Arautegia
Inprimatu353/2013 DEKRETUA, maiatzaren 28koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Sozialari eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren gizarte-diagnostikoa egiteko tresnari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 121
- Hurrenkera-zk.: 2907
- Xedapen-zk.: 353
- Xedapen-data: 2013/05/28
- Argitaratze-data: 2013/06/26
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esku-hartzeko oinarrizko prozedurari dagokionez, pertsona profesionalek, euren jarduna betez, egiaztatzen badute jarraipena eskatzen duen esku-hartze baten beharra dagoela, diagnostiko bat egitea eskatzen duen jarduketa-prozedura bat hasiko dute, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren 12/2008 Legearen 19.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera. Eta, gainera, baldin eta diagnostiko horrek hala eskatuko balu, arreta pertsonalizatuko plan baten lanketa hasiko dute, plan horretako neurriak abian jartzeko prestazioak eta zerbitzuak barne, eta jarraipena eta ebaluazioa ere egingo dute.
Esku-hartzeko oinarrizko prozeduran erabiliko diren tresna tekniko komunak arautzerakoan, 12/2008 Legearen 20. artikuluak ezartzen du euskal administrazio publikoek balioespenerako eta diagnostikorako tresna komunak aplikatuko dituztela gizarte-zerbitzuen esku-hartzeko irizpideen homogeneotasuna bermatzeko. Helburu horrekin, oinarrizko gizarte-zerbitzu guztiek fitxa sozialaren eredua beteko dute eta arreta pertsonalizatuko planaren eredua aplikatuko dute; azken hau izango da bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuek aplikatu beharrekoa. Era berean, eransten da eredu horien diseinuak erabilera- eta ustiapen-ezaugarri batzuei jarraitu beharko dietela, izapidetzean eta kudeaketan arintasun handiagoa bermatzeko.
Aipatu artikuluaren 3. paragrafoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez arautuko ditu tresna komun hauek, gainontzeko euskal administrazio publikoekin koordinatzeko dituen eskumenak erabiliz, izan foru- zein udal-esparruan.
Azaldutakoaren arabera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako pertsona profesionalek behatu beharreko jarduketa sorta ordenatu batek osatzen du esku-hartzeko oinarrizko prozedura; horretarako, tresna multzo bat izango dute, uniformetu beharrekoa, Euskal Sistemaren Gizarte Zerbitzuen esku-hartzeko irizpideen homogeneotasun handiena bermatzeko.
Oro har, hauek dira esku hartzeko faseak, esku-hartzeko oinarrizko prozeduran:
Pertsona erabiltzaileei harrera egitea oinarrizko gizarte-zerbitzuek edo udal-zerbitzuek, edo, hala behar bada, premiazko arreta eman beharrak eraginda, bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuek.
Beharrizanen gizarte-balioespena, oinarrizko gizarte-zerbitzuek edo udal-zerbitzuek egina, pertsona erabiltzaileak gizarte-zerbitzuetara jotzeko duen arrazoia biltzen duen Fitxa Sozial batetik abiatuz.
Egoeraren diagnostikoa, aipatutako pertsona profesionalak egina; bertan, gizarte-beharrizanak zehazteko analisia, horren arrazoiak eta iragarpena jasoko dira, esku-hartzeko tresnarik egokiena zein diren zehaztu ahal izateko gisan. Oinarrizkoa Gizarte Zerbitzuek hasierako diagnostiko bat egingo dute, baina baldin eta intentsitate handiagoko esku-hartzea eskatzen dela irizten badiote edo bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuetara desbideratzea erabakitzen badute, diagnostiko sakona egingo dute.
Diagnostikoak hala aholkatzen badu, arreta pertsonalizatuko plana, antzemandako beharrizanei erantzuteko egoki iritzitako zerbitzuen eta prestazioen zerrenda.
Arreta pertsonalizatuko planean barne hartutako neurri guztien jarraipena.
