Arautegia
Inprimatu127/2011 DEKRETUA, ekainaren 21ekoa, Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 147
- Hurrenkera-zk.: 3842
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/06/21
- Argitaratze-data: 2011/08/03
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak dioenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30.a) eta 7.a) artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak dioenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, Errege Dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.
Apirilaren 16ko 453/2010 Errege Dekretuak Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatu egiten du uztailaren 22ko 1649/1994 Errege Dekretuak ezarritako Ibilgailuen elektromekanikako teknikariaren tituluaren erregulazioa.
Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30.a) artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.
Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Jantzigintzako eta modako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen apirilaren 16ko 453/2010 Errege Dekretuaren babesean.
Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko ekainaren 21ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honek Ibilgailu automobilen elektromekanikako tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
Ikastetxearen ikasketa-proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:
Izena: Ibilgailu automobilen elektromekanika
Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa
Iraupena: 2.000 ordu
Lanbide-arloa: Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak
Kodea: INSN-3 (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua)
Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.
Titulu honen konpetentzia orokorra honetan datza: automozioaren sektoreko mekanikaren, hidraulikaren, pneumatikaren eta elektrizitatearen arloetan, mantentzeko, osagarriak muntatzeko eta transformazioetako eragiketak egitea, ezarritako prozeduretara eta denboretara egokituta, eta kalitateari, segurtasunari eta ingurumen-babesari buruzko zehaztapenak beteta.
Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.
Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
Konponketa-prozesuak hautatzea, eskuliburuetan eta katalogoetan jasotako informazio teknikoa interpretatu ondoren.
Ibilgailuen sistema mekanikoetan, hidraulikoetan, pneumatikoetan eta elektriko-elektronikoetan matxurak aurkitzea, bidezko tresnak eta diagnostiko-tresneria erabilita.
Motor termikoa eta horren sistema osagarriak konpontzea, fabrikatzaileek ezarritako konponketa-teknikak erabilita.
Ibilgailuaren sistema elektriko-elektronikoetako multzoak, azpimultzoak eta elementuak konpontzea, fabrikatzaileek ezarritako konponketa-teknikak erabilita.
Esekidura- eta direkzio-sistemen elementuak ordezkatu eta doitzea.
Indarra transmititzeko eta balaztatzeko sistemak konpontzea, fabrikatzaileek ezarritako konponketa-teknikak aplikatuta.
Bere esku-hartzeen emaitzak egiaztatzea eta ezarritako kalitate-estandarrekin alderatzea.
Laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumena babesteko prozedurak aplikatzea, araudiak ezarritakoaren arabera.
Enpresaren helburuak betetzea, lan-taldearekin elkarlanean aritzea, eta erantzukizunaren eta tolerantziaren printzipioen arabera jardutea.
Ezarritako arauei eta prozedurei jarraituz, arazoak ebaztea eta norbanako erabakiak hartzea, bere eskumeneko esparruaren barruan definituak.
Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoek eta antolamendukoek sorrarazitako lan-egoera berrietara eta lanpostuetara egokitzea.
Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
Enpresa txiki bat sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.
Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.
Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.
Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:
Osatutako lanbide-kualifikazioak:
TMV197_2. Ibilgailuen sistema elektrikoak eta elektronikoak mantentzea (urriaren 27ko 1228/2006 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0626_2: Ibilgailuen karga- eta abio-sistemak mantentzea.
UC0627_2: Ibilgailuen zirkuitu elektriko osagarriak mantentzea.
UC0628_2: Ibilgailuen segurtasun- eta erosotasun-sistemak mantentzea.
TMV048_2. Motorra eta haren sistema osagarriak mantentzea (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0132_2: Motor termikoa mantentzea.
UC0133_2: Motor termikoaren sistema osagarriak mantentzea.
TMV047_2. Ibilgailu automobilen indarren transmisio-sistemak eta errodaje-trenak (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0130_2: Sistema hidraulikoak eta pneumatikoak, direkziokoak eta esekidurakoak mantentzea.
UC0131_2: Transmisio- eta balazta-sistemak mantentzea.
Lanbide-irudi honek ibilgailuak eraiki eta mantentzeko sektorean egiten du lan, automobilen, motozikleten eta ibilgailu astunen azpisektoreetan. Alokatzeko ibilgailuen floten, zerbitzu publikoen, eta bidaiari- eta salgai-garraioaren enpresak. Ibilgailuak eta osagaiak fabrikatzen dituzten enpresak. Ibilgailuen azterketa teknikoan diharduten enpresak. Ibilgailuak egiaztatu eta diagnostikatzeko tresneria, eta haren ordezko piezak fabrikatu, saldu eta merkaturatzen dituzten enpresak. Elektromekanikako mantentze-lanak (multzo elektrogenoak eta eztanda-motor bidez mugitutako uhal garraiatzaileak, besteak beste) egiten dituzten bestelako produkzio-sektoreetan kokatutako enpresak.
Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:
Ibilgailuen elektronizista.
Automozioko mantentze- eta konponketa-lanetako argiketari elektronikoa.
Automobilen mekanikaria.
Automobilen argiketaria.
Automobilen elektromekanikaria.
Automobilen eta motozikleten motorren eta horien sistema osagarrien mekanikaria.
Sistema pneumatikoen eta hidraulikoen konpontzailea.
Transmisio- eta balazta-sistemen konpontzailea.
Direkzio- eta esekidura-sistemen konpontzailea.
