Arautegia
Inprimatu303/2010 DEKRETUA, azaroaren 23koa, Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: ---
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 235
- Hurrenkera-zk.: 5960
- Xedapen-zk.: 303
- Xedapen-data: 2010/11/23
- Argitaratze-data: 2010/12/09
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak eta, geroago, hori aldatu zuen uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak sailburuei agindu zien dagozkien sailetako erregelamendu organikoak egiteko, eta horiek egokitu behar ziren oinarrietara eta gobernuaren programan aurreikusitako helburuetara, beraiei emandako jarduteko arlo bakoitzerako. Halaber, ezarrita zegoen araudi horiek jarraitu behar zituztela egiturak murrizteko eta soiltzeko antolaketa-irizpide hertsiak, baita arlo funtzionalak batzen dituztenak edo eduki zabalekoak eraikitzekoak ere.
Manu hori betetzeko asmoz, Herrizaingo Sailak onartu zuen Herrizaingo Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretua eta 2009ko abenduaren 14an argitaratutako akatsen zuzenketa, aipatu 4/2009 Dekretuaren Lehenengo Azken Xedapenean adierazitako antolaketa-irizpideen arabera.
Oraingo aldaketa honek sakontzen du Herrizaingo Saileko arlo guztietan hasitako birmoldaketa eta 4/2009 Dekretuaren ondoriozko antolaketa-irizpideak betetzea, bere eskumenen kudeaketan efikazia eta eraginkortasun gehiago lortzeko. Ildo horretan, eta segurtasun eginkizunen administrazio-euskarriari eskainitako arloetan eraginkortasun handiagoa lortzeko asmoz, Baliabide Tekniko eta Azpiegituren Zuzendaritza ezabatu da eta orain arte betetzen zituen eginkizunak banatu dira Kudeaketa Ekonomiko eta Kontratazio Zuzendaritzaren eta Segurtasun Sailburuordearen Kabineteko Zuzendaritzaren artean. Horren ondorioz, hurrenez hurren, honela izendatuko dira: Kudeaketa Ekonomiko eta Azpiegituren Zuzendaritza eta Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritza.
Ildo beretik, hainbat arlotako egitura ebaluatu da eta, horren ondorioz, gomendatu egin da egitura berria eta eraginkorragoa diseinatzea, lehen bi zuzendaritzatan banatutako administrazio-zerbitzuak batuz. Gauzak horrela, Hauteskunde eta Dokumentazio Zuzendaritza ezabatu egin da eta bere eginkizunak Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari eman zaizkio; horren ondorioz, horrela deituko da: Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritza.
Bestalde, esperientziak baiezta dezake meteorologia- eta klimatologia-zerbitzuak alerta-sistemen parte direla, pertsonei eta ondasunei arrisku larria ekar diezaieketen egoerek eragin dezaketen muturreko meteorologia-fenomenoen aurrean. Horregatik, ezin ukatuzko elkarlotura ikusita, egokitzat jo da Meteorologia Zuzendaritza Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzan sartzea eta hauxe da izendapen berria: Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
Herrizaingo Sailburuordetzaren birmoldaketa osatu egingo da bere eginkizunen eremuan Trafikoko Zuzendaritza sartuz. Funtsean, horren bidez bilatu nahi da trafikoaren berri ematen duten zerbitzuen eta larrialdi eta meteorologia zerbitzuen arteko elkarlotura eta koordinazio operatibo handiagoa. Kontuan hartu behar da planteatutako behar berriek, larrialdi txiki eta handietako prebentzioko laguntzari eta laguntza operatiboari dagokienez, larrialdietan esku hartzen duten baliabideen erantzuna hobetzeko antolamenduzko erronka dakartela.
Azkenik, arintasun eta eraginkortasun operatibo handiagoa lortzeko asmoz, Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio, batetik, diru-laguntzak kudeatzeari eta pintadak, kartelak eta gainerakoak kentzera zuzendutako jarduerei dagozkien eginkizunak eta, bestetik, orain arte segurtasun pribatuaren eremuan Ertzaintzari atxikitako eginkizunak. Gauzak horrela, izen hau hartuko du: Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritza.
Ondorioz, Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko azaroaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Organo nagusiak:
Sailburua.
Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.
Harreman Sozialak Komunikabideekin Bideratzeko Zuzendaritza.
Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza.
Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza.
Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza.
Kudeaketa Ekonomiko eta Azpiegituren Zuzendaritza.
Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritza.
Giza Baliabideen Zuzendaritza.
Herrizaingo Sailburuordetza.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritza,
Trafiko Zuzendaritza.
Segurtasun Sailburuordetza.
Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritza.
Ertzaintzaren Zuzendaritza.
Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritza.
Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua.
Kabineteko Zuzendaritzak lagunduko dio sailburuari bere eginkizunetan eta aholkularitza-lana ere egingo du. Hona hemen Kabineteak bere gain hartuko dituen eginkizunak:
Sailburuaren lan-egitaraua jarraituko du.
