Arautegia
Inprimatu157/2010 Dekretua, ekainaren 8koa, zeinen bidez nekazaritza eta elikagaigintzako berrikuntza-foroaren osaera eta funtzionamendu-erregimena arautzen baitira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 118
- Hurrenkera-zk.: 3098
- Xedapen-zk.: 157
- Xedapen-data: 2010/06/08
- Argitaratze-data: 2010/06/23
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legea 2008ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (250. zenbakia). Bada, lege horren 67. artikuluaren bidez, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa sortu zen, berrikuntzako eragileen artean, elkarreragina errazteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza-arloan eskumena duen sailaren kide anitzeko organo gisa eratu da, nekazaritza- eta elikagaigintza-eremuetan berrikuntzaren gaineko aholkularitza emateko eta hura sustatzeko. Nekazaritza eta elikagaigintza kontzeptuak abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4.1 artikuluan definitu dira. Honakoa ezartzen du: nekazaritza kontzeptuak laborantza, abeltzaintza eta basogintza biltzen ditu; elikagaigintza kontzeptuaren barnean sartzen da nekazaritza, arrantza, akuikultura, arrain-haztegi, zinegetika- eta mikologia-jardueratik lortutako produktuak edo beste jatorri natural batekoak ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzea (4.20 artikulua).
Manu berak ezartzen du bere osaera eta zereginak erregelamenduz zehaztuko direla. Hori dela eta, dekretu honen helburua da aipatutako legean jasotako legegintzako manua betetzea eta Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroaren osaera eta funtzionamendu-erregimena arautzea. Osaera horretan, 67. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak bete dira: aipatutako Foroan, besteak beste, aipatutako saileko, foru-aldundietako, sektoreko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek parte hartuko dute.
Dekretu hau egiteko, eragindako administrazioei eta lan-munduko eta ekonomia-arloko ordezkariei egin zaie kontsulta. Era berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako tramiteak bete dira.
Ondorioz, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari eta Aholku Batzorde Juridikoari jarraiki, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko ekainaren 8an egindako bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, hauxe
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa kide anitzeko organoa da, nekazaritza- eta elikagaigintza-eremuetan berrikuntzaren gaineko aholkularitza emateko eta hura sustatzeko eta nekazaritza- eta elikagaigintza-ikerketaren inguruan jarduteko ildo orokorrak identifikatzeko, bai eta gobernuaren nekazaritza- eta elikagaigintza-politiken helburuak lortzeko beharrezkoak diren jarduerak identifikatzeko ere.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzari atxikitzen zaio. Atxikipen honek berekin dakar aipatutako sail horren hierarkia-egituran sartzea.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroaren eginkizunak honakoak dira:
Ikerketarako, teknologia garapenerako eta nekazaritza- eta elikagaigintza-berrikuntzarako ildo estrategiko eta jarduera nagusiak proposatzea, kasuan kasuko sektoreen beharrei aurre egiteko.
Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan eskumena duen sailarekin lankidetzan, ikerketa, garapen eta berrikuntzako sektore-planak egitea, ikerketan, teknologia-garapenean eta nekazaritza- eta elikagaigintza-berrikuntzan jarduerak egokiro kudeatu eta planifikatzeko, eta sektoreko eskariei aurre egiteko jarduera-ildo nagusi eta estrategikoak zehazteko.
Gizarte-eragileei berrikuntzarekin lotura duten jarduerak gomendatzea eta proposatzea.
Gizarteari berrikuntzaren eremuan garrantzitsutzat jotzen dituen alderdiak jakinarazi, zabaldu eta hurbiltzea.
Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan eskumena duen sailarekin lankidetzan, Euskadiko irakaskuntza-erakundeak eta zientzia- eta teknologia-erakundeak sustatzea, nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan ikerketarako jarduerak gara ditzaten; gainera, horien zientzia- eta teknologia-maila mantendu eta hobetzen dela eta sektorean sortutako zientzia- eta teknologia-arloko eskariari erantzuten diotela bermatzeaz arduratuko da.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa presidentetzan jardungo duen pertsona batek, presidenteordetzan jardungo duen beste batek, idazkaritzako beste batek eta kide-izaera dutenek osatzen dute.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroko kide izateak ez du ordainsaririk ekarriko, betiere, zerbitzuengatiko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraiki kideei dagozkien dieta eta kalte-ordainei kalterik egin gabe.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroaren Presidentetza Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeari dagokio, eta honako eginkizunak bete beharko ditu:
Ohiko eta aparteko bilkuretarako deialdiak erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako, kontuan hartuko dira, hala badagokio, gainerako kideek behar besteko denboraz aurkeztutako eskaerak.
