Arautegia
Inprimatu212/2008 DEKRETUA, abenduaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordearen antolamendua eta jarduteko modua arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: ---
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 250
- Hurrenkera-zk.: 7240
- Xedapen-zk.: 212
- Xedapen-data: 2008/12/16
- Argitaratze-data: 2008/12/31
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordea otsailaren 9ko 22/1993 Dekreturen bidez sortu zen. Geroztik bi aldiz aldatu da Batzordeko organoen osaera, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailen egitura-aldaketei egokitzeko.
Bide Segurtasun Batzordea urte horietan zehar bide segurtasuna hobetzeko tresna eraginkorra izan dela pentsatu daitekeen arren, istripuak murrizteari dagokionez, badaude arrazoiak kide anitzeko organo hau aldatzeko, bere dituen helburuak modu eraginkorragoan lortzeko.
Azken urteotan aldaketa batzuk gertatu dira; alde batetik, gero eta arau gehiago daude ikuspegi ezberdinetatik bide segurtasunari eragiten diotenak eta, beste aldetik, gero eta teknologia berriago erabiltzen dira trafikoa kudeatzeko; horiek, zalantzarik gabe, indartu baino ez dute egiten gizartean ibilgailuen trafikoak duen garrantzia. Bide segurtasunaren gaineko arazoei buruz dagoen kontzientziazioa ulertzen da hobeto errealitate konplexua dela kontuan hartzen bada, eremu anitzetan eragina duena, eta, azken batean pertsonen bizitza kalitateari eragiten diona (salgai eta pertsonen mugikortasuna, ingurumena, istripuak, aisialdia eta abar).
Horregatik, aukera eman behar zaie bide segurtasunean inplikatuta dauden agente berriei Bide Segurtasun Batzordean esku har dezaten, izaera ezberdinetako ikuspegietatik, batzordeak duen eginbeharrekoa aberats dezaten.
Bestalde, Bide Segurtasun Batzordeak hainbat urtetan jardun ostean lortu duen eskarmentuari esker, praktika batzuk sendotu dira eta horrek kideen inplikazio handiagoa eta hasieran egiten ziren funtzioen ugaritzea ekarri du. Bide Segurtasun Batzordeari buruzko arauak, beraz, islatu behar ditu eguneroko egitekoetan sartzen diren funtzio eta praktika guztiak.
Ondorioz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe,
Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordea Segurtasun Sailburuordetzari atxikitako kide anitzeko kolegiatua da eta bi helburu ditu:
Bide segurtasunean eragina duten eskumenez baliatzen diren administrazio publikoen koordinazioa bermatzea.
Kontsulta organo moduan bide segurtasuna bermatzea eta jarduera eremu horretan diharduten entitate publiko eta pribatuen arteko topaketak eta eskuartzeak bultzatzea.
Bide Segurtasun Batzordearen jardute-organoak honakoak dira:
Osoko Bilkura.
Batzorde Iraunkorra.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordeko osoko bilkurako kideak honakoak izango dira:
Administrazio publikoen ordezkariak.
Lehendakaria: Segurtasun sailburuordea. Lanpostua bete barik badago edo titularra ez badago edo gaixorik badago, osoko bilkurako lehendakariordea arituko da haren ordez eta, hala behar izanez gero, Herrizaingo Saileko ordezkari bat.
Lehendakariordea: Trafiko zuzendaria.
Bokalak, zuzendari kategoria izango dute gutxienez:
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Segurtasun Sailburuordetzako bi ordezkari.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuordetzako ordezkari bat.
Ondoren azaltzen diren jardute-alorretan eskumena duten Sailetako ordezkari bana:
Lehendakariordetza.
Industria.
Hezkuntza.
Garraioak.
Kultura.
Osasuna.
Ingurumena.
Justizia.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria.
Ertzaintzako ordezkari bat.
Trafikoa Kudeatzeko Zentroko burua.
Garraio eta/edo errepide-arloan erantzukizunak dituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkari bana.
Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetako udalerrietako ordezkari bana.
Euskal Autonomia Erkidegoko elkarterik hedatuenek proposatutako ordezkari bat.
Gaiek hala eskatzen badute, herri administrazioetako ordezkariak konbokatu ahal izango dira. Hitz egiteko eskubidea izango dute baina ezingo dute botorik eman.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateek ordezkaria eduki ahal izango dute Bide Segurtasun Batzordean.
Lanbide, ekonomia eta gizarte erakundeetako ordezkariak.
Ondoren aipatzen diren alorretako lanbide, ekonomia eta gizarte erakundeek, baldin eta bide segurtasunari lotuta badaude, ordezkaria eduki ahal izango dute Bide Segurtasun Batzordean:
Euskal Autonomia Erkidegoan hedapenik handiena duen gidari-elkartea.
Gidarien eskolak.
Automobilen aseguru konpainiak.
Autopisten emakidadunak.
