Arautegia
Inprimatu95/2010 DEKRETUA, 2010eko martxoaren 23koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 65
- Hurrenkera-zk.: 1967
- Xedapen-zk.: 95
- Xedapen-data: 2010/03/23
- Argitaratze-data: 2010/04/09
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional
Testu legala
Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen Azken Xedapenen artetik Lehenengoaren arabera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia arduratuko da garapenerako lankidetzaren arloko politikaren plangintza egiteaz eta politika hori koordinatu, kudeatu eta egikaritzeaz, eta lege berezi baten bidez sortuko dela aurreikusi da.
Aurreikuspen hori betez, ekainaren 19ko 5/2008 Legearen bidez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen da, garapenerako politikaren plangintza prestatzeaz arduratuko den erakunde publikoa izan dadin, baita politika hori koordinatu, kudeatu eta egikaritzeaz arduratu dadin ere. Garapenerako politikaren helburua, bestalde, pobreziaren aurka borrokatzea eta garatze-bidean diren herrialdeetan giza garapen iraunkorra sustatzea izango da.
Lege horren bidez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalaren barruan, zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren izaera juridikoarekin.
Agentziaren araudiaren funtsezko eta oinarrizko alderdiak Agentzia sortzen duen legean bertan bilduta daude jada, baita horrelako erakunde publikoei oro har aplikatu beharreko legedian ere. Aurrekoa alde batera utzi gabe, 5/2008 Legearen Azken Xedapenen artetik Lehenengoari jarraiki, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartuko du Eusko Jaurlaritzak, dekretu baten bidez.
Horren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ostean, eta nahitaez egin beharreko gainerako txostenak eginda, 2010eko martxoaren 23ko Jaurlaritzaren Kontseiluak aldez aurretik hausnartu eta onartuta, honako hau
Dekretu hau indarrean hasi eta segidako sei hilabeteetan abiaraziko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia; epe hori zentzuzkoa da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa betetzeko.
Lehenengoa. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretuaren 2.2.d) eta 9.2.d) 13. artikuluak indargabetu dira.
Bigarrena. GLSFren Kudeaketa Batzordea arautzeko den martxoaren 30eko 62/2004 Dekretua oso-osorik indargabetu da.
Lehenengoa. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretua aldatu da.
1. 2. artikuluaren C) letran beste idatz-zati bat sortu da eta honako hau dio:
Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea, otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 15. artikuluaren arabera sortua, eta Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordearen martxoaren 24ko 71/2009 Dekretuaren arabera arautua.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretuaren 9.1 artikuluaren a) idatz-zatia aldatu da eta orain honela geratuko da:
Politika publikoa planifikatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea honako jardun-arlo hauetan: gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ongizatea, familia-politika eta komunitate-politika, haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko politika; boluntariotza, droga-mendetasunak; immigrazioa; eta askatasun afektibo-sexuala erraztuko duten baldintzak sustatzea.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretuaren 9.2 artikulua aldatu da eta orain honela geratuko da:
«2. Honako Zuzendaritza hauek egongo dira Gizarte Gaietako Sailburuordetzaren mende:
Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritza.
Droga Gaietako Zuzendaritza.
Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritza.
Immigrazio Zuzendaritza.»
Bigarrena. Indarrean hastea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean, Lehen eta Bigarren Xedapen Indargabetzaileetan eta Azken Xedapenen artetik Lehenengoan xedatutakoa izan ezik; egun izapidetze-fasean dagoen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia abiaraztea arautzen duen Dekretua indarrean hastearekin batera hasiko dira horiek ere indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko martxoaren 23an.
Jarduneko Lehendakaria,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
MARTXOAREN 23KOA 95/2010 DEKRETUAREN ERANSKINA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUKO ERREGELAMENDUA
Ekainaren 19ko 5/2008 Legearen bidez sortu eta Lege horretaz gain, Antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendu honen bidez ere arautzen den zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren izena honako hau da: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Agencia Vasca de Cooperación para el Desarrollo.
Ekainaren 19ko 5/2008 Legearen arabera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (aurrerantzean, Agentzia) nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasuna du, eta garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari atxikirik dago.
Agentziaren kanpo-jarduera zuzenbide pribatuari atxikita dago, baina Administrazioaren ahalak baliatzen dituenean zuzeneko esleipenaren bidez edo eskuordetzaren bidez zuzenbide publikoari atxikiko zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren gaiei dagokienez, espresuki aplikatzekoak zaizkion xedapenei jarraituko die.
