Arautegia
Inprimatu329/2010 DEKRETUA, azaroaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 244
- Hurrenkera-zk.: 6313
- Xedapen-zk.: 329
- Xedapen-data: 2010/11/30
- Argitaratze-data: 2010/12/22
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, bigarren xedapen gehigarrian, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua sortzen eta arautzen du zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, eta xedetzat du enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen erabateko garapenari laguntzea, eta gizarte- eta lurralde-kohesioari lagunduko dion lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen premiak asetzea, baita gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea ere, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan gomendatzen zaizkion enplegu-politiken kudeaketaren bidez.
Aipatu xedapenaren 2. paragrafoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua xedapen honetan xedatutakoaren, zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikagarri zaizkien arauen eta bere estatutuen bidez arautuko da. Estatutuok Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko dira, bere egitura organiko eta funtzionalari buruzko alderdiak garatuko dituzte eta, horren arabera, ente horren funtzionamendu-araubidea eta egoitza ezarriko dituzte, bai eta beraren xedeak hobeto betetzeko beharrezko diren bestelako alderdi guztiak ere (aipatu xedapen gehigarriaren 11. paragrafoa). Era berean, 3. paragrafoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere estatutuek esleitzen dioten beste edozein funtzio beteko du.
Aipatu xedapen gehigarriak 5. paragrafoan aurreikusten du legez ezarritakoez gain (Presidentzia, Administrazio Kontseilua eta Zuzendaritza Nagusia) estatutuen arabera, hala dagokionean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren egituraren barruan beste gobernu-organo batzuk ezar daitezkeela.
paragrafo horretan bertan, adierazten du estatutuek ezarriko dutela nola parte hartuko duten erakundearen eginkizunetan Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ordezkaritza handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeek. Edonola ere, hori ez da ezartzen inolako baldintzarik gabe, izan ere, gizarte-agenteen parte-hartze sistemaren osaera hori hiru aldekoa eta paritarioa izango dela bermatzen baita.
Azaldutakoaren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta eta Lehendakariak onartuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko azaroaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzional berria Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua abian jartzearen ondoriozko egokitzapenekin ezartzen duen Dekretua indarrean jartzen ez den bitartean, Ente Publikoak beregain hartzen ez zituen eta desagertu diren Enplegu eta Prestakuntzako eta Berrikuntza Soziolaboraleko Zuzendaritzei lehendik esleitutako funtzioak Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratze Sailburuordetzari esleitzen zaizkio.
Dekretu honetan aurreikusitakoaren kontrakoak diren xedapen guztiak (maila berekoak edo txikiagokoak) indargabetuta daude, eta zehazki honako hauek:
Ekainaren 15eko 121/2004 Dekretua, Enpleguaren Euskal Kontseilua eta Enpleguaren Lurralde Kontseiluak sortzeko, arautzeko eta haien funtzionamendua ezartzeko dena.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretuaren honako artikulu hauek:
A).3.b) artikulua.
A).4.a) artikulua.
C).u) artikulua.
C).v) artikulua.
b) artikulua.
2.a) artikulua.
20.n) artikulua.
2 artikulua.
Lehenengoa. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretua aldatu da.
Honako xedapen hauek adierazten den eran aldatzen dira:
a) 3. artikuluan, 4. atal bat gaineratzen da honako hitz hauekin:
Azkenik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoa Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitzen zaio.
b) 15.1.f), 16.l) eta 22.1.j) artikuluetan honako adierazpen hau gaineratzen da:
enpleguari eta langabeziari buruzko gaietan egindako arau-hausteetan salbu.
c) 18.1 artikuluan f), g) eta h) atalen idazkuntza aldatzen da, eta honako era honetan idatzita geratzen dira:
Enpleguko eta laneko bitartekaritzako politika aktiboen alorreko plangintza estrategikoa eta ildoak lantzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beregain hartu gabeko enplegurako prestakuntzaren alorreko jardunak sustatu eta koordinatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea ekintza positiborako mekanismoak jartzeko, Euskadin langabezia, gainbehera eta bazterkeria gehien dauden alderdien alde eta lanean hasteko zailtasunak dituzten taldeen alde.
d) 20. artikuluan o) atalaren idazkuntza aldatzen da, eta honako era honetan idatzita geratzen da:
Enplegu autonomoa ordezkatzen duten elkarteei laguntzeko programak egitea eta kudeatzea.
Bigarrena. Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokia sortzen duen martxoaren 3ko 34/1998 Dekretuaren aldaketa.
1. 2. artikulua aldatu da, eta honela idatzita geratu da:
Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikitzen zaio.
2. 5. artikulua aldatu da, eta honela idatzita geratu da:
Ekitaldi bakoitzean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokiaren Jardunerako Plan bat egingo du, bertan helburuak, egitekoak eta zereginak zehaztuz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak onartuko du Plan hori.
Hirugarrena. Indarraldia.
Dekretu hau 2011ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko azaroaren 30ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
AZAROAREN 30EKO 329/2010 DEKRETUAREN ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ESTATUTUAK
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bat da, azaroaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 7.3 artikuluan aurreikusita daudenetakoa, nortasun juridiko propioa eta bere xedeak betetzeko jarduteko ahalmen osoa duena.
Oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere jarduerak aplikatzekoak zaizkion zuzenbide zibileko eta merkataritza- eta lan-zuzenbideko arauen mende jartzen du, administrazio-ahalmenak baliatzen dituenean salbu, kasu horretan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta izaera publikoko gainerako araudi orokor eta sektorialak aplikatuko baitira.
