Arautegia
Inprimatu174/2010 DEKRETUA, ekainaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila; Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 132
- Hurrenkera-zk.: 3374
- Xedapen-zk.: 174
- Xedapen-data: 2010/06/29
- Argitaratze-data: 2010/07/12
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia; Funtzio publikoa
Testu legala
Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluan eta Gernikako Estatutuaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, euskara eta gaztelania dira Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak. Euskararen Erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak aitortzen duenez, herritar guztiek dute euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioarekiko harremanetan (6.1 artikulua). Halaber, 9.1 artikuluan dioenez, Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek beren aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izango dute, inolako itzulpenik ezin eska dakiekeela. Bestalde, 14. artikuluan xedatzen denez botere publikoek neurriak hartu beharko dituzte Administrazioan lanean ari direnak euskalduntzako eta, gainera, finkatu beharko dute Administrazioaren plantilletako zein lanpostutan den nahitaezkoa hizkuntza ofizialak jakitea.
Euskal Autonomia Erkidegoak du Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak hornitzeko eskumena, Botere Judizialaren Lege Organikoak Gobernuari horretarako eskumena ematen dion neurri berean. Esleitu zaion eskumen horretan, ezin ukatuzkoa da jardun judizialetan eta izapide prozesaletan hizkuntza propioa erabiltzea auzipetu beharreko pertsonari dagokion defentsa-eskubideari nahitaez lotuta dagoen tresna dela. Espainiak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, 1992ko azaroaren 5ekoa, berretsi du, eta, bestalde, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikuluak jardun judizialetan euskara erabiltzeko bidea ematen du, eta haren eraginkortasuna bermatzen du prozeduran zehar.
Aipatutako arau-esparrua eta printzipioak ditu oinarri Dekretu honek. Haren xedea da hizkuntza-normalkuntzako prozesuan aurrera egitea Justizia Administrazioaren eremuan. Xede hori, bada, Justizia Administrazioa goitik behera berrantolatzeko abian den prozesu garrantzitsuaren baitan kokatu behar da. Berrantolaketa hori gorpuzten hasi da berriki onartutako azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoari esker. Lege horrek Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatu du, eta Bulego Judizial berria ezartzeko legeria prozesala eraldatzen duen azaroaren 3ko 13/2009 Legearen osagarri da. Testu arautzaile horiek, beraz, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak xedatutako erreformaren bidez, Justizia Administrazioaren zerbitzuaren prestazioan egindako plangintza burutu dute. Aipatutako legeak V. eta VI. liburu berriak sortu zituen, bulego ofizialaren antolakuntza- eta funtzionamendu-erreginari eta haren zerbitzuko langileen estatutu judizialari buruzkoak dira, hurrenez hurren.
Ekainaren 26ko 117/2001 Dekretuaren eta uztailaren 29ko 152/2008 Dekretuaren ildotik, oraingo honek praktikan gauzatu nahi du koofizialtasun-erregimena, euskal herritarrei zerbitzu hobea eta egokiagoa emate aldera. Berriki egin diren lege-aldaketak eta bulego judizialaren antolakuntza eta funtzionamendu-egitura berriak abiarazteko beharra direla medio, une honetan ezinbestekoa da aurreko Dekretua 2008ko uztailaren 29koa, alegia berriro formulatzea. Aurreko araudian jasotako helburuak oinarri hartuta, bideak egokitu dira, helburu horiek modu egonkorrean eta sendoan bete ahal izateko. Horiek horrela, beraz, arau berria ematea aukeratu da, aurrekoaren egitura eta oinarrizko ildoetako batzuk aldatu ahal izateko.
Justizia Administrazioaren eta harentzat lan egiten duten langileen postuen eta zereginen diseinu berriak koofizialtasuna praktikan jartzeko bide ematen du. Betiere, prozesu proportzionatua eta progresiboa izan behar duela ahaztu gabe. Azken xedea auzipetu beharreko pertsonak prozesu judiziala hizkuntza koofizialetako edozeinetan izateko duen eskubidean datza, gutxienez, Justizia Administrazioaren zerbitzuen kudeaketaren eta prestazioaren esparru espezifikoari dagokionez. Orobat, aintzat hartu behar da Dekretuaren muina dela euskararen erabilera sustatzea, batez ere, lehen mailako errealitate eta komunikaziorako oinarrizko hizkuntza gisa. Erabilera hori, baina, prozesu judizial orok eragiten duen komunikazio eta elkarrizketa guztietara zabaldu behar da. Izan ere, hori egin ezean, euskararen erabilera ostrazismora bultzatuko litzateke arlo sozio-juridikoan.
