Arautegia
Inprimatu88/2009DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 81
- Hurrenkera-zk.: 2321
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/04/21
- Argitaratze-data: 2009/05/04
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ekonomi Jarduerak; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Funtzio publikoa
Testu legala
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuari buruzkoan, 6. artikuluan esaten denez, euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea; halaber, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek, Autonomia Erkidegoaren baitako aniztasun soziolinguistikoa kontuan izanda, bi hizkuntzok erabili ahal izatea bermatu beharko dute, ofizial izatea arautuz, eta horrekin batera, beharrezko neurriak hartu eta baliabideak bideratuko dituzte, euskararen ezagutza ziurtatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazioaren oinarrizko habe juridikoa Euskararen Erabilera Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea izan da. Lege horrek hizkuntza-politikako ekimenak garatzeko bidea zabaldu zuen, gizarteko eremu giltzarrietan euskararen ezagutza eta erabilera berreskuratzeko euskarari hain beharrezkoa zitzaion erakundeen babesa eskainiz. 10/1982ko Oinarrizko Legearen 5. artikuluak herritarren eta herri-aginteen eskubide eta eginbeharrak hizkuntzaren alorrean zedarritzen ditu. Halaber, Lege honen 26. artikuluaren arabera, Euskadiko Autonomi Erkidegoko herri-aginteek neurri egokiak hartuko dituzte eta beharrezko bitartekoak jarriko dituzte gizarte-bizitzako alor guztietan euskararen erabilera sustatzeko.
10/1982ko Oinarrizko Legearen 12. artikuluaren haritik, otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuak Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala sortu eta arautu zuen. Harrezkero Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arduratu da euskararako eta euskaratik gaztelaniarako itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa ziurtatzeaz, dokumentuek itzulpen ofiziala behar zutenean. Gaur egun, baina, eskaria areagotu denez, herritarrei zerbitzu hobea eta iristerrazagoa ziurtatzearren, komenigarria da eginkizun hori profesional prestatu eta habilitatuek ere bete ahal izatea. Komenigarria da euskarako zinpeko itzultzaileak habilitatzea, eremu publikoan ez ezik eremu pribatuan ere jardun dezaten.
10/1982 Legea geroko beste mugarri garrantzitsu batzuk bideratu zituen oinarrizko araua izan zen, horien artean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), 1999. urteko abenduaren 10ean Eusko Legebiltzarrak onetsitakoa. Plan honen helburu garrantzitsuena da euskaraz bizi nahi dutenei euskaraz bizi ahal izateko aukera eskaintzeko hizkuntza-politikako neurriak zehaztea eta sustatzea. Azken batean, euskararen aldeko ekintzak indartzea da planaren xedea, Euskadin euskara erabiltzea guztiz normala izan dadin, bai eremu pertsonalean, bai gizarte-eremuan eta baita eremu ofizialean ere. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak ezarritako esparru estrategikoetako bat administrazioa da.
Horiek horrela, herritarrek beren hizkuntza-eskubideak behar bezala erabili eta errespetatuak izateko administrazioak ezarritako tresnak dira zinpeko itzultzaileak eta interpreteak.
Bestalde, dekretu honetan ezarritako euskararen ezagutza egiaztatzeari dagokionez, 2008ko apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuan eta 2009ko otsailaren 24ko 48/2009 Dekretuan ezarritako baliokidetzak kontuan hartuko dira.
Halaber, lege-, justizia-, administrazio-, ekonomia- eta bestelako harremanak gero eta gehiago ari dira nazioarteko bihurtzen. Beraz, itzulpen zehatzak behar ditugu, euskaratik beste hizkuntzetara eta alderantziz, batez ere, lege, administrazio eta ekonomi arloetako testu eta jardueretan.
Horretarako, probak arautu behar dira zinpeko itzultzaile edo interpreteen lanbide-habilitazioa lortze aldera, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako itzulpenak egin ditzaten.
Aipatutako itzultzaile eta interpreteen lanbide-habilitazioak ahalbidetuko du euskararen erabilera, eta, aldi berean, gaztelaniarekin ez ezik gainerako hizkuntzekin ere parekatzeko bidean jarriko du euskara bera, herritarren eskubide eta betebeharrei dagokienez. Halaber euskararen erabilera erraztuko du lege, administrazio nahiz ekonomi arloetako agirien prozeduretan, hauek inoiz euskara ofiziala den lurraldeetatik kanpokoak direnean edo bertan eragiten dutenean.
