Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

323/2010 DEKRETUA, azaroaren 30ekoa, Ikerkuntzarako Euskadi Saria arautzen duena, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 250
  • Hurrenkera-zk.: 6483
  • Xedapen-zk.: 323
  • Xedapen-data: 2010/11/30
  • Argitaratze-data: 2010/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eginkizuna da, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera zientifikoa sustatzea eta zabaltzea.

Helburu hori lortzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Ikerkuntzarako Euskadi Saria sortu zuen. 1996-2002 aldian, maiatzaren 7ko 93/1996 Dekretuak arautu zuen sari hori, 2003-2005 aldian uztailaren 22ko 175/2003 Dekretuak, eta 2006-2009 aldian, berriz, urriaren 17ko 208/2006 Dekretuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea oso garrantzitsua da, horien lanak oso eragin positiboa izan baitu Euskadin. Horregatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero egingo du Ikerkuntzarako Euskadi Sarirako deialdia.

Horregatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko azaroaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen helburua Ikerkuntzarako Euskadi Saria arautzea da, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

  2. Bi urtez behingo txandakatzea izango du sariak, honelakoa, hain zuzen ere: urte bikoitietan, Zientzia eta Teknologiako gaiei buruzkoa izango da; bakoitietan, berriz, Gizarte eta Giza Zientzietako gaiei buruzkoa.

    Zientzia eta Teknologia alorrean Oinarrizko Zientziak, Osasun eta Bizitza-Zientziak, Teknologia eta Arkitektura barne hartzen dira.

    Gizarte-Zientziak eta Humanitateak berriz, Zientzia Sozioekonomikoak, Juridikoak eta Gizarte-zientziak hartzen ditu.

  3. Ikerkuntzarako Euskadi Sarirako deia urtero egingo da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindu baten bidez. Agindu horrek honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, sari horietarako ezarritako zenbatekoaren eguneratzea eta hautagaiak aurkezteko epea inolaz ere ez hilabete baino gutxiago. Hori guztia ahaztu gabe, 2010ean, dekretu honen xedapen iragankorretan ezarritakoari jarraituko zaio.

  1. Ikerkuntzarako Euskadi Sarietarako aukera izan dezake Euskadin jaio diren ikertzaile orok, bere lan-ibiliaren zati handi bat Euskadin egina badu, edo bere lanak Euskadin garrantzizko eragin positiboa izan badu.

  2. Hautagaiek behin baino ezin izango dute saririk jaso.

  3. Ezin izango dute hautagai izan zigor administratibo edo penala jasotzeagatik laguntza edo diru-laguntza publikorik eskuratzeko aukera galdu duenek edo laguntza publikoak eskuratzeko lege-debekurik dutenek, ezta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik debeku horrekin zigortutakoak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean jasotakoaren arabera.

  1. Erakunde zientifikoek edo beste zientzialari batzuek proposatu ahal izango dituzte hautagaiak. Halaber, hautagaiek euren buruak ere aurkeztu ahal izango dituzte.

  2. Eskatzen diren agiriak.

    1. Hautagaiaren proposamen-idazkia, proposatzen duten pertsonen zein erakundeen identifikazio zehatzarekin.

    2. Memoria laburra (gehienez ere hiru orri); bertan, hautagaia Dekretu honen 2.1 artikuluan ezarritako betebeharrak nola betetzen dituen adieraziko da. Halaber, hautagaiak saria jasotzea merezi duela frogatzen duten arrazoiak zeintzuk diren adierazi beharko da, hizkera ez espezializatu batean.

    3. Hautagaiaren curriculum vitaea.

    4. Curriculum vitaearen laburpen laburra, ingelesez, hautagaiaren karrerako elementu azpimarragarrienak adieraziz (bi orri).

    5. Hautagaiak erakunde zientifikoek edo zientzialariek proposatuak badira, hautagaiaren oniritzia adierazten duen agiria bidali beharko da.

    6. Zinpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: hautagaia ez dela izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko bide penaletik edo administratibotik zehatua edo horretarako desgaitua, ezta sexu-diskriminazioaren ondorioz zehatua, beti ere otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren aldekoaren azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

      Halaber, beste zientzialari batzuen gomendiozko gutunak eta egoki iritzitako beste edozein agiri erantsi ahal da.

  3. Agiriak aurkezteko euskarria.

    Dokumentu original horiek paperean aurkeztu behar izango da, gainera a) b) c) eta d) ataletan azaldutako dokumentuen kopia bat euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da.

  4. Agiriak aurkezteko lekua.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetatik edozein erabili ahal izango da horretarako. Hautagai-eskaerak eta bestelako agiriak, eta baita ondorengo edozein motatako posta-trukea, honako helbide honetara bidaliko dira:

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

    Zientzia Politikarako Zuzendaritza

    Eusko Jaurlaritza

    Donostia kalea, 1

    01010 Vitoria-Gasteiz

    Erref.: Ikerkuntzarako Euskadi Saria.

