Arautegia
Inprimatu194/2013 DEKRETUA, 2013ko apirilaren 9koa, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 74
- Hurrenkera-zk.: 1821
- Xedapen-zk.: 194
- Xedapen-data: 2013/04/09
- Argitaratze-data: 2013/04/18
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 11. artikuluaren bidez, Segurtasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, besteak beste: a) Autonomia Erkidegoko polizia; b) Hauteskunde-administrazioa; c) Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea; d) Autonomia Erkidegoko errepideetako trafikoko polizia; e) Joko, apustu eta ikuskizunak; f) Segurtasun-arloko transmisio eta komunikazioak; g) Polizia-ibilgailuak; h) Meteorologia; i) Sailari atxikitako erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta baltzu publikoak (Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia) zuzentzea, legeen eta erregelamenduen arabera; eta j) Legeek eta erregelamenduek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
Aipatu abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatzen denez, Segurtasun Saila, beraren egitura organikoa arautu arte, Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuko organo eta unitateek osatuko dute, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza eta Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza izan ezik, horiek beste sail batzuetan baitaude egun.
Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren azken xedapenetan ezarritakoaren arabera, sailen araubide organikoen proiektuak 2013ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu behar zaizkio Lehendakariari, berak onar ditzan, eta horiek jardun-arlo bakoitzarentzat Gobernu-programan jasotako helburuei eta programa hori argitu duten irizpideei egokituko zaizkie, baita antolaketa-irizpide hauei ere: austeritatea eta antolaketa murriztea, egiturak soiltzea, egiteko-arloak batzea, eduki zabaleko egiteko-arloak antolatzea, egiturazkoak ez diren staff funtzio-arloak identifikatzea eta informazio-teknologiez ahalik eta gehien baliatzea.
Ondorioz, Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko apirilaren 9an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, besteak beste: a) Autonomia Erkidegoko polizia; b) Hauteskunde-administrazioa; c) Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea; d) Autonomia Erkidegoko errepideetako trafikoko polizia; e) Joko, apustu eta ikuskizunak; f) Segurtasun-arloko transmisio eta komunikazioak; g) Polizia-ibilgailuak; h) Meteorologia; i) Sailari atxikitako erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta baltzu publikoak zuzentzea, legeen eta erregelamenduen arabera; eta j) Legeek eta erregelamenduek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
Aurreko artikuluan aipatutako arloen inguruko eskumenak betetzeko, honako organo hauek egituratuko dute Segurtasun Saila:
Organo nagusiak:
Sailburua.
Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.
Komunikazio Zuzendaritza.
Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza.
Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritza.
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza.
Giza Baliabideen Zuzendaritza.
Segurtasun Sailburuordetza.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza.
Trafiko Zuzendaritza.
Ertzaintzaren Zuzendaritza.
Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza.
Organo periferikoak:
Organo periferikoak dira Trafikoko lurralde-bulegoak eta Joko eta Ikuskizunetako lurralde-bulegoak: horietako bakoitzean funtzionario arduradun bat egongo da, betiere, dagokion zuzendaritzako zuzendariaren menpe egongo dena. Lurralde-bulego horien eremu funtzionala zuzendaritza bakoitza arautzerakoan finkatuko da.
Kide anitzeko organo hauek atxiki eta/edo lotuko zaizkio Segurtasun Sailari:
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen bidez sortua.
Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen bidez sortua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordea, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen osaketa, egitekoak eta antolamendua arautzen dituen otsailaren 17ko 24/1998 Dekretuaren bidez sortuta.
Babes Zibileko Boluntariotzako Aholku Batzordea, Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman duten borondatezko parte-hartzeari buruzko urtarrilaren 19ko 24/2010 Dekretuaren bidez sortua.
Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua, Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen bidez sortua.
Jokoaren Euskal Kontseilua, Euskal Autonomia Elkarteko Jokorako Euskal Batzordea eta Joko Erroldetegia sortzen dituen maiatzaren 29ko 142/1990 Dekretuaren bidez sortua.
Zezenketa-gaien Euskal Batzorde Aholku-emailea, Zezen-ikuskizunei buruzko araudia onesten duen azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuaren bidez sortua.
Euskadiko Apustuen Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Erregelamendua onesten duen apirilaren 19ko 95/2005 Dekretuaren bidez sortuta.
Ertzaintzaren Kontseilua, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen bidez sortuta.
Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen bidez sortuak.
EAEko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen bidez sortua.
Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen bidez sortua.
Bideozaintza eta Askatasun Batzordea, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan arautua, garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren bidez sortua.
Sailburuak dekretu hau garatzeko emandako agindu bidez, dekretu honetan ezarritako administrazio-unitateak baino maila beheragokoak ere ezarri ahal izango ditu.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoa Segurtasun Sailari atxikiko zaio, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Segurtasuneko sailburuari dagokio Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan xedatutako eskumenak eta ahalmenak betetzea, baita Sailaren berezko egitekoen eta jardun-arloen eremuan indarreko legeriak esleitzen dizkionak ere, abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua aintzat harturik.
Egiteko edo esleipen hauek betetzea ere sailburuari dagokio:
EAEko Segurtasun Publikoko Plan Orokorra, babes zibileko planak eta EAEko Bide Segurtasuneko Plana Jaurlaritzaren Kontseiluari helaraztea, onar ditzan.
Sailaren kontratazio-organoaren egitekoak, dekretu honetan bestelako organoei esleitu ez bazaizkie bederen. Ondarearen arloan ordenamendu juridikoak Eusko Jaurlaritzako Sailei ematen dizkien eskumenen ondoriozko egitekoak ere berari dagozkio.
Era berean, saileko gastuak baimenduko ditu, dekretu honetan beste organo batzuei esleitu ez bazaizkie bederen, eta hargatik eragotzi gabe arlo honetan Jaurlaritzaren Kontseiluari dagozkion eskumenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren segurtasun publikoko jardueretara bideratutako informatizazioen eta komunikazio-sistemen planak eta programak ezartzea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 17. artikuluaren arabera.
Euskal administrazio publikoen segurtasun-zerbitzu guztiek hartu beharreko informatika- eta telekomunikazio-arloko estandarrak ezartzea, datuak transmititzea, gertaerak kudeatu eta bideratzea, eta ebaztea ahalbidetzen dutenak.
Behin-behineko langileak izendatzea, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Ertzaintzako langile funtzionarioen lanpostuen zerrendak onartzea.
Saileko ordezkariak izendatzea Ertzaintzako funtzionarioen ordezkariekiko eta Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratudun langileen ordezkariekiko negoziazioetan aritzeko.
Zerbitzu-egintza onartzea.
Zerbitzutik baztertzeko zehapena ezartzea, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 96.1.a) artikuluan xedatua.
Herritarren segurtasunaren arloko arau-hausteengatiko zehapenak ezartzea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoak, baita azken xedapen honetan aurreikusitako zehapen-proposamena egitea ere zehapen-eskumena Jaurlaritzaren Kontseiluari dagokionean.
Segurtasun pribatuaren arloko arau-hausteengatiko zehapenak ezartzea, segurtasun pribatuaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak arautzen dituen abenduaren 24ko 309/1996 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, baita azken xedapen honetan aurreikusitako zehapen-proposamena egitea ere zehapen-eskumena Jaurlaritzaren Kontseiluari dagokionean.
Jokoaren Legearen 32.3 artikuluan eta Ikuskizun eta Jolas Jardueren Legearen 38.3.d) artikuluan xedatutako zehapenak ezartzea.
Kirol-ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legeari egindako arau-hauste oso larrien kasuetan, 360.000 euro baino gehiagoko zehapenak ezartzea eta kirol ikuskizunak antolatzeko desgaitzeko edo kirol-esparrua urtebete baino gehiagoz ixteko zehapenak, eta hiru urtez gutxienez horra sartzea debekatzea.
Segurtasun Sailari edo bere zerbitzura dauden agintaritzei edo langileei egotz dakizkiekeen ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.
