Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

65/2011 DEKRETUA, martxoaren 29koa, Alokabide SA sozietatearen partaidetzak erosi, eta sozietate publikoa sortzea erabakitzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 64
  • Hurrenkera-zk.: 1870
  • Xedapen-zk.: 65
  • Xedapen-data: 2011/03/29
  • Argitaratze-data: 2011/04/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ogasun; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek, zuzenbide publikoaren nahiz pribatuaren arabera dihardutela, merkataritza-sozietate baten kapitalean gehiengoz parte hartzen badute, orduan, sozietate hori sozietate publikoa da. Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzerakoan, aipatutako erakunde guztien partaidetzak hartuko dira kontuan.

Bestetik, arau horren 20.1 artikuluaren arabera, lehendik dagoen merkataritzako sozietate batek sozietate publikoaren izaera hartzea, berez, sozietate publiko bat sortzea da.

Alokabide SA sozietateak, kapitalaren % 50, sortu zenetik, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, Visesak baitu, eta gainerakoa, euskal aurrezki kutxek eta Euskadiko Kutxak, juridikoki, izaera pribatuko erakundea da, gaurdaino, etxebizitza-parke publikoaren zati handi baten eta bere ondarekoak direnen errentamenduak kudeatu dituena.

Gaur egun, etxebizitzaren arloko ekintza publikoaren lehentasunetako bat da, alokatzeko etxebizitzak garatzea; eta horretarako, ezinbestekoa da, tresna eraginkor eta berezitua izatea, kudeaketaren eremu publikoa ondo zehaztuta, ez baita komeni horrelako ardura bat izaera pribatuko sozietate baten esku uztea.

Horren ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko martxoaren 29an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eros ditzala Bilbao Bizkaia Kutxa (BBK), Gipuzkoa Donostia Kutxa-Caja Gipuzkoa San Sebastián (Kutxa), Caja de Ahorros de Vitoria y Álava-Araba Gasteizko Aurrezki Kutxa (Caja Vital Kutxa), Caja Laboral Popular Coop. de Crédito-Euskadiko Kutxa (CLP) eta Vivienda y Suelo de Euskadi SA (Visesa) erakundeek egun Alokabide SA sozietatean dituzten akzioak.

Akzioen salerosketa-prezioa 4.781.239,52 eurokoa izango da guztira.

Era berean, erabaki da, merkataritzako sozietate publiko anonimo bat sortzea. Sozietateak Alokabide SA izena hartuko du, eta eraketa unean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa izango du bazkide bakarra.

Sozietatearen estatutuak onartu dira, Dekretu honen eranskinean datozen bezala.

Sozietatearen estatutuek ez ezik, Alokabide SA sozietate publikoa, sozietate publikoei aplikatu beharreko xedapenek eta Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak eraenduko dute.

  1. Sozietatearen xedea izango da:

    1. Etxebizitzak sustatu eta birgaitzea, hasiera batean behintzat, alokatzeko, baina errentariei edo, halakorik ezean, hirugarrenei eskualdatzeko aukera baztertu gabe.

    2. Sustatutako etxebizitzekin lotutako edonolako obra, azterlan, proiektu eta mantentze-lanak esleitu eta kontratatzea.

    3. Etxebizitzak eraikitzeko erabiliko diren lursailen urbanizazioarekin edota etxebizitzak eta industriako edo negozioetarako lokalak birgaitzearekin lotutako edonolako obra, azterlan, proiektu eta mantentze-lanak esleitu eta kontratatzea, baldin eta ondoren a) idatzi-zatian zehaztutako eran ustiatzekoak badira.

    4. Mota orotako ondasun higiezinak erosi eta saltzea, eta horien gainean, aurreko puntuetan zehaztutako helburu eta jardueretarako beharrezko edo egoki dena eraikitzea.

    5. Hirugarrenei, sari truk, laguntza teknikoa eskaintzea eta mota orotako zerbitzuak ematea, dela teknikoa, industriala, merkataritzakoa, komisio-zerbitzua edo sozietatearen izaera eta jarduerarekin lotutako beste edozein motatakoa.

    6. Alokairu araubideko etxebizitzak kudeatzea.

    7. Alokabide SA sozietate publikoa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 24.6 artikuluan xedatutako ondorioetarako, tresna gisako bitarteko propio eta zerbitzu tekniko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarentzat, kapital sozialaren zati bat duten erakundeentzat, eta erakunde autonomiadun eta haien mendeko gainerako ente publikoentzat.

      Sozietatearen kapital osoa titulartasun publikokoa izango da, eta zein erakundetan den tresna propio eta zerbitzu tekniko, haiexekin burutuko du nagusiki bere jarduera.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta tresna propio eta zerbitzu tekniko gisa duten beste erakundeek sozietatearen xedearekin zerikusia duten lan, zerbitzu eta jarduerak agindu ahal izango dizkiote, betiere horrek administrazio-ahala erabiltzea ez badakar.

      Sailak edo erakunde gomendatzaileak, kudeatzeko gomendioaren bitartez, lanak enkargatzen badizkio sozietateari, haiek ezarritako jarraibideen arabera egin beharko ditu.

      Aipatu kudeatzeko gomendioek tresna-izaera dute eta ez kontratuzkoa; beraz, barrukoak, agindupekoak eta menpekoak dira ondorio guztietarako. Sozietateak betebeharrekoak izango dira, eta honelaxe ordainduko dira: tresna propio eta zerbitzu tekniko izango da sozietatea beste entitate batzuetan, eta entitate horien partaidetzarekin, Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko zein saili dagoen atxikia, bada, sail horren arau organikoek zehaztu organoak, nahikotasun ekonomiko eta finantzariorako irizpideaz- finkatutako tarifen arabera, alegia.

