Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

244/2011 DEKRETUA, azaroaren 29koa, Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 239
  • Hurrenkera-zk.: 6080
  • Xedapen-zk.: 244
  • Xedapen-data: 2011/11/29
  • Argitaratze-data: 2011/12/20

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. 7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

Maiatzaren 20ko 690/2010 Errege Dekretuak Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du abenduaren 17ko 2208/1993 Errege Dekretuak eta ekainaren 25eko 1411/1994 Errege Dekretuak ezarritako Eraikuntza-proiektuak garatzeko eta aplikatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluak 2. atalean xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen maiatzaren 20ko 690/2010 Errege Dekretuaren babesean.

Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko azaroaren 29an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Eraikuntza-proiektuak.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Eraikuntza eta obra zibilak.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra honetan datza: eraikuntza-proiektuen dokumentazio teknikoa prestatzea, obra-zuinketak egitea eta dokumentuen kontrola kudeatzea, indarrean dagoen araudia, eta kalitatearen, segurtasunaren eta ingurumenaren arloan ezarritako baldintzak errespetatuz.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Eraikuntza-proiektuak garatzen esku hartzea, beharrezko informazioa lortuz eta aztertuz, eta soluzioak proposatuz.

    2. Eraikuntza-proiektuei buruzko idatzizko dokumentazioa idazten esku hartzea, memoriak, baldintzen agiriak, neurketak, aurrekontuak eta eskatutako gainerako azterlanak eginez, eta informatika-aplikazioak erabilita.

    3. Eraikuntza-proiektuen dokumentazio grafikoa prestatzea, haiek zehazteko beharrezko planoak irudikatuz, eta ordenagailuz lagundutako diseinuko informatika-aplikazioak erabilita.

    4. Arduradun fakultatiboaren jarraibideak betez, eraikinetako iturgintzako, saneamenduko, girotzeko, aireztapeneko, elektrizitateko eta telekomunikazioetako instalazioak, eta instalazio bereziak aurredimentsionatzea eta, hala badagokio, dimentsionatzea, ezarritako kalkulu-prozedurak aplikatuta eta emaitzak interpretatuta.

    5. Eraikuntza-egituren osagaiak aurredimentsionatzea eta, hala badagokio, horiek zehazten laguntzea, arduradun fakultatiboaren jarraibideak betez informatika-aplikazioak erabilita.

    6. 2D-ko eta 3D-ko ereduak, planoak eta aurkezpenak egitea, eraikuntza-proiektuak errazago bistaratu eta ulertzeko.

    7. Eraikuntzako proiektuen eta obren dokumentazio kudeatzea, eta ezarritako irizpideen arabera kopiatu eta antolatzea.

    8. Eskaintzak eskatu eta alderatzea, hornitzaileei, kontratistei edo azpikontratistei zuzendutako informazioa lortuta, eta jasotako eskaintzak ebaluatu eta homogeneizatuta.

    9. Proiektuak eta obrak balioestea, eta kapituluei, kontu-sailei eta jasotako eskaintzei buruzko informazioaren arabera aurrekontuak egitea.

    10. Planak/programak egitea, etekinei buruzko oinarrizko kalkuluak eginda; eraikuntza-obren proiektua idazteko fasea, kontratazio-prozesua eta gauzatze-fasea kontrolatu ahal izateko.

    11. Plana/programa eta kostuak lanen benetako aurrerabidera egokitzea, aldizka egindako jarraipenetik edota aldaketen edo ezustekoen ondorioz sortutako beharretatik abiatuta.

    12. Obra-ziurtagiriak prestatzea, balioetsitako erlazioak onartutako neurketetara egokituta; haiek igorri eta fakturatzeko.

    1. Proiektuan edo eginda dauden eraikinen kalifikazio energetikoan esku hartzea, ziurtapen-prozesuan lagunduz, eta helburu horrekin homologatutako tresna eta programa informatikoak erabiliz.