Dekretu honetan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, 10 eguneko epean hutsak zuzen ditzatela edo arauzko agiriak aurkez ditzatela eskatuko die Zientzia Politikarako Zuzendaritzak eskabideok izenpetzen dituztenei, eta zera adieraziko die: horrela egiten ez badute, eskaera bertan behera utzi dela ulertuko dela. Hori guztia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoa betez egingo da urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.

Dekretu honetan aurreikusi den sariaren kudeaketa Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren egitekoa izango da.

  1. Urtero eratuko da epaimahai bat, Ikerkuntzarako Euskadi Saria, dekretu honen 1.2 artikuluak ezarri duenaren arabera dagokion modalitatean, ebazteko.

  2. Ikerkuntzarako Euskadi Sarirako epaimahaikideak euren jardun-eremuetan izen handia dutenak izan behar dute; bost-zazpi kide izango dira, eta horietako bat epaimahaiburua izango da.

    Epaimahaiko osatzean,ahal den neurrian, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuneko printzipioa errespetatuko da, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren aldekoaren 20.6 artikuluaren arabera.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindu baten bitartez emango da epaimahaiko kideen berri, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, gutxienez, epaimahaiek epaia eman baino bost egun baliodun lehenago.

  4. Epaimahaiaren egitekoa izango da parte-hartzaileek baldintzak betetzen dituzten egiaztatzea, aurkeztutako curriculumak euren jakintza eta uste zintzoaren arabera ebaluatzea, eta sariak emateko proposamena egitea.

  5. Epaimahaiko kideek batzarretan euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean, deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta beste idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

  1. Sariak emateko erabiliko den prozedura lehiaketa izango da. Horretarako, modalitate bakoitzean aurkeztu eta onartu diren eskabideak erkatuko ditu epaimahaiak, eta bere jakintza eta uste zintzoarekin bat etorriz ezarri dituen irizpideen arabera baloraziorik handiena lortu duena bakarrik proposatuko du modalitate bakoitzean. Irizpide horiek guztiak sariak esleitzeko proposamenaren aktan jasoko dira.

  2. Epaimahaiak proposamenen inguruan erabakiak hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da epaimahaikideen gehiengoaren aldeko botoa izatea; berdinketarik izanez gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

  3. Sariak esleitzeko proposamenaren akta helaraziko dio epaimahaiburuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, eta sailburuak Agindu baten bidez sariak esleituko ditu. Administrazio-bideari amaiera emango dion Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hilabeteko epean, onartzen den egunetik kontatzen hasita.

  4. Saria esleitu gabe utzi ahal izango da.

  5. Sarien zenbatekoa ezin izango da banatu.

  6. Irabazleari berari ere egingo zaio Sariaren esleipenaren jakinarazpena.

  7. Deialdi-aginduaren arabera egindako eskabideak ebazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindua argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epe horren barruan jakinarazpenik egiten ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako. Horrek ez dio ezertan eragozten aipatu Legeak administrazioari berariaz ebazteko ezarri dion obligazioari.

  1. Saria aldi batean ordainduko da, dekretu honen 7.3 artikuluan adierazitako moduan sariaren esleipen-agindua argitaratu ostean.

  2. Gero, golardoa emango zaio sarituari, ekitaldi publiko batean.

Dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzekin batera beste finantza-erakunde batzuk helburu bererako ematen dituzten diru-laguntzak jaso ahal izango dira.

Lehenengoa. Prozedura gaietan Agindu honetan arautu gabeko kasuetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean, ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena. Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak, aginduan bertan aurreikusitakoaz gainera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bategineko VI. tituluan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

Hirugarrena. Xedapen honen bitartez 2010eko Ikerkuntzarako Euskadi Saria deitzen da, Zientzia eta Teknologia modalitatean, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

Laugarrena. Emango den sariaren zenbateko gordina 36.000 euro izango da. Sarituak estatuatxo bat eta bereizgarri bat ere jasoko ditu, gainera, saria emateko ekitaldi publikoan.

Bosgarrena. Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita.

Seigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomi eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko aurrekontu orokorretan.

Zazpigarrena. Dekretu honen ondorioz Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin dituzten harremanetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoetako ordezkariek euskara eta gaztelania, ahoz nahiz idatziz, erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

Interneteko helbide honetan daude eskuragarri deialdiaren eta berau arautzen duen dekretuaren testuak: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/.

Jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz Ikerkuntzarako Euskadi Sariak arautu zituen urriaren 17ko 208/2006 Dekretua indargabeturik gelditzen da.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko azaroaren 30ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.