Bilkuretako presidente izatea eta horiek ixtea, bai eta eztabaiden garapena moderatzea ere.
Bozketa ebaztea, berdinketa egonez gero.
Aktei eta erabakien ziurtagiriei oniritzia ematea.
Presidentetzari datxekion edozein ekintzatan jardutea.
Presidenteordetza Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariari dagokio, eta honako eginkizunak bete beharko ditu:
Presidentetza betetzen duena ordezkatzea, bere eskuduntza guztietan.
Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren ordezkaritza-eginkizunak betetzea, baldin eta Presidentetzaren eginkizunak, ordezkaritza dela-eta, bete behar ez baditu.
Presidenteak izendatuko du, bere saileko langileen artean, eta honako eginkizunak bete beharko ditu:
Bilkuretara joatea, ahotsa bai, baina botorik gabe.
Presidenteak aginduta, bilkuren deialdia egitea.
Gaiak bideratzeko prestatzea.
Idazkaritzari dagozkion bestelako eginkizunak.
Egindako bilkuren aktak idatzi eta egitea.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroko kideak honakoak dira:
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako titularra.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako titularra.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkaria, gutxienez zuzendari-maila duena.
Lurralde historikoetako aldundi bakoitzeko ordezkari bat, beren gobernu-organoek izendatuta.
Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat.
Basque Culinary Center-eko ordezkari bat.
Lurralde historiko bakoitzeko, nekazaritza-ustiapenei aholku emateko erakunde onartuetako ordezkari bat; hori lurralde bakoitzean adostasunez izendatuko da.
Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeko ordezkari bat.
Bizkaiko Kofradien Federazioko ordezkari bat.
Gipuzkoako Kofradien Federazioko ordezkari bat.
Alturako Arrain Ekoizleen Elkarteetako ordezkari bat.
Azti-Tecnaliako ordezkari bat.
Neiker-Tecnaliako ordezkari bat.
Euskadiko Elikaduraren Klusterreko ordezkari bat.
Euskadiko Nekazaritzako Kooperatiben Federazioko ordezkari bat.
Nekazaritzako Erakunde Profesionalen bi ordezkari.
Kideak Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeak izendatuko ditu eta agintaritza 2 urtekoa izango da; gero berriro hautatu beharko dira edo berretsi egin beharko dira, bi urteko kargu-alditan.
Deialdia aurrerapen nahikoarekin jasotzea; bertan, bilkuren gai-zerrenda eta gai horien gaineko informazioa jaso beharko dira.
Botoa emateko eskubidea erabiltzea eta, hala badagokio, botoaren zentzua eta justifikatzeko arrazoiak azaltzea.
Galderak eta eskaerak egitea.
Kide-izaerari dagozkion bestelako eginkizunak.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroaren osoko bilkurak lan-taldeak sortu ahalko ditu, hala behar duten gaien gainean, beren eginkizunak betetzeko. Lan-talde horien eginkizunak Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroaren osoko bilkurak zehaztuko ditu eta, nolanahi ere, beren txosten, ponentzia edo proposamenak osoko bilkurak berretsi beharko ditu.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroak, bilkurak prestatzeko lanetan, informazioaren eta komunikazioen teknologia berrien erabilera sustatuko du.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa osatuko duten pertsonak izendatu eta hautatzean ahaleginak egingo dira gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Lehenengoa. Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoa bete beharko du. Hala ere, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroak, hala badagokio, funtzionamendurako beharrezkotzat jotzen dituen barne-araubideko arauak onetsi ahalko ditu.
Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Gernika-Lumon, 2010eko ekainaren 8an.
Lehendakaria
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.