    2. Segurtasun- eta osasun-planak, eta eraikuntzen eta eraisketen kudeaketa-planak egitea, proiektuaren dokumentazioa erabilita eta araudia betetzea ziurtatuta.

    3. Nahitaezko baimenak lortzea, eraikuntza-obren proiektuarekin eta gauzatzearekin lotuta eskatutako administrazio-izapideak eginda.

    4. Puntuak, lerrokadurak eta kota altimetrikoak zuinkatzea, neurketako tresna eta lanabes topografikoak behar bezala kokatuta eta maneiatuta.

    5. Lan-egoera berrietara egokitzea, dagokion lanbide-inguruneari buruzko ezagupen zientifikoei, teknikoei eta teknologikoei eutsiz, bere prestakuntza eta bizialdi osoko ikaskuntzan dauden baliabideak kudeatuta, eta informazio eta komunikazio-teknologiak erabilita.

    6. Dagokion konpetentziaren esparruan, egoerak, arazoak edo gorabeherak ekimenez eta autonomiaz ebaztea, sormenez, berritasunez, eta norberaren eta gainerako taldekideen lanean hobetzeko espirituaz.

    7. Lan-taldeak antolatu eta koordinatzea, eta haien garapena ikuskatzea, erantzukizunez, harreman arinak izanez, lidergoa bere gain hartuz eta sortzen diren talde-gatazketarako konponbideak ekarriz.

    8. Maila berekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere erantzukizunpean dituen pertsonekin komunikatzea, komunikabide eraginkorrak erabilita, informazio edo ezagupen egokiak helaraziz, eta bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.

    9. Beraren eta taldearen lana garatzean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumenerako arriskuen prebentzio-prozedurak aplikatuta, araudian ezarritakoaren eta enpresaren helburuen arabera.

    10. Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitatea, irisgarritasun unibertsala eta guztientzako diseinua kudeatzeko prozedurak ikuskatu eta aplikatzea.

    11. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea, gizarte-erantzukizuneko zentzuaz.

    12. Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. EOC201_3. Eraikuntza-proiektuak irudikatzea (urriaren 27ko 1228/2006 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0638_3: eraikuntzako irudikapenak egitea.

      UC0639_3: eraikuntza-proiektuen garapenak egin eta ikuskatzea.

      UC0640_3: eraikinen instalazioak irudikatzea.

    2. EOC273_3. Eraikuntza-proiektuak eta -obrak kontrolatzea (uztailaren 2ko 872/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0874_3: eraikuntzan plangintzaren jarraipena egitea.

      UC0875_3: eraikuntza-kostuen kontrola prozesatzea.

      UC0876_3: eraikuntza-proiektuen dokumentazio-sistemak kudeatzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. EOC274_3. Jasotzeak eta zuinketak (uztailaren 2ko 872/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0879_3: proiektuen zuinketak egitea.

    2. ENA358_3. Eraikinen energia-eraginkortasuna (abenduaren 14ko 1698/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC1195_3: eraikinen ziurtapen energetikorako prozesuan laguntzea.

  1. Lanbide-irudi honek soldatako langile edo langile autonomo gisa dihardu, arkitektura eta ingeniaritza-estudioetan, delineaziokoetan, aholkularitza-enpresetan, higiezinen enpresa sustatzaileetan, eraikuntza-enpresetan eta administrazio publikoetan. Bere jarduera araututa dago.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Eraikuntzako delineatzaile proiektugilea.

    Eraikuntzako delineatzailea.

    Instalazioetako delineatzailea.

    Eraikuntzako maketagilea.

    Bulego teknikoko buruaren laguntzailea.

    Planifikatzailearen laguntzailea.

    Kostu-kontroleko teknikariaren laguntzailea.

    Dokumentu-kontroleko teknikaria.

    Zuinketetako espezialista.

    Eraikinetarako ziurtapen energetikorako prozesuetako laguntzailea.

    Eraikinen energia-eraginkortasuneko teknikaria.

    Fluidoak banatzeko sareen eta sistemen delineatzaile proiektugilea.

Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Informazio teknikoa lortu eta aztertzea, eta irtenbideak proposatzea (datuak hartzea, informazio garrantzitsua interpretatzea eta krokisak egitea), eraikuntza-proiektuak garatzen laguntzeko.

    2. Memoriak, baldintzen agiriak, neurketak, aurrekontuak eta eskatutako gainerako azterlanak egitea, informatika-aplikazioak erabilita; eraikuntza-proiektuak idazten parte hartzeko.

    3. Beharrezko planoak diseinatu eta irudikatzea, ordenagailuz lagundutako diseinuko informatika-aplikazioak erabilita; eraikuntza-proiektuen dokumentazio grafikoa prestatzeko.

    4. Eraikinetako iturgintza, saneamendu, girotze, aireztapen eta elektrizitateko instalazioen, eta instalazio berezien osagaiak interpretatu eta konfiguratzea, ezarritako kalkulu-prozedurak aplikatuta eta instalazio horiek aurretiaz dimentsionatzeko araudia betez.

    5. Eraikuntza-proiektuen elementuak eta egitura-sistemak aztertu, aurredimentsionatu eta irudikatzea, ezarritako kalkulu-prozedurak eta araudia aplikatuta; egitura kalkulatu eta zehazten laguntzeko.

    6. 2D-ko eta 3D-ko ereduak, planoak eta konposizioak diseinatu eta egitea, informatika-aplikazioak eta maketagintzako oinarrizko teknikak aplikatuta; eraikuntza-proiektuak bistaratu eta sustatzeko aurkezpenak egiteko.

    7. Eraikuntzako proiektuen eta obren dokumentazio grafikoa eta idatzizkoa kopiatu eta antolatzea, kalitate-irizpideak aplikatuta; proiektuen eta obren dokumentazioa kudeatzeko.

    8. Hornitzaileei, kontratistei edo azpikontratistei zuzendutako eta haiengandik jasotako dokumentazioa identifikatu, ebaluatu eta homogeneizatzea, eskaintzak eskatu eta alderatzeko.

    9. Aurrekontuak kalkulatu eta alderatzea, kapituluen, kontu-sailen eta jasotako eskaintzen inguruko informazioaren arabera neurketak eta kostuak lortzearren; proiektuak eta obrak balioesteko.

    10. Eraikuntzako proiektu edo obra baten faseak planifikatu eta kontrolatzea, errendimenduari buruzko oinarrizko kalkuluak eginda; proiektua idazteko faseetan, eta obra kontratatu eta gauzatzekoetan planak eta programak egiteko.

    11. Plana/programa eta kostuak egiaztatzea, aldizka egindako jarraipenetik eta sortutako beharretatik abiatuta; plana/programa eta kostuak lanen benetako aurrerabidera egokitzeko.

    12. Gauzatutako obra-unitateak neurtzea, balioetsitako erlazioak doituta; obra-ziurtapenak egiteko.

    1. Proiektatutako eta/edo gauzatutako eraikinaren ezaugarriak egiaztatzea, ezarritako kalkulu-prozedurak eta araudia aplikatuta; energia-kalifikazioan laguntzeko.

    2. Segurtasunari eta osasunari buruzko informazioa aztertu eta garatzea, ezarritako prozedurak eta araudia aplikatuta; segurtasun eta osasuneko planak, eta hondakinak eta eraispenak kudeatzekoak egiteko.

    3. Administrazio-izapideak egitea, eskatutako informazioa aztertu eta prestatu ondoren; bidezko baimenak lortzeko.

    4. Lurreko eta obrako elementu esanguratsuen kokapena ezartzea, eta neurgailu topografikoak kokatu eta maneiatzea; puntuen, lerrokaduren eta kota altimetrikoen zuinketak egiteko.

    5. Sektorearen bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotutako ikaskuntza-aukerak eta baliabideak, eta informazio- eta komunikazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; eguneratzeko espirituari eusteko, eta lanaren eta norberaren egoera berrietara egokitzeko.