      Tresna gisako bitarteko propio eta zerbitzu tekniko den heinean, sozietateari agindutako ezinbesteko jarduerak, kasuen arabera, proiektu, memoria edo beste dokumentu tekniko batzuetan zehaztuko dira, eta dagokien aurrekontuan baloratuko dira, betiere ezarritako salneurrien arabera.

      Tresna propio eta zerbitzu tekniko izatearen ondorioz, Alokabide SA sozietate publikoak ezingo du parte hartu tresna propio deneko erakundeek deitutako lizitazio publikoetan; halere, lizitatzailerik aurkezten ez denetan lizitazioen helburu den zerbitzua sozietate publikoari esleitu ahal izango zaio.

      Sozietatearen jardueren zerrenda egiteak ez du esan nahi guztiak berehala garatu behar direnik, ez eta guztiak batera, baizik eta sozietateak jarduera horiek burutu ditzakeela, baldin eta sozietatearen administrazioak, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanik, hala baderitzo. Sozietatearen administrazioak jarduera horiei ekitea ala ez erabaki dezake, bai eta etetea eta berriro abiaraztea, haren ustez, interes sozialak hala eskatzen badu.

  2. Zehaztutako jarduerak zuzenean nahiz beste sozietate edo erakunde batzuetan parte hartuz burutu ahal izango ditu sozietateak.

  3. Obra-, zerbitzu- eta hornidura-kontratuak, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak herri-administrazio ez diren adjudikatzeko ahalentzat aurreikusitako eran adjudikatuko dira.

Sozietatearen kapitala hamabi milioi hogei mila berrehun eta berrogeita bi euro eta bederatzi zentimo (12.020.242,09) da; 6,010121 euro nominaleko bi milioi (2.000.000) akzio izendunetan dago banatuta, guztiak ere klase eta serie bakarrekoak, 1etik 2.000.000ra arte zenbakituak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak harpidetuak.

  1. Alokabide SA sozietate publikoa Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikirik geldituko da, eta finantzen kontrola Ekonomia eta Ogasun Sailak egingo du.

  2. Bazkide-eskubideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baitagozkio, Jaurlaritzaren Kontseiluak baliatuko ditu.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Alokabide SA sozietate anonimoaren kapitalaren ehuneko ehun izango du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere titulartasuneko eskubideak eta ondasunak Alokabide SA sozietate publikoaren esku utzi ditzake, betiere horrek bere helburuak gauza ditzan. Eskura jartze horrek ez du esan nahi ondasun eta eskubideen titulartasuna eta kalifikazio juridikoa aldatzen denik, eta bai, aldiz, direlako ondasun eta eskubideen zaintza, babesa eta kudeaketa egin beharra. Euskadiren Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legearen 60. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz eraenduko da sozietate publikoari esleitutako ondasun eta eskubideez baliatzea.

Ahalmena ematen zaie Etxebizitzako sailburuorderi eta Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariari sozietatearen eraketa-eskritura emateko eta akzioak erosteko ekintzan eta sozietatea eratzeko behar diren bestelako dokumentu publiko nahiz pribatutan Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean jardun dezaten.

Aldatu egiten da Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 3. artikulua, sail horri dagozkionen artean Alokabide SA sozietate publikoa sartzeko.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 29an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

MARTXOAREN 29KO 65/2011 DEKRETUAREN ERANSKINA

ALOKABIDE SA SOZIETATE PUBLIKOAREN ESTATUTUAK

  1. Alokabide SA, izeneko merkataritza sozietate anonimoa eratzen da, espainiar nazionalitatekoa, eta honako hauek eraenduko dutena: estatutu hauek, Batzar Nagusiaren akordioek eta, horietan aurreikusita ez dagoenerako, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak eta horiekin bat datozen eta indarrean dauden gainerako xedapenek.

  2. Sozietatea gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ere eraenduko du.

  1. Sozietatearen xedea izango da:

    1. Etxebizitzak sustatu eta birgaitzea, hasiera batean behintzat, alokatzeko, baina errentariei edo, halakorik ezean, hirugarrenei eskualdatzeko aukera baztertu gabe.

    2. Sustatutako etxebizitzekin lotutako edonolako obra, azterlan, proiektu eta mantentze-lanak esleitu eta kontratatzea.

    3. Etxebizitzak eraikitzeko erabiliko diren lursailen urbanizazioarekin edota etxebizitzak eta industriako edo negozioetarako lokalak birgaitzearekin lotutako edonolako obra, azterlan, proiektu eta mantentze-lanak esleitu eta kontratatzea, baldin eta ondoren a) idatzi-zatian zehaztutako eran ustiatzekoak badira.

    4. Mota orotako ondasun higiezinak erosi eta saltzea, eta horien gainean, aurreko puntuetan zehaztutako helburu eta jardueretarako beharrezko edo egoki dena eraikitzea.

    5. Hirugarrenei, sari truk, laguntza teknikoa eskaintzea eta mota orotako zerbitzuak ematea, dela teknikoa, industriala, merkataritzakoa, komisio-zerbitzuak edo sozietatearen izaera eta jarduerarekin lotutako beste edozein.

    6. Alokairu araubideko etxebizitzak kudeatzea.

    7. Alokabide SA sozietate publikoa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 24.6 artikuluan xedatutako ondorioetarako, tresna gisako bitarteko propio eta zerbitzu tekniko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarentzat, kapital sozialaren zati bat duten erakundeentzat eta erakunde autonomiadun eta haien mendeko gainerako ente publikoentzat.

      Sozietatearen kapital guztia publikoa izango da, eta lanaren zati handiena sozietate hori bitarteko propio eta zerbitzu tekniko gisa duten erakundeekin egingo du.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta tresna propio eta zerbitzu tekniko gisa duten beste erakundeek sozietatearen xedearekin zerikusia duten lan, zerbitzu eta jarduerak agindu ahal izango dizkiote, betiere horrek administrazio-ahala erabiltzea ez badakar.