Bere antolamendu eta funtzionamenduan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarriak, honako estatutu hauek eta zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatzekoak zaizkien lege eta xedapen orokorrek arautzen dute.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua enpleguaren eskumena duen Euskal Autonomia Erkideogko Administrazio Orokorreko sailari atxikitzen zaio.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Vitoria-Gasteizen du egoitza nagusia, baina beste hainbat egoitza ezar ditzake Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan, beharrezkoa baldin bada esleituta dituen zerbitzuen prestazio egokia ziurtatzeko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardunaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak marka-irudi edo nortasun korporatibo propioa dauka, eta Eusko Jaurlaritzarenarekin batera erabiltzen du.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren helburua da enplegu egonkor eta kalitaterako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politiken kudeaketaren bidez.
Bereziki, produkzio-sarearen egungo eta etorkizuneko eskakizun guztiak ezagutuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lan-merkatu eraginkorra eta kalitatezkoa eratzea bilatuko du, pertsonen enplegagarritasuna eta aldi berean enpresen lehiakortasuna bermatzeko, haien beharrizanei erantzunez.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere sorrerako Legean zehaztutako printzipio gidarietara eta ondoren jasotzen direnetara egokituko du bere jarduna:
Laneratzera eta pertsonen ekintzailetzara orientatutako zerbitzu baten eraginkortasuna eta efikazia, produkzio-sarearen beharrizanak zehazki ezagutuz eta asebetez.
Pertsonei eta enpresei emandako programen eta zerbitzuen kalitatea, helburuak, ebaluazio-sistemak eta etengabeko hobekuntza ezarriz.
Berrikuntza sustatzea.
Pertsonen eta enpresen erantzukidetasuna.
Enplegu politiken osotasuna, osagarritasuna eta koordinazioa.
Bere jardunen zeharkakotasuna, zerbitzua hobetzen laguntzen duten agente publiko eta pribatu guztien barneratzea eta sinergia errazteko xedez.
Lan-ikuskatzailetzarekin koordinatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardunean honako hau bermatuko da:
Gizarte-agenteen parte-hartzea.
Aukera-berdintasuna eta bereizkeriarik eza honako gai hauei dagokienez: sexua, etnia, adina, egoera zibila, atxikipen politikoa, afiliazio sindikala, erlijioa, jatorria, iritzia, hizkuntza, edo beste edozein baldintza edo egoera pertsonal edo sozial.
Jardunen unibertsaltasuna eta pertsonalizazioa, eta horien doakotasuna, beste hainbat erakunderekin adostu daitezkeen lankidetza-hitzarmenak bazter utzi gabe.
Gizarte-kohesioa, laneratzeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonekiko ekintza positiboa bultzatuz.
Lurralde-kohesioa, produkzio-sarearen mantentzea eta hazkundea eta langileen mugikortasuna errazten duen ekintza positiboa bultzatuz.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere helburuak lortzeko, enpleguaren alorrean eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak ezartzen dituen plangintza estrategikoa eta ildoak kontuan izanik, eta enpleguaren araudiaren betearazpen-esparruaren barruan, honako eginkizun hauek izango ditu:
Enpleguaren alorrean eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailari enplegu-politikaren ildo estrategikoak, diseinua eta gidalerro orokorrak proposatzea.
Enpresen eta produkzio-sarearen egungo eta etorkizuneko beharrizanen jarraipena egiteko programak eta metodologiak planifikatu, diseinatu eta kudeatzea.
Enpleguko eta enplegurako prestakuntzako programak kudeatzea, diruz lagundutako deialdien onarpena eta izapidetzea barne.
Lan-orientazioa, prospekzioa eta lan-merkatuko aldagaien informazioa kudeatzea, Lanbide-profilen bilakaera, teknologia berriak eta detektatutako beharrizanetatik eratorritako Lanbide-errekerimenduak kontuan izanik.
Lan-bitartekaritza kudeatzea eta enplegu-eskatzaileen erregistroa egitea, eta era berean lan-kontratuen eta horien luzamenduen eta amaieren komunikazioa jasotzea.
Enplegua sortzeko jarduna eta espiritu ekintzailea sustatzera bideratutako programak kudeatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten enplegu-agentziei buruzko gainerako eskumenak baimentzea eta egikaritzea.
Enplegu-programetan eta enplegurako prestakuntzako programen gauzatzean parte hartzen duten erakundeekin koordinatzea, baita enpresa-jarduna eta ekintzailetza edozein modutan sustatzen duten gainerako erakunde guztiekin ere.
Europar Batasunaren Eures Sareari (Europako Enplegu Zerbitzuak) dagozkion eginkizunak betearaztea.
Lan-agintaritzarekin eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin batera lan egitea kontratazioan egiten den iruzurraren jarraipena eta ebaluazioa eginez.
Enpleguari eta langabeziari lotutako gaietan zehatzeko ahala egikaritzea, legeria espezifikoan ezarritako moduan.
Enplegua sustatzeko plan espezifikoen diseinua eta betearazpena aktiboki bultzatzea, lehenespenezkoa den tokiko eta/edo sektoreko eremuetan, eraginpeko agenteen adostasuna bultzatuz eta enpleguari laguntzeko jardunak diagnostikatu eta betearazteko eragiketa integralak garatuz.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin eta erkidegoetako enplegu-zerbitzuekin batera eta lankidetzan jardutea, bere eskumenak baliatuz, enpleguko politika aktibo eta pasiboetan bildutako jardunetan.