Sailaren politika garatzeko interesgarri direlakoan, sailburuak agintzen dizkion ikerketak eta azterlanak egiteari ekingo dio.
Sailaren eginbeharrekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea. Horretarako gaiarekin zerikusia duten Saileko beste organo eskudunekin batera lan egingo du.
Saileko estatistiken elaborazioa koordinatu eta arlo honekin zerikusia duen organo eskudunetan Sailaren ordezkari agertuko da.
Saileko ekintza ofizialak eta protokolozkoak antolatuko ditu, Gobernuaren Lehendakaritzari dagozkionaz gain.
Ertzaintzaren Musika-bandaren parte hartzea planifikatzea eta zehaztea, ekintza ofizial eta protokolozkoetan.
Sailak sustatutako kongresuak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatuko ditu.
Sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin izan beharreko harremanak bideratzea Jaurlaritzako Lehendakaritzaren bitartez, berori baita organo eskuduna.
Zuzendaritza honi atxikitzen zaizkio, Ertzaintzako kideen funtzionario-estatutuarekin zerikusia duten gaiak salbu, Zerbitzu Unitatekoak diren Ertzaintzako funtzionarioak, beroriek Ertzaintzako kideak omendu edo aintzat hartzeko zerikusia duten ekitaldi ofizial eta protokolo-ekitaldien antolamenduan lan egiten baitute.
Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren menpe hauek daude:
Kudeaketa Ekonomiko eta Azpiegituren Zuzendaritza.
Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritza.
Giza Baliabideen Zuzendaritza.
Kudeaketa Ekonomiko eta Azpiegituren Zuzendaritzak Herrizaingo Sailaren administrazio ekonomikoa eta kontratazioa egiteko ardura osoa du. Era berean, mota guztietako instalazio eta azpiegituren kudeaketa dagokio, baita segurtasun publikoko jarduerak garatzeko diren Herrizaingo Saileko informatika eta telekomunikazio sistemak ere.
Sailaren Aurrekontuaren Aurreproiektua lantzea eta zuzentzea, baita horren jarraipena egitea ere. Behar diren aurrekontu-aldaketak izapidetzea eta gastu-programen ebaluazioa egitea. Era berean, Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren aurrekontu-proiektuaren lanketa koordinatzea eta sailaren aurrekontuarekin bategitea.
Sailaren kudeaketa ekonomikoa, aldi berean informazio-, etengabeko ebaluazio- eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.
Saileko kontratazio-organoari dagozkion eskumenak betetzea, kontratu horien gutxi gorabeherako balioa 500.000 eurotik gorakoa ez bada, baita Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 4. artikuluaren 1.n) idatz-zatian daudenak ere, 35/1997 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoak izan ezik, eta 471/2009 Dekretuaren 14. artikuluko 6. idatz-zatiari jarraiki.
Sailari atxikitako ondareko espedienteak kudeatzea, baita beste sail batzuetako organoen ardurapeko espedienteen izapidetza bultzatzea ere.
Sailaren gastuak baimentzea, 500.000 eurotik beherakoak badira (BEZa barne).
Ekonomia-edukia duten arau-xedapenen, administrazio-hitzarmenen, eta diru-laguntzak arautzen dituzten aginduen aurreproiektu eta proiektuek duten eragina lege, aurrekontu eta ekonomiaren aldetik aztertu eta gainbegiratzea, fiskalizazio-organoetara bidali baino lehen. Era berean, derrigorrez txosten juridikoa behar duten administrazio-kontratazioko gaiei buruzko irizpenak ematea.
Euskadiko Ogasun Orokorrari dagozkion berezko arloak direla-eta, Herrizaingo Sailari dagozkion zereginak ere bai, sail guztiei oro har esleituta datozen gai erkideak direlako.
Segurtasun arloko jardueretarako informazio-teknologien eta telekomunikazioen planak eta programak egitea, Saileko gainerako organoekin koordinatuta.
Herrizaingo Saileko segurtasuneko komunikazioen sare ofiziala, baita horrelako helburua duten gainerako tresnak eta sistemak ere, plangintzan jaso, diseinatu, kudeatu eta mantentzea.
Segurtasun arloko jardueretarako zerbitzu informatiko eta telekomunikazioen instalazioak eta sistemak hornitzea, mantentzea eta kudeatzea.
Herrizaingo Saileko obra proiektuak gainbegiratzeko bulego gisa aritzea.
Herrizaingo Saileko zerbitzuak eta ibilgailuak antolatzea, kudeatzea eta administratzea; hain zuzen, Administrazioko Ibilgailuak arautzen dituen uztailaren 27ko 300/1999 Dekretuaren 3. artikuluaren barruan daudenak.