      Sailak edo erakunde gomendatzaileak, kudeatzeko gomendioaren bitartez, lanak enkargatzen badizkio sozietateari, haiek ezarritako jarraibideen arabera egin beharko ditu.

      Aipatu kudeatzeko gomendioek tresna-izaera dute eta ez kontratuzkoa; beraz, barrukoak, agindupekoak eta menpekoak dira ondorio guztietarako. Sozietateak betebeharrekoak izango dira, eta honelaxe ordainduko dira: tresna propio eta zerbitzu tekniko izango da Sozietatea beste entitate batzuetan, eta entitate horien partaidetzarekin, Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko zein sailari dagoen atxikia, bada, sail horren arau organikoek zehaztu organoak, nahikotasun ekonomiko eta finantzariorako irizpideaz finkatutako tarifen arabera, alegia.

      Tresna gisako bitarteko propio eta zerbitzu tekniko den heinean, sozietateari agindutako ezinbesteko jarduerak, kasuen arabera, proiektu, memoria edo beste dokumentu tekniko batzuetan zehaztuko dira, eta dagokien aurrekontuan baloratuko dira, betiere ezarritako salneurrien arabera.

      Tresna propio eta zerbitzu tekniko izatearen ondorioz, Alokabide SA sozietate publikoak ezingo du parte hartu tresna propio deneko erakundeek deitutako lizitazio publikoetan; halere, lizitatzailerik aurkezten ez denetan lizitazioen helburu den zerbitzua sozietate publikoari esleitu ahal izango zaio.

      Sozietatearen jardueren zerrenda egiteak ez du esan nahi guztiak berehala garatu behar direnik, ez eta guztiak batera, baizik eta sozietateak jarduera horiek burutu ditzakeela, baldin eta sozietatearen administrazioak kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanik hala baderitzo. Sozietatearen administrazioak jarduera horiei ekitea hala ez erabaki dezake, bai eta etetea eta berriro abiaraztea, haren ustez, interes sozialak hala eskatzen badu.

  2. Zehaztutako jarduerak zuzenean nahiz beste sozietate edo erakunde batzuetan parte hartuz burutu ahal izango ditu sozietateak.

  3. Obra-, zerbitzu- eta hornidura-kontratuak, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak herri-administrazio ez diren adjudikatzeko ahalentzat aurreikusitako eran adjudikatuko dira.

Sozietateak Vitoria-Gasteizen izango du egoitza, Gamarrako atea, 1 A, 2. solairuan.

Sozietatearen Administrazio Kontseiluak ahala dauka egoitza udalerri berean aldatzeko, bai eta sozietatearen sukurtsalak sortu eta kendu edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste lekuren batera eramatea erabakitzeko. Batzar Nagusiari dagokio sozietatearen egoitza beste udalerri batera eramateari buruzko eta sukurtsalak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo jartzeari buruzko erabakia hartzea.

Sozietatearen iraupena mugagabea da; eratzen denetik aurrera hasiko da lanean, eta Batzar Nagusiak legeetan aurreikusitako kasuetan hala erabakitakoan soilik utziko dio lanari.

  1. Sozietatearen kapitala hamabi milioi hogei mila berrehun eta berrogeita bi euro eta bederatzi zentimo (12.020.242,09) da; 6,010121 euro nominaleko bi milioi (2.000.000) akzio izendunetan dago banatuta, guztiak ere klase eta serie bakarrekoak, 1etik 2.000.000ra arte zenbakituak eta denak harpidetuak.

  2. Sozietatea eratzekoan akzioen % 25 ordainduko dira, eta gainerakoa dirutan ordainduko da Administrazio Kontseiluak eskatzen duenean, betiere sozietatea eratzen denetik aurrera gehienez ere hamabost urteko epean, eta kontseiluak ahalmena izango du muga horien barruan epea behin edo gehiagotan luzatzeko.

  3. Akzioak taloitegi moduko liburutan islatuko dira, eta erregistro-liburu berezi batean inskribatuko dira; akzioak ez ezik, egiten diren transferentziak, eratzen diren eskubide errealak eta haien gaineko bestelako kargak ere jasoko dira bertan. Sozietateak liburu horretan erregistratuta daudenak soilik hartuko ditu akzioduntzat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, sortzen den sozietate anonimoan, Alokabide SAn alegia, zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetza ez da izango kapitalaren ehuneko berrogeita hamaikatik beherakoa.

  1. Akzioaren legebidezko titularrak bazkide izaera du, eta legean eta estatutuetan aintzatetsitako eskubideak eskuratzen ditu. Akzio bakoitzak boto bat emateko eskubidea ematen du.

  2. Akzioak zatiezinak dira. Akzio baten jabekideek pertsona bakar bat izendatu beharko dute bazkide-eskubideak baliatzeko, eta sozietatearen aurrean modu solidarioan erantzungo dute, akziodun izatearen ondoriozko betebeharrei dagokienez.

  3. Akzioen gainean gozamena eratu bada, jabe soilari dagokio bazkide izaera, baina sozietateak erabakitako dibidenduak jasotzeko eskubidea gozamendunak izango du, gozamenak dirauen bitartean, eta gainerako eskubideak, jabe soilari.

Sozietatearen akzioak eskuz aldatzeri buruzko guztia, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren mende egongo da.

Prozedura judizial edo administratibo batek eraginda akzioak nahitaez «inter vivos» eskualdatu behar direlako, inork lehentasunez eskuratzeko eskubidea baliatu nahi badu, akzio horien balioaren gainean adostasunik ez bada, sozietatearen auditoreak finkatuko du; eta sozietatea ez badago behartuta urteko kontuak egiaztatzera, orduan, interesdunetako edozeinek eskatuta, sozietateak egoitza duen lurraldeko merkataritza-erregistratzaileak izendatzen duen auditoreak.

  1. Kapitala handitzea erabakiz gero, erabaki hori hartzen den unean akziodun direnek lehenespenez harpidetzeko eskubidea izango dute.