Beraz, adierazitako bi tentsioak bateratu behar dira: batetik, herritarrek hizkuntza propioa erabiltzeko duten eskubideari behar bezala erantzutea, eta, bestetik, hizkuntzak arlo judizialean duen zabalkunde soziologikoa. Oreka hori helburu, lanpostu zehatz batzuk bereiztearen aldeko apustua egin da, lanpostua lortu eta hartan jarduteko hizkuntza-gaitasun zehatz baten araberako euskara-maila izatea eskatzen duten lanpostuetan, hain zuzen ere. Lanpostuak bereizteko prozesuak sektoriala, pixkanakakoa eta planifikatua izan behar du. Halaber, aurreikuspenari eta segurtasun juridikoari lotutako gutxieneko printzipioak bermatze aldera, prozesu horri buruzko informazio osoa sartu beharko da lanpostuen zerrendan. Dagokion lanpostuaren zereginek eta euskararen erabilerak zeregin horietan duen eraginak baldintzatuko dute bereizketa. Dena den, prozesuak ezin dio bizkarra eman hizkuntzaren ezagutzak eta erabilerak duten gizarte-errealitateari. Fenomeno bi horiek, hain zuzen, bat etorri behar dute. Jardun judizialetan euskara erabiltzeko eskariari behar bezala erantzuteko, behar-beharrezkoa da administrazio eskudunak lan-talde elebidunak dituzten zerbitzuak sustatzea. Prozedurak izapidetzean koofizialtasunaren errealitatea islatzeko gai izan behar dute talde horiek. Xedapen hori beren-beregi jaso da testuan, eta, zalantzarik gabe, Justizia Administrazioaren diseinu berriak nabarmen lagundu du horretan.
Arau honetako helburuek nahitaez oinarritu behar dute euskararen ezagutzan gaitzeko eta hizkuntza komunikaziorako tresna gisa erabiltzeko programa propio eta espezifikoetan. Jakina, ahalegina ez da soilik Justizia Administrazioaren arloan egin behar are gehiago, hori ez da eragile nagusia baina, hala ere, ezin saihestuzkoa da Administrazioaren sektore horretan hartu beharreko konpromisoa. Konpromiso hori gorpuztea du xede, hain zuzen, dekretu honen zati handi batek. Dekretuak behar bezalako eraginkortasuna izan dezan, baina, hizkuntzaren erabilera normalizatzeko plan paraleloen bidez eraman beharko da aurrera, plan horiek orokorrak zein Justizia Administraziorako espezifikoak izanik. Euskararen erabilera arlo zehatz horretan hizkuntzak gizartean duen ezarpenaren isla da. Ildo horretatik, eta geure autonomia-erkidegoan Zuzenbidearen eta Justiziaren arloekin harremana duten diziplina eta lanbideetara heltzeko bidea sustatuz, sendotu egingo dugu hizkuntza-normalkuntza Justizia Administrazioan.
Horiek horrela, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorrita, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko ekainaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu hau Euskadiko Justizia Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko Plan bat onartuta osatuko da.
Lanpostu jakin batzuk lanpostu berezi gisa sailkatzea, lanpostuen zerrendan horiei esleitutako funtzio zehatzek euskaraz jakitea eskatzen dutelako.
Unitateak katalogatzea, hizkuntza-betebeharrei begira, herritarrekiko harremana zuzenagoa edo zeharkakoagoa den eta laneko harreman-arloa nolakoa den oinarritzat harturik.
Horrela, ikusirik unitateak herritarrengandik duen hurbiltasuna eta zenbateraino hartu behar duen parte organo judizialen eta zerbitzu orokorren prozeduretan, baita Fiskaltzaren, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen eta gainerako bulegoen jardunetan ere betiere Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 530. artikuluan ezarritako eremu funtzionalean, beharrizan batzuk ezartzen dira, eta beharrizan horiek dakarte lanpostuak pixkanaka-pixkanaka bereizteko beharra, lanpostuak euskalduntzeko prozesuaren barruan.
Euskaran trebatzeko ikastaroen eskaintza arautzea, lanpostuak bereizteko prozesuarekin eta banakako euskara planekin bat etorriz.
Bulego judizial eta fiskaletan eta zerbitzu orokorretan euskara erabiltzeko programak arautzea.
Lan-talde elebidunak funtzionalki eratzea organo judizial, zerbitzu orokor eta fiskaltza guztietan.
Euskara jakitea eskatu ahal izango da, dagokien lanpostu-zerrendetan hala ezarrita badago. Gainerako kasuetan, meritu gisa baloratuko da, Botere Judizialaren Lege Organikoan Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoari, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoari, Laguntza Judizialeko kidegoari, eta Auzitegiko Medikuen kidegoari buruz ezarritakoari jarraiki eta kidego horietan sartzearen inguruko 1451/2005 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraiki.