Agentziaren egoitza Vitoria-Gasteizko udalerrian dago.
Ekainaren 19ko 5/2008 Legeari jarraiki, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak honako hau du xedetzat: Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzako politikaren plangintza prestatzea eta politika hori koordinatzea, kudeatzea eta egikaritzea, garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den sailak ezartzen dituen jarraibideei jarraituz.
Euskal Autonomia Erkidegoko eskumen-eremuan garapen-lankidetzaren arloko erakunde arduraduna izaki, Agentziak ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 3.2 artikuluan zehaztutako eginkizunak betetzen ditu; hona hemen:
Garapenerako lankidetzako politika egikaritzea, Garapenerako Lankidetzari buruzko Legean eta plangintzako tresnetan ezarritakoari jarraituz eta Eusko Jaurlaritzako sail eskudunaren jarraibideei lotuz.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan garapenerako lankidetzara bideraturiko baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzea.
Jasotzen dituen funts publiko eta pribatuen beste zernahi transferentzia kudeatzea. Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batek garapenerako lankidetzara bideraturiko diru-baliabideak erregularki transferitzea erabakitzen badu, ekarpen hori agentziak kudeatuko du, hitzarmen baten bidez zehazten diren baldintzen arabera.
Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa kudeatzea.
Eusko Jaurlaritza aholkatzea garapenerako lankidetzako politikaren plangintzan. Horretarako, agentziak plangintzaren orientabide orokorrak eta lau urteko gidaplanaren eta urteko planen proposamena prestatuko ditu, garapenerako lankidetzan eskuduna den sailburuaren bidez Eusko Jaurlaritzari helarazteko. Plan horiek Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak ezarritakoaren arabera onartuko dira.
Lankidetzako politika publikoaren eta haren eraginaren urteko ebaluazioak egitea, baita politika horren ekintzena eta tresnena ere.
Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak garapenerako lankidetzarekin erlazionatuta egiten dituen jardueren koherentzia bultzatzea, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak finkaturiko printzipio eta helbururen esparruan.
Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordeari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari eta lankidetzako eragileei laguntzea eta babesa ematea.
Indarrean dauden xedapenek egozten dizkioten gainerakoak.
Garapen-politikak beste administrazio batzuekin eta alde biko edo alde anitzeko beste agentzia batzuekin koordinatzen laguntzea tokiko eremuan, autonomia-erkidegoetan, Estatuan, Europar Batasunean eta Nazio Batuetan.
Betiere interlokuzioa izatea lankidetzako gizarte-eragileekin.
Euskal Autonomia Erkidegotik larrialdietarako ematen den laguntza humanitarioa koordinatzea.
Garapenerako sentsibilizaziora eta heziketara bideratutako ekintzak bultzatzea eta egikaritzea.
Agentziaren helburuak lortzen lagunduko duten ekimen publiko eta pribatuak babestea eta bultzatzea.
Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei eta beste euskal administrazio publiko batzuei laguntza eta lankidetza eskaintzea garapenerako lankidetzarekin lotutako ekimenak garatzeko.
Artikulu honetako aurreko paragrafoan zerrendatu diren eginkizunak, betiere, emakume eta gizonen berdintasuneko helburua modu aktiboan kontuan izanik garatuko dira.
Ekainaren 19ko 5/2008 Legearen arabera, bere eginkizunak betez, eta kasu bakoitzean aplikagarri den araudiaren barruan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak honako hauek egin ahal izango ditu:
Garapenerako lankidetzako programa, proiektu eta gainerako ekimenak, pobreziaren aurka borrokatzera eta jarduera-sektoreen arabera giza garapen iraunkorra sustatzera bideratuta daudenak, identifikatzea, formulatzea, egikaritzea eta segimendua eta ebaluazioa egitea.
Garapenerako lankidetzako programa, proiektu eta gainerako ekimenak gauzatzeko laguntza eta diru-laguntza publikoen deialdiak kudeatzea. Agentziaren diru-laguntza arloko jarduera, bere izaera juridikoarekin bateragarri den gai guztietan, diru-laguntzak arautzen dituen araudian xedaturikoaren mende egongo da. Arau horiek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean jasotzen dira.
Beste administrazio publiko batzuetatik laguntzak eta diru-laguntzak lortzea, baita zeinahi pertsona edo erakunde publikotatik ere, eta dohaintza pribatuak.
Beharrezko diren administrazio- eta xedapen- egintzak eta eragiketa ekonomiko eta finantzarioak gauzatzea, bere xedeen barruan.