Esku-hartzearen eraginen eta inpaktuaren emaitzaren ebaluazioa.
Gizarte Zerbitzuen Legeak ez du balioespenerako eta diagnostikorako tresna tekniko komunen zerrenda itxi bat eskaintzen, izan ere, ad hoc landutako balioespenerako eta diagnostikorako tresna erabiliko dira, gizarte-zerbitzuen pertsona erabiltzaileen gizarte-beharrizan motak aintzat harturik.
Honela bada, eta ezinezko denez arau bakarraren bidez eta batera arautzea balioespenerako eta diagnostikorako tresna tekniko komun guztiak, erabaki da dekretu honen bidez jarduketa-prozeduraren hasierako faseetako beharrezko tresna orokorrak garatzea, hau da, Fitxa Sozialaren eredua eta gizarte-diagnostikorako tresna.
Halaber, arauaren esparrutik kanpo utzi da arreta pertsonalizaturako planaren eredua, izan ere, diagnostikoaren emaitzaren arabera egiten baita hori. Diagnostikoa egitea aipatu plana ezarri aurreko ezinbesteko pausua bada ere, egindako diagnostikoak ez du nahitaez ekarriko ondorengo arreta-plan bat ezartzea.
Tresna tekniko orokor hauez gain, zerbitzu espezializatuek diagnostikorako bestelako tresna espezifikoak eta beregainak ere izango dituzte arazo jakin bat balioesterakoan. Tresna komun horietako batzuk badaude jada Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udaleko eta lurraldeko gizarte-zerbitzuetan arrisku egoeren larritasuna balioesteko tresna (Balora) edo mendetasuna balioesteko baremoak (BVD eta EVE), beste batzuk aldiz, garatu beharrekoak dira, gizarte-bazterketa edo pertsona helduen babes-eza balioesteko tresnak, esaterako. Tresna komun guztiak onartzeak eta arautzeak 12/2008 Legearen 20. artikuluaren mandatua betetzea ekarriko luke.
Fitxa Sozialaren ereduari dagokionez, dekretu honen bidez onartzen da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Sozialaren eduki formala. Fitxa, gizarte-zerbitzuen pertsona erabiltzaileen oinarrizko datuak bildu eta erregistratzeko eta gizarte-zerbitzuetara jotzeko izan dituen arrazoiak biltzeko balio duen euskarri dokumental gisa definitzen du 2. artikuluak, esku-hartzeko oinarrizko prozeduran inkardinatzen du, eta haren indarraldia ezartzen. I. eranskina da Fitxa Sozialaren eredua: barne hartzen du pertsona erabiltzailearen oinarrizko datu sozio-biografikoei buruzko adierazle sorta bat, gizarte-zerbitzuek pertsona erabiltzaileei arreta emateko arrazoi posibleak eta adituen gizarte-gaitasunen lehenengo balioespen bat.
Diagnostikorako tresna komunari dagokionez, «gizarte-diagnostikoa» erabiltzen da zehazkiago, egiten den diagnostikoaren alderdi soziala aintzat hartuta. Gizarte-diagnostikoa izango da gizarte-zerbitzuetara jotzen duten pertsonei buruzko tresna orokorra, eta, adierazle zehatzen sistema batean oinarrituz, ahalbidetuko du irizpide komunen bidez pertsona erabiltzailearen egoera balioestea eta esku-hartzeko prozedura jarraipena emateko modua zehaztea. 3. artikuluak gizarte-diagnostikoaren definizio bat eta bere eskakizuna ematen du, eta bi diagnostiko-motak ezberdintzen ditu hasierakoa eta sakona, zeinak Oinarrizkoa Gizarte Zerbitzuek egingo baitituzte. Diagnostiko horren emaitzatik etorriko da, hala behar bada, bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuei balioespen eta diagnostiko espezializatu bat eskatzeko beharra.
eranskinean adierazleen zerrenda bat jasotzen da alderdika ordenatuak eta bizi-espazioka multzokatuak, zeinek ahalbidetzen baitu Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman artatu daitekeen edozein kasuren ezaugarriak biltzea, eta pertsona erabiltzearen gizarte-egoera zein den ondorioztatzea. Hautatutako adierazle multzo batek zerikusia dutenak babes-sistemarekin, bizikidetza pertsonalarekin, familia-bizikidetzarekin, gizarte-bizikidetzarekin eta iraupenerako baliabideekin ahalbidetzen du lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuek hasierako diagnostikoa egitea, eta zerrenda horrek bere osotasunean, aldiz, balioko du diagnostiko sakona egiteko.