Proiektu esperimentalak kudeatzea, bereziki Europar esparrukoak, zerbitzu-prestazioan ikuspegi eta irtenbide berriak garatzeko aukera ematen dutenak.
Legeek atxikitzen dizkioten edo Jaurlaritzaren Kontseiluak edota enpleguaren alorrean eskumena duen sailak bere eskumenen esparruan esleitzen dizkioten enpleguko edo laneratzeko politikaren alorreko beste edozein eginkizun garatzea.
atala. Egitura orokorra.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua honako hauek osatzen dute:
Organo zentralak:
Presidentzia.
Administrazio Kontseilua.
Zuzendaritza Nagusia.
Zerbitzu zentraletako zuzendaritzak.
Lurralde-zerbitzuak.
1. ATALA
PRESIDENTZIA
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren presidentzia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean enplegu-arloan eskumena duen sailean une bakoitzean titularra denak hartuko du beregain.
Presidenteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ordezkaritza instituzionala betetzen du, egintza korporatibo eta ofizialetan buru gisa dihardu, eta hala dagokionean, erakundearen jardueren berri ematen du.
Presidenterik ez badago, hura ez bada bertaratu edo gaixorik badago, bere eginkizunak enpleguaren alorrean eskumena duen sailburuordetzan une bakoitzean titularra denak hartuko ditu beregain.
2. ATALA
ADMINISTRAZIO KONTSEILUA
Administrazio Kontseilua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren gobernu-organo gorena da. Hiru aldekoa, paritarioa eta erabakigarria da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseilua honako kide hauek osatzen dute:
Presidentea: enpleguaren alorrean eskuduna den sailaren pertsona titularra.
Presidenteordea: enpleguaren alorrean eskuduna den sailburuordetzaren pertsona titularra.
Kontseilukideak:
Hiru kontseilukide, sailburuorde edo zuzendari lerrunarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren ordezkaritzan. Horien izendapena eta kargu-uztea Eusko Jaurlaritzaren dekretuz erabakiko da, hezkuntza, industria eta ogasunaren alorrean eskudun diren sailetako titularrek proposatuta, hurrenez hurren. Aipatutako azken sailak izendatutako kontseilukideak bileretan parte hartuko du, eta hitza izango du, baina botorik ez.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburuen elkarteek izendatutako bost kontseilukide; elkarte horiek aplikatzekoa den araudi orokorraren arabera enpresaburuen ordezkaritza instituzionala dutenak izango dira, eta Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez izendatuko dira.
Ordezkaritzarik handiena duten erakunde eta konfederazio sindikalek izendatutako bost kontseilukide, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez izendatuak. Kontseilukide horiek, erakunde sindikal bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoan egiaztatuta duen ordezkagarritasunaren arabera proportzionalki esleitzen dira, eta edozein kasutan bermatzen da ordezkagarrienak diren erakunde eta konfederazioek Administrazio Kontseiluan presentzia izango dutela.
Aurrekoa gorabehera, kontseilukideak izendatzeko eskubidea duen erakunde sindikalen batek ez badu inor izendatzen horretarako ezarrita dagoen epearen barruan, postu horiek bere taldeko gainerako erakundeei gehiagotuko zaizkie, beren ordezkagarritasunaren arabera proportzionalki.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
Kontseilukideen agintalidak 3 urte iraungo du. Agintaldia amaitzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sindikatu- eta enpresa-erakundeek hilabeteko epea izango dute titular eta ordezko berriak izendatzeko, eta ez badute epe horren barruan egiten, ulertuko da isilbidez lehendik zeudenak izendatzen dituztela.
Erakundeko Administrazio Kontseilua osatuko duten kideak izendatzeko orduan, ahaleginak egingo dira gizon eta emakume kopurua berdintsua izan dadin, eta gizon-emakume horiek prestakuntza, gaitasun eta trebakuntza egokiak izan ditzaten, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Kontseilukideak izendatzen dituenean, erakunde bakoitzak bere eskubidearen arabera izenda ditzakeen ordezko nahiz titular guztiak izenda ditzake kontseilukide. Kontseilukide horietako edozeinek bere erakundeko titularrak ordeztu ditzakete titular-postu bat hutsik dagoenean edo titular bat bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean. Eusko Jaurlaritzak, era berean, 5 ordezko izendatu ahal izango ditu, eta horiek titularrak ordeztu ditzakete titular-postu bat hutsik dagoenean edo titular bat bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean.
Administrazio-kontseiluari honako eginkizun hauek dagozkio:
Enplegu-politika gauzatzen duten zerbitzu eta programak planifikatu, diseinatu, onartu eta kudeatzea.
Enplegu-politikaren plangintza estrategikoaren eta gidalerroen lantze-prozesuan parte hartzea, aldez aurreko prozesuan proposamenak eginez enpleguaren alorrean eskudun den organoak onartu aurretik.
Enplegu-politiken jarraipena eta ebaluazioa egitea.
Erakundearen urteko kontuak eta ekitaldi bakoitzerako aurrekontu-proposamena onartzea, eta onartutako aurrekontu-kontzeptu eta -partidetan egin nahi diren aldaketak baimentzea, langile-plantilla barne.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa-plana, azterlanak, lan-taldeak eta jardueren urteko memoria onartzea.
Arriskuen kontrol eta kudeaketarako politika onartzea eta gai horretan hartutako neurrien jarraipena egitea.