Bere eginkizunak betetzeak eskatzen dituen hitzarmen eta kontratuak egitea, kasu bakoitzean aplikagarri den araudiari atxikiz.
Agentziak honako hauen arabera jardungo du: alde batetik, otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 3. artikuluko garapenerako lankidetzari buruzko politika bideratuko duten printzipioen arabera; eta bestetik, ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 5. artikuluko administrazio-jardunaren printzipioen arabera.
Agentziaren egituran gobernu-organoak, kudeaketa-organoak eta koordinazio-organoak daude; jarraian zehaztuko ditugu:
Gobernu-organoak:
Lehendakaritza.
Kontseilu Errektorea.
Zuzendaritza.
Kudeaketa-organoak.
Ekonomia, Aurrekontua eta Langileak Kudeatzeko Zerbitzua.
Zerbitzu Juridikoa.
Koordinazio Estrategikoaren Zerbitzua.
Koordinazio Teknikoaren Zerbitzua.
Koordinazio-organoa.
Zuzendaritza Batzordea.
Ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 8.1 artikuluari jarraiki, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lehendakaritza garapenerako lankidetzan eskuduna den sailburuari egokituko zaio.
Lehendakaritzak honako eginkizun hauek izango ditu:
Agentziaren ordezkari instituzional gorena izatea.
Agentziari ezarritako helburuak bete daitezen zaintzea.
Kontseilu Errektorearen erabakiak bete daitezen zaintzea.
Urteko planen kudeaketa, egikaritze eta ebaluazioaren berri ematea urtero Eusko Legebiltzarrean.
Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduak esleitzen dion beste zernahi eginkizun.
Ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 9. artikuluan definitutakoaren arabera, Kontseilu Errektorea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren erabaki, administrazio eta kontroleko organo nagusia da, eta honako osaera hau izango du:
Lehendakaritza agentziako lehendakariari egokituko zaio, edo haren ordez, garapenerako lankidetzan eskuduna den sailburuari.
Lau kide, Eusko Jaurlaritzaren sail eta erakunde autonomo hauen ordezkari:
Jaurlaritzako Lehendakaritzarena.
Osasun-arloko Sail eskudunarena.
Nekazaritza-arloko Sail eskudunarena.
Ogasun-arloko Sail eskudunarena.
Hiru kide, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren ordezkari gisa, kontseilu horrek bere alde soziala osatzen duten kideen artean aukeratuak.
Bi kide, Eusko Legebiltzarraren ordezkari gisa.
Agentziako zuzendaria.
Kontseilu Errektoreko idazkaritza Agentziako zuzendariari egokituko zaio, eta Agentziako langileren bat laguntzaile izan dezake. Kasu horretan, langile horrek ez du boto-eskubiderik izango Kontseiluaren bileran.
Kontseilu Errektorearen osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da.
Kontseilu Errektoreko kideak garapenerako lankidetzan eskuduna den sailburuak izendatuko ditu, eta, hala dagokionean, baita kargugabetu ere. Salbuespena izango dira beren karguagatik edo beste instituzio batzuek izendatuta dauden kideak.
Kontseilu Errektoreak gutxienez hiru hilean behin egingo ditu bilerak.
Kontseilu Errektoreko bileretara beste pertsona batzuk ere joan ahal izango dira, gai-zerrendako gaietan adituak izateagatik edo beren iritzia entzuteko interesagatik lehendakariak deituta. Bileretan hitza edukiko dute, baina botorik ez.
Agentziako Kontseilu Errektoreari honako eginkizun hauek egokituko zaizkio:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren plan estrategikoak eta urteko planak onartzea.
Laguntza eta diru-laguntza guztiei buruzko deialdiak onartzeko erabakia hartzea eta proposamena egitea organo eskudunari, baita laguntzok emateko oinarrizko irizpideak ere.
Agentziaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua lantzea.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jardueren urteko memoria onartzea.
Aplikagarri zaizkion legezko baldintzen arabera, plantillen proposamena eta bere langileen ordainsari-araubidearen proposamena egitea. Proposamen hori, betiere, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu beharko du.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduaren aldaketa proposatzea, Jaurlaritzaren Kontseiluari helarazteko.
Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena eskatzen duten beste erabaki-proposamen batzuk hari helarazteko proposatzea.
Agentziako zuzendariaren izendapena eta kargugabetzea Eusko Jaurlaritzari proposatzea.
Agentziako Zuzendaritzaren kudeaketa kontrolatzea eta Zuzendaritzari eskatu beharreko erantzukizunak eskatzea.
