Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

27/2012 DEKRETUA, otsailaren 28koa, Estetikako eta edergintzako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 59
  • Hurrenkera-zk.: 1394
  • Xedapen-zk.: 27
  • Xedapen-data: 2012/02/28
  • Argitaratze-data: 2012/03/22

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

  1. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

    Otsailaren 28ko 256/2011 Errege Dekretuak Estetikako eta edergintzako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du apirilaren 21eko 630/1995 Errege Dekretuak ezarritako Dekorazio-estetika pertsonaleko teknikariaren tituluaren erregulazioa.

    Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluak 2. atalean xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

    Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

    Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

    Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Estetikako eta edergintzako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Estetikako eta edergintzako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen otsailaren 28ko 256/2011 Errege Dekretuaren babesean.

    Estetikako eta edergintzako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

    Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

    Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

    Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

    Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2012ko otsailaren 28an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Estetikako eta edergintzako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Estetikako eta edergintzako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Estetika eta edergintza

Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa

Iraupena: 2.000 ordu

Lanbide-arloa: Irudi pertsonala

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-3

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra honetan datza: edertze pertsonaleko teknikak aplikatzea; eta estetika-zerbitzuak, kosmetikoak eta lurrinak merkaturatzea; kalitate-prozedurak, eta indarrean dagoen araudian ezarritako laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumen-babeserako eskakizunak beteta.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Produktuak, aparatuak eta tresnak hartu, bildu eta banatzea, horiek mantendu eta kontserbatzeko baldintza egokietan, eta haien kontsumoa eta stocka kontrolatuta.

    2. Prozesuan zehar bezeroei arreta egitea, enpresak ezarritako prozedura-arauak aplikatuta eta zerbitzuan kalitatea lortuta.

    3. Bezeroen eskariei eta azterketa profesionalari buruzko informazioa lortzea, eta datuak erregistratu eta artxibatzea.

    4. Aplikatuko diren tratamendu edo teknika estetikoetarako material, tresneria eta kosmetiko egokiak hautatzea.

    5. Materiala, tresneria eta instalazioak erabiltzeko baldintza aproposetan mantentzea.

    6. Larruazalaren higienea egitea, hura ondorengo tratamenduetarako prestatuta.

    7. Larruazala hidratatzea, haren itxurari eutsi eta hobetzeko.

    8. Makillaje soziala egitea, hura pertsonalizatuta eta bezeroen beharretara egokituta.

    9. Ilea depilatu eta koloregabetzea, prozedura mekaniko eta produktu kimiko egokiak erabilita.

    10. Edertzeko manikura eta pedikura-teknikak, eta eskuak, oinak eta azazkalak zaintzekoak aplikatzea.

    11. Azazkal artifizialak prestatzea, bezeroen eskarien arabera teknika eta diseinua banan-banan aplikatuta.

    12. Lurrinen, usain gozoen eta produktu naturalen inguruan aholkatzea, bezeroen ezaugarri pertsonalak, sozialak eta profesionalak kontuan izanda.

    1. Estetika-kabinako tratamenduaren ondoren egin beharreko zainketen eta bizi-ohitura osasungarrien berri ematea bezeroei.

    2. Irudi pertsonaleko enpresa baten esparruan produktuak eta zerbitzuak sustatu eta merkaturatzea.

    3. Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoek eta antolamendukoek sorrarazitako lan-egoera berrietara egokitzea, ezagupenak eguneratuta, eta «bizialdi osoko ikaskuntzarako» dauden baliabideak, eta komunikazio eta informazio-teknologiak erabilita.

    4. Bere eskumeneko esparruan erantzukizunez eta autonomiaz jardutea, esleitutako lana antolatuta eta garatuta, eta lan-ingurunean beste profesional batzuekin elkarlanean edo talde-lanean arituta.

    5. Bere jarduerarekin lotutako gorabeherak arduraz ebaztea, horien sorburuak identifikatuta, bere eskumen eta autonomia-esparruaren barruan.

    6. Eraginkortasunez komunikatzea, bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsona guztien autonomia eta eskumena errespetatuz.

    7. Produkzio-prozesuan zehar, laneko arriskuetarako eta ingurumen-babeserako prozedurak eta prebentzio-neurriak aplikatzea.

    8. Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitateko, irisgarritasun unibertsaleko eta «guztientzako diseinuko» prozedurak aplikatzea.

    9. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea.

    10. Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. IMP120_2. Higiene, depilazio eta makillajeko zerbitzu estetikoak (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0354_2: Higiene, depilazio eta makillajeko zerbitzu estetikoaren bezeroari segurtasun, osasun eta higieneko baldintzetan arreta egitea.