Hona hemen zein gaitasun maila baloratuko diren, euskaraz jakitea meritutzat jotzen denean, edota eskatuko diren, bereiztutako lanpostuetarako euskaraz jakitea eskatzen denean:
Laguntza Judizialeko kidegoan: 2. hizkuntza-eskakizuna.
Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoan eta Laborategiko Laguntzaileen kidegoan: 2. hizkuntza-eskakizuna.
Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoan: 3. hizkuntza-eskakizuna.
Auzitegiko Medikuen kidegoan: 3. hizkuntza-eskakizuna.
Aipatutako euskara-mailak bat datoz Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan ezarritako mailekin.
Zerbitzu bakoitzak dituen funtzioen arabera, lehentasun-maila desberdinak esleituko dira. Lehentasunezko organo judizialetan eta zerbitzu orokorretan, biziagoa izan daiteke lanpostuak bereizteko prozesuaren erritmoa, eta handiagoa bereiztutako lanpostuen ehunekoa, gainerako organo eta zerbitzuetakoak baino.
Hizkuntzaren ikuspegi huts-hutsetik, plangintza honako lehentasun hauen arabera antolatuko da:
Lehentasunezko unitateak: halakotzat joko dira Erregistro Zibilak, herritarrei ahoz nahiz idatziz arreta ematea eginkizun nagusi duten unitateak, baita egoitza judizialetik kanpo jardutea eskatzen duten komunikazio- eta betearazpen-egintzen zerbitzu orokorrak ere. Horiek horrela, honakoa ezarri da:
mailako lehentasuna: herritarrei informazioa emateko unitateak.
mailako lehentasuna: bake-epaitegiak eta erregistro zibilak.
mailako lehentasuna: egoitza judizialetik kanpo jardutea eskatzen duten komunikazio- eta betearazpen-egintzen zerbitzuak.
Lehentasunik ez duten unitateak:
Unitate Orokorrak: gainerako zerbitzuak edo unitateak, salbu eta lehentasunezkotzat jotakoak eta bereziak.
Unitate Bereziak: herritarrekin harreman gutxien duten unitateak: artxiboak, patologia- eta mezularitza-zerbitzuak eta antzekoak.
Herritarrei ahoz nahiz idatziz arreta ematea eginkizun nagusi duten unitateetan, lanpostu guztiak bereiztu ahal izango dira.
Justizia-arloan eskumena duen sailak behar diren neurriak bultzatuko ditu lehentasunezko organo eta zerbitzuetan euskara zerbitzu-hizkuntza nahiz lan-hizkuntza gisa erabil dadin. Horretarako, euskararen erabilera sustatzeko programak bultzatuko ditu progresiboki organo eta zerbitzu judizialetan. Lehentasunezko organo eta zerbitzuetan dihardutenek eta lanpostua euskararen ezagutza handiagoa duten mugape judizialetan dutenek lehentasuna izango dute hizkuntza-arloan gaitzeko eta trebatzeko ikastaroetan onartuak izateko, dekretu honen V. eta VI. kapituluetan ezarritakoari jarraituz.
Dekretu honen ondoreetarako, zerbitzu-hizkuntza da herritarrekiko eta beste administrazioekiko harremanetan erabiltzen den hizkuntza. Ondore berberetarako, lan-hizkuntza da, zerbitzu-hizkuntza gisa ez ezik, administrazioaren barne harremanetan ere erabiltzen den hizkuntza.
Bost urteko epealdi bakoitzaren amaieran, ebaluazio bat egingo da, helburuak zein neurritaraino bete diren ikusteko eta behar diren aldaketak egiteko. Horretarako, justizia-arloan eskumena duen sailak ebaluazio-eta jarraipen-txosten bat egingo du dekretu honen betearazpenari buruz. Emaitzen arabera, administrazioaren baliabideen lehentasunak ezarriko dira, hurrengo epealdirako helburuak lortu ahal izateko. Sindikatuei helaraziko zaie txostena.
Ebaluazio- eta jarraipen-txostena hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen sailaren irizpenean jarriko da.
Lanpostuak herritarrekin duen zuzeneko harremanaren maila. Kontu hori lehentasunezkotzat jotzen da.
Lanpostuaren erantzukizun-maila, batez ere unitateak antolatzeko eta kontrolatzeko funtzioei dagokienez.
Lanpostuaren autonomia-maila, berezko dituen funtzioak eta eginkizunak egiteko orduan.