Beharrezko azpiegiturak, eraikinak eta instalazio orokorrak hornitzea, baita segurtasunekoak ere. Era berean, horiek ondo daudela bermatuko da mantenuko, energia aurrezteko eta ingurumeneko politika egokiak garatuz eta aplikatuz.
Herrizaingo Sailburuordetzari dagozkio Herrizaingo Sailari izendatzen zaizkion eginkizunak, polizia-jardunarekin zerikusirik ez duen segurtasunaren arloan; besteak beste, larrialdiak, joko-ikuskizunak, meteorologia eta klimatologia, hauteskunde-araubidea eta trafikoa kudeatzea.
«3. Honako Zuzendaritza hauek daude Herrizaingo Sailburuordetzaren menpe:
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritza,
Trafiko Zuzendaritza».
Larrialdiei aurre egiteko eremuan, honako eginkizun hauek dagozkio Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari: Larrialdiak kudeatzeko den apirilaren 3ko 1/1996 Legeak eta hari lotutako araubide osagarriak ezartzen dutenaren haritik, Herrizaingo Sailari dagozkion eginkizunak zein eskumenak betearaztea eta betetzea. Zehazki hauxe dagokio:
Eusko Jaurlaritzaren esku dauden babes zibileko planak egitea; horien ezarpena, mantenua eta berrikuspena koordinatzea, baita erabilera koordinatzea ere; betiere, kasuan kasuko planak bere zuzendaritzari buruz ezartzen dituen xedapenekin bat etorriz.
Ordenamendu juridikoan aurreikusitako baliabideak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazioen ardurapeko larrialdietarako planen idazketa bultzatzeko laguntza ematea; baita, erkidego-mugez kanpoko eremua hartzen badute ere, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eragin berezia izan dezaketenena ere.
SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, eratxikiak baititu, antolatzea, zuzentzea eta kudeatzea.
Larrialdiak kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 26.2 artikuluak aipatzen dituen jarduteko taktikak prestatzea; orobat, haien tratamendurako jarduerak zuzentzea eta jarduteko baliabideak koordinatzea, uztailaren 24ko 153/1997 Dekretuaren 2. artikuluan jasotakoaren arabera. Dekretu horren bidez onartzen da Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibilaren Plana eta arautzen dira larrialdiei aurre egiteko euskal sistemako integrazioko mekanismoak.
Euskal Autonomia Erkidegoan gerta daitezkeen larrialdi-egoerei aurre egiteko era guztietako bitarteko eta baliabideak sor eta gara daitezen bultzatzea.
Larrialdiei aurrea hartzeko eta horietan esku hartzeko herritarren partaidetza antolatzeko eta garatzeko ekimenak sustatzea. Horretarako, babes zibileko boluntario-elkarteen jarduera bultzatuko da, baita Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman sartzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko arriskuen inbentarioa eta erabilgarri diren bitarteko eta baliabideen katalogoa eguneratuta izatea.
Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren babes zibileko eta larrialdietako eskumenen eremuan, larrialdietarako ariketak eta simulazioak antolatzea eta egitea.
Larrialdiei eta babes zibilari buruzko prestakuntza-politika definitzea, eta horretarako hauxe dagokio:
Euskal Herriko Polizia Ikastegiak burutu beharreko prestakuntza-politikako ildo estrategikoak eta jarraibide orokorrak egitea.
Bitarteko didaktikoak sortzea sustatuko da, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren langileak kualifikatzeko eta, oro har, herritarrak sentsibilizatzeko.
Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sisteman dauden baliabideen homogeneizazioa sustatzea, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiarekin lankidetzan, prestakuntza programa komunak ezarriz.
Larrialdiak kudeatzeko lanbide-maila guztietako prestakuntza-curriculumen garapena bultzatzea.
Autobabesari buruzko araudiaren eta bere lege-garapenaren aplikazioa bultzatzea eta, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Auto-babeseko Planen erregistroa ezartzea eta kudeatzea.
Autobabesa sustatzea eta hedatzea eta, horretan eskumena edo interesa duten beste erakunde batzuen laguntzarekin, herritarrek dituzten arriskuei eta larrialdietan erantzuteko moduei buruzko informazio-ikerlanak eta -programak egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoan bertan eta kanpoan gertatutako larrialdi eta hondamenetan eta horien tratamenduan espezializatutako dokumentu-fondoa antolatzea; halaber, gai horretaz ikerlanak egitea.
Izaera publiko eta pribatuko erakundeek egiten dituzten jarduerak sustatzeko politika bultzatu eta burutzea, betiere jarduera horiek larrialdiekin eta babes zibilarekin loturik daudenean.
Babes zibilari eta larrialdiei buruzko gaiak zerrendatu eta koordinatzea, edota, behar denean, organo autonomikoak, estatukoak edo nazioartekoak zuzentzea edo horietan parte hartzea.
