Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

26/2012 DEKRETUA, otsailaren 28koa, Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 60
  • Hurrenkera-zk.: 1418
  • Xedapen-zk.: 26
  • Xedapen-data: 2012/02/28
  • Argitaratze-data: 2012/03/23

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

  1. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

    Otsailaren 28ko 259/2011 Errege Dekretuak Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu.

    Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluko 2. atalak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

    Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

    Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

    Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen otsailaren 28ko 259/2011 Errege Dekretuaren babesean.

    Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

    Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

    Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

    Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

    Hori dela eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko otsailaren 28an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Paisajismoa eta landa-ingurunea.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Nekazaritza.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da lorategien eta berdeguneen proiektuak garatzea eta landare-produkzioa eta nekazaritza-produkzioa kudeatzea, eta, eginkizun horretan, lanak gainbegiratzea, erabilgarri dauden baliabide materialak eta giza baliabideak programatzea eta antolatzea, errentagarritasun ekonomikoko irizpideak aplikatzea eta ingurumenari, produkzio ekologikoari, mintegiko produkzioari, kalitate-kontrolari, elikagaien segurtasunari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzea.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Lorategi-eremuak diseinatzea, teknologia berriak erabilita eta ingurunearen ezaugarriak identifikatuta.

    2. Egin behar diren lanak planifikatzea eta antolatzea, eta, horretarako, lorezaintzako eta paisaia lehengoratzeko proiektu baten atalak interpretatzea eta aztertzea.

    3. Eragiketa topografikoak egitea, eta, horretarako, neurtzeko tresnak eta aparatuak maneiatzea.

    4. Landare-materialaren harrera kontrolatzea, eta, horretarako, jatorri-dokumentazioa eta osasun-egoera egiaztatzea.

    5. Berdeguneak eta kirol-zelaiak instalatzeko eta mantentzeko jarduerak, paisaia lehengoratzekoak eta landareak eta nekazaritza-produktuak ekoiztekoak planifikatzea eta gainbegiratzea, eta horretarako behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak antolatzea.

    6. Altuerako lanak gainbegiratzea eta egitea, eta, horretarako, erremintak eta makinak segurtasun-baldintzetan erabiltzea.

    7. Zuhaitz eta palmondo apaingarriak inbentariatzea eta ebaluatzea, eta kudeaketa-dokumentazioa egitea.

    8. Mintegiko hazi eta landareen produkzioa programatzea, eta, horretarako, produktuen bideragarritasuna eta kalitatea bermatzen duten faktoreak aztertzea.

    9. Merkatuaren eskakizunei eta enpresaren produkzio-ahalmenari erantzutea, eta, horretarako, nekazaritza-produktuen produkzioa planifikatzea.

    10. Nekazaritzako eta lorezaintzako makineriaren, tresneriaren eta instalazioen mantentze-lanak programatzea eta funtzionamendua eta erabilera kontrolatzea, eta, horretarako, lantegiko lanak antolatzea.

    11. Landareen eta instalazioen osasun-egoera kontrolatzea, eta kontrol-metodoak programatzea eta gainbegiratzea.

    12. Lehengaien eta inputen hornikuntza kudeatzea, kostuak minimizatuta eta haien erabilgarritasuna ziurtatuta.

    1. Produkzio-eragiketak kontrolatzea, eta egin behar diren eragiketetara egokitzen diren eta errendimendua optimizatzen duten teknikak, metodoak, bitartekoak eta tresneria erabiltzen direla egiaztatzea.

    2. Nekazaritza-produktu ekologikoak ziurtatzea, eta araudiak adierazten dituen kontrolak egitea.

    3. Produkzio-faseak gainbegiratzea, kontrolak egitea eta datuak erregistratzea, gero aztertzeko, ebaluatzeko eta, hala badagokio, prozesua aldatzeko.

    4. Nekazaritza-produktuen eta mintegizaintzakoen uzta biltzeko, biltegiratzeko eta kontserbatzeko lanak antolatzea, beharrezkoak diren parametroak kontrolatuta, elikagaien kalitateko eta segurtasuneko baldintzetan.

    5. Nekazaritza-produktuak eta mintegizaintzakoak igortzeko eta garraiatzeko lanak gainbegiratzea, eta haien baldintzak eta eraman behar duten dokumentazioa egiaztatzea.