Hizkuntzaren erabilerak lanpostuan egin beharreko eginkizunak betetzean duen garrantzia, kidegoen arabera, prozesuak izapidetzeko, jardunak dokumentatzen laguntzeko eta herritarren kontsulta eta komunikazioei kasu egiteko dituzten egitekoei dagokienez.
Lanpostua betetzean ezartzen diren harremanen maiztasuna eta ezaugarriak, dagokion mugape judizialean euskararen benetako ezarpenarekin zuzeneko konkordantzia duela.
Euskara jakin beharra baldintzatzat duten eta lanpostuen zerrendan sartuta dauden lanpostuen funtzio nahiz eginkizunen arlo kuantitatiboa nahiz kualitatiboa baloratzeko, artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatzen diren gaiak hartuko dira kontuan. Gainera, bereiztutako lanpostuen egokitasuna eta proportzionaltasuna baloratu beharko dira, mugape judizialaren lurraldean euskarak benetan duen ezarpena kontuan hartuta.
Dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duen titularraren dotazioa.
Hutsik dagoen dotazioa.
Postua bereizteko eskatu duen titularraren dotazioa. Eskari asko egonez gero, euskara-maila altuena duen funtzionarioak, edo subsidiarioki, funtzionariorik gazteenak izango du lehentasuna.
Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta, euskara-maila altuena duen titularren dotazioa.
Hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharrik ez duen titularraren dotazioa (lehentasuna izango du titular zaharrena duen dotazioak).
Titular gazteena duen dotazioa.
Lanpostuan antzinatasun gutxien duen titularraren dotazioa.
Lanpostuen zerrenden bidez bereiztuko dira lanpostuak. Era berean, lanpostu berriak sortzearekin batera aztertuko da ea esleitzen zaizkien funtzioak direla-eta justifikatuta dagoen lanpostu horiek bereiztea.
Ahozko komunikazioa:
Hartzaile jakinik gabeko ahozko mezuak, esaterako, erantzungailu automatiko, bozgorailu eta antzekoen bidez emandakoak, euskaraz eta gaztelaniaz zabalduko dira, hurrenkera horri jarraituz.
Euskara-ezagupenak dituzten langileek euskaraz hartuko dituzte herritarrak, eta gero, erabiltzaileek aukeratzen duten hizkuntzan jarraituko dute. Herritarra funtzionarioari euskaraz zuzentzen zaionean, edota arreta hizkuntza horretan ematea eskatzen duenean, funtzionarioak, euskaraz behar adina ez badaki, langile elebidunen laguntza eskatuko du.
Idatzizko komunikazioa: Justizia-arloan eskumena duen sailak ahalbidetuko eta sustatuko du herritarrei bidali beharreko jakinarazpenak eta zitazioak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo direla, Euskararen Erabilera Arautzeko 10/1982 Legearen 9. artikuluan ezarritakoari kalterik eragin gabe.
Justizia-arloan eskumena duen sailak bitartekoak eta baldintzak jarriko ditu, honako hauek gerta daitezen:
Herritarrentzako edozein komunikaziotan euskara erabil dadin: zuzeneko ahozko harremanetan, telefono bidezkoetan, bozgorailu bidezko mezuetan, komunikazio edo informazio idatzian, eta are teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoen bidezkoetan, hala nola, Internet, faxa, posta elektronikoa eta antzekoak.
Herritarrei zuzenean bidali beharreko izapidetzea elebiduna izan dadin, batez ere jakinarazpenak, zitazioak, errekerimenduak eta epatzeak.
Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako eta auzitegiko medikuen eta laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioek egiaztatu ahal izango dituzte hizkuntza-eskakizunak; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua erregulatzen duten arauetan zehaztuta daude hizkuntza-eskakizunak. Honela egiaztatuko dira:
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egiten dituen probak gaindituz, administrazioan sartzeko hautatze-prozeduretarako eta lanpostuak betetzeko lekualdatze-lehiaketetarako deialdiekin bat etorriz. Proba horietan neurtuko diren euskarazko hizkuntza-gaitasunaren mailak 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunak dira.
Horretarako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aldiro-aldiro egiten dituen deialdi arruntetara aurkeztuz.
Funtzionarioek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen balioari eta eraginari dagokionez, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 36. eta 37. artikuluetan ezarritako araubide orokorra aplikatuko da, dekretu horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua.
Artikulu honetan aipatzen diren langileek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Hizkuntza-eskakizunen Erregistroan jasoko dira.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden Dekretu honen aplikazio-eremuko langile guztiei indarrean dauden autonomia-arauetan aurreikusitako baliozkotze-erregimena aplikatuko zaie.