Azkenik, 4. artikuluak jasotzen du Fitxa Soziala egiteko informatikako aplikagarri komuna eta gizarte-diagnostikoa, epe eta baldintza jakinetan, euskal administrazio publikoen esku uzteko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa.
Azaldutako guztiagatik, dekretu honen bidez arautzen dira, batetik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Soziala, beronen eredua onartuz, eta, bestetik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren gizarte-diagnostikoaren tresna, diagnostiko hori egitea ahalbidetzen duten adierazleak onartuz.
Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko maiatzaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen xedea da onartzea eta arautzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Soziala eta gizarte-diagnostikorako tresna, Zerbitzu Sozialen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 20. artikuluan xedatutakoak.
Fitxa Soziala eta gizarte-diagnostikoa esku-hartzeko oinarrizko prozeduraren barnean landuko dira, eta hauek dira eginkizunak: gizarte-zerbitzuen pertsona erabiltzaileari harrera egitea, bere egoera balioestea, gizarte-diagnostikoa, arreta pertsonalizaturako plana, esku-hartzearen jarraipena eta ebaluazioa.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Soziala eta gizarte-diagnostikoa euskal administrazio publikoen tresna tekniko komunak dira, eta gizarte-zerbitzuen esku-hartzeko irizpideen homogeneotasuna bermatzea dute helburu.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Soziala agiri bat da, paperezko euskarrian edo elektronikoan, izaera indibidualekoa, zeinen bidez Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek gizarte-zerbitzuen pertsona erabiltzaileen oinarrizko datuak bildu eta erregistratzen baitituzte.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek I. eranskinean ezarritako ereduaren arabera beteko dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Soziala, eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko diote ustiapenerako eta estatistika-tratamendurako.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Sozialak bilduko du Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek pertsona erabiltzaileari harrera egiteko arrazoia, sistemaren jarduketako esparru orokorrak aintzat hartuz:
Gizarte-zerbitzuetako sistemaren zerbitzuak eta prestazioei buruzko informazioa biltzeko.
Gizarte-babeserako beste sistema batzuen zerbitzuei eta prestazioei buruzko informazioa biltzeko.
Mendetasunari erantzutearekin zerikusia duten gaiei buruz.
Babes-ezarekin zerikusia duten gaiei buruz.
Gizarte-bazterketarekin zerikusia duten gaiei buruz.
Iraupeneko baliabideekin zerikusia duten gaiei buruz.
Gizarte parte-hartzearekin zerikusia duten gaiei buruz.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Soziala betetzearekin hasten da esku-hartzeko oinarrizko prozedura Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman, betiere, pertsona profesionalek, beren egitekoak betez, jarraipena eskatzen duen esku-hartze baten beharra antzematen badute. Oinarrizko gizarte-langileak egingo du lehenengo balioespen profesionala, pertsona erabiltzaileak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara jotzeko izan duen arrazoian oinarriturik, eta jarduketa-esparru orokorrak aintzat hartuta, betiere. Bestalde, pertsona erabiltzailearen gizarte-gaitasunei eta -abileziei buruzko lehenengo balioespena erantsiko dio informazio horri.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Soziala indarrean egongo da lehen edo bigarren mailako arretako edo erantzukizun autonomikoko gizarte-zerbitzuen esku-hartzeak dirauen aldi osoan. Edozein eskumen-esparrutako pertsona profesionalen azken esku-hartzetik bi urte igarota, pertsona erabiltzaileak oraino gizarte-zerbitzuen arreta eskatzen badu, Fitxa Sozial berria egingo zaio.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari atxikiko zaizkie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak datuak biltzeko, erabiltzeko eta ustiatzeko.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Sozialeko datuak, tratatu ostean, estatistika-informazio gisa hartu ahal izango dira gizarte-zerbitzuen euskal sisteman, Euskal Autonomia Erkidegoan estatistika eta datuak babesteari buruz dagoen araudiaren arabera.