    6. Lan-egoera berrietara egokitzea, dagokion lanbide-inguruneari buruzko ezagupen zientifikoei, teknikoei eta teknologikoei eutsiz, bere prestakuntza eta bizialdi osoko ikaskuntzan dauden baliabideak kudeatuta, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

    7. Dagokion konpetentziaren esparruan, egoerak, arazoak edo gorabeherak ekimenez eta autonomiaz ebaztea, sormenez, berritasunez, eta norberaren eta gainerako taldekideen lanean hobetzeko espirituaz.

    8. Lan-taldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, eta haien garapena ikuskatzea, harreman arinak izanez, lidergoa bere gain hartuz eta sortzen diren talde-gatazketarako konponbideak ekarriz.

    9. Maila berekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere erantzukizunpean dituen pertsonekin komunikatzea, komunikabide eraginkorrak erabilita, informazio edo ezagupen egokiak helaraziz, eta bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.

    10. Beraren eta taldearen lana garatzean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumenerako arriskuen prebentzio-prozedurak aplikatuta, araudian ezarritakoaren eta enpresaren helburuen arabera.

    11. Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitatea, irisgarritasun unibertsala eta «guztientzako diseinua» kudeatzeko prozedurak ikuskatu eta aplikatzea.

    12. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea, gizarte-erantzukizuneko zentzuaz.

    13. Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. Lorezaintza eta paisaia lehengoratzea. AGA0003_3. (295/2004 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, 108/2008 Errege Dekretuak, otsailaren 1ekoak, eguneratua). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC0007_3: Parkeak eta lorategiak instalatzeko eta paisaia lehengoratzeko lanak kudeatzea eta gauzatzea.

      UC0008_3: Parkeak eta lorategiak kontserbatzeko lanak kudeatzea eta egitea.

      UC0009_3: Lorezaintzako makineria, tresneria eta instalazioak kudeatzea.

    2. Nekazaritza-produkzioaren kudeaketa. AGA347_3. (108/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC1129_3: Lurra prestatzeko eta laboreak ezartzeko lanak kudeatzea.

      UC1130_3: Laborantza-eragiketak programatzea eta antolatzea.

      UC1131_3: Nekazaritza-produktuak biltzeko eta kontserbatzeko eragiketak kudeatzea.

      UC1132_3: Nekazaritzako ustiategiko makineria, tresneria eta instalazioak kudeatzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. Mintegiko hazien eta landareen produkzioa kudeatzea. AGA464_3. (715/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC1492_3: Landareak mintegian ugaltzeko eragiketak kudeatzea.

      UC1493_3: Landareak eta zotalak mintegian hazteko lanak kudeatzea.

      UC1132_3: Nekazaritzako ustiategiko makineria, tresneria eta instalazioak kudeatzea.

    2. Kirol-zelaietan soropila instalatzeko eta mantentzeko lanak kudeatzea. AGA346_3. (108/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC0727_3: Nekazaritzako, lorezaintzako eta mendiko lanetan eragiketa topografikoak egitea.

      UC1128_3: Kirol-zelaietan soropila mantentzeko eta berreskuratzeko lanak antolatzea eta gainbegiratzea.

      UC0009_3: Lorezaintzako makineria, tresneria eta instalazioak kudeatzea.

    3. Basoberritzeak eta baso-tratamenduak kudeatzea. AGA228_3. (665/2007 Errege Dekretua, maiatzaren 25ekoa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC0730_3: Basogintzako ustiategiko makineria, tresneria eta instalazioak kudeatzea.

  1. Lanbide-irudi honek parkeak eta lorategiak instalatzeko, lehengoratzeko eta mantentzeko lanetan, paisaia lehengoratzeko lanetan, nekazaritza-produkzio konbentzionalean edo ekologikoan eta mintegiko hazi eta landareen produkzioan diharduten enpresa handi, ertain eta txiki publiko zein pribatuen kudeaketa-arloan egiten du lan, besteren kontura zein bere kontura. Halaber, gaitasuna du tratamendu pestizidak indarreko araudiak arautzen duen jardueraren arabera antolatzeko, kontrolatzeko eta egiteko.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Lorezaintzako teknikaria.

    Proiektu bat idazterik eskatzen ez duten lorategi-eremuen diseinatzailea.

