Arautegia
Inprimatu99/2010 DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko edo zorpetze-eragiketak hitzartzeko baimena ematen duena, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, barruko zein kanpoko eragiketetan, eta gehienez bi mila eta hogeita hamazortzi milioi euroko baliokidea izango den zenbatekoan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 72
- Hurrenkera-zk.: 2111
- Xedapen-zk.: 99
- Xedapen-data: 2010/03/30
- Argitaratze-data: 2010/04/20
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Ogasun
Deskribapenak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeak dio zor publikoa jaulkitzea Gobernu Kontseiluak dekretu bidez erabakiko duela, eta dekretu horretan zenbatekoaren gehienezko mugak eta jaulkipena egiteko epea adierazi beharra dagoela, beste ezaugarri batzuk ere jaso daitezkeen arren. Halaber dio, dekretuan jaso ezean, ezaugarri horiek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu baten bidez finkatuko direla, eta agindu hori, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, 14. artikuluko 1. paragrafoan, baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egin ditzan, baina muga hau ezartzen dio aurrekontuaren gehikuntza horri: ekitaldia ixterakoan saldoa ekitaldia hasterakoan zena baino 1.914.350.000 euro gehiagokoa izango da gehienez ere.
2009. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta ekitaldi honetan egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehienezko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 2.038.000.000 eurokoa da.
Mundu-mailako ekonomia- eta finantza-krisiaren bilakaeratik eratorri den nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoeraren ondorioz, ahalik eta malgutasun handiena eman behar zaio zorpetze-arloan erabakiak hartzeko prozesuari.
Bada, dekretu honen bitartez baimendutako erabakiekin lotutako erabaki-prozesuari malgutasuna ematearren, ezarri gabe utzi da zor-jaulkipenak bideratzeko tresna eta modalitate zehatzaren zehaztapena, bai eta finantza-baldintzen ezarpena ere, merkatuen egoera hobea izan eta horiek ezarri ahal izan arte.
Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2010eko martxoaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egingo dituela, eta beste edozein zorpetze-eragiketa hitzartuko duela, kasu bietan barruan zein kanpoan, gehienez bi mila eta hogeita hamazortzi milioi (2.038.000.000) euroko baliokidea izango den zenbatekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, 14. artikuluko 1. paragrafoan, Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.
Honako ezaugarri hauek izango dituzte dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketek:
Gehienezko zenbatekoa, guztira: 2.038.000.000 euro.
Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.
Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.
Epea: gehienez 30 urte.
Jaulkitzeko modalitateak: horrela egin ahal izango dira jaulkipenak:
Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituko baloreak zirkulazioan jartzea eragiten badute, eurotan edo beste edozein dibisatan, eta edozein formatu eta egitura erabilita.
Mailegu edo krediturako beste edozein eragiketa-tipologiaren bidez.
Dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketetatik eratorritako baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira.
Indarrean dauden arauei jarraituz, baimendu diren jaulkipenek Estatuaren Zor Publikoak dituen onura eta baldintza berberak izango dituzte.
Dekretu honen bitartez jaulkitako baloreak jaraunspenez edo legatuz eskuratzen badira, beren arau erregulatzaileetan jasotako murriztapena izango dute dohaintza eta oinordetzen gaineko zergako zerga-oinarrian.
Aplikatu beharreko arau erregulatzaileak murriztapena aurreikusita ere, murriztapenaren ezaugarririk adierazten ez badu eta murriztapena egiteko eskubidea ematen duen zorpetze publikoaren jaulkipenaren baldintzetara jo beharra jasotzen badu, ehuneko laurogeita hamarrekoa izango da ehunekoa, baldin eta balore horiek kausatzailearen ondarean gutxienez urtebetez egon badira kausatzailea hil aurretik.
Dekretu honen arabera jaulkitako baloreak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuko Zor Publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoren arabera, Ekonomia eta Ogasun Saileko titularrari dagokio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko agindu bidez, dekretu honetan onetsitako zor-jaulkipenak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehaztea, bai eta finantza-baldintzak eta, orobat, dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren gainerako ezaugarriak zehaztea ere, betiere dekretuaren aurreikuspenen barruan.
Finantza Zuzendaritzako titularra baimendu da dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko beharrezko kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun beretik egongo da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko martxoaren 30ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
CARLOS AGUIRRE ARANA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: 2/2009 LEGEA, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
- Ikus: AGINDUA, 2010eko urriaren 1ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, ehun milioi euroko mailegu-eragiketa bat formalizatzea baimendu eta eragiketa horren zenbait ezaugarri zehazten dituena.
- Ikus: 8/1996 LEGEA, azaroaren 8koa, Euskal Autonomi Elkarteko Finantzena.