Lanpostu-zerrendak eta enplegu publikorako eskaintzak onartzea erakundeko langileentzat.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak eraginpean hartzen dituzten gaietan arau-proposamenak egitea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuetan aldaketak egiteko proposamena onartzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen enplegu-politika gauzatzen duten zerbitzu eta programen deialdiak onartzea, horien ezaugarri nagusiak eta esleipen-irizpideak definituz.
Onuradunen diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoen izapidetzea eta lan-aktibazioa gauzatzen duten zerbitzuak eta programak kudeatzeko planak onartzea, gai hori arautzen duen legeriak hori aurreikusten duenean eta ezartzen duen moduan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardunaren irizpideak, gidalerroak eta oinarrizko ildoak definitzea, lan-merkatuaren beharrizanei erantzuteko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izaera lortzeko edo galtzeko irizpideak onartzea.
Erakunde publiko edo pribatuekin osatutako edo partekatutako itunak, akordioak, hitzarmenak edo kudeaketa-formulak ezartzeko aukera onartzea, enpleguaren alorrean eskumena duen sailari proposatzea partzuergoak eratzeko, eta beste erakunde batzuk sortzeko eskaintzen dituen zerbitzuak kudeatu eta betearazteko, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den finantzen eta ondarearen alorreko araudi orokorra kontuan izanik.
Nekez bete daitezkeen Lanbideen eta atzerriko langileen kontingentearen proposamena egitea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketaren barneko kontrola, ikuskapena eta ebaluazioa egitea, eta testuinguru horretan, erakundearen jardunari buruzko aldizkako informazioa jasotzea, bereziki aurrekontu-garapenari buruzkoa, eta bere helburuak hobeto betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak proposatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontu-kredituen kargurako gastuak baimentzea 5.000.000 eurotik gorakoak direnean.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sinatu behar dituen kontratuak baimentzea 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua dutenean.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueraren jarraipen-batzordeak eratzea, Lurralde Historikoen geografia-eremuaren barruan, gizarte-agenteek parte har dezaten.
Zuzendari nagusiak emandako ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoei ebazpena ematea. Ebazpen horiek administrazio-bidea amaitzen dute.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak izanik, beste organo bati esleitu gabe dauden eginkizun guztiak betetzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko Presidentziari dagokio:
Administrazio Kontseiluaren ordezkaritza bere gain hartzea.
Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdia erabakitzea eta gai-zerrenda ezartzea.
Kontseiluko bilkuren mahaiburu izatea, eztabaidak zuzentzea, gai jakinei buruz informatzeko beste pertsona batzuk bertara daitezen baimentzea eta, oro har, bilerak egoki garatzeko behar diren ahalmenak baliatzea.
Aktak eta erabakien egiaztagiriak ontzat ematea.
Administrazio Kontseiluko presidentea den aldetik dagozkion bestelako eginkizun guztiak betetzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko Presidenteordetzak, Administrazio Kontseiluko kide gisa bere titularrari dagozkion eginkizunez gain, presidenterik ez dagoenean edo hura bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean Presidentziari atxikitako eginkizunak bere gain hartzen ditu.
Kasu horretan eta presidenteordea ordeztu behar den gainerako kasuetan, bere eginkizunak Eusko Jaurlaritzak izendatutako ordezko kontseilukide batek beteko ditu.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia izango da idazkari. Idazkaririk ez dagoenean edo bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean, Presidentziak izendatzen duen Administrazio Kontseiluko beste kide bat arduratuko da Idazkaritzaz.
Idazkaritzak honako eginkizun hauek beteko ditu:
Presidentetzaren aginduz, bilkuren deialdia egitea eta Administrazio Kontseiluko kideei deialdien berri ematea.
Administrazio Kontseiluko kideen komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.
Administrazio Kontseiluaren bilkurak prestatzea eta, presidentearen ontzat emanarekin, bilkura horien aktak idaztea eta baimentzea.
Akta-liburua betetzea eta zaintzea.
Kontsulten, irizpenen eta harturiko erabakien egiaztagiriak ematea.
Idazkaritzako titular-karguari datxezkion edo presidentziak bereziki esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseilua beharrezkoa den guztietan biltzen da ohiko bilkuran, eta betiere gutxienez hiru hilean behin. Edozein unetan, Presidentziak hala erabakitzen badu edota gutxienez kideen heren batek eskaera idatzia eta arrazoitua egiten badu, ezohiko bilkurarako deialdia egin daiteke. Azken kasu horretan, Presidentziak ezohiko bilkuraren deialdia egin beharko du eskaeraren ondorengo hamabost egun naturaleko epearen barruan, gai-zerrendan sartuz eskaera arrazoituaren xede diren puntuak eta interesgarritzat jotzen dituen beste batzuk.
Deialdian gai-zerrenda eta bertan sartutako gaiei buruzko dokumentazioa bildu behar da, eta gutxienez hamar egun naturaleko aurrerapenarekin egin behar da ohiko bilkuretarako eta bi egun balioduneko aurrerapenarekin ezohiko bilkuretarako.
Bilkurak lehen edo bigarren deialdian egiten dira, horien artean ordu erdiko tartea egonik.
Administrazio Kontseilua balioz eratzen da, lehen deialdian, presidenteaz edo idazkariaz edo horien ordezkoaz gain kideen erdia bertan daudenean, eta bigarren deialdian horien herena dagoenean. Nolanahi ere, kide guztiak bertan badaude eta aho batez erabakitzen badute, Kontseilua balio osoz eratuta geratuko da, baita deialdia egiteko baldintzak betetzen ez direnean ere.