IATeko langilea.
Ibilgailuen osagarrien instalatzailea.
Ordezko piezak fabrikatzen dituzten enpresetako langilea.
Motozikleten elektromekanikaria.
Ordezko piezen eta diagnosi-tresneriaren saltzailea/banatzailea.
Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
Elektromekanikaren arloan mantentze- eta konponketa-eragiketei lotutako informazioa eta, oro har, hizkuntza sinboliko guztia interpretatzea, konponketa-prozesua hautatzeko.
Elektromekanikaren arloan mantentze-prozesuak egiteko beharrezko makinak, tresnak, erremintak eta segurtasun-baliabideak hautatzea.
Neurketa eta kontroleko tresneria maneiatzea, horren funtzionamendua azaltzea eta matxurak aurkitzeko behar bezala konektatzea.
Mantentze-eragiketak egiteko beharrezko krokisak eta kalkuluak egitea.
Diagnosi-tresneriak emandako informazioa aztertzea eta fabrikatzaileak emandako zehaztapenekin alderatzea, mantentze- eta konponketa-prozesua erabakitzeko.
Motor termikoak eta horien sistema osagarriak konpontzeko eragiketa-teknika eta metodo egokiak aplikatzea.
Ibilgailuen zirkuitu elektriko-elektronikoak kalkulatu eta zehazteko elektrizitatearen lege garrantzitsuenak aplikatzea, haiek konpondu eta muntatzeko.
Errodaje-trenen, balazten, direkzioaren eta esekiduraren osagaiak lotzea multzoaren barruan betetzen duten funtzioarekin, horiek mantendu eta konpontzeko.
Ibilgailuaren sistemen elementu mekanikoak, pneumatikoak, hidraulikoak eta elektriko-elektronikoak desmuntatu, muntatu eta ordezkatzean bidezko eragiketa-teknikak eta -metodoak aplikatzea, horiek mantendu eta konpontzeko.
Kontrol-unitate elektronikoen funtzionamendua eta ematen duten informazioa aztertzea (horiek kargatzea, datuak ateratzea eta berrezartzea), mantentze-lanetarako beharrezko informazioa lortzeko.
Neurketak egitea eta emaitzak erreferentziazko parametroen balioekin alderatzea, esku-hartzeen emaitzak egiaztatzeko.
Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumeneko prozedurak aztertu eta deskribatzea, eta zehaztutako kasuetan abian jarri beharreko ekintzak adieraztea, arau estandarizatuen arabera jokatzeko.
Produkzio-prozesu batean lan-jarduerak balioestea eta produkzio-helburuak lortzeko horiek prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea.
Ikasteko eta enplegatzeko aukerak identifikatu eta balioestea, eta lan-merkatuaren eskaintzak eta eskaerak aztertzea, bere lan-ibilbidea kudeatzeko.
Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
Negozio-aukerak antzematea, eta merkatuko eskaerak identifikatu eta aztertzea, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.
Kontingentziak antzeman eta baloratzea, horien sorburua zehaztea eta dagokion lanbide-jarduerari lotutako gorabeherak konpontzeko ekintza zuzentzaileak deskribatzea.
Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
Motorrak.
Motorraren sistema osagarriak.
Fluidoen zirkuituak. Esekidura eta direkzioa.
Transmisio- eta balazta-sistemak.
Karga- eta abio-sistemak.
Ibilgailuen zirkuitu elektriko osagarriak.
Segurtasun- eta erosotasun-sistemak.
Oinarrizko mekanizazioa.
Ingeles teknikoa.
Laneko prestakuntza eta orientabidea.
Enpresa eta ekimen sortzailea.
Lantokiko prestakuntza.
eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.
Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.
Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.
Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.
Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.
Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira. Edonola ere, titulazioa lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen edukiak barnean hartu beharko dituzte edo lanbide-arloarekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da egiaztagiri bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jardueretan.
Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:
Erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.
Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren tituluak aukera emango du, hemezortzi urte beteta izanez gero eta dagokion salbuespenaren kaltetan izan gabe, lanbide-arlo bereko heziketa-zikloetan proba bidez sartzeko; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.
Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 16.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Lanbide Heziketako tituluetako gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten Errege Dekretuetan ezarritakoak izango dira. Nolanahi ere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, «Lantokiko prestakuntza» lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
Lanbide Heziketako edozein titulutako «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulua baliozkotu ahal izateko, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikari-ziurtagiria izan beharko da. Prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatu behar da ziurtagiria.
Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatzen badute, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan xedatutakoaren indarrez.
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren tituluari dagozkion konpetentzia-atalen eta lanbide-moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.
Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluek apirilaren 16ko 453/2010 Errege Dekretuan ezarritako Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:
Automobilen mekanikako teknikari laguntzailea, «Automozioa» adarra.
Aireontzien mekanikoko teknikari laguntzailea, «Automozioa» adarra.
Automobilen elektrizitateko teknikari laguntzailea, «Automozioa» adarra.
Automobilen teknikari laguntzaile mekanikaria, «Automozioa» adarra.
Motozikleten teknikari laguntzaile mekanikaria, «Automozioa» adarra.
Uztailaren 22ko 1649/1994 Errege Dekretuak ezarritako Automobilen elektromekanikako teknikariaren tituluak apirilaren 16ko 453/2010 Errege Dekretuan ezarritako Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.
Errege-dekretu honetan «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 ikastordu egiten badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 21ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)