      UC0355_2: Aurpegi eta gorputzeko higiene eta hidratazio-teknika estetikoak aplikatzea.

      UC0345_1: Ilea prozedura mekanikoen bidez kentzea eta koloregabetzea.

      UC0065_2: Aurpegiaren harmonia makillaje sozialeko estiloekin hobetzea.

      UC0352_2: Irudi pertsonalerako produktuen eta zerbitzuen inguruan aholkatzea eta horiek saltzea.

    2. IMP121_2. Esku eta oinetako zaintza estetikoak (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0356_2: Esku eta oinetako zerbitzu estetikoaren bezeroari segurtasun, higiene eta osasuneko baldintzetan arreta egitea.

      UC0357_2: Azazkalak zaindu eta edertzeko teknikak aplikatzea.

      UC0358_2: Azazkal artifizialak landu eta aplikatzea.

      UC0359_2: Esku eta oinetako tratamendu estetikoak egitea.

  1. Lanbide-irudi honek irudi pertsonalarekin zuzenean lotutako enpresa ertain eta txikietan egiten du lan; zehazki, estetikako eta ile-apainketako zerbitzuen sektoreko establezimenduetan, eta, orokorrean, irudi pertsonaleko eta kosmetikako produktuen salmentarekin lotutako establezimenduetan. Zeregin hauek betetzen ditu: makillaje soziala, depilazio mekanikoa, eta higieneko, eta aurpegi eta gorputz-hidratazioko eta esku eta oinen estetikako oinarrizko tratamenduak egitea; eta produktu eta zerbitzu estetikoak merkaturatzea, enpresako bezeroei arreta-zerbitzua eskainiz. Norberaren konturako langilea izan liteke, berorren enpresa antolatuta.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Edergintza-zentroetako eta estetika-kabineteetako teknikari estetizista.

    Makillatzailea.

    Azazkal artifizialetako teknikaria.

    Depilazioko teknikaria.

    Manikurako eta pedikurako teknikaria.

    Estetika-enpresetako harreragilea.

    Estetikako tresneriaren, kosmetikoen eta tekniken erakuslea.

    Sektoreko enpresetako merkataritza-agentea.

    Lurrin-dendetako eta drogerietako aholkularia edo saltzailea.

Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Produktuak, materialak eta tresnak identifikatzea eta sailkatzea, horien propietateak eta maneiatzeko eta kontserbatzeko baldintza egokiak ezaugarrituta, haiek hartzeko, biltegiratzeko eta banatzeko.

    2. Protokoloetan diseinatutako arauak interpretatzea eta deskribatutako prozedurak harrerako unetik agurtu arte aplikatzea, erabiltzaileari arreta egiteko.

    3. Larruazal-organoa aztertzea, haren ezaugarriak ebaluatzea, larruazal-fototipoak bereiztea eta larruazalaren asaldurak identifikatzea, informazio estetikoa lortzeko.

    4. Lanabesak, tresneria eta kosmetikoak identifikatzea, eta horien ezaugarriak ebaluatzea, aplikatu beharreko tratamendu edo teknikarako egokienak hautatzeko.

    5. Materialak, tresneria eta instalazioak higienizatzea, horiek garbituz, desinfektatuz eta esterilizatuz; baldintza aproposetan manten daitezen.

    6. Teknika egokiak aplikatzea, ezarritako protokoloei, eta kalitate, segurtasun eta higiene-arauei jarraituz; larruazala garbitzeko.

    7. Teknika egokiak aplikatzea, ezarritako protokoloei, eta kalitate, segurtasun eta higiene-aruei jarraituz, eta horiek larruazalaren behar fisiologikoekin lotzea; larruazala hidratatzeko.

    8. Apainketako kosmetikoak eta makillaje-estiloak aplikatzeko bisajismo-teknikak diseinatu eta gauzatzea, eta horiek erabiltzailearen ezaugarri pertsonal, sozial eta profesionalekin lotzea; makillaje sozial pertsonalizatua egiteko.

    9. Ilerako prozedura mekanikoak eta kimikoak hautatzea, eta teknika egokia aukeratu eta erabiltzea; ilea depilatu eta koloregabetzeko.

    10. Manikurako eta pedikurako eragiketa teknikoak egitea, gauzatze-protokoloak egokituta; eskuak, oinak eta azazkalak edertu eta zaintzeko.

    11. Azazkal-protesiak lantzeko materialak eta produktuak hautatzea eta aplikatzea, segurtasun eta higiene-baldintzetan argibide teknikoei jarraituz; azazkal artifizialak lantzeko.