Bertaratutako kideek emandako botoen gehiengo soilarekin hartzen dira erabakiak, eta Presidentziak kalitateko botoa du berdinketak desegiteko.
Ezin da gai-zerrendan bilduta ez dauden gaiei buruzko erabakirik hartu, salbu eta Administrazio Kontseiluko kide guztiak bilkuran baldin badaude eta gehiengoaren botoaren bitartez gaia presakakoa dela erabakitzen bada.
Bilkura bakoitzaren akta idazten da, eta bertan honako hau adierazten da: bertaratutako kideak, bilkura non eta noiz egin den, eztabaidatu diren gai nagusiak, bozketa egiteko modua eta horren emaitzak, eta erabakien edukia. Aktak idazkariak sinatzen ditu, presidentearen oniritziarekin, eta bilera horretan edo hurrengoan onartzen da.
Administrazio Kontseiluak funtzionamendu-arau osagarriak har ditzake. Arau horiek ezean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotakoa aplikatuko da.
3. ATALA
ZUZENDARITZA NAGUSIA
Zuzendaritza Nagusia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren pertsona bakarreko gobernu-organo betearazle gorena da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia Jaurlaritzaren Kontseiluak izendatzen du, enpleguaren alorrean eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren titularrak proposatuta, aldez aurretik Administrazio Kontseiluari informatuz. Kargutik kentzeko edo hori bertan behera uzteko, izendapenaren prozedura berari jarraituko zaio.
Zuzendari nagusiak goi-kargudun izaera du eta dedikazioa erabatekoa eta esklusiboa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan funtzio publikoetan aritzeko bateraezintasunei buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko zaio, baita honako dekretu hauetan ezarritakoa ere: 130/1999 Dekretua, otsailaren 23koa, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzeko dena, eta 129/1999 Dekretua, otsailaren 23koa, Jaurlaritzako kideen, Administrazioko goi-kargudunen eta zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sozietate publikoen zuzendaritza-taldekideen jarduerak eta ondarezko eskubide-ondasunak adieraztea eta erregistratzea arautzeko dena.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari Eusko Jaurlaritzako sailburuordetzen titularrentzat aurreikusitako eskubide ekonomikoak dagozkio, Goi-kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legean ezarritakoaren arabera.
Administrazio Kontseiluko eskubide osoko kide gisa dagozkionez gain, zuzendari nagusiak ondoko eginkizunak izango ditu:
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ohiko eta legezko ordezkaritza betetzea.
Erakundearen jarduerak eta zerbitzuak planifikatu, zuzendu eta gainbegiratzea bere xedeak betetzeko, eta langile-zuzendaritza egikaritzea, Administrazio Kontseiluak emandako gidalerroak kontuan izanik.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere helburuak betetzeko atxikita dituen programak eta jardunak kudeatzea, horretarako beharrezkoak diren erabaki eta egintza guztiak hartuz, eta deialdien ebazpena eginez hori eskatzen duten programetan, Administrazio Kontseiluak emandako gidalerroak kontuan izanik.
Jurisdikzio-bide zibilaren eta lanekoaren aldez aurreko erreklamazioak ebaztea.
Enpleguari eta langabeziari lotutako gaietan zehatzeko ahala egikaritzea, legeria espezifikoan ezarritako moduan.
Administrazio Kontseiluari proposamena egitea erakundeko langileen lanpostu-zerrenda eta enplegu publikoko eskaintzak onartzeko, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lanpostuak hornitzeko prozeduren deialdia egitea eta horiek ebaztea.
Zerbitzu zentraletako zuzendaritzen eta enpleguko lurralde-bulegoen barne-egitura finkatzea eta aldatzea, estatutu hauetan ezarritako esparruaren barruan.
Administrazio Kontseiluari aurkeztea erakundearen urteko kontuak eta aurrekontuen eta langile-plantillaren proposamena, baita kudeaketa-plana eta jardueren urteko memoria ere. Era berean, Administrazio Kontseiluari aurrekontu-garapenaren egoeraren berri emango dio, eta onartutako aurrekontuko kontzeptuak edo partidak aldatzeko baimena eskatuko dio.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontu-kredituen kargurako gastuak baimentzea 5.000.000 eurotik gorakoak direnean.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ondare-kudeaketa zuzentzea.
Kontratazio-organo eginkizunak egikaritzea.
Erakunde publiko edo pribatuekin osatutako edo partekatutako itunak, akordioak, hitzarmenak edo kudeaketa-formulak ezartzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduerari dagozkion gaietan araudi orokorra egiteko proposamenak lantzea, eskumena duen sailak eta Administrazio Kontseiluak esleitzen dizkiotenean.
Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion erabakiak betearaztea eta ahalmenak egikaritzea.
Zuzendari nagusirik ez dagoenean edo hori bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean, organo horri atxikitako eskumenak Zerbitzu zentraletako zuzendaritzetako titularretako batek beteko ditu, ondorengo artikuluan ezarritako ordena kontuan izanik.
4. ATALA
ZERBITZU ZENTRALETAKO ZUZENDARITZAK
Zuzendaritza Nagusiaren mendetasun organiko eta funtzionalaren azpian, honako zerbitzu zentraletako zuzendaritza hauek daude:
Baliabideen Zuzendaritza.
Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza.
Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritza.