Itsasoko gertakariei aurre egitea bermatzeko behar diren neurriak garatzea, baita itsas salbamenduaren arloan Estatuko legeriak ezartzen duena betearazteko ere.
Autonomia Erkidegoaren Administrazioko meteorologia eta klimatologiaren eskumenen barruan, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari hauxe dagokio:
Euskal Autonomia Erkidegoaren titularitateko metereologia jarduerak zuzentzea, garatzea eta koordinatzea, baita meteorologiaren administrazio publikoko antolaketa-proposamena ere.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko Metereologia Zerbitzuen plangintza egitea eta haren jarraipena eta berrikuspena egitea ere.
Metereologia-azpiegituren lurraldeko plan sektoriala egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoko metereologia-beharren eremuan, azterlanak eta ikerketak garatzea, baita Zuzendaritzari dagozkion gaiei buruzko irizpenak eta txostenak lantzea ere.
Meteorologia eta klimatologiaren gaineko informazio-politika eta produktuak garatzea, zerbitzu publikoentzat komenigarriak direnak (babes zibila, bide-segurtasuna, etab.), baita klimatologiak eta meteorologiak garrantzi handia duten zenbait sektore eta jardun ekonomikorentzat ere (nekazaritza, arrantza, etab.).
Meteorologia eta klimatologiaren gaineko informazioa osatzea, ematea eta jakinaraztea erabiltzaile publiko nahiz pribatuei, indarreko legeriaren eta horretara zehaztuko diren irizpideen arabera.
Obra eta instalazioetan inbertsioak planifikatu eta programatzea, zuzendaritzaren jardun-arloetan.
Autonomia Erkidegoko eskumenekoak diren meteorologiako azpiegiturak egiteko obra-proiektuak onartzea eta burutzea, eta gero horiek zaindu eta ustiatzea, baita meteorologia-obra eta -instalazioekin lotutako teknologiak ikertzea, aztertzea eta eguneratzea ere.
Eguraldiari begiratzea, modu integralean eta etengabean.
Sare hidrometeorologikoa eta sarearen informazio-kalitatea planifikatzea, zaintzea eta mantentzea.
Metereologiari buruz eta gerta daitezkeen gainerako klima-fenomeno naturalei buruz azterketak eta iragarpenak egitea.
Metereologiaren gaineko informazioa kudeatzea eta jakinaraztea, ofizialtasunez.
Metereologiari buruzko ikerketa, prestakuntza eta egiaztapen teknikoa sustatzea.
Euskal Metereologia Agentzia atxikita dago Larrialdiei Aurre Egiteko eta Klimatologiako Zuzendaritzari eta Euskal Metereologia Agentzia sortzen duen abenduaren 16ko 311/2003 Dekretuak emandako eginkizunak beteko ditu.
Zuzendaritza honi atxikitzen zaio Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzua (LAZLZ), bere barruan dauden Ertzaintzako kideen funtzionario-estatutuarekin zerikusia duten gaiak salbu.
Hauteskunde-administrazio eta dokumentazioaren eremuan, Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari eginkizun hauek dagozkio:
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak Herrizaingo Sailari modu iraunkorrean izendatzen dizkion eginkizun eta eskumen guztiak planifikatu eta garatzea, sailburuaren esku uzten direnak izan ezik.
Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren hauteskunde-prozesuen garapena modernizatzeko beharrezko diren proiektuak aztertzea, egitea eta sustatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren ordezkaritza politikoan eragina izan dezaketen hauteskunde-prozesuen jarraipena egitea, baita hauteskunde-araudi guztiak aztertzea, ikertzea eta biltzea ere.
Indarrean dagoen hauteskunde-legean finkatutako irizpideen arabera, urteko diru-laguntza sozio-politikoen zenbatekoa nola banatu proposatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko hauteskunde-legearen aldaketa aztertzea eta proposatzea.
Erreferendumak eta kontsultak egiteko behar diren jarduerak planifikatzea, kudeatzea eta aurrera eramatea, indarreko legeriak ezarritakoaren arabera.
Dokumentazioaren alorrean hauxe dagokio:
Herrizaingo Sailak eskainitako interes orokorreko dokumentu bidezko informazio-zerbitzua kudeatzea, informazio automatizatua emateko bai bibliografikoa bai prentsa, irrati eta telebistakoa zein Internetekoa.
Behar diren agiri bibliografiko eta tekniko guztiak katalogatzeko organo moduan aritzea, saileko politika aurrera eramateko eta administrazio-zerbitzuak ahalik eta onenak izan daitezen.
Joko eta Ikuskizun arloan honako ahalmen eta eginkizun hauek dagozkio:
Joko-aretoak irekitzeko eta berriztatzeko baimena ematea, hala egokituz gero, baita indarreko araudian aurreikusitako joko-mota guztiak ere.
Joko-jarduerekin zerikusia duten eginkizunak betetzeko beharrezko lanbide-agiriak eman, berriztatu eta, hala badagokie, baliogabetzea.