Errepide garraioen elkarteak.
Kontsumitzaileen elkarteak.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioa.
Euskadiko Automobilismo Federazioa.
Euskal Motoziklismo Federakuntza.
Errepidean laguntza emateko erakundeak.
Errepideko istripuetan eragindakoen erakundeak.
Bide segurtasuneko fundazioak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordeko kide izan nahi duten unibertsitateek eta segurtasunarekin zerikusia duten lanbide, ekonomia eta gizarte alorrak ordezkatzen dituzten erakundeek batzorde iraunkorrari eskatuko diote sartzeko eta eskabidearekin batera euren gorabeherak azaltzen dituen txostena aurkeztuko dute. Eskabidean, halaber, dena delakoaren ordezkotza egingo duen pertsona eta haren ordezkoak azalduko dira.
Batzorde iraunkorrak dagokion proposamena aurkeztuko dio osoko bilkurari eta honek esku hartzeko bidea ematen zaien ala ez ebatziko du.
Alor bereko hainbat unibertsitate edo elkarte egonez gero, Batzorde iraunkorrak, haiei entzunaldia eman ondoren, batek baino gehiagok esku hartzea komenigarria den ala ez aztertuko du eta proposamena aurkeztuko dio osoko bilkurari. Hala ere, osoko bilkuran dauden elkarte edo unibertsitateen kopurua dena dela, boto bakarra izango dute; horregatik, osoko bilkurarako deialdia baino 24 ordu lehenago, jakinarazi beharko diote osoko bilkurako idazkariari, bilkuran zein pertsona edo elkarte baliatuko den eskubideaz.
Idazkaria: Herrizaingo Saileko funtzionarioa, hitz egiteko eskubidea izango du baina ezin izango du botorik eman.
Beste alor batzuetako ordezkariak.
Gaiek hala eskatzen badute, bide segurtasunarekin artez edo zeharka zerikusia duten lanbide, ekonomia eta gizarte erakundeen ordezkariei dei egin ahal izango zaie, baldin eta artikulu honetan azaldu ez diren alorrekoak badira edo artikuluan aipatutako alor horietakoek izan arren osoko bilkuran ordezkotza lortu ez badute. Hitz egiteko eskubidea izango dute baina ezin izango dute botorik eman.
Osoko bilkuraren eztabaidetan noizbehinka esku hartu behar dutenei idazkariak dei egingo die, batzorde iraunkorrak horretarako onarpena eman ostean, eta betiere lehendakariaren oniritziarekin. Era berean, lehendakariak berak eskatuta edo Osoko Bilkurako kideren batek eskatuta dei egin ahal izango zaie.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordeko osoko bilkuraren egitekoak honakoak dira:
Bide segurtasunaren hobekuntza bultzatzea, horretarako beharrezko diren ekimen, proposamen eta neurriak hartuz.
Batzordean ordezkotza duten erakunde eta elkarteek bide segurtasunaren alorren burutzen dituzten jarduerak koordinatzea.
Bide segurtasunaren alorrean jarduteko planak proposatzea, Euskal Autonomia Erkidegoren eremuan aplikatu beharrekoak hain zuzen ere; eta, hala badagokio, plan horietan aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena onartzea.
Bide segurtasunaren arloan helburu, lehentasun eta gida-oinarriak ezartzea eta dagokion organo erabakitzaileari gauzatzeko proposamena egitea.
Dagozkion helburu eta egitekoei dagokienez, eskumendun agintariek eta interesdun erakundeek eskatzen dizkioten azterlan eta txostenak egitea.
Dagozkion organo erabakitzaileei bide segurtasunaren arloan aholkularitza ematea.
Bide segurtasunarekin zerikusia duten berariazko gaiak lantzeko lantaldeak osatzea eta lantaldeak jarduteko barne-arauz hornitzea.
Lantaldeek aurkeztutako proiektu, proposamen eta azterlanak onartzea.
Bide segurtasunaren arloan istripuei buruzko argibideak zabaltzeko eta horiei aurre egiteko kanpainak sustatzea.
Bide Segurtasun Batzordeko osoko bilkuran kide berriak sartzeari buruzko erabakiak hartzea.
Bide Zirkulazioko Segurtasun eta Bidezaingo Kontseilu Nagusiarekin elkarlana egitea, bilkurari berari dagozkion eskumenak garatzeko.
Bide segurtasunaren arloko egitekoak gauzatzen dituzten beste herri administrazioekin elkarlana egitea.
Dekretu honetako lehenengo artikuluan aurreikusitako helburuei eutsiz, berari dagozkion guztiak burutzea.
Osoko bilkurak batzorde iraunkorraren esku utz ditzake b), e), f) eta i) idatz-zatietan aurreikusitako eginkizunak eta, horretaz gain, berari berez dagozkion eginbeharrekin zerikusia duten lan jakinak agindu ahal izango dizkio.