Gizarte-diagnostikoa da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren arreta eskatzen duten pertsonen gizarte-beharrizanen deskripzio eta balioespen profesionala, esku-hartze egokia zein den zehazteko balio duena. Diagnostikoa egingo da, baldin eta gizarte-langileak, hastapeneko balioespena egin ondoren, jarraipena eskatzen duen esku-hartzea abian jartzea beharrezko iritziz gero.
Gizarte-diagnostikoak pertsona erabiltzailearen ase gabeko gizarte-beharrizanak erakutsiko ditu, baita gabezia horren maila ere. Diagnostikoaren emaitzari esker zehaztuko da zein mailatakoa izan behar duen hautemandako beharrizanak betetzeko esku-hartzeak, eta zer zerbitzu eta prestazio eskainiko dituzten udalak, foru aldundiak edo autonomia erkidegoak, hautemandako beharrizanei egoki erantzuteko.
Gizarte-diagnostikoa, tresna legez, II. eranskinean jasotzen da: adierazleen zerrenda bat da alderdika ordenatuak eta bizi-espazioka multzokatuak, zeinek ahalbidetzen baitu Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman artatu daitekeen edozein kasuren ezaugarriak biltzea, eta pertsona erabiltzearen gizarte-egoera zein den ondorioztatzea.
Eredu hau gizarte-diagnostiko mota hauei aplikatzen zaie:
Hasierako diagnostikoa: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egingo dute beharrizanen gizarte-balioespena eta arreta pertsonalizatuko plana zehaztuko duen hasierako diagnostikoa jarraipen zehatza, bete beharreko helburuak eta dagozkion zerbitzuen eta prestazioen pertsona erabiltzailearekin adostutako proposamena.
Diagnostiko sakona: Udaleko gizarte-zerbitzuen intentsitate handiagoko esku-hartzerako edo bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuetara bideratzeko, sakontasun handiagoa eskatzen duten eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuek aintzat hartu beharko dituzten gizarte-diagnostikoak egingo dituzte udaleko gizarte-zerbitzuek.
Diagnostiko sakona tresna honetan ezarritzako adierazle guztiak aplikatuz egingo da; hasierako diagnostikoa, aldiz, babes-sistemarekin, bizikidetza pertsonalarekin, familia-bizikidetzarekin, gizarte-bizikidetzarekin eta iraupeneko baliabideekin zerikusia duten hautatutako adierazle orokorretan oinarrituko da.
Gizarte-diagnostikoaren emaitzatik ondorioztatzen bada mendetasunaren, desgaitasunaren, bazterketaren eta babes-ezaren balioespen eta diagnostiko espezializatu bat eskatzeko beharrizana dagoela, foru gizarte-zerbitzuek edo bigarren mailako arretakoek egingo dute diagnostiko espezializatu hori, horretarako ezartzen diren tresna tekniko komunak erabiliz.
Eusko Jaurlaritzak, gizarte-gaietan eskumena duen sailaren bidez, udal eta foru euskal administrazio publikoen esku ezarriko du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Soziala eta gizarte-diagnostikoa egiteko informatikako aplikagarri komuna, Gizarte.net atariaren bidez, alegia.
Informatikako tresnak bermatuko du euskal administrazio publikoen arteko elkarreragingarritasuna eta interkonexioa, eta dekretu hau indarrean jartzen denetik izango da erabilgarri.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko maiatzaren 28an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.
(Ikus .PDF)