideak. Azken horien artean, partidako epaileen aktak eta dagokion ordezkariaren txostenak garrantzi handikoak izango dira. Gainera, probak edo lehiaketak normaltasunez aurrera jarraitzeko beharrezkoak diren ebazpenak prestutasunez hartu behar dira.

  5. Halaber, diziplina-organoak aldi baterako galerazpenak edo kautelazko beste edonolako neurriak har ditzake, behar izanez gero.

    4. ATALA

    JAKINARAZPENAK ETA ERREKURTSOAK

  1. Kirol-arloko diziplina-prozeduretan emandako ebazpenak arrazoituak izan behar dira, eta interesdunei jakinarazi behar zaizkie. Ebazpenaren eduki osoa jakinarazi behar da, eta adierazi egin behar da kasu bakoitzean zer errekurtso jar daitekeen, zein organoren aurrean eta zein epetan. Dagokion araudian beste epe bat xedatzen ez bada, jakinarazpen horiek hamar eguneko epean egingo dira, ebazpena ematen den egunetik aurrera.

  2. Jakinarazpen horiek interesdunen helbidera edo egoitza sozialera bidaliko dira. Edozein bide erabili ahal izango da jakinarazpena egiteko, betiere, egiaztatzeko aukera ematen badu interesdunek jakinarazpena jaso izana, eguna, identitatea eta jakinarazitako egintzaren edukia. Kirolarien kasuan, parte hartzen duten ikastetxeen, kirol-kluben edo kirol-elkarteen bidez egingo dira jakinarazpenak.

  3. Ebazpenaren garrantziari erreparatuta, diziplina-organoak xeda dezake, gainera, ebazpena argitaratzea, ezagutaraztea edota jendaurrean agertzea, betiere pertsonen duintasuna eta intimitatea errespetatuz eta indarrean dagoen legediari jarraikiz.

  1. Klubek eta elkarteek kirol-diziplinaren arloan hartutako erabakien aurka, errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, dagokien lurralde-federazioan.

  2. Eskola-kirolaren esparruko organo eskudunek emandako diziplina-ebazpenen aurkako errekurtsoa jar daiteke, Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean, zazpi egun balioduneko epea agortu baino lehen.

  3. Aurreko zenbakian adierazitako epe hori kontatzen da errekurritzekoa den ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

  4. Kirol Justiziako Euskal Batzordeak emandako diziplina-ebazpenek administrazio-bidea agortzen dute, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean soilik errekurritu daitezke.

  1. Lehen instantzian emandako diziplina-ebazpenen aurkako errekurtsoak idatziz aurkeztu behar dira beti, Kirol Justiziako Euskal Batzordearen egoitzan edota administrazio-prozedura orokorra arautzeko xedapenetan aurreikusitako lekuetan.

  2. Errekurtsoa aurkezteko idazkietan adierazi behar dira administrazio-prozedura orokorra arautzeko xedapenetan aurreikusitako edukiak.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako diziplina-espedienteak aurreko araudiaren eta prozeduraren arabera izapidetuko dira, dekretu honetan xedatutakoaren kalterik gabe, espedientatutako pertsonarentzat onuragarriagoa izanez gero.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honen aurka dauden maila bereko edo txikiagoko arau guztiak; bereziki, indargabetuta geratzen da Kultura eta Turismo Sailaren 1985eko uztailaren 29ko Agindua, eskola-kiroleko lehiaketei diziplina-arauak jartzeari buruzkoa.

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunen buruan.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.