    Akziodunek hilabeteko epea izango dute, Batzar Nagusiak kapitala handitzeko baimena emateko eta akzio berriak jaulkitzeko erabakia hartzen duenetik aurrera, akzio horiek lehenespenez harpidetzeko eskubidea baliatzeko, eskuratu nahi dituzten tituluen prezio nominala ordainduz.

  2. Akziodunek lehenespenez harpidetzen ez dituzten akzioak horiek eskuratzeko interesa izan dezaketen beste batzuei eskainiko zaizkie Administrazio Kontseilua erabakitzen duen epean.

  3. Administrazio Kontseiluak, Batzar Nagusiak ordezkotza iraunkorra emanda, bazkide ez den edozein harpidedunen aurrean, atzera eskuratzeko eskubidea baliatu ahal izango du, eta akzioak eskuratu, harpidetza hori burutu dela jakinarazten zaionetik hamabost egun naturaleko epean, etekinen eta erreserba askeen kontura.

Kasu hauetarako, bazkideen, Batzar Nagusiaren edo Administrazio Kontseiluaren alde ezarritako lehenespenezko harpidetze- edo eskuratze-eskubideak gorabehera, aurreko artikuluak urratuz egiten den harpidetze edo eskualdatze oro ondoriorik gabea izango da sozietate anonimoaren aurrean.

Estatutu hauetako titulu honetan jasotako akzioak askatasunez eskualdatzeko murrizketak zigilu bidez edo inprimaturik jaso beharko dira sozietatearen akzioak ordezkatzen dituzten titulu guzti-guztietan.

Sozietatea Akziodunen Batzar Nagusiak eta Administrazio Kontseiluak zuzenduko dute, eta azken horri dagokio sozietatearen ordezkari izatea.

LEHENENGO KAPITULUA

BATZAR NAGUSIAK

Behar bezala deitutako Batzar Nagusiko akziodunen bilera da sozietatearen erabaki-organo gorena, eta haren akordioak, legez eta estatutu hauetan ezarritako aginduei jarraituz hartutakoak, derrigor bete beharrekoak dira akziodun guztientzat, baita kanpoan daudenentzat, ados ez daudenentzat edota abstenitzea erabaki dutenentzat ere, horrek ezertan galarazi gabe akordioaren kontra egiteko edo sozietatea uzteko daukaten eskubidea.

  1. Batzar Nagusia biltzeko deialdiaren iragarkia, sozietatearen egoitza dagoen lurraldeko Merkataritza Erregistroaren buletin ofizialean eta gehien saltzen diren bi egunkarietako batean argitaratu beharko da, Kapital Sozietateen Legeak ezartzen duen aurrerapenarekin (Legearen testu bategina 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako deialdiaren iragarkiaz aparte, akziodunei gutun ziurtatu bidez egingo zaie deia, jaso-izanaren adierazpenarekin edo gutuna jaso dutela bermatzeko beste edozein bide erabilita, bilera egin baino gutxienez hamabost egun lehenago. Deialdi hori ez da beharrezkoa izango bazkideak berrogeita hamar baino gehiago badira.

  3. Jakinarazpena postaz egiten bada, deialdia faxez edo telegrafo bidez berretsi beharko da, deialdia bidali den egun berean.

    Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, batzarrak deialdia egintzat joko du, eta edozein gai aztertzeko balio osoz eratutzat joko da, baldin eta sozietatearen kapital osoa bertan bada eta bertaratuek aho batez onartzen badute batzarra egitea.

Batzar Nagusiak sozietateak egoitza duen herrian egingo dira, deialdian adierazitako egunean, baina, batzarraldiak luzatu egin daitezke, egun bat edo gehiago, ondoz ondoko egun batzuetan zehar.

  1. Batzar nagusi arruntak eta apartekoak balio osoz eratutzat joko badira, lehenengo deialdian ordaindutako kapitalaren bi herenek egon beharko dute bertan, eta bigarren deialdian, berriz, bertan diren akzioen kopurua edozein dela ere, balio osoz eratutzat joko da.

  2. Batzar nagusiek hainbat erabaki balio osoz hartuko badituzte, hala nola, obligazioen jaulkipena, kapitalaren gehikuntza edo urripena, sozietatearen transformazio, bat-egite, zatiketa edo desegitea, eta, oro har, sozietatearen estatutuen edozein aldarazpen (sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan lekuz aldatzea izan ezik), ezinbestekoa izango da lehenengo deialdian ordaindutako akzioen gutxienez hiru laurden bertan izatea, eta bigarrenean, gutxienez, hi heren.

  3. Gai horiei buruzko akordioak hartzeko gainera, lehenengo deialdian, kapital sozialaren bi herenek eman beharko dute aldeko botoa, eta bigarrenean, aski izango da gehiengo absolutuarekin.

  1. Batzar nagusietara joan ahal izango dira, batzarra egin baino bost egun lehenagotik, tituluak erregistro-liburuan inskribaturik dituzten eta dibidendu pasiboen ordainketa egunean duten akziodun guztiek.

  2. Bai batzar nagusi arruntetan, bai apartekoetan, akzio bakoitzak boto bat emateko eskubidea ematen du.

  3. Administratzaileek batzar nagusietara joan beharra daukate. Zuzendariak, kudeatzaileak, teknikariak, eta sozietate-gaien ibilera onaren gaineko interesa dutenak ere joan ahal izango dira, administratzaileek haiei entzutea komeni dela iritziz gero.

  4. Batzar Nagusiaren lehendakariak egoki iritzitako beste edonor bertaratzeko baimena eman dezake, nahiz eta Batzarrak baimen hori ezezta dezakeen.

  1. Batzarrera joateko eskubidea duen akziodun orok ordezkari baten bidez egikari dezake eskubide hori batzar nagusian, lehendakariari gutun bat bidaliz (batzar bakoitzerako bat), horrek ezertan galarazi gabe Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 187. artikuluan xedatutakoa.