Indarreko legeriak espresuki ematen dizkion gainerako egitekoak.
Sailburuordetza bakoitzaren arduraduna sailburuordea izango da, eta hierarkian sailburuaren menpeko zuzena izango da. Sailburuordeei hauxe dagokie:
Sailburuordetzak zuzendaritza bakoitzarentzat dituen kudeaketa publikoko politikak definitzea.
Jaurlaritzaren estrategiaren arabera, Sailak Sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak gauzatzea.
Eragin soziala aztertzea eta Sailburuordetzaren zuzendaritzen helburuen beharrezko aldaketak edo garapenak zehaztea.
Sailburuordetzaren jarduerak nahiz zuzendaritzenak eta sailburuordetzaren menpeko gainerako administrazio organo eta unitateenak zuzendu, koordinatu, bultzatu eta ikuskatzea.
Saileko sailburuari jardun-politika eta laguntza teknikoko proposamenak prestatzea, esleituak dituen egitekoak betez.
Gaiaren arabera estatuaren, autonomia erkidegoen, foru aldundien eta toki-erakunde eskudunen organoekin harremanak izatea.
Sailaren eskumeneko arloetan, harremanetarako organoa izatea Sailaren izenean, baita arlo material horren inguruan sortutako sailen arteko koordinazio-organoen arteko harremanetako organoa ere.
Sailburuordetzaren zuzendaritza eta administrazio-unitateen antolaketa operatiboa proposatzea, betiere ezarritako antolaketa-irizpideen esparruan.
Gainerako sailburuordetzekin lankidetzan jardutea, proiektu edo prozedura batean batek baino gehiagok esku hartu behar duenean, Jaurlaritzaren jardun politikoaren eta administratiboaren koherentziari eusteko, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren koordinazio-jardun orokorra.
Azterketa eta txostenak, eta horien analisia egitea bere eskumenen eremuan.
Administrazio-errekurtsoak ebaztea, indarreko legerian aurreikusitako kasuetan.
Indarreko ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkien gainontzeko egitekoak, eta, sailburuordeei esleitutako gai orokor eta komunak direlako, berak ere betetzekoak direnak.
Saileko zuzendaritza bakoitzaren arduraduna zuzendaria izango da, eta, oro har, hauxe dagokio:
Kudeaketa publikoko politikak gauzatzea bere jardun-eremuetan, gauzatu beharreko plan eta programei ekinez.
Bere jardun-arloei ezarritako helburuak hedatzea, jarduerak eta erantzukizunak esleituz, lorpenak kontrolatuz, eta kudeaketan behar diren zuzenketak ezarriz.
Jardun-arloen antolaketa operatiboa proposatzea eta laneko barne-sistemak definitzea.
Bere jardun-arloko jarduerak programatu, sustatu, zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea.
Prozedura batean, bere jardun-arloa eta beste batzuena artikulatzeko behar diren harremanak izatea.
Errekurtsoak ebaztea indarreko legerian aurreikusten diren kasuetan.
Indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien gainontzeko egitekoak edo, Jaurlaritzako zuzendari guztiei esleitutako gai orokor eta komunak direlako, berak ere betetzekoak direnak.
Kabineteko Zuzendaritzak laguntza eta aholkularitza emango dio sailburuari, bere egitekoak bete ditzan. Kabineteak egiteko hauek hartuko ditu bere gain:
Sailburuaren lan-programaren jarraipena egitea.
Sailburuak, Sailaren politika garatzeko interesgarri direlakoan, agintzen dizkion azterlanak egitea.
Sailaren egitekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea. Horretarako, gaiarekin zerikusia duten Saileko beste organo eskudunekin batera lan egingo du.
Saileko ekitaldi ofizialak eta protokolozkoak antolatzea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren Lehendakaritzari dagozkionak.
Ertzaintzaren Musika Bandak ekitaldi ofizial eta protokolozkoetan parte hartzea planifikatu eta zehaztea.
Sailak sustatutako kongresuak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatzea.
Sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea, Eusko Jaurlaritza osoarentzako organo eskudunaren bidez.
Zuzendaritza honi atxikiko zaizkio Ertzaintzaren kideen omenaldi eta aitormen-ekitaldi ofizialetan eta protokolozkoetan laguntzen duten Zerbitzuen Unitateko Ertzaintzako funtzionarioak, Ertzaintzako funtzionario-estatutuarekin loturiko gaiekin zerikusia duten kideak salbu.
Komunikaziorako Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:
Erakundeko informazio- eta publizitate-harremanak zuzendu eta gauzatzea, eta Sailaren informazio orokorra zabaltzea, Sailaren gainerako organo laguntzaile gisa jardunez.
Sailaren egitekoarekin zerikusia duten gaietan herritarren parte-hartzea bultzatzeko gizartea sentsibilizatzeko kanpainak edo neurriak diseinatu eta gauzatzea, interesa duten gainontzeko organoekin elkarlanean.
Sailaren urteko argitalpen-plana prestatzea Argitalpenetako Zerbitzu Zentralarekin batera.
Herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, baita herritarrei informazioa eman eta harrera egiteko Sailaren zerbitzuak eta Zuzenean-Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzua artikulatzen direla ziurtatzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen presentzia-eredua arautzen duen ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuan Sailari ematen zaizkion egitekoak.
Segurtasun Sailaren interes orokorreko dokumentazio-informazioko zerbitzua kudeatzea, informazio automatizatua emateko, bai bibliografikoa bai prentsa, irrati eta telebistakoa zein Internetekoa.
Behar diren dokumentazio bibliografiko eta tekniko guztiak katalogatzeko organo gisa aritzea, Sailaren politika behar bezala gauzatzeko eta administrazio-zerbitzuak optimizatzeko.
Zuzendaritza honi atxikiko zaizkio Ertzaintzaren Prentsa Zerbitzua, eta baita Ertzaintzaren bozeramaile ofizialaren egitekoak beteko dituzten funtzionarioak ere, Ertzaintzako funtzionario-estatutuarekin loturiko gaiekin zerikusia duten kideak salbu.
1. ATALA
ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUEN SAILBURUORDETZA
Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari dagokio, Segurtasun Sailari esleitutako egitekoen eremuan, jardun-arlo hauek zuzendu eta koodinatzea: ekonomia, ondarea eta aurrekontuak kudeatzea; Saileko zerbitzu orokorrak eta giza baliabideak, eta segurtasun-egiturari laguntzeko baliabide teknikoak eta azpiegiturak, eta baita hauteskunde-prozesuak kudeatzea ere.
Horretarako, 5. artikuluan ikusitako egiteko orokorrez gain, hauek betetzea ere badagokio:
Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratuko langile finkoa izateko hautapen-probak gainditu dituztenak kontratatzea, baita Saileko Administrazio Orokorreko langile funtzionarioen izendapen askeko lanpostuak eta Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileen lan-kontratuko langileen lanpostuak betetzea ere, horretarako deialdi publikoa egin aurretik.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lanpostuak lehenago aipatutik kanpo gelditzen dira.
Sailaren zerbitzuen barne-antolamenduei eta lan egiteko modu eta sistemei buruzko proposamenak egitea, Segurtasun Sailburuordetzarenak izan ezik, Segurtasun Sailaren zerbitzuen lan-sistemak arrazionalizatu eta hobetzearren, eta aipaturiko zerbitzuak eta poliziarenak koordinatzearren.
Ertzaintzako kideen estatutu-erregimena ezartzeko administrazio-egintza eta -ebazpen guztiak ematea, beste organo batzuei espresuki izendatu ez bazaizkie.
Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari dagokio Sailaren euskara unitatea koordinatzea, politika publikoetan eta kudeatzen dituzten gainontzeko administrazio-arloetan euskara sustatzeko; horretarako egiteko hauek beteko dituzte, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren jarraibideekin bat:
Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plana (2013-2017) definitu, garatu, haren jarraipena egin eta ebaluatzea, betiere Segurtasun Sailari dagokionean.