Horren guztiaren ondorioz, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, ezarritako prozedura burutu ondoren, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Kultura sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko apirilaren 21ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea da, batetik, zinpeko itzultzaile eta interprete gisa aritu ahal izateko gaikuntza profesionala arautzea, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazio lanetan jarduteko, eta, bestetik, lanbide honetarako gaituak daudenen erregistroa osatzea.
Aurreko azpiatalean aipatutako lanbide-habilitazioa dekretu honetan araututako probak gaindituta lortuko da.
Halaber habilitazioaren jabe egingo dira zazpigarren artikuluko bigarren xedapena kontuan hartuz izendatutako zinpeko itzultzaile nahiz interpreteak.
Zinpeko itzulpengintzan aritzeko gaikuntza eta zinpeko interpretazioan aritzekoa desberdinak izango dira, alegia, jarduera bakoitzak berea izango du.
Dekretu honek arautzen duen lanbide-habilitazioa eskuratzen dutenek egindako itzulpenek eta interpretazioek, euskaratik beste hizkuntzetarakoak nahiz beste hizkuntzetatik euskararakoak, izaera ofiziala izango dute.
Zinpeko itzulpen eta interpretazioaren profesionalek sinadura eta zigiluarekin ziurtatu beharko dituzte beren jardueraren fideltasuna eta zehaztasuna; honetarako erabiliko duten formula izango da jatorrizko hizkuntza, tokia eta data adieraztea. Egiaztapena eta zigilua eranskineko ereduak hitzez hitz jarraituz egingo dira.
Lehenbiziko artikuluko bigarren xedapenean aipatutako probak zinpeko itzulpenaren nahiz interpretazioaren habilitazioa lortu nahi dutenen pertsonentzako dira.
Probetan parte hartzeko beharrezkoa da adinez nagusi izatea eta gutxienez diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitekto teknikoa edo baliokidea den beste tituluren bat izatea. Atzerriko tituluren baten jabe izanez gero, homologatutakoa izan beharko du.
Une bakoitzean hizkuntza-politikan eskuduna den organoak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) gutxienez hiru urtez behin egingo dute probetarako deialdi bateratua. Dekretu hau indarrean jarri eta gehienez urtebeteko epean egingo da lehenbiziko deialdia.
Deialdiak jasoko ditu:
Aztergai diren hizkuntzak.
Eskaerak egiteko epea nahiz tokia, eta erantsi beharreko agiriak.
Probak egiteko datak eta tokia.
Tasaren zenbatekoa.
Proben edukia.
Onartutako eta baztertutakoen zerrenda eta proben emaitzak argitaratuko diren tokia.
Epaimahaiaren osaera.
Epaimahaiaren osaketa:
Presidentea: Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen arloko arduradunak izendatua, gutxienez zuzendari mailakoa.
Presidenteordea: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) erakundearen ordezkaria.
Idazkaria: Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko (IZO) kide bat, botorik gabe.
Euskal Herriko Unibertsitatearen proposamenez izendatutako ordezkari bat, lege-, administrazio- edo ekonomia-arloetako itzulpengintza edo interpretazioaren ezagutza duena.
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) proposamenez izendatutako ordezkari bat, lege-, administrazio- edo ekonomia-arloetako itzulpengintza edo interpretazioaren ezagutza duena.
Euskaltzaindiaren proposamenez izendatutako ordezkari bat, lege-, administrazio- edo ekonomia-arloetako itzulpengintza edo interpretazioaren ezagutza duena.
Gehienez sei bokal, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren alorrean eskumena duen arloko arduradunak, IVAPekin adostuta, izendatutakoak, itzulpengintza zein interpretazioan ospe aitortua duten pertsonen artean aukeratutakoak.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen arloko arduradunak izendatuko ditu epaimahaiko kideak, ebazpen bidez.
Hauek dira epaimahaiaren egitekoak:
Euskarari, zuzenbideari eta beste hizkuntza eta modalitate bakoitzari buruzko probak diseinatzea, lantzea, kudeatzea, zuzentzea eta baloratzea.
Meritu bidez habilitazioa eskuratu nahi dutenen eskariak ebaztea.
Emaitzak onartzea.
Berrikusketarako eskaerak erabakitzea.