Aurrekoa gorabehera, erakundearen organo guztiei babesa edo laguntza eskaintzen dieten zerbitzu komunak zuzenean Zuzendaritza Nagusiaren mende dauden unitatetan egituratzen dira. Bereziki, honako era honetan antolatzen dira ondorengo zerbitzu hauek:
Kabinete Tekniko bat analisi eta azterketa, informazio eta berrikuntzako eta horien antzeko eginkizunak garatzeko. Zerbitzu horretan sartuta dago Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokia.
Lurralde Koordinazioko Unitate bat, erakundearen lurralde-zerbitzuak osatzen dituzten bulegoen sarea zuzentzeko eta koordinatzeko laguntza-organo gisa.
Barne Kontroleko Unitate bat; unitate horrek, erakundearen helburuak lortzeko izan daitezkeen arriskuak identifikatu eta kudeatuko ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen funts publikoen erabilera egokia bermatuko duen auditoretza- eta ikuskapen-plan integral bat diseinatu eta betearaziko du.
Estatutu hauetan definitutako esparruaren barruan, zerbitzu zentraletan sartuta dauden organoen egitura organikoan beharrezkoak diren egokitzapenak garatzea eta gauzatzea Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
Zerbitzu zentraletako zuzendariek dagokien zerbitzuak adskribitzen direneko antolaketa-unitate baten zuzendaritza hartzen dute beregain, Zuzendaritza Nagusiaren mende egonik. Oro har, honako eginkizun hauek dagozkie:
Zuzendaritzari atxikitako zerbitzuak zuzendu, koordinatu eta bultzatzea.
Zuzendaritza Nagusiari proposatzea bere Zuzendaritzari izapidetzea dagozkion espedienteak ebazteko, eta bere eskumeneko gaiak ebaztea.
Zerbitzu Nagusietako zuzendariak Jaurlaritzaren Kontseiluak izendatzen ditu, enpleguaren alorrean eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren titularrak proposatuta, aldez aurretik Administrazio Kontseiluari informatuz. Kargutik kentzeko edo hori bertan behera uzteko, izendapenaren prozedura berari jarraituko zaio.
Zerbitzu zentraletako zuzendariak goi-kargudun izaera du eta dedikazioa erabatekoa eta esklusiboa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan funtzio publikoetan aritzeko bateraezintasunei buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko zaio, baita honako dekretu honetan ezarritakoa ere: 130/1999 Dekretua, otsailaren 23koa, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzeko dena.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako zuzendariei Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzen titularrentzat aurreikusitako eskubide ekonomikoak dagozkio, Goi-kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legean ezarritakoaren arabera.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Baliabide Zuzendaritzari honako eginkizun hauek betetzea dagokio:
Erakundearen zerbitzu orokorrak kudeatzea, eta bereziki, beren jarduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan garatzen duten pertsonen kudeaketari lotutako zerbitzu guztiak, laneko arriskuen prebentzioari, emakumeen eta gizonen berdintasunari eta euskararen erabileraren normalkuntzari buruzko arauditik eratorritakoak barne.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontu-proposamena egitea eta horren betearazpenaren jarraipena eta kontrola egitea, baita erakundeari esleitzen zaizkion Europako Gizarte Funtsetik datozen baliabideak administratzeko beharrezko jarduerak ere.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontabilitatea, altxortegia eta zorpetzea kudeatzea.
Erakundearen ondarea administratzea.
Erakundearen kontratazio-espedienteak izapidetzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar dituen informazio- eta komunikazio-sistemak antolatu eta kudeatzea, informatika-ekipo eta -programen mantentzea egitea, eta erakundeak behar dituen datu-baseak, sareak eta sistema eragileak kudeatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar duen aholkularitza juridikoa eskaintzea, beharrezkotzat jotzen diren espediente eta errekurtsoetan Zuzenbidean informatzea, bere eskumeneko gaietan bidezko diren zehapen-espedienteak bideratzea, izaera orokorreko xedapenen proposamenak lantzea, erakundearen ordezkaritza eta defentsa bere gain hartzea epaiketetan, betiere hala dagokionean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzu juridikoekin koordinatuz.
Erakundeak behar dituen kanpo- eta merkataritza-harremanak bultzatu eta gauzatzea.
Prozesu-hobekuntzako, etengabeko prestakuntzako eta ebaluazioko kudeaketa-planak ezarri eta garatzea.
Informazioko eta proiektu-garapenerako sistema bat ezarri eta kudeatzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Europako programen berri izateko eta horietan parte hartzeko, eta jardunbide egokiak detektatzeko.
Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkion antzeko eginkizun guztiak garatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lanbidea Aktibatzeko Zuzendaritzari dagokio, erakundeak ondoren adierazten diren gaietan kudeatu behar dituen programen espedienteak izapidetu eta prozesuak kudeatu, planifikatu, diseinatu eta horiei euskarria ematea:
Enplegu-sustapena.
Laneratzea.
Lan-merkatuko bitartekaritza (Eures Sareari lotutako jarduerak eta enplegu-agentzien administrazio-kontrola barne).
Orientazioa.
Lan-prospekzioa.
Enplegu- eta prestakuntza-jardun mistoak.
Era berean, honako eginkizun hauek betetzea dagokio Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari:
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera eta gizarte-zerbitzuek garatutako programak koordinatuko direla bermatzeko beharrezkoak diren jardunak garatzea, erakundeari atxikitzen zaizkion diru-sarrerak bermatzeko ekonomia-prestazioen harreraren kudeaketa eta/edo kontrolari lotutako eginkizunak beregain hartuz.