Sare informatikoen bidezko urrutiko konexioko jokoa baimentzea, sare telematiko eta joko-sistemen bitartez, betiere dagokion araudi eta planifikazio esparruan.
Joko-mota desberdinak ustiatzeko enpresak eratzeko baimena ematea; baita enpresetan aldaketak egitekoa, enpresak berritzekoa eta, hala behar izanez gero, ezabatzekoa ere.
Joko- eta apustu-makinak ustiatzeko baimenak ematea eta, kasuan kasu, baimena berritzea edo iraungipena adieraztea.
Joko eta ikuskizun publiko eta jolas-jardueretan zehatzeko ahalmena kontrolatu, ikuskatu eta erabiltzea, Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 32.1 artikuluan eta Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 38.3.b) artikuluan jasotako zehapenak eta indarrean dauden arauek izenda diezazkiotenak jarriz.
Halaber, hauxe dagokio: Kirol-ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legean aurreikusitako zehapen-erregimenari buruzko espedienteak izapidetzea; hori dela eta, arau-hauste arin eta larriei dagozkien zehapenak jarriko ditu.
Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzako Lege Aholkularitza Arloak zehapen-espediente horien izapideak egingo ditu.
Baimendu beharreko joko-sistemak edo -elemen
tuak homologatu eta ikuskatzea.
Joko-lokaletan sartzeko debekua duten pertsonen erregistroa kudeatzea, eta beste administrazio publiko batzuekin koordinatutako informatika sisteman ezarpena sustatzea, era horretan sarbide azkarra emateko eskatzen duten pertsonei.
Jokoak gizartean duen eragina ikertzeko azterketak eta ikerlanak egitea; herritarren portaerei, adingabekoei eta adikzio-jokabideak kontrolatzeari dagokienez.
Herritarrei zuzenduta, jendaurreko sentsibilizazio-kanpainak egitea joko arduratsua eta bermeduna lortze aldera.
Ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren alorrean Herrizaingo Sailari izendatutako eskumen guztiak baliatzea, beste organo batzuei izendatutako eskumenak salbuespen direla.
Joko eta ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak zerrendetan jaso eta koordinatzea eta, behar denean, erkidegokoetako, estatuko edo nazioarteko organoetan lanak zuzentzea edo parte hartzea; hori guztia Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueretarako Euskal Herriko Kontseiluari dagozkion koordinazio ahalmenen kaltetan gabe.
Beren eskumeneko lokal eta instalazioei buruzko gaietan, tokiko entitateekin lankidetzan eta elkarlanean aritzea.
Zuzendaritza honenak diren gaiei dagozkien datuak biltzeko, aztertzeko eta bideratzeko lanak antolatzea eta ustiatzea eta; halaber, Zuzendaritza honen eskumenekoak diren joko eta ikuskizun-gaietako estatistikak eta ikerketak egitea.
Joko eta Ikuskizun Unitateak Euskal Autonomia Erkidegoz kanpokoak diren antzeko zerbitzu edo unitateekin dituen harremanak bideratzea eta koordinatzea, betiere joko eta ikuskizun alorrean egin beharreko ikuskapen- eta kontrol-zereginei dagokienez.
Zuzendaritza honen menpean dauden Lurralde Bulegoek, Zuzendaritzaren titularrak emandako jarraibideen arabera, beren lurralde-eremuaren barruan honako ahalmen eta eskumenak izango dituzte:
Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak egiteko baimenak ematea, 10.000 lagunetik gorako edukiera dutenei dagozkienak eta zezen-ikuskizun nagusiak izan ezik.
A motako eta B motako makinei dagozkien izapideak egitea eta baimenak ematea, ustiaketa-baimenak eta jabez aldatzekoak izan ezik.
Beharrezko lanbide-dokumentuak ematea eta berritzea bingo-aretoetan jardun ahal izateko.
Lokal publikoen dokumentazioa eta datu-baseak kudeatzea eta eguneratzea, baldin eta horren kontrola Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari badagokio.
Dagokion lurralde-eremuan ikuskaritzarekin koordinatuta egotea.
Dagokion lurralde-eremuan hauteskunde-administrazioaren jarduerak kudeatu, antolatu, izapidetu eta koordinatzea.
Aipatutako eginkizun horiek betetzeko, Ertzaintzako Joko eta Ikuskizun Unitatea Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren menpeko izango da jardunez, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 34.2 artikuluaren eta Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legeko 25. artikuluaren arabera.
Orobat, joko eta ikuskizunen politikak finkatzeko, Hauteskunde Administrazio eta Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak horretarako behar duen informazioa eskatu ahal izango dio Ertzaintzaren Zuzendaritzari.
Trafiko Zuzendaritza da Autonomia Erkidegoko bide-segurtasuneko politikak egiteko eta kudeatzeko ardura duen organoa.