    12. Fitokosmetikoen, geokosmetikoen, itsas produktuen eta aroma-molekulen ezaugarriak eta propietateak antzematea, eta dagozkien erabilerekin eta aplikazioekin lotzea; lurrinen, usain gozoen eta produktu naturalen inguruan aholkatzeko.

    1. Tratamendu estetikoen motak eta bizitza-ohitura osasungarriak aztertzea, eta horiek gizakiaren anatomofisiologiarekin lotzea; erabiltzailearentzako tratamenduaren pertsonalizazioa eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

    2. Denda-marketineko publizitate-teknikak eta salmenta-eragiketak identifikatzea, eta merkatuaren ezaugarriak eta eskariak balioestea; produktu eta zerbitzu estetikoak sustatu eta merkaturatzeko.

    3. Kosmetiko egokiak hautatzea, larruazalaren beharrak eta mota, eta haien konposizioa eta aurkezteko era kontuan izanda; haiek aplika daitezen gomendatzeko eta aplikatzeko.

    4. «Bizialdi osoko ikaskuntzarako» dauden baliabideak, eta komunikazio eta informazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; ikasteko eta ezagupenak eguneratzeko, hobekuntza profesional eta pertsonalerako aukerak antzemanda, eta hainbat egoera profesionaletara eta lanekoetara egokitzeko.

    5. Talde-lanak garatzea eta haien antolamendua balioestea, tolerantziaz eta errespetuz parte hartzea, eta taldeko edo banakako erabakiak hartzea; erantzukizunez eta autonomia jokatzeko.

    6. Lan-prozesuak garatzean sortzen diren arazo eta gorabeheren aurrean sormenezko irtenbideak hartu eta balioestea, dagokion jardueran izaten diren gertakariak erantzukizunez ebazteko.

    7. Komunikazio-teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

    8. Lanbide-jarduerarekin lotutako ingurumen eta lan-arriskuak aztertzea, eta horien sorburuekin lotzea, hartu beharreko prebentzio-neurriak oinarritzeko eta dagozkion protokoloak aplikatzeko, nork bere buruari, inguruneari eta ingurumenari kalterik ez egiteko.

    9. Irisgarritasun unibertsalari eta guztientzako diseinuari erantzuteko beharrezko teknikak aztertu eta aplikatzea.

    10. Ikasteko prozesuko lanaren eta erreferentziazko produkzio-sektorearen kalitate-prozedurak hobetzeko beharrezko teknikak aplikatu eta aztertzea.

    11. Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta lanbide-ekimenekoarekin lotutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

    12. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Aurpegiko eta gorputzeko higiene-teknikak

    2. Makillajea

    3. Depilazio mekanikoa eta ilea koloregabetzea

    4. Eskuetako eta oinetako estetika

    5. Azazkal artifizialetarako teknikak

    6. Analisi estetikoa

    7. Estetika-kabinako jarduerak

    8. Gorputz-irudia eta ohitura osasungarriak

    9. Estetikarako eta edergintzarako kosmetogolia

    10. Lurringintza eta kosmetika naturala

    11. Irudi pertsonaleko marketina eta salmenta

    12. Ingeles teknikoa

    1. Laneko prestakuntza eta orientabidea

    2. Enpresa eta ekimen sortzailea

    3. Lantokiko prestakuntza

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Estetikako eta edergintzako teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:

  1. Erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera, proba bidez edo berariazko ikastaro bat gaindituta, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-ziklo guztietan sartzeko; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.

  3. Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua edo «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5. artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  6. Estetikako eta edergintzako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

Lehena. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluek otsailaren 28ko 256/2011 Errege Dekretuan ezarritako Estetikako eta edergintzako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Estetikako teknikari laguntzailea, «Ile-apainketa eta estetika» adarra.

    Aurpegi-estetikako teknikari laguntzailea, «Ile-apainketa eta estetika» adarra.

  2. Apirilaren 21eko 630/1995 Errege Dekretuak ezarritako Dekorazio-estetika pertsonaleko teknikariaren tituluak otsailaren 28ko 256/2011 Errege Dekretuak ezarritako Estetikako eta edergintzako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Dekretu honetan «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  4. Dekretu honetako lanbide-moduluetan, oro har, ezarritako prestakuntzak beharrezko trebakuntza ematen du «erradiazio ultramore bidezko beltzarantze artifizialeko» jarduerarako, erradiazio ultramoreen bidez beltzarantzeko jarduera arautzen duen urriaren 28ko 265/2003 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

    Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko otsailaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.