Sailaren euskararen erabilera-planaren urteko kudeaketa-plana definitu, garatu, haren jarraipena egin eta ebaluatzea.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Planaren tarteko txostena egitea eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Planaren helburuak zehaztea, betiere Segurtasun Sailari dagokionean.
Sailaren jardun-arloaren funtzionamenduan aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak definitzea, horien jarraipena egitea, erdietsitako betetze-maila zehaztea eta behar diren neurri zuzentzaileak proposatzea, Eusko Jaurlaritza osoarentzat ezarritako hizkuntza-irizpideen arabera, eta Sailaren ezaugarriak aintzat hartuta.
Sailean aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak ezartzea, besteak beste, honako hauetan: hizkuntza ofizialen erabilera zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa; itzulpen-irizpideak; langile publikoen etengabeko prestakuntza orokorra; erregistroa; diru-laguntzak; argitalpenak; Saileko karguen agerraldi publikoak; tresna eta aplikazio informatikoak; interneta eta intraneta; errotulazio finkoa, oharrak eta aldi baterako oharrak; iragarkiak, publizitatea eta kanpainak; izendapen ofizialak; Sailak antolatutako ekitaldi publikoak; edo administrazio-kontratazioa.
Honako zuzendaritza hauek Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren menpe egongo dira:
Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritza.
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza.
Giza Baliabideen Zuzendaritza.
Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzak Sailaren administrazio ekonomikoa eta kontratazioa egiteko ardura osoa du, eta, horrenbestez, honako egiteko hauek izango ditu:
Sailaren Aurrekontuaren Aurreproiektua prestatu eta zuzentzea, baita horren jarraipena egitea ere. Behar diren aurrekontu-aldaketak izapidetzea eta gastu-programen ebaluazioa egitea. Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aurrekontu-proiektuaren prestakuntza koordinatzea eta Sailaren aurrekontuarekin bateratzea.
Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea, informazio-, etengabeko ebaluazio- eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.
Kontratazio-espedienteak kudeatzea, eta, halaber, Sailari esleitutako ondare-espedienteak kudeatzea dagokio.
Segurtasun Sailaren kontratazio-mahaia zuzendaritza honi atxikiko zaio.
Berari dagokio, halaber, Segurtasun Sailaren jardun-arloarekin zerikusia izanagatik beste sail batzuetako organoek izapidetu behar dituzten kontratazio- edo ondare-arloko bestelako espedienteen izapidetzea sustatzea.
Eduki ekonomikoko arau-xedapenen, administrazio-hitzarmenen, eta diru-laguntzak arautzen dituzten aginduen aurreproiektu eta proiektuek duten eragina lege, aurrekontu eta ekonomiaren aldetik aztertu eta gainbegiratzea, fiskalizazio-organoetara bidali baino lehen. Era berean, derrigorrez txosten juridikoa behar duten administrazio-kontratazioko gaiei buruzko irizpenak ematea.
Euskadiko Ogasun Orokorrari dagozkion berezko arloei dagokienez, sail guztiei esleitutako gai orokor eta komunak direlako, berak ere betetzekoak direnak.
Segurtasun Sailburuordetzaren informazio-teknologien eta telekomunikazioen planak eta programak prestatzea, Sailburuordetzaren gainontzeko organoekin batera; eta programa horien ondoriozko informatika-zerbitzuak ematea.
Segurtasun Komunikazioen Sare Ofiziala eta segurtasun-jarduerak garatzea helburu duten gainerako tresnak eta sistemak plangintzan jaso, diseinatu, kudeatu eta mantentzea.
Polizia-arloko materialak eta azpiegiturak beharrezkoak eta egokiak diren aztertu eta ebaluatzea, baita horien estandarizazioa eta homologazioa proposatzea ere.
Polizia-arloko azpiegiturak eta baliabide materialak ezarri, lortu, mantendu eta berritzeko planak eta programak proposatzea.
Baliabideen hornikuntza eta dotazioaren erantzukizuna, Ertzaintzaren ibilgailuak barne, baita ibilgailuen kudeaketaren kontrola ere.
Baliabideak eskuratu eta kudeatzea, azpiegitura fisikoak eta segurtasun publikoko euskal sistemari dagozkion egitekoak betetzeko beharrezko informatika- eta telekomunikazio-sistema oro ezarri eta kudeatzea.
Era berean, zuzendaritza honek Segurtasun Sailburuordetzaren ardurapeko segurtasun-jarduerekin zerikusia duten informatika- eta telekomunikazio-sistemak eta horien mantenua emango ditu, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoak bere egitekoak betetzeko eskatutakoak ere bai, betiere, aurretiaz ordainduta badaude.
Segurtasun Sailaren menpeko eraikinei dagokienez, zuzendaritza honek berariazko gainbegiratze-zerbitzua emango du: obra-proiektuak, ikuskaritza teknikoa, kalitate-kontrola, eta egiaztagirien jarraipena. Era berean, Segurtasun Sailarenak diren eta segurtasun-jarduerekin loturik dauden informatika- eta telekomunikazio-instalazioen mantentze-lana ere bere gain dago.
Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendariari dagozkio Sailaren kontratazio-organoaren eskumenak aurrekontuko lizitazio-oinarria 300.000 euro baino gutxiagokoa den espedienteetan.
Halaber, Sailaren 300.000 euro baino gutxiagoko gastuak baimentzea ere badagokio.
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak izaera juridikoko jarduerak koordinatu behar ditu Segurtasun Sailaren kudeaketaren eremuan, Sailaren gainontzeko organoen laguntza-organoa da, eta Sailaren eskumeneko hauteskunde-prozesuen garapena kudeatzeko ardura du.
Segurtasun Sailaren izaera juridikoko jardueren eremuan, egiteko hauek dagozkio:
Legegintzako garapen-planak proposatzea, eta xedapen orokorren proiektuak eta aurreproiektuak landuz eta izapidetuz garatzea, ukitutako organoekin lankidetzan eta haiekin koordinatuz.
Administrazio-hitzarmenak eta laguntza eta diru-laguntzei buruzko agindu arauemaileak izapidetzea, baita sailburuak edo sailburuordeek ebatzi beharreko administrazio-prozedurak ere, bestelako organoei esleitzen ez bazaizkie.
Jaurlaritzaren Kontseilura eta bere eskuordeturiko batzordeetara bidali beharreko Sailaren gaiak izapidetzea, baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak ere.
Xedapen orokorren, Sailarekin sinatu beharreko akordio eta hitzarmenen berri juridikoki ematea, eta baita, horretarako eskatzen denean, Jaurlaritzaren Kontseiluak eta haren Eskuordeko Batzordeek aztertu beharreko gaien berri ere, eta Saileko edozein organok eskatzen dion laguntza juridikoa ematea.
Segurtasun Sailari emandako kudeaketa-eremuan burutzen diren jarduera juridikoak koordinatzea, eta Sailak esku hartzen duen jurisdikzio-prozeduren eta haren gain dauden ebazpenen jarraipena egitea.
Ertzaintzako langileen abokatu-laguntza eta jurisdikzio penalaren eta zibilaren aurrean Ertzaintzako kideak ordezkatu eta defendatzeko habilitazioari buruzko apirilaren 25eko 250/1995 Dekretuan aurreikusitako gainontzeko egitekoak.
Segurtasun Sailaren langileen eta zerbitzuen kudeaketaren eremuan, egiteko hauek dagozkio:
Sailera atxikitako giza baliabideak zuzendu eta administratzea, Segurtasun Administrazioa eta Ertzaintzaren laguntza-zerbitzuetara atxikitako langileak salbu, bere eskumenen eremuan.
Lanpostuen zerrendak proposatzea bere eskumenen eremuan, baita egitura, langile eta organigramei buruzko Sailaren informazio bateratua aurkeztea ere.
Langileen prestakuntza- eta hobekuntza-plan eta -programak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe HAEEren eskumenak.
Halaber, langile horien hizkuntza-normalizazioaren prozesuaren analisia, plangintza eta jarraipena egitea ere badagokio, Saileko Euskara Unitateak zehaztutako esparruan.