    Hiriko eta hiri inguruko parkeak, lorategiak eta jolas-eremuak instalatzeko lanen arduraduna.

    Lorategiak eta parkeak (hiriko eta hiri inguruko jolas-eremuak eta natura-ingurunea) mantentzeko, kontserbatzeko eta lehengoratzeko lanen arduraduna.

    Lorezaintzako eta paisaia lehengoratzeko enpresako bere konturako langilea.

    Lorezaintzako eta paisaia lehengoratzeko obren arduraduna.

    Inausketen eta zuhaitz-kirurgiako eragiketen arduraduna.

    Nekazaritzako arduraduna edo langileburua.

    Nekazaritza-produkzio konbentzionalaren zein ekologikoaren kudeatzailea, bere kontura edo besteren kontura.

    Nekazaritzako biltegiaren arduraduna.

    Lurreko tratamenduetako tresneriaren arduraduna.

    Baratze, mintegi eta lorategien nekazaritzako arduraduna edo langileburua, oro har.

    Mintegi konbentzionalen zein ekologikoen arduraduna, oro har.

    Landareak mintegian ugaltzeko lanen arduraduna.

    Landareak mintegian hazteko lanen arduraduna.

    Haziak eta fruituak altueran biltzeko lanen arduraduna.

    Haziak eta zotalak ekoizteko lanen arduraduna.

    Landareak, zotalak edo haziak igortzeko biltegiaren arduraduna.

Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Ingurunearen ezaugarriak identifikatzea eta datuak eta planoak kontsultatzea, lorategi-eremuak informatika-tresnen bidez diseinatzeko.

    2. Lorezaintzako proiektuak interpretatzea eta horien atalak aztertzea, egin behar diren lanak planifikatzeko eta antolatzeko.

    3. Neurtzeko tresnak eta aparatuak deskribatzea eta maneiatzea, eta dokumentazio teknikoa erabiltzea, eragiketa topografikoak egiteko.

    4. Landare-materialaren jatorri-dokumentazioa eta osasun-egoera identifikatzea eta egiaztatzea, eta kalitate-prozedurak aplikatzea haren harrera kontrolatzeko.

    5. Baliabide materialak eta giza baliabideak ezaugarritzea, eta paisajismoarekin eta landareen eta nekazaritza-produktuen produkzioarekin zerikusia duten jarduerak planifikatzeko eta gainbegiratzeko egokitasuna baloratzea.

    6. Altuerako lanak gainbegiratzeko eta kalitate- eta segurtasun-baldintzetan egiteko erremintak eta makinak hautatzea eta maneiatzea, eta gauzatuko den eragiketarekin erlazionatzea.

    7. Zuhaitz eta palmondo apaingarriak inbentariatzeko eta ebaluatzeko behar diren informatika-programak erabiltzea kudeaketa-dokumentazioa hautatzeko eta betetzeko.

    8. Produkzio-faktoreak aztertzea, informazio teknikoa kontsultatuta, mintegiko hazi eta landareen produkzioa programatzeko.

    9. Nekazaritza-produkzioa zehaztea, eta merkatuaren eskakizunei eta enpresaren produkzio-ahalmenari erantzuteko hautabide edo aukerak diseinatzea.

    10. Lantegiko lanen antolamendua deskribatzea, eta kalitate- eta segurtasun-protokoloekin erlazionatzea, nekazaritzako eta lorezaintzako makineriaren, tresneriaren eta instalazioen funtzionamendua, mantentze-lanak eta erabilera kontrolatzeko.

    11. Kontrol-metodoak hautatzea eta aplikatzea, detektatutako agenteak eta sintomak aztertuta, landareen eta instalazioen osasun-egoera egiaztatzeko.

    12. Dauden lehengaiak eta inputak aztertzea eta inbentario-dokumentuak egitea haien hornikuntza kudeatzeko.

    1. Produkzio-errendimendua ziurtatzeko teknikak, bitartekoak eta tresneria aztertzea, eta kalitate-irizpideekin erlazionatzea.

    2. Produkzio ekologikorako ezarritako kontrolak egitea, dagokion arautegia aztertuta, modu horretan lortutako nekazaritza-produktuak ziurtatzeko.

