Arautegia
Inprimatu73/2012 DEKRETUA, maiatzaren 15ekoa, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats- arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza- gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 104
- Hurrenkera-zk.: 2376
- Xedapen-zk.: 73
- Xedapen-data: 2012/05/15
- Argitaratze-data: 2012/05/29
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, hezkuntzaren helburuetako bat da komunikatzeko gaitasuna lortzea hizkuntza ofizialean, koofizialean eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan. Bestalde, abenduaren 7ko 1513/2006 Errege Dekretuak, Lehen Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntza ezartzen duenak, batetik, eta abenduaren 29ko 1631/2006 Errege Dekretuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntza ezartzen duenak, bestetik, oinarrizko gaitasunei buruzko I. eranskinean sartu dute hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna. Gaitasun horren barruan hainbat formalizazio-maila daude, baina atzerriko hizkuntzen arloan, hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna izateak esan nahi du gutxienez atzerriko hizkuntza batean komunikatzeko gai izatea, gizarte-harremanak aberasteko eta askotariko testuinguruetan moldatzen jakiteko, bai eta informatzeko eta ikasteko era gehiago eta askotarikoetarako sarbidea izateko ere.
Era berean, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide-heziketan eta erregimen bereziko irakaskuntzetan irakasteko prestakuntza-betekizunak ezarri zituen, eta bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak zehaztu zituen. Errege dekretu horrek, gainera, bosgarren xedapen gehigarrian, hezkuntza-administrazioak ahaldundu zituen, irakaskuntza hirueleduna edo eleanitza barnean duen hezkuntza-proiektuak dituzten ikastetxe publikoetan edo pribatuetan, atzerriko hizkuntzan hizkuntza hori irakasteko irakasgaia ez diren beste irakasgaiak edo irakats-arloak emateko irakasleei eskatuko zaizkien prestakuntza-betekizun gehigarriak arau zitzaten. Betekizun horien artean sartu behar da atzerriko hizkuntza menderatzen dutela frogatu beharra (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila izan behar dute, gutxienez).
Era berean, azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko hirugarren xedapen gehigarria Lehen Hezkuntzan Atzerriko Hizkuntzan ematen diren ikasketei buruzkoa da, eta hezkuntza-administrazioei eskumenak ematen dizkie arautzeko zein baldintza gehiago eskatu behar zaien Maisu-maistren Kidego irakasle funtzionarioei atzerriko hizkuntzako irakasgaia barik arlo bateko klaseak atzerriko hizkuntzan emateko (1594/2011 Errege Dekretua), azaroaren 4koa, Maisu-maistren Kidegoko irakaskuntzako espezialitateak ezartzen dituena Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan otsailaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzkoak, arautzen dituenetan lan egiten duten irakasleentzat.
Martxoaren 30eko 97/2010 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortzeari eta ezartzeari buruzko Dekretua aldatzen duenean, proposatu da aurrera egitea, elebitasunetik abiatuz, ikasle eleaniztunak lortzeko helburua bete dadin. Horretarako, ikastetxeek atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera indartzeko neurriak ezarri behar dituzte, eta ikasleek bi hizkuntza ofizialetarako ezarritako gaitasun-maila izango dutela bermatu behar dute. Hori lortze aldera, zenbait eduki edo irakasgai atzerriko hizkuntzetan eman ditzakete, ezarriko diren baldintzak betez.
Otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko curriculuma sortzen eta ezartzen duenak, xedatutakoaren arabera, etapa horretako helburuetako bat da bi hizkuntza ofizialetan eta gutxienez atzerriko hizkuntza batean komunikatzeko gaitasuna zabaltzea eta finkatzea; alegia, ezagutza, hizkuntzak erabiltzeko prozedurak eta helduen berezko gizarte-esparruetan behar bezala parte hartzeko beharrezko jokabideak hobetzea.
Gaur egun, ezagutzaren Europako gizartean murgilduta gaude, eta gizarte horretan, gure erkidegoko hezkuntza-sistema berritzeko eta egokitzeko beharra ikusi dugu, laster agertuko zaizkigun mugikortasun- eta komunikazio-erronkei erantzun ahal izateko. Beraz, hezkuntza-administrazioak jakin badaki erantzukizuna duela berak ere, gutxienez atzerriko hizkuntza batean (ingelesez, bereziki) komunikatzeko gaitasuna lortu eta zabal dadin sustatzean. Mugikortasuna gero eta handiagoa den mundu globalizatu honetan, hezkuntzaren ez-ezik gizarte osoaren helburu estrategikoetako batek eleaniztasuna izan behar du, hots, hainbat hizkuntzatan elkarrekin komunikatzeko gaitasuna, zenbait mailatan, ikasleen oraingo zein etorkizuneko akademia- eta lanbide-beharren eta norberaren beharren arabera.