Indarreko legeriaren arabera, Administrazioa antolatu, berritu eta modernizatzearekin zerikusia duten egitekoak, sail guztiei esleitutako gai orokor eta komunak direlako, Segurtasun Sailari ere badagozkionak; erregistro- eta artxibo-sistemak; baliabide bibliografikoak antolatzea; departamentuko bulegoen barne-araubidea eta atxikitako ondarearen eta haren ekipamenduaren administrazioa eta kontserbazioa; baita Europako araudi eta politikak landu eta aplikatzeko Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea prestatzeko koordinazioa ere.
Sail guztientzat komunak diren informazio-sistemen eta telekomunikazioen arloko egitekoak ere badagozkio, beste organo bati esleituak ez bazaizkio bederen.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko indarreko plan eta arauetan aurreikusitako neurrien burutzapena sustatzea.
Hauteskunde-prozesuen kudeaketaren eremuan, egiteko hauek dagozkio:
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-prozesuen garapena planifikatu, kudeatu eta koordinatzea, Hauteskunde Araubide Orokorreko Legeak Segurtasun Sailari horretarako esleitutakoak barne, sailburuari dagozkionak izan ezik.
Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren hauteskunde-prozesuen modernizazioa bultzatzea eta EAEko herritarren ordezkaritza politikoan eragina duten hauteskunde-prozesuen jarraipena egitea.
Urteko diru-laguntzen zenbatekoa nola banatu proposatzea, indarreko hauteskunde-legean finkatutako irizpideen arabera.
Erreferendumak eta kontsultak egiteko behar diren jarduerak planifikatu eta kudeatzea, indarreko legeriak ezarritakoaren arabera.
Giza Baliabideen Zuzendaritzaren gain dago Ertzaintzako funtzionarioen estatutu-araubidea kudeatu eta ezartzea, eta Ertzaintzaren giza baliabideen politikak aztertu, bultzatu eta garatzea, baita Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratuko langileak kudeatzea ere, EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiko langileak salbu.
Ertzaintzako funtzionarioen estatutu-araubidea kudeatu eta ezartzeari, eta polizia-talde horren giza baliabideen politikak garatzeari dagokionez, hauxe dagokio:
Ertzaintzako funtzionarioei dagokien araubidea zuzendu eta administratzea, eta, bereziki, araubide hori ohiko eran kudeatu eta aplikatzea. Hartara, hurrengo egiteko hauek izango ditu:
Sailaren izenean ordezkaritza izatea Ertzaintzako langileen ordezkari diren erakunde sindikalekiko harremanetan, eta arlo horretako negoziazio kolektiboaren zuzendaritza eramatea.
Ertzaintzako funtzionarioei lanpostuak jabetzan ematea, administrazio-egoerak onartzea, jarduneko egoerara itzultzea onartzea, ezgaitasunagatik bigarren jarduerara pasatzea, eta derrigorrezko zein ezintasunagatiko erretiroak onartzea.
Presentzia-kontrola. Berariazko ebazpena behar duten lizentziak eta baimenak ematea.
Bateragarritasun-espedienteak ebaztea.
Ertzaintzako langileen hirurtekoak eta emandako zerbitzuak aitortzea.
Ertzaintzako funtzionarioen araubidea (juridikoa eta lansariena) eta laneko baldintzak kudeatu eta aplikatzea, barne direla nomina kudeatzea, zerbitzuagatiko kalte-ordain eta konpentsazioen araubidea, maileguak eta gizarte-onurak eman eta kudeatzea, baita Ertzaintzaren lan-egutegia aztertu, irizpena eman, negoziatu eta horri buruzko jarraipena egitea ere.
Lanpostuen zerrendak egitea eta horiek kudeatzea. Lanpostuak betetzeko lehiaketak deitu eta ebaztea, eta zerbitzu-eginkizunak eman eta atzera botatzea, postu horiek betetzeko ohiko modua zeinahi izanik ere.
Ertzaintzako langileen gastuen aurreikuspena eta kontrola, Kudeaketa Ekonomiaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzarekin batera.
Langileen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea, eta ziurtagiriak ematea Ertzaintzako funtzionarioen lan-gorabeherei, egoerei eta aitorturiko eskubideei buruz.
Ertzaintzako hizkuntza-normalizazioko prozesuaren analisia, barne-plangintza, jarraipena eta ebaluazioa, Saileko Euskara Unitateak zehaztutako esparruan.
Lan-arriskuen aurreikuspena antolatzea, eta Ertzaintzako funtzionarioak zaintzeko berezko zerbitzua zuzendu eta kudeatzea.
Giza baliabideen politikak aplikatu, garatu eta bultzatzea Ertzaintzan. Baliabideak optimizatzeko, honela jokatuko da:
Ertzaintzako langileen prestakuntza-politikaren diseinuan, plangintzan eta ebaluazioan parte hartzea, EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiarekin batera.
Informazioko eta barne-komunikazioko sistemak diseinatu, ezarri eta kudeatzea.
Giza baliabideak egokiro kudeatzeko egin diren ekimenetatik eta kalitate-proiektuetatik ateratako arrazionalizazio-neurriak ezartzea.
Giza baliabideak egokiro kudeatzeko dagozkion jarraibideak eta oharrak ematea.
Ertzaintzaren antolamenduan eta ondorengo ebaluazioan parte hartzea.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiakoak ez diren Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako langileei dagokienez, beherago zehaztutako egitekoak dauzka, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 5. artikuluarekin bat, eta euskal funtzio publikoaren printzipio orokorrak kontuan harturik, horiek zuzendu eta administratzea dagokio, eta, bereziki:
Giza baliabideen politika aplikatu, garatu eta bultzatzea, langile horiei dagokienez.
Sailaren izenean ordezkaritza izatea ordezkari diren erakunde sindikalekiko harremanetan, eta arlo horretako negoziazio kolektiboaren zuzendaritza eramatea.
Langile horien lanpostu-zerrendak proposatzea.
Behin-behineko lan-kontratuko langileak kontratatzea, eta horretarako lan-poltsak eratu eta kudeatzea.
Lan-kontratuko langile finkoa izateko hautespen-proben oinarriak, programak eta edukia prestatzea, epaimahaiak izendatzea, eta hautespen-prozesua antolatu eta kudeatzea.
Lanpostuak betetzeko prozeduren oinarriak prestatzea, horien deialdia egitea, garapena kudeatzea eta horiek ebaztea. Lan-kontratuko langile horiek jardunean hasteko, lekuz aldatzeko, edo dituzten lan-baldintzak aldatzeko izapideak egitea, eta, hala badagokio, baimena ematea, betiere, indarreko xedapenetan ezarritakoaren arabera.
Lan-arriskuak saihesteko funtzioa antolatzea, eta aurreikuspen-zerbitzua zuzendu eta kudeatzea.
Langile horien hizkuntza-normalizazioaren prozesuaren analisia, plangintza eta jarraipena egitea, Saileko Euskara Unitateak zehaztutako esparruan.
Langileen prestakuntza- eta hobekuntza-plan eta -programak bultzatu eta prestatzea, hargatik eragotzi gabe HAEEren eskumenak.
Langileen Erregistroa kudeatzea, eta ziurtagiriak ematea horien lan-gorabeherei, egoerei eta aitorturiko eskubideei buruz.
Langile horiek ohiko eran kudeatzea, eta, gainera, eskumen-espedienteak ebaztea, derrigorrezko eta ezintasun fisikoagatiko erretiroak onartzea, diziplina-ahalak erabiltzea kaleratzea salbu, eta lizentziak eta baimenak ematea.
Era berean, langileak kudeatzeari buruzko Eusko Jaurlaritzako aplikazio horizontalei dagokienez, zuzendaritzari dagokio Saila eta bere erakunde autonomoa zuzendu, ordezkatu eta koordinatzea, eta bere eskumenaren eremuko langileei dagozkien aplikazioen bidez kudeatutako datu pertsonalen gaineko ardura ere bai.
