Arautegia
Inprimatu430/2009 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 156
- Hurrenkera-zk.: 4608
- Xedapen-zk.: 430
- Xedapen-data: 2009/06/30
- Argitaratze-data: 2009/08/17
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, Errege Dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.
Abenduaren 14ko 1692/2007 Errege Dekretuak Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Azken arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatzen du uztailaren 22ko 1657/1994 Errege Dekretuak ezarritako izen bereko tituluaren erregulazioa.
Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.
Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen abenduaren 14ko 1692/2007 Errege Dekretuaren babesean.
Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko arauak eta zehaztapenak).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Honako Dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, irailaren 12ko 167/2006 Dekretuak onartutako antolamendu eta funtzionamendu erregelamenduaren 33. artikuluak zehazten duenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honek Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta (oso garrantzitsua) irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:
Izena: Soldadura eta galdaragintza.
Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.
Iraupena: 2.000 ordu.
Lanbide-arloa: Fabrikazio mekanikoa.
Kodea: INSN-3 (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).
Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.
Titulu honen konpetentzia orokorra da galdaragintzako elementuak, tutuak, metal-egiturak eta metal-arotzeriako elementuak fabrikatu, muntatu eta konpontzeko prozesuak gauzatzea, soldatze, mekanizazio eta konformazioko teknikak aplikatuta, eta kalitateari, laneko arriskuen prebentzioari eta ingurumen-babesari buruzko zehaztapenak beteta.
Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak
Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
Metal-eraikuntzak fabrikatzeko prozesuak zehaztea, fabrikazio-planoetan, arauetan eta katalogoetan bildutako informazio teknikotik abiatuta.
Lan-eremua egokitzea: materialak, erremintak, tresnak, ekipoak, eta muntaia- eta babes-elementuak prestatzea, garatu beharreko prozesuari buruzko informazio teknikotik abiatuta.
Txapak, profilak eta tutuak ebaki, mekanizatu eta konformatzeko makinen sistema automatikoak eta tresnak prestatzea, prozesuaren faseak eta egin beharreko eragiketak kontuan izanda.
Txantiloiak, oheak eta euskarriak eraikitzea, fabrikazioari buruzko zehaztapen teknikoetatik abiatuta.
Metal-eraikuntzen elementuak lortzea: txapak, profilak eta tutuak trazatu, ebaki, mekanizatu eta konformatzea, zehaztapen teknikoen eta fabrikazio-prozeduren arabera.
Fabrikatutako produktuak egiaztatzea, neurketa-tresnak eta zehaztutako prozedurak erabilita, ezarritako zehaztapenen arabera.
Egiturak eta tutuak muntatu eta kokatzea, muntaia-prozeduren arabera eta zehaztapen teknikoak beteta.
Metal-eraikuntzen osagaiak lotzea soldadura oxiazetilenikoaren, arku bidezko elektrikoaren eta erresistentziakoaren bitartez, produktuaren eta prozesuaren zehaztapenak kontuan izanda.
Metal-eraikuntzen osagaiak eta elementuak oxigas bidez ebakitzea, prozesuaren eskakizunei jarraituz.
Tutuak babestea, laneko aginduen eta zehaztapenen arabera beharrezko tratamendua emanda.
Soldadurako eta galdaragintzako makinen eta ekipoen lehen mailako mantentze-lanak egitea, mantentze-fitxaren arabera.
Kalitate-prozedurak, laneko arriskuen prebentziokoak eta ingurumenekoak aplikatzea, soldadurako eta galdaragintzako prozesuetan ezarritakoaren arabera.
Egiturak eta tutuak ezarritako zehaztapenetara egokitzen direla egiaztatzea, beharrezko egitura-erresistentziako eta estankotasuneko probak eginez.
Metal-eraikuntzen elementuek konpontzea eta beharrezko kalitatea lortzea.
Bere jardueraren inguruko gorabeherak ebaztea: horien sorburuak identifikatzea eta erabakiak erantzukizunez hartzea.
Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoek eta antolamendukoek sorrarazitako lanpostuetara eta lan-egoera berrietara egokitzea.
Produkzioko helburuak betetzea, lan-taldearekin elkarlanean aritzea, eta erantzukizunaren eta tolerantziaren printzipioen arabera jardutea.
Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.
Enpresa txiki bat sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.
Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.
Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:
Osatutako lanbide-kualifikazioak:
FME035_2: soldadura (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0098_2: oxigas bidezko soldadurak eta proiekzio termikoak egitea.
UC0099_2: arku elektrikoarekin elektrodo estali bidezko soldadurak egitea.
UC0100_2: gas babeslepeko arkuarekin elektrodo ez-kontsumigarriaren bidezko soldadurak (TIG) egitea.
UC0101_2: gas babeslepeko arkuarekin elektrodo kontsumigarriaren bidezko soldadurak (MIG, MAG) eta arkuarekin proiekzio termikoak egitea.
FME350_2: galdaragintza, metal-arotzeria eta metal-eraikuntzen muntaia (otsailaren 14ko 1699/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC1139_2: xaflak eta profilak trazatu eta ebakitzea.
UC1140_2: xaflak eta profilak mekanizatu eta konformatzea.
UC1141_2: metal-eraikuntzetako eta -arotzeriako elementuak eta egiturak muntatu eta instalatzea.
FME351_2: Industria-tutueriako instalazioen fabrikazioa eta muntaia (abenduaren 14ko 1699/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC1142_2: tutuak trazatu eta mekanizatzea.
UC1143_2: tutuak konformatu eta armatzea.
UC1144_2: tutu-instalazioak muntatzea.
Lanbide-irudi honek galdaragintza, arotzeria eta egiturako produktuak fabrikatu, konpondu eta muntatzeko industrietan dihardu, metal-eraikuntzen, ontzigintzaren eta garraio-ibilgailuen fabrikazioaren azpisektoreekin lotuta eta industria-sektorearen barruan.
Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:
Soldatzailea eta oxiebakitzailea.
Proiekzio termikoko eragilea.
Txapista eta galdaragilea.
Metal-egituren muntatzailea.
Metal-arotza.
Industria astuneko industria-tutugilea.
Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
Metal-eraikuntzak fabrikatzeko faseak identifikatu eta aztertzea, zehaztapen teknikoak interpretatuta eta fase bakoitza ezaugarrituta, prozesu egokiena ezartzearren.
Erremintak eta ekipoak hautatzea, horien ezaugarri teknologikoak eta ekipoen funtzionamendua prozesuaren beharrekin lotuta, lan-eremua egokitzearren.
Zenbakizko kontroleko programen, roboten eta manipulagailuen ezaugarriak antzematea, eta programazio-lengoaiak dagozkien aplikazioekin lotzea, makinak eta sistemak prestatzearren.
Trazatu, ebaki, mekanizatu eta konformatzeko, eta makinen kontrolak manipulatzeko teknikak aztertzea, eta metal-eraikuntzetako produktuak lortzeko eragiketa-sekuentzia justifikatzea.
Metal-egiturak eta tutuak muntatzeko jarraitu beharreko faseak eta eragiketak identifikatzea, lan-prozedurak eta horri buruzko araudia aztertuta.
Lan-parametroen balioak identifikatzea, soldatu edo ebakitzeko prozesua aztertuta, soldatu edo ebakitzeko ekipoak prestatu eta doitzearren.
Soldatu edo ebakitzeko ekipoak antzeman eta maneiatzea, eta metal-eraikuntzen osagaiak lotu, ebaki edo konpontzeko eragiketen sekuentzia deskribatzea.
Saiakuntza-teknikak antzematea, eta horiek bete behar diren egitura-erresistentziari eta estankotasunari buruzko baldintzekin lotzea, produktuen eta instalazioen egokitasuna egiaztatzearren.
Metal-eraikuntzen osagaien parametroak neurtzea, horien balioa kalkulatzea eta zehaztapen teknikoekin alderatzea, egokiak direla egiaztatzearren.
Tutuak babesteko tratamenduak identifikatzea eta horiek azken produktuaren ezaugarriekin lotzea, tutuak babestearren.
Makinen eta ekipoen mantentze-beharrak identifikatzea, eta horien garrantzia justifikatzea, funtzionalak izango direla ziurtatzeko.
Kontingentziak antzeman eta baloratzea, horien sorburua zehaztea eta dagokion lanbide-jarduerari lotutako gorabeherak konpontzeko ekintza zuzentzaileak deskribatzea.
Kalitate-prozedurak, laneko arriskuen prebentziokoak eta ingurumenekoak aztertu eta deskribatzea, eta zehaztutako kasuetan abian jarri beharreko ekintzak adieraztea, arau estandarizatuen arabera jokatzeko.
Produkzio-prozesu batean lan-jarduerak baloratzea eta produkzio-helburuak lortzeko horiek prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea.
Ikasi eta enplegatzeko aukerak identifikatu eta baloratzea, lan-merkatuko eskaintzak eta eskaerak aztertuta, lan-ibilbidea kudeatzeko.
Negozio-aukerak antzematea, eta merkatuko eskaerak identifikatu eta aztertzea, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.
Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
Interpretazio grafikoa.
Trazadura, ebaketa eta konformazioa.
Mekanizazioa.
Giro naturaleko soldadura.
Giro babestuko soldadura.
Muntaia.
Metrologia eta saiakuntzak.
Ingeles teknikoa.
Laneko prestakuntza eta orientabidea.
Enpresa eta ekimen sortzailea.
Lantokiko prestakuntza.
eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.
Lantokiko prestakuntzaren moduluari dagokionez, bigarren kurtsoaren azken 12 asteetan emango da. Modulu hori egin ahal izateko, ikastetxean egindako lanbide-modulu guztietan ebaluazio positiboa lortu behar da.
Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.
Heziketa-zikloko modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.
Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.
Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira.
Irakasle espezialistak irakasteko eskumena izango du IV. eranskinaren 4. atalean zehaztutako lanbide-moduluetarako.
Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluaren jabe izateak aukera ematen du:
Erdi-mailako beste edozein heziketa-ziklotan zuzenean sartzeko.
Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluak aukera emango du, hemezortzi urte beteta izanez gero eta dagokion salbuespenaren kaltetan izan gabe, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-zikloetan proba bidez sartzeko; bai eta beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloekin lotzeko bidea ematen duen Batxilergoaren modalitatea bat baldin badator.
Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluak aukera emango du Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 16.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.
Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.
Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
45.3 «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 1eko 15 Errege Dekretuaren 1538/2006 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikari-ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 39/19977ko 17 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.
Enpresa eta ekimen sortzailea modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.
Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-unitate guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan xedatutakoaren indarrez.
Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.
Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen ondoren adierazten den tituluak abenduaren 1692/2007 Errege Dekretuan ezarritako Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango ditu. Hona aipatutako titulua:
Metal-eraikuntzetako teknikari laguntzailea, Metala adarra.
Araututako lanbideetan jarduteko gaitzen duten xedapenak betetzearen kaltetan izan gabe ulertuko dira baliokidetasun horiek.
Uztailaren 22ko 1657/1994 Errege Dekretuak ezarritako Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluak abenduaren 14ko 1692/2007 Errege Dekretuan ezarritako Soldadurako eta galdaragintzako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.
Errege-dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
Indargabetuta geratu dira Dekretu honen aurka egiten duten lerrun bereko edo txikiagoko arauak.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko ekainaren 30ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.