    3. Datu-kontrolak eta -erregistroak ezagutzea eta egitea, eta dokumentuak diseinatzea eta betetzea, produkzio-faseak gainbegiratzeko.

    4. Uzta biltzeko, biltegiratzeko eta kontserbatzeko lanak antolatzeko bitartekoak, tresneria, heldutasun-indizeak eta beste zenbait parametro deskribatzea, eta labore motekin erlazionatzea.

    5. Nekazaritza-produktuen eta mintegizaintzakoen baldintzak eta dokumentazioa aztertzea, eta haiek igortzeko eta garraiatzeko beharrezkoak diren ekintzak identifikatzea.

    6. Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolakuntzakoarekin eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin erlazionatutako ikasteko aukerak eta baliabideak aztertzea eta erabiltzea, eguneratzeko espirituari eusteko eta lan-egoera eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

    7. Sormena eta berritzeko espiritua garatzea laneko eta bizitza pertsonaleko prozesuetan eta antolamenduan sortzen diren erronkei erantzuteko.

    8. Oinarritutako erabakiak hartzea, inplikatutako aldagaiak analizatuta, hainbat esparrutako jakintzak integratuta eta erabakiak hartzean huts egiteko aukera eta arriskuak onartuta, hainbat egoera, arazo edo kontingentziari aurre egin eta konponbidea aurkitzeko.

    9. Talde-laneko testuinguruetan lider izateko, motibatzeko, gainbegiratzeko eta komunikatzeko teknikak garatzea, lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

    10. Komunikatzeko estrategiak eta teknikak aplikatzea, transmitituko diren edukietara, xedera eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta, komunikazio-prozesuetan eraginkortasuna ziurtatzeko.

    11. Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea eta prebentzio-neurri pertsonalak eta kolektiboak proposatzea eta aplikatzea, laneko prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, ingurune seguruak bermatzeko.

    12. Irisgarritasun unibertsalari eta «guztientzako diseinuari» erantzuteko beharrezko lanbide-ekintzak identifikatu eta proposatzea.

    13. Ikasteko prozesuan egindako lan eta jardueretan kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura baloratzeko eta kalitatea kudeatzeko prozedurak gainbegiratzeko eta hobetzeko gai izateko.

    14. Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta lanbide-ekimenekoarekin lotutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

    15. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanik, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Botanika agronomikoa.

    2. Mintegiaren kudeaketa eta antolamendua.

    3. Fitopatologia.

    4. Nekazaritzako topografia.

    5. Nekazaritzako eta basogintzako makineria eta instalazioak.

    6. Laboreen plangintza.

    7. Laboreen kudeaketa.

    8. Lorategiak diseinatzea eta paisaia lehengoratzea.

    9. Lorategien eta kirol-soropilen kontserbazioa.

    10. Paisajismoko eta landa-inguruneko proiektua.

    11. Ingeles teknikoa.

    12. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    1. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    2. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da. Nolanahi ere, komenigarritzat joz gero, 2 fasetan garatu ahal izango da. Lehen faseak 4 asteko iraupena izango du. Bigarren fasea bigarren kurtsoko azken 9 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean «Ingeles teknikoa» modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak aukera emango du:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horiekin lotzen diren graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua edo «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, «Lantokiko prestakuntza» lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek «Ingeles teknikoa» modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5. artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  6. Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek ondoren zerrendatzen direnek otsailaren 28ko 259/2011 Errege Dekretuan ezarritako Paisajismoko eta landa-inguruneko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Lorezaintzako teknikari espezialista, «Nekazaritza» adarra.

  2. Dekretu honetan «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  3. Dekretu honen lanbide-moduluetan ezarritako prestakuntzak bermatu egiten du maila kualifikatuko produktu fitosanitarioen manipulatzailearen txartel profesionalean eskatutako jakintza-maila, 1994ko martxoaren 8ko Aginduaren babesean ezarritakoa, toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasak ez diren edo horiek sortzen ez dituzten produktuak erabiltzeko, nekazaritza erabilerako plagizidekin tratamenduak egiteko gaikuntza egiaztatzea araupetu eta ikastaroak antolatu, homologatu eta baliozkotzeko arauak eman dituen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2006ko abuztuaren 21eko Aginduan xedatutakoaren arabera.

    Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko otsailaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIEGUEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.