2. ATALA
SEGURTASUN SAILBURUORDETZA
Segurtasun Sailburuordetzari dagokio Segurtasun Sailari izendatzen zaizkion egitekoak betetzea honako arlo hauetan: pertsona eta ondasunen segurtasuna eta herritarren segurtasuna; udaltzaingoen koordinazioa; segurtasun pribatua; babes zibila eta larrialdiak; meteorologia; trafikoa eta bide-segurtasuna. Halaber, Segurtasun Sailburuordetzari dagokio ausazko jokoen eta ikuskizun zein jolas-jardueren erregimena.
Ertzaintza dela-eta, honako hauek dagozkio Segurtasuneko sailburuordeari, betiere, sailburuaren goi-aginpidepean:
Ertzaintzaren zuzeneko agintaritza, eta haren unitateen eta haren menpeko polizia-zerbitzuen zuzendaritza, ikuskaritza eta koordinazioa.
Ertzaintza planifikatzea, haren lanpostu-zerrendak prestatzea, eta hura, oro har, antolatzea; egon daitezkeen langile-premiak zehaztuko dira, hautaketa- eta prestakuntza-prozesuak eta egin beharreko ebaluaketak gauzatu ahal izateko.
Ertzaintzako kideek bete beharreko polizia-zerbitzu publikoari buruzko jarraibideak ematea.
Izendapen askearen sistemaren bidez betetzea Ertzaintzako langile funtzionarioen lanpostuak, baldin eta sistema horren bidez betetzekoak badira, eta, betiere, aurrez horretarako deialdi publikoa egin bada.
Diziplina-arloko agintea gauzatzea, hauek oinarri direla: uztailaren 17ko 4/1992 Legea, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa, eta maiatzaren 3ko 170/1994 Dekretua, Euskal Herriko Polizia Kidegoen Diziplina-erregimenaren Erregelamendua onartzen duena.
Bereizgarri berde edo txuridun dominak ematea.
Lankidetza eta elkarlana sustatzea segurtasun arloan erantzukizuna duten beste agintaritza eta erakunde batzuekin.
Autonomia Erkidegoaren irizpide orokorrak zehaztea, beste polizia-kidego batzuekin koordinatuta aritzeko.
Segurtasun publikoaren arloko aginpideduna den aldetik, honako hauek dagozkio:
EAEko Segurtasun Publikoko Plan Orokorra egitea.
Herritarren Segurtasuna babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoak Autonomia Erkidegoari aitortzen dizkion eskumenak erabiltzea, baldin eta eskumenok berariaz beste organo batzuei eman ez bazaizkie.
EAEko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenei eta haien erabilerari dagokienez, eman zaizkion eskumenez baliatzea, betiere, uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuarekin bat etorriz.
Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legean jasotako administrazio-eskumenak baliatzea, betiere, berariaz beste organo batzuei eman ez bazaizkie, eta segurtasun pribatuaren araudiaren kontrako arau-hauste oso larriak egiten badira, zehapenak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen aginpideak arautzen dituen abenduaren 24ko 309/1996 Dekretuaren 12. artikuluari jarraikiz.
Mehatxua edo jazarpena jasaten duten pertsonak edo erakundeak babesteko zerbitzua planifikatzea eta zuzentzea, bai polizia-zerbitzu publikoaren bitartez, bai berariaz horretarako kontratatutako segurtasun-zerbitzu pribatuak erabiliz; eta eman beharreko jarraibideak ematea, hargatik eragotzi gabe Segurtasun Pribatuari buruzko Legeko 1.4 artikuluan ezarritakoaren arabera orokorrean eman daitezkeen jarraibideak.
Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren eta zentro hori osatzen duten fitxategien erantzukizuna, betiere, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean xedatutako ondorioetarako.
Honako hauek baimentzea: udalerrien arteko lankidetza-hitzarmenak (Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 48. artikulua), eta udalerriak polizia-zerbitzuak emateko elkartzea (lege beraren 49. artikulua).
Ausazko jokoei eta ikuskizun zein jolas-jarduerei buruzko araudia aplikatzearen eremuan, honako hauek dagozkio:
Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 32.2 artikuluan xedatutako zehapenak ezartzea.
Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 38.3.c) artikuluan xedatutako zehapenak ezartzea.
Kirol-ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legearen kontrako arau-hauste oso larriengatik, 360.000 eurora arteko isunak eta honako zehapen hauek ezartzea: kirol ikuskizunak antolatzeko desgaitzea edo kirol-esparrua ixtea gehienez ere, urtebetez, eta kirol-esparrura sartzea debekatzea gehienez ere, hiru urtez.
Honako zuzendaritza hauek daude Segurtasun Sailburuordetzaren menpe:
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza.
Trafiko Zuzendaritza.
Ertzaintzaren Zuzendaritza.
Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza.
Larrialdiei aurre egiteko eremuan, honako egiteko hauek dagozkio Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari: Larrialdiak kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legeak eta berari lotutako araubide osagarriak ezartzen dutenaren haritik, Segurtasun Sailari dagozkion egiteko zein eskumenak gauzatu eta betetzea. Zehazki hauxe dagokio:
Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko babes zibileko planak egitea; horien ezarpena, mantentzea eta berrikuspena koordinatzea, baita erabilera koordinatzea ere, kasuan kasuko planak bere zuzendaritzari buruz ezartzen dituen zehaztapenekin bat etorriz.
Ordenamendu juridikoan xedatutako bitartekoak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazioen ardurapeko larrialdietarako planen idazketa bultzatzeko laguntza ematea, baita erkidegoaz kanpoko eremua hartuta ere, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eragin berezia izan dezaketenen kasuan ere.
Larrialdi-zerbitzua kudeatzea, 1-1-2 telefono-zenbakiaren eta SOS-Deiak larrialdiak koordinatzeko zentroen bidez.
Larrialdiak kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 26.2 artikuluak aipatzen dituen jarduteko taktikak prestatzea, eta, halaber, haien tratamendurako jarduerak zuzentzea eta jarduteko baliabideak koordinatzea, indarreko legeriaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoan gerta daitezkeen larrialdi-egoerei aurre egiteko era guztietako bitarteko eta baliabideak sor eta gara daitezen bultzatzea.
Ekimenak sustatzea, herritarrek larrialdien prebentzio eta esku-hartzean izan behar duten partaidetza antolatzeko eta garatzeko. Horretarako, babes zibileko boluntario-elkarteen jarduera bultzatuko da, baita horiek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman sartzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko arriskuen inbentarioa eta erabilgarri diren bitarteko eta baliabideen katalogoa eguneratuta izatea.
Eusko Jaurlaritzaren eskumenen eremuan, larrialdietarako ariketak eta simulazioak antolatzea eta egitea.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin batera lantzea babes zibilaren eta larrialdien arloan akademiak egiten duen prestakuntza-programazioa.
Bitarteko didaktikoak sortzea sustatzea, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako langileak gaitzeko, eta, oro har, herritarrak sentsibilizatzeko.
Larrialdiak kudeatzeko lanbide-maila guztietako prestakuntza-curriculumen garapena bultzatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auto-babeseko Planen erregistroa kudeatzea; auto-babesa sustatzea eta zabaltzea, eta, beste erakunde eta erakunde batzuekin lankidetzan, programak egitea, herritarrei informazioa emateko, zein arriskuren menpe dauden eta larrialdiei nola erantzun behar dien jakin dezaten.
Behar diren neurriak garatzea, itsasertzeko jurisdikziopeko uretako gertakariei aurre egitea bermatzeko, eta itsasoko laguntzaren arloko legeria betearazteko.
Autonomia Erkidegoko Administrazioak meteorologia eta klimatologiaren arloan dituen eskumenen barruan, hauxe dagokio Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari:
Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasunekoak diren meteorologia-azpiegitura, -jarduera eta -zerbitzuak planifikatzea, koordinatzea eta mantentzea.