    6. Sormena eta berrikuntza-espiritua garatzea, lanaren antolamenduan eta prozesuetan, eta norberaren bizitzan sortzen diren aupadei erantzuteko.

    7. Erabakiak oinarrituta hartzea, inplikatutako aldagaik aztertuta, hainbat esparrutako jakintzak bilduta, eta horietan erratzeko arriskuak eta aukera onartuta; mota orotako egoerei, arazoei eta gorabeherei aurrea hartu eta horiek ebazteko.

    8. Talde-laneko testuinguruetan lidergo, motibazio, ikuskapen eta komunikazioko teknikak garatzea, lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

    9. Komunikazio-estrategiak eta -teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; komunikazio-prozesuetan eraginkortasuna ziurtatzeko.

    10. Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, eta prebentzio-neurri pertsonalak eta kolektiboak proposatu eta aplikatzea, lan-prozesuetan aplikatu beharreko araudiaren arabera; ingurune seguruak ziurtatzeko.

    11. Irisgarritasun unibertsalari eta guztientzako diseinuari erantzuteko beharrezko lanbide-ekintzak identifikatu eta proposatzea.

    12. Ikasteko prozesuan egindako lanetan eta jardueretan kalitate-parametroak identifikatu eta aplikatzea, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura balioesteko, eta kalitate-kudeaketako prozedurak hobetzeko gai izateko.

    13. Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta lanbide-ekimenekoarekin lotutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

    14. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Eraikuntza-egiturak.

    2. Eraikuntza-irudikapenak.

    3. Eraikuntzako neurketak eta balioespenak.

    4. Eraikuntza-zuinketak.

    5. Eraikuntzako plangintza.

    6. Eraikinen diseinua eta eraikuntza.

    7. Eraikuntza-instalazioak.

    8. Energia-eraginkortasuna eraikuntzan.

    9. Bizitegi-eraikuntzako proiektuen garapena.

    10. Bizitegiz bestelako eraikuntza-proiektuen garapena.

    11. Eraikuntzako proiektua.

    12. Ingeles teknikoa.

    1. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    2. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    3. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako, eta Arteetako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horrekin lotzen den graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua edo «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  6. Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek ondoren zerrendatzen direnek maiatzaren 20ko 690/2010 Errege Dekretuan ezarritako Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Eraikinetako eta obretako teknikari espezialista, «Delineazioa» adarra.

    Eraikinetako eta hirigintzako delineazioko teknikari espezialista, «Delineazioa» adarra.

    Barne-diseinuko teknika espezialista, «Delineazioa» adarra.

  2. Abenduaren 17ko 2208/1993 Errege Dekretuak eta ekainaren 25eko 1411/1994 Errege Dekretuak ezarritako Eraikuntza-proiektuak garatzeko eta aplikatzeko teknikariaren tituluak maiatzaren 20ko 690/2010 Errege Dekretuak ezarritako Eraikuntza-proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Dekretu honetan, «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-moduluan ezarritako prestakuntzak gaitu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jarduerek eskatzen dituzten lanbide-erantzukizun berberak gauzatzeko (horiek prebentzio-zerbitzuei buruzko araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezartzen dira); baldin eta, gutxienez 45 irakastordu baditu. Gainera, konpetentzia-atalei lotutako moduluetan, modu bateratuan, eraikuntzaren sektoreko laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailari dagozkion 60 orduak osatzeko prebentzioaren arloko prestakuntza jasotzen da.

  4. Dekretu honetan ezarritako prestakuntzak, konpetentzia-atalei lotutako modulu guztien artean eta modu bateratuan, bete egiten du laneko arriskuen prebentzioaren arloko berariazko prestakuntza, bai eta arlo horretan eskatzen diren baldintzak ere, eraikuntzako lanbide-txartela lortzeko, eraikuntzaren sektoreko hitzarmen kolektibo orokorrean ezarritako zehaztapenen arabera.

    Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 29an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)