EAEn laneratzea aktibatzearen alorrean beren jarduera garatzen duten gainerako organismoekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea.
Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkion antzeko eginkizun guztiak garatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritzari dagokio, erakundeak ondoren adierazten diren gaietan kudeatu behar dituen programen espedienteak izapidetu eta prozesuak kudeatu, planifikatu, diseinatu eta horiei euskarria ematea:
Lehentasunez langabetuei zuzendutako enplegurako prestakuntza.
Gizarte Segurantzako kuotetan hobarien sistemaren bitartez kudeatutako eskariko enplegurako prestakuntza, araudi espezifikoan aurreikusitako esparruan.
Prestakuntzaren babesa, laguntza eta ekintza osagarriak.
Ekintzaileentzako prestakuntza.
EAEn enplegurako prestakuntzaren alorrean beren jarduera garatzen duten gainerako organismoekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea, eta bereziki Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioarekin.
Era berean, honako eginkizun hauek betetzea dagokio Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritzari:
Prestakuntza-zentroen inskripzio, homologazio eta ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduerak garatzea.
Profesionaltasun-ziurtagiriak luzatu eta erregistratzeko beharrezkoak diren jarduerak burutzea, hezkuntza-administrazioak Lanbide-errekerimenduen eta Lanbide-gaitasunen ziurtapenaren alorrean garatutako ekimenekin behar bezala koordinatuko direla ziurtatuz.
Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkion antzeko eginkizun guztiak gauzatzea.
5. ATALA
LURRALDE ZERBITZUAK
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-zerbitzuak enpleguko lurralde-bulegoen sare batean antolatzen dira, eta horiek, zerbitzu publikoaren prestazioan eraginkortasun-irizpideen arabera ezarrita egonik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa barne hartzen dute.
Estatutu hauetan definitutako esparruaren barruan, zerbitzu zentraletan sartuta dauden organoen egituran beharrezkoak diren egokitzapenak garatzea eta gauzatzea Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
Enpleguko lurralde-bulegoak herritarrei, langileei eta euskal enpresei eskainitako enplegu-zerbitzuen hornidura kudeatzen eta koordinatzen duen oinarrizko unitatea dira, eta horiekin batera produkzio-ehunaren ezaugarriek eta banantze sozioekonomikoak bulegoen kopurua eta kokapena zehaztuko dituzte. Jarduteko geografia-esparrua eta espezializazio funtzionala zerbitzuaren antolaketa-beharrizanak kontuan izanik zehaztuko da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren plangintza orokorraren esparruan, enpleguko lurralde-bulego bakoitzak autonomia du bere geografia-inguruneko berezitasunetara egokitzen den kudeaketa-plan bat ezartzeko. Plan hori honako printzipio hauek kontuan izanik gauzatuko da: bitartekaritzaren eraginkortasuna, enplegagarritasun pertsonala, enpresa-lehiakortasuna eta ekintzailetza. Horretarako, enpleguko lurralde-bulegoek lan-merkatuaren ezaugarriak eta beharrizanak ezagutzen lagunduko dieten prozedurak, metodoak eta tresnak erabiliko dituzte.
Zuzendaritza Nagusiari dagokio enpleguko lurralde-bulegoen kudeaketa-planak onartzea, baita horiek aldizka ebaluatzea ere.
Enpleguko lurralde-bulegoak Zuzendaritza Nagusiaren mende daude organikoki eta gaiari dagokion Zerbitzu Zentralen Zuzendaritzaren mende funtzionalki, eta honako eginkizun hauek dagozkie:
Bulegoaren lurralde-eremuan kokatuta dauden enpresetan prospekzio-jarduerak garatzea, egungo eta etorkizuneko Lanbide-beharrizanak detektatzeko.
Harreman sistematikoa ezartzea ikastetxeekin, teknologia-zentroekin, Administrazioekin, erakunde sindikal eta enpresarialekin, gizarte-zerbitzuekin eta toki-eremuan sareko lanaren bitartez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak garatzen lagundu dezaketen agente publiko edo pribatu guztiekin.
Bitartekaritza-jarduerak garatzea, lan-eskaintzak erregistratuz eta kudeatuz eta lana eskaintzen dutenei laguntza eskainiz Lanbide-profilak definitzeko garaian.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskaintzen dituen prestazioen eta zerbitzuen berri ematea erabiltzaileei, eta bidezko bada horiek dagozkien ekintza eta programetara bideratzea, dagokion sailkapenaren ondoriozko laneragarritasun-diagnostikoaren arabera. Arreta berezia eskainiko zaio ekintzailetza-gaitasunen detekzioari eta horren orientabide eta sustapen egokiari.
Langabeak eta Lanbide-hobekuntzan dauden pertsonak enplegu-eskatzaile gisa inskribatu eta erregistratzea, hasierako Lanbide-koadratze egoki baten bitartez sailkatzea, eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatu eta dinamikoak diseinatu eta eskaintzea.
Bere eraginpeko lurralde-eremuan prestakuntza-ekintzak identifikatu eta sustatzea.
Saio kolektiboak egitea, enplegu-eskatzaileek enplegu-bilaketarako prozesuan gaitasunak hobetzeko.
Enplegu-bilaketa aktiboa sustatzea tresna eta material egokien bitartez, laneratze-ibilbide pertsonalizatuen jarraipena eginez.