Ikastetxe publiko eta pribatu askok irakats-arlo edo irakasgai bat edo gehiago atzerriko hizkuntzan ematea barnean duten programetan parte hartu dute. Gainera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dei egin die ikastetxeei zenbait irakats-arlo edo irakasgai atzerriko hizkuntzetan ematea barnean duten Hezkuntza marko hirueledunean saiakuntza-proiektu berriak garatu egin ditzaten.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren esanetan, beharrezkoa da ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan emango den irakaskuntza kalitatezkoa izango dela bermatzea, eta askotariko irakats-arlo eta irakasgaietako edo hizkuntzazkoak ez diren modulu edo esparruetako maisu-maistrek eta irakasleek atzerriko hizkuntzetan duten prestakuntza indartzea.
Hainbat akreditazio eta ziurtagiri daudenez, beharrezkotzat jo dugu irakasleek atzerriko hizkuntza irakasteko ez diren arloak, irakasgaiak, esparruak edo moduluak atzerriko hizkuntzan emateko izan behar dituzten hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzea. Gainera, lanpostuak betetzeko eta langileak hautatzeko gero eta deialdi gehiagotan hartzen dira aintzat halako ziurtagiriak, ziurtagiriok merezimendutzat jotzen dituzten deialdietan, behintzat.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen xedea da:
Irakasleen hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza ematen duten eta hezkuntza-proiektuan irakaskuntza elebiduna eta/edo hiru eleduna sartu duten ikastetxe publiko edo pribatuetan atzerriko hizkuntza irakasteko ez diren irakasgaiak, irakats-arloak, esparruak edo moduluak atzerriko hizkuntzan emateko bete behar dituztenak.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko lanpostuak hautatzeko eta betetzeko merezimendu moduan baloratzen denean atzerriko hizkuntza jakitea, onartu egingo da eranskinean azaltzen diren tituluak edo egiaztagiriak aurkeztea Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuk B2 maila edo handiagoa egiaztatzeko.
Irakasleek, irakats-arlo, irakasgai, esparru edo modulu bat atzerriko hizkuntzan emateko, indarrean dagoen araudian ezarritako gutxieneko titulua dutela edo irakaskuntza-espezialitateko betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute; eta, gainera, gutxienez honako titulu, gaikuntza edo ziurtagiri hauetako bat dutela ere bai:
Filologiako, Filosofia eta Letretako (Filologia atala) edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentzia, eskatutako hizkuntzan; edo antzeko gradua.
Itzulpengintza eta Interpretazioko diploma, eskatutako hizkuntzan.
Eskatutako hizkuntzan atzerriko hizkuntzako espezialitatea edo gaikuntza duen maisu-maistra, Lehen Hezkuntzarako.
Eskatutako atzerriko hizkuntzan Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila edo hori baino maila handiagoa duela egiaztatzea, dekretu honen eranskinean jasotako titulu edo ziurtagiriren baten bidez.
Lehenengoa. Eranskina eguneratzea.
Hezkuntza Sailburuak dekretu honen eranskina egunera dezake. Zehazki, zerrendatik ken ditzake aurrerantzean B2 maila edo hori baino maila handiagoa bermatzeari uzten dioten tituluak edo ziurtagiriak; edo maila hori bermatzen duten beste batzuk sar ditzake, berariaz.
Bigarrena. Indarrean jartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko maiatzaren 15ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2022ko ekainaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina bigarrenez eguneratzeko. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunak ezarri, eta titulu eta ziurtagiriak aitortzen ditu dekretu horrek.
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2019ko ekainaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez eguneratzen baita maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina (dekretu horrek ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunak, eta titulu eta ziurtagiriak errekonozitzen).
- Ikus: 97/2010 DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko den Dekretua aldatzen duena.
- Ikus: 23/2009 DEKRETUA, otsailaren 3koa. Honen bidez Batxilergoko curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen da.