  2. Ordezkaritza beti da ezeztagarria: ordezkatua bera batzarrera joaten bada, ordezkaritza ezeztatua geratuko da.

Akziodunen Batzar Nagusiaren eskumen esklusiboa izango da:

  1. Sozietatearen zuzendari nagusia izendatu eta kargutik kentzea.

  2. Administrazio Kontseiluko kideak hautatzea, eta, behar izanez gero, administrazio-organoaren egitura aldatzea.

  3. Sozietatearen administrazioak urtero aurkeztuko dizkion memoria eta urteko kontuak aztertu eta, hala iritziz gero, onartzea; eta administrazioaren lana ere aztertu eta, hala iritziz gero, onartzea, eta, behar izanez gero, Kapital Sozietateen Legearen arabera kontuen auditoretza egin behar duten pertsonak izendatzea.

  4. Administratzaileek proposatuta, urteko emaitzen aplikazioari buruz erabakitzea, estatutuen arabera legezko eta borondatezko erreserbetarako zenbat bideratu behar den errespetatuta.

  5. Administrazioak eta akziodunek aztertzeko eta onartzeko aurkezten dizkioten gaiei buruz eztabaidatu eta erabakitzea.

  6. Sozietatearen kapitala handitu edo urritzeko; obligazio arrunt edo hipotekarioak jaulkitzeko; eta bategite, transformazio, banaketa edo desegiteei buruzko eta estatutuen beste edozein aldarazpeni buruzko erabakiak hartzea.

  7. Legearen arabera berari soilik dagokion beste edozein.

Batzar motei, batzarretarako deialdiak egin eta horiek eratzeko eskakizun, quorum eta gehiengoei, akziodunen informazio-eskubideari, batzarretako aktak idatzi eta onartzeari, eta haren akordioen ondorio eta inpugnazioei dagokienean, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio, estatutu hauetan berariaz aurreikusita ez badago.

Batzar nagusien buru Administrazio Kontseiluko lehendakaria izango da, eta ez badago, bilerara joan diren bazkideek aukeratutako akzioduna.

Idazkaria Administrazio Kontseiluan kargu hori duena izango da, eta, bestela, Batzar Nagusiak bilerara joateko eskubidea dutenen artetik horretarako aukeratzen duen akziodun edo pertsona.

BIGARREN KAPITULUA

ADMINISTRAZIO KONTSEILUA

  1. Administrazio Kontseilua honako hauek osatuko dute: lehendakariak, lehendakariordeak eta gutxienez sei eta gehienez ere hamar bokalek. Guztiak ere, Batzar Nagusiak izendatuko ditu (bakoitza bere zereginetarako), kapital sozialaren gehiengo osoaz.

  2. Kontseiluko kide izateko ez da beharrezko izango bazkide izatea, baina ezin izango dute kargu hori izan, legez ezarritako bateraezintasunen bat edo debekuren bat dutenek.

  3. Kontseiluko kideek beren karguak betetzearen ondorioz izan ditzaketen erantzukizunak gorabehera, besterik gabe utziko diote Kontseiluko kide izateari, baldin eta Kontseiluaren elkarren segidako bi bileratara arrazoirik gabe faltatzeagatik estatutuetan ezarritako eraketa-quoruma lortzea galarazi badute.

Kontseilukideak bost urtetarako izendatuko dira, baina nahi adina aldiz izendatu ahal izango dira berriro, baina aldiko gehienez ere beste bost urterako.

  1. Lehendakariaren ardura izango da Kontseiluaren bileretarako deia egitea, eta Kontseiluak hala erabakitzen badu, batzar nagusietarako deiak egitea, bietan izango delarik lehendakari.

  2. Lehendakariari dagokio Kontseiluak agintzen duena betetzea, bai eta sozietatearen martxa onerako behar diren lanak burutzea, eta Administrazio Kontseiluak kasu jakinetarako agintzen dizkion egitekoak aurrera eramatea.

  3. Lehendakaria kanpoan bada, lehendakariordeak ordezkatuko du.

  4. Lehendakariak borondatez edo Batzar Nagusiak hala erabakita utz dezake kargua.

  1. Administrazio Kontseiluak idazkari bat izendatuko du, eta hura kanpoan bada, bileran dauden kontseilaririk gazteenak ordezkatuko du.

  2. Idazkaria ezin izango da aukeratu ez Administrazio Kontseiluko kideen artetik, ez eta sozietateko akziodunen artetik ere.

  1. Administrazio Kontseiluak sozietatearen interesak hala eskatzen duen orotan bilduko da, sozietatearen egoitzan edo beste edozein lekutan, eta lehendakariaren ardura izango da deia egitea, bai bere ekimenez, bai hiru kontseilarik edo gehiagok hala eskatuta.

  2. Deialdia, bilera-eguna baino gutxienez bost egun lehenago egin beharko da. Ez da formaltasun hori bete beharrik izango, eta Kontseilua balio osoz eratutzat joko da, kontseilukide guztiak bertan, edo behar bezala ordezkatuta, daudelarik, bilera egitea erabakitzen badute.

  1. Administrazio Kontseilua balioz eratuko da kideen erdia gehi bat bertaratzen badira, bertaratuak edo ordezkatuak aintzat hartuta. Bilerak lehendakariak zuzenduko ditu, eta erabakiak hartzeko gutxienez bertaratu diren kide edo ordezkoen erdiak baino gehiagok eman beharko aldeko botoa, ahalmenen eskuordetze iraunkorraren kasuan izan ezik. Hala ere, gutxienez kideen bi herenen aldeko botoa beharko da: higiezinen gaineko eragiketak onartzeko; finantzaketa-lerroak ezartzeko; hainbat partaideko sozietateak sortzeko (baldin eta sozietatearen partaidetza ez badator guztiz bat sozietate matrizearen partaidetza banaketarekin); finantzaketarako edo merkaturatzerako kontratu esklusiboak emateko; eta obrak esleitzeko.

