Arautegia
Inprimatu276/2011 DEKRETUA, abenduaren 27koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 247
- Hurrenkera-zk.: 6337
- Xedapen-zk.: 276
- Xedapen-data: 2011/12/27
- Argitaratze-data: 2011/12/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren bitartez (uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuan eta urtarrilaren 18ko 6/2011 Dekretuan aldatua), Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura berrantolatu zen eta Administrazioko Sailen artean eskumenak banatu ziren berriro ere. Jaurlaritzaren legegintzaldi honetarako Programa osatzen duten konpromiso programatikoak ahalik eta eraginkortasun handienaz betetzeko egin da hori guztia.
Horri jarraikiz onartu zen urriaren 6ko 538/2009 Dekretua, eta horrek sailen egituraren konfiguraziorako honako antolaketa-irizpide hauei jarraitu zien: Sailburuordetza eta Zuzendaritza kopuruaren murrizketa eta zorroztasuna, egiturak lautzea, eginkizun-arloak batzea, eduki zabaleko eginkizun-arloak eraikitzea, egiturazkoak ez diren staff eginkizun-arloak identifikatzea, eta informazio-teknologiak ahalik eta gehien baliatzea. Irizpide horiek guztiak maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren azken xedapenen artetik lehenengoaren 2. idatzi-zatian ezartzen dira.
Gaur egun, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuan dago arautua (2011ko martxoaren 25eko EHAA, 59. zk.).
Abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, bigarren xedapen gehigarrian, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua sortzea xedatu zuen, eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa egituratu zen. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legea indarrean jarri zenean, martxoaren 22ko 42/2011 Dekretua aldatu behar izan zen, lege horrek izaera administratiboko erakunde autonomo gisa eraldatzen duelako Lanbide, eta horrek eragina du Enplegu eta Gizarte Gaietako antolakuntza orokorrean, atxikia duen sektore publikoko erakundeetako baten izaera juridikoari dagokionez, hots, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren izaera juridikoari dagokionez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzatik Funtzio Publiko Ikuskariaren arloko eginkizun eta zerbitzuen transferentzia bere gain hartzea ekainaren 28ko 138/2011 Dekretuan dago arautua; horren bidez, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2011ko ekainaren 22ko Akordioa onartzen da, Funtzio Publiko Ikuskariaren arloko eginkizun eta zerbitzuak Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzatik Euskal Autonomia Erkidegoari eskuordetzeari buruzkoa, betiere ekainaren 24ko 895/2011 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.
Erreferentzia horiek agerian uzten dute Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko egungo Dekretuaren aldaketa artikulatzeko premia, arestian adierazitako eskuordetzeari egokituta, eta, zehazki, Laneko Sailburuordetzan. Horren ondorioz sortu da Laneko Zuzendaritzaren barruan Lan Ikuskaritzako Zuzendariordetza, bere gain hartutako eginkizunak betetzeko.
Aldaketa horren bitartez, transferentziaren garapenetik eratorritako eginkizunak Administrazioaren egituran bertan gauzatuko dituzten organoetan txertatzen dira, eta, era berean, baliabideen eta prozeduren sistema organo berrien eskumenetara egokitzen da.
Horren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko abenduaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikiko zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Laneko Sailburuordetzari:
Goi-mailako koordinazioa eta zuzendaritza eskuratzea eta Laneko Ikuskaritzaren funtzionamendua zaintzea Autonomia Erkidegoaren eremuan.
Lan-harremanen eta laneko segurtasunaren eta osasunaren esparruan diharduten agente sozialek hartutako akordioak babestea.
Itunetan eta langileek enpresaren baitan parte-hartzean oinarritutako enpresa-kultura bultzatzea.
Lanaren antolamenduaren modernizazioa bultzatzea, formula malguen bidez, produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko enpresen baitan.
Industria eta Berrikuntza Sailari laguntzea lan-arloan, koordinaziorako eta lankidetzarako formulak garatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren gizarte eta industria-arloko sarea osatzen duten sektoreen produkzio-prozesuak bultzatzeko.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eskatuta, zehapenak jartzea laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau-hausteak egiten direnean, erdi-mailako oso larritzat hartzen direnak, eta laneko legediaren gainerako arau-hausteak eta oztopo-ekintzak egiten direnean, maila goreneko oso larritzat hartzen diren zehapenak, enpleguarekin eta langabeziarekin lotutako alorretako arau-hausteak direnean izan ezik.
Ekonomia sozialaren, solidarioaren eta kooperatibismoaren alorreko ekintzak sustatzea eta koordinatzea.
Enpresaren erantzukizun sozialaren alorreko ekintzak sustatzea eta koordinatzea.
Honako Zuzendaritza hauek daude Lan Sailburuordetzan:
Lan Zuzendaritza.
Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritza.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Lan Zuzendaritzari, Lan Agintaritza izanik:
Lan-harremanei buruzko espedienteen berri izatea, horiek izapidetzea eta lehen auzialdian erabakitzea, ordenamendu juridikoak gai horretan ematen dizkion ahalmen guztiez baliatuz.
Lurralde Ordezkaritzak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, ordezkaritza horiek Sailaren beste edozein Zuzendaritzarekiko dituzten eskumenak alde batera utzi gabe.
Lurralde-ordezkariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak erabakitzea, beren eskumeneko arloetan.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eskatuta, zehapenak jartzea laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau-hausteak egiten direnean, maila gutxieneko oso larritzat hartzen direnak, eta laneko legediaren gainerako arau-hausteak eta oztopo-ekintzak egiten direnean, maila txikieneko eta ertaineko zehapenak, enpleguarekin eta langabeziarekin lotutako alorretako arau-hausteak direnean izan ezik.
Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Jaiegunen Egutegi Ofiziala egitea eta izapidetzea.
Enplegu-erregulazioko espedienteak bere gain hartu, izapidetu eta erabakitzea, ekainaren 11ko 190/1985 Dekretuan eta ekainaren 28ko 139/2011 Dekretuan agintzen denaren arabera, baldin eta espedientean dagoen enpresak Lurralde Historiko batean baino gehiagotan baditu lantegiak.
Registro telemático de Convenios y Acuerdos Colectivos de Trabajo del País Vasco/Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea, erregistroa arautzen duen Dekretuan eta indarreko gainerako araudietan aurreikusitakoari jarraiki.
Lan-arloko Hitzarmen Kolektiboen luzapen- eta atxikitze-espedienteak ebatzi eta izapidetzea.
Greba egiteko eskubidea gauzatzen denean, komunitatearentzako funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzeko xedapenen proposamena izapidetzea.
Indarreko ordenamendu juridikoak Lan Agintaritzari esleitzen dizkion bitartekaritza, arbitraje, eta adiskidetze-egitekoak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion egitekoak alde batera utzi gabe.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko Erakunde Sindikalen eta Enpresa Erakundeen Estatutuen Gordailuari dagokion Bulego Publikoa zuzentzea.
Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa zuzentzea, azaroaren 28ko 237/2700 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren alorrean Lan-administrazioko Agintaritzari dagozkion egitekoak gauzatzea, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak alde batera utzi gabe.
Lan Istripuen eta Lanbide Gaixotasunen Tramitazio Telematikorako Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.
Kanpoko Prebentzio Zerbitzuen eta Auditorien Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.
Enpresetatik kanpoko prebentzio-zerbitzu gisa jardun nahi duten erakunde espezializatuek egindako egiaztatze-eskabideak ezagutzea, izapidetzea eta ebaztea, baita prebentzio-sistemaren gaineko prestakuntza-arloko edo kontu-ikuskaritzako jarduerak garatu nahi dituzten pertsonei eta erakunde espezializatuei buruzkoak ere; horretarako, egiaztatutako pertsonek edo erakundeek horren gaineko araudia betetzen ote duten kontrolatuko dute eta jarraipena egingo dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntzaren Sektorean Egiaztatutako Enpresen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko batean baino gehiagotan lantegiak dituzten Aldi Baterako Lan Enpresen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea, horiei administrazio-baimena ematea eta enpresa horien gainean Lan-administrazioko Agintaritzari esleitutako eskumenak betetzea.
Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduna eta funtzionamendua zuzentzea, koordinatzea eta fiskalizatzea Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion eskumen materialean.
Lege-arauak, araudiak, eta hitzarmen kolektiboen arau-edukia betetzen direla zaintzea eta bermatzea, lan-antolamenduaren eremuan eta harreman sindikalen eremuan, lan-arriskuen prebentzioan, enpleguan, eta Lan Agintaritzari espezifikoki zaintzea agintzen zaion beste edozein arau, betiere horren eskumen materiala Euskal Autonomia Erkidegoari badagokio.
Laguntza teknikoa ematea enpresei eta langileei, entitateei eta erakundeei Lan Agintaritzaren egitekoak gauzatzearen baitan.
Administrazio publikoetako bestelako organoei laguntzea, informatzea eta haiekin lan egitea lan-arloko arauen aplikazioan, edo laguntza eta diru-laguntzen zaintzan eta kontrolean, baita beren funtzio eta eskumenen alorrean eskumena duten organo judizialek eskatzen dituzten txostenak egitea ere, lege-arau batek hala ezartzen duenean.
Ikuskatze-planak eta -programak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan.
Lan Ikuskaritzaren jardunarekin lotutako estatistikak, memoriak eta txostenak egitea, autonomia-erkidegoaren eskumeneko alorretan.