Epaimahaia osatzeko edo horretan parte hartzeko pertsonak izendatu eta aukeratzerakoan sustatuko da gizonen eta emakumeen arteko oreka, betiere gaitasun eta prestakuntza nahikoa bermatuta.
Epaimahaiak, hala erabakiz gero, bere eginkizunak hobeto burutzeko, une bakoitzean hizkuntza-politika gaietan eskuduna den organoko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) edo kanpoko zerbitzu teknikoen laguntza izan dezake.
Epaimahaiaren funtzionamendua azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, ezarritakoari lotuta egongo da.
Proba orokorrak eta espezifikoak izango dira. Orokorrak euskarari eta zuzenbideari buruzkoak izango dira. Espezifikoak, aldiz, zuzeneko itzulpena nahiz alderantzizkoa eta loturazko, aldibereko edo esan osteko interpretazioarena.
Deialdi bakoitzari dagokion proben edukia arautuko du hizkuntza-politikan eskuduna den organoak, eta horretarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (IVAP) lankidetzan jardungo du.
Proba orokorrak eta espezifikoak baztertzaileak izango dira. Proba orokorretan lorturiko kalifikazioa «gai» izan bada, baliagarria izango da hiru urteko epean, deialdiaren argitalpenaren egunetik kontatzen hasita.
Habilitazioa lortzeko probetan, eskatzen den euskara-maila frogatzetik salbuetsita egongo dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagiriren bat dutenak, eta Itzulpengintzan eta Interpretazioan euskara A hizkuntza izanik lizentziatuak edo gradu mailako titulazioaren jabe direnak. Zuzenbide probatik berriz, salbuetsita egongo dira Zuzenbidean lizentziatuak edo gradu mailako titulazioaren jabe direnak.
Dekretu honetan araututako probak gainditzen dituztenen izendapena Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen arloko arduradunak egingo du. Izendapenak EHAAen argitaratuko dira.
Honako hauek eska dezakete izendapena dekretu honetan araututako probak egin gabe:
Itzulpengintza eta Interpretazioko tituluaren jabe direnek baldin eta unibertsitateko ziurtagiri akademikoaren bidez baieztatzen badute berariazko prestakuntza dutela, izendapena eskatzen den hizkuntza-bikotean, lege-, administrazio- eta ekonomia-arloetako itzulpenean (zinpeko itzultzailearen habilitaziorako) eta ahozko interpretazioan (zinpeko interpretearen habilitaziorako). Euskarari dagokionez, Itzulpengintzan eta Interpretazioan euskara A hizkuntza izan gabe lizentziatua edo gradu mailako titulazioaren jabe denak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 mailako tituluren baten jabe izan beharko du.
Kanpo Arazoetako Ministerioak emandako euskarako zinpeko itzultzailearen izendapena eskuratu dutenek.
Xedapen honetan arautzen diren modalitateetan, lege, administrazio eta ekonomia-arloetan itzulpenak eta interpretazio-lanak eginda dituztenen kasuan meritu bidezko habilitazioa egin ahal izango da. Horretarako, beharrezkoa da interesatuek egiaztatzea langintza horretan aritu direla hamabi urtez, jarraian eta jarduera nagusi gisa, bai eta zein testu itzuli dituzten eta zein lan interpretatu duten, betiere lege-, administrazio- eta ekonomia-arloetan. Meritu horiek dagokien administrazio, unibertsitate, enpresa zein bestelakoen ziurtagirien bidez egiaztatuko dira. Halaber, habilitazioa eskatzen den unean itzultzaile edo interprete lanetan jardun behar du. Haien eskabideak banan-banan aztertuko ditu epaimahaiak, eta hala ebatziko ditu, lanean erabili diren hizkuntzak eta egin diren itzultzaile/interprete lanak kontuan izanda. Meritu bidezko habilitazioa, ez ohikoa denez gero, behin bakarrean eta azken xedapenetako lehenengoaren arabera egingo da.
Zazpigarren artikulu honetako 2.a) azpiatalean aipatutako berariazko prestakuntzatzat hartuko da:
Itzultzaile habilitazioa eskuratzeko: gutxienez hogeita lau kreditu (Europako Unibertsitate Eremuan kredituak neurtzeko erabiltzen den European Credit Transfer System ECTS kreditu-unitatea kontuan hartuz) gainditu izana, habilitaziorako eskatzen den hizkuntza-bikoteari dagozkion itzulpen-praktiketako irakasgaietan. Era honetara banatuta:
Hogeita lau kreditu horietatik gutxienez hamabi administrazio-, lege- eta ekonomia-arloetako testuen itzulpenari dagozkionak izango dira, irakasgaiaren programaren arabera. Irakasgai horiek graduondoko ikasketetakoak ere izan daitezke.