Lan-kontratuen komunikazioak kudeatzea.
Administrazio-espedienteen izapidetzea bultzatzea, dokumentazioa jasoz eta politika aktiboen programen kudeaketan ardura duten Zerbitzu Zentraletako Zuzendaritzekin koordinatuta esleitzen zaizkien zereginak garatuz.
Erakunde laguntzaileekin hitzarmenak sinatzeko proposamena egitea, bere jardunaren lurralde-eremuan.
Ikuskapen-planaren esparruan esleitzen zaizkion jarduerak garatzea, eta ezagutzen dituen irregulartasunen berri ematea organo eskudunari.
Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkion antzeko eginkizun guztiak garatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren zerbitza dauden langileak, esleitzen zaizkien eginkizunak kontuan izanik, Euskal Administrazio Publikoetako kidego eta eskaletako funtzionarioez eta lan-kontratudun langileez osatuta daude. Nolanahi ere, ahal publikoak erabili beharra daukaten lanpostuak funtzionarioentzat gordeta egongo dira.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku dago lanpostuak betetzeko sistema erabakitzea, baldintzak eta sarrera-proben ezaugarriak zehaztea nahiz lanpostuak betetzeko eta laneko sustapeneko prozeduretarako deiak egitea eta prozedura horiek kudeatzea eta ebaztea, beti ere publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioekin bat.
Funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketa bidez edo izendapen libre bidez hornitzen dira, aldez aurretik Zuzendaritza Nagusiak deialdia eginik, eta hori lor dezakete Euskal Administrazio Publikoetako funtzionarioek, dagokion lanpostu-zerrendan lanpostu bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Lan-kontratudunentzako lanpostuak Zuzendaritza Nagusiaren deialdi publiko bidez hornitzen dira, betiere enplegu publikoa lortzeko prozesuaren printzipioak zorrotz betez.
Administrazio Kontseiluari dagokio, zuzendari nagusiak proposatuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko diren lanpostu-zerrendak onartzea. Horiek lantzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarentzat eta haren erakunde autonomoentzat oro har onartutako irizpideak hartuko dira kontuan.
atala. Hizkuntza-normalizazioa.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hizkuntza-normalizazioko plan bat edukiko du.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ondarea osatzen du bere titulartasunpeko ondasun eta eskubideen multzoak.
Erakundearen titulartasunekoak diren eta horri esleitzen zaizkion ondasun eta eskubideei aplikatzeko araubidea, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakora egokitzen da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikitako ondasunen eta eskubideen jarraipena bere ondare-kontabilitatearen bitartez egin behar da. Era berean, erakundeak bere lankidetza eskaini behar du Ekonomia eta Ogasun Sailaren organo eskudunak egingo duen Inbentario Orokorra lantzeko, baita merkataritza-sozietateetan kapitala ordezkatzen duten akzio eta tituluen inbentario lagungarria ere lantzeko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak honako baliabide ekonomiko hauek ditu bere helburuak betetzeko:
Urtero diru-kopuru bat izango du, autonomia-erkidegoko aurrekontu orokorretan zehazturik.
Diru-laguntzak, beste administrazio publiko batzuen ekarpenak eta bere alde ematen diren dohaintzak.
Bere ondarean bildutako ondasun eta eskubideek sortutako diru-sarrerak, eta bere jardueren egikaritzaren ondoriozko diru-sarrera arruntak eta ezohikoak, erakundearen aurrekontuen kargura emandako diru-laguntzen onuradunek betebeharrak ez betetzeagatik izapidetutako itzulketa-prozedurei dagozkien diru-sarrera publikoak eta zehapenetatik datozenak barne.
Atxikitzen zaion beste edozein baliabide.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakundearen aurrekontu-proposamena lantzen eta onartzen du urtero, eta aurrekontu horiek Eusko Jaurlaritzara bidaltzen ditu dagokion independentziarekin Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan sartzeko, Euskadiko aurrekontu-araubidea erregulatzen duen legeriaren arabera.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontrol ekonomikoa ekonomia-finantzen kontrolaren eta kudeaketa-kontrolaren modalitatean burutzen da, Ekonomia-kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritakoaren arabera, eta diru-laguntzetarako deialdien gainean egiten den eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokion ekonomia- eta arau-kontrola bazter utzi gabe.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berak landuko du bere informazio ekonomiko-finantzarioa, betiere Kontabilitateko Plan Orokorreko irizpideei jarraiki. Informazio ekonomiko-finantzario horrek bat etorri behar du Euskal Autonomia Erkidegoko araudian zuzenbide pribatuko erakunde publikoentzat xedatutakorekin, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak xede horrekin emandako jarraibideekin ere.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak aurrera eramateko behar diren ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko eta eskuratzeko araubide orokorra kontratazio publikoari buruzko arauetan ezarritakoa da.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (6)
- Ikus: 3/2011 LEGEA, urriaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoa.
- Indargabetutakoa: 82/2012 DEKRETUA, maiatzaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituena.
- Garatzen du: 2/2009 LEGEA, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
- Aldatzen du: 538/2009 DEKRETUA, urriaren 6koa, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Indargabetzen du: 121/2004 DEKRETUA, ekainaren 15ekoa, Enpleguaren Euskal Kontseilua eta Enpleguaren Lurralde Kontseiluak sortzeko, arautzeko eta haien funtzionamendua ezartzeko dena.
- Aldatzen du: 34/1998 DEKRETUA, martxoaren 3koa, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokia sortzeko dena.