Sare hidrometeorologikoa planifikatzea, zaintzea eta mantentzea, baita sarearen informazio-kalitatea ere.
Eguraldiaren behaketa integratua eta etengabea, meteorologiaren eta fenomeno natural klimatikoen azterketa eta iragarpena.
Informazio meteorologiko ofiziala lantzea eta kudeatzea, eta erabiltzaile publiko zein pribatuentzako informazio meteorologiko eta klimatologikoa lantzea eta zabaltzea.
Meteorologia eta klimatologiaren gaineko informazio-politika eta -produktuak garatzea, komenigarriak direnak, bai zerbitzu publikoentzat (babes zibila, bide-segurtasuna, ...), bai meteorologiak garrantzia handia hartzen duen zenbait sektore eta jarduera ekonomikorentzat (nekazaritza, arrantza,...).
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio Euskal Meteorologia Agentzia eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzua (LAZLZ).
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:
Ausazko jokoei eta jendaurreko ikuskizun eta jolas-jarduerei buruzko politika publikoak lantzea.
Modalitate bateko edo besteko jokoak ustiatzen dituzten enpresak sortzeko baimena ematea, baita jokoak eta lokalak ustiatzekoa ere, baldin eta indarreko legediaren araberakoak badira.
Joko-makinak eta makina laguntzaileak ustiatzeko baimen-mota guztiak ematea, eta, hala dagokionean, baimena iraungi izana deklaratzea.
Sare informatiko, sare telematiko eta joko-sistemen bidez, joko-jarduerak baimentzea, dagokion araudi eta plangintzaren eremuan.
Jokoaren Erregistro Nagusia eta haren atal guztiak kudeatzea, baita joko-lokaletarako sarrera galarazia duten pertsonen erregistroa ere.
Joko-jarduerekin lotutako egitekoak burutzeko beharrezkoak diren lanbide-agiriak ematea.
Joko- eta apustu-elementuak homologatzea.
Herritarren jarrerei, adingabeei eta menpekotasunezko jokabideen kontrolari dagokienez, jokoak gizartean duen eraginaren ikerketa sustatzea.
Herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina publikoak egitea, joko arduratsua eta bermeduna lortzeko.
Ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren arloan Segurtasun Sailari izendatutako eskumen guztiak baliatzea, beste organo batzuei izendatutako eskumenak salbuespen direla.
Datuak mantentzea eta ustiatzea, eta estatistikak eta azterketak egitea, joko eta ikuskizunen urteko memoria landu ahal izateko.
Joko eta ikuskizun publikoen arloan eta jolas-jardueren arloan zehatzeko ahalmena kontrolatzea, ikuskatzea eta baliatzea, zehapen hauek jarriz: Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 32.1 artikuluan, eta Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 38.3.b) artikuluan jasotako zehapenak, baita indarrean dauden arauek izendatzen dizkiotenak ere.
Halaber, kirol-ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legean aurreikusitako zehapen-erregimenari buruzko espedienteak bideratzea ere badagokio, eta arau-hauste arin eta larriei dagozkien zehapenak jarriko ditu.
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Lege Aholkularitza Arloak bideratuko ditu zehapen-espediente horiek.
Zuzendaritza honen menpe dauden lurralde-bulegoek honako ahalmen eta eskumen hauek izango dituzte dagokien lurralde-eremuan, betiere zuzendariak emandako irizpideen arabera:
Baimenak ematea, jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak egiteko. Nolanahi ere, salbuespen izango dira 10.000 lagunetik gorako edukiera dutenak eta zezen-ikuskizun nagusiak.
«B» motako makinei eta jokorako makina laguntzaileei dagozkien izapideak egitea eta baimenak ematea. Nolanahi ere, salbuespen izango dira honako hauei dagozkien baimentzeak: ustiapen-baimenak eta horien eskualdatzeak, erredentzio-makinak edo «AR» izenekoak ustiatzeko erantzukizun-adierazpenak jasotzea, eta jolas-aretoak ustiatzea.
Beharrezko lanbide-dokumentuak ematea eta berritzea, bingo-aretoetan jardun ahal izateko.
Lokal publikoen dokumentazioa eta datu-baseak kudeatzea eta eguneratzea, baldin eta horren kontrola Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari badagokio.
Dagokien lurralde-eremuko ikuskaritzarekiko koordinazioa.
Adierazitako egiteko horiek betetzeko, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Atala Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren menpe egongo da funtzionalki, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 34.2 artikuluari eta Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legeko 25. artikuluari jarraikiz.
Orobat, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, joko eta ikuskizunen politikak finkatzeko, horretarako behar duen informazioa eskatu ahal izango dio Ertzaintzaren Zuzendaritzari.
Trafiko Zuzendaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko bide-segurtasuneko politikak egiteko eta kudeatzeko ardura duen organoa.
Trafiko eta bide-segurtasunaren araudian xedatutako baimentze-, ikuskatze- eta zehatze-ahalmenak baliatuz, egiteko hauek dagozkio:
Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko arauen eta xedapen osagarrien aurkako arau-hausteengatik irekitako zehapen-espedienteak bideratzea eta ebaztea.
Baimen bereziak ematea ezaugarri teknikoengatik edo karga zatiezina garraiatzeagatik arauz ezarritako gehieneko masak eta neurriak gainditzen dituzten ibilgailuentzat.
Lasterketa, txapelketa, lehiaketa, eta, oro har, kirol-probetarako baimena ematea eta horiei buruz informatzea, baldin eta zati batean edo osorik Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko bideetatik egiten badira.
Ekitaldi horiek direla-eta, jendetza handia bilduko dela aurreikusten bada, eta, beraz, horrek segurtasun-mailako arazoak ekar ditzakeela ikusten bada, arlo horri dagokion eskumena baliatzerakoan, Ertzaintzaren Zuzendaritzarekin eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin koordinatuko da.
Ibilgailu historikoei buruzko indarreko araudian xedatutako egitekoak.
Gidarien eskola partikularrak baimentzea, kontrolatzea eta ikuskatzea, indarreko araudiari jarraikiz.
Lehen aipatutako b), c), d) eta e) idatzi-zatiei lotutako eskumenak Trafikoko Lurralde-bulegoei dagozkien organoek baliatuko dituzte, beren eskumen-eremuaren barruan.
Lehen aipatutako a) idatzi-zatiari lotutako eskumena Trafikoko Lurralde-bulegoei dagozkien organoek eta Automatizatutako Salaketak Izapidetzeko Zerbitzuko arduradunak baliatuko dute, beren eskumen-eremuaren barruan.
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko zehapen-prozedura arautzen duen araudian xedatutako ondorioetarako, Trafikoko Lurralde-bulego bakoitzeko instruktorea edo Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuko (TAIZA) instruktorea izango da zehapen-espedienteak izapidetzeko organo arduraduna, eta zehatzeko eskumena izango dute Trafikoko Lurralde-arduradunek edo Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuko (TAIZA) arduradunak.
Trafikoa eta bide-segurtasuna kudeatzearen eta kontrolatzearen arloan, Trafiko Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:
Hiriarteko trafikoaren kudeaketa eta kontrola. Horren ondorioetarako, maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretuaren bidez sortutako Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta helburu horretarako sortutako gainontzeko instalazioak zuzentzea eta kudeatzea dagokio.
Hiriarteko bideetako segurtasuna eta arintasuna hobetzeko jarduerak planifikatzea, zuzentzea eta koordinatzea, batez ere, hiri barruko bideetarako eta hiri handietarako sarreretan, baita trafiko handikoak eta arriskutsuak diren zati edo guneetan eta zeharbideetan ere.
Erabiltzaileei bide publikoetako trafikoaren egoeraren berri ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoko bide publikoetako trafikoaren kontrol, arautze, zaintza eta diziplinarako, bideokamerak eta irudiak hartu eta erreproduzituko dituen beste edozein bitarteko jartzeko eta instalatzeko agintzea, baldin eta udalen esku ez badago bide publiko horietan trafikoa arautzea.
Trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzea, indarreko legediarekin bat etorriz.
Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzaren laguntza izango du, aurreko paragrafoetan adierazitako eskuduntzak garatzeko. Horretarako, Trafiko Zuzendaritzak dagozkion jarraibideak emango dizkio Ertzaintzari.
Bide-segurtasunerako prestakuntza, hezkuntza eta ikerketaren arloan, egiteko hauek dagozkio:
Bide-prestakuntzako irakasle-titulua eta gidarientzako eskola partikularren zuzendariaren titulua lortzeko ikastaroetarako deia egitea, aipatutako titulu horiek ematea, eta birziklatzeko ikastaroetarako deia egitea, eskola horietako irakasleentzat.
Jarduera-programak eta zabalkunde-kanpainak prestatzea, hezkuntza, prestakuntza eta bide-segurtasunaren arloan, eta hezkuntza-administrazioarekin lankidetzan aritzea, ikastetxeetan bide-segurtasuneko berariazko programazio bat lortzeko.
Bide-berreziketarako eta -sentsibilizaziorako ikastaroak kudeatzea eta nola eman behar diren zehaztea.
Osasunaren arloan eskumena duen Administrazioarekin lankidetzan aritzea, edari alkoholdunek, droga toxikoek, estupefazienteek eta gai psikotropikoek istripuetan duten eragina aztertzeko eta egoera horri aurre hartzeko.
Trafiko eta bide-segurtasunaren arloko azterketak eta ikerlanak egitea. Trafiko Zuzendaritzak garatzen du Trafiko eta Bide-segurtasuneko Behatokiaren eginbeharra, zeinak trafiko eta bide-segurtasunari buruzko informazioa biltzeko, aztertzeko eta zabaltzeko ardura baitu.
Trafiko Zuzendaritzak, bere egitekoen barruan, lankidetzan jardungo du errepideen arloan eskumena duten Administrazioekin, baita Europa Barneko Errepideen Sarearekin loturiko beste Administrazio batzuekin ere, izan herrialdekoak izan nazioartekoak.
Ertzaintzaren Zuzendaritzak honako egiteko hauek ditu:
Euskadiko herritarren segurtasuna hobetzeko neurriak eta gailuak prestatzea eta Segurtasun Sailburuordetzari proposatzea.
Zuzendaritza honen menpe dauden Ertzaintzaren atalen, lurralde-unitateen, unitateen eta sekzioen zuzeneko agintaritza, Ertzaintzaren egitura arautzen duen Aginduari jarraikiz.
Segurtasun Sailari Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioen polizia-zerbitzu publikoaren arloan dagozkion eskumenez baliatzea, betiere, bat eginik Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 110. artikuluan eta horrekin bat egiten dutenetan xedatutakoarekin.
Trafiko Zuzendaritzak bere eskumenekoak diren arloetan finkatzen dituen ildoak, zirkularrak, jarraibideak eta helburuak betetzeko polizia-baliabideak erabiltzea, dekretu honetako 16.4 artikuluarekin bat etorriz. Bi Zuzendaritzen artean ezartzen diren helburuak Ertzaintzak izendatuta dituen helburuen multzoan txertatuko dira.
Ertzaintzaren polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko egitekoei dagozkien lanak zuzentzea.
Polizia judizialaren arduradun den aldetik, Ministerio Fiskalarekiko eta Agintaritza Judizialarekiko harremanak zaintzea.
Herritarrek biltzeko eta manifestatzeko dituzten eskubideak baliatzen dituztenean, gobernu-agintariei dagozkien egitekoak betetzea, eta, oro har, segurtasuna bermatzeari begira garrantzizkoak diren gertakizun eta jardueren aurrean herritarren segurtasuna babesteko beharrezko neurriak hartzea.
Abenduaren 24ko 309/1996 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituenak Segurtasun Sailburuordetzari esleitutako egitekoak, Sailaren beste organo batzuei esleitzen ez zaizkienak. Hori dela-eta, honako hauek ere badagozkio: segurtasun pribatuko erakunde, zerbitzu eta jarduerak baimentzea, ikuskatzea eta kontrolatzea, aipatutako dekretuan ezarritakoaren arabera; baimendutako enpresen erregistroa kudeatzea; baita, dela berariaz halakoxeak direlako, dela Ertzaintzari esleitutako egitekoei edo zerbitzuei lotuta daudelako edo horien osagarri direlako, bere eskumenekoak izan daitezkeen beste batzuk ere.
Herritarren Segurtasunari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan aurreikusitako gaietako zehapen-prozedurak ebaztea, honako hauek ezarriz: gehienez ere 30.050,61 euroko isunak, eta aipatutako Legeko 28. artikuluak hutsegite larriengatik xedatutako gainerako zehapenak.
Zehapenak ezartzea segurtasun pribatuaren araudiaren kontrako arau-hauste larri eta arinengatik, Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen aginpideak arautzen dituen abenduaren 24ko 309/1996 Dekretuaren 12. artikuluarekin bat etorriz.
Uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuak esleitzen dizkion egitekoak, EAEko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren arloan.
Zuzendaritzaren menpeko polizia-unitateetako plantilla organikoen proposamenak egitea, baita horiek aldatzeko edo ezabatzeko proposamenak ere.
Ertzaintzako zentro eta unitateetan ezarri beharreko segurtasun-neurri, -arau eta -elementuei buruzko irizpideak eta Segurtasun Saileko komunikazio-azpiegiturak zehaztea, arlo horretan zerikusirik duten gainerako zuzendaritzekin batera; era berean, berari dagokio aholkuak ematea, instituzioetako eraikin eta instalazioen segurtasun-neurriei buruz.
Honako hauek sustatzea: polizia-erakundearen eta bere zerbitzuen proiektu eta jarduera-plan orokorrei buruzko azterketak eta proposamenak; horiek eraginkortasunez kudeatzea eta kontrolatzea ahalbidetuko duten sistemak, metodoak eta prozedurak; eta lanbide-teknikak modernizatzea eta hobetzea.
Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak Segurtasuneko sailburuordeari laguntza emango dio haren egitekoetan eta eskumenetan:
Polizia-antolamenduaren arloan, honako hauek dagozkio:
Segurtasun arloko jarduera-plan orokorren eta informazio-sistemen gaineko aholkuak ematea, baita antolaketa-proiektuen gainekoak ere.
Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroa kudeatzea.
Polizia-artxiboen eta -erregistroen ezaugarriak, segurtasun-betebeharrak eta antolamendu-protokoloak zehaztea, eta hori dena behar bezala aplikatuko dela zaintzea. Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordearen eta hortik sortutako batzordeen agiriak eta erabakiak artxibatzea eta horien jarraipena egitea. Polizia-gaietako erreferentziazko fondo bibliografikoak kudeatzea, bai eta itzulpen eta interpretaritzako laguntza zentralizatua emateko zerbitzuak kudeatzea ere.
Polizia-zerbitzu publikoaren araubide juridikoari buruzko arloetan aholkuak ematea Ertzaintzako zuzendaritza-organoei.
Segurtasun publikoaren arloan, honako hauek dagozkio:
Sailburuordetzako organoen eta Euskadiko segurtasun publikoaren sistemako beste administrazio batzuen arteko lankidetza-bideak sustatzea.
Euskadiko segurtasun publikoaren sistema definitzeko lankidetza- eta koordinazio-mekanismoak bultzatzea.
Otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoak Herritarren Segurtasuna babesteari buruzkoak eta uztailaren 30eko 23/1992 Legeak Segurtasun Pribatuari buruzkoak xedatzen duten zehapen-erregimenari buruzko espedienteak irekitzea eta izapidetzea.
Segurtasun publikoaren sistema hobetzeko Herritar-ekimenen bulegoa kudeatzea.
Segurtasuneko sailburuordeari laguntzea uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuak ematen dizkion eskumenak erabiltzen (168/1998 Dekretua, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duena).