Trafikoa eta bide-segurtasuneko araudian baimentzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko aurreikusi diren ahalmenak baliatuz, eginkizun hauek dagozkio:
Trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko arauen eta xedapen osagarrien aurkako arau-hausteengatik hasitako zehapen-espedienteen izapideak egitea eta ebaztea.
Arauz ezarritako gehienezko masak eta neurriak gainditzen dituzten ibilgailuentzako baimen bereziak ematea, ezaugarri teknikoengatik edo karga zatiezina garraiatzen dutelako.
Lasterketa, txapelketa, lehiaketa eta, oro har, kirol-probetarako baimena eta horiei buruzko argibideak ematea, zati batean edo osoan Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko bideetatik egin behar direnean. Ekitaldi horiek direla-eta, jendetza handia bilduko dela aurreikusten bada eta, beraz, horrek segurtasun-arazoak ekar ditzakeela ikusiz gero; arlo horri dagokion eskumena baliatzea Ertzaintzaren Zuzendaritzarekin eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin koordinatuko da.
Ibilgailu historikoei buruz indarreko araudian aurreikusitako eginkizunak.
Gidarien eskola partikularrak baimentzea, kontrolatzea eta ikuskatzea, indarrean dagoen araudi erregulatzailearen arabera.
Lehen aipatutako b), c), d) eta e) idatz-zatiekin lotutako ahalmenak Trafikoko Lurralde Bulegoei dagozkien organoek beteko dituzte, beren eskumeneko eremuak kontuan hartuta.
Lehen aipatutako a) idatz-zatiarekin lotutako ahalmenak Trafikoko Lurralde Bulegoei dagozkien organoek eta Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuaren arduradunak beteko dituzte, beren eskumenen eremu barruan.
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko zehapen-prozedura arautzen duen araudian aurreikusitako ondorioetarako, Trafikoko Lurralde Bulego bakoitzeko edo Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuko instrukziogilea izango da zehapen-espedienteak izapidetzeko organo arduraduna, baina zehatzeko eskumena Trafikoko Lurralde-arduradunek eta Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuaren arduradunak izango dute.
Trafikoa eta bide-segurtasuna kudeatzearen eta kontrolatzearen alorrean, Trafiko Zuzendaritzari dagokio eginkizun hauek betetzea:
Hiriarteko trafikoa kudeatzea eta kontrolatzea. Hori betetzeko, maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretuaren bidez sortu zen Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta helburu horretarako sortutako gainerako instalazioak zuzentzea eta kudeatzea berari dagokio.
Hiriarteko bideetan segurtasuna eta arintasuna hobetzeko jarduerak planifikatzea, zuzentzea eta koordinatzea, batez ere herri barruko bideetan eta herri handietako sarreretan, baita trafiko handikoak eta arriskutsuak diren zati eta guneetan eta zeharbideetan ere.
Erabiltzaileei bide publikoetako trafikoari buruzko informazioa ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoko bide publikoetako trafikoaren kontrola, antolaketa, zaintza eta diziplinako irudiak hartzeko eta erreprodukzioa egiteko bideokamerak eta beste edozein baliabide jartzeko eta erabiltzeko agintzea, zeregin hori udalaren esku dagoenean.
Trafikoa arautzeko neurri bereziak hartzea, indarrean dagoen legediarekin bat etorriz.
Aurreko paragrafoetan definitutako ahalmenak garatzeko, Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzako Trafikoko Atalaren laguntza izango du. Ondorio horietarako, Trafiko Zuzendaritzak dagozkion jarraibideak bidaliko dizkio Ertzaintzako Trafikoko Ataleko buruari.
Bide-segurtasuneko prestakuntza, heziketa eta ikerketaren alorrean, eginkizun hauek dagozkio:
Bide-prestakuntzako irakasle-titulua eta gidarientzako eskola partikularren zuzendariaren titulua lortzeko ikastaroak antolatzea, aipatutako titulu horiek ematea eta eskola horietako irakasleentzat birziklatzeko ikastaroak antolatzea.
Jarduteko programak planifikatu eta prestatzea eta; halaber, hezkuntza, prestakuntza eta bide-segurtasunaren alorrean zabalkunde kanpainak garatzea.
Sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroak emateko modua zehaztea.
Trafiko eta bide-segurtasunaren alorrean azterketak eta ikerlanak egitea.
Trafiko Zuzendaritzak Trafiko eta Bide-segurtasuneko Behatokiaren eginbeharra garatzen du, zeinak trafiko eta bide-segurtasunari buruzko informazioa bildu, aztertu eta zabaltzeko ardura hartzen baitu.
Arlo horretan erakunde guztien lankidetza bermatzeko, Trafiko Zuzendaritzari honako eginkizun hauek betetzea dagokio:
Foru Aldundiekin harremanak izatea, bere eskumenak garatu eta betetzeko.