Bereiztutako dotazioa duten langileak, beren kidegoari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta ez dutenak.
Lehentasunezkotzat jotako organo, zerbitzu edo unitateetako langileak.
Kidegoari dagokion hizkuntza-eskakizunetik hurbilen den euskara-maila duten langileak.
Euskara erabiltzeko programak dituzten organoetako langileak.
Euskara-maila bera duten eskatzaileen artean, destinoko zentroan antzinatasun handiena duenari emango zaio lehentasuna.
Destinoko zentroan euskara-maila eta antzinatasun berbera duten langileen artean, justizia-arloan eskumena duen sailak aurreko ekitaldietan eskainitako ikastaroetan aprobetxamendu handiena atera duenari emango zaio lehentasuna.
Aipatutako irizpideak nahiko ez badira, langile gazteenari emango zaio lehentasuna.
Lehentasun-maila bakoitzean, hurrenkera honi jarraituko zaio:
Karrerako funtzionarioak.
Hutsik dagoen lanpostu bat betetzen ari diren bitarteko funtzionarioak.
Gainerako bitarteko funtzionarioak.
Prestakuntzako banakako planak honako hauek jasoko ditu:
Hasierako euskara-maila eta lortu beharreko hizkuntza-eskakizuna.
Gutxi gorabeherako prestakuntza-aldiaren iraupena, hartu beharreko eskola-orduetan adierazita.
Egutegia.
Funtzionarioaren onespena.
Prestakuntzako banakako planen iraupena bost urtekoa izango da gehienez. Iraupena plan bakoitzean zehaztuko da, kasuan kasu.
Prestakuntza-prozesuaren jarraipena ikastaroen aprobetxamenduaren mende egongo da, euskara-ikastaroen urteko deialdiak horri buruz zer dioen oinarritzat harturik.
Lehenengoa. Dekretu honetan aurreikusten den lanpostu-bereizketaren ondoreak Justizia Administrazioko Lanpostuen Zerrenda argitaratzen den egunean bertan hasiko dira.
Bigarrena. Euskarak mugapen judizialetan duen benetako ezarpena apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 11. artikuluan araututako indize soziolinguistikoa kontuan harturik baloratuko da.
Hirugarrena. Lanpostu bereiztuei dagokienez, 3. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostu bereiztuak bete, berresleitu edo berrantolatzeko, eskatzaile batek ere ez badu egiaztatzen hizkuntza-eskakizun hori, 2. hizkuntza-eskakizuna aplikatuko zaio dotazio horri, deialdi horretan lanpostuak betetzea beste helbururik ez dela. Salbuespena egingo da arduradun-karguak betetzen dituzten prozesu- eta administrazio-kudeatzaileekin, hurrengo hizkuntza-eskakizuna bi urteko epean gainditu beharko baitute, destinoa esleitzen zaienetik zenbatzen hasita.
Lehenengoa. Ahal den neurrian, bateratu egingo dira ebaluazio-aldiak, bai dekretu honen betearazpenari begirakoak, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan euskararen erabilera normaltzeko egingo den planean ezartzen direnak.
Bigarrena. Justizia Administrazioko Lanpostuen Zerrendan, zerrenda onartzen den egunean beteta dauden bereizteko datak ez ezik, bereizteko data geroratuak ere ezarriko dira. Data geroratu horiek bat etorri behar dute dekretu honen 8. artikuluan aipatutako bi epealdiekin. Dagokion epealdia betetzen den unean, bereizteko data geroratua zuen lanpostuak galdu egiten du izaera orokorra, eta izaera berezia hartzen du, Lanpostuen Zerrendan aldaketa egin ondoren.
Data geroratu horiek betetzat joko dira baldin eta lanpostuaren titularrak lanpostua bereizteko ezarritako data baino lehenago egiaztatzen badu hizkuntza-eskakizuna. Aldaketa hori gertatzeko, Lanpostuen Zerrenda ere aldatu beharko da.
Hirugarrena. Dekretu honen 5. eta 9. artikuluen harira, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen eta bulego judiziala aldatzen duen III. Hitzarmenaren 49. artikulua. Hitzarmen hori Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eta CCOO, CSI-CSIF, LAB eta UGT sindikatuek sinatu zuten.
Indarrik gabe uzten dira uztailaren 29ko 152/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan hizkuntza-normalkuntzarako prozesua arautzen duena eta dekretu honen aurka dauden gainerako xedapenak, bai maila berekoak, bai beheragokoak.
Lehenengoa. Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eskumena izango du dekretu honetan ezarritakoa gauzatu eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.
Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko ekainaren 29an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.