Agentziaren jardunari jarraipena egitea, gainbegiratzea eta kontrolatzea.
Agentziaren jarduna ebaluatzeko urteko txostena aztertu eta onartzea, eta txostenean lortutako emaitzak balioetsi, atzemandako gabeziak idatziz jaso eta egoki iritzitako aldaketak proposatu behar dira.
Beste erakunde juridiko batzuetan parte hartzea baimentzea, haietan dagokien eskubidea erabiliz.
Alde biko lankidetza-hitzarmenak edo -ekintzak onartzea.
Plangintzaren orientabide nagusiak eta lau urteko eta urteko planak proposatzea, Jaurlaritzari bidaltzeko.
Agentziako Zuzendaritzaren ardura zuzendariarena izango da; kide bakarreko organoa da eta, ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11. artikuluari jarraiki, honako eginkizun hauek dagozkio:
Agentziaren eta bere langileen zuzendaritza arrunta.
Kontseilu Errektorearen erabakiak proposatzea eta egikaritzea.
Agentziaren ordezkaritza arrunta.
Kontseilu Errektoreak proposaturiko irizpideen arabera, laguntzak eta diru-laguntzak ematea, kontseilu horri horren berri emanez.
Hitzarmenak eta protokoloak formalizatzea.
Kontseilu Errektoreari proposatzea plangintzaren, lau urteko gidaplanaren eta urteko planaren orientabide nagusiak, baita lankidetzaren tresnei eta eraginkortasunari buruzko ebaluazio-proposamena ere.
Kontseilu Errektoreari proposatzea agentziaren jarduera-plan orokorrak, agentziaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua, plantillak eta horien ordainsari-araubidea, baita urteko memoria ere.
Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren eta Erakunde arteko Kontseiluaren deialdiak egitea.
Kontseilu Errektoreak esleitutako edo Dekretu honetan xedatutako eginkizun oro.
Eusko Jaurlaritzak izendatzen du Agentziako zuzendaria, garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den sailburuak proposatuta, eta Agentziaren Kontseilu Errektoreak aldez aurretik hausnartu eta proposamena onartu ostean.
Agentziako zuzendaria goi-karguduna izango da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan Eusko Jaurlaritzako zuzendariei esleitutako ordainsariak jasoko ditu Agentziako zuzendariak.
Agentziako zuzendariak erabateko dedikazio esklusiboa eskaini behar die Agentziako zereginei, eta aplikagarri izango zaizkio, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko araudiko funtzio publikoetan aritzeko bateraezintasunei buruzko legeria, eta ondare-eskubide eta ondare-ondasunak eta jardueren adierazpenari buruzkoa.
Agentziaren barne-egitura kudeaketa-organoen edo zerbitzuen araberakoa da, eta horietako bakoitzaren buru zerbitzuburua izango da.
Zerbitzuburu bakoitzak, bere eskumen-eremuan, zerbitzuaren jardunak zuzendu, koordinatu, bultzatu eta horien jarraipena egin beharko du, Zuzendaritzatik jasotako jarraibideei kasu eginez; halaber, egoki iritzitako ebazpenak ere proposatu behar dizkio Zuzendaritzari.
Agentziako zuzendariak zerbitzuburuei agin diezaieke dagozkien artikuluetan esanbidez esleitutakoez bestelako eginkizunak betetzea, betiere Agentziari dagozkion zereginak hobeto garatzearren.
Agentziako Kontseilu Errektoreak izendatzen ditu zerbitzuburuak, egokitasun-irizpideei eta merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioei jarraiki.
Zerbitzuburuei ebaluazioa egingo zaie, betiere esleitutako eginkizunak betetzeari dagokionez, eraginkortasun- eta efikazia-irizpideen arabera, kudeaketaren erantzukizunari erreparatuta eta, finkatutako helburuekin alderatuta, lortutako emaitzak kontrolatuz.
Agentzian Zuzendaritza Batzorde bat egongo da; kontsultarako eta aholkularitza teknikorako organoa izango da Zuzendaritzarentzat eta Agentziako gainerako gobernu-organoentzat. Halaber, zerbitzu guztien arteko koordinazioa egokia dela bermatu beharko du.
Zuzendaritza Batzordeak Agentziaren jarduera-planaren jarraipena egingo du eta Agentziako Zuzendaritzak nahiz Kontseilu Errektoreak hausnartu eta/edo ebatzi beharreko gaiak aztertuko ditu, plangintza estrategikoetan eta urteko plangintzetan definituko diren proposamen teknikoak bideratuz.