Bide Segurtasun Batzordeko lehendakariak urtean behin egingo du ohiko osoko bilkurarako deia. Bidezko baderitzo edo batzordeko kideen herenak proposatuz gero ezohiko bilkurarako deia egin ahal izango du.
Deialdia gutxienez hamabost egun lehenago egin beharko da eta horrekin batera lehendakariak gai-zerrenda jakinarazi beharko du. Behar bezala zuritutako arrazoiak egonez gero epea saihestu ahal izango da.
Gai-zerrenda lehendakariak finkatuko du eta, horretarako, gainerako kideek egindako eskaerak hartuko ditu kontuan, hala badagokio. Eskaerak behar besteko denboraz aurkeztu beharko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordeko batzorde iraunkorreko kideak honakoak izango dira:
Lehendakaria: Trafiko zuzendaria; hala ere, kargu hori bete barik dagoenean, edo titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo legez araututako gainontzeko kasuetan, horren ordezkotza Batzordeko kideen artetik maila handienekoak, aintzinatasun handienekoak edo zaharrenak ordezkatuko du, hurrenkera horretan.
Bokalak.
Herrizaingo Saileko ordezkari bat, osoko bilkurako kideen artekoa.
Garraio Sailak osoko bilkuran duen ordezkaria.
Foru Administrazioko ordezkari bat, osoko bilkuran foru administrazioak ordezkatzen dituzten bokalek izendatuta.
Toki Administrazioko ordezkari bat, osoko bilkuran toki administrazioak ordezkatzen dituzten bokalek izendatuta.
Idazkaria: osoko bilkurakoa, hitz egiteko eskubide izango du baina ezingo du botorik eman.
Gaiek hala eskatzen badute, osoko bilkurako beste kide batzuk edo bidezko iritzitako beste edozein pertsona konbokatu ahal izango dira batzorde iraunkorreko bilkuretara, hitz egiteko eskubidea izango dute baina ezin izango dute botorik eman.
Batzorde iraunkorrak, osoko bilkurak eskuordetzen edo agintzen dizkion egitekoez gain, honakoak izango ditu:
Osoko bilkuraren bileren gai zerrenda egitea eta bere irizpidepean jarri beharreko gaiak aurretik prestatzea.
Osoko bilkuraren erabakiak benetan aplikatzen direla bermatzea.
Burutzen dituen jarduerak osoko bilkurari jakinaraztea.
Bide segurtasunarekin zerikusia duten lanbide, ekonomia eta gizartearen arloko erakundeak eta unibertsitateak Bide Segurtasun Batzordeko osoko bilkuran sartzeko onespen edo ezezpenari buruzko proposamena osoko bilkurari aurkeztea.
Izendatzen zaizkion egitekoekin zerikusia duten gaiak lantzeko taldeak sortzea eta taldeak barneko jardute-arauz hornitzea.
Osatzen diren lantaldeen txostenak eta jarduerak aztertzea eta, hala badagokio, Batzordeko osoko bilkurari aurkeztea.
Aurkezten zaizkion gaiak ebaztea, baldin eta gaien izaeragatik osoko bilkurak erabaki behar ez baditu.
Batzorde iraunkorra behar den guztietan bilduko da, bere lehendakariak deituta, eta, nolanahi ere, osoko bilkurak egin baino, hain zuzen ere lehen 7.a artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Dekretu honetan ebatzi ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoa aplikatuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordeak ordezkotza duten lanbide, ekonomia eta gizarte mailako erakundeak bertan jarraituko dira, dekretu honetan araututako baldintzetan, atxikitzeko eskabiderik egin barik. Batzordean lehenengo aldiz sartzen alorrak ordezkatzen dituzten erakundeek, berriz, ezarritako prozedurari jarraituz egin beharko dute sartzeko eskabidea.
Aurreko legeen babespean sortutako lantaldeak beren lanetan jarraitu dira, bere garaian lantaldeak berak eratzeko erabili ziren helburuak lortu ahal izateko hain zuzen ere.
Honako hauek baliogabetuta geratzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordea sortzen duen otsailaren 9ko 22/1993 Dekretua, dekretu hori aldatzen duen martxoaren 7ko 215/1995 Dekretua eta dekretu honen aurka dauden xedapen guztiak.
Lehenengoa. Baimena ematen zaio Herrizaingo sailburuari dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Bigarrena. Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra.
Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 16an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Aldatutakoa: 471/2009 DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Herrizaingo Saileko egitura organiko eta funtzionalari buruzkoa.
- Indargabetzen du: 215/1995 DEKRETUA, martxoaren 7koa, Euskal Autonomi Elkarteko Bide Segurtasun Batzordea sortzen duen dekretua aldatzen duena.
- Indargabetutakoa: 35/2014 DEKRETUA, martxoaren 11koa, Euskadiko Bide Segurtasun Batzordearen antolamendua eta jarduteko modua arautzen dituena.