Indarreko legediaren arabera, Lan Ikuskaritzaren barruan dagozkion eginkizunak gauzatzea.
Ekainaren 24ko 895/2011 Errege Dekretuan bildutako Ikuskaritzaren arloko eskuordetutako eginkizunak betetzeko, Lan Zuzendaritzaren barruan Lan Ikuskaritzako Zuzendariordetza sortu da, zuzendaritza teknikorako eta administratiborako.
Lurralde Historiko bakoitzean Lurralde Ordezkaritza bana egongo da. Lurralde Ordezkaritzako buru lurralde-ordezkaria izango da, zeina, laneko zuzendariaren mende egonik, bere lurralde-eremuko lan-administrazioko agintaria izango baita. Honako hauek dira lurralde ordezkariaren eskumenak:
Bere lurralde-eremuan lan-harremanei buruzko espedienteen berri izatea eta horiek lehenengo auzialdian erabakitzea, gai horri buruz indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ematen dizkion ahalmenez baliatuz.
Dagokion Lurralde Historikoko lan-ordutegiko tokian tokiko jaien ordutegia ezartzea.
Banakako gatazketan, nahitaezko adiskidetze-lanak gauzatzea azaroaren 23ko 2756/1979 Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.
Enplegu-erregulazioko espedienteak ezagutu, izapidetu eta ebaztea, ekainaren 11ko 190/1985 Dekretuan eta ekainaren 28ko 139/2011 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta txosten bat egitea, uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen 64. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Lurralde-eremuko Erakunde Sindikalen eta Enpresa Erakundeen Estatutuen gordailuari dagokion Bulego Publikoa kudeatzea.
Indarreko ordenamendu juridikoak Lan Agintaritzari esleitzen dizkion bitartekaritza-, arbitraje-, eta adiskidetze-egitekoak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion egitekoak alde batera utzi gabe.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lan-arloko Akordio kolektiboen eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro telematikoaren lurralde-sekzioa kudeatzea.
Sindikatu Hauteskundeen Lurralde Bulegoen eginkizunak garatzea, azaroaren 28ko 237/2700 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eskatuta, zehapenak jartzea laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau-hausteak egiten direnean, larritzat eta arintzat hartzen direnak, eta laneko legediaren gainerako arau-hausteak eta oztopo-ekintzak egiten direnean, larritzat eta arintzat hartzen diren zehapenak, enpleguarekin eta langabeziarekin lotutako alorretako arau-hausteak direnean izan ezik.
Lantokia bere lurralde-eremuan duten aldi baterako lan-arloko enpresen erregistroa kudeatzea, horiei baimen administratiboa ematea eta enpresa horien gainean Lan-administrazioko agintariak dituen eskumenak betetzea.
Hamasei urtetik beherakoek ikuskizun publikoetan parte hartzeko aparteko baimena ematea.
Laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean, Lan-administrazioko Agintaritzari dagozkion egitekoak betetzea, dagokion Lurralde Historikoan, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak alde batera utzi gabe.
Joan-etorrien jakinarazpenez arduratzea eta izapidetzea, nazioz gaindiko zerbitzuak ematen diren esparru horretan, baita hartzen ere, hala badagokio.
Prebentzio-delegatuen eta segurtasuneko eta osasuneko batzordeetako kideen izendapenen jakinarazpenak hartzea eta erregistratzea, baita irekitze-jakinarazpenak eta lanbide-istripuei eta lanbide-gaixotasunei buruzko parteak ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntzaren Sektorean egiaztatutako Enpresen Erregistroa kudeatzea, betiere lantokia beren lurralde-eremuan dutenean, eta horien gainean Lan-administrazioko Agintaritzak dituen eskumenak betetzea.
Amianto-arriskua duten eta lantokia beren lurralde-eremuan duten enpresen Erregistro bat Kudeatzea, horiei baimen administratiboa ematea, eta enpresa horien Lan-administrazioko agintariak dituen eskumenak betetzea.
Dagokion Lurraldean baliatzea lan-legedia eta laneko segurtasuna eta osasuna betearaztearen alorreko arauek esleitzen dizkioten eskumenak.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari dagozkion gainerako gaietan, eta dagozkien zuzendarien mendetasun funtzionalaren pean, Zuzendaritza horietako programei buruzko espedienteetako informazioa, eskabideen harrera eta izapidetzea egiteko zeregina du, dagozkien arauei jarraituz.
Eta, oro har, indarreko antolamendu juridikoak esleituko dizkien eginkizun guztiak, eta haien esku propio utziko direnak.
Lehenengoa. Araudi bidezko garapena.
Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari.
Bigarrena. Indarrean jartzea.
Dekretu hau 2012ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean
Vitoria-Gasteizen, 2011ko abenduaren 27an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.