    Batzarraldirik gabeko idatzizko botazioa onartu ahal izateko, beharrezkoa da kontseilari guztiak ados egotea.

  2. Botoen zenbaketari dagokionean berdinketarik izanez gero, gutxienez gai hori eztabaidatzeko Batzarraren beste bilera bat deitu beharko da zazpi eguneko epean.

  1. Kontseiluak zuzendari nagusiaren esku utzi ahal izango ditu ahalmenak, eta izaera iraunkorrarekin utzi ere. Ezin izango ditu eskuordetzan eman legearen arabera ezin eskuordetu daitezkeenak, ez eta estatutu hauen arabera, Administrazio Kontseiluaren barruan quorum bereziren bat behar duten ahalmenak. Administrazio Kontseiluak gainera, ahalorde bereziak eman ahalko ditu.

  2. Administrazio Kontseiluak batzorde delegatuak izendatu ahal izango ditu, bidezko irizten badio.

Administrazio Kontseiluko kideek beste kontseilukide bati eman ahal izango diote beren izenean bozkatzeko ahalordea. Ordezkaritza hori idatziz eman behar da, eta batzar bakoitzerako bat.

Kontseiluaren eztabaidak eta erabakiak akta-liburu batean jasoko dira, eta lehendakariak eta idazkariak edo hala badagokio, lehendakariordeak eta idazkariordeak sinatu egin beharko dituzte.

Administrazio Kontseiluari dagokio sozietatea ordezkatzea judizioan edo hortik kanpo, eta sozietatea kudeatu eta administratzeko ahalorde zabalenak izango ditu, inolako mugarik gabe, eta ahalmenak eskuordetzeko aukera izango du, estatutu hauen 29. artikuluan ezarritako eran. Zehatzago esanda, Administrazio Kontseiluaren ahalmenen artean sartzen dira:

  1. Sozietatearen martxa bideratu, zaindu eta zuzentzea, sozietatearen xedearekin zuzenean nahiz zeharka erlazionaturiko negozio eta kontu guztiak ebazteko ahalmenarekin.

  2. Sozietatearen sinadura erabiltzea. Bere ahalmen eta eskurantzak baliatuz egiten dituen egintzen izaera juridikoak eskatzen dituen agiri publiko eta pribatuak eman eta sinatzea.

  3. Enpresako langileak izendatu eta kentzea; lana banatzea; ordena eta diziplina mantendu, eta egiten diren akatsak zuzentzea; eta soldatak finkatu eta ordaintzea.

  4. Sozietatea ordezkatzea eta epaitegi, auzitegi eta mota orotako bulego ofizial publiko eta pribatuen aurrean, Estatuaren agintari eta organismoen aurrean, autonomia erkidego, aldundi, udal, erakunde, korporazio, elkarte eta fundazio publiko nahiz pribatu eta organismo, enpresa edo zerbitzu autonomo nahiz independenteen aurrean agertzea, prozedura, egintza, kontratu, auzi edo gaietan, zibil, penal, administratibo, ekonomiko, administrazioarekiko auzietako, gubernatibo, lan-arloko, eta fiskalak izan, maila orotakoetan; eskatzaile, laguntzaile, agindu-hartzaile, demandatu, aurkari edo edozein kontzeptu gisa, edonolako espediente, akta, epaiketa, uzi, izapide, salbuespen, adierazpen, erreklamazio, aitorpen, kexa eta errekurtso arrunt eta berezi (kasaziokoak barne) jarraitu, erantzun eta bukatzea, horretarako berrespen pertsonalak, atzera egiteak eta amore emateak formalizatzeko ahalmena izango duelarik, bai eta aipatutako prozedura, egintza, kontratu, auzi edo gaiei dagokienean eten, transakzioa egin, uko egin edo zuzenbideko edo ekitateko arbitroen edo hirugarrenen edo zotz bidezkoen eskuetan uzteko; horregatik dagokiona kobratu eta ordaintzea; helburu horietarako gizarte-graduatuei, auzitegietako prokuradoreei eta abokatuei, ahalordeak eman eta kentzea, ohikoak diren ahalmenekin.

  5. Enkante, lehiaketa, enkante-lehiaketa, eta oro har, edonolako lizitazioetan parte hartzea; eta horretarako honako hauek egin ahal izango ditu: eskaintzak eta proposamenak, eta erreserbak eta protestak sinatu eta aurkeztu; horiek hobetu eta kendu; gordailuak eta fidantzak behin-behineko nahiz behin betikoak eratu eta kendu, dirutan, balioen bidez edo onartzen den edota eskatzen den beste edozein modutan; eta esleipenak, behin-behinekoak nahiz behin betikoak onartzea, eta horien arabera, dagokion diru kopurua kobratu eta ordaintzea, kasuan kasuko ogasun ordezkaritza, foru aldundi edo ezarritako beste edozein erakunde publiko nahiz pribatutan, baita Espainiako Bankuan eta haren sukurtsaletan, eta horretarako behar diren aktak, hartu-agiriak, ordainketa-gutunak eta behar diren gainerako agiriak sinatzea.