Gainontzeko kredituak, hogeita lau osatu arte, beste modu hauetara lor daitezke: enpresetan praktikak eginez (dagokion unibertsitateak bermatu eta babestuta) edo ikasketa amaierako proiektua eginez, beti ere zuzeneko harremana badute lege eta administrazio edo ekonomiazko testuen itzulpenekin.
Interprete habilitazioa eskuratzeko:
Gutxienez 24 (hogeita lau) kreditu (ECTS) gainditu izana, habilitaziorako eskatzen den hizkuntza-bikoteari dagozkion interpretazio-praktiketako irakasgaietan. Irakasgai horiek graduondoko ikasketetakoak ere izan daitezke.
Hizkuntza-politikaren arloan une bakoitzean eskuduna den organoaren ardurapean, zinpeko itzultzaile eta interpreteen arloan eskumena duten erakundeen arteko lankidetza sustatuko da, bereziki, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (IVAP).
Zinpeko itzultzaileen eta interpreteen erregistroa sortu eta arautuko du Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen saileko sailburuak agindu baten bidez. Erregistroan, besteak beste, sexu-aldagaia kontuan hartuko da.
Epaimahaiko kideek dietak edota konpentsazioak jasotzeko eskubidea izango dute organo horretan parte hartzeagatik izandako gastuengatik. Ordainketa hauek zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta indarrean den araudian ezarritakoaren arabera egingo dira.
Lehenengoa. Meritu bidezko habilitazioa eskuratu ahal izateko deialdia egingo da berariaz dekretu hau indarrean jarri eta bederatzi hilabeteko gehienezko epean. Salbuespenezkoa eta, hortaz, bakarra izango den deialdi honetan jasoko dira hautagaien merituak baloratzeko epaimahaiak kontuan hartuko dituen irizpideak. Aurkezten diren eskaerak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko dira, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.
Bigarrena. Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen arloko Sailburuari baimena ematen zaio beharrezko xedapenak eman ditzan Dekretu honetan jasotakoa indarrean jarri eta garatzeko.
Hirugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko apirilaren 21ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Kultura sailburua,
MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.
Ziurtagiria:
(Izen-abizenak)(e)k, (hizkuntza)ko zinpeko itzultzaile/interprete naizen aldetik, honako hau ziurtatzen dut:
(Xedeko hizkuntza)(e)rako itzulpen hau (jatorrizko hizkuntza)z idatzitako jatorrizko agiriaren edukiarekin guztiz bat datorrela.
Eta horrela jasota gera dadin, ziurtagiri hau izenpetzen dut
(Tokia eta eguna)
(Zigilua)
(Sinadura)
Zigilua:
Zigiluan datu hauek jasoko dira inolako eranskin eta ikur motarik gabe:
Zinpeko itzultzaile edo interpretearen izen-abizenak.
Erregistro zenbakia.
c) IFZ.
Habilitazioa zein hizkuntza eta modalitateetarako lortu duen.
Helbide eta telefonoa edo faxa edo helbide elektronikoa.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (7)
- Ikus: EBAZPENA, 2016ko otsailaren 10ekoa, Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako zinpeko interpretearen gaikuntza eskuratu duen pertsona bat zinpeko interprete izendatzeko dena. Izan ere, eskatzailea It
- Garatutakoa: AGINDUA, 2011ko maiatzaren 24koa, Kulturako sailburuarena, euskarazko zinpeko itzultzaile zein interprete lanetarako habilitazioa lortu dutenen erregistroa arautzen duena.
- Ikus: 48/2009 DEKRETUA, otsailaren 24koa, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzeko Dekretua aldatzen duena.
- Ikus: EBAZPENA, 2012ko abuztuaren 2koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariarena eta Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, euskaratik ingeleserako eta ingelesetik euskararako zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazioa lort
- Ikus: EBAZPENA, 2012ko abuztuaren 2koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariarena eta Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, euskaratik frantseserako eta frantsesetik euskararako zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazioa lo
- Ikus: 64/2008 DEKRETUA, apirilaren 8koa, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzekoa.
- Ikus: 38/2000 DEKRETUA, otsailaren 29koa, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duena.