Zuzendaritza Batzordeari dagokio Agentziak garatutako ekintzen ebaluazio-memoria egitea; memoria hori Ebaluazioaren Urteko Txostena egiteko abiapuntutzat hartuko da.
Zuzendaritza Batzordeko kide izango dira zuzendaria eta zerbitzuburuak. Batzordeko bileretara jende gehiago ere joan daiteke, betiere zuzendariak gonbidatuz gero, landu behar diren gaiak direla-eta.
Ekonomia, Aurrekontua eta Langileak Kudeatzeko Zerbitzuari honako eginkizun hauek dagozkio:
Agentziaren aurrekontua egin eta kontrolatzeko beharrezkoak diren izapideak gauzatzea.
Agentziaren kontabilitatea eta diruzaintza kudeatzea.
Ekonomiaren eta aurrekontuaren eremuan, kontsultei erantzun, eta plan eta espedienteak kudeatzea.
Ekonomiaren eta aurrekontuaren eremuan, jardueren jarraipena egitea.
Ekonomiaren eta aurrekontuaren eremuan, jardueren ebaluazio-txostenak eta azterlanak egitea.
Kudeaketa kontrolatzeko sistemak diseinatzea.
Agentziaren kontratazio-espedienteak kudeatzea.
Agentziaren giza baliabideak kudeatzea.
Kontseilu Errektoreari laguntza eta aholkularitza ematea, zerbitzuari dagokion eremuan, Kontseiluak horrelakorik behar izanez gero.
Zerbitzu Juridikoak honako eginkizun hauek beteko ditu:
Garapenerako lankidetzaren arloan, arau-xedapenen, hitzarmenen eta administrazio-ebazpenen proposamenak egitea ikuspegi juridikotik begiratuta.
Agentziaren ekintzekin loturiko erreklamazioak eta administrazio-errekurtsoak kudeatzea.
Agentziaren jarduera-eremuan, txosten juridikoak eta legezkotasun-txostenak egitea.
Agentziaren jarduera guztietan aholkularitza juridikoa ematea.
Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa kudeatzea.
Kontseilu Errektoreari laguntza eta aholkularitza ematea, zerbitzuari dagokion eremuan, Kontseiluak horrelakorik behar izanez gero.
Koordinazio Estrategikoaren Zerbitzuak honako eginkizun hauek beteko ditu:
Lankidetzako lau urteko eta urteko planen zirriborroak definitu eta diseinatzea.
Herrialde-estrategien zirriborroak definitu eta diseinatzea, baita bakoitzaren koordinazio-mahaiak bultzatzea ere.
Lau urteko, urteko eta herrialde-estrategietako planen ezarpena koordinatzea.
Lankidetzako beste erakunde publiko batzuekiko harremana koordinatzea.
Lankidetzaren arloan, zabalkundeko eta komunikazioko ekintzak koordinatzea.
Kontseilu Errektoreari laguntza eta aholkularitza ematea, zerbitzuari dagokion eremuan, Kontseiluak horrelakorik behar izanez gero.
Lankidetzaren Euskal Kontseiluari eta Erakunde arteko Kontseiluari laguntza eta aholkularitza ematea.
Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuari honako eginkizun hauek dagozkio:
Laguntza-eskaeren azterketa teknikoa eta balioespena egitea, eta laguntzak emateko irizpideetan koherentzia bermatzea.
Laguntza-deialdiaren oinarrietan, eduki teknikoak eta hautaketa-irizpideak lantzea.
Emandako laguntzen jarraipen finantzario eta teknikoa egitea.
Laguntzen jarraipena egite aldera, tokirako bidaiak prestatu eta egitea, eta txostenak osatzea.
Lankidetza-agenteekin eta tokiko bazkideekin harremanetan egotea, laguntzen eta deialdien ildo guztien esparruan.
Ekintza humanitarioarekin loturiko kontsultei erantzutea eta aholkularitza ematea, Euskal Autonomia Erkidegoak ematen duen laguntza humanitarioa, oro har, koordinatuta egon dadin bermatuz.
Kontseilu Errektoreari laguntza eta aholkularitza ematea, zerbitzuari dagokion eremuan, Kontseiluak horrelakorik behar izanez gero.
Lankidetzaren Euskal Kontseiluari eta Erakunde arteko Kontseiluari laguntza eta aholkularitza ematea.
Ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 14. artikuluaren arabera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lanpostuak horretarako kontrataturiko langileek eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileek beteko dituzte, lanpostu bakoitzak egotzirik dauzkan egitekoen izaeraren arabera.
Lan-kontratudunentzako postuak Agentziaren deialdi publiko bidez beteko dira, betiere enplegu publikoa lortzeko prozesuaren irizpideak zorrotz betez. Agentziari dagokio lanpostuak lortzeko araubidea zehaztea eta hautaketa-proben ezaugarri eta baldintzak definitzea, baita Horniketako prozeduren deialdia, kudeaketa eta ebazpena egitea ere, publikotasun-, berdintasun- merezimendu- eta gaitasun-irizpideei erantzunez; era berean, euskararen ezagutza-maila frogatu behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko osorako erakundeetako langileei eskatzen zaien antzera.
Ahal publikoak erabiltzea dakarten lanpostuak funtzionarioentzat gorderik egongo dira, eta langile horiei Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzio publikoa arautzen duen araudia aplikatuko zaie. Horniketako prozeduren deialdia, kudeaketa eta ebazpena funtzio publikoan eskuduna den Sailari egokituko zaio, publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideei erantzunez.
Agentziako Kontseilu Errektoreak egin behar ditu Agentziako plantillaren proposamena eta langileen ordainsari-araubideari buruzko proposamena, betiere zuzendariak proposatuta.
Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean, eta gainerako indarreko araudietan herritarrei onartutako hizkuntza-eskubideak bermatzen ditu Agentziak.
Agentziaren ondarea Autonomia Erkidegoaren Ondarean edo Euskadiren Ondarean dago integraturik, eta ondare horri aplikagarri zaion araudiak arauturik.
Agentzia titular den ondasun eta eskubideen gaineko ahalmenak Agentziari dagozkio, baita atxikitako ondasun eta eskubideen gainekoak ere, betiere Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan xedatutakoari jarraiki.
Agentziari atxikitako ondasunen eta eskubideen jarraipena bere ondare-kontabilitatearen bitartez egingo da. Era berean, Agentzia lankidetzan arituko da Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin, Sail horretako organo eskudunak egin beharreko inbentario orokorra osatzeko.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:
Bere ondarearen produktu eta errentak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urtero esleitzen zaizkion diru-izendapen eta transferentziak.
Indarren dagoen legerian aurreikusitakoarekin bat etorriz, jasotzea egokituko litzaizkiokeen diru-sarrerak, eta beraren jardueren ondorioz sortzen direnak.
Pertsona publikoek edo pribatuek ematen dizkioten diru-laguntza, borondatezko ekarpen, dohaintza, jaraunspen eta legatuak.
Lege- edo erregelamendu-xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.
Ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 10.c) eta 11.i) artikuluetan xedatutako baldintzen arabera, Agentziak urtero egiten du aurrekontuaren aurreproiektua.
Agentziaren Kontseilu Errektoreak baimendu behar ditu 5.000.000 eurotik gorako gastuak. Era berean, 5.000.000 eurotik beherako gastuak Agentziako zuzendariak baimendu behar ditu.
Agentziaren kontrol ekonomikoa ekonomia-finantzen kontrolaren eta kudeaketa-kontrolaren modalitatean burutuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-kontrolari eta kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen eta lege hori garatzeko araudiaren arabera.
Agentziak berak landuko du bere informazio ekonomiko-finantzarioa, betiere Kontabilitateko Plan Orokorreko irizpideei jarraiki. Informazio ekonomiko-finantzario hori bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko araudian zuzenbide pribatuko erakunde publikoentzat xedatutakorekin, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak xede horrekin emandako jarraibideekin ere.
Agentziaren kontratu-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari aplikagarri zaizkion xedapenetara egokituko da.
Agentziako kontratazio-organoa Agentziako zuzendaria izango da.
Agentziaren Kontseilu Errektoreak baimendu behar ditu 5.000.000 eurotik gorako balio estimatua duten kontratuak.
Agentzian, kontratazio-mahai bat egongo da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuan xedatutakoaren arabera osatuko da.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Ikus: 310/2010 DEKRETUA, azaroaren 23koa; honen bidez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jarduerak abiaraztea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide pertsonalak eta materialak Agentzia horri atxikitzeko baldintzak arautz
- Aldatzen du: 538/2009 DEKRETUA, urriaren 6koa, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Garatzen du: 5/2008 LEGEA, ekainaren 19koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu era arautzen duena.
- Indargabetzen du: 62/2004 DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren Kudeaketa Batzordea arautzekoa.