Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

307/2010 DEKRETUA, azaroaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Bigarren Plan Orokorraren (2005-2016 aldia) berrikusketa onartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila; Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 242
  • Hurrenkera-zk.: 6236
  • Xedapen-zk.: 307
  • Xedapen-data: 2010/11/23
  • Argitaratze-data: 2010/12/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legean ezarrita dago aipatutako Planari aplikatzekoa zaion araubide juridikoa. Hain zuzen 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.a.8 artikuluaren bigarren eta hirugarren idatz-zatietan aipatzen da plan hori.

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio bai Errepideen Plan Orokorra, bai sei urtean behin egin beharreko berrikusketak bai ohiz kanpoko aldaketak onartzeko ardura. Horrela, bada, abenduaren 19ko 283/1989 Dekretuaren bidez, Errepideen Plan Orokorra onartu zen 1987-1998 aldirako; abenduaren 30eko 355/1992 Dekretuaren bidez, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren berrikusketa onartu zen eta, geroago, ekainaren 8ko 250/1999 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Bigarren Plan Orokorra onartu zen 1999-2010 aldirako.

Ekainaren 8ko 250/1999 Dekretuko 2. artikuluan xedatu da Errepideen Plan Orokorrak 12 urte iraungo duela, 1999tik 2010era, hain zuzen. Dena den, luzatu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legean xedatutakoaren arabera sei urtean behin egin behar den berrikusketaren bidez.

Epe hori igarota, beraz, Errepideen Bigarren Plan Orokorra onartzeari ekin behar zaio.

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 12.1 artikulua betetze aldera, Garraio eta Herri Lan Sailak Planaren Aurrerapena idatzi zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Batzordearekin elkarlanean. Batzordeak 2007ko maiatzaren 31n eman zuen aldez aurreko txostena, eta, ondoren, jendaurreko entzunaldiko izapidea, administrazio interesdunei entzuteko izapidea eta ingurumenaren arloko izapidea bete ziren, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan xedatutakoaren bat etorriz.

Prozesu horretan zehar egindako aldaketak dokumentuari atxiki eta gero, batzordeak dokumentuaren aldeko txostena eman zuen 2009ko apirilaren 6an, eta, horiek horrela, plana behin-behinekoz onartu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak dokumentuaren aldeko txostena eman zuen 2009ko abenduaren 16an.

Uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan xedatutakoa betetze aldera, Ingurumeneko sailburuordeak ingurumenaren eraginaren gaineko behin betiko txostena (IDIA) eman du 2010eko irailaren 24an. Halaber, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak Planean ingurumenari lotutako alderdiak sartzeari buruzko motibazioaren gainean dagokion adierazpena idatzi du 2010eko irailaren 30ean. Adierazpen hori, hain zuzen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da.

Horiek guztiak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Berrikusketa onartu behar da.

Horrenbestez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko azaroaren 23an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 9. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraio eta Herri Laneko sailburuaren 2007ko uztailaren 12ko aginduaren bidez onartu zen araua -zoruak neurtzeko araua, hain zuzen- sartuko da Errepideen Plan Orokorra (1987-1998) onartzeko abenduaren 19ko 283/1989 Dekretuaren III. kapituluan ezarritako arau teknikoetan.

Bigarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak emandako agindu bidez argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ingurumen Eraginari buruzko Behin Betiko Txostena, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Indargabetu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Bigarren Plan Orokorra 1999-2010 aldirako onartzeko ekainaren 8ko 250/1999 Dekretua eta maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak, Dekretu honi aurka egiten dieten alderdiei dagokienez.

Dekretu hau Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu eta egun horretan bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko azaroaren 23an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

AZAROAREN 23KO 307/2010

DEKRETUAREN ERANSKINA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERREPIDEEN BIGARREN PLAN OROKORRAREN BERRIKUSKETA

(Erantsitako dokumentua Interneteko honako helbide honetan dago: http://www.garraioak.ejgv.euskadi.net/r41-430/eu/contenidos/informacion/plancarreteras/eu_plc/eu_plc.html)