Segurtasun publikoaren arloan, beste instituzio edo/eta erakunde publiko zein pribatuekiko harremanak sustatzea, koordinatzea eta bideratzea, hargatik eragotzi gabe Segurtasun Saileko beste zuzendaritzen eskumenak.
Udaltzaingoen koordinazioari dagozkion egitekoak, ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 38.b) artikuluan eta 37. artikuluan xedatutakoak (15/2012 Legea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa).
Euskadiko udaltzaingoen erregistroa kudeatzea, eta udaltzaingoen egiaztatze profesionalerako dokumentazioa lantzea.
Udaltzaingoen kidegoak sortzeko baimen-eskabideak izapidetzea, baldin eta baimen hori legez beharrezkoa bada. Halaber, dekretu honen 13.3.g) artikuluan adierazten diren eskabideak izapidetzea.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan aritzea, EAEko udaltzainak hautatzeko oinarrizko irizpideak zehazten eta hainbat ikastaro antolatzen: sartzeko ikastaroak, etengabeko prestakuntzako ikastaroak, espezialitate-ikastaroak eta gora egiteko ikastaroak.
Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio, halaber, Segurtasun Saileko estatistiken lanketa koordinatzea, eta Saila ordezkatzea arlo horretan eskumena duten organoetan.
Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak, beraren egitekoak gauzatzeko, Egitura Aginduan zehaztuko diren Ertzaintzaren atalen laguntza izango du, bertan azalduko den menpekotasunpean.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Sailburuordeen edo zuzendarien postuak hutsik daudenean edo titular horiek kanpoan edo gaixorik daudenean, arau hauei jarraituko zaie ordezkapenak egiteko:
Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eta Segurtasun Sailburuordetzaren eskumenak eta egitekoak Segurtasuneko sailburuak beteko ditu, edo, kasuan kasu, berak izendatzen duen sailburuorde edo zuzendariak.
Zuzendariei dagozkien egiteko eta funtzioak haietako bakoitzari dagokion sailburuordeak beteko ditu, edo titular horiek berariaz izendaturiko zuzendariak.
Zuzenean sailburuaren menpe dauden zuzendarien ordezkapena hark kasu bakoitzerako erabakitzen duenaren arabera egingo da.
Lurralde-bulegoetan postuak hutsik daudenean, edo horiek betetzen dituztenak kanpoan edo gaixorik badaude, bulegook zuzentzen dituzten Zuzendaritzetako titularren esku geldituko da kasuan kasuko ordezkapen-araubide egokia ematea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileek laguntza emango dute, egiteko burokratikoak burutuko dituzte, eta Ertzaintzari, Segurtasun Administrazioari eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari babesa eta laguntza emango diete, egiteko horiek Ertzaintzako funtzionarioei legez esleiturik ez badaude bederen.
Arestian azaldutako egitekoez gain, poliziako unitate eta zentroetan diharduten Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratuko langileek dagokien burutzak agindutako lan burokratiko laguntzaileak eta laguntzeko lanak beteko dituzte.
Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 5. artikuluan eta Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aintzat harturik, Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lanpostutzat hartuko dira Segurtasun Sailaren zerbitzuan diharduten langileen hitzarmen kolektiboaren esparruan sartzen diren lan-kontratuko langileak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Segurtasuneko sailburuak emandako agindu baten bidez erabaki ahali zango da Segurtasuneko sailburuordearen edo Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen menpe dauden eta Ertzaintzaren egitekoen eraginkortasunarekin zerikusi zuzena duten organo eta unitateen lantokia edo zerbitzu-zentroa Gasteizko udalerritik kanpo kokatzea, nahiz eta organo eta unitate horiek organo periferiko gisa sailkatu gabe egon.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Segurtasun Saileko kontratazio-organoek izango dute, baldintza beretan, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 4.1.n) eta 24.6 artikuluetan aipatu negozio juridikoak egiteko eskumena.
Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzari dagokio gai hauek izapidetzea.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Organikoki Giza Baliabideen Zuzendaritzari atxikitako Abokatu-laguntzaren arloa, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzaren menpe egongo da funtzionalki, dekretu honen 11.f) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
Dekretu hau indarrean jarritakoan, dekretu honen arabera eskudun diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte hasitako espedienteak.
LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen da Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretua.
BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Halaber, indargabetuta geratzen da Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko Dekretua aldatzeko azaroaren 23ko 303/2010 Dekretua, eta dekretu horretan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko eta beheragoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Segurtasuneko sailburuak ahalmena izango du dekretu hau garatzeko behar adina xedapen emateko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Indarreko arau edo xedapenetan, Kabineteko eta Baliabide Teknikoetako Zuzendaritzari edo beraren titularrei egindako erreferentziak, dekretu honetan esleitzen zaizkien egitekoen arabera, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari ala Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Indarreko arau edo xedapenetan, Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari edota beraren titularrei egindako erreferentziak Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Indarreko arau edo xedapenetan, Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzari edota beraren titularrei egindako erreferentziak Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK BOSGARRENA
Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituen abenduaren 24 309/1996 Dekretuaren 12. artikulua honela idatzita geratuko da:
Herritarren Segurtasuna babesteko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan eta Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legean zehaztutako zehapen-eskumenak honako hauei dagozkiei:
Jaurlaritzaren Kontseiluari dagokio arau-hauste oso larriengatiko 300.506,06 eurotik 601.012,10 eurora bitarteko zehapenak, eta legez aurreikusitako gainerako zehapenak ezartzea.
Segurtasuneko sailburuari dagokio arau-hauste oso larriengatiko 60.101,22 eurotik 300.506,05 eurora bitarteko zehapenak, eta legez aurreikusitako gainerako zehapenak ezartzea.
Segurtasuneko sailburuordeari dagokio arau-hauste oso larriengatiko gainerako zehapenak ezartzea.
Ertzaintzako zuzendariari dagokio arau-hauste larri eta arinengatiko zehapenak ezartzea.
Agintaritza eskudunek jendaurrean jakinarazi ahal izango dute aurreko atalean aipatutako arau-hauste larri edo oso larriengatiko zehapen-prozeduretan hartutako ebazpena, gertakarien transzendentzia bereziak edo larritasunak, ukitutako pertsona-kopuruak edo herritarrek jakitearen komenentziak hala eskatzen dutenean.
AZKEN XEDAPENETATIK SEIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (16)
- Aldatutakoa: 207/2014 DEKRETUA, 2014ko urriaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituena.
- Indargabetutakoa: 83/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 20/2012 DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
- Ikus: 15/2012 LEGEA, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa.
- Indargabetzen du: 303/2010 DEKRETUA, azaroaren 23koa, Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzen duena.
- Ikus: 24/2010 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman duten borondatezko parte-hartzeari buruzkoa.
- Indargabetzen du: 471/2009 DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Herrizaingo Saileko egitura organiko eta funtzionalari buruzkoa.
- Ikus: Dekretu-proiektua, Zezenketa Ikuskizunen Erregelamendua onartzeari buruzkoa.
- Ikus: 95/2005 DEKRETUA, apirilaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Erregelamendua onesten duena.
- Ikus: 168/1998 DEKRETUA, uztailaren 21ekoa, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan arautua, garatzen duena.
- Ikus: 24/1998 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen osaketa, egitekoak eta antolamendua arautzen dituena.
- Aldatzen du: 309/1996 DEKRETUA, abenduaren 24koa, Euskal Autonomi Elkarteak segurtasun pribatuaren arloan dituen aginpideak arautzen dituena.
- Ikus: 1/1996 LEGEA, apirilaren 3koa, Larrialdiak Kudeatzekoa.
- Ikus: 4/1995 LEGEA, azaroaren 10ekoa, jendaurreko ikuskizunak eta jolas iharduerak arautzekoa.
- Ikus: 250/1995 DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, eskumen zibil eta penalaren aurrean ertzainak defendatu eta ordezkatzeko legelariak gaitzeari buruzkoa.
- Ikus: 170/1994 DEKRETUA, maiatzaren 3koa, Euskal Herriko Polizia Kidegoen Disziplinazko Araudia onartzen duena.