Errepide gaietan eskumena duten administrazioekin lankidetza sustatzea, bakoitzak dituen eskumenez baliatzean elkarri laguntzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuekin lankidetzan aritzea, batez ere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin, ikastetxeetarako bide-segurtasunari buruzko berariazko programazioa lortzeko eta; bestetik, Osasun eta Kontsumo Sailarekin, edari alkoholdunek, droga toxikoek, estupefazienteek eta gai psikotropikoek istripuetan duten eragina aztertu eta egoera horri aurre hartzeko.
Eskualdeko eta nazioarteko beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Europa barneko errepideen sareko trafikoaren kudeaketari eta trafikoko informazioaren elkartrukeari dagokienez.
Segurtasun Sailburuordetzaren menpe honako zuzendaritza hauek daude:
Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritza.
Ertzaintzaren Zuzendaritza.
Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritza.
Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritzak Segurtasun Sailburuordetzari laguntza emango dio aurreko artikuluan esleitutako eginkizunak eta eskumenak betetzeko. Gainera, honako eginkizun hauek izango ditu:
Polizia-jardun eta -antolamendurako proiektu eta plan orokorretan aholku ematea.
Poliziaren barruan lanbide-teknikak modernizatu eta hobetzeko lantzen diren proiektu eta txostenen gainean aholku ematea.
Polizia Zerbitzuak Hobetzeko Ekimenen Bulegoa - Ekinbide antolatu eta kudeatzea.
Segurtasun arloan estatistikak lantzea; hain zuzen, bere barneko organoen arduradunekin elkarlanean.
Segurtasun Sailburuordetzako Erregistro eta Artxibategi Sistema antolatzea eta kudeatzea, baita Segurtasun Sailburuordetzako bibliografía-baliabideak eta argitalpenak ere. Hori guztia, Herrizaingo Saileko beste organo batzuek esleituta dituzten eskumenak alde batera utzi gabe. Era berean, berari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordearen agiriak eta erabakiak artxibatzea eta horien jarraipena egitea.
Polizia-zerbitzu publikoaren araubide juridikoari buruzko alorretan aholku emango die Ertzaintzako zuzendaritza-organoei.
Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoak eta Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legeak aurreikusten duten zehapen-erregimenari buruzko espedienteak ireki eta izapidetuko ditu.
Uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuak ematen dizkion eskumenez baliatzen lagunduko dio Segurtasun sailburuordeari; aipatutako Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak toki publikoetan bideokamerak baimentzeko eta erabiltzeko erregimena garatzen du.
Polizia zerbitzurako Datuak Lantzeko Zentroa kudeatzea.
Segurtasun publikoaren arloan instituzio eta/edo erakunde publiko zein pribatuekiko harremanak sustatu, koordinatu eta bidatzea; betiere, Herrizaingo Saileko beste zuzendaritza batzuen eskumenei kalterik egin gabe.
Zuzendaritzaren mendeko polizia-unitateen plantilla organikoen proposamenak egitea, baita horiek aldatzea edo ezabatzea ere.
Material eta azpiegitura polizialen beharra eta egokitasuna aztertu eta ebaluatzea, baita horien estandarizazioa eta homologazioa proposatzea ere.
Azpiegitura eta baliabide material polizialak ezarri, eskuratu, mantendu eta berritzeko planak eta programak proposatzea.
Baliabide materialen hornikuntzaz eta dotazioaz arduratzea, baita berorien kontrolaren kudeaketaz ere.
Itzulpen eta interpretaritzako laguntza zentralizatua emateko zerbitzuak kudeatzea.
Ertzaintzako langileak izan gabe polizia-egoitzetara aldiro-aldiro sartzen diren pertsonen dokumentazioa egin eta kontrolatzea.
Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritzak, dagozkion eginkizunak gauzatzeko, bere Egitura Aginduan zehaztuko diren Ertzaintzako unitateen laguntza izango du, bertan ezarriko den mendekotasunpean.
Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritzari honako eginkizun hauek dagozkio:
Segurtasun Sailburuordetzari eta halaxe eskatzen duten tokiko erakundeei aholku ematea udaltzaingoen arteko koordinazio-arloan.
Udaltzaingoak sortzeko baimenaren eskariak izapidetzea, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 116.2 artikuluan aurreikusitako kasuen arabera.
Esparru araua lantzea, udaltzaingoen antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua horretara egokitu dadin.
Udaltzaingoetako funtzionarioentzat aplikagarria den araubide juridikoaren aldaketak proposatzea.
Plantillen uniforme, akreditazio, baliabide tekniko eta egitura arloetan homogeneizazioa bultzatzea.
Udalerrien arteko lankidetzarako baldintzak zehaztea eta lankidetza hori baimentzea, aplikagarria den araudiak hala eskatzen duenean, beren premiei aparteko edo ohiz kanpoko egoeretan erantzuteko; baita batera jarduteko planak zehaztea ere, udaltzaingoaren eginkizun espezifikoei loturiko egoerei eta beharrei aurre egiteko.