  6. Administrazioko eta jabariaren gaineko egintza eta kontratu mota oro egitea; ondasun higigarriak eta higiezinak, eskubide erreal edo pertsonalak, titulu-baloreak,- makina, lehengaiak, salgaiak eta enparauak erosi, saldu, trukatu, administratu, eta, edozein tituluren bidez, eskuratu, besterendu eta zergapetzea; Mota guztietako eskubide erreal edo pertsonalak eratu, aitortu, deklaratu, onartu, egikaritu, asumitu, denboran luzatu, geroratu, aldarazi, zatitu, subrogatu, eskualdatu, hari uko egin, iraungi eta ezeztatu, erabat edo zati bat, aktiboki nahiz pasiboki, besteak beste, bahiak lekualdaketarekin edo gabe, antikresiak, hipotekak mobiliarioak nahiz immobiliarioak, dohaintzak, zortasun pertsonal edo errealak, enfiteusiak, zentsuak, erabiltze-eskubideak, biztantze-eskubideak, errentamenduak, komodatuak, mota guztietako erkidegoak, jabetza horizontalak, eraikinen gaineko azalera-eskubideak, atxikitze-eskubideak, aukera-eskubideak, lehentasunez erosteko eskubideak, atzera eskuratzeko eskubideak eta, oro har, beste edozein eskubide erreal, mobiliario edo immobiliario, bai eta eskubide pertsonal edo jabetza bereziak (ura, mendiak, meatzeak, jabetza intelektuala eta industriala edo bestelakoak), guztien edukia, inolako mugarik gabe, handitu, aldarazi edo baldintzatzeko erabateko askatasunarekin; finka mota oro gehitu, multzokatu, partzelatu, zatitu eta banantzea; Obra berrien aitorpen edo deskribapenak, eta finken gainerako aldarazpenak formalizatzea; Erkidego-estatutuak ezarri eta aldaraztea; Zerbitzu, gauza edo obren errentamenduko kontratuak, gauza edo pertsonak aseguruak, hornidura, garraio eta bestelako kontratuak, horien zenbatekoa, izaera eta xedea, zibila nahiz merkantila izan, hitzartu, formalizatu, egikaritu, luzatu, aldarazi, berritu, suntsitu, ezeztatu, desegin, baliogabetu eta iraungitzea.

  7. Kanbio-letrak, komertzial eta finantzarioak, taloiak, txekeak eta bestelako efektuak bidaltzea, negoziatzea, abalatzea, endosatzea, kobratzea, ordaintzea, deskontatzea, kontu-hartzea, onartzea eta protestatzea; Aurrezki-kontu eta libretak, kontu korronteak eta kreditu kontuak, berme erreal, pertsonal nahiz balore bidezkoak zabaltzea, bideratzea, edukitzea, aldatzea, ezeztatzea eta kentzea eta horiekiko adostasuna adieraztea; kreditu-polizak hitzartzea; Merkataritzako kredituak hitzartzea aktibo edo pasiboki; dirua eman eta hartzea, maileguan, interes eta bermearekin edo gabe, berme hori pertsonala, balore-bidezkoa nahiz bestelako izan ahalko delarik; diru, balore eta bestelako ondasun bidezko fidantzak eta gordailuak, behin-behinekoak nahiz behin betikoak, eratu, transferitu, aldarazi, ezeztatu eta kentzea; efektu eta baloreak erosi, saldu, trukatu, pignoratu edo negoziatzea; eta horien interesak, dibidenduak eta amortizazioak kobratzea; zorrak, kredituak eta bestekoa diru kopuruak aitortu, onartu, ordaindu eta kobratzea; eta, oro har, ahalmen horiek edozein erakunde edo pertsona fisiko edo juridikoren, agintari edo erakunderen aurrean baliatzea, bai eta erakunde, korporazio, elkarte, fundazio publiko edo pribatu, sozietate, aurrezki-kutxa, banku eta edonolakoren aurrean.

  8. Ondasun higigarri edo higiezinak, lehengaiak, makina, tresnak, ibilgailuak, salgaiak eta beste edozein izaerako ondasunak erosi, saldu edo trukatzeko eragiketa, kanbio-letrak komertzial eta finantzarioak kreditu- eta mailegu-polizak, eta oro har, kreditu-eragiketa mota oro eta kreditu eta igorpeneko beste edozein dokumentutarako fidantza, abala edo bermea jartzea, bai sozietatearen alde, bai hirugarrenen alde hirugarren horiek fisikoak nahiz juridikoak, publikoak edo pribatuak izan.

  9. Sozietatearen kontabilitatea eta korrespondentzia eramatea. Aurrekontuak egitea. Gastuak baimentzea. Funts erabilgarrien eta erreserbakoen inbertsioa eta amortizazio gastuak zehaztea.

  10. Ahalmenak beste pertsona batzuen esku uztea, akziodun izan ez, horretarako, kasuaren arabera behar diren ahalordeak eman edo kenduta.

  11. Estatutuen interpretazioaren inguruan sortzen diren zalantzak ebaztea, eta hutsunerik bada, horiek betetzea, eta lehenengo egiten den Batzar Nagusian horren berri ematea.

  12. Administrazio Kontseiluari dagokio batzar nagusiak deitzea, horietan eztabaidatu eta erabaki beharreko gaiak, eta gai horien gainean legez ezarritako txosten idatziak prestatzea, bereziki, ohiko batzar nagusietarako, balantzea eta irabazi eta galeren memoria; kudeaketaren memoria eta txostena idaztea, eta etekinak banatzeko proposamena egitea; eta bidezko deritzonean, indarrean dagoen ekitaldiaren konturako etekinak banatzea erabakitzea, hori guztia Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

    Ahalmen horiek azalpen gisara ematen dira; ez dira murrizgarriak, eta hortaz, sozietatearen administrazioak sozietatearen interesak ahalik eta ondoen kudeatu eta defendatzeko behar diren ahalmen guztiak izango ditu.

Administrazio Kontseiluko kideek ez dute ordainsaririk izango.

Zuzendari nagusia Batzar Nagusiak izendatuko du eta, hala badagokio, kargutik kendu, Administrazio Kontseiluak kapital sozialaren gehiengoz egindako proposamenaren arabera.

Zuzendari nagusiaren eskumenak honako hauek izango dira:

  1. Administrazio Kontseiluak berariaz eta balio osoz esleitzen dizkion ahalmenak izango ditu zuzendari nagusiak, eta kontseilu horrek, edozein unetan aldatu edo ezeztatu egin ditzake ahalmenok; besteak beste horietakoak dira:

    1. Instalazioetan eta zerbitzuetan beharrezko eta egoki irizten dien hedapen, eraldaketa eta berrikuntzak aztertu eta proposatzea, eta zerbitzua ahalik eta hobekien emateko beharrezko jotzen diren materiak eta tresnak kontserbatu, konpondu, eta berroneratzea ere.