Elkarrekiko informazioa ahalbidetzen duten irizpideak, prozedurak eta bitartekoak zehaztea, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 120.1 artikuluko d) idatz-zatian aurreikusitakoari jarraituz.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko informazioa ahalbidetzen duten irizpideak, prozedurak eta bitartekoak ezar daitezen bultzatzea.
Udaltzaingo guztiak elkarri lotzeko transmisio-sarea ezarri eta mantentzea, era horretan koordinazioaren eraginkortasuna bermatzeko.
Jarduteko prozedurak homologatzeko irizpideak sustatzea.
Euskal Herriko Polizia Ikastegiarekin lankidetzan aritzea Euskadiko udaltzaingoetarako oinarrizko hautaketa-irizpideak zehazteko eta; bestetik, sartzeko, etengabeko prestakuntzako, espezialitateetarako eta mailaz igotzeko ikastaroak antolatzeko.
Azterketa- edo lan-taldeak sortzeko proposamena egitea, udaltzaingoek zerbitzua emateko zereginekin lotutako gaiak garatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoen datuen gainean, Segurtasun Sailburuordetzaren erregistroez arduratzea, baldin eta beroriek beste organo batzuen esku ez badaude.
Koordinazio eginkizunetarako beharrezkoak diren ikuskapen baliabideak erabiltzea.
Udaltzaingoekin harremanak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko araudia, Trafiko Zuzendaritzarekin koordinatuta, bete eta interpreta dadin.
Udaltzaingoekin harremanak ezartzea genero-indarkeriaren aurkako programa integralak koordinatu eta homogeneizatzeko, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin koordinatua.
Udalentzako diru-laguntzak kudeatzea terrorismoaren biktimentzat iraingarri edo umiliagarriak diren edo terrorismoa goraipatzen duten pintadak ezabatu edo pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeko, baita sailaren zuzeneko jarduketaz beroriek deuseztatzeko ere.
Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituen abenduaren 24ko 309/1996 Dekretuak Segurtasun Sailburuordetzari emandako eginkizunak betetzea. Hori dela-eta honakoak ere badagozkio: segurtasun pribatuko erakunde, zerbitzu eta jardunak baimendu, ikuskatu eta kontrolatzea, aipatutako Dekretuaren arabera; baimendutako enpresen erregistroa kudeatzea; 30.500 eurora arteko isunak eta arau-hauste arin eta larritzat jotako ekintzak zigortzeko gainerako zehapenak jartzea; baita, dela berariaz halakoxeak direlako, dela Ertzaintzari esleitutako eginkizunei edo zerbitzuei lotuta daudelako edo horien osagarri direlako, bere eskumenekoak izan daitezkeen beste batzuk ere bai.
Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritzak, dagozkion eginkizunak gauzatzeko, Ertzaintzako Segurtasun Pribatuaren Unitatearen laguntza izango du; hain zuzen, zuzendaritza horren menpean egongo baita.
Hemezortzigarren artikulua. Herrizaingo Sailaren 471/2009 Dekretuko Azken Xedapenaren b) paragrafoan araututako Automatizatutako Salaketak Izapidetzeko Zerbitzuaren izena aldatzen da, eta bere izen berria Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatua izango da.
Dekretu hau indarrean jarritakoan, dekretu honetan ezarritakoaren arabera eskudun diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte prestatzen ari diren espedienteak.
Lehenengoa. Indarrean dauden edozein arau edo xedapenetan «Segurtasun Sailburuordetzako Kabineteko Zuzendaritza» eta «Baliabide Tekniko eta Azpiegituren Zuzendaritza» edo beren titularrak aipatzen direnean, hurrenez hurren, dekretu honetan bereganatzen dituzten eskurantzen arabera, ulertu behar da «Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritza» edo «Kudeaketa Ekonomiko eta Azpiegituren Zuzendaritza» adierazi nahi dela.
Bigarrena. Indarrean dauden edozein arau edo xedapenetan «Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritza» edo bere titularrak aipatzen direnean, «Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza» adierazi nahi dela ulertu behar da.
Hirugarrena. Indarrean dauden edozein arau edo xedapenetan «Hauteskunde eta Dokumentazio Zuzendaritza» edo bere titularrak aipatzen direnean, «Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritza» adierazi nahi dela ulertu behar da.
Laugarrena. Indarrean dauden edozein arau edo xedapenetan «Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritza» edo bere titularrak aipatzen direnean, «Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritza» adierazi nahi dela ulertu behar da.
Bosgarrena. Indarrean dauden edozein arau edo xedapenetan «Automatizatutako Salaketak Izapidetzeko Zerbitzua» esaten denean, «Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatua» adierazi nahi dela ulertu behar da.
Seigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko azaroaren 23an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.