    2. Alderdi ekonomikoan, enpresa egoki eta normal ustiatzeko proposamenei doakienez ekimen-, estudio- eta kudeaketa-jarduerak gauzatzea.

    3. Kontseiluak eta lehendakariak aztertu, arduratan hartu, erabaki eta onartu behar dituzten gai eta agiriak bildu eta ordenatzea.

    4. Lehendakariaren zuzendaritzapean, Kontseiluak hartutako erabakiak betearazteko ardura izatea zein izapideak eta prestakuntzak egitea.

    5. Ekitaldi bakoitza bukatutakoan, kudeaketaren garapena jasotzen duen memoria helaraztea Kontseiluari, eta Batzar Nagusiari helarazi behar zaiona idaztea.

    6. Zuzendariaren sinadura eskatzen duten gutun eta agiriak sinatu, eta hortaz, baimentzea.

  2. Administrazio Kontseiluak bere ardurapeko ahalmenak utz ditzake zuzendari nagusiaren esku, eta horretarako zehaztapenak eskuordetze-agirian ezarri beharko dira.

    Eskuordetza hori eskritura publikoan jaso beharko da, eta Merkataritza Erregistroan inskribatu.

  3. Inolaz ere ezin izango da eskuordetu Batzar Nagusian kontuak eman eta balantzeak aurkezteko ahalmena, ezta Batzar Nagusiak Kontseiluari emandako ahalmenak ere, horretarako baimena berariaz ematen ez bada behintzat.

  1. Zuzendari nagusiaren agintaldia mugagabea izango da, eta Administrazio Kontseiluaren esku egongo da hura kargutik kentzea.

  2. Artikulu honi buruzko erabakiak gehiengo absolutuz hartu beharko ditu Kontseiluak.

Zuzendari nagusiaren ordainsaria Administrazio Kontseiluak ezarriko du, aurreko artikuluan ezarritako gehiengoarekin.

Sozietateak obligazioen edo zorra antzatetsi nahiz sortzen duten beste titulu batzuen serie inprimatu eta zenbatuak jaulki ahal izango ditu, baina betiere Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak obligazioentzat ezartzen duen araubidea kontuan hartuta.

  1. Sozietatearen ekitaldiak urtebeteko iraupena izango du, urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n bukatuko delarik.

  2. Balantzea, irabazi eta galeren kontua, eta kudeaketa-memoria eta -txostena egin, egiaztatu eta onartzearekin, etekinen banaketaren proposamenarekin eta oro har, urteko kontuekin, etekinak finkatzearekin, hori aplikatzearekin, eta dibidenduen ordainketarekin zerikusia duen oro onartzeari dagokionean, Kapital Sozietateen Legeari jarraituko zaio, estatutu hauetan aurreikusita ez dauden kontuetan.

Ezin izango dira dibidenduak banatu, ez eta sozietatearen kapitala urritu, erreserben kontura, harik eta sozietateak legezko erreserba (sozietatearen kapitalaren % 20) eratua izan arte.

Sozietatea desegin, eta ondorioz likidatzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuari jarraituko zaio, bertaratze eta bozketarako quorumari dagokionean izan ezik, horretarako estatutu hauek hartuko baitira aintzat.

Administrazio Kontseiluak estatutuak interpretatu ahal izango ditu, eta horren ondorioz hartzen dituen erabakien berri Batzar Nagusiari eman beharko dio, horrek berretsi ditzan.

Estatutu hauetan aurreikusita ez dagoen orotarako, sozietate anonimoen araubide juridikoari buruzko lege-arauak, Merkataritzako Kodeak, Merkataritzako Erregistroaren Erregelamenduak eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenek ezarritakoari jarraituko zaio.

  1. Sozietatearen eta bazkide baten edo hainbaten artean edota bazkideen artean sortzen diren auziak, estatutu hauen eta batez ere akzioak eskualdatzeko arauen interpretazio, aplikazio eta egikaritzearen gainean, zuzenbideko arbitrajearen bidez ebatziko dira.

  2. Halakorik gertatuz gero, aldeek notarioaren aurrera agertu beharko dute, arbitraje-laudoak jaso beharko dituen puntuen gaineko eskritura publikoa emateko, eta arbitroak izendatzeko, guztira hiru izango baitira, alde bakoitzak bana aukeratuko du, eta hirugarrena, biek adostutakoa. Arbitrajea sozietateak egoitza duen hirian egingo da, eta laudoa, azkeneko arbitroak enkargua onartzen duenetik aurrera gehienez ere lau hilabeteko epean eman beharko dena, derrigorrezkoa izango da alde guztientzat.

    Konpromisoa jasotzeko eskritura publikoa eman duten aldeetako bati errekerimendua egiten bazaio, eta errekerimendua jakinarazten zaionetik aurrerako hamar egun naturaleko epean agertzen ez bada, eta hortaz, konpromisoa formalizatzeko bide judizialera jo beharra badago, agertu ez den aldearen kontura izango dira sortarazitako gastu judizial eta judizioz kanpoko guztiak.

    Estatutu hauetan aurreikusita ez dagoenerako, Arbitrajearen abenduaren 23ko 60/2003 Legea aplikatuko da.

  3. Arbitrajetik kanpo uzten dira, kontrakoa adosten ez bada bederen, Batzar Nagusiaren eta Administrazio Kontseiluaren sozietate-erabakiak eta legeak debekatzen dituen guztiak.

Justizia Auzitegiek esku hartu beharreko gaietan, akziodunek formalki eta zinez uko egiten diote euren foruari eta helbide sozialeko Justizia Auzitegi eta Epaitegien eskumen eta jurisdikzioaren mende jartzen dira, esanbidez.